Azaroak 22: AHT Gelditu! Kontzentrazio-deialdia Tolosan (Triangulon,12:30etan)

22ko elkarretaratzea TolosanAbiadura Handiko Trenaren lanak direla eta, eskualdean azken hilabete eta asteetan izan diren gertakariak salatzeko asmoz, Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideok elkarretaratzea egin nahi dugu azaroaren 22an, larunbata, eguerdiko 12’30etan Tolosako Triangulo plazan.

Azken hilabeteetan Anoetan bi erreka agortu dira eta abuztu amaieran ehundik gora amuarrain agertu ziren hilik Alkiza errekan ur-arazgailuan izandako akats baten ondorioz. Anoetan bertan, bi iturri agortu dira lanen ondorioz, baita Adunako iturri bat ere. Urte luzez egindako salaketak errealitate bihurtu dira eta atzera bueltarik ez duten ondorioak jasaten ari gara gure herrietan. Hernialden agertu den zuloak alarma guztiak piztu ditu, beste behin ere. Eusko Jaurlaritzak “ohiko” gertaera dela esan du. AHTaren lanetan edozein ezusteko normaltzat hartzen da.

Lotsagarria da ohiko gertaeratzat jo eta, bizilagunen eta langileen bizitzak arriskuan jartzen direnaren jakitun, aurretiaz neurririk ez hartzea. Orain gutxi jakin da lur horretan ez zutela zundaketa lanik egin. Zundaketa lanen kostu ekonomikoa bestelako edozein ondorioren aurretik jartzen dutelako.

 Bestalde, aipaturiko gertaera hauen ondorioz, AHTaren gastua etengabe gora doa. Zumarragako tunelean izandako lurjausia eta Hernialdeko zuloa konpontzen xahutuko den dirua gastu sozialetara bideratu ez dena da. Besteak beste, eskualde honetan Ospitale publikorik gabe jarraitzen dugu, prestazio sozialetarako dirua ez da nahikoa, langabezia tasak hobetu daitezen tokiko garapena bultzatu behar da, etxebizitza eskubidea bermatzeko politikak garatu behar dira. Non dago diru publiko hori?

Hernialdeko zuloa tapatzeko erabiliko dute, azken urteetan gizartearen beharretatik urrun dagoen proiektu honetan xahutu duten eta xahutzen jarraitzen duten bezalaxe.

Lurraren defentsan! AHTrik ez! 

Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlana

220KV-ko Orkoien-Ezbabarte arteko goi tentsioko linea 2020 urtera arte gelditurik

alta tension navarraEspainiako Industria Ministerioak  2015/2020 urte bitarteko energia beharrei buruz  aurkeztu duen zirriborroan  Orkoien-Ezkabarte Goi Tentsio Linea ez dago barne.

Industria Zuzendari Nagusiak  Iñaki Morcillok, Nafar Gobernuak ez duela linea hau lehentasuntzat hartzen azaldu zuen eta Madrilgo Gobernuari egitasmo hau bertan behera utz dezala eta UGIPS espedientea baliogabetu dezala eskatuko dio.

Ospatzeko:

AZAROAREN 23a IGANDEAN GOIZEKO  12:00etan BERRIOGOITIKO PILOTALEKUAN

Iturria: No a la Línea Eléctrica 220kV Orkoien, Berrioplano, Juslapeña y Ezcabarte Plataforma

Hamar kilo hondakinetik zazpi birziklatzen dira Pasaian Atez Ateko bilketa zerbitzua jarri denetik

atez ate pasaiaIturria: Zero Zabor -Hitza.

Udalak bere baliabideekin biltzen dituen lau frakzioak pisatuta, %70a baino gehiago birziklatzen ari dira Pasaian. Horixe da Pasaiako Udalak atez ateko sistema barruti osora hedatu eta hilabetera ezagutzera eman duen datua.

2012ko maiatzean, Pasaiako Udalbatzak birziklatze tasa %32tik %70era igaro behar zela adostu zuen gehiengo osoz, eta honenbestez, udalak betetzat eman du bere buruari ezarritako helburua, «erraz» gainditu dela nabarmenduz.

Urriaren 2tik ari da udala herri osoko hondakinen lau frakzio sailkatuta jasotzen: organikoa, ontzi arinak, papera eta kartoia eta errefusa. Horiek pisatuta jakin dute %70 baino gehiago birziklatzen ari direla.

Kopuru horri birziklagarri izanda udalak jasotzen ez dituen frakzioen kopuruak gehituta,– beira, olioa, arropa erabilia, edota pilak kasu– birziklatze tasa Pasaian are handiagoa izango dela nabarmendu dute.

109.360 kilo organiko
Urrian, Pasaiak 109.360 kilo hondakin organiko bildu dituela jakinarazi du udalak, eta datua aintzat hartzeko modukoa dela esan dute. Izan ere, udalaren iritziz, «ekologikoki bezala ekonomikoki ere errentagarria da errefusa zena organiko bihurtzea». Errefusaren tratamenduak tonako 144 euroko kostua duela jakinarazi du udalak; organikoaren tratamenduak, berriz, erdia balio du, hau da, 72 euro tonako. «Urrian bakarrik, hondakin organikoa bereizi eta birziklatzera eramateagatik udalak ia 7.800 euro aurreztu» dituzela nabarmendu dute.

Zailtasunak aitortu
Azken hilabetean San Pedroko eta Trintxerpeko bilketan akatsak izan direla aitortu du udalak, eta «arazoak konpondu eta sistema hobetzeko lanean tinko» ari direla jakinarazi dute. Zentzu horretan, herritarrei «ulermena» eskatu diete, eta bide batez, sistema berrira ondo moldatu diren herritarrak zoriondu dituzte.

Aitzitik, «nahita gaizki egiten ari diren herritarrei» jarrera aldatzeko eskatu diete. «Poltsak lurrean utzita haiek atez ateko sistemari leporatzen dizkioten akatsak eta kalteak ari dira erreproduzitzen; kaleak zikintzen dituzte eta itsura zatarra ematen diote herriari», kexu da udala.

Edonola ere, datuak eskuan, jarrera hori hartu duten herritarrak «gutxiengoa» direla argi dutela diote. Udalaren arabera, zakar poltsak lurrean utzita, «herrikideak dira kaltetuak», udalak birziklatuz aurreztu dezakeen dirua galdu ez ezik, ohiko bilketaz kanpo egin beharreko lanek, beste hainbat zereginetan atzerapena eragiten dutelako.

Errenteriako bosgarren edukiontzia “iragarritako porrota” da Eguzkirentzat

bosgarren.edukiontzia-160x120Gero eta nabarmenagoa da, hondakinen gestioan alderdi politikoak erakusten duten jarrera soilik berauen interes eta kalkulu elektoralei begira egina dagoela. Urrutiko herri eta hirietan aurrera emandako eskarmentu positiboek ez zuten gurerako balio eta esperientzi hauek nahita gutxiesten ziren ezjakintasuna eta mesfidantza argudio moduan erabiliz.

Gaur, argudio hauek ez dute balio, eskarmentuak hemen ditugu, gure inguruan eta emaitzak ukaezinak dira. Ikuspegi ekonomikotik merkeagoak diren esperientziak, eraginkorragoak eta baliabide gutxiago xahutzen dituztenak eta ingurumenaren ikuspegitik, negutegi efektua duten gasen isurketa proportzio handian gutxitzen dutenak. Inguruan gure herriarekin muga eginez, atez-atekoaren bertsio desberdinak dituzten herriak ditugu zeinak %85eko birziklapena lortzen baitituzte: Oiartzun, Hernani, Pasaia, Astigarraga, Lezo,… Orereta-Errenteriko udala idazten ari den Energia Berriztagarrien Ekintza Planak (EBEPk) irmoki dio, Planaren aurreikuspenetan hondakinen kudeaketaren arabera negutegi efektuko gasen isurketa %65ko murrizketa suposatzen dela.

Errealitate honen aurrean, aipatutako interesak arazo honen gestioan benetako aurrera pausoak emango dituen sistemen garapena galarazten dute; jada nahiko ahulduta dagoen gure etxeko ekonomia zigortzen du eta ingurumenari bete-betean erasotzen dio.

Orereta- Errenteria, zoritxarrez gestio ez eraginkor honen adibide garbia da, garesti eta zikina eta Hondakinak Murrizteko Plana laguntzen duen diagnostikoan agertzen den moduan. Jakina da, 5. edukinontzia martxan jartzeko esperientziek ez dutela aurrera pauso garrantzitsurik eskaintzen eta benetako emaitza eraldatzaileak eskaintzen dizkiguten beste sistema batzuen ezarpena oztopatzeko erabili oi dela, %90eko birziklapenera gerturatzen diren sistemak. Kontutan izan behar da Orereta-Errenterian birziklapena %32koa soilik dela. Hala eta guztiz ere, eta hainbeste denboraren ostean oreretarrei soilik 5. Edukiontzia nahi duenak erabiltzeko moduan eskaintzen zaie (%38-40ra iristeko?!), Zero Zabor helburutik oso urrun, beste era batera esateko, berdinetik gehiago. Birziklapenerako bi abiadura ezarriz, batzuk kontzientzia dutenak organikoa birziklatu dezatela eta besteak nahi dutena egin dezatela zaborrarekin.

Nahiz eta, orain partidu politikoen arteko konplizitatea ez den ikaragarria, erabaki eznahiko honetan zerbait positiboa aurkitu nahi dugu. Ziur gaude, denbora tarte baten ondoren, proposamen honen emaitza eskasak baieztatuko direla. Orduan, Udaleko gestoreak jarreraz aldatzeko beharra izango dute eta neurri ausartagoak hartuko dituzte, ingurumen eta ekonomia helburuekin bat datozenak hondakinen gestio eraginkorrak behar dituenak.

Hau da, ezin dugu ulertu Udalak borondatezko 5. edukiontzia ezartzea erabaki izana, ekonomikoki merkeagoa, ingurumenarekiko jasangarriagoa eta gizartearekiko arduratsuagoa den beste hondakinen kudeaketa mota baterantz doan beharrezko pauso bezala ez bada. Ez gaude denbora galtzeko moduan baina kasu honetan ezin bestekoa dirudi.

Oarsoaldea, 2014ko Azaroa.

Kontzesioa iraungitako Yurritako presaren eraispenerako Aldundiari eta Oiartzungo Udalari laguntza eskatu die Eguzkik

2014-05-02 18.52.27_2Iturria: Oiartzungo hitza.

Iurritako presa eraisteko bidea has dadila eskatu du Eguzkik

Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak, bai Oiartzungo Udalari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu die Iurritako presa eraisteko bidean urratsak egin ditzaten. Izan ere, horren kontzesioa, Eguzkiren arabera, ez da aspalditik erabiltzen. Eta Oiartzungo udalerriaren lur eremuan dagoenez presa, Ura agentziak —hark du kontzesioa– kontzesioa uko egin diezaion nahi du Eguzkik. Horretarako, besteak beste, udalak nahiz aldundiak eskaera egin beharko lukete, Ura tramitazioarekin hasteko.

Presa eraistea, Eguzkiren arabera, Oiartzun ibaiaren ekosistemen eta bioaniztasunaren errekuperaziorako hasitako bidean beste urrats bat litzateke. Hala, aurretik bide horretan Oiartzungo Udalak zein aldundiak egindako pausoak gogorarazi ditu Eguzkik, eta horiekin bat egiten duela adierazi du.

2013-08-23 11.39.23_2 2014-05-02 18.52.42_2

Ipar Euskal Herria: 30 Herriko Etxeek Trantsizio Energetikoaren herritar jarraipen batzordea sortu dute

iparralde Pays Basque en transition BiziIturria: Kazeta.

Bizi elkarteak antolaturik, Ipar Euskal Herriko 30 Herriko Etxeek Trantsizio Energetikoaren ituna izenpetu dute. “Hitza Hitz, Trantsizioa erdiesteko” izenenean, izenpetzaileek klima eta energiaren engaiamenduen jarraipen batzordea osatuko dute. Taldea Ipar Euskal Herriko trantsizioaren behatokia izanen da eta bost lan taldeetan banatua izanen da; gai ezberdinen arabera. Hitza Hiz Batzordeak trantsizio energetikoaren aintzinamenduen ezagutza ahalbidetuko duen eta publikoa izanen den txosten bat eginen du eta urtero bilkura publiko baten bidez praktikan emanak diren neurrien berri emanen du. Bizik batzorde honen sortze bilkura bat antolatu du Baionan heldu den azaroaren 18an, asteartearekin 18:30etan; interesatuak diren herritar guzier zuzendua dena.

Hitza Hitz Batzordea bost lan taldeetan banatua izanen da, gaika sailkatuak izanen direnak. Alde batetik, laborantza, oihana, ura, lurralde antolamendua eta berdeguneak tratatuko duen taldea. Halaber, mugikortasuna, jendeen eta salgaien garraioarena. Bestalde, energiaren gaia landuko duen taldea. Ondoren, eraikuntza hirigintzarekin batera eta azkenik, kontsumo arduratsua azertutuko duen multzoa.

Bizik Ipar Euskal Herriko herri guziak mugimendu huntan parte hartzera gomitatzen du, “trantsizio energetikoa ez baita Ituna izenpetu duten herriei bakarrik mugatzen”. Jarraipen batzordearen ibilmodea hobekiago ezagutzeko eta bakoitzak bertan nola parte hartzen ahal duen ezagutzeko, heldu den azaroaren 18an bilkura ireki bat antolatu dute, Manu Robles Arangiz fundazioan (Cordeliers karrika, 20, Baiona Ttipian).

Honakoak dira Trantsizio Energetikoaren Ituna izenpetu duten Herriko Etxeak:
Angelu, Azkarate, Baiona, Miarritze, Bokale, Bidarte, Kanbo, Sohuta, Ziburu, Getaria, Hazparne, Hendaia, Izpura, Itxasu, Jatsu, Lehuntze, Makea, Maule, Lekorne, Mugerre, Muskildi, Izura, Donibane Lohitzune, Arrosa, Hiriburu, Urketa, Urruña, Ahurti, Uztaritze eta Milafranga.

“Nafarroako Burujabetza Energetikorantz Proposamena” txostenaren aurkezpen publikoa

nafarroa burujabetza energetikoaKaixo,

Azken denboraldi honetan, krisi ekonomiko eta finanzierotik sortutako arazoei, arazo energetikoak gehitu zaizkie, bere espekulazioa, prezioa, erabilgarritasuna, gehiegizko ekoizpena, gehiegizko kontsumoa edo politika publikoen gabeziagatik, besteak beste.

Egoera hau aztertu dugu gure Komunitatearen inguruan eta zenbait proposamen kaleratzera ausartu gara, ea lortzen dugun galdutako burujabetza energetikoa berreskuratzea edo behintzat bide hori jarraitzea.

Proposamen horiek gurekin ezagutu eta eztabaidatzera gonbidatzen zaituztegu, azaroaren 15an, larunbata, goizeko 11.30tan Katakraken (54 – K. Nagusia, Iruñea).

Hor elkartuko garelakoan, ongi izan.

Fundación Sustrai Erakuntza
http://www.fundacionsustrai.org/

Donostia: 2016 desokupatu: Inkesta Hiritarra eta datozen ekintzak

donostia ez dago salgai“DONOSTIA EZ DAGO SALGAI! 2016 DESOKUPATU” lelopean Donostian antolaturiko jardunaldiak aurrera doaz, hain zuzen ere 2016ko Europako Kultur Hiriburutzari buruz eta gertakari horrekin indartzen den hiri-ereduari buruz herritarren artean eztabaida eta erantzuna bultzatzeko asmoz. Helburu hori aurrean, datozen egunetan honako kale ekintza, mahainguru eta proiekzio-eztabaidak egingo dira:

 Azaroak 15 Larunbata:

11’30etan: “2016: INKESTA HIRITARRA”ren aurkezpen ekitaldia,  Bretxako Plazan.

Egiazki DSS2016EU fundazioak  eginiko inkesta baten parodia izanik, humorezkoa izango da horren aurkezpen ekitaldia. 10 bat minututan erantzun daitezkeen 12 galdera egiten dira, errealitate gordinaren zenbait alderdi plazaratuz. Inkestak bere sarreran azaltzen duenez: “Jakin badakigu, azken hileotan, itxuraz kontraesankorrak eta zapuzgarriak  izan daitezkeen gertaera batzuk haizatu direla 2016ko ospakizunen kudeaketa korapilotsuaren inguruan,  hiritarren artean ulertu ezina eta nahasmena sortu delarik nabarmenki, baita patrozinatzaileen eta kulturaren mezenas eskuzabalen artean ere. Hori dela eta, 2016 Inkesta Hiritar honek zalantzarik gabeko ariketa demoktratiko eta partehartzailea izan nahi du, eta zintzotasun osoarekin erantzuteko dei egiten diegu hiritar guztiei”…  

 

Azaroak 25 Asteartea:

19’30etan, Egiako Kultur Etxean: DESMARCAR BARCELONA Marina Garcés-en konferentziaren proiekzioa eta eztabaida:

Marina Garcésen arabera, turismoa leku bateko baliabide komunak agortu arte ustiatzen dituen “extractivismoa”ren paradigma ekonomikoarekin pareka daiteke. Kontzeptu hori herrialde emergenteetan ezartzen ari den hazkunde-eredu kapitalista aztertzeko eta  salatzeko erabili ohi da, eredu hori beren lurraldeko baliabide energetiko eta naturalen ustiaketa mugagabean oinarritzen delako. Orain, hemengo extractibismoa turismoa balitz? Zein dira turismo masiboak gaurregun planteatzen dituen erronkak?…

Abenduak 1 Astelehena:

19’00etan: Mahaingurua Koldo Mitxelena Kulturgunean: “INDUSTRIA TURISTIKOAREN ONDORIOAK EZTABAIDAGAI”. Partehartzaileak: Peio Etxeberri-Aintxart (Iparralde), Mikel Alonso (arkitektoa, Donostia), Xabier Arberas (Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea), Felix Soto (Uliako auzo elkartea).

Zalantzarik gabe, Donostian eta Euskal herrian turismoa aeagotzea da DSS2016EUren lehentasunezko helburuetako bat. Egin kontu: Donostian turisten kopurua biztanle bakoitzeko Bartzelonakoaren %57koa da dagoeneko… Zein dira, baina, turismo hazkor hori eragiten ari den ondorio sozialak eta ekonomikoak?

Hortaz, zuen inguruan deialdi honen berri ematea eskatzen dizuegu, eta, bidez batez, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzari eta gertakari horrekin indartzen den hiri-ereduari kritika eraikitzeko behar-beharrezkoa den ideien borroka sustazeko, jardunaldietan zuen parte hartzea espero dugu.

Informazio gehiago: 2016desokupatu.wordpress.com

Harremanetarako: 2016desokupatu@gmail.com

Garoñaren jabeei argindarrik ez erosteko eskatu dute

Cadena humana Gasteiz Garoña Iturria: Berria.

Zentral nuklearra 2031ra arte zabaltzeko asmoa du enpresak, eta protesta egin dute Gasteizen.

Garoñako zentral nuklearraren aurka kalean bakarrik ez, beste modu batera ere egin nahi du protesta Araba Garoñarik Gabe taldeak. Beste pauso bat emateko eskatu die erakundeei eta herritarrei: Garoñaren jabe diren enpresei argindarrik ez erostea proposatu du. Nuclenor enpresa da Garoñaren jabe, eta hango bazkide da, besteak beste, Iberdrola.

Zentral nuklearra geldiarazita daukate oraingoz, baina berriro martxan jartzea da enpresaren asmoa. Horretarako baimena eskatua dio jadanik Espainiako Gobernuari. 2031ra arte ireki nahi du.