Amezketa erreka urdinez margotu duen isurketa berri bat

 

Amezketa erreka 1 2021-10-30

Atzo goizean isurketa bat gertatu zen Amezketan. izen bereko erreka urdinez koloreztatu agertu zen herrigunetik igarotzean. Ohi bezala 112 deitu genuen eta URAko ikuskaria bertan izan zen.

Orain baina lehen gertatu izan dira halakoak Amezketa errekan. Eguzkikook ere salatu genuen 2017an antzeko gertakari bat http://eguzki.org/2017/07/29/oso-isurketa-ikusgarria-amezketan/ . Ordukoan (eta beste zenbaitetan) paper fabrika izan zen arduraduna. Beraz logikoa da oraingoan ere begirada guztiak bertara zuzentzea, naiz eta jakin azkenaldian hainbat hobekuntza egin dituztela.

Hala ere, ez da erraza izango gertakari hau argitzea, isurketa hasi eta guk  112 deitu bitartean (jakin bezain pronto egin genuen) ordu batzuk pasa bait ziren. Ondorioz, isurketaren arduraduna salatzea oso zaila izango da. Horregatik, halako gertakarien berri izan orduko 112ra deitzearen garrantzia berresten dugu; guri deituz gero ere arduratuko gara gaiaz eta jarraipena egiten ere saiatuko gara.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra Euskal Herrian, 2021ko urriaren 31an.

COP26 dela eta, mobilizazioak Euskal Herrian: Klima ez da negozioa!

cop2Aste honetan munduko agintariak Glasgown bilduko dira, Nazio Batuen COP26 delako Goi Bileran, larrialdi klimatiko, ekologiko eta sozialari eliteen neurriko trantsizioa diseinatzeko. Euskal Herriko agintariak ere bide bere-beretsutik doaz, greenwashing edo zuriketa berdearen etengabeko politikaren bidez kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere.

Horregatik hemen ere, mundo osoan bezala, bestelako trantsizioa aldarrikatzeko ekintzak egingo dira, “DENBORA AGORTZEN ARI ZAIGU, JUSTIZIA KLIMATIKOA ORAIN” edo “KLIMA EZ DA NEGOZIOA” lemapean.

Eguzkik ere parte hartuko du eta espresuki parte hartzera deitzen dizu, bereziki Donostiako eta Bilbon antolatu diren ekimen hauetan:

KLIMA EZ DA NEGOZIO (4)Cartel Manifestacion 6-11-21Ekimen hauen izpiritua honako adierazpen honetan dago laburbilduta…

DENBORA AGORTZEN ARI ZAIGU, JUSTIZIA KLIMATIKOA ORAIN!

1.- Munduko agintariak berriro bilduko dira Klima Aldaketari buruzko 26. Konferentzian –COP26– Glasgowen, Hegoalde Globaleko herrialdeen presentzia oso txikiarekin. Planetaren tenperatura jada industriaurreko aroan baino 1,1 ºC altuagoa da, eta aurreko 25 gailurretako akordioak gorabehera, neoliberalismoak bizitzaren eta gizartearen euskarriak suntsitzen jarraitzen du. Klima aldaketa dagoeneko errealitate bat da: biodibertsitatearen galera, muturreko fenomeno klimatikoak, permafrost eta glaziarren urtzea edo errefuxiatu klimatikoen aurkako apartheida.

2.- Krisi klimatikoarekin batera, erregai fosilen eta beste lehengai batzuen ugaritasuna amaitzen ari da. Energia-iturri berriztagarriak beharrezkoak dira deskarbonizaziorako, baina ezin dute gure egungo kontsumoa bermatu, are gutxiago planetaren muga biofisikoekin eta gehiengoaren beharrekin talka egiten duen hazkundea: % 10 aberatsenak munduko CO2 isurien erdia ekoizten du.

3.- Aitorpenen erosotasuna alde batera utzi eta ekintzara pasatu behar da. Erronka gradu hamarren bakoitza borrokatzea da, 2100. urterako 1,5 ºC-ko beroketa ez gainditzeko. Premiazkoa da trantsizio ekologikoa eta soziala bultzatzea, materialen eta energiaren kontsumoa modu sozialki justuan murrizteko plangintza demokratikoa egitea.

4.- Horretarako, honako hau proposatzen dugu:
– Aberastasuna banatzea eta politika fiskalak sustatzea, herritar guztiek oinarrizko diru-sarrera eta zerbitzu publikoak eskura izatea bermatzeko.

– Hazkunde ekonomikoaren bidetik alde egitea, mirari teknologiko faltsuak alde batera uztea eta klima aldaketaren ardura duten enpresei diru-laguntzak ez ematea.

– Tokiko energia-komunitateak sortzea eta oinez, bizikletaz eta garraio publikoan joan-etorriak sustatuko dituen mugikortasuna sustatzea, errepideen beharra ez areagotzeko.

– Lanaldia murriztea, enplegua banatzea eta ordaindu gabeko baina bizitzarako ezinbestekoak diren lanen banaketa bultzatzea.

– Erabili eta botatzeko kontsumo-modua alde batera uztea, errausketari uko egiten dion
hondakinen kudeaketa lehenetsiz (murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea).

5.- Larrialdi-egoerak zerikusia du hemen Euskal Herrian egiten diren politikekin, krisi klimatiko eta ekologikoa areagotzen duen eredu ekonomiko batean sakontzen duten politikekin, Iberdrola edo Repsol bezalako enpresak pandemiaren ondoren susperraldirako europar funtsak jasotzeko hautagaien lehen lerroan jarriz. Ez da trantsizio justurik izango erantzunak antolatzen saiatzen den euskal gizarte aktiborik gabe, eta klima larrialdia areagotzen duten enpresa eta gobernuak salatzen dituena. Klima-aldaketari aurre egitea justizia klimatikoko ekintza bat da Hegoaldeko gizarteekiko, historian zehar Iparralde industrial eta kolonialak beren baliabideak lapurtu baitizkie, eta elkartasun-ekintza bat etorkizuneko belaunaldiekiko.

cop1

Eguzki pozik, Aldundiak behingoz erreakzionatu duelako babestutako espezieak tiroz bota izanaren aurrean

Hau ez da lehengoan Jaizkibelen bota zuten belatz handia, baina bai espezie bereko ale bat. Argazkia: Ramón Aranbarri.

Hau ez da lehengoan Jaizkibelen bota zuten belatz handia, baina bai espezie bereko ale bat. Argazkia: Ramón Aranbarri.

Asteburuan Jaizkibelen belatz handi bat bota zutelako, Aldundiak hainbat ehiza-postu itxi ditu

Aldundiak Jaizkibelgo Leuta-Guadalupe-Faro ehiza-lineako hainbat postu (62. eta 72. bitartean) itxi ditu, joan den asteburuan inguru hartan belatz handi bat (Falco peregrinus) tiroz bota zutelako. Guk dakigula, hilabete honetan eskopetaz botatako espezie babestuetako hirugarren alea da. Izan ere, Eguzkik Fiskaltzan salatu zuenez, urriaren 6an Errezilen arrano txiki bat (Hieraetus pennatus) eta 16an Seguran elanio urdin bat (Elanus caeruleus) tiroz zaurituak aurkitu zituzten. Arrano txikia handik gutxira hil zen eta elanioa, berriz, Arrano Etxean osatzen ari da.

Eguzkik bere poza agertu nahi du Aldundia alor honetan behingoz inakziotik atera delako. Kontuan izan behar da tiroz botatako espezie babestuena ez dela arazo puntuala, kronikoa baizik. Azken urteotan Eguzkik honelako kasuak salatu dituenean, behin eta berriz honako galdera hau egin du: “Noizko ehiza-linea ixte bat babestutako espezieak botatzen direnean?”. Bada, badirudi egun hori iritsi dela. Ikusteko dago momentuzko erreakzioa den, hilabete honetan kasuak pilatzen ari direla ikusita, edo benetan Aldundiaren politika berri baten abiapuntua den.

Halaber, Ehiza Federazioa ohar bat atera beharrean aurkitu da, babestutako espezieak tiroz bota izana gaitzesteko. Sarri salatzen dugun bezala, honelako kasuetan oso zaila da tiro egin duena identifikatzea eta zigortzea, baita “garbi” jokatzen duten ehiztariez inguratuta daudenean ere.

ZERGATIK EZ DIRA IRISTEN SALAKETAK FISKALTZARA ALDUNDITIK BERTATIK?

Aldundiak Jaizkibelen hainbat ehiza-postu ixteko hartu duen erabakiak kointziditu du, denboran, Eguzkik Errezilgo arrano txikiaren eta Segurako elanioaren kasuak Fiskaltzan salatu izanarekin. Saleaketa horien bidez, Eguzkik tiroa egin dutenak identifikatzea du helburu, noski, baina, halaber, argitu nahi luke zergatik honelako salaketak ez diren Fiskaltzara iristen zuzen-zuzenean Foru Aldunditik.

Esan beharra dago espezie babestu bat tiroz botatzea delitua izan daitekeela, kartzela-zigorra eta guzti ekar dezakeena, gainera. Eta agintariek, ustezko delitu baten berri izan bezain laster, fiskalari edo epaileari jakinarazi behar diotela, zer jakinarazi eta zer ez erabakitzeko eskumenik gabe, gaur egun Aldundian gertatzen omen den bezala.

Eguzki, 2021eko urria

EGUZKIK ONARTEZINTZAT JO DU DONIBANEKO SANEAMENDUAREN AURREPROIEKTUA

Saneamiento P.Donibane
Pasa den astean Aldundiak eta Pasaiako Udalak batera Donibaneko saneamenduaren aurreproiektua (hirugarrena, dagoeneko) aurkeztu zuten bilera ireki batean. Egia esan, bertaratutako herritarrek ez zioten oniritzia eman aurkeztatuko aurreproiektuari, hainbat urte eta gero Donibanek behar duen irtenbide integralari ez baitio erantzuten. Saneamenduari dagokionez, haren sarea egiteko, bi dira kontuan hartu behar diren irizpideak: hiriko ur zikinen tratamendurako 91/271/EEE Zuzentaraua eta Pasaiako Badia gune sentikor izendatzen duen Eusko Jaurlaritzako 168/2004 Dekretua.

Hamarkada luze bat pasa da saneamendu-sarea egin behar zenetik, Hiriko Ur Zikinen tratamendurako Zuzentaraua 1995. urtean onartu eta 2005. urterako gauzatua egon behar baitzen. Baina orain aurkezten duten aurreproiektuak ez du etxe guztietako saneamendua bermatzen (zenbait etxebizitza inguru kanpo utzi ditu), eta, indarrean dagoen legediari muzin eginez, hondakinak neurri batean itsasora zuzenean botatzea ahalbidetzen du, eta hori guztiz onartezina da.

Salatu nahi dugu ingurumena (itsasoa) babesteko legeak agintzen duen azpiegitura egiteko Administrazioak erakutsi duen borondate eza. Bien bitartean, prest daude legeak agintzen ez dituen megaproietuetan dirua xahutzeko eta beren eredu ekonomikoa bultzatzeko, diru publikoarekin, denon diruarekin alegia.

Eguzki talde ekologistak eskatzen du aurkeztutako aurreproiektua bertan behera utz dezatela eta ahalik eta azkarren irtenbide integrala ematen duen beste proiektu bat idatz dadila, behar diren baliabideak erabiliz. Era berean, ingurumenarekiko hain sentsibilitate gutxi duen eta araudiak urratzen jarraitzeko prest dagoen pertsona Aldundiaren Ingurumen Sailaren arduradun bezala egon al daitekeen galdetzen dio bere buruari Eguzkik.

Seguran elanio urdin bat tiroz zauritu dutela salatu du Eguzkik Fiskaltzan

Eguzkik Fiskaltzan salatu du hilaren 16an, Seguran, elanio urdin bat (Elanus caeruleus) tiroz zauritu zutela, 12 mm-ko kartutxoarekin. Hegazti harrapari txiki hau Igeldoko Arrano Etxera eraman, bertan artatu eta orain osatu zain dago.

Elanio urdina oso-oso hegazti bakana da Gipuzkoako zeruetan. Hain bakana ezen joan den urtarrilean espezie hau albiste ere izan zen, Itsas Enarako ornitologoek ale bat Antondegin negua pasatzen detektatu zutelako (Antondegi Donostiako paraje bat da, olatu artifizial bat eraikitzeko proiektuak mehatxatzen duena). Hain justu,  argazkia Antondegiko elanioari dagokio, ez Seguran botatakoari. Argazkia: Itsas Enara.

Elanio urdina oso-oso hegazti bakana da Gipuzkoako zeruetan. Hain bakana ezen joan den urtarrilean espezie hau albiste ere izan zen, Itsas Enarako ornitologoek ale bat Antondegin negua pasatzen detektatu zutelako (Antondegi Donostiako paraje bat da, olatu artifizial bat eraikitzeko proiektuak mehatxatzen duena). Hain justu, argazkia Antondegiko elanioari dagokio, ez Seguran botatakoari. Argazkia: Itsas Enara.

Honako hau da urrian bertan Eguzkik Fiskaltzan salatu behar izan duen bigarren kasua. Izan ere, hilaren 6an arrano txiki bat  (Hieraaetus pennatus) bota zuten Errezilen. Hura ere Arrano Etxera zaurituta eraman baina hurrengo egunean hil zen.

Elanio urdina, arrano txikia bezala, babestutako espeziea da. Babestutako espezie baten kontra tiro egitea ingurumenaren kontrako delitua izan daiteke. Egia esan, horrelakoetan oso zaila izaten da tiro egin duena identifikatzea eta zigortzea, baita “garbi” jokatzen omen duten ehiztariez inguratuta badago ere.

Orduan, zertarako salaketak? Bistaratzeko hemen delituak egiten ari direla inolako zigorrik gabe. Izan ere, babestutako espezieak tiroz botatzea ez da arazo puntual bat, kronikoa baizik. Eta bistan da erakunde publikoek, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, arazoari aurre egiteko neurririk hartu gabe jarraitu dutela.

ZERGATIK EZ DIRA IRISTEN SALAKETAK FISKALTZARA ALDUNDITIK BERTATIK?

Izan ere, elanioaren kontura aurkeztutako salaketaren helburuetako bat da argitzea zergatik ez diren iristen honelako salaketak Fiskaltzara Aldunditik bertatik.

Estatuko Fiskaltza Nagusiaren Ingurumeneko eta Hirigintzako Koordinazio Unitatearen irizpidearen eta araudi prozesalaren beraren arabera, agintaritzaren edo autoritatearen agenteek –basozainak agintaritzaren agenteak dira– ustezko delitu baten berri dutenean, fiskalari edo epaileari jakinarazi behar diote. Baina badirudi Aldundian basozainei zuzendutako agindu berezi bat dagoela. Agindu horren arabera, basozainek, tiroz botatako animalia babestuen berri Fiskaltzari zuzenean eman ordez, nagusiei eman behar diete. Gero, nagusiek erabakitzen dute Fiskaltzan salaketak jarri behar diren ala ez.

Deliturik dagoen ala ez erabakitzea epailearen edo fiskalaren eskumen ESKLUSIBOA da, eta hor ez dago basozainen nagusien interpretazioetarako lekurik. Ez luke egon behar, behintzat.

Horregatik diogu espero dugula elanioaren kasuagatik ipinitako salaketak lagunduko digula argitzen ea Foru Aldundian benetan dagoen agindu hori, Fiskaltzari ustezko delituen berri zuzenean ematea basozainei eragozten diena. Beste modu batean esanda, espero dugu argitzea zergatik Errezilgo arrano txikiaren, Segurako elanioaren eta antzeko beste hainbat kasu ez dituen Diputazioak berak salatzen.

Eguzki, 2021eko urria

Pixoihalak birziklatzeko ordua iritsi da

2021-10-23.Mutrikun pardelak2Pardelak eta higiene produktuak zabor bilakatzen ditugun emergentzia klimatikoko garai hauetan, pausu bat aurrera egiteko ordua heldu da. Gainera, prest gaude horretarako. Gipuzkoan bada Birzitek deituriko empresa bat Goierrin, pardelak eta higiene produktuak birizklatzeko gaitasuna duena. Teknologia eta ezagutza baditugu, baita lehengaia ere, zeren zain gaude?

Gipuzkoan 20.000 bat tona hondakin suposatzen dute pardelek eta higiene produktuek. Hondakinak ondo bereiztu eta gero geratzen den errefuxaren %70 direlarik produktu hauek. Pausu hau emateak mundu mailan erreferentzi bat piztea litzake ere. Geure burua erreferente bezela nabarmentzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere baitan birziklapenaren Kluster bat dauka. Bertan birziklapenarekin zerikusia duten enpresen multzo batez osaturik dago. Tartean Birzitek. Kluster hau 2016an sortu zuten eta beraien hitzetan I+G+B sustatu nahi dute eta hondakin politiketan eragin, berrerabilpen eta birziklapen ereduak sustatuz.

Honi gehitu behar zaio udalerri askotan produktu hauek bereizita jasotzen direla, mankomunitateka herri kopuru hauetan jasotzen dira: Sasietan (16 herri), Tolosaldea (4), Urola Erdia (1), San Marko (3) eta Debagoiena (2)

Beraz ideia badaukagu, teknologia eta gaitasuna baita ere, lehengairik ez da falta eta bilketa bereiztua ere egiten da. Orduan, zergatik ez da abian jartzen pardel eta produktu higienikoen birziklatzea?

Gai honek bere biziko garrantzia du eta iruditzen zaigu GHK (hondakinen kontsorzioak) bere kargu hartu behar duela prozesu honen gidaritza eta ejekuzioa. Herritar askok ondo jokatzen dute hondakinen bereizketaren kasuan eta haratago joan nahi dute pardelak ere birziklatuz. Gizartearen eskaera bat da. Zerbitzu honek eskeiniko lukeen lorpen gehigarri hori pizgarria da Gipuzkoarentzat zein bere herritarrentzat, norabide onean beste urrats bat. GHK-ri prozesu honen berehalako funtzionamendua abiatu dezan eskatzen diogu.

BABES BILA:
Gipuzkoako ingurumen diputatuak gai honen inguruan adierazi dadin sinadurak jasotzen gaude osoigo.com plataformaren bidez. Izena eman eta ondorengo estekan babesa eman behar da:

https://www.osoigo.com/es/ipar-haizea-zergatik-ez-du-ghk-k-pardelak-birziklatzeko-zerbitzuaren-prozesua-abiatzen-por-que-no-inicia-ghk-el-proceso-para-ejecutar-el-reciclaje-de-panales.html?u=26253

500-era iristean publikoki erantzungo digu. Eskerrik asko.

2021-10-23.Mutrikun pardelak

ALDAKETAK ESKATZEKO GARAIA: ITSASADAR AZPIKO AUTOBIARI EZ! GARRAIO PUBLIKOA SUSTATZEKO

Eguzkik “bizikleta bira” ekimenean partehartzera gonbidatzen zaituzte, hurrengo igandean, hilak 24ean.
Bizkaiko foru aldundiak agortuta dagoen mugikortasun eredu suntsitzaile eta antiekologikoari eusten. Oraingoan, eraiki nahi duten autobi subflubiala salatzeko bilduko gara.
ITSASADAR AZPIKO AUTOBIARI EZ!
ITSASADAR AZPIKO AUTOBIARI EZ!  Pankarta
Zelan da posible Trantsizio ekologikoa bultzatzeko garraio pribatua bultzatzea ? Eta gainera hori diru publikoarekin egin nahi izatea?
Etorri igandean Trantsizio Ekologiko Justua aldarrikatzera!, 10:30tan Areetan  edo  13:00 Barakaldoko plazan.

JAIZKIBELGO BIGARREN DORREA, ATALAIATIK BEGIRATOKIRA?

IMG_7256
Jaizkibelgo bigarren dorrean (Lezo) planifikatutako eraldaketa salatu nahi dugu. Natura 2000 Sarean egon arren, mendi honetan egingo den inbertsio garrantzitsu bakarretako bat da. Lanak 220.000 euroko esleipena du. Ez dugu ulertzen babestutako eremu honetan, EJk horrelako ingurumen-inpaktua onartzea (KBEizanda, Ingurumen txostenik gabe onartu da).
Lanek begiratoki bat sortu nahi dute, eta bigarren dorrean sarrera bat egin nahi dute. Eskailera batzuen bidez, barnean eraiki nahi den plataformara joan ahal izango da, eta errepidetik bidea hobetuko da. Horren ondorioz, une horretan hegoalderanzko ikuspen osoa izatea eragozten duten zuhaitzak moztuko dira, eta litekeena da etorkizun hurbilean aparkatzeko eremua handitzea.
Kontuan hartuta lanak Jaizkibelgo tiro-eremu militarrean egingo direla, tiro-praktikak direla eta segurtasun falta handiagoa izango da bisitarientzat. Horri guztiari gehitu behar zaizkio ibiltariak ugaritzea eta horrelako bisitek sortzen duten zabor-pilaketa, inolako bilketa-zerbitzurik gabe. Nork kudeatuko du garbiketa?
Jaizkibelgo Kontserbazio Bereziko Guneak (KBE) ez du bisiten edo begiratoki berrien erregimena sustatu edo handitu beharrik, eta are gutxiago lurraldearen artifizializazioaren bidez; izan ere, natura- eta kultura-ondarea bera mendi-ibiltari askoren bisitaren xede baita. Hemendik, Aranzadiri, lan hauen sustatzaileari, ondorioak baloratzeko eskatzen diogu, eta naturarekiko errespetuagatik, horiek baztertzeko.
Era berean, erantzukizuna duten administrazioei eskatzen diegu uko egin diezaiotela Jaizkibel artifizializatzen jarraitzeari, eta 2013ko Kudeaketa Planean jasotako inbertsioak aktiba ditzatela, funts publikoak baso autoktonoen eta beste habitat natural batzuen ingurumen-leheneratzera, baita mehatxatutako flora eta fauna espezieetara ere, bideratuz.

EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala klima-aldaketari aurre egiteko anbizio gutxikoa dela uste du Eguzkik; hori dela eta, alegazioak aurkeztu ditu

Urdaibai. Argazkia: Mikel Arrazola, Irekia/Eusko Jaurlaritza.

Urdaibai. Argazkia: Mikel Arrazola, Irekia/Eusko Jaurlaritza.

EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren Aurrerapen dokumentua izapidetzen ari da Eusko Jaurlaritza. Helburua da Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldea planifikatzea, Jaurlaritzak dituen eskumenen arabera, eta batez ere dagoeneko nabaritzen hasiak diren klima-aldaketaren ondorioak kontuan izanda.

Klima-aldaketa da ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-arrisku handiena jendearentzako, epe ertain zein luzean, eta Euskal Herriak, Europak eta mundu osoak bezala, premiazko neurriak hartu behar ditu bere ekonomia eta gizartea egokitzeko. Gainera, klima-krisialdia ez ezik basa-bizitzan dagoeneko oso ondorio larriak izan dituen biodibertsitate-krisialdia ere badago.

Jaurlaritzaren Plan berriak ordezkatuko du 2007tik indarrean dagoen Plana. Praktikak erakusten du azken hamalau urteotan Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean oso erabilera intentsiboak egin direla… etxebizitzak, turismoa, azpiegiturak, arrantza, portuak… Are gehiago, ingurumena eta biodibertsitatea kudeatzeko politikak ere gogorrak izan dira eta ondorioak, latzak: portu-handitzeak, energia-azpiegiturak, lehorretik etengabeko isurketak itsasoan, arrantza intentsiboa eta abar.

Ondarroa. Argazkia: Mikel Arrazola, Irekia/Eusko Jaurlaritza.

Ondarroa. Argazkia: Mikel Arrazola, Irekia/Eusko Jaurlaritza.

Eguzkik uste du Plan berriak ez duela behar beste sakontzen klima-larrialdiak eskatzen duen norabide-aldaketan. Horregatik, hainbat alegazio aurkeztu ditu:

– 1. alegazioa: helburu orokorrak lortzea eta Planaren aplikazio-maila ebaluatzea.

– 2. alegazioa: itsasertzeko urak kutsatzeari buruzkoa.

– 3. alegazioa: Natura 2000 Sarea itsasoan handitzea. Azpiegitura berdea.

– 4. alegazioa: EAEko itsas ingurunean energia eolikoaren garapenari buruzkoa.

– 5. alegazioa: padurak eta duna-sistemak handitzeko proposamena.

– 6. alegazioa: itsasertzean itsaspeko meatzaritza debekatzea.

Joan den udan, maíz, bainua behin-behinean debekatu behar izan da hainbat hondartzetan. Debeku horiek gehienetan lotuta daude herrietatik zein industrietatik egiten diren isurketa kutsakorrekin. Urdaibaiko edota Pasaiakoak bereziki lotsagarriak iruditzen zazikigu, baina, egia esan, ia-ia nonahi egiten dira. Oraindik gabezia handiak daude saneamendu alorrean.

Infografia hauek Planean agertzen dira. Ezkerrean, Bidasoaldea gaur egun; eskuinean, berriz, 2100ean, aurreikuspenen arabera.

Infografia hauek Planean agertzen dira. Ezkerrean, Bidasoaldea gaur egun; eskuinean, berriz, 2100ean, aurreikuspenen arabera.

Planak Natura 2000 Sarean eremu gehiago aurreikusi behar ditu. Izan ere, Hegaztien Zuzentarauaren (1979) eta Habitaten Zuzentarauaren (1992) eranskinetan ageri diren hainbat espezie babestu eta habitatak badaude gure kostaldean. Egia esan, itsas babesari dagokionez, Bizkaiak eta Gipuzkoak basamortu izaten jarraitzen dute. EBko estandarrei erreparatuta, azken putz gara.

Energia eolikoa itsasoan garatzen hasi baino lehen, Eguzkik eskatzen du Planak behar diren jarraibideak jasotzea, lehenik eta behin eta aldez aurretik eta lehentasunez bete daitezen itsas biodibertsitatea babesteko nazioarteko ratioak eta konpromisoak. Kontuan izan behar da Jaurlaritzak itsasoko biodibertsitatearen babesa kudeatzeari historikoki uko egin izan diola eta amore eman izan duela sektore pribatuek, hala nola arrantza-sektoreak edo portu-azpiegiturekin eta antzekoekin lotutako industriak, eginiko presioen aurrean.

Planak auarreikusten du 155 hektarea padura bakarrik berreskuratzea hainbat estuariotan, itsasoaren igoeraren ingurumen-ondorio jakin batzuei aurre egiteko. Eguzkiren ustez, motz geratzen da, oso motz. Eskatzen dugu padura eta dunak lehengoratzeko proposamenak nabarmen handitzea eta zabaltzea, estuarioak artifizializatzeko prozesu historikoen ondorioak, ahal den neurrian, behintzat, lehengoratzeko.

Ez dakigu zehatz-mehatz zenbateko eragina izan dezakeen itsaspeko meatzaritzak, oraindik itsas ekosistemak ez ditugulako behar bezala ezagutzen, baina badakigu eragin hori sekulakoa izan daitekeela biodibertsitatean zein geodibertsitatean, kate trofikoan zein gure elikaduran. Gauzak horrela, itsaspeko meatzaritza debekatzeko eskatu du Eguzkik.

Eguzkik Azkoitiko Egino errekaren egoera salatu du Ertzaintzaren aurrean

Egino errekatik ateratako hondakinak.

Egino errekatik ateratako hondakinak.

Azkoititik Zumarragako bidean, Garbigunea pasa eta 200 metrora, eskuinean, pista bat dago, plater-tirora joaten dena. Hortxe egiten du bat Egino errekak Urolarekin. Errekan gora joanda, 140 metrora, hondakin ugari isuri dituzte berriro ere.

Lehen begiratu batean, bazirudien plastiko zati batzuk baino ez zirela, baina landaretza pixka bat mugituta, zaku pilo bat aurkitu eta atera dugu. Obretako zakuak dira, plastikoz beteak, baten batek errekara jaisten den maldara botatakoak.

Gogoan izan iazko urrian, hau da, orain dela urtebete, Eguzkik salatu zuela Udalaren aurrean eta jendaurrean Egino erreka pertsona jakin batzuen zabortegi bihurtuta zegoela.

Orain dela urtebete, Egino errekaren egoera salatzeko egin genuen argazki bat.

Orain dela urtebete, Egino errekaren egoera salatzeko egin genuen argazki bat.

Etxeko zaborrak ez ezik uralitak ere topatu genituen. Uralita hondakin arriskutsua da, amiantoa duelako. Erabilera eta salmenta debekatuta dago 2002tik, oso osagai toxikoak dituelako, bai pertsonen osasunerako, bai ingurumenerako. Legez, 2023ko urtarril baino lehen udal guztiek amiantodun instalazioen inbentarioa egin behar dute, baita instalazio horiek erretiratzeko planifikazio bat aurkeztu ere.

Orain dela urtebete aurkitutako uralitek hantxe jarraitzen dute.

Orain dela urtebete aurkitutako uralitek hantxe jarraitzen dute.

Kasu honetan, uralita errekan dago, eta urek osagai kutsagarriak oso erraz zabal ditzakete. Hala ere, orain arte alferrikakoak izan dira uralita erretiratzeko egin ditugun eskaera guztiak:

-2020ko urriaren 16an, Udalari eman genion uralita hauen berri, eta, besteak beste, erretiratzeko eskatu.

-2020ko azaroaren 9an, Udalaren partetik erantzunik ez genuenez, zera adierazi genion: “Hamar egunen buruan uralitak erretiratzen ez badira edo, behintzat, Udalak erantzunik ematen ez badu, salaketa administratibo edota judiziala egin beharko dugu”.

-2020ko abenduaren 3an, Ura Agentziari “zigor-espedienteak irekitzeko eta Udalari gogoratzeko hondakinak, uralitak barne, lehenbailehen erretiratzera behartuta dagoela”.

Ez dakigu Urak ezer egin duen. Guk, behintzat, ez dugu inolako berririk izan haren partetik. Bitartean uralitak kontrolik gabe daude ingurune hidriko batean urtebete geroago. Ikus dezakegunez, hiri-hondakin solidoak ere isurtzen jarraitzen dute.

Gure ustez, Zigor Kodearen 352. artikuluari erreparatuta, ingurumenaren kontrako ustezko delitu bat egiten ari dira bai hondakinak botatzen dituztenak, bai horien aurrean ezer egiten ez dutenak ere.

Gauzak horrela, Ertzaintzaren Ingurumen Unitatean SALAKETA  egin dugu, ikertzeko ea ingurumen-delitu baten aurrean ote gauden.

Eguzki, 2021eko urrian

Sei hilabete geroago

Uztailean, kaxak ezkerreko irudian bezala zeuden; orain, berriz, eskuinekoan bezala, baina hor jarraitzen dute.

Uztailean, kaxak ezkerreko irudian bezala zeuden; orain, berriz, eskuinekoan bezala, baina hor jarraitzen dute.

Orain dela sei hilabete, apirilaren 18an, Udalari komunikatu genion baten batek legez kanpo “ahaztuak” zituela hogei kaxa zundaketa-lagin baino gehiago Ibaetan, zehatz-mehatz Joxe Mari Korta zentroaren ezkerreko berdegunean. Hiru hilabete geroago, uztailaren 6an, kaxek hor jarraitzen zutela ikusirik, salaketa publikoa egin genuen eta Udalari zera eskatu genion: alde batetik, kaxak lehenbailehen erretiratzea (izan ere, “garbiketarekin” zerikusia duten beste gauzetarako Udalak askoz azkarrago ere badaki mugitzen) eta, bestetik, kaxak hor “ahaztu” dituena identifikatzen saiatzea (egia esan, ez dirudi langintza horretan Udaltzaingoak arrastoen faltan egon behar duenik, “ahaztutako” laginak guztiz legez kanpoko zundaketen ondorio ez badira, behintzat, eta hori jakitea ere oso komenigarria litzateke).

Bada, sei hilabete pasatu dira eta kaxek hortxe daude, pixka bat sakabanatuagoak, baina. Ai AHT, Metro edo erraustegiaren kontrako pankarta bat izan balira! Astebete ere ez zuten iraungo! Hori bai, garbiketa-arrazoiengatik, e?, ez pentsa zentsura edo beste edozein arrazoi tartean egon daitekeenik, noski.

Udaltzaingoak jakin nahi badu zundaketa-lagin hauen jatorria zein den, ez duridi ikerketa hasteko arrastoen faltan egongo denik.

Udaltzaingoak jakin nahi badu zundaketa-lagin hauen jatorria zein den, ez duridi ikerketa hasteko arrastoen faltan egongo denik.

Hor daude, Tolosako hiribideko metro batzuetara.

Lagin batzuk oraindik kaxa barruan daude; besteak, berriz, inguruan sakabanatuta,

Lagin batzuk oraindik kaxa barruan daude; besteak, berriz, inguruan sakabanatuta.

Hor daude, Tolosako Hiribidetik metro batzuetara.

Eguzki, 2021eko urrian