All posts by Barakaldo

Zaborrak eta hondakinak Galindo ibaiaren ertzetan Barakaldo eta Sestaon

Martxoaren 27an eta 28an hurrenez hurren, Sestaoko eta Barakaldoko Udal Gobernuei eta baita URAri ere, Uraren Euskal Agentzia, idatziz jakinarazi diegu Galindo ibaiak egiten duen bidearen hainbat gunetan hondakinak eta zabor pilaketak daudela,  Barakaldo eta Sestaoko udalerriak lotzen dituen zubitik, Galindo eta Ballonti ibaiak elkartzen diren punturaino hain zuzen ere.

Zabor pilaketa hauen jatorria, ibaiaren ur-goraldiek uzten dituzten materialetan eta pertsona batzuek botatzen dituzten zaborretan dagoela, imajina dezakegu, aurkezten ditugun argazkietan ikus daiteken bezala.

Zabor pilaketa hauek ubidetan eta ibaien ondoan dauden oinezkoentzako bideetan aurki ditzakegu, udal garbiketa-zerbitzuek ikusteko moduan eta haiei dagokie zonalde naturalen garbiketa egokia egitea. Ondorioz, beste behin ere, zonalde hauen garbiketa eskatzen dugu eta aldi berean, gune beltz hauek modu egokian seinalatuak izatea.

Barakaldoko Udal Gobernuari dagokionez, urte eskasa batean, honako hau da, udalerriko zonalde naturaletan zabortegiak edota zabor pilaketak daudela jakitera ematen dugun hirugarren aldia. Gure salaketak honako hauek izan dira hain zuzen ere:

-Solondo Errekastoa Agate Deuna auzoan: 2013ko apirilaren 15ean, Udal Erregistroan aurkeztutako idazki baten bidez, errekastoaren ubidean eta ertzetan zabortegi bat zegoenaren berri eman genuen. Ordutik hona, ia-ia urte bat igaro da, eta garbiketa partziala egin dute; errepidetik ikus daitezken hondakinak kendu dituzte baina gainontzekoak utzi dituzte.

Joan den urtarrilaren 27an, zonalde hau erabat garbitzeko eskaera zekarren mozioa aurkeztu genuen, baina oraindik ez da udalbatzan sartua izan.

-Basatxu-La Dinamita: Barakaldok, orain dela urte eskas batzuk, pairatu zuen higiezin espekulazioaren eta burbuilaren ondorioz, mendialdean dagoen orube honetan, nahi duenak zaborrak botatzeko zonalde egokia dauka, 2014ko otsailaren 10an Udal Erregistroan aurkeztu genuen idazkian jakitera eman genuen bezala. Honen ondorioz, martxoaren 31 erreferentzia datatzat hartuta, zonaldean eman den “garbiketari” dagokionez, beheko aldean dagoen zelaigunean sakabanatuta zeuden zaborrak… ertzeetara mugitu dituzte, gutxiago ikus daitezen! Goiko aldean, berriz, pilatutako zabor kopurua gora doa.

Azkenik, honek gogoeta hau egitera garamatza, harrigarria da egun Barakaldon dagoen desoreka; zonalde ezkutukoenetan ere kartel kritikoak, baita  ekologiarekin lotutakoak, aurkitu, zentsuratu eta kentzeko erabiltzen dituzten baliabide handien, eta begi bistara dauden zabortegiak aurkitu, garbitu eta seinalatzeko erabiltzen dituzten baliabide eskasen artean.

Honek zer esan nahi du: Udal Gobernuak harrotasunez aurkezten duen platino-erratza Barakaldon sortzen ditugun hondakinen %80a Zabalgarbira eramateko eta gainontzekoak, udalerriko mendi, errekasto eta ibaietan usteltzen uzteko baliagarria baino ez dela?


Barakaldon, 2014ko apirilaren 4ean

 

Josu Cerratu, agur eta ohore !!

Josu Eguzkiren sorreran parte hartu zutenetako bat izan zela nabarmendu nahi dugu. Josu Cerrato erandiotarra hil da, gaixotasun larri bat luze pairatu ondoren.

Beharbada komeni da gogoratzea gure elkarteak lau mugimendu izan zituela abiaburu: antinuklearra, ekologista-naturzalea, NATOren kontrakoa eta auzo elkarteena. Bada, azken mugimendu horren erreferente izan zen Josu, Eguzki sortu berri hartan. Izan ere, ekologia edo ekologismo hitzak aipatu ere egiten ez ziren garaietan, auzo elkarteak izan ziren ingurugiroaren defentsan aitzindari. Horren adibiderik biribilena “Erandioko gertaerak” izan ziren. 1969an, erandiotarrak kalera atera ziren herria itotzen ari zen kutsaduraren kontra. Erregimenak ausardia odolez pagarazi nahi izan zien eta urte hartako urriaren 26an Poliziak tiroz hil zituen bi herritar, Josu Murueta eta Anton Fernandez. Artean gaztetxo bat baino ez zen arren, Josu Cerratok hura guztia gertutik ezagutu eta ondorengo urteetan ere lehen lerroan jarraitu zuen kutsaduraren kontrako borrokan. Hura izan zen Eguzkira ekarri zuen ondarea, nolabait esateko, euskal ekologismo avant la lettre-ren edo euskal ekologismoaren historiaurrearen ondarea. 1994an, gertaeren 25. urtemugaren aitzakian, haiei buruzko liburu bat ere idatzi zuen, Eguzkik espresuki eskatuta.

Esan gabe doa urte haietan Josu edozein kutsadura motaren kontrako gure ekimenen animatzailerik handienetako bat izan zela.

Bada, Josu hil den honetan, egokia iruditzen zaigu aitortzea ingurugiro alorrean egin duen lana. Gutako bat ere bazen. Doluminik zintzoenak etxekoei.

Eguzkik Talde Ekologistaren izenean, bihotz bihotzetik eskerrik asko!

Kontrolik gabeko zabortegi berri bat Barakaldon, orain Basatxu-La Dinamitan

Eguzkik, auzotarrek egindako salaketaren bozgorailu izan nahi du, Basatxu-La Dinamitan, Gurutzetako La Paz auzotik metro eskas batzuetara, zabortegi berri bat dagoela aditzera eman digute eta.

Honetan, besteak beste; hozkailuak, obretako egur zatiak, igeltserotza-lanetako hondakinak, isolamendu materialen hondakinak, etab. ikus ditzakegu….

Horretaz gain, bukatu gabeko eraikuntza lanen ondorioz, inguru horretan dauden orube abandonatuetan, isurketa puntu bat baino gehiago dagoela egiaztatzeko aukera izan dugu.

Hiri hondakin solidoen kontrolatu gabeko isurketak ematen direnean, nahiz eta lursail pribatuetan eman, Udaletxeak ofizioz jardun behar duela gogorarazi nahi dugu. Honek, jabeak, hondakinak jasotzera derrigortu behar ditu ala Udaletxeak egin beharreko garbiketa lanen zerbitzua ordaintzera behartu.

Honekin batera, zonaldea izugarrizko zabortegia bilakatzeko arriskuaz ohartarazi nahi dugu, sarbidea erreza izateak eta gainera, zonaldean inolako kontrolik ez egoteak,  balizko egoera hau emateko aukerak handiagotzen dituelarik.

Udal Gobernuak zabortegi mota hauen sorreraren berri ez izateak asko harritzen gaitu, bestelako gauza batzuk antzemateko zuzentzen dituzten baliabide kantitatea aintzat harturik, kartel edota paskin kritikoak aurkitzeko eta kentzeko adibidez, hauek udalerriko zokorik urrunean badaude ere.

Gainera, ia-ia urte bat pasa da, zonalde honetan, Sta Ageda auzotik gertu hain zuzen ere, beste zabortegi bat zegoela salatu genuenetik eta Udal Gobernuak ez ditu bertan pilatutako zaborrak jaso.

Beraz, Udal Gobernuari zabortegi hauek garbitzeko eskatzen diogu, jabeei lursailak modu egokian ixtera behartzea eta baita zonaldean benetako kontrola egitea. Honekin batera, auzokideei mota honetako zabortegien berri ematea eskertu nahi diegu.

Oiartzungo udalak otsailean Arkaleko legezkanpoko tiro zelaia itxiko du.

Sahiesteko, Ehiza Federazioak ingurumenari lotuta zerbait gai justifikatu beharko ditu…

 Oiartzungo Udalak, herri honetako legez kanpoko tiro zelaiaren legeztatze prozesua gelditu izana baikortzat jotzen du Eguzki talde ekologistak. Oiartzungo Gurutze-Arkale auzoan kokatuta dagoen eta Gipuzkoako Ehiza Federazioa jabe duen tiro eremuak zigorgabetasun osoz legeaz gaindik jardun izana behin baina gehiagotan salatu izan du mugimendu ekologistak.

Orain arte abian zeuden Trapadako Plan Bereziaren, tiro eremua (erabilgarri eta legez kanpo aspaldiko urtetan) barne duen ehiza eskola bat legeztatzeko helburua duena, izapide edo tramiteak behin behingoz geratzea erabaki du Oiartzungo Udalak eta ehiza federazioari bide edo alternatiba berriak kontuan hartzea proposatu dio, Plangintza ez garatzearena edo/eta kanpoko tiro zelairik gabeko ehiza eskola garatzearena tarteko.

Era berean udalak, Eguzki talde ekologistak  salatu duen beste gai bat aztertu eta ebaluatu behar duela adierazi dio Ehiza Federazioari: urtetako legez kanpoko tiro zelaiaren jarduerak eragin duen lurraren kutsadura aztertu beharko du, beruna bezalako metal pisutsuen konzentrazio handia nagusiki.

Ehizaren lobbyak bere jarduera korporatibismo eta ingurumenaren aurkako  zigorgabetasunean oinarritzen ohituta gauzka: legez kanpoko ehiza postuak, isilpeko ehiza, mendi eta muinoetan segurtasun eza, arriskuan dauden espezieak tiroz akabatzea, gune babestuak sortzeko aurkako jarrera, neurrira egindako legeak, bioaniztasuna kudeatzeko herri erakunde naiz politikoen artean infiltratzea e.a.

Dena den, gure alegazioen artean garrantzitsuenetakoa den argudio bat ez du aipatu ere egin Oiartzungo Udalak bere erantzunean: zaratarena. Gure ustez, 2012an  indarrean sartu zen araudiaren arabera, tiro zelaiak ez luke legeztatzeko aukerarik izango Trapadan.

Librean eraikitzen diren mota honetako azpiegiturak eragiten dituzten ingurumenarekiko naiz gizartearekiko kalteen eraginez, orain baino lehen ere eragin dute tiro zelaien itxiera, Ulia (Donostia) eta Listorreta (Orereta) gertuenak aipatzearren. Beraz, zaratak eragindako etengabeko kalteak, nekazal ingurunean pilatutako berun eta beste zenbait metal pisudunen konzentrazioak ibaia naiz erreketan eragindako kutsadura nahikoa arrazoi dira horrelako jarduerak ixteko. Oiartzungo kasuan, Arkaleko tiro zelaiaren ezkutuko eta legez kanpoko izaerak, ehizaren lobbyaren zigorgabetasunaren salaketa indartzen du. Beste behin ere interes pribatuak herriarenaren gainetik.

Oiartzungo Udalak hiru hilabeteko epea eman dio Ehiza Federazioari dokumentazio osagarria aurkezteko eta hala egin ezean, udalak Arkaleko legez kanpoko tiro zelaia itxi egingo luke.

Bukatzeko, lur hauek EAEko lur kutsatuen inbentarioan sartzeko eskatu du mugimendu ekologistak, hala nola lur hauen garbiketa Ehiza Federaziaoren eskutik edo kontura. Eguzkik, legezkanpoko, kaltegarri eta kutsatzailea den tiro zelai hau berehala eta behin betirako ixtea eskatzen du

Eguzki talde ekologista eta antinuklearra