(Maialen Chourraut) Kanalak errioa ezkutatu ez dezan

Orbeldiko zentralaren eraikin hormazahartuta eta presa, arrain-faunarentzat oztopo garrantzitsua.

Orbeldiko zentralaren eraikin hormazahartuta eta presa, arrain-faunarentzat oztopo garrantzitsua.

Azken urteotan, Orian, zehatz-mehatz Usurbilgo Orbeldiko zentral hidroelektriko zaharrean, ur bizi edo lasterretako kanal bat eraikitzeko proiektua itzalean umotzen joan da, eta orain, Maialen Chourrautek  irabazitako zilarrezko dominaren aitzakian, argitara atera dute. Egia esan, argitara atera eta, antza denez, dagoeneko den-dena lotuta dago… erakundeen adostasuna, epeak… baita aurrekontua bera ere. Gauzak horrela, ekologistoi oraingoan ere Patxi Kontrarena edo Mari Kontrarena egitea tokatu zaigu, kanalak ez diezagula errioa ezkutatu eskatzeko.

Proiektuak, funtsean, zentral zaharraren hondakinak eraitsi eta 195 metro luzeko katal bat eta pabilioi bat eraikitzea –eta, ondorioz, ibai-ertza urbanizatzea– aurreikusten du. Baina, horrez gain, zentralaren presa mantentzea eta Oriatik 12.000 l/s hartzea ere aurreikusten du. Eta hori ezin da nolanahi pasatzen utzi.

Argazki honetan, seinalatuta, non egin nahi duten proiektua. Iturria: PESNU.

Argazki honetan, seinalatuta, non egin nahi duten proiektua. Iturria: PESNU.

Proiektuaren plano bat. Iturria: PESNU.

Proiektuaren plano bat. Iturria: PESNU.

Planifikazio hidrologikoak behin eta berriz nabarmentzen du ibai-ekosistemak biziberritzeko, ez dela nahikoa isurketa kutsakorrak ezabatzea. Horrela uren kalitate kimiko eta biologikoa hobetuko da, noski, baina ibai-ekosistemak biziberrituko badira, isurketa kutsakorrak ezabatzeaz gain, arrain-espezieen mugikortasuna zailtzen edo ezinezko bihurtzen duten presa eta oztopoak ere ezabatu egin behar dira. Baita ibaiak askotan anorexikoak uzten dituzten ur-hartzeak ere.

Aldundiak dioenez, gutxi gorabehera 750 oztopo daude Gipuzkoako ibaietan, gehienak, %75 inguru, gaur egun erabilerarik gabeak. Izan ere, orain dela gutxi Gipuzkoako Ibai-Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidaria (2020-2035) aurkeztu du.

Bada, Orbeldiko presa da oztopo horien paradigma. Are gehiago, ez da edozein oztopo, Orian gora doan arrain-faunak aurkitzen duen lehen oztopo erraldoia baizik. Faunak saihestu dezake soilik presako eskuinaldean dagoen eskala bati esker. Eta eskala horretan, ez kasualitatez, Aldundiak arrainen jarraipena egiteko nasa bat dauka. Bereziki izokina kontrolatzen du, 1995etik Orian berriz ere izokina sartzeko plan bat indarrean baitago. Baina beste espezie batzuk ere behatzen ditu, hala nola, kolaka (Alosa alosa) eta aingira. Orbeldi dago kolaka Kudeatzeko Planak “interes berezikotzat” jotzen duen ibai-zati batean. Aingirari dagokionez, berriz, espezie horrek Orian eta bereziki Usurbilen duen garrantzi sozialari erreparatuta, Kudeatzeko Planetik kopiatzen dugu Orbeldi bezalako oztopoei erreferentzia egiten dion honako paragrafo hau: “En la CAPV, uno de los problemas más serios para la anguila es la gran cantidad de obstáculos a la migración de subida (…). El alcance del problema es de elevada magnitud puesto que la curva de extinción de la especie reproduce a pequeña escala (en apenas 35-40 km) lo que ocurre en cuencas francesas de mucho mayor tamaño en longitudes de 200-300 km”.

Ezkerean ikusten diren burdin-sare horiek estaltzen dute eskala,  arrainek presa gainditzeko duten bide bakarra.

Ezkerean ikusten diren burdin-sare horiek estaltzen dute eskala, arrainek presa gainditzeko duten bide bakarra.

Aipatutako espezie horiek ez ezik oso litekeena da galtzorian dagoen itsas lanproia ere inguru horretan bizitzea. Eta ugaztunen artean, berriz, ur-ipurtatsa edo europar bisoia. Kudeaketa Planaren arabera, behintzat, ugaztun honen “lehentasunezko zabalkunde-eremuan” dago Orbeldi.

Gauzak horrela, orain arte inori ez zaio bururatu Orbeldiko presa bota egin behar zela? Bai, noski. Usurbilgo Oria Ibaiaren Paisaiarako Ekintza Planak (2016) argi eta garbi dio Orbeldiko ingurua lehengoratu egin behar dela, eta, horretarako, espresuki seinalatzen du presa eraitsi egin behar dela, iktiofaunarentzat eta Oriako uraren fluxu naturalarentzat oztopo delako.

Orduan, zergatik ez da bota? Bada, interes- edota aurrekontu-faltagatik. Azken batean, gauza bera dira, zeren eta interesa dagoenean, orain kanalarekin gertatzen den bezala, aurrekontu-arazo guztiak bigarren mailara pasatzen baitira.

Arestian esan bezala, ez kanalak, ez zilarrezko dominaren distirak, ez ligukete errioa ikusten eragotzi behar. Eta errioari presa botatzea komeni zaio.

EGUZKI Talde Ekologista eta ANERREKA Ingurumen Elkartea, 2021eko abuztua

Zenbat axola zaio Errenteriako Udalari bizilagunen osasuna?

Papresa
Papresaren jarduerak herritarrengan eta ingurumenean sortzen dituen arazoak konpondu daitezela denbora luzez eskatzen aritu ondoren –herritarren arazoa dela dirudi ez hauen ordezkariarena–, Errenteriako Udalak iragarri zigun (2020ko uda) enpresarekin bilera bat egingo zuela arazoari modu orokorrean heltzeko. Udalak egin behar zuen txostena, aipatutako bileran landuko zutena, IAKri (Ingurumen Aholku Batzordea) jakinaraziko zitzaion aldez aurretik, ekarpenak egin ahal izateko.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzak ere parte hartuko zuen bilera bat iragarri ziguten zalaparta handiz, erakunde horren partaidetza oso garrantzitsutzat jotzen baitzuten konponbideak bilatzeko. Bilera egin ondoren, arazo hori erakunde-mailan interes handirik ez izatearen sentsazioa sendoagoa dugu.

Aspaldidanik eskatzen ari gara arazo hori konpondu dadila; 2017az geroztik, udaleko Akustika Hobekuntzarako Planak jada ezartzen du Papresarako ekintza-plan baten beharra. Orain, bilerarako txostena ez digute eman agindu zuten bezala eta ez da egingo jakinarazi diguten bezala, bileran Papresak sortzen dituen arazo guztiei ez zaie heldu (gutxitu beharrean geroz eta handiagoa den trafiko astuna, arnasarik ez hartzera behartzen gaituzten usain nazkagarriak, tona handiko kamioiek bidegorria inbaditzeaz gain oinezkoentzat ere dakarten arriskua, etab.), eta hori guztia gutxi balitz, ez da hainbestetan aupatutako bileraren aktarik egin. Gertatutakoa hiru aldeen erabateko zorroztasun-falta dela ulertzen dugu, eta, beste behin ere, beste alde batera begiratzeko ahalegin argia, ingurunean bizi diren pertsonen osasunean zein ingurumenean ondorioak dituen gai batean.

Hitzak haizeak eramaten ditu, idatzita dagoena eta sinatu gabea dagoena paper bustia da, onartutako planetan hartutako konpromisoak ez dira betetzen, eta egoera hori jasaten urte asko eman ondoren, hain esperotako bileratik ez da aktarik egiten. Premisa horiekin, zer espero dezakegu gure ordezkariengandik?

Ikusitakoa ikusita, hau eskatzen diogu Udalari:

1. Papresarekin hurrengo jarraipen-bilerak egin aurretik, IAKri jakinaraz diezaiola, ekarpenak egin ditzan.
2. Bileraren akta egin dezala eta horren kopia IAKri bidal diezaiola.