Lezoko moilako sute handia gertatu eta urtebete geroago, herritarrek ez dute informazio gehiago haren kausa eta ondorioei buruz, eta batez ere ez dute horrelako zerbait berriz gertatuko ez den bermerik

pasaia1[1]Iaz, abuztuaren 2an, Pasaiako Portuko Lezoko moilan sekulako sutea piztu zen txatarra deskargatzen ari ziren bitartean (auto birrinduak, inportatu ohi direnak birziklatzeko). Hodei toxikoa hamarnaka kilometotan zabaldu zen kostan barrena. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun eta Osasun sailek badia inguruko udalerrietako bizilagunei (Donostiako Mirakruz eta Ulia auzoetakoei ere) badaezpada etxeko leihoak ixteko eskatu zieten, txatarrari eta txatarrari atxikitako hondakin ez metalikoei zerien kearekin ez pozoitzeko. Airearen kalitatea behatzeko Lezon dagoen estazioak egun hartako zenbait momentutan onartutako gehinezko PM10 partikula-kopurua hirukoiztu egin zela erregistratu zuen.

Ondorengo egunetan, berriz, Portu Agintaritzak zein Eusko Jaurlaritzak lasaitasun-mezuak zabaldu zituzten: den-dena kontrolpean zegoen; sutea ustekabekoa izan ze, temperatura handien ondorio; txatarrak baldintzak betetzen zituen; protokoloa uneoro behar bezala bete zen, eta ez keak ez sutea itzaltzeko erabilitako urak ez zutela eraginik izan ez herritarren osasunean ez ingurumenean.

Hainbat herritarrek, orduan, Portuan segurtasun-falta dagoela salatu zuten, eta hainbat informazio kezkagarri zirkulatu ziren, baita komunikabideetan ere. Esaterako, txatarrak (auto birrinduak) araudia ez zuela betetzen.

Gauzak horrela, Ingurumen Fiskaltzak ikertzeari ekin zion, ofizioz ekin ere. Are gehiago, Badian Bizi herri plataformak ikertzeko eskaera egin zionean, Fiskaltzan, hasieran, ez zuten eskaera-idatzia hartu nahi, beharrezkoa ez zela argudiatuta, ikerketa martxan zegoelako. Donostiako 3. Instrukzio Epaitegiak behin-behineko diligentziak ireki zituen. Baina, salaketa aurkeztu zuten herritarren artean egonda ere, ez dugu orain arte berririk izan. Diligentziek bere bidea jarraituko dutela pentsatzen dugu.

Nolanahi ere, urtebete geroago, herritarrek ez dute sute haren kausei eta ondorioei buruzko informazio gehiago, eta batez ere ez dute horrelako zerbait berriz gertatuko ez den bermerik, gauzak, neurri puntualen bat edo beste kenduta, zeuden bezala jarraitzen dutelako. Erre zen txatarrak ere moilan bertan jarraitzen du (ikerketagatik izango da, noski).

Gizarteak gero eta gardentasun gehiago eskatzen duen honetan, urtebete geroago horrela egotea ez da seinale ona. Beharbada urteurrena aukera aproposa izan daiteke erakunde guztiek (udalak eta Aldundia barne) urte honetan zer egin duten azal dezaten.

EGUZKI, 2019ko abuztua

Eguzkiren iritziz, belatz handi bat Artzai Oneko dorrera itzuli izana aprobetxatu beharreko aukera da

Enrique Rossignoli zor diogu Artzai Oneko belatzaren argazki zoragarri hau.

Enrique Rossignoli zor diogu Artzai Oneko belatzaren argazki zoragarri hau.

Joan den apirilean salatu genuen azken urteotan Artzai Oneko kanpandorrean kumatu duen belatz handi bikoteak (Falco peregrinus) alde egin behar izan zuela, bertan egiten ari diren lanen ondorioz. Deitoratu genuen instituzioen sentsibilitate eza, kontuan izanik Donostiako katedraleko hura zela Gipuzkoan ezagutzen genuen belatz-habi “kaletar” bakarra.

Zorionez, hiru hilabete geroago, belatz bat itzuli egin da eta Artzai Oneko dorrea talaia gisa erabiltzen du.

Ez dugu esaterik uxatutako belatzetako bat denik, baina espeziaren ohiturak ezagututa, oso litekeena da.

Eguzkiren iritziz, itzulera hau aprobetxatzen jakin behar den aukera da, betiere espezie harrigarri honen kontserbazioaren mesederako, jakina.

Ez dakigu lanak noiz arte luzatuko diren, ezta noiz kenduko dituzten gaur egun aldamioak biltzen dituzten sareak. Baina honako eskaera hauek egin nahi ditugu:

a)    Belatz handien kumatze-garaian (urtarril eta apiril bitartean) dorrean bisita turistikorik ez antolatzea, belatzek había berriz egin dezaten errazteko. Barcelonan, Madrilen eta Iruñean ere (*) hiriaren erdi-erdian belatz-habi bat izatea bene-benetako altxortzat dute eta, ondorioz, zaintzen dute.

b)   Artzai Oneko kanpandorrean habi monitorizatu bat jartzea, belatzen etorrera errazteko eta segimendua egin ahal izateko.

Proposamen hauek errazak dira eta, gainera, ez dute aparteko aurrekonturik behar. Horregatik uste dugu azaro honekin zerikusia duten hiru instituzioek, Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Gotzaitegiak, ez dutela arazo handirik izango  bioaniztasunaren alde egiteko, zehatz-mehatz, gure inguruan hain bakana den espezie honen alde.

Donostiako EGUZKI, 2019ko abuztuan

(*) https://www.noticiasdenavarra.com/2019/06/04/vecinos/pamplona/una-pareja-de-halcones-peregrinos-patrullan-la-ciudad-desde-la-catedral

Bizkaiko Foru Aldundiak ere, azkenean, usapal-ehiza bertan behera utzi du

usapala_argazkia[1]Eguzki poztu egin da Bizkaiko Foru Aldundiak ere, azkenik, europar moratoria onartu eta usapalaren ehiza bertan behera utzi duelako. Horrela azaltzen da 2019-2020ko ehizaldia arautzen duen foru aginduan, joan den asteartean, uztailak 30, herrialdeko Boletin Ofizialean argitaratutakoan.

Albiste ona da, ezbairik gabe, Eguzkirentzat eta Eguzkik bezala azken urteotan usapala babestearen alde edo, behintzat, botatzearen kontra egin duten elkarte ekologista eta naturazale guztientzat.

Arabako Foru Aldundiak Bizkaikoak bezala jokatu du. Beraz, Gipuzkoakoak zer egingo duen jakitea bakarrik falta da. Logikaren arabera, hiru aldundiek horrelako erabakiak adostu beharko lituzkete, eta, egia esan, azkenean horrela izango dela espero dugu, baina, momentuz, Gipuzkoakoak ezagutzera eman duen foru aginduaren zirriborroaren arabera, litekeena da 2019-2020ko denboraldian ere usapal-ehiza baimentzea, Nafarroako Gobernuak, zoritxarrez, dagoeneko baimendu duen bezala.

Bizkaiko Foru Aldundiaren erabakiari dagokionez, berriz, pena dugu lehenago hartu ez duelako.

Kontuan izan behar da azken hamarkadotan usapal-populazioak izugarri urritu direla. Hori dela eta, talde ekologista eta naturazaleak aspaldi ari dira eskatzen espeziea babesteko edo, behintzat, bota daitezkeen hegaztien zerrendatik ateratzeko. Izan ere, asko dira azken urteotan usapalak botatzea debekatu duten Europako herrialde nahiz Estatu espainoleko autonomía-erkidegoak (Kanariar uharteak, bai, baina baita Kantabria eta Asturias auzokoak ere). Alabaina, iazko maiatzean errebindikazio honetan mugarri erabakigarri bat jarri zen: Europar Batasuneko Hegaztien eta Habitaten Zuzentarauaren gaineko aditu taldeak “Europar usapala (Streptopelia turtur) babesteko ekintza-plana” adostu zuen. Europako Batzordearen iritziz, plan horrek aurreikusten dituen neurriak “premiazkoak eta ezinbestekoak dira espeziea babesteko”. Planak aurreikusitako neurrietako bat luzamendu edo moratoria da, behin-behineko ehiza-debekua, alegia. Debeku hori 2018-2019 denboraldian bertan ezarri behar zen, baina erakunde publiko askok, tartean euskal aldundiek, espresuki kasurik ez egitea erabaki zuten. Aurten, berriz, batzuk arrastoan sartzen hasi dira (Araba, Bizkaia, Valentziako Erkidegoa), baina beste askok usapal-ehiza baimentzen jarraitzen dute. Honen haritik esan beharra dago orain dela egun batzuk jakin dugula Europako Batzordeak Estatu espainolari espedientea ireki diola ekintza-planak aurreikusitako hainbat neurri ez hartzeagatik, tartean, behin-behineko debekua.

Eguzkiren ustez, usapalaren egoera nolakoa den ikusita, ehizatzeko luzamendu edo moratoria berandu baino lehen orokortuko da. Zoritxarrez, zenbat eta beranduago orokortu, gero eta zailagoa izango da espeziea suspertzea. Administrazio publikoei gogorazi behar zaie kudeaketa zinegetikoaren ardatza bioaniztasunaren zaintzan jarri behar dutela, ez lobbien interesetan.

Eguzki, agosto de 2019