Aldundia Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana betetzetik oso-oso urruti dago, aurreikusitako epea bukatzeko urte bat baino falta ez denean

Seinalizazioan bai, baina Donostiatik bidegorrian barrena Mutrikurantz abiatu eta Lasarteraino bakarrik iritsiko gara.

Seinalizazioan bai, baina Donostiatik bidegorrian barrena Mutrikurantz abiatu eta Lasarteraino bakarrik iritsiko gara.

Eguzkik egiaztatu du Aldundia Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana betetzetik oso-oso urruti dagoela, epea bukatzeko urtebete baino falta ez denean. Izan ere, Plana 2013ko ekainean onartu zen Batzar Nagusietan, aho batez onartu ere, eta dokumentuan aurreikusitako bidegorri-sarea gauzatzeko zortzi urteko epea zehaztu zen. Beraz, epe hori 2021ean bukatuko da.

Are gehiago, Planaren beraren arabera, dokumentuaren berrikuspenak dagoeneko hasita edo hastear egon beharko luke, eta horrek aldez aurretik programatutakoaren eta gauzatutakoaren arteko balantzea egitea eskatzen du. Horregatik, Eguzkik BERRIRO ERE eskatu dio Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuari Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Planaren betetze-mailari buruzko informazio zehatza, dokumentuak berak horretarako aurreikusten dituen adierazleen arabera. Eta berriro ere eskatu diogula nabarmendu dugu 2018tik eskaera bera egiten dugun hirugarren aldia delako, orain arte erantzunik jaso ez badugu ere. Imajinatzen dugu Departamentuak gure eskaerei iskin egiten diela alor honetan dituen gabezaiak agerian ez uzteko, baina informazio hori jasotzeko eskubidea dugu, eta ez gaude amore emateko prest.

Gogoratu behar da Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak zortzi urte aurreikusten dituela, bi laurtekotan banatuta, Planifikatutako Oinarrizko Foru Sarean egiteke dauden zatiak egiteko. Zehatz-mehatz, lehen laurtekoan 69 kilometro bidegorri eraikitzea aurreikusten du Planak; bigarrenean, berriz, 63. Halaber, beste hainbat bidegorri-zati aipatzen ditu Planaren berrikuspenari begira. Hau da, bidegorri zati horiek ere orain zertzen hasi beharko lirateke.

Baina Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez dago egiaztatzeko, epea amaitzeko urtebete eskas falta denean, asko direla egiteke daudenak. Adibidez:

–         Lasarte_Oria-Usurbil (Txikierdi).

–         Usurbil (Txikierdi-Santuene).

–         Usurbil-Orio.

–         Errekalde-Galarreta.

–         Lasarte_Oria-Urnieta.

–         Urnieta zeharbidea.

–         Urnieta-Andoain (bukatu gabe).

–         Andoain-Villabona (bukatu gabe).

–         Errenteria-Gaintxurizketa.

–         Gaintxurizketa-Irun (bukatu gabe)

–         Lezo-Pasaia (Donibane) (bukatu gabe).

–         Mutriku-Mutriku (Saturraran)

Eta hau ez zerrenda osoa, jakina, ezta hurrik eman ere.

Pintada errebindikatiboa bukatu gabe dagoen Lezo eta >Donibane bitarteko bidegorriaren alde.

Pintada errebindikatiboa bukatu gabe dagoen Lezo eta >Donibane bitarteko bidegorriaren alde.

“Normaltasun berrian” protagonismoa irabaziko du oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunak. Egia esan, dagoeneko irabazten ari da, bai Gipuzkoan, bai Europako herrialde gehienetan. Are gehiago, horietako batzuetan, Frantzia edo Italia kasu, neurri proaktiboak hartzen ari dira (hemen ez bezala, eta, alde horretatik, oso adierazgarria iruditzen zaigu hemen autoak erosteko, baita diesel edo gasolinazkoak badira ere, diru-laguntza publikoak ematea; bizikletak erosteko edo konpontzeko, berriz, ez).

Gipuzkoan, Bizikleta Bideen Foru OINARRIZKO Sarea bukatu gabe egotea da, ezbairik gabe, oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunak “normaltasun berrian” duen potentziala erabat garatu ahal izateko oztopoetako bat.

EGUZKI, 2020ko uztailean

P:S. A zer punteria gurea! Gaur goizean prentsa-ohar hau banatu eta, hara non, arratsaldean jaso dugun Foru Aldunditik gai honi buruzko notifikazio bat, 2018tik itxoitzen genuena. Izan ere, Planaren lehen laurtekoaren balantzea bidali digu. Egia esan, pixka bat berandu, dagoeneko bigarren laurtekoaren azken txanpan baikaude. Baina hobe hau ezer baino, ezta? Jarraituko dugu informatzen.

Arkaitzerrekako isurketa ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat dela uste du Fiskaltzak, eta egin dituen diligentziak epaileari bidali dizkio

1Maiatzaren hasieran Zubietako erraustegiko gunetik egindako isurketa kutsakor bat zeharo erreta utzi zuen Arkaitzerreka, Donostia eta Usurbil bitartean Oriara jaisten den erreka bat. Isurketa hura ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat dela uste du Fiskaltzak, eta egin dituen ikerketa-diligentziak Donostiako 5. Instrukzio Epaitegira bidali ditu, berau baita kasuaren ardura duena.

Honela erantzun die salaketa ipini zuten Anerrekari, Zubieta Lantzeni eta Eguzkiri. Orain, hiru elkarte hauek beraien burua herri-akusazio gisa aurkezteko aukera aztertzen ari dira.

Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak (GHK) eta haren presidente eta Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok ukatu egin zuten, hasieran, isurketaren sorburua erraustegiko gunea zenik. Laster, ordea, amoniako-isuri bat gertatu zela onartu behar izan zuten. Hori bai, erantzukizun osoa erraustegiko gunea kudeatzen duen enpresaren bizkar ipini dute. Izan ere, kontratuaren hiru arau-hauste larri leporatzen dizkiote: isurketaren berri ez ematea, isurketa ahalbidetu zuen kubetaren jatorrizko diseinua aldatu izana ez komunikatzea eta pH-metroak funtzionatzen ote zuen ez egiaztatzea. Honek ez du zerikusirik, noski, saldu nahi izan diguten erraustegi makulagabearen ereduarekin, non emisio kutsagarriak, airezkoak zein uretaratakoak, guztiz kontrol publikopean omen dauden. Ez da hain kontrol zorrotza izango baldin eta hori guztia, isurketa bera barne, oharkabean pasatu bazaie. Gogoratu isurketaren berri izan genuela herritar batzuek Arkaitzerreka ondotik pasa, hildako arrainak ikusi eta salatu zutelako. Salaketa publikorik gabe, ez litzateke inortxo ere enteretuko. Eta beharbada horixe gertatu da aurretik gertatutako isuri batzuekin. Beste isuri horien inguruko susmoak GHK-k berak hauspotu zituen, despistatuta edo, hasieran zabaldu zuen “ukaziozko” oharrean.

Zigor Kodearen 325. artikuluak berariaz jasotzen ditu, ingurumenaren aurkako delituen artean, uren kalitateari edo animaliei edo landareei funtsezko kalteak edo kalte nabarmenak eragiten dizkieten edo eragin diezazkieketen legez kanpoko isuriak. Arkaitzerreka zeharo erreta geratu zen. Argien kaltetutako arrain-espezieetako bat aingira izan zen. Aingira suspertzeko plan bat dago, Europar Batasunak sustatuta, hain justu, espeziea gainbehera dagoelako.

Anerreka Ingurumen Elkartea

Zubieta Lantzen Kultur eta Kirol Elkartea

Eguzki Talde Ekologista

TELLAETXE PARKEA (Gorostiza) EZAGUTU ETA BABESTU DEZAGUN

Eguzkik Barakaldoko Udalari eskatu dio eskatu diezaiola Bizkaiko Foru Aldundiari Tellaetxe parkearen inguruan informazio-panelak jartzeko, parkearen ingurumen-balioa ezagutarazteko.

 Parke honek eta bere inguruak hainbat balio interesgarri ditu, hala nola, Castaños ibaia, Arrain Hiruarantza (Gasterosteus gymnurus), Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan “kaltebera” gisa sartua, eta ibaiertzeko haltz eurosiberiarren baso bat (Alnus glutinosa), Zuzentarauak Batasunaren Intereseko lehentasunezko habitat gisa katalogatua.
Gorostiza zarama zuhaitzan
 Baina aire zabaleko aisialdirako eta gozamenerako gune hori zabortegi inprobisatu bihurtu da, eta mota guztietako zaborra pilatzen da bertan. Hala, Barakaldo Naturalak iaz antolatutako garbiketan egiaztatu ahal izan zen; izan ere, 500 metro eskaseko ibilbidean (urtegiaren eta Tellaetxe parkearen artean), material mota guztietatik 800 kg baino gehiago atera ziren, eta horietako batzuk oso kutsagarriak ziren, hala nola bozgorailuak, autoko bateriak.
 Nahiz eta egia den herritar guztien ardura dela ingurune hori garbi mantentzea erabili ondoren, egia da administrazio publikoak behar diren baliabideak eman behar dituela lan hori errazteko. Kasu honetan, argi dago paperontzi kopurua eta horien tamaina ez dela nahikoa bertan egiten diren aisialdiko jardueretan sortzen diren hondakinak gordetzeko. Horri gehitu behar zaio hondakinak ezin direla behar bezala sailkatu, horretarako edukiontzi egokirik ez dagoelako.
Aisialdirako gune horretara hurbiltzen diren pertsonen kezka eta ezinegona areagotzen ari da, osasungaiztasun-egoera astebururo errepikatzen baita. Kontuan izan behar da eremu horretako erabiltzaileen kopurua esponentzialki handitu dela konfinamenduaren ondoren, eta, beraz, haren kudeaketa aldatu behar dela egoera berri horretara egokitzeko.

2020-7-03

Gorostiza, zarama aparkaleku alboan
Gorostiza ibaian zarama
Gorostiza colchoneta
MOCIÓN PARA EL PLENO DE MES DE JULIO DEL 2020
Eguzki solicita al ayuntamiento de Barakaldo que inste a la Diputación de Bizkaia a:
1.      Aumentar el número de papeleras y/o contenedores en las inmediaciones de las zonas de parrillas para que los/as usuarios/as puedan depositar los residuos generados durante el uso de las mismas. Recordando que dichos contenedores tienen que permitir la correcta clasificación de los residuos.
2.      Colocar en la salida/entrada del aparcamiento principal (cercano al parque) contenedores de residuos que faciliten la tarea a los/as trabajadores/as encargados/as de limpiar el parque. Además, estos mismos contenedores pueden ser utilizados por los/as peatones que rodean el parque.
3.      Colocar carteles u otros soportes que recuerden que es labor de toda la ciudadanía mantener el entorno limpio.
 4.      Colocar paneles informativos con el objetivo de dar a conocer la riqueza natural del entorno.
Así, instamos al área de medio ambiente y urbanismo de Barakaldo la inmediata tramitación de medidas mencionadas para evitar que el daño sea mayor.

Bigarren igandez sutea Gardelegin

Eguzki, Gardelegin sutea izan den bigarren igandean

Bigarren sutea Gardelegin  1

Eguzkik, Gardelegiko zabortegian sutea izan den bigarren igandean, honako hau adierazi nahi dio iritzi publikoari.

Orain dela astebete, Eguzkitik uste genuen hondakinen politika osoa berrikusi behar dela, informazioa, gardentasuna eta erantzukizuna eskaini behar direla horien kudeaketan, Zaldibarren edo gaur Gardelegin izandako sutearen antzeko egoerak saihesteko. Zazpi egun geroago, demanda hori berretsi behar dugu, eta sute horien aurrean gardentasuna eskatzen dugu.

Ohartarazi behar da hondakinen aire zabaleko sua oso negatiboa dela osasunerako arriskutsuak diren kutsatzaileen emisioengatik, hala nola dioxina eta furanoengatik eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoengatik.

Bigarren sutea Gardelegin 2

Hondakinen errekuntzak eta, bereziki, Gardelegiko plastikoek arriskutsuak izan daitezkeen substantzia kutsagarriak sor ditzakete, eta kea eta lurrun toxikoak sortzeaz gain, airearen kalitatea larriki kaltetzen dute eta instalazioekin muga egiten duten eremuko (Gasteiz barne) lurrean, uretan eta biztanleguneetan sedimentatuko duten partikulak garraiatzen dituzte.

Hori dela eta, Eguzkik eskatu nahi du espediente bat irekitzea sute horien inguruabarrak ikertzeko eta herritarren segurtasun eta osasunerako beharrezkoak diren neurri guztiak ezartzeko.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklerra, 2020ko uztailaren 05ean

Ehizaren kudeaketa Gipuzkoan

cazadorLur
Urtean behin deitzen du ehiza-kontseilua Gipuzkoako Aldundiak. Bilera horren helburu nagusia izaten da urtero onartu behar den Ehiza Agindua hainbat eragilerekin partekatzea, aurtengo bileran basurdeen ugaritzeak landa-eremuan eragin dituen kalteen kudeaketak garrantzia berezia hartu badu ere.
Ehiztarien Federazioa, nekazaritza-sindikatuak, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Naturkon, Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten ordezkariak, deitzen dituzte bilera horretara Aldundiko arduradunek. Berez, osaketa egokia eta orekatua dela pentsa liteke interes guztien defentsari erreparatuz gero: basa-bizitzaren ustiapena -heriotza- jardunbide duten ehiztariak, basa-bizitzaren kalteak bizi dituzten baserritarrak, basa-bizitzaren defentsa helburu dugun natur kontserbazionistak, eta ikertzaileak zein administrazioa, auzi honen ardatz teknikoak izan beharko luketenak. Kontua, ordea, oso bestelakoa da. Ehiza ez da biodibertsitatearen ikerketatik ateratako ondorioen baitan kudeatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duelako biodibertsitatearen kontserbazioa lehenesten, eta horrek erabat desorekatzen ditu natur kontserbazioaren aldeko interesak ehizaren aldekoen mesedetan. Ondare naturala, eta beraz, biodibertsitatea, eskubide modura aitortzen zaigu, baina ez da printzipio horren baitan ez arautzen, ez kudeatzen. Ehizatzeko eskubidea lehenesten du Aldundiak eta ehizari jarri behar eta jarri nahi zaizkion mugak ahalik eta txikienak izateko justifikazioak eraikitzea izaten da Aldundiko ordezkarien jarduna, horretarako ehiztariekin erabat lerrokatzen direlarik (teknikariak barne).
ehizagipuzkoa eskudo ehiztari
Ehizatzeko eskubidea ez da auzitan jartzen. Eskubide historiko eta unibertsal modura defendatzen du Ehiztarien Federazioak. Zientziaren itxura ematen dio bere diskurtsoari, inoiz bistaratzen ez dituen ikerketa independenteen eta handik eta hemendik jasotako ebidentzien izenean. Ehizatzeko eskubideak ukiezinak bailiran defendatzen ditu, eta euren jarduera gizarteari egiten zaion mesedea delakoan, errekonozimendua eskatzen du. Armatutako pertsonak mendian ibiltzeak eragiten dituen arriskuak eta lasaitasun eza ahaztuta.
Oso gogorra da ehiza-federazioko arduradunaren oldarraldia bizitzea, gainbehera bizi duten espezieen alde zer egiten ari diren galdezka ikertzaile eta kontserbazionistei, Aldundiko arduradunak isil isilik dauden bitartean. Ehiztarientzat naturaren zaintza ez da administrazioaren zeregina, natur kontserbazionistona baizik. Zuzeneko harremana dute Aldundiko ordezkariekin euren “negozioa” kudeatzeko; hor biltzen garen gainerakoak etsaiak edo oztopoa gara.
Aurtengo bileran, basurdeek baserritarrei eragindako kalteak kudeatzeko ehiztariek eta Aldundiak adostutako sistemak baserritarrengan eragindako haserrearen testigu izan gara. Auzi honek erakusten du jatorrian zalantzazko oinarri zientifikoak dituen kudeaketa, edozein ezusteko gertaera esanguratsuren aurrean, zeinen ahula den. Basurde-populazioan eragindako kalteak ez ditu inork bere gain hartzen, administrazioak ere ez, kalteak baserritarrei eragindakoak bakarrik, baitira (eta hauen zenbatekoa ere ez zaigu erakusten). Basurdea eta orkatza urtean 8 hilabetez eta astean lau egunez ehizatu daitezke: urtean ia 130 egunetan zehar. Honek sekulako presioa eragiten du animalia basati askorengan: txakurrek hegaztiak altxatzen dituzte, ugaztunen, hegaztien eta abarren ugalketa etenten dituzte… Kalte horiek ere ez dira zenbatzen.
Egiteko eta pentsatzeko modu hauek aldatu ezean, alferrik gabiltza, eta biodibertsitatearen galera saihestezina izango da. Pentsamendu garaikideak ez du ehiza eskubide moduan onartzen, anakronikoa da jarduera hau, eta beraz, ehiza kudeatzeko modua errotik aldatu behar da. Ikerketa zientifikoetan oinarrituta eta seguritatea bermatuko den eremuetan, ehizak kaltetzen ez dituen edota ehizaren bidez kontrolatu behar diren espezieen kasuan soilik baimendu beharko litzateke ehiza. Ehizaren kudeaketa aldatu behar du administrazioak: legeak, araudia eta kudeaketa eredua. Dena aldatzeko dago, inoiz baino larriago bizi dugun krisi ekologiko honek aterabiderik izango badu.
Naturkon, 2020ko ekainean.
Naturkon 2020 txikia 3