Eguzkik alegazioak egiteko epea luzatzea eskatu du

Iturria/Fuente: El Correo

Iturria/Fuente: El Correo

PAPRESA paper-enpresak, 2018tik 2022ra bitarteko epe laburrean, bere instalazioak aldatzeko 3 eskaera izapidetu zituen administrazio eskudunarekin. Horrela egitea, eta ez aldaketa orokor gisa, legeriari iseka egiteko ahalegin moduan interpreta daiteke, zatikatuta egitean, ingurumenaren ikuspegitik eta pertsonen osasunerako izapide zorrotzagoak saihesteko. Gogoratu behar da enpresa honek kutsagarria izan daitekeen jarduera bat egiten duela, Errenteriako hirigunean dagoela, ingurumenari eta auzokideen osasunari dagokienez sortzen dituen eraginei buruzko kexak etengabeak direla eta, egindako azken aldaketekin, murriztu beharrean, handitu egin direla.
Nahikoa ez balitz, 2023an, enpresak bere instalazioak aldatzeko beste izapide bat hasi zuen, eta, oraingoan, prozedurarik zorrotzenari lotu zitzaion. Horrek ingurumen-eraginaren ebaluazioa (IEA) egitera behartzen du, eta aukera ematen die elkarteei eta partikularrei espedientean parte hartzeko.
Aldaketa honen xede den prozedura PAPRESAk saihestu ezin duen legezko betebeharra bada ere, jendaurrean salatu besterik ezin dugu egin Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak alegazioak aurkezteko 30 egun balioduneko epea bakarrik ezarri duelako. Alde horretatik, ikusirik espedientea osatzen duen dokumentazio zabala, haren zailtasun teknikoa eta opor-garaia (abuztua-iraila) alegazioak aurkezteko, Zuzendaritza honi adierazi diogu ez gaudela batere ados erabaki horrekin eta, ondorioz, alegazioak behar bezala prestatu ahal izateko epea luzatzeko eskatu dugu.
Gure ustez, Zuzendaritza honek nahi badu parte-hartze publikoa, hau da, jendaurrean jartzeak lortu nahi duen helburua, eta ingurumenaren arloan lehentasunezko helburua izanik, ahalik eta eraginkorrena izatea, ezarritako epea luzatu beharko luke, kontuan hartzen badu arestian aipatutako guztia, eta, batez ere, Zuzendaritza horrek dituen giza baliabide eta baliabide material guztiekin ebazpena hartzeko 6 hilabete baino gehiago behar izatearen eta erakunde eta partikularren alegazioetarako, guk daukagun giza baliabide eta baliabide materialen gabezia nabarmenarekin hilabeteko epea ezartzearen artean dagoen aldea.

Biodibertsitatea berriz ere galtzaile, oraingoan Orbeldin

Ekologiston alegazioak baztertu eta ur bizien kanalaren Plan Berezia “interes publikokotzat” jo du Foru Aldundiak

El edificio en ruinas de la vieja central de Orbeldi y la presa, que sigue en pie y constituye un importante obstáculo para la fauna.

Orbeldiko zentral hidroelektrikoaren aurriak. Presa, berriz, zutik dago, arrainentzako oztopo handia da.

Foru Aldundiak Eguzkiren, Usurbilgo Anerreka Ingurumen Elkartearen eta NATURKONen alegazioak baztertu eta “interes publikokotzat” jo du Orbeldiko zentral hidroelektriko zaharrean ur bizien kanal bat eraikitzea ahalbidetzen duen Plan Berezia.

Honek esan nahi du, besteak beste, Orbeldiko presa mantenduko dela, nahiz eta presa hori botatzea Oria biziberritzeko gakoetako bat den, itsasotik sartuta arrainek (izokinek, aingirek eta abarrek) aurkitzen duten lehen oztopo handia delako. Aldundiak berak botatzea aurreikusi du Gipuzkoako Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidarian. Are gehiago, Planean bertan dio hori dela aurreikusitako ekintza nabarmenetako bat. Esan beharrrik ez dago Aldundiak orain Orbeldiri buruz hartu duen erabakiak guztiz jota utzi duela Plan Gidariaren sinesgarritasuna.

Nolanahi ere, Aldundia ez da Orbeldin gauza bat esan eta guztiz kontrakoa egiten duen bakarra. Horra hor Usurbilgo Udala. Usurbilgo Oria Ibaiaren Paisaiarako Ekintza Planean (2016) argi eta garbi irakur daiteke Orbeldiko ingurua leheneratu egin behar dela, eta, horretarako, espresuki seinalatzen da presa eraitsi egin behar dela, arrainentzat eta Oriako uraren fluxu naturalarentzat oztopo delako (2). Hala ere, Usurbilgo Udalak behin-behineko onespena eman dio ur bizien kanalaren Plan Bereziari.

Proiektuaren planoa. Iturria: Plan Berezia.

Proiektuaren planoa. Iturria: Plan Berezia.

Eusko Jaurlaritza ere kanalaren alde dago, jakina. Azken batean, Bingen Zupiria bera izan zen 2021ean publikoki proiektu honen berri eman zuena. Gainera, laster angula-arrantza “profesionalizatzeko” dekretua argitaratuko du Jaurlaritzak. Europar Batasunaren debekuari iskin egiteko? Ez, noski, “angularen hobebeharrez”. Eta “angularen hobebeaharrez” angula-arrantza baimentzen jarraitzen duen bitartean, “espeziea babesteko neurri berriak” iragarriko diutzte. Tamalez, horien artean ez da egongo itsasotik sartuta arrainek aurkitzen duten lehen oztopo nagusia eraistea, Jaurlaritzak ere ur bizien kanala hobesten duelako.

Ez dago herri-erakundeen arteko kontsentsua baino hoberik…

Badakigu Orbeldiko ur bizien kanala ez dela Lemoizko zentral nuklearra, ez errauskailua, ez Urdaibaiko Guggenheim ere. Baina garbi dago biodibertsitatea sakrifikatzen dela edozein interesaren aurrean. Edozein. Eta inork eragozten ez badu, horixe gertatuko da Usurbilen ere.

Eguzki

Usurbilgo Anerreka Ingurumen Elkartea

Naturkon (Gipuzkoako talde naturzale eta ekologisten koordinadora)

(1) Planifikazio hidrologikoak behin eta berriz nabarmentzen du ibai-ekosistemak biziberritzeko ez dela nahikoa isurketa kutsakorrak ezabatzea. Horrela uren kalitate kimiko eta biologikoa hobetuko da, noski, baina ibai-ekosistemak biziberrituko badira, isurketa kutsakorrak ezabatzeaz gain, arrain-espezieen mugikortasuna zailtzen edo ezinezko bihurtzen duten presa eta oztopoak ere ezabatu egin behar dira. Baita ibaiak askotan anorexikoak uzten dituzten ur-hartzeak ere. Aldundiak 784 oztopo zerrendatu ditu Gipuzkoako ibaietan, gehienak, %75 inguru, gaur egun erabilerarik gabeak. Egoera honi aurre egiteko, Gipuzkoako Ibai-Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidaria (2020-2035) onartu zuen. Planaren arabera, datozen urteetan 228 oztoporen gainean lan egingo du. Oztopo horietatik justu erdia, 114, Oriako arroan daude. Eta Oriari dagokionez, zera dio Plan Gidariak: “Cabe destacar la demolición del azud de Orbeldi, primer obstáculo desde la desembocadura”.

(2) Usurbilgo Oria Ibaiaren Paisaiarako Ekintza Planean (2016), hitzez hitz, honako hau irakur daiteke: “La propuesta de actuación consiste en la recuperación ambiental y paisajística del entorno de la presa de Orbeldi. Se plantea una restauración paisajística mediante la eliminación de la edificación abandonada, y el desmantelamiento de la presa que, en la actualidad, resulta un obstáculo para la ictiofauna, así como para el flujo natural del agua del Oria”.