Intxaurrandieta eta Errazkin errugabetuta: poza eta arnas berria

Errazkin eta Intxaurrandieta, Erraustegiaren kontrako Mugimenduak beren lana aitortzeko joan den apirilean Azpeitian antolatu zuen ekitaldi batean.

Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta, Erraustegiaren kontrako Mugimenduak beren lana aitortzeko apirilean Azpeitian antolatu zuen ekitaldi batean. Honelako aitortza-ekitaldi ugari egin da azken hilabeteotan Gipuzkoako herrietan.

Gaur arratsaldean bertan jakin dugu Espainiako Kontuen Auzitegiak errugabetu dituela Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin, aurreko legealdian Zubietako erraustegia gelditzeko ardura beren gain hartu zuten pertsonak. Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioko oraingo arduradunek (EAJk eta PSOEk) 46 milioi euroren erantzule egin nahi zituzten, horrek dakartzan ondorio pertsonal guztiekin.

Oraindik ez dira ezagutzen epaiaren xehetasunak eta irakurketa sakonagoak egiteko denbora ere izango da, baina orain, boteprontoan, honako hauek esan daitezke:

  1. Ezer baino lehen, poza adierazi beharra dago bi pertsona hauen gainean denbora honetan guztian dilindan egon den Damoklesen ezpata desagertuko delako. Izan ere, epaituak izan dira (a ze aldrebesa den politikaren mundo hau) erraustegia gelditzeko hitza eman eta… bete zutelako!
  2. Ez da begi-bistatik galdu behar salaketa hau nabigatzaileei abisua ere bazela: “Kontuz ibili, baldin eta ‘estrategikotzat’ jotzen ditugun proiektuak arriskuan jartzera ausartzen bazarete”. Eta, badakizue, batzuek, “proiektu estrategikoak” aipatzen dituzten bakoitzean, kartera laztantzen dute.
  3. Erabaki honek arnas berria dakarkio, ezbairik gabe, erraustegiaren kontrako mugimenduari. Bada, denon artean lortu behar dugu arnas berri hori urriaren 27an Donostian egingo den manifestazioan islatzea. Badaezpada, hona hemen deialdia:

erraus-kartela

10000 esker! Aralarren aldeko hamar mila euroak lortu ditugu!

10000_esker_Aralar

Hori da esan dezakeguna, maiatzean Landarlan Ingurumen Elkarteak eta Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak maiatzean abian jarri genuen erronka lortu dugulako: Aralarren alde 10.000 euro batzea lortu dugu.

Zorionak eta eskerrik asko!

Aralarren aldeko gure lanarekin bat egiten duen guztiari  eman nahi diogu eskerrak baina bereziki, erronka diruz lagundu duzuen guztioi. Benetan eskerrik asko.

Zuei esker bildu dugun dirua, orain arteko Saltarrirako pista egitasmoaren, zeinaren Goroskintxurainoko pista egina dagoen,  gastuak ordaintzeko erabili dugu baina baita egiten hasi berri den Enirio-Igaratza bide berriari aurre egiteko ere. Izan ere, jada salaketa aurkeztu dugu epailearen aurrean.

Edonola ere, adi egoteko eskatu behar dizugu, pista berriaren eraikuntza salatzeko dei daitezkeen ekimen berrien zain. Oso-oso garrantzitsua zuek ematen duzuen laguntza ekonomikoa eta beste alorretakoa ere, baita gure  jarduerari ematen diozuen babesa.

Izan ere, Aralar guztiona da eta denok dugu berau babesteko eta zaintzeko ardura.

eguzki-landarlan