Albistea

  • Hondalea, hondamena

    2023-03-16
    Partekatu - Compartelo

    Gaztelua Santa Klaratik. Lurrean, berriz, habi bat. Kumatze-garaian habia edonon egiten dituzte uharteko hegaztiek.

    Gaztelua Santa Klaratik. Lurrean, berriz, habi bat. Kumatze-garaian habia edonon egiten dituzte uharteko hegaztiek.

    Industria turistikoak diru gehiago nahi du. Ez zaio axola zer suntsitu trukean. Donostiako alkateak iragarri duenez, Santa Klara uhartean Hondalea eskultura sustatzeko bisita gidatuak gehitu nahi ditu. Apirilaren 1a eta 16a bitartean, behar beste turista eraman nahi dituzte uhartera. Horrela, behin udako garaia egonkortuta, Udalak urtean zehar eskaintza zabaltzeko asmoa ere badu, eskaeraren arabera. Egoera horren aurrean, dokumentu hau sinatzen duten lau kolektibook salatu nahi dugu erabaki honen bidez Udalak uhartean bisitak mugatzearen inguruko akordioak apurtzen dituela, eta ohartarazi nahi dugu, beste behin ere, Hondalea instalazioaren bidez uhartean sortutako erabilera turistikoak ondorio kaltegarriak dituela Santa Klarako ingurune ekologiko eta sozialean.

    2019an eta 2020an, uharteko itsasargian Hondalea jartzeko esku-hartzearen aurrean, lau kolektibo sinatzaileok hainbat bilera egin genituen udal gobernuko kideekin, baita eskulturaren sustatzaile den enpresako kideekin ere. Topaketa horien helburua zen uhartean turismo-jardueraren handitzeari mugak jartzea eta azpiegitura honek ekosisteman, biotan, ondare historikoan eta donostiarrok uharteari eman dioten erabileran duen eragin negatiboa murriztea. Hain zuzen, bilera horietan ordutegia, egutegia eta bisitari kopurua mugatzea jarri ziren mahai gainean, baita uharteko bisitei lotutako zerbitzuak eta azpiegiturak murriztea ere.

    Egun, bisiten egutegia luzatzearen berriaren aurrean, duela bi urte adostutakoa alde bakarretik hausten dela ikusten dugu. Berriro, uhartera bisitari gehiago etortzearen alde jokatzen da, eta leku gehiago uzten zaio egunero hiriko natur guneak mehatxatzen dituen dinamika turistifikatzaileari.

    Uhartea itsas hegaztien etxea da, eta apirilean bertako biztanleek lurrean habia egiten duten garaia da. Astebete habia egiteko, hilabete txitatzeko eta hilabete eta erdi kumeak zaintzeko. Hori guztia 5,4 hektareako lur zatian. Santa Klarak babestutako espezieak ere baditu, hala nola Frankenia Leavis izeneko txilarra, Uharteko Sugandila (Podarcis liolepis), Ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis), kaio Iluna (Larus fuscus) eta Kaio Atlantikoa (Larus marinus). Gainera, kaio hankahorien kolonia handi bat (Larus michahellis) enklabe horretan bizi eta ugaltzen da.

    sugandilaSustatzaileen esanetan, uharteko itsasargian kokatutako Cristina Iglesiasen Hondalea “arrazoi ekologikoen defentsaren eta ingurumenaren kontserbazioaren sinbolo da”. Errealitatetik urrun, eskuhartze artistikoa Santa Klarako ekosisteman historikoki eragina izan duten mehatxuen zerrendara gehitu dezakegu. Era berean, instalazioa diskriminatzailea da eta mugikortasun mugatuta duten pertsonentzako irisgarritasun-legea urratzen du. Gainera, salbamendu-azpiegitura berriak beharko ditu osasun-larrialdiei erantzuteko, uda-denboraldi ofizialetik kanpo irekiz gero.

    Uharteko ekosisteman izandako eragin negatiboez haratago, Hondalea bere baitan eskala handian Donostiako makinaria turistikoari begirako operazio bat da, negozio turistikoak mugitzen dituen interes pribatuak asetzeko. Engranaje bat gehiago, itsasargiko eskultura erakargarritasun turistiko berri bat bihurtu, turistifikazio prozesuek gero eta nabarmenago auzokideen bizitza prekarizatzen duten hirian.

    kaioakHasiera batean, Hondalea Cristina Iglesiasek Donostiarrei egindako opari gisa iragarri bazen ere, 1,5 milioi euroko hasierako aurrekontuarekin abiatu zen. Aurrekontu hori pixkanaka 5 milioi euro publikoetara iritsi zen, Donostiako zergadunek ordainduta eta, horren ondorioz, fiskaltzak ikerketa bat ireki zuen. Lanaren instalazioa iragarri zenean, sustatzaileek ziurtatu zuten faroko esku-hartzeak ez ziola irlako ingurune naturalari eragingo, are gehiago, uhartearen balio naturalak sustatzeko erabiliko zela. Hain zuzen ere horiek dira gaur egun mehatxupean jarraitzen duten arloak.

    Horregatik guztiagatik, UDAL GOBERNUARI ESKATZEN DIOGU:

    • Elkarteekin denboraldiei, edukierei, ordutegiei, dotazioei, eta uharteko zerbitzu eta azpiegitura berrien handitzeei buruz egindako akordioak betetzea.

    • Udaberrian, itsas hegaztiek lurrean habiak egiten dituzten garaian, uhartera bisitarik ez egitea.

    • Santa Klarako natura babestea eta berrezartzea. Ikus itzazu uhartearen inguruko bideo hauek:

    ITSASARGIRAKO BIDEXKA – YouTube

    Caminito al faro, Isla de Santa Clara – YouTube

    HABITATAREN SUNTSIKETA SANTA KLARA UHARTEAN DESTRUCCIÓN DEL HABITAT ISLA SANTA CLARA 2020 – YouTube

    Donostian, 2023ko martxoaren 16an

    Bizilagunekin Plataforma / Haritzalde / Eguzki / Parkea Bizirik

    Captura


    Partekatu - Compartelo