Eguzkik dei egiten die herritarrei Deba eta Zumaia arteko flyschean plastikoak auzolanean garbitzera
2018-11-05
Partekatu - Compartelo
Oier Bartolomek orain dela gutxi zabaldutako bideo biral batean, Zumaia eta Deba bitarteko flyscha plastikoz beteta ikusi dugu. Irudi tamalgarri hauen aurrean, pertsona askok “zerbait” egiteko beharra adierazi dute. Eguzkin ere horrelako mezu bat baino gehiago jaso ditugu. Gauzak horrela, erabaki dugu flyschean garbiketa-egun bat antolatzea, auzolanean.
Garbiketa-eguna datorren larunbatean izango da, hilak 10, goizeko 10etan, Elorriaga (Elorrixa) auzoan, jolas-eremu ondoan. Eta, jakina, parte hartu nahi duten herritar guztiak gonbidatuta daude.
Elorriagatik flyschera jaitsiko gara, bertan barreiatuta dauden plastikoak biltzera.
Ekimen honen bitartez, aukera eman nahi diegu “zerbait” egiteko beharra sentitzen duten pertsonei, “zerbait” hori xume-xumea bada ere. Izan ere, plastikoak sortzen ari diren arazoa izugarria da. Honako zenbaki hau oso adierazgarria da: urtero, 10 milioi tonelada plastiko iristen dira itsasora.
Bartolomeren bideotik ateratako irudi bat.
Arazo globala da. Ados. Eta arazo global honi konponbide globala eman behar zaio, plastikoen mundu ekoizpena mugatuz eta birziklatu ezin daitezkeen plastikoak debekatuz. Bitartean, birziklatu daitezkeen plastikoak behar beste bildu behar dira; gaur egun baino gehiago, alegia.
Baina administrazioek arazoari serio heltzen dioten bitartean, herritarrok ez dugu zertan eskuak poltsikoetan sartuta itxoin. Guk ere, gure xumean, neurriak har ditzakegu.
Esaterako, Deba eta Zumaia bitarteko flyscha biotopo babestua da legez. Bada, ezin da ulertu nola ez duen mantenu-planik, ezin da ulertu zergatik ez dagoen plastikoak noizean behin garbitzeko planik, hondartzak edo kaleak garbitzen diren bezala. Biotopo kalifikazioak ezin du erreklamu publizitario huts izan. Neurriak behar dira.
Biotopo kalifikazioak ezin du amu turistiko huts izan. Babes- eta mantenimendu-neurriak behar dira.
Halaber, Gipuzkoako erreka eta ibaiek ezin dute plastikoak itsasoraino eramateko autopistak izan. Horiek ere garbiketa behar dute.
Plastiko olatuari ez zaio aurre giten poltsa bakoitzaren truke zentimo batzuk kobratuta. Material hauen gehiegizko erabilera mugatzeko legeak behar dira. Arazoraren jabe diren herritarren jarrera proaktiboak instituzioak lege horiek onartzera behartu ditzake.
Hau guztia gogoan, herritarrei dei egiten diegu larunbatean zibismo erakustaldi bat egin dezaten. Ea horrela erantzulea interpelatuta sentitzen diren.
Beraz, larunbatean, planetaren iraupenarekin konpromisoa sentitzen duten pertsonek hitzordu bat dute Elgorriagan. Egongo da hitzordu gehiago, jakina. Baina larunbatean bada bat.