Albistea

  • San Sebastian bezperako afarietan angularik ez jateko eskatu du Eguzkik

    2024-01-08

    angulasAingira, espezie gisa, oso-oso egoera larrian dagoela eta (*), San Sebastian bezperako afarietako menuetan angularik ez jartzeko eskatu die Eguzkik donostiarrei eta, bereziki, soziedadeei. Alegia, eskatu die joateko Pedro Subijana, Andoni Luis Aduriz edota Juan Mari Arzak dagoeneko abiatu diren bidetik. Izan ere, sukaldari ezagun horiek, Relais & Chateaux eta Eurotoques nazioarteko elkarteen propoesamena ontzat joz, beraien kartetatik erretiratu dituzte aingirak eta angulak osagai dituzten platerak.

    Badakigu zenbait etxe eta soziedadetan San Sebastian bezperan angulak jatea tradizioa dela. Baina tradizioaren oinarria da gure errioetan aingirak eta angulak bizitzea. Aingirak desagertzen badira, akabo tradizioa, betiko. Eta zientzialariek argi eta garbi dioskute horixe gertatuko dela, berehala neurri zorrotzak hartu ezean, behintzat.

    Arrantza ez da aingiraren egoera penagarriaren eragile bakarra. Horregatik, arrantza bertan behera utzita ere, oso litekeena da espezieak aurrera ez egitea. Baina arrantzak jarraituz gero, segurutzat jo dezakegu espeziea galduko dela.

    Horregatik eskatzen diegu donostiarrei eta bereziki elkarteei angulak jateari uko egiteko. Are gehiago kontuan izanda plazan nahikoa jaki goxo badagoela eta gure sukaldarien artean nahikoa jakituria badagoela angularik gabe ere primerako menuak prestatzeko. Ez dugu biodibertsitatea jateko arrazoirik.

    Eguzki, 2024ko urtarrila

    (*) Zientzialarien artean ez dago aingiraren egoeraren larriari buruzko eztabaidarik, eta hori nabarmendu beharra dagoela iruditzen zaigu. Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) 2008an sartu zuen aingira mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian, “galzori larria” kategorian, gainera. Alegia, iberiar katamotzak, pandak edota ekialdeko gorilak baino arrisku handiagoa du aingira europarrak. Eta, hala ere, jarraitzen dugu aingirak eta angulak arrantzatzen eta jaten. ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua, berriz, Europar Batasuna arrantza-kontuetan aholkatzen duen zientzia-erakundea da. Bada, ICESek urteak daramatza esaten aingira “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dagoela, arrisku larrian”, eta faktore antropikoek –arrantzak barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko lukeela. Gauzak horrela, Europar Batasunak neurri batzuk hartu ditu azken urteotan. Hala ere, egoera gero eta okerragoa da. Horregatik, 2022an eta 2023an, CIESek zuzen-zuzenean aingiraren arrantza debekatzeko eskatu du.

    Fuente: @Chikichanka

    Fuente: @Chikichanka

    Ez zaituztegu datuz ito nahi, baina egoeraren panoramikaren berri nahi baduzue, honako bideo hau aholkatzen dizuegu:

    https://www.rtve.es/play/videos/objetivo-planeta/anguilas-angulas-estado-critico/7035765/.

    Bideoan parte hartzen dutenetako bat Estibaliz Diaz da, AZTIko ikerlaria eta ICESen aingira-taldeko kidea. Honako datu adierazgarri hau aipatzen du: orain dela 50 urte Sargazoen itsasotik gure itsasadarretara iristen ziren 100 angulako, gaur egun 8,8 baino ez dira iristen. Eta Ipar itsasoan egoera are larriagoa da: 0,4 baino ez.

KANPAINAK

BIDEOAK

EGUTEGIA

January 2024
M T W T F S S
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031  

LIBURUAK

liburuak