Legazpiko industrialdetik Urolara zaborraren arazoak konponbide beharrean jarraitzen du

legazpiLegazpiko industrialdetik Urolara eroritako hondakin-bilketa egin dugu Eguzkikook, ibai-ertzek puntu horretan duten abandonu-egoera tamalgarria bistaratzeko. Zehazki, aparkaleku parean aurkitu dugun zaborra atera dugu, baita hormetan hazten den landaretzatik zintzilik zegoena ere. Ez guzti-guztia, noski, zati bat baizik.

Emaitza ezin argigarriagoa eta, neurri berean, etsigarriagoa izan da. Ibaitik bildu dugun materiala hiri-hondakin solidoak dira. Agerikoa da aparkalekutik ibaira iritsi direla hondakinak arduragabe erabiltzeagatik, asfaltoan utzita, eta, ondoren, haizeak bultzatuta, besteak beste, ibaira iristen dira.

Ikus bideoa: https://youtu.be/PRGcii3E1C0

Honako hau ez da berria, ezta berezia ere. Zoritxarrez, herri guztietan gertatzen da. Izan ere, hondakinak edonon botatzeko kultura, eta gero etor daitezela Udaletxeko langileak garbitzera, garesti ateratzen ari zaie gure poltsikoari eta, batez ere, naturari.

Horregatik, Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Tolosako udalek neurri aringarri batzuk, behintzat, hartu dituzte. Zehatz-mehatz, burdin-sarea (babes) batzuk jarri dituzte barandaren behealdean, kalean (edo aparkalekuan) utzitako hondakinak “deskuidoan” ibaira eror daitezen eragozteko. Laster, Urretxuk, Zumarragak eta Ordiziak gauza bera egingo dute.

Zestoaren kasua nabarmendu nahi genuke, Legazpikoarekin izan dezakeen antzekotasunagatik. Zestoak 335 metro lineal sare ipini ditu Urola ertzean Errotako industrialdean.

Eremu horretako hondakinen arazoa eta konponbidea ez dira berriak Legazpiko Udalarentzat.

Legazpiko Udalak badu arazo honen berri. Izan ere, industrialdean sare hauek ipintzeko proposamena 2019ko martxoaren 1ean erregistratu genuen. Ondoren, osoko bilkurara ere joan ginen, hura bukatu ondoren, zinegotziei horren berri emateko.

Erakundeak behingoz jabetu behar dira dagoeneko urte asko direla Urola ibaiari eraso egiten zaiola. Urtetan erabili dugu hustubide gisa eta, gaur egun, zabortegi bat izaten jarraitzen du.

Garbiketen aroa atzean utzi behar dugu, bide berri bat igarotzeko; konponbidearena.

Ibaiak  garbitzea, konponbiderik bilatu gabe, ibai bat zabortegia izan daitekeela normalizatzea eta justifikatzea da, eta horretan ari gara.
Altxor publikotik ehunka mila euro gastatzen ditugun bezala urtero gure kaleetako zaborrak biltzeko, dirua bideratzen hasi behar da ibaiak behingoz bere eskubideak berreskura ditzan, eta industrialdeak, zalantzarik gabe, aukera hori eskaintzen digu.
Has gaitezen konponbidetik.

Eguzki, 2020ko iraila

Plaiaundi-Txingudi gune babestuaren pixkanakako narriadura salatu dute Eguzki eta Bidasoaldeko lagunak taldeek

IMG-20200910-WA0001
Hauetako edozein egunetan Plaiaundiko Parke Ekologikora hurbiltzen denak gunearen narriadura zantzu argiak ikusiko ditu. Deigarria da hainbat puntutan egurrezko hesiaren narriadura, baina hori tokia kontserbatzeko eskumena duten administrazioen utzikeriaren erakusgarri baino ez da, eta habitat-degradaziorik kaltegarriena eta larriena ezkutatzen du, bertan bizi diren espezieen kaltetan, hori izanik Txingudi eremuaren eta haren babesaren arrazoia.
Parkeko altzariek gutxieneko mantenua behar dute, eta ez da behar bezain maiz egiten, baina ez dira Natura 2000 Sarea espazio gisa zaindu beharreko funtsezko balioen zati (KBE eta HBBE); balio horiek narriadura larriagoa eta kezkagarriagoa jasaten ari dira, baina bisitariek ez dute hain erraz ikusten.
Zaintza gabeziak eta Erabilera Publikoaren Planaren onarpenean izandako atzerapenak ekintza bandalikoen mende uzten dute Plaiaundi eta Jaitzubia, eta ekintza horiek, batzuen errespetu eta kontzientzia faltarekin eta kirol-instalazioen konpondu gabeko birkokatzeak eragindako inpaktu negatiboekin batera, gune babestua babesteko koktel kaltegarri bat osatzen dute.
Ez da arraroa koipuak edo beren gorotzak ikustea, baina arazoa ez da higuina sor dezaketela, benetako arazoa da espezie exotiko inbaditzaile (EEI) bat dela, beste asko bezala (animaliak eta landareak) kontrolik gabea, estuarioaren ekologian eragiten ari direnak. Espezie inbaditzaile horiek ez dute arreta gehiegi erakartzen, eta, are gehiago, batzuk atseginak izan daitezke begien aurrean.
Plaiaundi bere jatorrizko potentzial ekologikora hurbildu ahal izateko sistema artifizialez hornitu behar izan zen, bere hedadura txikia zela eta. Sistemak, uhateek, barne-urmaeletako mareen fluxua erregulatu eta konpentsatu beharko luketenak, urteak daramatza pixkanaka hondatzen, eta horrek murriztu egiten du faunaren harrera-funtzioa, bereziki hegazti urtar migratzaile eta bertakoena. Zenbait hegaztik parkeko bidezidorrekiko lasaitasuna zaintzeko urmaeletan sortu ziren landare-pantailen kudeaketa ezagatik, bertan lehorreratzen diren hegaztien lasaitasuna murrizten duten elementu bihurtu dira, batzuetan ur-xaflara jaistea eragotziz.
Bestalde, Txingudi-Bidasoa KBE eta HBBErako Jardueren eta Neurrien Dokumentuan jasotako konpromisoak ez betetzeak urrun uzten du habitaten eta espezieen aldeko egoera lortzeko helburua. Zer ingurumen-hezkuntza koherente garatu daiteke Txingudin gure administrazioek ingurumen-balio eta -aberastasun horiek babesteko duten interesik eza agerian geratzen denean?
Arazo-piloa, babesgunea narriatzen ari dena, gaian esku hartzen ez duten administrazio eskudunen pasibotasun justifikaezinaren aurrean.