Lemoiz gaur, Gladysen omenaldiaren atarian

RogeBlasco1Kuadrilla polita bildu gara bart Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean Roge Blascok Lemoizi buruz egin dituen film dokumental laburrak ikusteko.

Hona hemen bart arratseko grabazioa oso-osorik, filmak barne:

Proiekzioak / Proyecciones: Lemoiz gaur – YouTube

Haurtzaroko oroitzapenetatik abiatu da Roge. Izan ere, bere familiak Basordan baserri bat zuen, Momatei izenekoa, eta saldu egin behar izan zuen, zentral nuklearra eraiki behar zutelako. Gero, hura guztia gaur egun nola dagoen azaldu du, hitzen bidez, baina batez ere semearekin batera egin dituen bi dokumental horien bidez.

Dokumentalotan, funtsean, bi elkarrizketa daude. Bata, zentralak ondare gisa duen balioari buruzko tesina egin duen Valentin Elortegirekin; bestea, berriz, zentralaren ingurua babesteko beharra nabarmentzen duen Josu Alberdi mendizalearekin.

RogeBlasco2Apaltasunez eta apaltasunetik egindako lanak dira, Rogek ohi duen bezala. Lan xumeak dira, bai, baina bertute handi bat dutenak, mahai gainean jartzen dutelako aspalditik jira-biraka dabilen azaro bat: zer egin Lemoizko zentralarekin eta inguruan dagoen eremu guztiarekin.

Hain justu, horixe da, Eguzkiren iritziz, herri-erakundeetatik, Eusko Jaurlaritzatik batik-bat, ukatzen ari zaigun eztabaida soziala. Hor zor historiko handi bat dago, baina baita aukera bikaina ere (ingurumenaren aldetik, behintzat). Eztabaida hori mahaigaineratu egin behar da, eta horretarako oso lagungarriak dira, ezbairik gabe, Rogeren bi dokumental hauek.

Esan bezala, testu honen hasieran dagoen estekan klikatuta ikus dezakezue bart arratseko saio osoa, filmak barne (1:38 ordu), KMren kortesiari esker eta, jakina, Rogeren eskuzabaltasunari esker.

LEMOIZ GAUR ekitaldia izan da bihar Gladys del Estali eskainiko zaion omenaldiaren osagarri bat:

IMG-20230512-WA0007