Ba al daki Reyes jaunak, aipatutako tren ibilbideak Castaños ibaiaren gainetik zubi-bide bat eskatzen duela? Eta baserri eremutik isurtzen den Castaños ibaia ekologia konektibitate hori oraindik gordetzen duen ibai horietako bat dela?
Batzar Nagusien aurrean Lurraldearen Zatiko Plangintzaren aurkezpen egunean, duela 3 hilabete; Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioaren Foru Ahalduna den Vicente Reyesek esaten zuen legez: «Orain ez da lurzoru gehiago betetzeko momentu egokia. 864 hektarea daukagu libre eta betetzeko prest, asfalto orbana handitu baino lehen. Haietariko 589 industria lurzoru kutsatua dira; berreskuratu daitekeenak».
Hau entzun ondoren, Barakaldo Naturalak –gure ingurugiroaren kontserbazio eta babeserako plataformak– txalotu besterik ezin du egin. Erabat ados gaude esandakoarekin; alta, bere Departamentuak eta oro har, foru erakundeak Hegoaldeko Tren Saihesbidearen proiektuaren inguruan mantentzen dituen isiltasunekin, ezin gara ados egon kontrako norabidean doazelako: LZPk berak Bioaniztasunaren Babeserako Gune Interesagarritzat jotzen duen Errekatxoko Haranaren artifizialtzearen norabidean, hain zuzen.
Aurkeztutako dokumentuaren arabera, hauxe da gune hauentzako helburua: «Flora eta fauna interesdunak garatzen diren habitatak babestu» eta gero zera gehitzen du: «babes figura juridikorik ez duten natur gune nabarmenek ere duten ingurugiro-baloreei dagokien bidezko tratamendua eduki beharko lukete».
Beste atal batean, berriro aipatzen du Errekatxoko harana, esateko hauxe dela bertoko basoak berreskuratzeko sustatu behar den korridore berdeetariko bat; Erriberakoa eta gune hezeen arteko lotura ziurtatzen duelako. Zehazkiago; Ganekogorta eta Barbadun, Artibatik; Errekatxo-Oiola-Arrigorriaga. Berriro ere, Bilboko Itsas Portuaren arreta bakarrerako Tren azpiegitura egin nahi dute zonalde honetan. Isiltasuna.
Aipatutako dokumentuak gehiago esaten du: «Ibai handien uraren eraldatze gradu handiak dezente murriztu du ibai hauen gaitasuna ekologia-lokailuaren funtzioak egiteko. Aldiz, baserri eremutik isurtzen diren ibai txikiek eta ibaiadarrek gaitasun hori mantendu egin dute». Ba al daki Reyes jaunak, aipatutako tren ibilbideak Castaños ibaiaren gainetik zubi-bide bat eskatzen duela? Eta baserri eremutik isurtzen den Castaños ibaia ekologia konektibitate hori oraindik gordetzen duen ibai horietako bat dela? Ba al daki Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioaren foru ahaldunak Castaños ibaiak bere uretan ematen diola ostatu iraungitzear dagoen arrain ezpitsuari? Ez al luke Reyes jaunak bere isiltasuna apurtu beharko?
Hirigintzazko neurriz gaineko garapenak oso gutxituta geratu den nekazaritza babesteko beharraren aldeko oharra ere jaso egin dugu. Ingurugiroa, bioaniztasuna eta paisaia babesteko bere gaitasuna ezagutu ondoren, zera proposatzen du: «Nekazal balio handiko orubeak, exekutatu gabekoak, birkalifikatu». Nekazal eremu bihurtu, ulertu nahi dugu. Baina gero, HTSak Barakaldotik igarotzean, jardueran dauden nekazal eremu batzuk lardaskatzen ditu. Izan ere, nekazaritzaren presentzia udalerri honetan oso murriztua delako, babestu beharko litzatekeela kontutan hartu gabe, irizpide ekonomizista hutsak erabiltzen dira.
Bukatzeko, LZPren Aurrerapenaren Bilbo metropolitarrerako aipamen bat: «Natur ondarea aberastu beharko litzateke, oraindik babesik gabe dauden eremuei babes hori ematen, naturaren ikuspuntutik interesik baldin badute. Eta horretarako, eskualdeko korridore ekologikoekin lotura indartu; baita ere, tokian tokiko berdegune sarearekin zein ibai korridoreekin eta horien urpetze-eremuekin». Ados horrekin; baina Errekatxoko Harana barnean sartuz, zonalde hau berriro Bilbo metropolitarraren atzeko ganbara bihurtzeko interes handiak egonda ere; Berriro esaten dugu zeren duela 10 urte zure administrazioak errepide fantasmagorikoa (Super Sur) inposatu zigun; baita itsas portua eta Lautada batzen dituen gasbidea ere, edo Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren 2 metro diametroko hodieria. Adibideak ez dira falta…
Ikusten duzun bezalaxe, artikulu honen %80 zure Departamentuko labean hartzitutako dokumentutik atera dugu, Reyes jauna. Bertako lerro nagusiekin erabat ados gaude; baina esandakoak konbentzimendu gabe daudelakoan gaude, edo zalantzak ditugu; zeren, eskuduntzaren falta argudiatuz, isilik geratzen zara lerro nagusi horien kontrako norabidean doan proiektuaren aurrean, eta horrek zuen dokumentu hori hutsaren hurrengoa bihurtzen du.
Aitortzen dugu zuri zuzentzen gatzaizkizu, zeren eta gure udalerriko arduradunek, Amaia del Campo Kontseiluburu izanik, “Gora Barakaldo” kanpaina burutzen dutenean, gure baitan daukagu marra bat egin dutela herria alde batean utziz, eta bestaldean, berriz, Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak bultzatzen duten merkantzia trenbidea.
TXIKI CASTAÑOS (BARAKALDO NATURALA) ETA BEGOÑA RODRÍGUEZ (BARAKALDO NATURALA ETA EGUZKIKO KIDEA)