Larunbatean, Donostiako Udalaren hirigintza politika salatzeko manifestazioa

DonostiaDefendatuzDONOSTIA DEFENDATUZ, Donostiaren defentsak eta kezkak elkartzen dituen antolakunde, eragile, auzo elkarte eta gizarte mugimenduen koordinadora ez-partidistak herritarrei dei egin die datorren maiatzaren 4an manifestatzera gaur egungo hiria mehatxatzen duten hirigintza ekinbide polemikoen biderkatzeagatik. Ikus bideoa Donostia defendatuz.
Dendartean, Ondare-SS, Uliako Auzo Elkartea, Bizilagunekin, Belartza 2 Gelditu, Satorralaia eta Haritzaldek sortutako DONOSTIA DEFENDATUZ koordinadorak deia zabaldu die herritarrei, era berean, tokian tokiko beste borroka txikietan Udalaren kudeaketa txarrarekin desadostasunean daudenei. Eguzki da deiarekin bat espresuki egin duen taldeetako bat. Udalaren finantziazioaren truke hiriaren nortasuna, ondare arkitektonikoa, naturala, soziokulturala eta merkataritza txikiaren aurkako eraso jarraia ematen dela ikusten dute.
Metroaren pasantea, merkataritza eremu erraldoien eta multinazionalen Añorgako Makro-parkeak sortzeko baimenen tramitazioa, lurzoru naturalaren suntsiketa eta artifizializazioa, hiri-eremuko zuhaitzen etengabeko mozketa, Uliako mintegien urbanizazio proiektua, eraikin berezien babesgabetasuna eta eraisketa edo hiriaren turistifikazio masiborako hotel berrien amaigabeko irekiera bezalako ekinbideek sortutako alarma eta nahigabea dira deialdi herritar honen jatorria.
DONOSTIA DEFENDATUZen iritziz, aipatutakoak arazo endemiko eta ez-puntual baten adibide batzuk soilik dira; promotore, saltoki erraldoi eta kateak bezalako interes ekonomiko handiei mesede egiten dieten udal politiken ondorio dira. Gaur egungo hiria modu arriskutsu eta atzeraezinean saltzen duten politika horien bidez, Donostiako Udalak bere diru-kutxentzat finantziazioa eskuratzen du. Emaitza: Donostia enpresa handien negoziorako eta turismo masifikatuarentzako hiri-eredu baten baitan eraikitzen ari dira, bizitzeko toki bat izan dadin eragotziz eta donostiarren interes orokorraren aurkako norabidean.
Hiria mehatxatzen duten ekinbideen aurkako DONOSTIA DEFENDATUZ martxa datorren larunbatean, maiatzaren 4an, izango da eta arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Easo plazatik.

Belartzako errekako tarte bat leheneratzea ondo dago, baina goiko aldea ez artifizializatzea da ezinbestekoa

Errekatxulo: oraingo kaxoia eta lanak hasita, ertzak leuntzeko.

Errekatxulo: oraingo kaxoia eta lanak hasita, ertzak leuntzeko.

Ibaiak eta errekak leheneratzea, berezko ekosistemak errekuperatzeko, beharrezko da, baina artifizializatzen jarraitzeari uko egitea da ezinbestekoa. Pernandoren egia hori gogorazi nahi dugu Ura agentzia eta Donostiako Udala, europar finantziazioaz, Belartzako errekako 80 metroko tarte bat leheneratzeari ekin dioten honetan. Argitu dezagun, gaizki-ulertuak saiheste aldera, Belartzako erreka hori dela auzokoek Errekatxulo deitzen dutena.

Eta erreka-zati txiki bat leheneratzen ari direlako ere protesta egin behar al duzue? Ez, jakina, nola egingo dugun horregatik protesta baldin eta urtetan errebindikatu badugu ibaiak ura garraiatzeko ubide edo kanalak baino gehiago direla? Are gehiago, Errekatxuloko proiektuari ikusten diogun bertute nagusietako bat da agerian uzten duela egoera zailenetan dauden errekak ere asko hobetu daitezkeela. Izan ere, leheneratu behar duten tarte horretan metro bat zabaleko kaxoi zuzen eta aldapatsu batetik igarotzen da ura. Gero lurpean edo, hobeto esan, asfaltopean sartzen da, eta horrela jarraitzen du (eta jarraituko du leheneratze-proiektua bukatu ondoren) Lore Tokin berriz ere azaleratu arte.

Atentzioa ematen diguna da tarte zail hori leheneratzen inbertitzea eta, aldi berean, Belartzako goialdean dagoen aberastasuna arriskuan jartzea. Izan ere, Udalak goialdean sustatzen duen Belartza II poligonoak aurrera jarraitzen badu, beharbada Errekatxulo ez hainbeste, baina malda berean, metro eskas batzuetara dagoen Belartzako beste erreka, Hirubide izenekoa, zeharo suntsituta geratuko da, ondorio guztiekin. Horrela balitz, Errekatxuloko leheneratze-proiektua, bertuteak bertute, kosmetika-ariketa huts baino ez litzateke izango.

Arestian esan bezala, ibaiak eta errekak leheneratzea beharrezko da, baina artifizializatzen jarraitzeari uko egitea da ezinbestekoa.

Eguzki, 2019ko apirila

belartza3

Errekatxuloko lanetako beste bi irudi.

Errekatxuloko lanetako beste bi irudi.

Urak berretsi du Papelera del Oriak legez kanpo isuri duela, Eguzkik salatu bezala

papelera1 

Urak berretsi du Papelera del Oriak legez kanpo isuri duela, Eguzkik martxoaren 29an salatu bezala. Hona hemen bideoa:

https://youtu.be/iUYUmIHi2g0

Zizurkilgo empresa araztegia handitzeko lanak egiten ari da eta Urak lan horiekin lotu du isurketa. Baimendutako isurketa-maila enpresak noiz gainditzen duen zorrotzago kontrolatu ahal izateko neurriren bat ere eskatu du agentziak.

Eguzkikook nabarmendu nahi dugu ez zela isurketa puntuala izan. Izan ere, guk martxoaren 29an salatu genuen arren, hainbat lekukok esan digute enpresa hainbat egun lehenagotik isurtzen ari zela, eta, guk geuk ikusi ahal izan genuenez, ondorengo egunetan ere isurtzen jarraitu zuela. Horren lekuko dira martxoaren 30ean eta 31n, hurrenez hurren, ateratako honako bideo hauek:

https://www.youtube.com/watch?v=-T3mG0BgdpQ

https://www.youtube.com/watch?v=RSNuA-IXChE

Oria paper fabrika isurketa 3 2019-03-29

Kutsadurari dagokionez, garbi dago gure ibaien egoera, zorionez, ez dela orain dela 40-50 urtekoa, eta hori begi-bistan dago. Orian, non paper-fabriken garai bateko apar ikusgarri haiek gaur egun beteranoenen gogoan baino ez dauden. Baina hobekuntzak ezin du ezeren aitzakia izan. Izan ere, besterik ez genuen behar! Orain dela 40-50 urte bezala egotea! Hemen kontua da kutsadurak gure ibai eta erreketan arazo kronikoa izaten jarraitzen duela. Alde batetik, eta plastikoen kontua alde batera utzita ere, oinarrizko saneamendu-sareak oraindik guztiz osatu gabe daude (Oriari dagokionez, behar bestetan salatuko ditugu Aginaga, Andoaingo Ziako erreka eta Tolosan isurtzen duen Zelai ibaiaren kasu lotsagarriak). Bestetik, asko eta asko dira etxeak eta enpresak oraindik sarera konektatu gabe daudenak, edo baimendutako isurketa baino larriagoa egiten dutenak. Horri dagokionez, Eguzkik azken hilabeteotan isurketak salatu ditu Donostian, Mundakan, Zizurkilen, Lasarte-Orian, Mutrikun, Ondarroan… Ez dira egoera puntualak, kronikoak baizik, edo, hobeto esan, kronifikatuak. Ohitu gara, hainbeste ohitu ezen askotan errekara begiratu eta normalak iruditzen baitzaizkigu. Ez ba, ez dira normalak, legez kanpoko isurketen ondoriozko egoerak dira. Gauzak horrela, berriz ohitu behar gara edo ikasi behar dugu errekara begiratzen ikusteko begiekin. Izan ere, garbi eduki behar dugu ibaira egiten den isurketa oro kutsakorra dela eta ondorioz habitata kaltetzen duela. Beraz, ikusten dugun isurketa oro salatu egin behar: 112ra edo Eguzkiri (688662532) deitzea ez da lan handia, eta hortik aurrera zenbat eta mezua gehiago zabaldu, hainbat hobe. Modurik onena da arazo honi egin diezaioten merezi duen kasua.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra 2019ko apirilean.

Leitzaran ibaiaren jeitsiera aldarrikatzaile berri bat

AURTEN ERE UR-BELTZAK ETA LEITZARANEN BABESA ALDARRIKAPENAREN ARDATZ

Jaietan eginik, dudarik gabe, festa kutsu nabariko jaitsiera izango da baina baita aldarrikatzailea ere.

Leitzaran erreka jeitsiera kartela  2019 -2

Aldarrikapenak bi ardatz nagusi ditu: Leitzaranera isurtzen jarraitzen dugun ur-beltzen bideratzea eta Leitzaran ibai eta arroaren babes osoa aldarrikatzea.

–          Ur- beltzei dagokionean, arazoaren %90arekin amaitzeko Olagain auzoko egitasmoa mahai gainean du Udalak. Orain berau aurrera eramateko diru partida zehaztea falta eta hori ere laster egiteko itxaropena dugu. Hori gauzatuz gero aspaldiko urtetako aldarrikapen garrantzitsu bat beteta ikusiko genuke, ibai ekosistemarentzat onura izugarria ekarriko lukeena. Ez dugu ahaztu nahi arazoaren %10 ezkerraldetik datorrela eta horri oraindik ez diola esku sartu udalak. Eskumalde horretatik etorri dira azkenaldian, isurketa arazo ez oso larri baina bai ikusgarriak.

Leitzaranen irailean gertatuko isurketa bezalakoa ekiditea da gure helburuetako bat

Leitzaranen irailean gertatuko isurketa  bezalakoa (argazkikoa)  ekiditea da gure helburuetako bat.

–          Dakizuenez, egun Leitzaran ibaia Biotopo babestu izendatuta dago baina zoritxarrez hori ez da nahikoa ez ibaiaren beraren etorkizun egokia bermatzeko ezta Leitzarango arroarena ere. Horregatik, Aldundiari behingoz neurri eraginkorrak hartzea eskatzen diogu eta horien artean Leitzaran natur parke izendatu dezala. 

Horretarako 16:00 Bekoplazan geratu gara baltsak jasotzeko; edo Olarzar Parkean 16:15etan, bertatik abiatuko gara eta 16:45tan. Santakrutz zubi ingurura 17:30 aldera iritsiko gara.

2018ko jaitsierako une bat.

2018ko jaitsierako une bat.

Eguzkitik, nola ez parte hartzera animatu nahi zaitugu eta zalantzak argitzeko apirilaren 24an Urigainen 18:30tan ospatuko den bilerara etor zaitezke.

INGURUMENAREN ETA LEITZARANEN ALDE!  LEITZARAN NATUR PARKEA!!

EGUZKI

Urumean igandean izandako gasoil-isurketa argitzeko eskatu du Eguzkik

gasoil urumeaIgande goizean, hilak 14, gasoil-isurketa kutsakor bat gertatu zen Urumean, Astiñeneko zubi parean.

Oso orban zabala zen, eta, mareak bultzatuta, ibaian gora zihoan.

Ertzain batzuk bertaratu ziren eta irudiak hartu zituzten.

Eguzkikook ez dakigu zehatz-mehatz isuriaren iturburua zein izan zen, baina Astiñeneko zubi berriaren eraikitze-eremuan atzeman zen.

Gauzak horrela, Ura agentziari, Ertzaintzari eta Donostiako Udalari eskatzen diegu argitu ditzatela isuria nondik etorri zen, nolako eragina izan zuen eta nolako neurriak hartuko dituzten horrelakorik berriro ez gertatzeko.

Labur-labur: gardentasuna eskatzen diegu, Urumeako urek behar duten gardentasuna.

Donostiako EGUZKI, 2019ko apirilean

Noiz arte Barnaren ur zikinak?

barna-mundaka1Mundakako Barna enpresak berriro ere isurketa kutsakor nabarmena egin du. Hain justu, Eguzkik joan den otsailean salatu zuen arrain-irinak fabrikatzen dituen enpresa horren kasua. Izan ere, ur zikinak ondo-ondoan den Lamiarango araztegira bideratu beharko lituzkeen arren, zuzen-zuzenean itsasora botatzen jarraitzen du kolektore baten bitartez. Zergatik? Hori egiten uzten diotelako, bistan da.

Tarteka, Barnari “eskua joaten zaio” eta isurketa bereziki ikusgarriak egiten ditu, egunotan bezala. Ura agentzia zigor-espedientea irekitzea aztertzen ari omen da; horrela balitz ere, ez litzateke aurreneko aldia izango. Baina tarteka “eskua joaten zaion” arren, berez, ur zikinak etengabe isurtzen ditu. Ura agentziak berak esan duenez, 2010ean, Lamiarango araztegia oraindik eraikitzen ari zirenean, enpresari ur zikinak hara bideratzeko agindu zioten. 2015ean, berriz, araztegia martxan hasi zenean, agindua berretsi zioten. Alferrik, ordea.

Noiz arte?

EGUZKI, 2019ko apirilean

Bide hegaletan zuhaitzak ardura barik moztu dituzte

IMG_20190409_165626

Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek egunotan ardura barik moztu dituzte zuhaitzak errepide hegaletan. BI-633 errepideko, Galbaixora doan errepideko eta Lekeitio eta Ondarroako arteko kostaldeko errepideetan edozein motatako arbolak mozten zebiltzala ikusita harrituta geratu gara. Ustez, bide segurtasuna hobetzeko egiten dituzte mozketak, eta puntu horretan ados gaude.

Arbolak mozteko era kritikatzen dugu. Dozenaka urte dituzten zuhaitzak ari dira mozten, eta egiten ari diren inausketak ere oso arriskutsuak dira zuhaitzentzako. Ez diete ardura pinuak, eukaliptoak, arteak edo haritzak diren.

 

Ezin dugu onartu umeei ingurumenaren defentsan baloreak irakasteko zuhaitzak landatzen ibiltzea, eta gero beste batzuek zuhaitz kopuru handi bat hain erraz suntsitzea.

 

Eta mozketa basati horiek zer irizpide jarraituta egiten dituzten jakin nahi dugu. Aldundiei eskatu nahi diegu lan hauek egiterako orduan erritmoa gutxitzea. Modu horretara, behar diren mozketak saihestu nahi ditugu. Horregaz lotuta, zuhaitz landaketa egingo dugu domekan [apirilak 14], Ondarroan. Artak landatuko ditugu kostaldeko errepidean. Ekimenean parte hartu nahi baldin baduzu, jarri gurekin harremanetan. ­

 

 

 

Lurra gorputza hizkuntza bihotza

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea.

Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea.

Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da.

Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita. Hartu arnasa sakon, euskal inguruneari begiratu, eta klik egin bizitzeko, aske izateko, euskara aukeratzeko. Egin klik, ikimilikiliklik! AEK-k euskara du gizarte berri baten ardatz, eta mundu horretarako zu aukeratu zaitu, zugan klikaturik. Klika, etorkizunera salto egiteko. Klika Korrika.

Klik eginez iziotzen ditugu hizkuntzaren argiak, doinuak, ahogozoak; klika da euskal musika-txaranga, eta klikatuz asetzen dugu euskara-klika, euskara-egarria, euskara-gosea.

Euskarak hurrengo fasea klikatu du: akzioarena, konpromisoarena; euskara unibertsal bihurtuko dugu, eta klik eginen du denon zeruan. Euskal Herriak hartu du euskararekiko kontzientzia, sortu du euskal komunitatea. Euskararen aroan gaude; orain da unea: etorri euskarara, aktibatu, erabakiak hartu, klik egin, euskaraz egin.

korrika21-logotipoa