Mijoa errekako isurketek ez dute etenik, ezta bioaniztasunaren egunean ere

La regata Mijoa vierte junto a la playa de Saturraran.

Maiatzaren 22, Bioaniztasunaren nazioarteko eguna. Batzuontzat lurrak oraindik gordetzen dituen habitat, naturgune edo/eta espezieen balioaz apologia egiteko edo baita aldarrikatzeko eguna. Baina beste batzuentzat garbi dago egun guztiak berdinak direla, bai behintzat naturaren balio horiek popatik hartzera bidaltzeko. Hori da gertatu dena beste behin ere Mutrikun, Mijoa errekan, maiatzaren 22an ostiralez isurketa berri bat gertatu zen.

Oraingo hau, 19:30 jota zirenean antzeman genuen eta oraingoan diogu jada Mijoan isurketak ohikoak bihurtu direlako, hamaika aldiz azken urteetan eta aurten bigarrenez, gutxienez. Hau ere, aurrekoa bezala, Mijoa industrigunetik, bertako araztegitik zetorren. Deitu genuen 112ra, etorri ziren ikuskatzera eta jakin ez badakigu ere ez dugu emaitza gehiegirik espero. Gehiegitan gertatu da gauza bera, zein amaiera izango duen jakiteko.

Hainbeste isurketa jasan ditu jada Mijoa errekak, non poligonotik beherako zatian bizidun ornodunak topatzea oso zaila den. Antzeko zerbait diote Ura Agentzairen txostenetan ere: “kalitate ezin txarragoa” du eta “ingurumena muturreraino degradatuta” dago. Eta hori Mijoa, nolabait esateko, babestutako erreka bat dela esan dezakegula. Izan ere, Mijoa bisoi europarra (mustela lutreola) Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dagoela. Planaren arabera bisoi europarraren egoera eutsi edo/eta hobetzea da helburua, horretarako bere habitata, bizilekua baldintza onetan mantendu behar delarik. Martxa ederra gurea! Poligonoan dauden lantegiek, kontserba lantegiak nagusiki, eta Eusko Jaurlaritzak ez dute irtenbiderik ematen eta Planaren arduradun den Aldundiak natura eta bisoi europarrak babestu beharrean beste aldera begiratzen du.

  Mijoa errekako bailararen hobekuntza ekologikoa eta uholde arriskua gutxitzeko 2009an EHUko ekologia sailekoek ( Europa mailan garrantzitsuenetakoak) ikerketa bat egin zuten eta hobekuntzak proposatu zuten. Honez gain bailarako enpresa, camping, etxebizitza eta hondartzako kantina eta zerbitzu guztietako ur zikinak Mutrikuko portuan dagoen araztegira bonbeatu behar direnez, obra guzti honek eta bidegorriaren proiektua era koordinatu eta bateratuan burutzea eskatzen dugu.

Hain zuzen bizitzen ari garen emergentziako egoera honek, inoiz baino argiago laga du zein errentagarri diren oinez naiz txirrinduz komunikatzeko beharrezko diren egitura hauek burutzea hala ikuspegi ekonomiko nola sozialetik, baita ingurumenari dagokionean ere

Baina ez dugu ahaztu behar Mijoa erreka Saturrarango hondartzan itsasoratzen dela eta isurketa ugari hauek hondartzako ura, itsasertzeko ura ere kaltetu eta kutsatu dazaketela. Jasateko prest al gaude geuk erabiliko dugun Saturrarango hondartzan  beharrezkoak diren bermeak uneoro beteko direnaren ziurtasunik ez izatea?

Irtenbide bat.

Badakigu jakin, arazoaren muina, kontserberetako ur zikin industrialak garbitzeko Mijoa industriguneko araztegia txikiegia geratu dela eta Mutriku Araztegiarekiko lotura berria ez dela iristen, horren arduraduna Eusko Jaurlaritza izanik. Duela orain urtebete Jaurlaritzak Mijoa saneatzeko finantzaketa bere gain hartuko zuela berretsi zuen Ingurumen Kontseilari Iñaki Arriolak, % 100ean hartu ere. Baina 2019 ez zuen ezer egin eta 2020ko aurrekontuetan partidarik agertzen ez denez, berdin jarraituko dugu.

Baina uste dugu, garaia dela enpresen, kontserba lantegien eta Euskoa Jaurlaritzaren artean egoera honi irtenbide bat emateko. Araztegia egokitzen ez badute, tarteko bide bat bilatu beharko dute baina gertaera larria eta arduragabea da beti natura, ingurune naturala izatea kaltetua eta errudunei musutruk ateratzea gainera.

Foru Aldundiko Mugikortasun Saileko bidegorrien arduradunak eta Eusko Jaurlaritzako koiIngurumen Sailekoak jar bitez lanean eta bila dezatela irtenbide duin eta koordinatu bat araztegia eta bidegorria eraiki bitartean.

 

Mutriku Natur Taldea eta EGUZKI

 

 

                                      


 

Eskularru eta maskaren uzteak gure ibai eta itsasertzak mehatxatzen ditu

mascarillas

Urtero zortzi miloi tona plastiko baino gehiago isurtzen ditugu itsasora.  Ozeanoetan materiale honen kontzentrazioa erritmo oso azeleratu eta zabalean hasten ari da, ur gaineko zabor kontzentrazio handiak sortuz.                                                                                                                                                                                    Ondorioa? Ia hamazortzi miloi kilometro karratuko azaleradun benetako “zabor irlak”, Europa eta Australiaren guztizko hedaduraren baliokide.

Hori dela eta, hondartzak, orain dela hila bete gutxi batzuetatik hona, hemen eta mundu osoan zehar, bertan uzten ari den zabor ugariren  inbasioa jasaten hasi dira. COVID-19ari aurre egiteko norbere babeserako ekipoen (NBE) parte diren materiale bitaz ari gara: maskarak eta eskularruak.

Bere larritasun handia dela eta balioztatzeko zaila den ingurugiro arazoa izanik, eta berez ozeanoetako plastikoaren arazo larria era neurrigabean  gaizkiagotzen lagunduz, eskularru eta maskaren uzteak, pertsona eta lur naiz itsaso ekosistementzat kutsatze-fokua bihur daiteke. Egin dezagun ba honen gestio arduratsua, hondakin hauei errefusaren trataera emanaz eta kontenedore grisera botaz (errefusa).         Pandemia hau bezalako egoera lazgarriak ezin daitezke gure planeta zabor-izurritik defendatzen jarraitzeko gure betebeharra bertan behera uzteko aitzakia izan.

Ingurugiro arazo larri honen konponbidea ez da erraza. Osasun publikoa eta segurtasun pertsonala dela eta, uko egin ezin dugun eta erabili behar ditugun derrigorrezko erabileradun materialetaz ari gara.           Eguzki talde ekologistatik, kontsumitzaile eta erabiltzaileei deialdia egiten diogu babes materaialen erabilera egokia egitea, honako irizpideak kontuan hartuz:

– Segurua den bitartean eta ahal den einean materiale hauen bizitza luzatzeko, osasun aginpideek gomendatzen duten bezala, ahal izanez gero, materiale biodegradagarriekin, benetan ia existitzen ez direnekin eginak, edo iragazki aldagarridunak erosiaz.

– Eskularruaen erabilera egoera oso puntualetara mugatzea. Eskularruak etengabe jantzita edukitzeak ez du seguratsun gehiago ematen. Hori da apirilaren 2an plazaratutakoaren arabera, MOEaren (Munduko Osasunerako Erankundea) gomendioa jarraituz, Osakidetzaren irizpidea.

– Maskarillak material edo lehengai biodegradagarriekin egindakoak lehenestea, naiz et egun onartzen dugun oso zaila dela hori.                                                                                                                                                                                                                                                                                                        – Berrerabilgarriak diren maskarillak lehenestea, berrerabilpenerako ematen diren eskakizunak jarraituz   ( kasu gehienertan labean 70º ordu erdi batez edukitzea).

–  Udal-erantzuleei ere ohartarazpen bat eman nahi diegu, hondakin hauek eta beste batzuk gure kaleetatik ibaietara eta hemendik gure itsasertzetara iritsi ez daitezen beharrezkoak diren neurriak har ditzaten.

Ez ezazu zure eskularruak hilgarri izan daitezen utz. Ireki begiak, itsasoa akabatzen ari garen ekosistema oso hauskorra da. Halako ekintzekin, orain burrukan ari garena baino pandemia handiagoa gara.

Orain Ardura: AHTren dirua, krisiaren ondorioak arintzeko

OrainArdura_logoaAtzo aurkeztu zen Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean Orain Ardura ekimena. Ekimen honen helburua da eskatzea Abiadura Handiko Trenaren lanak bertan behera utz ditzatela eta horrela aurreztutako dirua pandemiak eragindako krisiaren ondorioak  arintzera bidera dezatela. Alegia, dirutza hori bidera dezatela trenbide arruntean inbertsioak egitera, osasun- eta gizarte-zerbitzuak hobetzera, pentsioetara, diru-sarrerarik gabe geratu diren pertsonen egoera arintzera eta abarretara. Izan ere, gauzak nola dauden ikusita, den-dena beharko da eta.

Ekimen honek dagoeneko dozenaka talderen babesa lortu du.

Hona hemen, Iruñeko aurkezpenean grabatutako bideo bat:

https://www.youtube.com/watch?v=jC5Wb5mIL4c

Orain Ardurari buruzko informazio guztia, sinatzaileen zerrenda eta manifestua barne, honako esteka honetan aurkituko duzu:

https://orainardura.wordpress.com/

Eguzkik espresuki animatzen zaitu sartzera, manifestua irakurtzera eta zeure egitera.

Ekimena lau hiriburuetan aurkeztu zen aldi berean. Irudi hau Iruñean ateratakoa da.

Ekimena lau hiriburuetan aurkeztu zen aldi berean. Irudi hau Iruñean ateratakoa da.

Erraustegiaren isurketa kutsakor batek erre zuen errekaren lehengoratze-lanak sustatzeko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari

3Beste aldera begiratzeari uzteko eta maiatzaren hasieran erraustegiaren isurketa kutsakor baten ondorioz zeharo erreta geratu zen Arkaitzerrekaren lehengoratze-lanak sustatzeko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari.

Honako mapa honetan argi eta garbi ikus daitekeen bezala, Arkaitzerreka ia oso-osorik Donostiako udalerrian dago, Oriarekin bat egiten duen azken zatian izan ezik, zati hori Usurbili baitagokio. Halaber, erraustegia, isurketaren abiapuntua, Donostiako udalerrian dago:

mapa_onaIsurketaren larria ikusita, mobilizatu zitezkeen eragile guztiak mobilizatu dira. Bai URAk bai Aldundiko Basozaintzak espediente bana ireki dituzte; Usurbilgo Udalak hasiera-hasieratik jarraipena egin eta laginak ere bere kabuz hartu eta aztertu zituen; Fiskaltzak gaia mahai gainean du, Anerreka, Zubieta Lantzen eta Eguzkiren ekimenez, isurketa ingurumenaren aurkako delitua izan daitekeelako. “Eragile guztiak”, esan dugu, baina guzti-guztiak? Ez, paradoxa bada ere, Donostiako Udalak ez du ezer esan, errekarekin eta erraustegiarekin berarekin zerikusirik izan ez balu bezala.

Horregatik, Eguzkik Donostiako Udalari idatziz eskatu dio lan egin dezala gertaerak argitzeko, erantzukizunak zehazteko, antzekorik berriro ez gertatzeko eta, batez ere, Arkaitzerrekaren lehengoratze-lanetan modu proaktiboan jokatzeko. Horretarako eskumenak baditu eta. Kontuan izan behar da isuriak argien kaltetu duen espeziea aingira (Anguilla anguilla) izan dela. Aingiren populazioak biziraupen-muga biologikoen azpitik daudelako, Kontseiluaren 2007ko irailaren 18ko 1100/2007 (EE) Erregelamenduak babesten ditu Europar Batasunaren eremuan. Hain zuzen, Erregelamendu horri jarraituz, 2010etik indarrean dago Euskal Autonomia Erkidegoan Aingira Suspertzeko Kudeaketa Plana. Plan horren helburuei ez die batere mesederik egiten, noski, Arkaitzerrekan gertatutakoak.

1Bestalde, maiatzaren 9an herritar batzuek errekan arrain asko hilik zegoela ikusi eta salatu egin zuten. Maiatzaren 10ean, GHK-k, erraustegiko gunearen arduradunak, isuririk egin izana irmo ukatu zuen. Maiatzaren 14an, ordea, ukatzen jarraitzerik ez zegoela ikusirik, GHK-k isuria onartu egin zuen. Argudiatu zuen ontzi bat amoniako deskargatzen ari zen “kanpoko hornitzaile” batek eragin zuela isuria. Nolanahi ere, bietako bat: edo GHK hasieran isurketa ezkutatzen saiatu zen, eta hori oso larria litzateke; edo, sinetsi behar badiogu, astebete behar izan zuen isurketa latz baten erantzulea zela jabetzeko, eta hori aurrekoa bezain larria litzateke. Izan ere, ez ote zen hau kutsadura-iturri guztiak zorrotz baino zorrotzago kontrolatzen zituen erraustegi miragarria? Bata ala bestea izan, guk argi dugu: Arkaitzerreka ondotik pasatzen arrainak hilik ikusi eta abisatu zuten pertsona haiei esker izan ez balitz, isurketa isilpean geratuko litzateke.

Eguzki, 2020ko maiatza

Eukaliptoak Australiara!

Maiatzaren 22a, bioaniztasunaren eguna, Euskal Herrian gero eta ugariagoak diren eukalipto landaketak duten eraginen inguruan bideo bat plazaratzeko baliatu du Naturkonek. Bideoan, besteen artean, bi eskakizun egiten dira:

–  Erakundeei publikoei (Aldundiak, Udalak…) landaketak gelditzeko eskatzen zaie.

– Jabe pribatuei, lurra eta ingurumenarekiko arduratsuagoak diren jarduerak eta erabilerak lehenestea.

Honako mezua zabaldu, mesedez: #EukaliptoakAustraliara!

Elkarteen atxikipenak helbide honetara biltzen dira: naturkon.taldea@gmail.com

Bideo ikusteko egin klik irudian:

Eukalipto landaketa

 

Naturkon-parataideen-anagramak-txikian

Erraustegiak Arkaitzerrekan eginiko isuria ikertzeko eta ingurumenaren aurkako delitua ote den argitzeko eskatu diote Fiskaltzari

1Erraustegiak Arkaitzerrekara egin zuen isuria Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan salatu dute Anerrekak, Zubieta Lantzenek eta Eguzkik.
Aipatutako elkarteek ikerketa bat ofizioz hasteko eskatu diote Fiskaltzari, isuria ingurumenaren aurkako delitua izan daitekeelakoan. Izan ere, Zigor Kodearen 325. artikuluak berariaz jasotzen ditu, delitu mota horien artean, uren kalitateari edo animaliei edo landareei funtsezko kalteak edo kalte nabarmenak eragiten dizkieten edo eragin diezazkieketen legez kanpoko isuriak.

3Arkaitzerreka Zubietan dago, Donostia eta Usurbil bitartean. Isuriaren ondorioz, zeharo erreta geratu zen. Gainera, argien kaltetutako arrain-espezieetako bat aingira (Anguilla anguilla) izan zen. Aingiren populazioak biziraupen-muga biologikoen azpitik daudelako, Kontseiluaren 2007ko irailaren 18ko 1100/2007 (EE) Erregelamenduak babesten ditu Europar Batasunaren eremuan. Halaber, aingira, 2009tik, espezie mehatxatuen nazioarteko merkataritzari buruzko CITES Hitzarmenaren II. eranskinean sartuta dago. Gauzak horrela, Fiskaltzan salaketa jarri duten elkarteek uste dute Zigor Kodearen argitan ere badirela arrazoiak pentsatzeko isuriak “funtsezko kalteak” edo “kalte nabarmenak” eragin dituela. Horregatik eskatu dute ikertzeko erraustegiko gunetik eginiko isuri horretan delitua ote dagoen.

2Bestalde, Anerrekak, Zubieta Lantzenek eta Eguzkik jendaurrean garbi adierazi nahi dituzte honako hauek:
– Maiatzaren 9an, herritar batzuek errekan arrain asko hilik zegoela ikusi eta salatu egin zuten.
– Maiatzaren 10ean, GHK-k, erraustegiko gunearen arduradunak, isuririk egin izana irmo ukatu zuen ohar baten bidez.
– Maiatzaren 14an, berriz, ukatzen jarraitzerik ez zegoela ikusirik, GHK-k isuria onartu egin zuen. Hori bai, erantzukizuna gainetik kendu eta beste baten bizkarrean utzi nahian, argudiatu zuen ontzi bat amoniako deskargatzen ari zen “kanpoko hornitzaile” batek eragin zuela isuria. Are gehiago, bere burua jendaurrean ez salatuen baizik eta salatzaileen aldean nola edo hala kokatu nahian edo, erraustegiaren kudeaketa esleituta duen enpresari zigor-espedientea irekiko ziola iragarri zuen.
– GHKri sinetsi behar badiogu, isuria maiatzaren 7an gertatu zen, baina orduan ez zuen haren berri eman, legez egin behar zuen bezala. Eman izan balu, gainera, beharbada neurri leungarriak hartzeko garaiz iritsiko ziren. Isuriaren berri 9ra arte ez genuen izan, alegia, herritar batzuek Arkaitzerreka ondotik pasa, hildako arrainak ikusi eta salatu zuten arte. Pertsona horiek salatu izan ez balute, ez litzateke inortxo ere enteretuko. Eta, antza denez, horixe gertatu da aurretik egon omen diren beste isuri batzuekin. Beste isuri horien berri GHK-k berak eman zuen, despistatuta edo, maiatzaren 10ean zabaldutako “ukaziozko” oharrean. Izan ere, paragrafo batean honako hau zioen: “Antzeko egoerak gertatu diren aurreko batzuetan, egindako ikerketak baieztatu zuen isurketen jatorria instalazioetatik [erraustegiko gunetik] kanpokoa zela”. Antzeko egoerak? Nolakoak, zehatz-mehatz. Aurreko batzuetan?, noiz, zehatz-mehatz. Beharbada aurreko egoera horien berririk ez dugu izan GHK-k zortea izan duelako eta herritarrek ez dutelako ikusi, maiatzaren 9an ikusi zuten bezala. Eta orduan GHK-k bere kabuz ez zigun kontatuko, jakina.
– Gu seguru gaude GHK-k horrelako gertaerak ahal den neurrian ezkutatzeko edo garrantzia kentzeko borondate sendoa duela. Baina gurekin bat ez datorrenak ere aitortu beharko du Arkaitzerrekaren kasuan izan duen jokaerak zerikusi gutxi duela saldu diguten erraustegi makulagabearen ereduarekin, non emisio kutsagarriak, airezkoak zein uretaratakoak, guztiz kontrolpean omen dauden. Ez da hain kontrol zorrotza izango baldin eta maiatzaren 14ra arte ez badute izan astebete lehenago, 7an, gertatutako isuri baten berri. Gainera, salaketa publikorik ezean, beharbada ez ziren inoiz enteratuko (eta enteratuz gero ere, ez ziguten kontatuko, jakina).

Anerreka Ingurumen Elkartea
Zubieta Lantzen Kultur eta Kirol Elkartea
Eguzki Talde Ekologista

4

LEZO-PASAI DONIBANE ARTEKO BIDEGORRIA

bidegorri

COVID 19ren zigorraren faserik gogorrena igaro ondoren, normalizaziorantz aurrera egiteko jarri zaigun murrizketetako bat gure udalerriaren barruan, eta, orain, baita ondoko herritik ere paseatzeko ordutegia errespetatzea da.
Hori guztia ondo dago! Baina zer gertatzen da Lezoko bizilagunak Pasai Donibanerantz eta alderantziz doazenean, eta Iberdrolaren Termika desagertuaren ikatza gordetzeko gune zaharraren parean, ikuspen gutxiko eta metro erdiko zabalera baino ez duen bihurgunean dagoen espaloi batekin topo egiten dugunean? Hori dela eta, kontrako noranzkoan datorren beste oinezko batekin gurutzatzen garenean, irten egin behar izaten dugu errepidera, gure bizitzak etengabe arriskuan jarriz, pertsona asko ibiltzen baitira urteko egun guztietan, eta are gehiago egun hauetan.
Kasu honetan, oinezkoen segurtasuna eskatzen ari gara, ez bidegorria soilik zabaltzea. Badakigu Foru Aldundia eta Lezoko Udala akordio batera iritsi zirela, eta akordio horren arabera, Lezoko herrigunea eta Pasaia Donibane banatzen dituen distantzia hiru zatitan banatuta geratu zela; lehenengo biak bi erakundeen artean egingo lirateke, eta duela urtebete baino gehiago gauzatuta daude, eta hirugarrenerako, hau da, oinezkoentzat arriskutsuena eta neketsuena, bakarka egiteko konpromisoa hartu zuen Foru Aldundiak. Aipatutako exekuzioa 2. faseko obrak amaitzean hasiko litzatekela iragarri zuen Aldundiak, hau da, duela urtebete baino gehiago. Badakigu Pasaiako Portuko Agintaritzak baimena eman duela tarte hori egiteko. Orduan, geure buruari galdetzen diogu: zer gertatzen da puntu ilun horrekin ez amaitzeko? Edo ez al dira konturatzen egungo egoeran sortzen den inbutu-efektuaz?
Pasai Donibaneko eta Lezoko bizilagunek, tarte horretan bertan, zenbait mobilizazio egin dituzte, hala nola 2013ko maiatzaren 6ko giza katea, betiere oinezkoen SEGURTASUNAREN mesedetan. Gogoratu behar da urte horretan bertan aho batez onartu zela Gipuzkoako Bidegorrien Plana. Plan horretan, besteak beste, Lezo-Donibane tartea gauzatzea aurreikusten da, eta, 7 urte geroago, oraindik ez da osorik gauzatu.
Eguzki Oarsoaldeak, beti aldarrikapen honetatik gertu egon denak, erakunde arduradunei dei egin nahi die hain beharrezkoa den obra hau denboran gehiago ez luzatzeko. Erakunde publikoek azpiegitura osasungarri eta jasangarrietan inbertitzeari lehentasuna emateko unea da, ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik, interes oso zehatzei soilik erantzuten dieten megainfraegituren kaltetan.

LURREZ, AIREZ ETA ITSASOZ….. KUTSADURA PASAIAKO KAIAN

Descarga polvo blanco

Tamalgarria da Pasaiako portuan jarduten den nagusikeria egiaztatzea. Jarduera batzuek ingurumenaren eta osasunaren arloan indarrean dagoen araudia urra ez dezaten eta lurzorua, airea eta itsasoa kutsa ez dezaten neurri faltari buruzko salaketak etengabeak dira, baina zoritxarrez, salaketa horiek egun batean bai eta bestean ere modu sistematikoan aurkez litezke.

Inork ezin du ezjakintasuna argudiatu; izan ere, bideo eta argazki askok ematen dute behin eta berriz errepikatzen den egoera horren berri, eta, hala ere, herritar sufrituen animoak lasaitzeko oso gutxitan irekitzen den zehapen-espedienteren bat izan ezik (beti ere herritarren salaketen ondorioz), administrazioek tximinoarena egiten dute: ez ikusi, ez entzun, ez hitz egin.

Noiz arte jasan beharko dugu jarduera osasungaitz horiek gure ingurunea eta osasuna kutsatzea? Noiz pentsatzen dute administrazioek (Portuko Agintaritza, Eusko Jaurlaritza, Aldundia eta Udalak) dagozkien eginkizunak betetzea eta praktika horrekin amaitzea?
Gaur ere amorruz eta etsipenez ikusi ahal izan dugu nola deskargatzen zen materiala (hauts zuria) eta nola partikulak airetik, lurretik eta itsasotik barreiatzen ziren.

ADMINISTRAZIOEN ETA PERTSONEN JARRERA ALDATZEKO BEHARRA

zaborra esnabiden

Itsasoko kutsadura azaltzen duten argazkiek aztoratu egiten gaituzte, eta neurri handi batean, kutsadura hori errekeketatik eta ibaietatik dator, eta hiritarren arduragabetasunarengatik eta administrazioen utzikeriarengatik gertatzen da.

Oarsoaldeko Eguzkik, zehazki, inguruan ditugun bi erreken egoera tamalgarria salatu nahi du oraingoan; batetik, Esnabidetik behera doan ubidearena (Donostia-Orereta), eta bestetik, Papresa zeharkatzen duen errekarena (Lezo). Biak, plastikoz eta bestelako zaborrez beteta daude.

Zentzu honetan, gizakia kontziantziatzeko planek jarrera hori aldatzen ez duten bitartean, Administrazioen zereginak izan behar du arazo honen aurrean bitarteko eta neurrri eraginkorrak indartzea.

Salaketaz gain, gai honetan eskumenak dituen Administrazioari eskatzen diogu egoera hau konpondu dezala eta erreken eta ubideen egoera ona mantentzeko lanak egin ditzala, plastiko eta zaborra itsasora ez iristeko.

Gipuzkoako 40.000 abereen ingurumen eraginik gabeko mendi-larratzearen alde

Gipuzkoako mendi larreetan nagusi dira ardiak.

Gipuzkoako mendi larreetan nagusi dira ardiak.

Foru Aldundiak jakinarazi du Gipuzkoako 22 mendi-larreetarako aurtengo sarrera baimendu dela, denera 562 abeltzainek 41.466 abere igoko direlarik: 35.626 ardi, 2.956 behi eta 2.884 zaldi eta behor. Larre hauen gehiengoak (Urbia, Jaizkibel, Aralar, etabar) herri izaera badu eta Natura 2000 Sarearen barruan daude herrialdeko lau Parke Naturalen baitan.

Larre gehienak Udalen jabetzakoak dira betidanik, nahiz eta haien kudeaketa Aldundiari lotuta izan, 2006ko Mendietako Foru Arauari jarraiki.

Lehenik, Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak Imanol Lasa diputatuari eskatzen dio abereen gaixotasunen gaineko osasun programa trinkoari eustea. Hain zuzen, gogoratu behar da 2015. urtetik aurrera EAJk garatu duen boikot larria, Xabier Arruti eta Arantxa Ariztimuño foru zuzendarien bultzadaz, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroaren (REGA) animalien osasun-arautzearen eta mugimenduen kontrola eta lurralde eguneratzearen gain. Erregistro honen helburua edozein ikuilu, mugimendu eta aire libreko ustialekuren baimentzea eta kontrolatzea da, ekoizpenerako abereak eduki, hazi edota kudeaketaren gainean. EAJk elikadura seguritateari eragiten dizkioten hainbat protokolo ezabatu zituen eta kontrol publikoaren mekanismoak gutxiagotu zituen, jelkideen inguruko abeltzainen eta presio taldeen ezkutuko kudeaketa eta ustelkeria erraztuz. Eta guzti honekin batera etorri zen bertako arraza mehatxatuen berreskurapen eta babes egitasmoen suntsiketa, besteen artean betizu behiena.

Egilea: Joxe Mari Plazaola

Betizua bere txahalareikin Egilea: Joxe Mari Plazaola

Bestalde, abeltzaintza profesionala gainberan aurkitzen da Gipuzkoan, aisialdiari lotutako abeltzain-kopurua handitze batekin ordezkatuz, eguneroko lanaldia ondoren eta asteburuetan beren denbora librea erabiliz. Honenbestez, Eguzkitik abeltzaintza profesionalaren egiazko sustapena eskatzen dugu, Ingurumenaren gainean sortzen diren egungo erasorik gabeko eta izaera agroekologikoko lehen sektorea eraikiz, hau dena tokiko ekoizpenaren eta elikadura burujabetzaren agertoki batetan egonik.

Zaldiak bazkan Aralarko Elutseta inguruan.

Zaldiak bazkan Aralarko Elutseta inguruan.

Ariztimuño eta Arruti foru zuzendarien aurrekariak eta beren Ingurumenaren eta bioaniztasunaren kontserbazioaren aurkako jarrera erasokorra ezagututa, ezinbestekoa da 22 mendi-larre hauen kudeaketan hurrengo osagai hauen gaineko eragina gutxiagotzea eta ezabatzea: naturgune babestu publiko hauetako lurzoruak, ura, larreak, basoak, hezeguneak, eta basafauna eta flora. Abereen presioari eta jarduera pribatu hauetara zuzendutako diru publikoari mugak jarri behar zaizkie.

Gehiegizko larratzea eta uretako kutsadura Natura 2000 Sareko legediarekiko bateraezinak dira: zenbat larre hektareak eutsi diezaiokete hondatu gabe 40.000 abereren larratzeari? Larre eta mendi publikoetako abere gainkargaren arazo errepikakorraren jatorria sortzen da abeltzain ugarien eskaera pribatuak mendien kontserbazioa eta interes orokorraren gainean jartzen denean.

Donostia, 2020ko maiatzean

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra