Eguzkik igandean ibilaldi bat egingo du Oiartzun ibaian barrena, arazoak bertatik bertara ezagutarazteko

Kartela Oiartzun Ibaia azaroaEguzkik bilaldi bat egingo du igandean Oiartzun ibaian barrena barrena, Oreretako zatian, arazoak bertatik bertara ezagutarazteko. Ibilaldian, Natura 2000 ekimeneko guztietan bezala, nahi duenak har dezake parte. Hitzordua goizeko 10etan izango da, Diputazio Plazan, Iztietan. Txangoak bi ordu eta erdi iraungo du, batez beste, eta ez du inolako zailtasunik.

Diputazio Plazatik errioaz beste aldera (Altzate-Campsa) joango gara, eta eremu horren egoera bertatik bertara ikusi ondoren, etorkizunean leku horretarako aurreikusten diren planen berri emango digute Altzate Herriarentzat taldeko eta Gurekin Auzo Elkarteko kideek.

Jarraian, Fanderiara joango gara, eta arrainentzat zeharkaezinak ez diren presak egin daitezkeela ikusiko dugu (tarte honetan ibaiak dituen mehatxuak eta balioak azalduko dizkigu aditu batek).

Egun erabiltzen ez den Iurrita errota inguruan,  presaren-oztopoaren ondoan amaituko dugu ibilbidea, eta Eguzki taldeko kide batek errota horren eta bere presaren egoera administratiboa zein den, oztopo mota horiek bioaniztasunean zein ondorio dituzten eta kasu hauetan legeak zer arautzen duen esango digu.

Captura de pantalla 2017-11-14 a las 10.39.03

Oiartzun ibaia Oarsoaldeko bizkarrezurra da, Aiako Harria eta itsasoa lotzen dituen zilbor-hestea. Natura 2000 Sarearen parte den Aiako Harria Parkean sortu eta Pasaiako badian amaitzen da. Gure ardura da bizirik eta osasuntsu mantentzea, bai bioaniztasuna bermatzeko bai herritarrok behar bezala disfrutatu ahal izateko.Ingurumenaren egoera eta herritarron kontzientziazio-maila hoberen islatzen duten elementuetako bat da, zalantzarik gabe.

Egun uraren kalitatea nabarmen hobetu da gure eskualdean, baina konpondu gabeko arazo asko daude oraindik Erakundeen aldetik, hala nola ur beltzen bilketa Pasai Donibanen eta Trintxerpen ezartzea, etab. Bestalde, ibaiertzak artifizializatuegiak daude, interes ekonomikoa beste edozein interesaren aurretik jarri baita.

Captura de pantalla 2017-11-14 a las 10.37.41

Larrun defendatzeko mendi-martxa, igandean

larrun-kartelaPirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak Larrunen egin asmo duen proiektuaren kontrako mendi-martxa egingo da igandean, Larrun Ez Hunki! platarformak deituta. Martxistak zuzen-zuzenean inplikatuta dauden lau herrietatik abiatu dira, Sara, Azkaine, Urruña eta Beratik, alegia, eta bat egingo dute tontorrean.

Mendi-martxa honen helburua proiektuak inguruan izango duen eragina bertatik bertara ikusi ahal izatea da.

Larrun Ez Hunki! plataformak uste du egia dela Larrungo instalazioak neurri batean zahartuta geratu direla, eta berritzearen alde dago, betiere segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, baina ez bisitari kopuru handitzeko. Izan ere, Larrun dagoeneko Iparraldeko ez ezik Departamentu osoko lekurik bisitatuena ere bada, urtero 360.000 bisitari izaten baititu. Ekologisten ustez, bisitari gehiago balio handiko naturgune honen kaltetan izango lirateke. Proiektuari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, http://eguzki.org/es/2017/08/17/larrun-ez-hunki-stop/

Satorralaiak Metroaren kontrako manifestazioa deitu du larunbatean Antiguatik Alderdi Ederrera

metro-manifaDonostiako Metroaren pasantea laster, beharbada aste honetan bertan, eraikitzen hasiko direla iragarri dutela eta, Satorralaria bizilagunen mugimenduak hainbat mobilizazio egingo ditu. Nagusia izango da larunbatean, arratsaldeko 5etan hasita, Antigua eta Alderdi Eder bitartean egingo den martxa.
Manifestazioa “INPOSAKETARIK EZ! STOP METROARI” lelopean egingo da. Arratsaldeko 5etan abiatuko da Antiguako elizatik. Artzai Onaren Plazara 17:45ak aldera iritsiko da. Bertan manifestazioarekin bat egiteko deia egiten zaie, arrazaoi batengatik edo. bestearengatik, ibilbide osoa egitea nahiago ez duten pertsona guztiei. Manifestazioa Alderdi Ederren bukatuko da.
Baina, esan bezala, larunbateko manifestazioa ez da mobilizazio bakarra. Esaterako, ostegunean, goizeko 10etatik aurrera, obrak gelditzeko aldarrikapen-gune bat egingo da lanak hasi nahi dituzten Zarautz Etorbideko eta Eugenio Imaz kaleko eremu kaltetuan (toki hori Zarautz Etorbideak eta Eugenio Imaz kaleak bat egiten duten lekuan dago, Zarautz Etorbidearen 60 eta 64 zenbakien artean). Aldarrikapen-gune hori goizeko 10etan hasiko da (ekintzari hasiera emateko gosaria eskeiniko da) eta 11’30ean prentsaurrekoa emango da. Arratsaldeko 6’30ean, berriz, auto-karabana bat abiatuko da Amarako Pio XII Plazatik (autobus geltoki ohia), eta aldi berean hiri-erdialdeko kaleetan informazioa banatuko da.

Sare pelagikorik ez !!

Atun pelagikoakHegaluzeko kostera bukatu berri den honetan, Eguzki talde ekologistak salatu nahi du, datozen urteetan gauza bera gerta ez dadin, aurtengoan arrastre-ontzi pelagiko frantses eta irlandesak arrantzan ibili direla. Batzuetan lege barruan, nazioarteko uretan, baina beste batzuetan legez kanpo, kostatik 12 miliako eremuaren barruan.

Espainiako eta EAEko administrazioek arraste pelagikoa debekatuta daukate, izugarrizko bazterkin edo deskarteak sortzen dituelako. Azken batean, arraste pelagikoa bi ur bitartean zabaltzen den sare erraldoi baten bidez egiten da. Sare horrek futbol zelai baten neurriko ahotzarra izan dezake eta, horren ondorioz, helburua den espeziea ez ezik era guztietako espezieak harrapatzen ditu, baita babestuak ere, hala nola izurdeak, baleak, ezpata-arrainak, dortokak eta beste. Hauek guztiak gehi pisuaren ondorioz zeharo zanpatuta geratzen diren arrainak berriz uretara botatzen dituzte, hilik baina.

Arraste pelagikoa, lege barruan egiten denean ere, ez da iraunkorra, arrantza-tokiak eta ekosistemak agortzen dituelako. Kantauriko arrantzaleek, berriz, artisau-teknikak erabiltzen dituzte, xaxiango arrantza edo katzea kasu. Horrela, hegaluzeak banan-banan harrapatzen dituzte, eta ez dago deskarterik.

Gauzak horrela, Espainiako eta EAEko administrazioei konpromiso gehiago eskatzen diegu. Ikustatzeak egin dituzte eta horiei esker ontzi pelagikoetan zenbatu gabeko atun-aleak topatu dituzte. Ondo. Baina, gure ustez, deskarteekin, kuotekin, deskargatzeko aldez aurretiko abisuekin eta lonja-pasatzeekin zorrotzago jokatu beharko lukete.

Kuntsumitzaileok ere geure partea egin dezakegu, arraindegian banan-banan arratzatutako hegaluzea hobetsiz bestearen aldean. Zoritxarrez, bestea da gehien saltzen dena, askotan zanpa-zanpa eginda dagoen arren, hori baita kontserbagintzan gehien erabiltzen dena. Horregatik Eusko Jaurlaritzari ziurtagiri bat eskatzen diogu, kontserban saldutako hegaluzea pelagikoen bidez arrantzatutakoa ez dela bermatuko duena.

Eguzki, 2017ko azaroan