Albistea

  • Eguzkik gogorazten du usapalak, oilagorrak eta birigarroak merkaturatzea debekatuta dagoela

    2017-09-30
    Partekatu - Compartelo

    Aurreko ehiza-aldian atzeman genuen legez kanpoko merkaturatze-kasuetako bat.

    Aurreko ehiza-aldian atzeman genuen legez kanpoko merkaturatze-kasuetako bat.

    Ekologistek herri-erakundeei neurriak hartzeko eskatu diete, hainbat negoziotan hegazti hauek saltzen jarraitzen baitute

    Eguzkik gogorazten du usapalak, oilagorrak eta birigarroak merkaturatzea debekatuta dagoela (1).

    Debekua ez da inola ere berria, eta, hala ere, ehiza-aldian, hainbat negoziotan, batez ere jatetxetan, hegazti hauek eskaintzen jarraitzen dute. Gehienetan erdi ezkutuan, baina batzuetan interneten bidez eta guzti (2). Horrek agerian uzten du alor honetan zigorgabetasun-sentsazio handia dagoela, zeren eta, debekua aspaldikoa dela kontuan izanik, nekez argudiatuko baitute horren berri ez dutela

    Legez kanpoko merkaturatzea sarri, sarriegi, legez kanpoko ehizarekin lotuta dago, batez ere usapalen eta oilagorren kasuetan. Halaber, legez kanpoko ehizak are larriagoa egiten du berez oso kaxkarra den bi espezie hauen egoera. Oilagorrak gure inguruan jasaten duen presio zinegetikoa hainbestekoa da ezen Oilagor Ehiztarien Klubak berak ehiza-baldintzak zorrozteko eskatu dituen (3). Usapala, berriz, gainbehera latza pairatzen ari da azken urteotan Europa osoan. Hori dela eta, elkarte zientifiko eta ekologista askok, tartean Eguzkik, usapalaren ehiza bertan behera uzteko eskatu dugu, behin-behinean, behintzat (4). Izan ere, hainbat herrialdetan dagoeneko babestu dute.

    Oilagorrak, usapalak eta birigarroak merkaturatzea debekatuta dagoela gogoraztean, Eguzkik hiru helburu ditu:

    • hainbeste urte pasatu ondoren oraindik debekuaz enteratu ez omen diren jatetxeetako eta harategietako horiek behingoz entera daitezen;
    • herri-erakundeek legez kanpoko merkaturatzea desagerrarazteko neurri eraginkorrak har ditzaten;
    • herritarrek jakin dezaten jatetxeren batean oilagorra, usapala edo birigarroa eskaintzen badiete, produktu hori legez kanpo eskaintzen ari direla (seguru asko osasun-bermerik ere ez du izango, gainera), eta, ondorioz, eskaintzari uko egiteko nahiz salatzeko aukera izan dezaten.

    Eguzki, urriaren 1aren bezperan, Hegaztien Nazioarteko Egunaren bezperan, alegia

    (1)     Ehiza arautzen duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aginduek oilagorrak, usapalak eta birigarroak baldintza jakin batzuetan botatzea baimentzen dute. Baina hiru espezie hauek uzten dituzte merkaturatu daitezkeen espezieen zerrendatik kanpo.

    (2)     Eguzkik abisatuta, Nafarroako Foruzaingoaren Ingurumen Brigadak harategi bat eta bi jatetxe salatu zituen aurreko denboraldian berezorei oilagorrak interneten bidez eskaintzen zizkietelako. http://eguzki.org/2017/02/02/foruzaingoak-harategi-bat-eta-bi-jatetxe-salatu-ditu-oilagorrak-saltzeagatik/

    (3)     http://www.ccbp.org/es/noticia.php?PHPSESSID=42c349241a22e612202273b17b3db9cd&idNot=485

    (4)     http://eguzki.org/2015/07/23/eguzkik-usapalen-eta-galeperren-ehiza-debekatzeko-eskaera-egin-du/ o http://eguzki.org/2015/08/18/lau-aldundiak-usapalen-eta-galaperren-ehiza-baimentzen-jarraitzen-duela-salatu-du-eguzkik/

    Eta beste bat...

    Eta beste bat…


    Partekatu - Compartelo