PATXIKU GUNE NATURALAREN ALDE

Patxiku kanpa

70eko-80ko hamarkadetan hasitako hirigintza-politika desarrollistak dentsitate handiko hiri-inguruneak eta lurzoru ia osoaren artifizializazioa ekarri zituen berekin. Hormigoiak lurzoru berde naturala ordezkatu zuen, eta zaildu egin zuen gure ingurumenarekin harreman atseginagoa eta arrazionalagoa izatea.

Gaur egun, Oreretako erdigunea hormigoizko hiri-continuuma da, ez du berdegunerik bizilagunek diotenez desagertzeko zorian dagoen Patxiku kanpa (Txirrita parkea) salbu.

Oarsoaldeako Eguzki taldekook ulertzen dugu eremu horretan eraikitzeak ez diola inolako mesederik egiten ez ingurumenari ez bizilagunen bizi-kalitateari. Geroz eta gehiago, hiri-inguruneetan horrelako guneak izateko beharra defendatzen dute baimendutako ahotsek, ulertzen baitute ingurumenarentzat, hau da, guk lan egiten dugun arloarentzat ez ezik, besteak beste, osasunarentzat, kulturarentzat eta gizartearentzat ere onuragarriak direla.

Horregatik, gure taldeak publikoki adierazi nahi du gune horretako bizilagunei babesa ematen diela eta eremu hori gune natural izaten jarraitzeko antola daitezkeen ekimenetan ahal duen neurrian laguntzeko prest dagoela.

TXINGUDI: ERREFUS GEHIEN SORTZEN DUEN MANKOMUNITATEA

20190511 txinzer konzentrazioa

GHK-k jakitera eman berri dituen datuek diotenez, 2018an Txingudi izan da Gipuzkoako mankomunitate guztien artean errefus gehien sortu duena: 269 kg biztanle bakoitzeko.

Egia izanik ere aurreko urteekiko hobekuntza txiki bat gertatu dela, bai birziklatze indizean (%48tik %51ra), bai errefusaren gutxitzean (10 kilo gutxiago), hobekuntzaren abiadura oso motela da eta sortutako errefus kantitatea erraldoia (21 282 tona). Are gehiago, kontuan izanik Gipuzkoa 70 herritan, batzuk handiak, besteak txikiak, joan den urtean %70a baino gehiago birziklatu ari dutela eta biztanleko 100 kilo baino errefus gutxiago sortu dutela.

Txingudiko biztanle garen gizon-emakumeok Irun eta Hondarribiako herritarrei eta bereziki bi Udalei hondakinen sorrera gutxitzeko, batez ere errefusarena, neurriak berehala jartzeko eskatzen diegu, birziklapena hobetuz eta handituz, Gipuzkoako herri gehienetan egin duten modura, kolore guztietako alderdiek zuzendutako Udalen gidaritzapean, bide batez esanda.

Gipuzkoan badira urtean guztira 382 kilo hondakin (birziklatuak eta ez birziklatuak) sortzen duten mankomunitateak, Txingudin 552 kilo sortzen ditugun bitartean, hau da, %50 gehiago. Ez da erraza honen arrazoia aurkitzea eta, ere berean, zaila da azaltzea zergatik antzeko biztanle kopurua duen mankomunitate batek biztanleko 85 kilo errefus sortzen dituen eta Txingudik 269 kilo, hiru bider gehiago.

Egun batzuk barru, martxoaren 17an, Birziklatzearen Mundu Eguna ospatuko da. Data hau aprobetxatu nahi dugu bai Irun eta Hondarribiako Udalei, bai bertako herritarrei erronka bat aurrean jartzeko: 2020an errefusa erdira jaistea eta birziklatze tasa %65eraino igotzea. Hau nola egin ikusteko ez dago urrutira joan beharrik; Gipuzkoako herri askotan eman dituzte ekonomia zirkularrerantz pausuak eta oraindik bide horretan hobetu beharreko aspektuak badituzten arren, norabide egokian doaz eta emaitzak hobetzen jarraituko dute.

Hondakinen murriztea eta birziklatzea gure esku ditugun, herritarron eta Udalen esku, neurri oso garrantzitsuak dira, gure planeta jasaten ari den arazo erraldoiei aurre egiten laguntzeko: klima aldaketa eta plastikoen pilaketa lur, ibai eta bereziki ozeanoetan. Gure seme-alabei eta gure bilobei utziko diegun Mundua bizitzeko modukoa izatea gure erabakia da, martxa honetan haiek hondamendi eta kutsadura maila izugarriei aurre egin beharko baitiete.

Dei berezi bat gazteei, zuek bizi eta kudeatu behar duzuen mundua soilik bideragarri izango baita helduok erakutsi dizkizuegun ohiturak errotik aldatzen baldin badituzue. Mundu lineala (ekoiztu, erosi, erabili eta bota) ez da inolaz ere bideragarria, batetik lehengaiak mugatuak direlako eta bestetik sortzen den zaborrak eta honen tratamenduak eragiten duen kutsadura sostengaezina delako. Eska ezazue berehala eredu zirkularrera pasatzea, murrizteari, berrerabiltzeari, birziklatzeari eta konpostatzeari lehentasun osoa emanez.

Manifestazioa Gasteizen tren sozialaren alde eta AHTren kontra

AHT_Gasteiz1AHTrik EZ Arabako Plataformako taldeek deituta, larunbatean, hilak 18, manifestazioa egingo da Gasteizen, “Tren soziala bai, AHTrik ez” lemapean. 12:30ean abiatuko da San Anton Plazatik. Manifestazioa bukatutakoan, Florida Parkean kokaturiko AHTren Aurkako Gunean, herri bazkariaz, haurrentzako egitarau mamitsuaz eta musikaz gozatzeko aukera bikaina egongo da. Hona hemen programa zehatza:

AHT_Gasteiz1

Manifestazio ederra Lasarte-Orian, erraustegia eta herria birziklapenaren azken bagoian dagoela salatzeko

IMG_20190511_183223240 (2)Lasarte-Orian, Aire Garbiak deituta, erraustegiaren kontra eta gaikako bilketa eraginkorraren alde gaur egin den manifestazioa ederra izan da. Ikus, bestela, honako bideo hau:

https://youtu.be/rGYhIeArezE

Hona hemen, berriz, manifestazioaren bukaeran zabaldutako mezua…

Lasarte-Oria, birziklapenaren azken bagoian

Lasarte-Orian hondakinen % 46ko gaikako bilketa dago eta 228 kilo errefus sortzen ditu herritar bakoitzak urtero. Datu horiekin, Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren azken bagoian dago. Herri gutxik egiten dute okerrago: Donostiak (% 40 eta 275 kilo errefus), Irunek (% 53 eta 306 kilo), Hondarribiak (% 53 eta 278 kilo) eta Mendarok (% 45 eta 286 kilo). Bost horiek, Elgoibar, Ermua eta Mallabia dira erraustegiak ezinbesteko dituen eredu kaxkarrak dituzten herriak. Denek sortzen dute 200 kilo errefus baino gehiago urteko eta pertsona bakoitzeko.

Kontrako aldean, 32 herrik % 70etik gorako gaikako bilketa daukate eta 53k 100 kilo errefus baino gutxiago sortzen dituzte. Gipuzkoa osoak bilketa eredugarri hori imitatuko balu, 80.000 tona errefus sortuko lirateke urtero. Zertarako behar dugu, orduan, 200.000 tonako erraustegi bat?

Erraustegia bultzatzen duten alderdiek (PSE eta EAJ) arriskuan jarri nahi dute herritarren osasuna. Munduko instalazio ezberdinetan egin diren ikerketen emaitzak bat datoz: erraustegien inguruan minbizia arrisku handiagoa, arnas aparatuko gaitz gehiago eta ugaltze arazo gehiago daude. Gainera, badakigu dioxina, furano eta metal astun arriskutsuen kontrola bi egunetan bakarrik egin nahi dutela erraustegiaren inguruan, nahiz eta jakin horrela ezin izango dela kontrolatu isurketa toxikoen maila. Oraindik garaiz gaude arduragabekeria hau geratzeko. Erraustegirik ez. Ez dezagun herritarren osasuna arriskuan jar gutxi batzuen negozioaren izenean.

Bilketa eraginkorra bai, errausketarik ez!!!

IMG_20190511_184550073

Egitarau berezia, Gladysen 40. urteurrenean

Gladys 40 urte kartela_webEkainaren 3an, José Martínez Salas guardia zibilak Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota Tuteran hil zueneko 40. urteurrena izango da. Urteurren biribila dela eta, Gladys Gogoan ekimena sortu da. Helburua Gladysen memoria errebindikatzea da, batez ere Donostian, Iruñean eta Tuteran antolatutako ekitaldien bidez. Eguzki ekimen honekin bat dator, jakina.

Oraingoz, aurreratzen dizugu Donostian antolatutako kartela-programa, baina, data hurbildu ahala, informazio gehiago emango dugu.

Gladys Gogoanek webgune propioa ere badu: www.gladysgogoan.eus

Gladysgogoan_handi

Animaliak babesteko Galbaixon arretaz gidatzeko eskatu du Eguzkik

Kalbarixoa_azeriaMutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepidea itxita dagoen bitartean, zirkulazioa Galbaixotik ari dira desbideratzen, eta bertatik igaroko den ibilgailuen joan-etorria nabarmen igoko dela jakitun, inguruetan bizi diren zenbait ugaztun eta anfibio espezieren bizitza arriskuan egon daitekeela ohartarazi du Eguzkik. “Zirkulazioaren gehiegizko igoera mehatxua da azerientzat, katajinetentzat, azkonarrentzat… baita Euskal Herriko espezie mehatxatuen katalagoan dauden beste animalia askorentzako ere; apo lasterkaria, muxar grisa edo bisoi europarrentzako, esate baterako”.

Eguzki talde ekologistaentzako, Astigarribiako ibarreko gunea animalien “korridore naturala” da. Arno eta Izarraitz artean dauden animalia populazioaren arteko lotura da. Errepide hori Astigarribiako ingurune naturaletik igarotzen dela nabarmentzekoa da; Arnoko komunitate intereseko lekutik, hain zuzen.

Galbaixotik igarotzen diren gidariei arreta edukitzeko eskatu nahi diegu, batez ere, gauean. Bide honetatik igarotzen diren gidari eta bidaiariei kontu handia edukitzeko eskatu nahi diegu, arreta gehituz eta abiadura motelduz. Batez ere, gaueko ordutegian: hegaztiak eta anfibioak ez beldurtzeko, eta ez harrapatzeko.

Animaliaren bat zaurituta edo hilik aurkituz gero, berriz, Larrialdi zerbitzura (112) deitzeko gomendatzen dugu. Heurek jakingo dute zer protokolo ipini abian.

Larunbatean, erraustegiaren kontrako eta gaikako bilketa eraginkorraren aldeko manifestazioa egingo da Lasarte-Orian

AireGarbia_2019Aire Garbiak antolatuta, larunbatean, hilak 11, 18:00etan, erraustegiaren kontrako eta gaikako zabor-bilketa eraginkorraren aldeko manifestazioa egingo da Lasarte-Orian.

Erraustegia inoiz martxan jartzen bada, Lasarte-Oria izango da herririk kaltetuenetako bat. Halaber, eta paradoxa bada ere, Gipuzkoan gutxien birtziklatzen duten herrietakoa ere bada. Izan ere, herrialde osoan lau herrik bakarrik birziklatzen dute Lasarte-Oriak baino gutxiago: Donostiak, Irunek, Hondarribiak eta Mendarok.

Lasarte-Oria izan zen organikoa aparte biltzeko sistema ezarri zuen azken herria (2017an!). Eta, gainera, ezarri zuenean, sistema kazkarrena ezarri zuen.

Erraustegiari bazka ematea omen da kontua.

Hori bai, gero Lasarte-Oriako udal gobernuak (PSOEk eta EAJ-k) klima-aldaketari edo plastikoei buruzko “kontzientziazio-jardunaldiak” antolatuko ditu. Ea beraiek kontzientzia noiz hartzen duten!

IMG-20190505-WA0010

Manifestazio ederra, Donostia Defendatuz

dd2Manifestazio ederra egin zen atzo arratsaldean Donostian “Hiria salgai” lemapean, Udalak darabiltzan hirigintza-politikak salatzeko. Donostia Defendatuz koordinadorak antolatuta, berrogei bat elkarteren sustegua zuen, tartean Eguzkirena. Hona hemen manifestazio bukaeran irakurritako manifestua…

Arratsaldeon! Gaur hainbat herri mugimendu eta izaera ezberdineko borroka txikiren ordezkaritza zabala bildu gara hemen, helburu komun batekin: Donostiako udalaren kudeaketa txarra ozenki salatzea.

Udaletxearen erabaki politikoak interes ekonomiko handien, lobbyen eta enpresen aginduetara hartuak dira hiriarentzat erabakiorrak diren auzietan: hala nola, garraio ereduan, kontsumo eta merkataritza ereduan, turismo ereduan, hondakinen kudeaketa ereduan, hirigintza ereduan. Bai, lagunak, milioi askotako kostua duten azpiegitura-lan handiez ari gara, Donostiako Metroaren pasabidea kasu. Errauskailu handi batez ari gara, etorkizunean elikatu beharko dena. “Belartza 2” bezalako merkatal-gune erraldoiak eraikitzeaz ari gara. Gure kaleen eta auzoen turistifikazioaz eta gentrifikazioaz ari gara.

Modu ezkutuan eta herritarren kontroletik kanpo dauden erakunde faktikoen bidez, gure hiria era nabarmenean eta itzulezinean aldatzen ari diren hirigintzako jarduerak bultzatzen ditu udal-gobernuak. Donostia geroz eta gehiago jende aberatsei eta eliteei begirako parke tematiko batean, multinazionalei eta frankiziei begirako hiri batean bihurtzen ari da. Urte gutxiren buruan Donostiak bere nortasuna eta singulartasuna galdurik ez da munduko beste edozein hiri turistikorengandik desberdinduko.

Proiektu faraonikoetan udal-fondoak xahutu ondoren, Udaletxeak finantza-iturriak lortzearren hiria bera salgai jartzen du: politika horren ordaina dira “pelotazo” urbanistikoak, lurren errekalifikazioak, eta bazkide susmagarriekin egin ohi dituen hirigintzako operazio kontaezinak. Hau da, Udalak hiriko ondare naturala, arkitektonikoa eta historikoa, soziala eta kulturala hondatzera daramaten erabakiak hartzen ditu finantzazio-iturri miserable baten truke. Hiria zatika eta merke saltzen ari dira, herritarrak horren aurka aritzeko biderik ezean mutu gelditzen garelarik gehienetan.

dd1Udalaren erabaki horiek guztiek eragin sozial larria daukate bestalde, jendartearen ikuspegitik berdintasuna eta justizia sustatzetik oso urrun baitaude. Herritarren benetako beharrei erantzuteko inongo politikarik ez dagoela salatzen dugu gainera, Donostian nabarmenki gazteei bizitzea eragozten dien espekulazioari aurre egiteko eta etxebizitza eskubidea bermatze aldera adibidez.

Lurra eta naturguneak txikitzen ari direla salatzen dugu, azken hilabeteotan hiriko kaleetan 1000 zuhaitzetik gora bota dituzten bezalaxe. Udalak klima aldaketaren inguruko estrategia arranditsuak sinatzen ditu gero, bere jardueraren ildo nagusiak kontrako norabidean doazen bitartean.

Hori denagatik, udalaren kudeaketarekin ados ez gauden herritarren ahotsa entzunarazteko eta mobilizatuta gaudela erakusteko atera gara kalera. Hiri-ereduaren auzian herritarrek erabakitzeko aukera izan  dezagun eta partehartze politiko handiagoa izan dezagun aldarrikatzen jarraitu behar dugu.

Donostia sozial, partehartzaile eta benetan jasangarri bat nahi dugu, bizilagunen beharrak lehenetsiko dituzten politikak bultzatuz eta hiria enpresa handiei eta turistei begira salgai jartzen dituztenak errefusatuz.

Gure auzoak eta jendeak, merkataritza txikia, ondare naturala, kulturala, historikoa eta aniztasuna zainduko dituen hiri-eredu bat nahi dugu. Herritarrengandik eta herritarrentzako eraikiko dena.

Gaurkoa ibilbide luze baten hasiera da. Datozen hauteskundeak direla eta, herritarren aldarrikapenen aurrean entzungorrarena  egin ohi duten horiek molesta daitezela nahi dugu. DONOSTIA DEFENDATUZ koordinakundeak gonbitea egiten dizuegu partehartzen jarraitzeko, gero eta kritikoago izateko  eta ekintza ildo berriak zabaltzeko gure helburu komunaren alde:

DONOSTIA EZ DAGO SALGAI! DEFENDA DEZAGUN!