Isurketak edonon.

Isurketa Nerbio Laudio 3 2017-07

10 eguneko tartean 4 isurketen berri izan dugu EAEko ibaietan.

Uztailaren bigarren hamabostaldia ibaien ur kalitateari buruzko albisteei dagokionean oparo izan da benetan: hamar eguneko tartean 4 isurketen berri izan dugu Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ez da marka makala!

Hala ere, berri izan dugunen salaketa egiten ari bagara ere, isurketa gehiago gertatu direla uste du Eguzkik baina administrazioak ezagutzera ematen ez duelako, ohikotzat jotzen delako edo/eta herritarron salaketak ezagutzera ematen ez direlako, beste horiek ezagutu gabe (eta salatu ezinik) geratzen gara.

Lehena Bilbon.

20106801_1371560289624891_5442468301263992785_n

Plastikoa, papera, konpresak... etxeko hondakinakDeustuko zubi inguruan. Isurketaren frogak.

Lehena, uztailaren 18an Bilbon ezagutu genuen, bertako itsasadarrean (argazkiak Deustuko zubi inguruan hartu dira), Bilboko erdigunean hainbat isurkin ikus zitezkeen ibaian behera; plastikoak, konpresak, olio orban handi bat… Ez dakigu isurketaren jatorria zein den baina Ibaizabal-Nerbioiko itsasadarrean dauden aaaaaaakolektoreren batetik etor daitekenaren susmoa dugu. Hori bai, gai honetan ardura izan dezaketen erakunde ofizialek, Bilboko Udala, Ura Agentzia edo/eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak, ez dute inongo azalpenik eman.

Bilboko itsasadar eraberritu horri dagokionez, ur kalitateari dagokionean pilatzen hasi diren albiste txarren inguruan (gogoratu maiatzean ospatu zen triatloiko hiru partaide leptospirosisez kutsatu eta gaixotu zirela), hiru erakunde horiek hausnarketa bat egin beharko luketela uste dugu. Itsasadarra ez dago irudikatu nahi dena bezain garbia eta ondorioz ez da hain segurua ere.

20106302_1371560359624884_5158971913338906576_n

Garbi ikustenez nbada ere, olio mantxa bat dago uretan

Ikusi beharko dugu, azpiegituren faltaren ondorio den hala hauen kudeaketa ez egokiaren.

Hurrengo egunean, Aguraingo araztegian.

Egun bat geroago, uztailaren 19an, Zadorra ibaian izan zen isurketa, Agurain inguruan, urak kolore iluna hartu zuen eta hondakin zurrun mordo bat (etxeko hondakinen tankerakoak) ikus zitezkeen uretan.

Aguraingo araztegia

Aguraingo araztegiaren irudi bat.

Urak jakitera eman zuenez, Aguraingo araztegiko sarrerako ponpak izandako akats baten ondorioz, ura inongo tratamendu gabe isuri zen araztegitik  Zadorrara. Urak berak adierazi zuen “etengabeko jarraipen” egitean ari zaiola Aguraingo araztegiari, aspalditik neurri zehatzak bete behar bait ditu, Aguraingo araztegiak urteetan konpondu gabeko arazoen ondorioz oso maiz gertatzen baitira uste gabeko isurketak. Kasu honetan gainera, ez Aldundiak, ez Udaletxeak, ezta enpresa kudeatzaileak ere, hasiera batean ez zioten deiei erantzuten, isurketaren konponketa atzeratuz.

Arazoa, araztegi berria eraikitzean bukatuko omen da baina bien bitartean ezin dute besoak gurutzatuta egon, egun ezinbestekoak dira araztegia uste gabean geldialdi edo isurketa bat gertatzen denerako abisu sistema automatikoak (eta ez norbaitek isurketa gertatzen denaren deia egiten duen arte, orain gertatzen den bezala), araztegiaren ezaugarri eta egoerara egokitutako jarduteko protokolo bat…

Beraz, presazkoa da Aguraingo araztegi berriaren eraikuntza baina bien bitartean uste gabeko isurketak ekiditeko  abisu sistemak jarri behar dira araztegian, jardute protokolo bat zehaztu…

Laudion, hau ere Nerbioi ibaian.

Uztailaren 21ean Laudion, Areta inguruan agertu ziren hildako arrainak, Nerbioi ibaian. Ura agentziaren arabera, arrain hauek oxigeno faltagatik hil ziren. Hau zoritxarrez ohikoegia da, uztailaren hasieran beste isurketa bat izan bait zen eta martxoan ere herritar batek isurketa bate berri eman zuen.

Isurketa Nerbioi Laudio 4 2017-07

Nerbioi ibaian, Areta inguruan (Laudio) agertutako arrainak

Hori horrela izanik, Urak esaten ez duena da, oxigeno murrizketa nagusiki (udai sasoian ohikoa den emarijeitsiera ahaztu gabe) Nerbioi Garaia osoan ibaira egiten diren isurketengatik dela, ur zikinak biltzen dituen azpiegitura, kolektoreak falta baitira eta noski, baita Basaurbe eta Markijanan eraiki beharreko araztegiak ere. Izan ere, hain da deigarria eta larria egoera, 2001ean Nerboi Garaiko Saneamendu Plana, interes orokorreko izendatu zuela Espainiako Ingurumen Ministerioa ( saneamendu obrak egitearen arduraduna).

Egun Kantauriko Urkidetza (Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Orozkok osatua) lanak egiteko beharrezko lurrak bereganatzen bukatzen ari da eta Ingurumen Ministerioaren arabera 2021an amaitu daitezke lanak, oso data baikorra dela, betetzea ia ezinezkoa iruditzen bazaigu ere.

Amezketa errekan laugarrena.

Laugarren isurketa, Gipuzkoan, Amezketa errekan eta izen bereko udalerrian gertatu zen. Uztailaren 28an goizez, ura gorri kolorez tindatua agertu zen. Urak baieztatu zuenez, herriko paper-fabrikaren isurketa bat izan zen,  matxura baten ondorioz.

IMG-20170728-WA0010

Amezketa ibaia gorriz tindatua.

Herriko komunikabide bati esandakoaren arabera, teknikariak lanean aritu ziren “kutsadura areagotu ez dadin”; Ertzaintzak aldiz “animalia guztiak onik daude” esan zuen. Tira, animalia guztiak “onik” bazeuden, Ertzaintzak esan bezala, isurketak kalterik egin ez zuen seinale, baina isurketak kalterik egin ez bazuen, zergatik ari ziren Urako teknikariak lanean kutsadura ez areagotzeko? Ez da oso mesfidatia izan behar ondorioztatzeko isurketa ez zela inola ere inokuoa izan, instalazio industrialetan “istripuz” sarriegi gertatzen diren gainerako isurketak inokuoak ez diren bezala.

Kasu honetan, akatsa bikoitza izan zitekeela uste dugu: matxurarena bat eta matxurak gertatzen direnerako segurtasun sistemaren hutsa bestea. Segurtasun sistema horrek tinte horiek ibaira isurtzea ekidin behar zuen.

Oria arroan, maiatzean beste antzeko isurketa bat gertatu zen Zizurkilgo paper-fabrikan. Ez dugu uste kasualitatea denik, matxuren naiz ezustekoen aurrean ingurumenaren eta osasunaren alde hartu beharreko prebentzio neurriekiko lasaitze edo/eta utzikeria baizik.

Guzti hau urtean zehar gure ibai eta erreketan gertatzen ari denaren islada baino ezta, isurketa asko gertatzen ari baitira. Arrazoiak? Saneamendu lanak oso-oso atzeratuta daude (20 urte kasu batzutan), azpiegitura batzuk zaharkituak geratzen ari dira, behar bezalako kontrol falta, administrazioaren naiz enpresen aldetik utzikeria… Beraz arrazoiak baita arduradunak ere ugariak dira (lantegiak, Eusko Jaurlaritza, URA, Espainiako Ingurumen Ministerioa…) baina garbi geratzen dena da, gure ibaiak direla kaltetu zuzenak, ingurumena dela galtzailea eta ondorioz baita gure bizi kalitatea ere.

Beraz, zera eskatzen dugu:

–           Administrazio edo/eta erakunde arduradun ezberdinei (Eusko Jaurlaritza, URA, Espainiako Ingurumen Ministerioa,  Aldundiak,Ur Partzuergoak) dagozkion inbertsioak martxan jartzea.

–          Martxan dauden azpiegituren zaintza eta mantenu egokia egitea.

–          Erabateko gardentasuna,  informazioarik ez ezkutatzea herritarrok eskubidea dugulako eta sensibilizatzeko balio dezakeelakoan.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2017ko abuztuaren 4an.

Informazio gehiago:

–          http://www.uragentzia.euskadi.eus/noticia/2017/ura-investiga-el-vertido-incontrolado-de-la-depuradora-de-agurain/u81-000376/es/

–          http://eguzki.org/2017/07/29/oso-isurketa-ikusgarria-amezketan/

–          http://eguzki.org/2017/05/13/isurketa-oria-ibaian-zizurkil-eta-villabona-parean/

–          http://eguzki.org/2017/05/10/isurketa-agurainen-zadorra-ibaian/

–          http://eguzki.org/2017/07/21/eguzkik-errekan-agertu-diren-hondakinei-buruz-azalpen-bat-eskatzen-dio-udalari-urari-eta-ur-patzuergoari/

–          https://ataria.eus/amezketa/1501234243110-kolore-gorriz-bustia-esnatu-da-amezketako-erreka

–          https://aiaraldea.eus/laudio/1500549229417-hainbat-arrain-hilik-agertu-dira-nerbioi-ibaian

–          https://aiaraldea.eus/laudio/1499109266846-marroi-kolorea-hartu-du-nerbioi-ibaiak-isurketa-baten-ondorioz

–          https://aiaraldea.eus/laudio/1490716055857-nerbioi-ibaian-isurketa-kutsakorra-gertatu-dela-salatu-du-herritar-batek

–          http://eguzki.org/2017/01/11/gipuzkoako-ibaien-saneamendua-eta-jaurlaritzaren-zorrak/