Albistea

  • Eguzki: “Ondarroako marrazo-hilketan ingurumen-delitu ote dagoen jakiteko ikerketa, salaketak eraginkorrak izaten hasi diren seinale”

    2018-11-24
    Iazko irailean zabaldu ziren argazkietako bat.

    Iazko irailean zabaldu ziren argazkietako bat.

    Ertzaintzak atzo ezagutarazi zuenez, Ondarroako marrazo-hilketak direla eta, lau pertsonaren gaineko ikerketa bat abian da, lau pertsona horiek ingurumen-delitu jarraitu baten erantzuleak ote diren jakiteko. Eguzkiren iritziz, ikerketa hori ireki izana orain arte marrazo-hilketen inguruan egindako salaketak eraginkorrak izaten hasi diren seinale da.

    Izan ere, Ertzaintzak berak esan duen bezala, ikerketaren abiapuntua iazko irailean sare sozialetan Ondarroako marrazo-hilketei buruz barreiatutako argazkiak izan ziren. Aste honetan bertan, berriz, justu Ertzaintzak ikerketaren berri eman baino egun bat lehenago, Eguzkik zabaldu zituen Ondarroako marrazo-hilketak salatzeko irudi berriak. Bien bitartean, joan den apirilean, Estatuko Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuak 20 marrazo muturmotz (Lamna nasus, espezie babestua) bahitu zituen Ondarroako tretzaontzi batean. Horrez gain, tretzaontzi honi zigor-espedientea ireki zion 4.872 kilo tintoleta, kaela edo marrazo urdin (Prionace glauca) deklaratu zituelako, 6.320 kilo eraman arren. Gauzak horrela, logikoena da pentsatzea legez kanpoko marrazo-arrantza ohikoa dela. Hori aditzera ematen dute, behintzat, bai bahitu zituzten babestutako marrazo-aleek (ez dira bat edo beste izan, 20 baizik), bai kaelen gehiegizko pisuak (iruzurra % 29,7koa izan da).

    Ertzaintzak atzo zabaldutako albisteak finning delako praktika ere aipatzen du. Finning deitzen zaio marrazoei hegalak mozteari (hegalak oso garesti ordaintzen dira, batez ere Asiako merkatuan) eta gero gorpuak berriz ere itsasora botatzeari. Itsasoan, hegalik gabeko ale horiek ezinbestez hiltzen dira, jakina. Praktika hori Europar Batasunak espresuki debekatu zuen 2013an. Hain zuzen, marrazo-hilketak salatzeko zabaldutako argazkien artean badira bi, behintzat, finning delakoa Ondarroan ere praktikatzen dela iradokitzen dutenak. Hona hemen:

    finningLaburbilduz: Ertzaintzak zabaldutako albistea pauso ona da norabide onean, baina oraindik askoz pauso gehiago beharko dira marrazo-hilketekin bukatzeko. Ia-ia ohitu gara horrelako hilketak film dokumentaletan ikusten, baina beti “urruti” gertatzen dira, itsaso exotikoetan. Hemen bertan gertatzen dira, ordea.

    Eguzki, 2018ko azaroan

KANPAINAK

BIDEOAK

EGUTEGIA

November 2018
M T W T F S S
 1234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930  

LIBURUAK

liburuak