Urolara uralita bota izana salatu du Eguzkik Fiskaltzan, ingurumenaren aurkako delituagatik

Abenduan 22an, Zetoan, Urola ibaiaren babes-eremuan botatako hainbat uralita-hondakinen berri izan zuen Eguzkik. Uralitaren salerosketa 2002tik debekatuta dago, amiantoa duelako. Amiantoa arriskutsua da, bai pertosnen bai ingurmenaren osasunerako.

URA agentzia zein Udala jakinaren gainean ipini genituen, BAINA URALITAK HOR JARRAITZEN DU, BATETIK; ETA, BESTETIK, AIPATUTAKO BI ERAKUNDEEN ALDETIK EZ DUGU INOLAKO JAKINARAZPENIK JASO.

Amiantoa bezalako hondakin arriskutsu bat kontrolik gabe botatzea, arau-urratze administratibotik harago, ingurumen delitua da, are gehiago ibaian edo ibai-ertzean egiten bada, urak uralitaren osagai toxikoak zabaltzea denbora kontua baino ez baita.

Gauzak horrela, egoera Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan salatu dugu. URAri zein Udalari gure salaketa dela eta ireki dituzten txostenak eskatzeko esan diogu. Halaber, Ertzaintzaren Ingurumen Taldeari botatako uralitaren jatorria ikertzeko eta bota duena identifikatzeko ere eskatu diogu.

Ibaiaren babes-eremuan botatako ehunka uralita-zati.

Ibaiaren babes-eremuan botatako ehunka uralita-zati.

Uralita ez da Urola ertzeko paraje honetan botatako hondakin bakarra. Handik metro gutxira, gainera, segurtasun-hesi mugikor bat, palet bat, plastikozko loreontziak, hormigoizko blokeak, zulatzeko palak eta itxitura eta ezkutaketarako olanak ditugu.

Uralita ez da Urola ertzeko paraje honetan botatako hondakin bakarra. Handik metro gutxira, gainera, segurtasun-hesi mugikor bat, palet bat, plastikozko loreontziak, hormigoizko blokeak, zulatzeko palak eta itxitura eta ezkutaketarako olanak ditugu.

Arestian esan bezala, URAri zein Udalari eman genien hondakin hauen berri, baina ez dituzte jaso. Urtarrilaren 10ean eta 11n, euriteen ondorioz, Urola oso handituta jaitsi zen eta urak hondakinak ibaian behera arrastatzeko arriskua egon zen.

Egia esan, gustatuko litzaiguke esatea Zestoan gertatzen dena salbuespena dela. Ez da horrela, ordea. Izan ere, hondakinak ibaira botatzea arrunta da bailara osoan. Esaterako, abendu bukaeran Azkoitian salatu genuen ibaira botatako hainbat plastiko, nekazaritzan erabiltzen direnetakoak.

Azkoitian Urola ibaira isuritako nekazaritzako hondakin plástikoak.

Azkoitian Urola ibaira isuritako nekazaritzako hondakin plástikoak.

Gure salaketan garbi utzi genuen: “Une honetan, Urolatik eta bere adarretatik plastiko pilo bat atera genezake, plastikoa ibaira botatzea oso arrunta baita, herri guztietan, gainera. Eta egiten badute, egin dezaketela ikasi dutelako da”.

Legazpin gauza bera. Iazko ekainaren hasieran Ibarrola errekaren egoera salatu genuen. Bada, urte bukaeran hondakin gehienek errekan bertan jarraitzen zuten.

Ibarrola erreka. 2021eko ekainean ateratako argazkia.

Ibarrola erreka. 2021eko ekainean ateratako argazkia.

Badira, ibai eta errekak hondakinetatik babesteko lege, arau eta ordenantzak. Halaber, administrazio bakoitzaren konpetentziak garbi azalduta daude. Bada, nahita eta batere kontrolik gabe egindako isurien aurrean, Zestoako kasuan bezala, nork hartu behar ditu neurriak ingurua lehengoratzeko? Garbi dago: URAk, Urola Erdiko Mankomunitateak eta Udalak. Eguzki apalditik ari da salatzen hondakinak ibaira botatzea eguneroko ogi dela. Maiatzean, txabola baten eraikuntza-hondakinak salatu genituen; uztailean, isuri bat Sastarrain errekan; irailean obra-hondakinak eta industria-hondakinak babes-eremuan; azaroan, gehiago. Hona hemen azken salaketaren zati bat: “Herri-erakundeek gure abisuari muzin egin diote. Guk atera izan ez bagenitu, urak hondakin hauek arrastatu eta horietako batzuk dagoeneko kostan egongo lirateke”. Nekez ahaztuko dugu azaroaren 29an hondakinak ibaitik euripean ateratzen bili gineko hura. Esan beharra dago aipatu ditugun hondakin ahuek guztiak ehunka metro batzuren eremuan daudela.

Beraz, ibaia zabortegi moduan erabiltzen ari delako, Eguzkik, beste hainbat herritan egin duen bezala, ibaiaren gaineko segimendu-plan bat martxan jartzeko eskatu du, ibaiaren eta erreken ingurumen kalitatea bermatzea helburu.

Gure ustez, hemen bi arazo daude. Batetik, ingurumen-kulturarik gabeko herriaren sektore bat, hondakinak botatzen dituena, eta, bestetik, eskumenak dituzten administrazioen utzikeria. Horregatik administrazioak ere salatzen ditugu, beraien eginkizunei uko egiteagatik.

Eguzki, 2022ko urtarrilean

Uholdea: arazoa ez da ibaian hasten

images

Uholdeez serio hitz egiteko urek bare behar dute ibaian izan, bazterrak urpean direnean bestelako premiak direlako, babes zibilekoak. Hala ere, urak lasaitzen direnean, arriskua joana delakoan, zertarako kezkatu? Hurrengoa izan arte. Oroimen mugatukoak gara, zoritxarrez. Edozelan ere, gure inguruko lurraldeetan uholdea da natura-gertaerarik ohikoena. Eta mende hau ezaugarritzen duten ziurgabetasuna, erresilientzia eta iraunkortasuna gogoan gizarte gisa ikasi beharko genuke arriskuarekin bizitzen, denboran hurbil ez denean ere. Ikasi, bai, kultura kontzeptua arriskuetara zabalduz. Are gehiago klima-aldaketara egokitu behar dugun honetan, aldaketa horrek ohikoago egingo baititu uholdeak eta gaurko lurralde-antolamenduak ohikoago kalteak.

Kontua, baina, zera da: uholdeak berriro gertatzean berriro entzuten ditugula kexa berak. Nago ni kaltetu izan direnek eskubidea ez ezik betebeharra ere badutela protesta egin eta kalte-ordainak arintasunez konpentsatzea eskatzeko, bai horixe, baina argi utzita ere kaltetua izateak ez diola, berez, inoren ikuspuntuari arrazoi gehiago ematen, ez horixe. Hortaz, arriskua kudeatzen eta kalteak arintzen frogatzen da zenbateraino den gizartea erresilientea.

Uholdeak gertaera konplexuak dira, kausetan eta ondorioetan ere. Jakina, euri-jasa handiak eta etengabeak izan gabe ez ziren uholdeak gertatuko, baina izanda ere ondorioak oso bestelakoak izango ziren kasu batean eta bestean. Parean jarri baino ez dago orain hamarkada batzuetako ibaiertzeko argazkiak eta azken urtetakoak, hartzen dugun ibai-arroa hartzen dugula ere.

Arduragabe okupatu ditugu ibaien ondoko lurrak, horien lauak eskaintzen duen erraztasuna oso modu okerrean ulertuta. Ez ote genuen eskolan ikasi uholde-lautada ibaiak errekarriz eta sedimentuz sortutako esparrua dela, nonoiz urak handi datozenean pausaleku hartu eta uholdeen aringarri izateko? Gauza asko egin ditugu txarto lurralde-antolamenduan eta, zehatzago, ibai inguruko hirigintzan, azpiegiturak barne, eta arrisku-gune berriak ere sortu ditugu, baina dagoena dago. Funtsezkoa gaurko erabakietan dago: uholdeei aurre egiteko modua birpentsatzeko garaia da.

Egia esan, gurean badugu Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana, Europako 2007ko Uholde-Zuzentarauak agindutakoari jarraituz. Planean argi adierazten da berez ibaiarenak diren lurrak okupatu izanak biderkatu egin dituela ohiko uholdeen kalteak, eta arriskupean diren lurrak antolatzeko irizpideak zehazten dira, itzulera-denboraldi desberdinetan. Plana hor da, udal-planeamendurako oinarri, baina erronka haratago doa, herritarrak planak ezagutu, prozesuan parte hartu, arriskuarekin bizitzen ikasi eta uholdea heltzear dela zer egin jakin. Eta horretan asko dugu egiteko.

Dena dela, bada arriskua kudeatzeko planetan falta den funtsezko irizpidea, plangintza hidrologiko osoan falta den funtsezko bera: lurraldea bere osoan aintzat hartzea. Izan ere, uholdeei aurre egiteko neurrietan ikuspegi hidraulikoa nagusitu da, hau da, ibaiko urak menderatzen saiatzea, neurri gogorrekin ibilguak artifizializatuz, ahalik eta leku gutxien gera daitezen urpean.

Baina arazoa ez da ibai-ibilguan hasten, uholdea horrekin lotzen bada ere. Atzera egin dezagun: euri-jasa handiak direnean, zergatik doaz urak hain arin ibilgura? Zergatik bildu horra ur handiak denbora motzean? Zergatik urek hainbeste sedimentu eraman, indar suntsitzailea handituz? Zergatik hori gertatu orain hamarkada batzuk baino arinago eta bortitzago? Arduragabeak izan gara uholde-lautadak urbanizatzen, bai, baina arduragabeak ere mendi-hegalak kudeatzen, azpiegiturak eta baso-jarduerak gehienetan lurraldeko ur-dinamika aintzat hartu gabe egiten. Ez dezagun ahaztu uholdeekin batera asko izaten direla azpiegitura linealen bazterretan gertatzen diren luiziak, ibaitik urrun egonda ere kalte-sortzaile.

Hortaz, ikuspegia aldatu beharra dugu behingoz. Uholdeak beti izan dira, eta izango ere, saiakera guztien gainetik, baina guri dagokiguna, are gehiago klima-aldaketarako egokitze bidean, arriskua moteltzea da, kalte-eremuak gutxitzea eta arriskuarekin bizitzen ikastea. Plangintzaren fokua lurraldean jarri behar da lehenago ibilguan baino, euri-urek hartzen duten ibilbideari jarraituz: menditik ibaira. Bestela esanda, lurraldea ikuspegi hidrologikotik antolatzeko garaia da, hamarkadatan txarrerako eraldatu ditugun eremuetan hasita; urari lotutako gertaerak ulertzeko ibai-ibilguaren ikuspegi hidraulikoaren aurretik ibai-arroaren ikuspegi hidrologikoa jarrita. Horretan datza ur- eta lurralde-plangintzek mende honetan duten erronka, beren uztardura, ura ez baitago ulertzerik lurraldearen dinamikatik kanpo, uholde izan edo lehorte.

Uholde Arriskua Kudeatzeko Planek abiapuntu hartzen dute UNESCOk 2013an ateratako ‘Flood Risk Management: A Strategic Approach’ txostenean jasotako oinarri batzuk. Besteak beste: 1) Erabateko babesa ezinezkoa dela onartzea. 2) Etorkizuna ez dela iragana modukoa izango kontuan hartzea. 3) Uholdeei aurre egiteko neurriak asko eta askotarikoak izan behar direla. 4) Arriskua eta ziurgabetasuna modu eraginkorrean gizarteratzea. 5) Leku batzuetan uholdeak apropos sustatzea. Bai, uholdeei aurre egiteko modu bat da bazter batzuetan uholdeak eragitea, ibaian beherako uren lasaigarri: ibai-basoak edo kultibo-guneak, kasurako, azken finean hobe kultiboak urpean uztea beherako hiriak baino. Eta segituan, kalteen konpentsazioa.

Izan ere, hamarkadetan egin dugunaren kontrara, zabaldu behar ditugu ibaien eremuak, ibaiei beren askatasun-eremuak bueltatuz, hainbat lekutan gaur egunean ezinezkoa bada ere. Baina horixe da birpentsatzearen abiapuntua, are gehiago iraunkortasunaren izenean Naturan Oinarritutako Irtenbideak hizpide ditugun honetan. Joana beharko zen gurean arriskuei azpiegitura gogorrekin aurre egiteko garaia, salbuespenak salbuespen, eta gaurko koherentziaren izenean ibai-arroaren antolamendu integratutik erantzuteko garaia etorria beharko, honetarako pentsamoldea aldatuta.

Eta bai, uholdeei aurre egiteko neurriak asko eta askotarikoak behar dira izan: Lurralde- eta hiri-antolamenduan, klima-aldaketara egokitzeko erakunde publikoetan, erresilientzia biderako gizartean… arrisku-kultura zabaldu eta uholde aurretikoa, momentukoa eta ondorengoa ondo planifikatuz. Eta horretaz hitz egin behar da ibaietan urak bare direnean.

Iñaki Antiguedad eta Ane Zabaleta. UPV/EHU

‘Hidro-Ingurumeneko Prozesuak’ talde kontsolidatuko ikertzaileak