Monthly Archives: febrero 2018
Milaka pertsonen aldarria Donostian: “Erraustegia gelditu! Birziklapena sustatu!”
Gipuzkoarrek berriro ere primeran erantzun zion Errausketaren aurkako Mugimenduak eginiko deiari, eta milaka lagun bildu ginen atzo arratsaldean Donostiako kaleetan “Erraustegia gelditu! Birziklapena sustatu!” aldarrikatzeko. Hona hemen hainbat mediok manifestazioari buruz emandako informazioa. Tartean, argazki eta bideo ugari.
https://twitter.com/larbelaitz
www.diariovasco.com/gipuzkoa/miles-personas-exigen-20180224193425-nt.html
https://www.berria.eus/albisteak/149147/lehenbizi_birziklatu_80.htm
http://www.donostitik.com/miles-de-personas-vuelven-a-la-calle-contra-la-incineradora/
5. edukiontzia ezarrita ere, Lasarte-Oriak birziklatze-kontuetan azken putz izaten jarraitzen du
2017ko urtarrilean, Udala 5. edukiontzia ezartzen ari zela eta, Aire Garbiak dei egin zien herritarrei berau erabiltzera, “gogotik” eta “erraparorik gabe”. Baina, halaber, Aire Garbiak ohartarazi zuen ekimen hari ematen zion babesa “kritikoa” zela. Kritikoa, 5. edukiontzia berandu zetorrelako, oso berandu (izan ere, Lasarte-Oriakoa izan zen seguru asko herritar guztiei etxeko zaborren zatiki organikoa biltzeko aukera eman zion Gipuzkoako azken udala), baina kritikoa, batez ere, udal gobernuak 5. edukiontzia ezartzeko aukeratu zuen sistema eraginkortasun eskasenekoa zela, modu nabarmenean, gainera, eta, horrela,
nekez iritsiko zela % 60ko birziklatze-tasa lortzera, alegia, leku guztietan erreferentzia moduan erabiltzen ari den gutxieneko tasa. Gainera, udal gobernuak ez zuen aurreikusi emaitzak errebisatzeko eta, beharrezkoa balitz, neurri zuzentzaileak hartzeko inolako eperik.
Geroztik, urtebete pasatu da, Lasarte-Orian ezarritako 5. edukiontziaren eraginkortasuna ebaluatzeko denbora nahikoa eta sobera. Eta, ebaluazioa eginda, agerian geratu da Aire Garbiak iragarritakoa bete egin dela. Egia esan, asmatu izanak ez du gehiegizko meriturik, erraza zen eta.
Egunotan ezagutu ahal izan ditugu San Markoko udalerriek 2017an hondakinen gaikako bilketan lortu dituzten emaitzak. Lasarte-Oriakoak oso-oso eskasak dira eta, horren ondorioz, gure herria sailkapenean azkenaurrekoa da. Lasarte-Oriaren atzetik geratu den bakarra Donostia da, birziklatze-kontutan desastre hutsa dena. Atera kontuak.
Taula honek 2017ko eta 2016ko datuak alderatzea ahalbidetzen du:
Ikus daitekeen bezala, 5. edukiontziaren bidez gaikako bilketa pixka bat igo da (% 6,5), baina hain da igoera txikia ezen Lasarte-Oriak birziklatze-sailkapenean azken putz izaten jarraitzen duen, edo, Donostia kontuan hartuta, azkenaurreko putz, nahiago bada. Baina ez da azken putz nolanahi, ez. Azken putz da merezimendu handiarekin. Begira… Lasarteko ehunekoa Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik egoteaz gain, San Markoko batez bestekoaren azpitik ere badago. Eta kontuan izan San Marko Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea dela.
Taulako datuak ikusita, beharbada baten bati burutik honako hau pasatu zaio: “Tira, Donostia eta Lasarte-Oria oso gaizki, baina Errenteria ere hortxe dabil, justu-justu Lasarte-Oriaren gainetik”. Bai… baina ez. Errenteriak, Urnietak eta Gipuzkoako beste hainbat herrik bezala, neurriak hartu ditu 2017an, eta neurri horiek batez ere 2018an nabarituko dira. Esaterako, abenduan, Errenteria % 59ra iritsi zen. Atera kontuak. Lasarte-Oriak, aldiz, neurriak hartzeari uko egin dio. Birziklatzen dutenei deskontua egiteko proposamen apalari ere uko egin dio. Beraz, ezer egin gabe jarraituz gero, hemendik urtebetera Lasarte-Oriak, Donostiarekin batera, azken putz itzaten jarraituko du, baina are diferentzia handiagoarekin.
Dena dela, garrantzitusena ez da, jakina, Lasarte-Oria sailkapenean zer postutan dagoen, baizik eta gutxieneko % 60 horretatik oso urruti dagoela, eta, sistema aldatu ezean, % 60ra iristea ezinezkoa dela.
Udal gobernuak, 5. edukiontziaren emaitzak zinez eskasak direla inplizituki aitortuz, kontzientziazio-kanpaina berri bat egiteko asmoa omen du. Kanpaina batek ez du kalterik egingo, baina arazoa ez da herritarren kontzientzia-eza, sistemaren eragikortasunik eza baizik. Sistema eraginkorra ezarri duten udalerriek emaitza onak lortu dituzte; sistema eraginkorrik ezarri ez dutenek, berriz, ez. Zer arrazoi egon daiteke pentsatzeko lasarteoriatarron artean Gipuzkoako ia gainerako herri guztietako bizilagunen artean baino kontzientzia-maila apalagoa dela? Beste modu batean esanda: neurri eragingorrak hartzen dituen herri batean, emaitzak egun batetik bestera, esaterako, % 40tik % 60ra igotzen badira, zer ulertu behar dugu?, herri horretako bizilagunen kontzientzia gauetik egunera 20 puntuz hobetu dela? Ezta hurrik eman ere! Kontzietzia garrantzitsua da, dudarik gabe, baina sistemaren eraginkortasuna da erabakigarria.
Beraz, Lasarte-Oriak sistema aldatu egin behar du, epe laburrean, gainera, % 60 helburu. Ez genuke gauza bera behar baino gehiago errepikatu nahi, baina, esan dugun bezala, ez da zerbait utopikoa. Zaila ere ez da. Izan ere, Gipuzkoako udalerri askok eta askok dagoeneko lortu dute. Halaber, hori lortzeko eredu bakarra ere ez dago. Hainbat daude, herri bakoitzaren berezitasunetara zeharo egokitu daitezkeenak. Are gehiago, udal gobernuko kideek batzuetan goraipatu dituzte eredu horietako zenbaiten bidez lortutako emaitzak, baina, gero, zergatik ez dakigula, beste bat aukeratu zuten, eskasena, hain zuzen. Bestalde, fundamentuzko parte-hartze prozesu batek soluzioak doitzen eta batez ere sistema berria sozializatzen lagundu lezake, dudarik gabe.
Baina horretarako, ezer baino lehen, honako hau aldatu behar da: orain arte, “Lasarte-Oria birziklatzearen alde” propagandako eslogana baino ez da izan; hemendik aurrera, berriz, Udalaren bene-benetako borondatearen isla izan beharko luke.
LASARTE-ORIAN AIRE GARBIA
Aire Garbiak erraustegiaren aurkako manifestazioan parte hartzera deitu eta Lasarte-Oriak oso biriziklatze-tasa eskasa duela nabermendu du
Erraustegiaren aurkako Mugimenduak manifestazio berri bat egingo du Donostian, datorren larunbatean. Aire Garbiak lasarteoriatarrei parte hartzera dei egiten die, eta seguru gaude primeran erantzungo dutela, orain arte erraustegiaren aurka antolatu diren beste hainbat mobilizaziotan erantzun duten bezala.
Manifestazioaren lema bikoitza da: “Erraustegia gelditu!” eta “Birziklapena sustatu!”. Txanpon bereko bi aldeak dira. Izan ere, zenbat eta gehiago birziklatu, gero eta ageriagoan geratuko da erraustegia, pertsonen osasunari, ingurumenari eta herritarron poltsikoei kalte egiteaz gain, ez dela inola ere beharrezkoa.
Gauzak horrela, zein da birziklatzearen sailkapenean Lasarte-Oriak okupatzen duen postua? Ba, paradoxa bada ere, erraustegiak gehien kaltetu ditzakeen herrietako bat delako, Lasarte-Oria gutxien birziklatzen dutenetako bat da. Zehatz-mehatz, egunotan bertan ezagutu ditugun datuen arabera, 2017an, Lasarte-Oria izan zen, Donostiarekin batera, San Marko Mankomunitatean gutxien birziklatu zuen herria. Bere gaikako bilketaren tasa, Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik ez ezik, Mankomunitatearen beraren batez bestekoaren azpitik ere badago. Eta kontuan izan behar da San Marko dela Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea. Beraz, Lasarte-Oria azken putzetakoa da; oso modu nabarmenean, gainera. Datuen irakurketa kritikoa, udalerriek lortutako emaitzen taula konparatiboa barne, honako esteka honetan aurkitu dezakezu:
Nolanahi ere, bada saihestu ezin den ondorio bat: Lasarte-Oriako Udalak ezin du bere erantzukizunari muzin egiten jarraitu, eta, behingoz, gaikako bilketa eraginkorra ahalbidetuko duen sistema ezarri egin behar du.
Egia esan, birziklatzearekin zerikusia duten gauzak alde batera utzita ere, Lasarte-Oriako Udalak badu nahikoa lan zaborra biltzeko sistemarekin. Izan ere, iaz lurpeko edukiontziei buruz enkargatu zituen txostenek berretsi dute herritar guztion ahotan zegoena: lurpeko edukiontzien egoera tamalgarria da, eta, berandu baino lehen, lur gaineko edukiontziekin ordezkatu behar dira.
Alegia, oraingo sisteman aldaketa sakonak egin behar dira, eta epe laburrean, gainera. Gauzak horrela, gure ustez, Udalak aukera aparta du beharra bertute bihurtzeko eta zaborren % 60 gaika biltzea ahalbidetuko duen sistema ezartzeko, % 60 baita leku guztietan gutxienekoa kontsideratzen den tasa.
Ez da zerbait utopikoa. Zaila ere ez da. Izan ere, Gipuzkoako udalerri askok eta askok dagoeneko lortu dute. Halaber, hori lortzeko eredu bakarra ere ez dago. Hainbat daude, herri bakoitzaren berezitasunetara zeharo egokitu daitezkeenak. Gainera, fundamentuzko parte-hartze prozesu batek soluzioak doitzen eta batez ere sistema berria sozializatzen lagundu lezake, dudarik gabe.
Baina horretarako funtsezko zerbait aldatu behar da: orain arte, “Lasarte-Oria birziklatzearen alde” propagandako eslogana baino ez da izan; hemendik aurrera, berriz, Udalaren bene-benetako borondatearen isla izan beharko luke.
Bien bitartean, lasarteoriatarrok bi eginkizun ditugu: bata, inposatu nahi diguten erraustegia salatzea, eta, horri dagokionez, larunbatean berriz ere aukera bikaina izango dugu; bestea, birziklatze-bidean pausoak ematen jarraitzea, ez baitugu ahaztu behar, birziklatutako plastikozko ontzi bakoitzeko edo konpost bihurtutako gramo organiko bakoitzeko, erraustegia eraikitzeko arrazoirik ez dagoela agerian uzten ari garenik.
LASARTE-ORIAN AIRE GARBIA
Kutsadura kalean bertan
Bi argazki hauen artean, besteak beste, bi alde garrantzitsu daude:
• Bata Donostiako kale batean dago aterata eta bestea Oreretako/Errenteriako kale batean.
• Batean, mozteko makinak sistema sinple bat du partikulek atmosfera kutsatu ez dezaten, eta bestean, partikulak inolako kontrolik gabe isurtzen dira atmosferara. Azken hauek, gainera, oinezkoek arnastu ditzakete. Egiaztatuta dago granitoak, esterako, kristal-silizea duen hautsa botatzen duela airera. Substantzia horrek kalte oso larriak eragin ditzake bai larruazalean eta begietan, bai arnasketa-sisteman, hala nola silikosia, tuberkulosia eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa.
Noiz aginduko ditu Udalak udal langileek eta herri-lanen enpresa adjudikazioduneko langileek bide publikoan egiten dituzten lanek sortutako kutsadura saihesteko neurriak har daitezela?
Udalak jarraitzen du Goiaz Txikiko legez kanpoko zabortegia garbitu gabe
Joan den urtarrilean, Donostiako Eguzkik salatu zuen Martutenen, Goiaz Txikiko bidean, dagoen legez kanpoko zabortegia.
Salaketa egin bezain pronto, Bide Publikoetako zinegotzi Miguel Angel Diezek adierazi zuen dagoeneko emana zuela zabortegia “berehala” garbitzeko agindua (2018.01.31).
Eguzkikook gustura hartu genituen Diezen adierazpenak. Zoritxarrez, egunak pasatzen joan dira, eta esanak eta eginak ez dira bat etorri.
Adierazpen haietatik hiru aste pasatu badira ere, zabortegiak bere horretan dirau, edo, hobeto esan, gero eta handiagoa da, hogei egun hauetan hondakin gehiago pilatu direlako (ikus atxikitako argazkiak).
Gure ustez, hiru aste nahikoa denbora da, batez ere zabortegia “berehala” garbituko dela esaten denean. Ez dugu atzerapen gehiagorako arrazoirik ikusten.
EGUZKI
Artibaiko puntu beltzak konpondu !
Orain dela urte batzuk Ondarroako ur araztegia edo depuradora zabaldu zen, eta herriko ur zikin gehienak hara bideratu ziren.
Hala ere, ur zikin batzuk oraindik ere Artibai ibaira joaten dira.
Ondarroan, adibidez, puntu ilun hauek topatu ditugu: Kamiñazpin, Kamiñazpirako paseoan, Zaharren Egoitza aurrean, Kakalekuan…
Eguzki talde ekologista instituzioekin batzartzen dabil (Ondarroako Udalarekin, Jaurlaritzaren URA agentziarekin…) arazo honi irtenbide bat bilatzen hasteko.
Artibaiko puntu beltzak konpondu egin behar dira! Isurketarik ez! Ibai garbia nahi dugu!
Lapurdiko urre-zundaketak bertan behera geratu izana, albiste bikaina
Ekonomia Ministerio frantsesak ez du epe barruan erantzun Sudmine enpresak Errobi bailaran urre bila zundaketak egiteko aurkeztutako baimen-eskaerari, eta, ondorioz, bertan behera geratu da Lapurdiko ingurumenean zein ekonomian sekulako eragina izan zezakeen proiektu bat. Izan ere, enpresak zundaketak hamaika udalerritako lurretan egiteko asmoa zuten.
Albiste bikaina, ezbairik gabe, eta arazo bat gutxiago lapurtarrentzat. Egia esan, lapurtarrak Sudminek eskaera aurkeztu eta berehala mobilizatzen hasi ziren proiektuaren aurka. Horra hor, adibide moduan, iazko irailean Baionako karriketan 2.500 lagun bildu zituen manifestazioa.
Hona hemen gai honi buruz webgune honetan argitaratu dugun pare bat albiste:
http://eguzki.org/2017/02/15/lapurdin-urre-meategien-kontra/
Goia, bete zure hitza! Illunberi buruzko galdeketa orain!
EGUZKIk prentsaurrekoa egin du gaur goizean Donostiako Udaletxe aurrean alkateari eskatzeko bere hitza bete dezala eta Illunbeko zezenketei buruz agindu zuen herri-galdeketa behingoz antola dezala. Hona hemen gaurko agerraldiaren bideo txiki bat.
Hemendik aurrera, berriz, mezua…
2016an, Donostia Antitaurina Orain! plataformak 10.000 sinadura bildu zituen, banan-banan egiaztatuak, Udalari Illunberi buruzko herri-galdeketa bat eskatzeko, alegia, Udalak Illunbeko instalazioak zezenketak egiteko uzten jarraitu behar ote zuen donostiarrek erabakitzeko.
Eneko Goia alkateak, itxuraz behintzat, proposamena onartu zuen, eta galdeketa 2017ko otsailaren 19an egingo zela ere iragarri zuen. Baina urtebete geroago Goiak emandako hitza bete gabe jarraitzen du. Beharbada galdeketa egiteko konpromisoa hartu zuenean ez zelako jabetu donostiarrek zezenketen kontrako jarrera irmoa dutela. Horra hor Udalaren beraren enkarguz joan den irailean egindako inkesta; horren arabera, donostiarren % 71 Udalak Illunbe zezenketak egiteko uztearen kontra dago.
Egia da PPk berehala Estatu-makineria martxan jarri zuela galdeketa zapuzteko. Lehendabizi, bertan behera utzi zuen Galdeketen Udal Araudia, Udaletxean aho batez onartutakoa, baita PPeren zinegozien botoekin ere. Gero, berriz, Ministro Kontseiluak galdeketa bera debekatu egin zuen.
Baina hori bezain egia da Goiak hitz eman zuela, Estatuaren jarrera horrek udal autonomiari eta donostiarron udal instalazioak nola erabili behar diren erabakitzeko eskubideari kolpe latza jotzen ziela salatu ondoren, “beste bide batzuk aztertuko zituela herritarrek gai honi buruz duten iritzia adierazteko aukera izan dezaten” (2017ko otsailean). Bide horiek izan, badira. Izan ere, Udalak erabiltzen ditu egoki ikusten duenean, esaterako, Urrezko Danborra hautatzeko.
Gainera, EAEko Auzitegi Nagusiak orain dela gutxi ezagutarazitako epai baten erabera, Donostiako Udalak bere instalazioak egoki irizten duen moduan erabil ditzake, hau da, ez dago behartuta Illunbe alokatzera bertan zezenak hil ditzaten.
Beraz, Goiari bukatu egin zaizkio aitzakia juridikoak, eta, hala ere, emandako hitza bete gabe jarraitzen du. Gauzak horrela, galdeketa antolatzen ez dueneko susmoa emaitzaren beldur delako gero eta handiagoa da. Eta, emandako hitza betetzen ez duen bitartean, Illunbe zezenak hil ditzaten uzten jarraitzen du. Hori ez da susmoa, egia biribila baizik.
10.000 sinadura haiek aurkeztu zituzten pertsonek, Udalak berak ezarritako baldintzak zintzo-zintzo beteta, galdeketa egiteko eskubidea irabazi zuten. Pertsona haiek gutxienezko errespetua merezi dutelako eta emandako hitza betetzea gizalegezkoa delako, Goiak bidea eskaini behar du donostiarrek Illunberi buruz duten iritzia adieraz dezaten. Eta lehenbailehen, dagoeneko oso berandu dabil eta.
Legezko aitzakiak bukatuta, guztiz salagarria da emandako hitza ez betetzea eta, aldi berean, Udalaren ondasunak ipintzen jarraitzea tratu txarrean oinarritutako ikuskizunaren mesedean.
EGUZKI, 2018ko otsaila
Igande honetan natur guneak defendatzeko kalejira Barakaldon. Merkantzia-tren berri hau gera dezagun!
Gure natur guneak eta gure baserri-auzuneak zulatzeko, zatitzeko, erdibitzeko,… LARDASKATZEKO, Espainiako Gobernuak zein Jaurlaritzak hartu duten deliberoaren kontra protestatzeko parada izango duzu datorren igandean, Bide Onera Plazan, 12:15ean. Bertan egongo gara gobernu horien erabakiaren kontra gauden auzokide guztiok. Kontuz! Gure bihurrikeria hain handia da, non ez garen konformatzen Barakaldoko erdiguneko kaleetatik ibilaldi sinple bat egitearekin; gure asmoa, protesta hori egiteaz gain, dibertitzea, gozatzea, eta dantzatzea da. Hori guztia egingo dugu, Bilboko Itsas-portutik merkantziak ateratzeko asmatu duten Hego-Sahiesbideko Trenaren arbuioa argia baino argiagoa utzi nahi dugunok.
Ez dugu nahi gure berdegunerik garrantzitsuena merkantzia-tren zaratatsuek zeharkatuta egotea. Are gutxiago haren ibilbidea lindano-gordailuaren azpitik zirkulatu behar badu, edo Gorostitza eta Zubileta-Kastexana bezalako auzuneak zeharkatu behar baditu, bertako etxeak zein biztanleok arriskupean jartzen; Are gutxiago, iraungitze-arriskuan dauden landare espezieak suntsituz, edo gure kultura ondarea zein ingurugiroa endekatuz.
Ez dugu nahi gure etxea, GUZTION ETXEA, behin eta berriro zulatzea. Hori proposatzen dutenek, etorkizun, aurrerapen eta garapen ekonomikoa aipatzen ohi dituztenek buru zaharmindua, eta atzerakoia dute, irudimen izpirik gabekoa; hain zuzen, irtenbide egokirik eskaintzeko inolako gaitasunik ez dutelako. Gainera dena IRAUNKORTASUNAREN izenean egiten omen dute! Ba aizue! Gure ama lurraren kontserbazio, defentsa zein hobekuntza baino iraunkorragorik ez dago.
Baina harrigarriena: gu, auzokideok, honen guztiaren aurrean, isilik eta eskuak gurutzaturik egotea nahi dute.
Triste, goibel eta grisaxka nahi gaituzte, porlan mota guztien kolorekoak, baina lehen esan dugun bezala, jende bihurria gara; gure mendietako berde guztiak geuretzat errebindikatzen ditugu, baita gure auzuneetako poza, animalien marruak eta landareen dar-dar soinua, eta gure ibai-erreken ur-musika ere … hori da gure mintzaira, eta honela esango diegu. Beraz, inauterietako mozorroa ez gorde oraindik; jantzi ezazu behin ere, edo jantzi tradizionala ekarri, edo etorri nahi duzun bezala, eta parte hartu gurekin ekitaldi koloretsu horretan.
Esandakoa: datorren igandean, 12:15ean, Bide Onera plazan, eta bihar, larunbatean, aukera eta gustukoa baldin baduzu, zatoz gurekin deialdi hori Barakaldoko txoko guztietara zabaltzeko; Zuazoko azoka egiten den lekutik 12:15ean abiatuko den kotxe-karabanan parte hartu.
Urtarrilaren 19an #xBRKsinatzenDUT sinadura-bilketaren kanpainarekin hasi ginen eta hiru astetan merkantzia-tren berriaren proiektua geratzeko, auzokideekin eztabaida irekitzeko eta herri-kontsulta egiteko Barakaldarron 2500 sinadura jasota genituen.
Gaur askoz gehiago dira. Auzoz auzo egon gara: jaietan, inauterietan,… Ikusi dugu gero eta jende gehiagok nola kontuan hartzen duen proiektu hau gure birika berdean astokeria hutsa dela.
Mahaiak ipintzen, auzoz auzo joaten, hitzaldiak egiten, informatzen… gure landa-auzoetatitk eta gune naturaletik zeharkatuko den merkantzia-tren berriaren aldeko gobernukoen asmoa gelditzeko sinadurak eta ahotsak biltzen jarraituko dugu.
BARAKALDO NATURALA
(Eguzkik plataforman parte hartzen du)
[Barakaldoko Eguzkiren blogga] [Barakaldo Naturalaren blogga]
Otsailaren 24an, erraustegiaren aurkako manifestazio handia
Erraustegiaren aurkako Mugimenduak prentsaurreko bat eskaini du gaur goizean Donostiako Udaletxean otsailaren 24an egingo duen manifestazioaren berri emateko. Manifestazioa, “Erraustegia gelditu! Birziklapena sustatu!” lemapean, Gipuzkoa Plazatatik abiatuko da, arratsaldeko 5:30ean. Hona hemen prentsaurrekoan zabaldutako mezua:
Dagoeneko jakin badakigu %80ko birziklatze tasa lortzea posible dela, horretarako bitartekoak jarri eta borondatea izanez gero. Modu honetan zabor nahasi ugari sortzea ekidin genezake, geratuko litzatekeen apurrarekin errausketa ez den beste irtenbide bat bilatzea posible izango genuke eta ez, Gipuzkoan egin nahi duten bezala, erraustegi toxiko bat inposatu eta 35 urtetan ordaintzen egon behar izatea. Gure eskaera berresten dugu, Zubietako erraustegiaren obren geldialdia eskatzen dugu eta gauzatu dezatela lehenbailehen Gipuzkoa osoan hondakin bilketa eraginkorra, tokian tokiko berezitasunetara moldatua, baina birziklagarriak eta konpostagarriak diren hondakin guztiak bildu daitezela. Energia horiek hondakin bilketa eraginkorrean jarriko balira erraustegi toxikoaren inposaketan jartzen diren bezainbeste, dagoeneko helburuak lortuak izango genituzke, hots, %80ra jada ailegatuko ginateke.
Ormaiztegin %88ko (2017ko abenduko datua, 2017 osoan %89ko bataz bestekoa) bereizte tasa lortu bazen, beste edozein udalerritan ere lortzea posible da, logika sinplea da, edozein herri edo hiri auzoz osatua dago eta praktikak frogatzen du %88a bereiztuta, birziklatzera eta konpostatzera bidali daitekeela, praktika hori biderkatu daiteke beste edozein lekutan eta emaitza horiek lortuz. Beraz, aitzakiak bukatzen ari zaizkie populazio handiko eremuei, non birziklatze tasa apalak dituzten eta bizi diren biztanle kopuruagatik urtean izugarrizko tona zabor nahasi sortzen duten. Azken datuen arabera, Donostiak 288,80 kg zabor nahasi sortzen ditu biztanle eta urteko.
Modu berean eta adibidea handitu eta gaindimentsionatzeagatik (erraustegia dagoen moduan), herriez gain, gaur egun mankomunitateka ere emaitza paregabeak lortzen ari dira, aurreko adibidean aipatu bezala edozein herri edo hiri handitan lortu daitekeena. Sasietako Mankomunitatean %75eko tasa lortu zuten 2017ko abenduan eta Debagoienak %78,61 data berdinean. Beraz, esperientziak badaude, emaitza bikainak lortzen dira eta horretara jarriko bagina emaitza oso onak izango genituzke inolako erraustegi toxiko eta xahutzaileren beharra izan gabe.
Hori da exijitzen dioguna Gipuzkoako Foru Aldundiari, jarri ditzala indarrak emaitza horiek lortzen eta ez alferrikako azpiegitura kutsakor eta garestia eraikitzen. Lehendabizi lortu %80a eta ondoren ikusten dugu zer egin geratzen denarekin, baina ez alderantziz.
Honekin batera goraipatu nahi dugu 2017ko martxoan plazaratu genuen alternatiba guztiz bideragarria dela eta hemen adierazi dugun guztiarekin batera, agintariek entzun gaitzaten, hurrengo otsailaren 24an manifestazio handia antolatu dugu Donostian, 17:30tan Gipuzkoa Plazatik hasita.
Manifestazio honetako puntu garrantzitsu bat herritarrak izango dira, hondakinak ondo bereizi eta eginbeharrak txukun gauzatzen dituzten horiei ahotsa eman nahi diegu, ondo egiten dutenak eredu dira eta nagikerian ezkutatzen direnei deiadarra egin nahi diegu.
Bide batez aipatu nahiko genuke Europako Parlamentuak 2018ko urtarrilaren 17an erabaki zuen erraustegiei ematen zaizkien dirulaguntza oro ezabatzea, erraustegien finantzaketa iturri nagusia kolpatuz modu honetan eta justizia eginaz, izan ere baliabideak erretzea inoiz ez da izango birziklatzea. Albiste hau erabakiorra izan daiteke erraustegien finantzazioari dagokionez.
Azkenik, gure babes osoa adierazi nahi diegu Lasarteko Landaberri ikastolako irakasleei Hezkuntza Departamentutik jaso duten adierazpen askatasunaren aurkako erasoaren aurrean, erraustegia 500 metrotara eraikitzen ari dietela eta adierazi zuten kezka pankarten bidez Departamentuak kentzeko agindu baitie.
Errausketaren aurkako Mugimendua