Tejerako mendatea (Gesaltza Añana) saihesteko obrak, impakto handia

tejera_12519_1

Gesaltza Añana erditik zeharkatzen duen A-2622 errepidea konpontzeko proiektua publiko egin du Arabako Foru Aldundiak. DAIR ingeniaritza-enpresak egin duen ikerketan bi proiektu jasotzen dira: batetik, La Tejerako mendatearen alternatiba, eta bestetik, Gesaltza Añanako saihesbidea. Bi egitasmoen zatirik handiena Añanako Diapiroaren Babesgunetik igaroko litzateke, eta inpaktu handia izango luke bertan.s

Enpresak berak aurkeztu duen proiektuan ingurunearen “hauskortasuna” eta “balizko kalteen garrantzia” aipatzen ditu. Dena den, ez du “gaindiezinezko” trabarik ikusten aurrera egiteko, eta ingurumen inpaktuaren txostenean Tejerako mendatearen inguruak eta Añanako Diapiroaren eremuak babesteko neurriak aztertzeko beharra jasotzen du.

Errepide berriek diapiroaren gainetik igarotzeak ekar ditzakeen kalteaz gainera, hauek eraikitzeko obrak La Muera errekara ur-isurketak eragin ditzakela jasotzen du ikerketak. Halaber, lehentasunezko lurzoruak eta basoak desagertuko lirateke, erkametzak eta pinu gorriak batik bat, eta Diapiroaren habitata ere kaltetuko luke.

Iragan urteko irailean Arabako Diputazioak errepide malkartsuaren konponketa egiteko ikerketa-proiektua lizitatu zuen, eta azaroan egokitu zioten azterketa DAIR ingeniaritza-enpresari, 98.000 euroan. Azken egunotan publiko egin dute ikerketa-proiektua Aldundiaren webgunean.

Lau kilometroko korridorea
Tejerako mendateari dagokionez, bost ibilbide posible proposatzen ditu proiektuak; kasu guztietan errepideak errei bat izango luke noranzko bakoitzean, eta errei bakoitzak hiru metroko zabalera eta metro bateko bazterbidea izango lituzke. Lau kilometro inguruko korridorea aurreikusten da kasu guztietan.

Tejerako bihurguneetara iritsi baino metro batzuk lehenago, errepidea hegoaldera desbideratzea proposatzen dute hiru alternatibek (A1, A2 eta B izenekoek). Laugarren proposamenak ere hegoaldera jotzea aurreikusten du, baina Tejerako mendatearen ibilbidea erabilli gabe. “Lurren mugimendu gehiago behar da, eta horrenbestez, ingurumen-eragina handiagoa litzateke”, esan du enpresak. Bosgarren aukera, berriz, egungo errepidea Pauldik 200 metrora uztea da, eta iparraldera jotzea.

Hiru kilometroko saihesbidea Biloriatik
Gesaltza-Añanako saihesbideak, berriz, noranzko bakoitzean errei bat izango luke, eta errei bakoitzak 3,5 metroko zabalera eta metro bateko bazterbidea luke. A-2622 eta A-4318 errepideen arteko bidegurutzetik abiatzen dira saihesbidea egiteko planteatzen diren hiru alternatibak, hain zuzen Biloria herriko desbideratzea igarota dagoen nekazaritza bide baten gainetik.

Bertatik iparraldera jotzeko bi aukera planteatzen dira, eta hiru kilometroko distantzia zeharkatu ondoren, Gesaltza-Añanako baskulan, A-2622 errepidearekin lotzea berriro. Hegoaldera jotzeko alternatibak, ordea, lau kilometroko distantzia egingo luke eta A-2622 errepidearekin elkartuko litzateke Salinera de Añana SL enpresa parean.

Lezoko moilako sute handia gertatu eta urtebete geroago, herritarrek ez dute informazio gehiago haren kausa eta ondorioei buruz, eta batez ere ez dute horrelako zerbait berriz gertatuko ez den bermerik

pasaia1[1]Iaz, abuztuaren 2an, Pasaiako Portuko Lezoko moilan sekulako sutea piztu zen txatarra deskargatzen ari ziren bitartean (auto birrinduak, inportatu ohi direnak birziklatzeko). Hodei toxikoa hamarnaka kilometotan zabaldu zen kostan barrena. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun eta Osasun sailek badia inguruko udalerrietako bizilagunei (Donostiako Mirakruz eta Ulia auzoetakoei ere) badaezpada etxeko leihoak ixteko eskatu zieten, txatarrari eta txatarrari atxikitako hondakin ez metalikoei zerien kearekin ez pozoitzeko. Airearen kalitatea behatzeko Lezon dagoen estazioak egun hartako zenbait momentutan onartutako gehinezko PM10 partikula-kopurua hirukoiztu egin zela erregistratu zuen.

Ondorengo egunetan, berriz, Portu Agintaritzak zein Eusko Jaurlaritzak lasaitasun-mezuak zabaldu zituzten: den-dena kontrolpean zegoen; sutea ustekabekoa izan ze, temperatura handien ondorio; txatarrak baldintzak betetzen zituen; protokoloa uneoro behar bezala bete zen, eta ez keak ez sutea itzaltzeko erabilitako urak ez zutela eraginik izan ez herritarren osasunean ez ingurumenean.

Hainbat herritarrek, orduan, Portuan segurtasun-falta dagoela salatu zuten, eta hainbat informazio kezkagarri zirkulatu ziren, baita komunikabideetan ere. Esaterako, txatarrak (auto birrinduak) araudia ez zuela betetzen.

Gauzak horrela, Ingurumen Fiskaltzak ikertzeari ekin zion, ofizioz ekin ere. Are gehiago, Badian Bizi herri plataformak ikertzeko eskaera egin zionean, Fiskaltzan, hasieran, ez zuten eskaera-idatzia hartu nahi, beharrezkoa ez zela argudiatuta, ikerketa martxan zegoelako. Donostiako 3. Instrukzio Epaitegiak behin-behineko diligentziak ireki zituen. Baina, salaketa aurkeztu zuten herritarren artean egonda ere, ez dugu orain arte berririk izan. Diligentziek bere bidea jarraituko dutela pentsatzen dugu.

Nolanahi ere, urtebete geroago, herritarrek ez dute sute haren kausei eta ondorioei buruzko informazio gehiago, eta batez ere ez dute horrelako zerbait berriz gertatuko ez den bermerik, gauzak, neurri puntualen bat edo beste kenduta, zeuden bezala jarraitzen dutelako. Erre zen txatarrak ere moilan bertan jarraitzen du (ikerketagatik izango da, noski).

Gizarteak gero eta gardentasun gehiago eskatzen duen honetan, urtebete geroago horrela egotea ez da seinale ona. Beharbada urteurrena aukera aproposa izan daiteke erakunde guztiek (udalak eta Aldundia barne) urte honetan zer egin duten azal dezaten.

EGUZKI, 2019ko abuztua

Eguzkiren iritziz, belatz handi bat Artzai Oneko dorrera itzuli izana aprobetxatu beharreko aukera da

Enrique Rossignoli zor diogu Artzai Oneko belatzaren argazki zoragarri hau.

Enrique Rossignoli zor diogu Artzai Oneko belatzaren argazki zoragarri hau.

Joan den apirilean salatu genuen azken urteotan Artzai Oneko kanpandorrean kumatu duen belatz handi bikoteak (Falco peregrinus) alde egin behar izan zuela, bertan egiten ari diren lanen ondorioz. Deitoratu genuen instituzioen sentsibilitate eza, kontuan izanik Donostiako katedraleko hura zela Gipuzkoan ezagutzen genuen belatz-habi “kaletar” bakarra.

Zorionez, hiru hilabete geroago, belatz bat itzuli egin da eta Artzai Oneko dorrea talaia gisa erabiltzen du.

Ez dugu esaterik uxatutako belatzetako bat denik, baina espeziaren ohiturak ezagututa, oso litekeena da.

Eguzkiren iritziz, itzulera hau aprobetxatzen jakin behar den aukera da, betiere espezie harrigarri honen kontserbazioaren mesederako, jakina.

Ez dakigu lanak noiz arte luzatuko diren, ezta noiz kenduko dituzten gaur egun aldamioak biltzen dituzten sareak. Baina honako eskaera hauek egin nahi ditugu:

a)    Belatz handien kumatze-garaian (urtarril eta apiril bitartean) dorrean bisita turistikorik ez antolatzea, belatzek había berriz egin dezaten errazteko. Barcelonan, Madrilen eta Iruñean ere (*) hiriaren erdi-erdian belatz-habi bat izatea bene-benetako altxortzat dute eta, ondorioz, zaintzen dute.

b)   Artzai Oneko kanpandorrean habi monitorizatu bat jartzea, belatzen etorrera errazteko eta segimendua egin ahal izateko.

Proposamen hauek errazak dira eta, gainera, ez dute aparteko aurrekonturik behar. Horregatik uste dugu azaro honekin zerikusia duten hiru instituzioek, Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Gotzaitegiak, ez dutela arazo handirik izango  bioaniztasunaren alde egiteko, zehatz-mehatz, gure inguruan hain bakana den espezie honen alde.

Donostiako EGUZKI, 2019ko abuztuan

(*) https://www.noticiasdenavarra.com/2019/06/04/vecinos/pamplona/una-pareja-de-halcones-peregrinos-patrullan-la-ciudad-desde-la-catedral