Barkaiztegiko bidean legez kanpo utzitako hondakinak bildu ditu Donostiako Udalak, bazen ordua!

Bart ateratako argazkia: uralita zakutan sartuta.

Bart ateratako argazkia: uralita zakutan sartuta.

Barkaiztegiko bidean, Lanbide Heziketako Institutu zaharraren sarreran, aspaldi legez kanpo utzitako hondakinak atzo bildu eta seguru asko gaur bertan eramango dituzte.

Ondo dago ondo amaitzen dena, baina bazen ordua! Izan ere, horrelako arazo bat konpontzeko hainbeste denbora pasatzea ez da inolaz ere normala, batez ere hondakinen artean uralita zegoela egiaztatu ondoren. Uralita, amiantoa, hondakin arriskutsua da, bai pertsonen osasunerako, bai ingurumenerako. Izan ere, amiantoa biltzeko, garraiatzeko eta kontrolpean gordetzeko protokolo berezi bat jarraitu behar da.

Gogoratu Eguzkik otsailean eman ziola Udalari legez kanpo utzitako hondakin hauen berri (gero enteratu gara ordurako jakinaren gainean zegoela, lehenago ere Martuteneko bizilagun batek abisua pasatua ziolako). Abuztuan, sei hilabete igaro ondoren Udalak ezer egiten ez zuela ikusita, egoera publikoki salatu genuen. Geroztik, Elkarrekin Donostia eta EH Bildu Udaletxean galdezka ibili dira. Gaia joan den asteko udalbatzan ere planteatzera iritsi ziren.

Orain dela hamar bat egun ateratako argazkiak. Hondakinen artean hainbat uralita-pixka bistan daude. Baina uralita, txiki-txiki eginda, zakutan ere gordeta zegoen, beheko argazkian ikus daitekeen bezala.

Orain dela hamar bat egun ateratako argazkiak. Hondakinen artean hainbat uralita-pixka bistan daude. Baina uralita, txiki-txiki eginda, zakutan ere gordeta zegoen, beheko argazkian ikus daitekeen bezala.

barkaiztegi4Ez zaigu normala iruditzen horrela ibili beharra Udalak berez, nolabait esateko “ofizioz”, konpondu beharko lukeen arazo batekin.

Baina, hau esanda, esan dezagun ere hondakinak nonahi botatzen ibiltzea ez dela inolaz ere normala, are gutxiago hondakin horiek arriskutsuak direnean. Horrela ibiltzen direnek kontuan izan behar dute, harrapatuz gero, beraientzat isun gogorrak aurreikusten dituela Hondakin Legeak. Zehatz-mehatz, 9.001 eta 300.000 euro bitarteko isunak, arau-haustea larria kontsideratzen bada, eta 300.001 eta 1.750.000 euro bitartekoak, arau-haustea oso larria kontsideratzen bada. Are gehiago, segun eta nola egiten den, hondakin arriskutsuak nonahi botatzea delitua ere izan daiteke, kartzela-zigorra eta guzti.

EGUZKI, 2020ko iraila

Atzo lana guztiz biribildu gabe zegoen. Imajinatzen dugu gaur bukatuko dutela.

Atzo lana guztiz biribildu gabe zegoen. Imajinatzen dugu gaur bukatuko dutela.

Laster hasiko omen dira Lasarte-Txikierdi bidegorria eraikitzen, baina Foru Aldundiak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana bete gabe jarraitzen du

bidegorri2Lasarte eta Txikierdi (Usurbil) bitarteko bidegorria eraikitzeko proiektua onartu berri du Foru Aldundiak. Bidegorri hori Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planean aurreikusitako Donostia-Mutriku ibilbidearen zati bat da. Lanak esleitu eta urtea bukatu baino lehen hasiko omen dira. Aurrekontua milioi erdi bat eurotik gorakoa da eta eraikitzeko epea, berriz, 20 astekoa. Egia da epearekin eszeptikoak izateko eskubidea badugula, 2016an, orduko Mugikortasun diputatu Marisol Garmendiak bidegorri hori “berehala” eraikiko zela iragarri baitzuen, alferrik iragarri ere. Oraingoan, baina, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu du iragarpena, beraz, sinesgarritasun gehiago eman beharko diogu.

Lasarte-Txikierdi bidegorria behingoz eraikitzen hasiko direla albiste ona izango da, ezta? Segun eta gauzak nondik begiratzen diren. Alde batetik, ona da. Nahiz eta bidegorri txiki (kilometro bakarrekoa) eta apala izan (ez du inolaz ere emango aurreko zatiak, Errekalde-Luzuriagak, ematen duen zerbitzua), begi bat gehiago izango da Bizikleta Bideen Planean aurreikusitako Donostia-Mutriku ibilbidearen katean, eta hori ona da, ezbairik gabe. Beste aldetik, ordea, albistea ezin dugu ontzat jo baldin eta kontuan hartzen badugu Lasarte-Txikierdi bidegorria 2017rako amaituta egon behar zela eta Donostia-Mutriku ibilbidea, berriz, 2021erako oso-oso aurreratua. Izan ere, datorren urtean norbait hasiko da pedalei eragiten Donostian Mutrikurantz bidegorrian barrena… eta Txikierdiraino baino ez da iritsiko. (Ezta Usurbil herriraino bertaraino ere. Izan ere, herriraino bertaraino iristea bai izango zela albiste bikaina; harrigarria ez ezik lotsagarria ere bada urteak eta urteak pasatzea eta Lasarte-Oria eta Usurbil artean oinezkoentzako eta txirrindularientzako lotura eroso eta batez ere segururik gabe jarraitzea).

Planaren arabera, Donostia-Mutriku ibilbideak datorren urterako bukatzear egon behar zuen. Alabaina, Lasarte eta Txikierdi bitarteko tarteaz ari gara orain. Atera kontuak.

Planaren arabera, Donostia-Mutriku ibilbideak datorren urterako bukatzear egon behar zuen. Alabaina, Lasarte eta Txikierdi bitarteko tarteaz ari gara orain. Atera kontuak.

Alegia, Donostia-Mutriku ibilbidea osatzeaz hitz egiten egon behar genuenean, Lasarte-Txikierdi zatiaz hitz egiten aritzeak agerian uzten du zer puntutaraino urratzen ari den Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana. Gogoratu Plan hori 2013ko ekainean onartu zutela aho batez Batzar Nagusietan ordezkatuta zeuden talde politiko guztiek. Planak zortzi urte aurreikusten ditu (edo zituen), bi laurtekotan banatuta, 2013-2017 eta 2017-2021, Planifikatutako Oinarrizko Foru Sarean egiteke dauden bidegorri-zatiak egiteko, hau da, Sarea behingoz osatzeko. Baina Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, egiteke daudenak, epea amaitzeko urtebete baino gutxiago falta denean. Gure inguruan, honako hauek, behintzat, bai: Lasarte_Oria-Usurbil (Txikierdi), Usurbil (Txikierdi-Santuene), Usurbil-Orio, Errekalde-Galarreta (Hernani), Lasarte_Oria-Urnieta, Urnieta zeharbidea, Urnieta-Andoain (bukatu gabe), Andoain-Villabona (bukatu gabe).

Aldundiari behin eta berriz Planaren gauzatze-mailari buruzko informazio eguneratua eskatu diogun arren, ez digu eman, baina joan den uztailean  lehen laurtekoaren ebaluazio-txosten TEKNIKOAren kopia bat helarazi zigun. Txosten horretatik honako paragrafo hau ateratzen dugu, gure ustez oso argigarria delako:

Captura2Laburdilduz: Aldundiak ez zuen lehen laurtekoan aurreikusitako dirua inbertitu, zehatz-mehatz, behar baino 5,7 aldiz gutxiago inbertitu zuen. Bigarren laurtekoan inbertsioa bizkortu ezean, Plana gauzatzeko 17 urte gehiago beharko zirela aurreikusi zuen txosten teknikoak. Bada, txostena egin zenetik Aldundiak inbertsioa bizkortu ez duenez, lehen laurtekoaren atzerapenei bigarrenarenak gehitu zaizkie. Hitz gutxitan: Plana gauzatzeko epea amaitzear da eta gauzatze-maila izugarri apala da.

COVID-19a dela eta, oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunak protagonismoa irabazi du. Zoritxarrez, egoerak mugikortasun mota honi ematen dion potentziala erabat garatu ahal izateko Gipuzkoan dagoen oztopoetako bat da, ezbairik gabe, Bizikleta Bideen OINARRIZKO Sarea amaitu gabe egotea. Mugikortasunaren Europako Astearen inguruko erretolika instituzionala askoz sinesgarriagoa izango litzateke baldin eta Bizikleta Bideen Plana, OINARRIZKO proiektu bat, ia zeharo alboratuta ez balego.

EGUZKI, 2020ko iraila

Eguzkik Legazpiko, Zumarragako eta Urretxuko udalei eskatu die aurten udalak berak arduratu daitezela Urola ibaiko zaborrak kentzeaz

Iaz Erreka Egunean Urola ibaitik jasotako hondakinak Legazpin. Garbiketa harengatik ez balitz, hondakin horiek itsasoko bidean leudeke.

Iaz Erreka Egunean Urola ibaitik jasotako hondakinak Legazpin. Garbiketa harengatik ez balitz, hondakin horiek itsasoko bidean leudeke.

Prentsaren bidez eta Legazpiko, Zumarragako eta Urretxuko udalekin telefonoz hitz egin ondoren, jakin dugu aurten, Covid-19a dela eta, Erreka Eguna ez dela egingo hiru udalerriotan hilabete honetako azken larunbatean, azken 16 urteetan egin den bezala, eta jarduera eskualde mailako bideo bat egitera mugatuko dela.

Eguzkikook uste dugu Erreka Eguna ez ospatzea ez dela oztopo Urolatik zaborrak ateratzeko. Udalek hainbat aukera ditu: guri interesgarria iruditzen zaigu Azpeitiko Udalak egingo duena, Ibai Eder ibaiaren 5 kilometroak modu profesionalean garbitzeko enpresa espezializatu bat kontratatu du, hil honen 28an hasiko dena. Foru Aldundiak %40 ordainduko du.

Datu batzuk: garbiketa profesionalaz gain (ez du zerikusirik Auzolaneko garbiketekin), enpresa bera arduratzen da hondakinak sailkatzeaz eta dagokien tokira eramateaz.

Antzeko zerbait esan dezakegu Ordiziako Udalaz: duela bi urte hasitako lanarekin jarraituko du, eta 2020an Oria ibaia eta Ordiziako tarteko Amundarain erreka ere garbituko ditu profesionalki.

Zergatik iruditzen zaigu ezinbestekoa hondakinak jasotzea?

Bada ulertu behar dugun funtsezko gauza bat: ez dugu inoiz jakingo zein den gure ibaien errealitatea biltzen duen zabor kopuruari dagokionez. Izan ere, garbitzaile handienetako bat, bizitza osoa hor daramana, eraginkorrena, inoiz huts egiten ez duena, bere urak dira.

Esan nahi duguna da gure zaborrak ez direla gure zain egongo datorren urtera arte. Ibaiaren ur-emaria igotzen denean eta urak indarrez jaisten direnean, zati bat arrastatu egingo da, gure kostaldean amaitzeko.

Horregatik eskatzen diogu Udalari zaborrak kentzeko, eskaera ontzat joko duen itxaropenez.

“Keinu” polita izango litzateke, lehendabizi, errekarentzat berarentzat, eta, gero, urte hauetan guztietan Erreka Egunean parte hartu duten guztientzat.

Eguzki, 2020ko iraila

Prentsaurreko-elkarretaratzea: errepresioaren gainetik, AHT-ari desobeditu !

600px-AHT_ez_afixa_Donostian

Abuztuan, Mugitu! mugimenduak Alesbes eta Azkoien arteko AHTaren obretan egindako ekintza aitzaki hartuta, pasa den ostiralean, hilak 11, poliziak AHTari desobedientzia aldarrikatzen duen mugimendu horren aurkako sarekada burutu zuen.

Abuztuaren 13an Mugitu!ko kideak AIDEFeko langilez jantzita, AHTaren obretako zati batera bertaratu ziren, eta AIREF (Erantzunkizun Fiskaleko Agintaritza Independentea) erakunde ofizialak plazaratutako azken txostenean oinarrituz, AHTaren obren gelditzea antzeztu zuten. Txosten horrek AHTak Estatuan duen errentagarritasuna aztertzen du eta Madrileko gobernuari amaitu gabe dauden lineak geldiaraztea gomendatzen dio.

Hilabete geroago, kalez jantzitako poliziek, epailearen agindurik gabe, Alesbes-Azkoien arteko ekintzan parte hartu zuten Mugitu! mugimenduko bost kide atxilotu zituen haien etxeetan edo etxetik irtetean. Seigarren bat ezin izan zuten atxilotu atzerrian zegoelako eta bi kide beren kabuz azaldu ziren polizia-etxera abokatuak deituta. Komisaldegian atxilotuei erakutsi zieten polizia txostenean, denera 10 lagun agertzen dira, izen-abizenez, bi kazetari ere ikertzen ari direlako; bestetik, identifikatu ezin izan diren bi pertsona ere aipatzen dira. Leporatzen dizkieten delituak, funtzio publikoak usurpatzea, dokumentuak faltsutzea eta derrigortzea dira. Neurrigabeko polizi operazioa izan da, bai leporatzen diren delituen larritasunagatik eta baita operazioaren tamainagatik ere, gainera, polizia-etxera deklaratzera deituz erraz saihestu zitekeena.

Hortaz, dei egiten dizuegu sarekada, kriminalizazio saiakera eta AHTaren zentzugabekeria salatzeko eta atxilotuei elkartasuna adierazteko, hurrengo larunbatean, irailaren 26an, 11etan, Sarasate pasealekuan   PSOE-PSN egoitzaren aurrean egingo den prentsaurreko-elkarretaratzera  hurbiltzera.

ERREPRESIOA GELDITU! AHT GELDITU!

Mugitu! mugimendua

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zabor-tasak ere agerian uzten du Lasarte-Oriako Udala ez dagoela birziklatzearen alde

Lasarte-Oriak hondakin alorrean dituen arazoak bestelakoak badira ere, Udalak lurpeko edukiontziei buruzko erremerendumarekin tematuta jarraitzen du.

Lasarte-Oriak hondakin alorrean dituen arazoak bestelakoak badira ere, Udalak lurpeko edukiontziei buruzko erremerendumarekin tematuta jarraitzen du.

Zabor-tasa kobratu du abuztuan Lasarte-Oriako Udalak: ehun eurotik gora. Sare sozialetan kexak egon dira, gehiegi ez ote den edo. Gehiegi den ala ez eztabaidagarria da, baina ez da eztabaidagarria, batetik, azken urteotan tasa KPIren gainetik igo dela (oso modu nabarmenean, gainera), eta, bestetik, aurten ere ez dela birziklatzen dutenentzako hobari edo deskonturik izan.
Azter dezagun, lehendabizi, igoera. Honako taula honetan ikus daitezke azken urteotako igoerak, KPIrenak eta zabor-tasarenak:

Lasartekotasa-eusDatuok ezin argigarriagoak dira, azken urteotan zabor-tasaren igoerak KPIrenak baino askoz handiagoak izan dira; izan ere, bost aldiz handiagoak izatera ere iritsi dira. Ez da oso zuhurra izan behar neurrigabeko igoera hauek erraustegia finantzatzeko beharrarekin lotzeko.
Hala ere, okerrena ez da igoera (izugarria, edonondik begiratuta ere). Okerrena da birziklatzen dutenentzako hobari edo deskonturik ez dagoela. Beraz, birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek berdin-berdin ordaintzen dute. Hori antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tarifa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. Eta hori Lasarte-Oriako Udalak espresuki hala erabaki duelako.

Hori bai, birziklatzearen alde dagoela esaka jarraitzen du Udalak, eta itxurak egiteko, egingo balu bezala baina benetan ezer egin gabe, lurpeko edukiontziei buruzko erreferendum absurdo hori sustatzen du. Erreferendum horrek ez du ezertarako balio, ez, behintzat, Lasarte-Oriak hondakinen alorrean planteatuta dituen arazoei heltzeko.
Udalak laster erabaki beharko ditu datorren urteko tasak. Okerrak zuzentzeko aukera berri bat.

EGUZKI, 2020ko iraila

Nafarroako AHTaren azpitarteen erdia, geldirik

Previo a Boca sur Tunel Monte Plano. ERRIBERRI-TAFALLA

AHTaren Nafarroako korridoreko lanak bisitatzeko azken asteotan egindako bisitetan, AHT Gelditu!k egiaztatu du lanean ari ziren lau azpizatietatik bi gelditu egin dituztela. Zehatzago esanda, Erriberri-Tafalla 7,6 km-ko azpizatian eta Tafalla-Tafalla 7 km-ko azpizatian ez dago ez makinarik ez langilerik lanean.

Gobernu zentralak eta nafarrak ez dute horri buruzko azalpenik eman. Lanen ardura duten enpresek (Puentes y Calzadas Infraestructuras eta Muriasek osatzen duten aldi baterako enpresa-elkartea lehen azpitarterako eta Rover Infraestructuras bigarrenerako) ez dute horretaz iritzirik eman.

 

Beste bi azpiatalei dagokienez, Alesbes-Azkoien eta Azkoien-Erriberri, lanak normaltasunez jarraitzen dute. Lehenengoa egiteko epea 2021eko otsailean amaituko da, eta bigarrena berriz, aurtengo abenduan.

 

Goian aipatutako bi azpitarteetako lanak geldiaraztea albiste ona bada ere, ez dakigu zergatik ez dituzten berehala geldiarazten obretan jarraitzen duten beste bi azpitarteak. Noiz arte diru publikoa xahutzea etorkizunik ez duten eta are gehiago bizi dugun krisi sistemiko globalaren testuinguruan dauden obra suntsitzaile eta alferrikakoetan? El Economista egunkariaren arabera, badirudi Espainiako gobernuak gustura hartu duela AIREF (Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea) erakundeak egindako ikerketa. Ikerketa horretan, Espainiako estatuan AHT-lineen garapenari kritika latza egin ondoren, amaitu gabeko proiektuak geldiaraztea gomendatzen dio gobernu zentralari.

 

Ez gara konformatzen Nafarroako AHTaren azpizatien erdiak gelditzearekin. Euskal Herriko AHTaren obra guztiak berehala eta behin betiko ixteko eskatzen diegu gobernuei: Nafarroako korridorea, oro har, AIREFen azterlanaren arabera amaitzeko oraindik % 96,4ko finantziazioa falta duena, eta Euskal Y-a, berriz, azterlan beraren arabera,  % 58,2koa, eta hori guztia obra mota horietan oso ohikoak diren gainkostuak kontuan hartu gabe. Bi kasuetan, egiteko dagoen gastua orain arte xahututakoa baino handiagoa da, batez ere Nafarroako kasuan, obrak hasi besterik ez baitira egin.

 

Euskal Herriaren historiako azpiegiturarik suntsitzaile eta xahutzaileenaren lanekin kosta ahala kosta jarraitzeko gobernuen burugogorkeria ikusita, abiadura handiko proiektu guztiak salatzen jarraitzeko deia egiten dugu, behin betiko amaiera lortu arte.

 
AHTren dirua gastu sozialeentzat!   Gelditu lurraren aurkako gerra! Bizitza erdigunean!

 

AHT Gelditu! Nafarroa
http://noaltavahtgelditu.blogspot.com /

 

 

 

Bide berdetik zabortegira, Barakaldo eta Trapaga artean

Hainbat eta hainbat hondakin eta legez kanpoko isurketa agertzen dira berriro Retuertotik, Orconerako bidetik (tunelak itxiz), Ugarteraino, antzinako bide hau Gallartako meategietatik Bizkaiko Labe garaietaraino zihoana delarik, non azken hamarkadetan bide natural bihurtu den, non jendea paseatzen eta bizikletan ibiltzen zen.

Okintza-hondakinetatik hasi eta obra-zakuak dituzten dozenaka hondakinetaraino; azken hori klasiko bat da Barakaldoko berdegune eta apartatuetan. Arriskutsua, kutsagarria eta erabateko utzikeriakoa da Barakaldo eta Trapaga arteko pasealekuaren zati hau.

Escombrera a 8 metros del Castaños.Hauteskunde-promesak ez betetzeaz gain (PSOE 2010 aurreproiektua eta EAJ hauteskunde-promesak 2015 eta 2019an, eta oposizioaren osoko bilkurak 2017an onartua), duela 12 urtetik hona, hainbat eta hainbat aldiz eskatu da Bidegorri-bide berde hori amaitzea, Retuertotik Orconeraraino iritsiko litzatekeena, eta aukera eman zaie harez gozatzeko, inolako arriskurik gabe.

Arriskutsua, zikina eta legez kanpokoa izateaz gain, honez gero, delitua hondatu egingo litzateke, babestutako faunaren zaintzan duen “eginkizunen utzikeriagatik”, bai Barakaldoko Udalaren aldetik, bai Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik; izan ere, isurketa horietako batzuk Castañosera iritsiko lirateke (behin baino gehiagotan salatu dituzte), eta Castaños ibaitik metro gutxira egongo litzateke, ibaiaren zati hori Arrain Espinosoaren (Gasterena) habitata izanik. Espezie Mehatxatuenak, hondakin horietako batzuk.

Eguzkik eskatzen du:

  1. Eguzkik, tarte hori berehala garbitzeko eskatu die Barakaldoko eta Trapagako udalei, eta Trapagarandik Retuertoraino falta den bide berderako bide zaharra martxan jartzeko eta egokitzeko.
  1. Eguzkik, hamargarrenez, Barakaldoko eta TRAPAGAKO udalei mota horretako isurien berri ematen die, eta beste behin ere horrelako isurketen aurrean neurriak hartzeko eskatzen die, auzotarrek, elkarteek eta talde ekologistek askotan salatu baitituzte.
  1. Eguzkik Bizkaiko Foru Aldundiari eta Urari eskatu die Castaños ibaiaren ertzak babesteko eta hobetzeko neurriak har ditzatela, Galindoko tartetik Gorostizako presaraino, arrain arantzatsua babesteko.

Tramo de camino de Barakaldo a Trapaga

Sacos junto al Castaños.

Salida del túnel de Ugarte

Túneles casi inransitables por escombreras

 

Barakaldo eta Trapagako Eguzki

2020-09-14

Eguzkik Errenteria-Oreretan puntu beltz bat dagoela salatu du

Gune beltza
Oinezkoentzako bideak hobetzeko eta oinezko pasealekuak indartzeko asmoz, Eguzki Oarsoaldeak Oarsoaldeko udalerriei dei egiten die bidegorriak eta oinezkoak igarotzeko beste bide batzuk egoera onean daudela zaintzeko, mantentze- eta argiztapen-baldintza egokietan ez daudelako.

Zehazki, Kaputxinoen Gaina kaleko hegal-bidearen azpitik igarotzen den oinezkoentzako pasabidea, GI-636 errepidearekin lotzen den puntuaren eta Errenteriako Oiartzun ibaiaren gainetik igarotzen den biaduktuaren artean.

Lezo eta Pasai Antxo artean doan pasealekua da, Kaputxinoetako biribilgunea eta Lezokoa zuzenean lotzen dituena, Nafarroa etorbidetik eta Errenteriako erdigunetik igaro behar izan gabe. Arazoa da hirigunetik isolatutako eremu bat dela, portu-barrutiaren mugakidea, pasealekua erabat isolatuta geratzen dela, argiztapen gutxirekin, hiri-mantentze faltarekin (zoladuraren egoera, belar txarrak, hondakin abandonatuak, etab.), eta oinezkoak behartuta daudela ikusten ez den baina susmatzen den guztia saihesten joatera, nahi ez dituzten ustekabeak topatzeko arriskupean geratuz. Horregatik, oso jende gutxi ausartzen da gauez hortik pasatzen.

Arestian aipatutakoagatik, Eguzki talde ekologistak Errenteriako Udalari eskatu nahi dio eremu horretan argiak jartzeko, hiri-mantentze egokia egiteko eta oinezkoen pasabidea ixten ari den landaredia garbitzeko.
Era berean, Oarsoaldeko gainerako udalei ahalegina egin dezatela eta herritarren artean segurtasun falta sortzen duten puntu beltzak desagerrarazten saia daitezela eskatu nahi diegu, gure eskualdean oinezkoen joan-etorriak eta bizikletaren erabilera sustatzeko.

Usapal-ehiza Estatu frantsesean ere debekatuta geratu da, beraz, Euskal Herrian Nafarroako Gobernuak bakarrik baimentzen du

usapala_debekuaFrantziako Trantsizio Ekologikoko Ministeritzak 2020-2021 ehiza-denboraldian 17.460 usapal botatzeko baimena eman zuen abuztu bukaeran. Bada, baimen hori bertan behera utzi zuen atzo Estatu Kontseiluak, Ligue pour la Protection des Oisseaux-ek jarritako helgitea ontzat emanez (*). Erabakia Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari ere badagokie, noski. Gauzak horrela, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek usapal-ehiza iaz debekatu zutela kontuan izanik, Nafarroako Gobernua da Euskal Herri osoan hegazti horiek botatzea baimentzen duen bakarra. Izan ere, Nafarroako Gobernuak, hirugarren urtez, uko egin dio Europako Batzordeak bultzatzen duen Usapala Suspertzeko Ekintza Planean aurreikusitako behin-behineko debekua ezartzeari.

Egia da Nafarroako Gobernuak usapal-ehiza modu mugatuan baimentzen duela. Zehatz-mehatz, denboraldi honetan, lau igandetan bakarrik, bi abuztuan eta bi irailean (azkena, bihar, hilaren 13an), eta, gainera, gehienezko kopurua ehiztari eta eguneko bi usapalekoa da. Baina hori bezain egia da, espeziea zein egoeratan dagoen ikustia, Ekintza Planaren atzean dagoen aditu batzordeak esan duela kopuru onargarri bakarra 0 dela.

Eguzkik, beste hainbat elkarte ekologista eta naturazalek bezala, badaramatza urte batzuk usapala babestu edo, behintzat, ehizatu daitezkeen hegaztien zerrendatik atera egin behar dela aldarrikatzen. Gure ustez, usapalaren egoera nolakoa den ikusita, ehizatzeko behin-behineko debekua berandu baino lehen orokortuko da, eta Nafarroan ere ezarriko da. Zoritxarrez, zenbat eta beranduago ezarri, gero eta zailagoa izango da espeziea suspertzea. Administrazio publikoei gogorazi behar zaie kudeaketa zinegetikoaren ardatza bioaniztasunaren zaintzan jarri behar dutela, ez beste ezertan.

EGUZKI, 2020ko iraila

(*) https://www.lpo.fr/actualites/tir-des-tourterelles-des-bois-le-conseil-d-etat-siffle-la-fin-de-la-partie-2

Legazpiko industrialdetik Urolara zaborraren arazoak konponbide beharrean jarraitzen du

legazpiLegazpiko industrialdetik Urolara eroritako hondakin-bilketa egin dugu Eguzkikook, ibai-ertzek puntu horretan duten abandonu-egoera tamalgarria bistaratzeko. Zehazki, aparkaleku parean aurkitu dugun zaborra atera dugu, baita hormetan hazten den landaretzatik zintzilik zegoena ere. Ez guzti-guztia, noski, zati bat baizik.

Emaitza ezin argigarriagoa eta, neurri berean, etsigarriagoa izan da. Ibaitik bildu dugun materiala hiri-hondakin solidoak dira. Agerikoa da aparkalekutik ibaira iritsi direla hondakinak arduragabe erabiltzeagatik, asfaltoan utzita, eta, ondoren, haizeak bultzatuta, besteak beste, ibaira iristen dira.

Ikus bideoa: https://youtu.be/PRGcii3E1C0

Honako hau ez da berria, ezta berezia ere. Zoritxarrez, herri guztietan gertatzen da. Izan ere, hondakinak edonon botatzeko kultura, eta gero etor daitezela Udaletxeko langileak garbitzera, garesti ateratzen ari zaie gure poltsikoari eta, batez ere, naturari.

Horregatik, Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Tolosako udalek neurri aringarri batzuk, behintzat, hartu dituzte. Zehatz-mehatz, burdin-sarea (babes) batzuk jarri dituzte barandaren behealdean, kalean (edo aparkalekuan) utzitako hondakinak “deskuidoan” ibaira eror daitezen eragozteko. Laster, Urretxuk, Zumarragak eta Ordiziak gauza bera egingo dute.

Zestoaren kasua nabarmendu nahi genuke, Legazpikoarekin izan dezakeen antzekotasunagatik. Zestoak 335 metro lineal sare ipini ditu Urola ertzean Errotako industrialdean.

Eremu horretako hondakinen arazoa eta konponbidea ez dira berriak Legazpiko Udalarentzat.

Legazpiko Udalak badu arazo honen berri. Izan ere, industrialdean sare hauek ipintzeko proposamena 2019ko martxoaren 1ean erregistratu genuen. Ondoren, osoko bilkurara ere joan ginen, hura bukatu ondoren, zinegotziei horren berri emateko.

Erakundeak behingoz jabetu behar dira dagoeneko urte asko direla Urola ibaiari eraso egiten zaiola. Urtetan erabili dugu hustubide gisa eta, gaur egun, zabortegi bat izaten jarraitzen du.

Garbiketen aroa atzean utzi behar dugu, bide berri bat igarotzeko; konponbidearena.

Ibaiak  garbitzea, konponbiderik bilatu gabe, ibai bat zabortegia izan daitekeela normalizatzea eta justifikatzea da, eta horretan ari gara.
Altxor publikotik ehunka mila euro gastatzen ditugun bezala urtero gure kaleetako zaborrak biltzeko, dirua bideratzen hasi behar da ibaiak behingoz bere eskubideak berreskura ditzan, eta industrialdeak, zalantzarik gabe, aukera hori eskaintzen digu.
Has gaitezen konponbidetik.

Eguzki, 2020ko iraila