Txantreako gazte mugimenduak Baratxan proiektua martxan jarri du

baratxan ArrenIturria: Ahotsa.

Auzoko gazte mugimenduaren proiektua Arren kokatzen da, eta autogestioa eta elikaduraren burujabetza ditu helburu.

 

Baratxan proiektua lan munduaren gaia lantzeko sortutako espazio autogestionatua da. Lurra eta animaliak lantzeko helburua du elikaduraren burujabetza lortze bidean. Aurreko larunbatean Baratxan auzolanekin hasi ziren. 10 pertsona inguru elkartu ziren Arren dagoen lursailean eta orain arte lan batzuk aurreratu dituzte. Untxitegia dagoeneko eginak dute eta oilategia oso aurreratua dago. Pauso hauek auzolanari esker egia bihurtzen ari da. Horregatik, gonbidapen zabala egin nahi izan dute auzolanetan parte hartzeko.

LURRAMA, 8 egunen buran ! Izan zaitez laguntzaile!

lurrama MiarritzeIturria: Bizi!.

LURRAMA, Euskal Herriko laborantza iraunkorraren besta, Azaroaren 14, 15 eta 16-ean heldu zauku Miarritzeko Irati erakustazokara !

Oraino laguntzaileak falta dira eta bereziki igandez!

Zu ere, izan zaitez laguntzaile !

Horrez gain, azaroaren 11-a besta eguna denetz (asteartea), Iratiko aretoan hasiko dugu LURRAMAKO muntaketa.

Hor ere, laguntzaileak beharko ditugu aratsaldeko 2-etarik 7-ak arte, lurra markatu eta moketaren pausatzeko.

Zuen inguruan aipa !

Eguzkizaleak Konpartsaren batzarra eta bazkaria

eguzkizaleak 2014Urtero bezala Bilboko eta Barakaldoko Jaietan zuengana jo genuen laguntza eske eta beti bezala zuen erantzuna positiboa izan zen.

Bilboko eta Barakaldoko Jaietan parte hartu zenutenen laguntza eskertzeko asmoz, Eguzkizaleak Konpartsak asanblada eta bazkaria antolatu ditu azaroaren 8an. Aurten, SANTUTXUKO TXOKOAN (Tortu tabernaren ondoan dago) egingo ditugu asanblada eta bazkaria. Asanbladarako goizeko 10:00etan gelditu gara eta bazkaria 13:30ean (gainontzeko jendearentzako) egingo dugu. Bazkaltzeko babarrunak izango ditugu dugu, sakramentuak aparte.

EguzkizaleakKamikoLogoakAukera polita izan daiteke elkar gehiago ezagutzeko eta harremanak apur bat estutzeko.

Ahal duzuen bezain laster  etorriko zareten ala ez esaguzue, erreserba egiaztatzeko. Beste aldetik, menua bakarra izango denez, barazkijaleren bat egotekotan aldez aurretik abisatu, sukaldaria jakinaren gainean egoteko.

Anima zaitezte!!

Truke: Bigarren esku eta trukerako sare soziala

truke gipuzkoaIturria: Zero Zabor.

Gaur aurkeztu dute Truke elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Truke sare soziala aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak eta izen bereko elkarteak. Ainhoa Iraola Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak azaldu duenez, “euskarri nagusia webgune bat da, nahiz eta twitter, facebook kontuak eta abar ere badituen, eta produktuak, objektuak, trukatzea du helburu”. Erabiltzaileek arropa, jostailuak, tresnak, kultur produktuak eta abar trukatzeko aukera izango dute. Sare soziala Truke elkartearen ekimena da, eta hitzarmen bidez 38.000 euro bideratuko dizkio Foru Aldundiak; izan ere, Iraolak azaldu duenez, hondakinen berrerabilpenean oinarritzen da ekimena.

“Gipuzkoa aitzindaria da hondakinen kudeaketa egokian; aldaketa sozial sakona egiten ari gara; eredugarri bihurtzen ari gara, eta tresna honekin ere beste urrats bat emango dugu norabide horretan”, gaineratu du Iraolak.

(GFAren prentsa digitaletik hartua)

 

80 atxilotu inguru Frantzian, hildako ekologistaren aldeko manifestazioetan

nantes remi

Asteburuan Nantesen 21 manifestari atxilotu dituzte, eta Parisen 66. (Arg: Liberation)

Iturria: Argia.

Protestak antolatu dituzte Nantesen, Toulousen, Sivensen eta Parisen, poliziak Rémi Fraisse ekologista hil izana salatzeko.

Manifestarien eta polizien arteko istiluak izan dira asteburuko manifestazio gehienetan. Liberation-ek jaso duenez, larunbatean Nantesen 21 manifestari atxilotu dituzte, eta batzuk iganderako askatu badituzte ere, bostek atxilo jarraitzen dute astelehen goizean.

Toulousen ere hainbat gazte bildu dira larunbatean protesta egitera, eta barrikadak egin dituzte hiriko kale nagusietan. Poliziak granada negar eragileekin erantzun du.

Igandean Parisen antolatutakoak izan dira elkarretaratzerik jendetsuenak. 300 pertsona batu dira Eiffel dorrearen ondoko zelaian, eta beste 300 Stalingrad plazan, hiriburuaren ekialdean. Lehenengoa protesta baketsua izan da, baina Stalingrad plazan granada negar eragileak jaurti ditu poliziak, eta 66 manifestari atxilotu ditu.

Sivensen urtegi bat eraikitzearen aurkako manifestazioan hil zuen poliziak Rémi Fraisse. Frantziako Gobernuak urtegiaren obrak geldiarazi ditu momentuz.

 

Errekatxorako autobusa (Barakaldo): burusoila ala bi ilordekin

errekatxo Kbus

Argazkia: Barakaldo Digital

Kafkianoa.

Azken hilabetetan Aldundiko Gobernua (EAJ) etengabe egon da eskatzen Udalari Errekatxorako autobus linea (3139) bere gain hartzeko. Eta zentzuko arrazoiarekin egiten zuen; hiri barruko linea zen eta legez Udalari dagokio zerbitzu publiko hori bermatzea.

Udal Gobernuari eta Udal Batzari dagozkien erabakiak hartzen (zerbitzuaren kontratazioa, langile berriak, e. a.) eta zerbitzua abian jartzen behartu eta gero, Aldundiko Gobernuak ustekabean iritzia aldatu eta Errekatxorako Bizkaibuseko lineari eusten dio. Hau da, autobus linearik gabe geratzeko arriskutik ordutegia eta zerbitzu berbera betetzen duten bi linea edukitzera igaro gara.

Txistetarako unea gainditu eta gero galdera batzuk bururatzen zaizkigu:

-Zein motako irizpide objetiboak erabili ditu Aldundiko Gobernuak iritzia aldatzeko?

-Agian uste dute Bizkaia haien kortijoa dela eta haien nahierara nahi dutena erabaki dezaketela?

-Udalak K-busaren enpresarekiko hitzarmena bertan behera utzi behar badu, Aldundiko Gobernua izango da kosteak ordainduko dituena?

-Norbait epaituko dute gaitasun ezagatik edo behintzat nagusikeriagatik? Barka, azken hauek ez dira delituak eta ez daude ezta dimititzeko behartuta ere.

Afera honek Aldundiko Gobernuak, Jose Luis Bilbao buru, Errekatxotik oso gertu gauzatu zuen beste “bilbainada” bat gogorazten digu: Supersur-a. Gorostiza eta Argalarion kalte ekologiak handiak egiteaz gain ekonomikoki guztiz defizitarioa dena. Guztion diruarekin ordaintzen ari den zorra hain zuzen ere.

Diru publikoa (guztiona) xahutzearen ohitura eta bere ezgaitasunarengatik (kasurik hoberena) inork ez ordaintzearenak kirol nazionala dirudi.

 Garraio publikoa

Eguzkin kalitatezko eta eskuragarria den garraio publikoaren alde gaude, eta hori lortzeko Erakundeen koordinazioa, planifikazioa eta erabiltzaileen parte hartzea ezinbestekotzat jotzen ditugu.

Alta, Erakundeen arteko hika mikak, gobernu bakoitzean dagoen alderdi politikoaren arabera, eguneroko ikuskizunak dira; garraioaren gaia (ia gai guztiekin bezala) eta norberaren lineak (kasu honetan Bizkaibus eta Kbus) kontrako arma gisa erabiliz bazkide-etsaia higatzeko asmoz. Hots; zerbitzua hobetzeko bideratuta eta gizarteko eztabaida tekniko hutsa izan beharko zenaren alderantzizkoa. Hori dela eta leku batzuetan zerbitzu eza edo eskasa eta beste batzuetan solapatzen diren lineak aurkitu ditzakegu.

Guzti hau esanda, eta Errekatxoko kasu partikularrean ardurak zehazteagatik, Aldundiko Gobernuaren jarrera salatzen dugu; harroputza, ezgauza eta zarrastelkeriagatik. Horretaz gain, azkeneko konpobidea izango dena izango dela, garraio publikoaren zerbitzu duina bermatzeaz gain, lardaskeria honetatik sortuko diren diru koste guztiak Aldundiko Gobernuak ordaindu ditzatela eskatzen dugu. Baina askoz hobe izango zen arduradunek haien poltsikoetatik ordaindu beharko balute.

Barakaldo 2014-11-03

Kontzentrazioa asteazkena 5 Donostiako Kursaalean AHT eta proiektu txikitzaileak salatzeko

KURSAAL AHT“Hau al da zuen jasangarritasuna? Proiektu txikitzaileak Stop! AHTrik EZ!”

Datorren asteazkenean, azaroak 5, Donostiako Kursaal jauregian Eusko Jaurlaritzak “25 urte jasangarritasunaren alde” izenburupean eta Urkullu lehendakaria eta Ana Oregi kontseilariaren partehartzearekin antolatu duen ekitaldia dela eta, protesta kontzentrazioa deitu du AHT Gelditu! Elkarlanak,  arratsaldeko 5etan, Kursaalaren atarian bertan AHTren eta proiektu txikitzaileekiko oposizioa adierazteko.

Kontzentrazio hori “HAU AL DA ZUEN JASANGARRITASUNA? PROIEKTU TXIKITZAILEAK STOP! AHT-RIK EZ!” lemapean egingo da, hain zuzen ere Euskal Gobernuak antolatu duen ekitaldiaren izaera propagandistikoa salatzeko: izan ere, azken 25 hauetan zehar hain juxtu bultzatu dituen AHTren makro-proiektuarekin eta beste hainbat azpiegitura-lan handirekin ingurumenari, gizarteari eta ekonomiari eragin zaizkion kalteak estali nahi ditu euskal gobernuak. “Aurpegi garbiketa” hori salatzen dugu beraz, lurraldeari eta gizarteari hainbeste kalte eragin dizkion garraio- eta azpiegitura- politika desarrollistak eta txikitzaileak hitz politekin zuritu nahi dituelako gero.

Beraz, Kursaalean arratsaldeko 5etan egingo den kontzentrazioan zuen parte hartzea espero dugu eta deialdi honen berri ematea eskatzen dizuegu.

AHT Gelditu! Elkarlana