Epeleko konpostatze plantaren finantzaketa akordioa

epelIturria: Gipuzkoako hondakinen kontsortzioa. Epeleko konpostatze planta eta transferentzi estazioa eraikitzeko lortu den finantzaketa akordioak agerian uzten du finantza merkatuan badaudela enpresa publikoentzat egokiak diren produktuak, herritar guztion diruarekin zuhur eta tentuz jokatzera behartuak daudenak. Zentzu honetan arduraz jokatzea da ahalik eta baldintza onean eskuratzea dirua, swap bezalako arrisku produktuetatik ihes eginez. Epeleko konpostatze planta eraikitzeko lortu den akordioa norabide honetan doa.

GHK eta AKF BANK Epeleko konpostatze planta eta transferentzi estazioaren eraikuntza diruz hornitzeko akordiora heldu dira. Hitzarmen honen arabera, AKF BANK-ek Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren esku utziko du 8 milioi euroko kreditua, merkatuan aurki daitekeen baldintza ezin hobean. Izan ere, partzuergoak bere beharren arabera erabili ahal izango du kreditu honetatik behar duena, kopurua gainditu gabe, %4,3ko interes-tasan. Hau da, errauste plantarako lortutakoa baino %2,5 merkeago eskuratuko du dirua partzuergoak, swap-ak bezalako estaldura espekulatiborik gabe.

GHK eta AKF BANK-en arteko lehen harremana 2014ko uztailaren 14ean hasi zen, eta ordutik bi erakundeen arteko erlazioa ona eta etengabea izan da. Horrela, 2014ko abenduaren 1ean akordio honen oinarriak jarri ziren, eta iragan urtarrilaren 15ean kontratua sinatu.

AKF BANK bankuak Alemanian du egoitza nagusia, eta oinarrizko ekoizpen sektorearekin lan egiten du, ekipamendu eta industria ondasunak finantzatzen, eta bereziki ingurumenarekin erlazio iraunkorra mantentzen duten azpiegiturak. 2006. urtetik Euskal Herriko enpresekin egiten du lan.

Epeleko konpostatze planta eta transferentzi estazioaren eraikuntza-lanak abiadura onean doaz eta 5 hilabeteko epean amaitua egotea espero da. Hau da, hurrengo ekainean materia organikoa jasotzen eta tratatzen hasiko da.

Epeleko konpostatze planta eta transferentzi estazioaren eraikuntza faseak eta fase bakoitzaren aurrekontua:

1. fasea: Lurren mugimendua eta plataformaren egokitzapena. 2013ko abuztuan esleitua, 1,2 milioi eurotan. Epemuga 6 hilabetekoa izan zen.

2. fasea: Ur deposituak eta saneamendu estolderia. 2014ko irailean esleitua, 700 mila eurotan. Epemuga 2 hilabete eta erdikoa izan zen.

3. fasea: Obra zibila eta urbanizazioa. 2015eko urtarrilaren 19an esleitua, 5,8 milioi eurotan. Epemuga 5 hilabete eta erdikoa da.

Epeleko azpiegituren ezaugarri nagusiak

Konpostatze plantak urtean 9.000 tona bio-hondakin tratatzeko ahalmena izango du. Organiko tona hauekin 2.300 tona konpost lortuko da urtean.

Transferentzi estazioak, Debagoienako errefusa, papera eta ontzi-arinak elkartzeko funtzioa izango du, dagokion tratamendu plantara eramateko.

Hauez gain, azpiegitura nagusiei zerbitzu emango dieten beste gune batzuk ere egongo dira: bio-filtroa, baskula, kamioen garbiketa gunea, bulegoak eta aldagelak.

Eraikin honek ez du izango ur-sareko hornikuntzarik. Ingurumenarekin ahalik eta jasangarriena izateko helburuz, euri urak aprobetxatuko ditu bere funtzionamendurako.

Kanpoko estaldura tonalitate desberdineko lamina berdez osatuko da, eraikin-multzoa bateratu eta ingurumen naturalean ahalik eta hobekien integratzeko.

Lasarte-Oriak legegintzaldia alferrik pasatzen utzi du birziklatze bidean pauso sendorik egin gabe

DSC04186_2PSOEk eta EAJ-k 5. edukiontzia barrikada gisa erabili dute Udalak neurri eragingarriagorik ez hartzeko, baina legegintzaldia bukatzear da, eta, iragarri zutenaren kontra, 5. edukiontzia ere ez dute herrian ezarri

 Berrogei familia estreinatzen ari dira egunotan Udalak Basaundin eta Zapategi kalean ezarri dituen auzokonpostaguneak. Beste berrogei familia langintza berean dabiltza iaztik Sasoetan eta Urbarten. Ekimenaren helburua herritarrek sortzen dituzten hondakin organikoak haiek berek kudeatzea da. Beraz, ikuspuntu kualitatibotik, oso-oso ekimen baliotsua da. Ikuspuntu kuantitatibotik, berriz, garbi dago 80 familien ahalegina hutsaren hurrengo dela, Lasarte-Orian bataz beste 18.000 lagun bizi direla kontuan izanda. Alde horretatik, hauteskunde berriak egiteko lau hilabete baino geratzen ez diren honetan, lasai asko esan dezakegu Lasarte-Oriak legegintzaldi hau pasatzen utzi duela birziklatze bidean fundamentuzko pausorik eman gabe. Iragarri zutenaren kontra, 5. edukiontzia ere ez dute oraindik ezarri. Are gehiago, dagoeneko segurutzat jo dezakegu hemen eta maiatza bitartean ez dutela herri osoan ezarriko, eta sikiera auzoren batean ezarriko ote duten ere dudakoa da.

Aurreko paragrafoan “5. edukiontzia ere ez dutela ezarri” nabarmendu nahi izan dugu. Izan ere, PSOEk eta EAJ-k 5. edukiontzia barrikada gisa baliatu dute neurri eragingarriagoak oztopatzeko. Gogora dezagun…

2013ko urtarrilean, Udalak, PSOE, EAJ eta PPren botoei esker, 5. Edukiontzia ezartzeko Batzorde Berezia sortu zuen. Alegia, ez zuen sortu hondakinak ahalik eta modurik eragingarrienean nola kudeatu aztertzeko batzorde bat, espresuki 5. edukiontzia ezartzeko batzorde bat baizik. PSOEko bozeramaile Jesus Zaballos izendatu zuten presidente, eta honek zera adierazi zuen: “Gipuzkoako hainbat herritan 5. edukiontzia nola ezarri duten aztertuko du Batzordeak, eta, horren arabera, erabakiko dugu Lasarte-Orian nola egin. Hori da nire asmoa”.

Luze egon ginen Batzordearen berri izan gabe, harik eta iazko apirilean PSOEk, EAJ-k eta PP-k, gehi ondoren haiekin bat egin zuen Herritar Plataformak, 5. edukiontzia ezartzeko behin betiko akordio bat izenpetu zuten arte. Akordio horrek ez du finkatzen lortu beharreko gutxienezko birziklatze tasarik, adibidez, %60, herri gehienetan, paperaren gainean, behintzat, egiten ari den bezala. Akordioak edukiontziak txipdunak izatea ere ez du aurreikusten (tira, txipa ere ez da beste munduko ezer, baina sistema monitorizatzea eta, ondorioz, hobekuntzak egitea ahalbidetu dezake). Hala ere, Zaballosek esan zuenaren arabera, “akordioa hainbat teknikok eta politikok Batzordean emandako azalpenen ondorio da”. Bietako bat: edo tekniko eta polítiko horiek guztiek gauza bera eta bakarra pentsatzen zuten (egia esan, badakigu, jakin ere, berdin pentsatzen ez zuen baten bati, batik bat Zero Zaborri, ez ziotela azalpena ematera ere deitu, azalpena ematera deitzeko espresuki eskatu zuen arren) edo ez zieten jaramon handirik egin. Laburbilduz: 5. Edukiontzia Ezartzeko Batzorde Bereziak 5. edukiontzia ezartzea adostu zuen (honen kontura txiste ona egingo luke Groucho Marxek). Horretarako ez dirudi hainbesteko zalaparta behar zenik. Zaballosek, ordea, “garaipen handitzat” jo zuen. Dena dela, haren neurriz gaineko espatuak bost axola guri. Izan ere, garrantzitsuena da iragarri zuela 5. edukiontzia Lasarte-Orian 2014an ezarriko zela.

Bada, 2015eko otsailean gaude eta iragarritakoa ez da bete, eta ez dirudi hemen eta maiatza bitartean beteko denik. Beharbada auzoren batean, baina hori ere ez da segurua. Beraz, arestian esan bezala, Lasarte-Oriak bukatzear den legengintzaldia galdu du, beste bat, birziklatze bidean aurrera egiteko. Beharbada hori baino ez zen helburua. Izan ere, zenbat eta gutxiago birziklatu, gero eta biziago mantenduko da errauskailuaren garra.

Eguzki eta Lasarte-Oriako Zero Zabor, 2015eko otsaila

P.S. Argazkian, Zapategi-Iñigo de Loiolan dagoen auzokonpostagunea. Lasarte-Orian edukiontzi marroien argazkiak ateratzerik ez dago, jakina.

Bizkaiak Artigaseko zabortegiari 2041a arte luzatu dio bizia

artigas 2015Iturria: Argia.

Berria egunkariak erakutsitako argazki eta bideoek (“Artigas zabortegi alboko mendialdea plastikoz beteta dago duela bi astetik“) hautsak harrotu eta egun gutxira, Deiak zabaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak instalazio hori 2041. urtea arte zabalik edukiko duela. “El vertedero de Artigas prepara la apertura de su segunda fase” albistean dioenez, 1,41 milioi metro kubiko hondakin metatzeko lekua daukan orain arteko zabortegiaren ondoan bigarrena ari dira prestatzen, datozen 26 urteotan 1,19 milioi metro kubiko hartzeko moduan egon dadin. Aldundiak lehia publikora atera du gune hau inpermeabilizatu eta gaitzeko azterlana.

Zer eramango da Artigaseko bigarren hobira? Alberto G. Alonsok aipatu kronikan dio hitzez hitz: “… Vertedero de Artigas, un espacio reservado para albergar a lo largo de las próximas dos décadas y media las basuras que no puedan ser recicladas o incineradas en Bizkaia”. Europako legediaren arabera batere tratatu gabeko zabor nahasientzako zabortegiak itxi behar direnez, pentsatu behar da horra eramango direla inguruko TMBan tratatu eta geldotutako azken errefusak.

artigas plastikoak 2015-01-30 txAspalditik betetzen ari diren Artigaseko zabortegiaren ondoan antolatu da Bizkaiko hondakinentzako azpiegituren gune erraldoia. Zabalgarbi errauskailuaren enpresak zabaldutako argazkian ikus daitezke instalazioak: zabortegiak azpiko aldean dauzka Bizkaiko konpost planta eta beherago bien ur zikinak depuratzen dituena; horien ezkerrean, muino bat dutela tarteko, goian TMBa eta behean Zabalgarbi errauskailua. Inguruan, Kadaguako korridorea eta SuperSur autobidea.

Artigasekoa ez da Bizkaiko zabortegi bakarra. “Zabalgarbi errauskailuaren negozioa dirulaguntza publikoetan oinarritzen da” kronikan azaldu zenez, errauskailuak kixkalitako gaiak lurperatzeko instalazioak behar ditu. 2009tik 2012ra bitartean Zabalgarbik laga ditu 208.000 tona eskoria Zalla (CESPA konpainiak kudeatua) eta Igorreko (Garbikerrek kudeatua) zabortegietan. Gainera, epe berean 16.100 tona errauts arriskutsu sortu ditu, Alonsotegin bertan dagoen SADER enpresak tratatu eta hondakin gehiagoren artean bilduz 30.000 tona bihurturik Lemoako Bistibieta (kudeatzailea EKONOR) eta Larrabetzuko (CESPA) zabortegietara bidali direnak.

Iruñea: SOS Alkerdi. Urdazubin harrobiari Ez !!

sos alkerdi iruñea 2015-02-07Iturria: SOS Alkerdi.

Marmoles Baztanek, Nafarroko Gobernuaren eskutik,  Urdazubiarroi ustiapen mota berri bat  inposatu nahi digu, balio handiko ondare arkeologiko izendatua den gune batean, eta horregatik ere eskualdeko herrientzako  garrantzi handikoa den gune turistiko bat arriskuan jarriz.

Galeraziak dauden leherketetan oinarrituriko ustiapen berri bat onartzeko asmoen aurrean denak Iruñeara, otsailaren 7an, arratsaldeko 6etan.

Elkarretaratzea : Sarasate Pasealekuan, Foruen oroitarriaren azpian eta Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean.

Urdazubitik autobusa.