Urumean berriro ere agerian geratu dira Donostiako ur-saneamenduaren gabeziak

Gainezkabidetik ateratzen den orban marroiak kontrastatzen du Urumean behera datorren uraren kolorearekin. Bideoan hobeto apreziatuko duzu.

Gainezkabidetik ateratzen den orban marroiak kontrastatzen du Urumean behera datorren uraren kolorearekin. Bideoan hobeto apreziatuko duzu.

Bideo hau igande goizean ateratakoa da. Bistan da Amara Berriko gainezkabide edo alibiaderotik ateratzen den orban marroia, Urumean behera datorren uraren kontrastean. Horiek ez dira soilik euri-urak, jakina, horiek ur zikinak ere badira, inolako tratamendurik gabe isurtzen direnak. Eta Amara Berrikoa ez da horrelako gainezkabide bakarra, jakina. Ikus bideoa:

https://www.facebook.com/Eguzki.erakunde.ekologista/videos/2629652490635571/

Eguzki, 2020ko maiatza

Oraindik egungo argia dagoenean, Urgull ez ixteko eskatu du Eguzkik

urgullUrgull, “Gaztelua”, harribitxi geologiko eta altxor historiko bat izateaz gain, berdegune bakanetakoa da Alde Zaharreko, Groseko eta Erdialdeko hainbat donostiarrentzat. Nahikoa da bere aldapa igotzea trafikotik, zaratatik eta kaleko joan-etorrietatik urruntzeko eta, horrela, inguru natural, osasungarri eta lasai batean paseatzeko. Bista ezin hobeekin, gainera.

Baina 21:00ak arte bakarrik. Zergatik 21:00ak arte bakarrik baldin eta ordu horretan oraindik egungo argia badago? Eta baldin eta 70 urte arteko helduek 20:00ak arte ezin badute etxetik atera kirola egiteko edo paseatzeko? Ikus bideoa;

https://www.youtube.com/watch?v=RBb7bJY5w4g

Hamaika pertsona dira Urgulletik jaitsi, atea itxita aurkitu eta ateratzeko sekulako buelta egin behar izan dutenak. Urgull ixten da oraindik egungo argia dagoenean; izan ere, ixten da oraindik udal argiteria pizteko beharrik izan ez denean. Inork ezin du ulertu deskonfinamendu-aldian eta mugikortasuna nabarmen murriztuta dagoen honetan, zergatik herritarrei espazio publikoa erabiltzea eta gozatzea eragozten zaien. Are gehiago, beste gune eta hiri batzuetan espazio publikoa zabaltzeko eta handitzeko neurriak hartzen ari direnean, Donostiako Udalak Urgullen kontrako norabidea hartzen du.

Alkateak “malgutasuna” aipatzen du ostalariek terrazekin espazio publiko gehiago okupatu dezaten. Baina ez du malgutasun eta sentsibilitate bera erakusten Urgullez gozatu nahi duten herritarrekiko.

Eguzkitik Donostiako Udalari eskatu nahi diogu Urgull ez ixteko, oraindik egungo argia dagoen bitartean. Deskonfinamenduaren iraupena alde batera utzita ere, egungo argia dagoen bitartean Urgull irekita mantendu behar dela uste du Eguzkik. Ehunka pertsona joaten dira Urgullera maiatz eta abuztu bitartean eguzkia nola ezkutatzen den ikustera eta bertako bideetatik paseatzera. Pertsona horiek ez dute merezi Urgulletik atera ahal izateko itzulinguru handi bat eman behar izatearen zigorra.

Espazio publikoarekin malgutasuna? Bai, Urgulletik hasita.

Donostiako EGUZKI, 2020ko maiatzean

Leitzaran zikina… Biana ikuskaririk ez!

Leitzaran Garaiko Errota 2
Beste behin ere, Andoainen ibai bat aparrez zikinduta agertu da. Gaurkoan Leitzaran ibaiari egokitu zaio. Aparra batez ere Garaiko Errotako presan (Olagain Auzoan) ikusi ahal izan dugu baina ez daukagu informaziorik gorago ere ikusi ote zitekeen ziurtatzeko.
Egia esate aldera ezin dugu ziurtatu isurketa bat egon denik, presen inguruan inongo isurketarik gabe ere sortu ohi baita aparra (apar horren zergatia ez dago oso garbi) kopuru txikitan baina kasu honetan aparra nahikoa ugariago zen.
Eguzkikook egoera honen berri eman badugu ere, ez da izango gai honen inguruan gehiago jakiteko aukerarik, izan ere URAko ikuskariak, egungo konfinamendu egoeran, oso baldintza jakinetan irteten baitira ikuskapenak egitera eta Leitzarango honek ez ditu baldintzak betetzen.
Eguzkitik uste dugu Eusko Jaurlaritzak ikuskaritzan ezarritako zerbitzu minimo horiek ez direla inola ere egokiak, helburua kutsatzaile naiz ingurumenaren erasotzaileei bidea libre uztea ez bada behintzat. Gure ustez, naturaren zaintza beti dago zerbitzu minimoetan eta horren adierazle da hamaika aldiz basozainen, ikuskarien edo/eta ingurumeneko ertzaintzaren lan taldeen handitzea eta baliabideen ugaritzea eskatu izana. Beraz inola ere ez da onargarria  berez nahikoa ez diren oinarrizko zerbitzu batzuetan are zerbitzu murritzagoak ezartzea, horretarako egoerak eskatzen duen eta beharrezkoak diren segurtasun naiz osasun neurriak hartzen badira behintzat.
Hilabetean bi isurketa
 

Bestalde gogorarazi nahi dugu hilabete pasatxoko tartean Andoaingo ibaietan (bertatik igarotzen direnetan) eman den bigarren gertakaria dela. Aurrekoa, martxoaren 13an gertatu zen Errekabeltz edo Ziako errekan eta kasu hartan isurketa ikertu ahal izan zen eta Krafft enpresa izan zen arduraduna. Egun oraindik ebatzi ez den expediente bat du irekia.

Errekabeltz isurtea SOS 2020 martxoa 3Krafft enpresa sorburu izan duen isurketaren abisua. Iturria: SOS Deiak

Salaketa hauetako asko herriatarren laguntzarik gabe posibl ez lirateke izango, beraz ingurumenari egindako eraso posibleen berri ematen jarraitzea eskatzen dizuegu, denon artean Euskal herria ekologiatik erikitzearen alde.

Baskegur, biodibertsitatearen etsaia

2020-4-1.EUKALIPTOAK STOP2

Esan ohi da gezurra esateko hiru modu daudela: gezurra esatea, erdi egiak esatea eta estatistika erabiltzea. Hiru moduak baliatu zituen egurraren industria ordezkatzen duen Baskegur elkartearen ordezkariak, otsailaren 10ean Gasteizko Legebiltzarrean, Ingurumen Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Batzordean egindako agerraldian (https://youtu.be/jKt4hWMaLdg).

Estatistika gezurra esateko erabiltzea baita, esaterako, adieraztea azken 40 urteetan EAEn baso-azalera (ez badugu zuhaitz-estaldura soila bezala ulertzen) handitu egin dela, edo iparralderago dauzkagun herrien aldean hemen ez daukagula hainbesterainoko monolaborantzarik, edo EAE mailan konifero eta hostozabalen artean oreka dagoela, edota baso-jabeen artean lur-jabe handirik ez dagoela esatearekin batera, EAEko sail pribatuen erdia baino gehiago, 130.000 ha, jabe ezagunik gabe uzten dituzten datuak zabaltzea. Nahikoa da Gipuzkoa edo Bizkaitik Arabara bidaiatzea bertako paisaia askoz naturalagoa dela ikusteko. Arabako baso-kudeaketak ez du zerikusirik Gipuzkoa eta Bizkaikoarekin, ez jabegoari dagokionez, ez ustiapen-ereduari dagokionez. Datuak nahastuta diskurtsoak desitxuratu daitezke, ez ordea errealitatea. Bizkaiko eta Gipuzkoako monolaborantza-ereduak ez du parekorik Europa osoan; Ipar Europan ez bezala, hemen konifero exotikoen ustiapen intentsiboa malda handietan, makina astunekin eta matarrasa eta antzeko teknika agresiboekin ez baita horrela inon egiten. Bizkaian eta Gipuzkoan landa-eremua gaixo dago, pinuaren izurriteek eta eukalipto-landaketek begi-bistako ingurumen-krisia eragin dutelako.

Egia erdia esatea da Baskegurrek jasangarritasunean oinarritutako ereduaren alde egiten duela, nola eta hiru ardatzak, ekonomia, ingurumena eta gizartea, aintzat hartzen dituelako. Ingurumen jasangarritasuna zigiluen bidez bermatzen dutela diote. Baina, ez digute esaten zigilu horien fidagarritasuna ez dagoela lurzoruan eta ingurumenari egindako kalteen baitan. Kalitatezko egurra lortzeko baliatzen dituzten zigiluek ez dute bermatzen lurzoruaren eta biodibertsitatearen kontserbazioa, eta beraz, ezin daiteke onartu estrategia hori jasangarria denik. Gizarteari dagokionez, gutxi edo gehiago, lehen sektoreari basogintzak eutsi diola bota zuen Baskegurreko ordezkariak, baserriak egurrari esker mantendu direlakoan eta hein batean sektorea ere bai. Ez zuen esan, ordea, egurgintza diru publikoarekin guztiz lagundutako jarduera dela, egurrak ez baitu dirurik ematen eta emanda ere, diru horrekin ezingo liratekeelako ingurumen kalteak ordaindu. Eta hala bada, benetan basogintzak eutsi badio lehen sektoreari, orduan, ondorioztatu liteke basogintzak eragin duela egun lehen sektoreak bizi duen krisia?

Baina, gezurra, eta biribila, hauxe da: Baskegurrek planteatzen duen bioekonomia-eredua garapen jasangarriarekin bateragarria dela; basoen naturalizazioak, eurentzat abandonuak, sutea eta bestelako kalteak eragiten dituela esatea bezain faltsua. Egurra baliabide naturala eta berriztagarria da, baina haren ekoizpenaren eta prozesatze-moduaren araberakoa da ingurumen jasangarritasuna. Gueñes eta Zallan energia ekoizteko egurra erretzen duen Glefaran enpresarekin sortu den iskanbilak erakusten du bioekonomia petroleoan oinarritutakoa bezain kaltegarria edo kaltegarriagoa izan daitekeela. Bereziki, eredu horren barruan eta ekonomia zirkularraren izenean baso-ekosistemek behar dituzten elementu guztiak erauztea dutela helburu.

Agerraldi hori aprobetxatu zuten, besteak beste, fiskalitate berezia eta lurzoruaren erabilerari ezarritako baldintzengatik kalte-ordainak eskatzeko. Eta udalei natur eremuen antolaketarako eskumenik ez ematea eskatzeko ere bai. Bistakoa denez, ondo baino hobeto kontrolatzen dituzten Aldundien esku nahi dute landa eremuaren kudeaketa; eta beraz, basogintzarako eskumenak. Ez dute gizarteak eta tokiko administrazioek parte hartzerik nahi Aldundiekin dituzten harreman ilunetan.

Pinuen eta eukaliptoen monolaborantza intentsiboan oinarritutako basogintza-ereduarekin lurra galtzen eta kaltetzen ari gara. Lurra da bizitzaren euskarria, lurraren menpe dago biodibertsitatea. Orain gutxi ospatu da Lurraren eguna. Pasa gaitezen hitzetatik ekintzetara eta diseinatu dezagun, behingoz, baso-politika jasangarria. Jakintza badago, horretarako ekimenak ere bai. Borondate politikoa baino ez da falta. Hemen ere, jar dezagun bizitza erdigunean.

Aitor Leiza, Aitziber Sarobe, Edurne Huesa eta Rafa Perez

NATURKON GIPUZKOA
Gipuzkoako Natur eta Ekologista taldeen koordinakundeak Gipuzkoako 16 erakunde naturalista eta kontserbazionistak sortutako kolektiboa da Naturkon, eta natura eta ingurumena kontserbatzearen alde jokatzea eta erakundeei hala jokaaraztea du helburua. Horreterako bere kezkak helarazten dizkie botere publikoei, lege-aldaketak proposatzen dizkie, ingurumenaren eta lurraldearen alde indarrean dauden lege-arauak bete ditzatela exijitzen die eta haien aurrean salatzen ditu arlo honetan etenik gabe egiten diren gehiegikeriak.

 

Datuek berriro ere utzi dute agerian Lasarte-Oria birziklatzen azken putz dela

Datuek larrugorritan uzten dute propaganda.

Datuek larrugorritan uzten dute propaganda.

San Marko Mankomunitateak 2019an herriz herri gaika bildutako hiri-hondakinei buruzko datuak argitaratu berri ditu bere webgunean. Lasarte-Oriari dagokionez, ez dago berririk, edo, hobeto esan, berria da Lasarte-Oriak birziklatzen azken putz izaten jarraitzen duela. Izan ere, hiri-hondakinen % 45 baino ez du gaika biltzen. Donostiak bakarrik ditu emaitza eskasagoak (% 40,38). Eta biak ala biak Gipuzkoako batez bestekotik (% 57) oso-oso urruti daude, jakina.

Oso albiste txarra da, baina ez da batere harrigarria; izan ere, Einsteinek zioen bezala, “Ez espero emaitza desberdinik beti gauza bera egiten baduzu”. Eta udal gobernuak berariaz erabaki du gauza bera egiten jarraitzea, alegia, ahal den gutxien birziklatzea.

Baina ikus ditzagun datuak, ezin adierazgarriagoak dira eta:

taula_Lasarte2020Lehen ondorioa funtsean azalduta geratu da jada: Lasarte-Oriak birziklatzen azken putz izaten jarraitzen du. Donostiak baino ez du emaitza kaxkarragorik lortzen San Markoko udalerrien artean. Eta kontuan izan behar da San Marko dela Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea, hain justu, Donostiaren zamagatik, baita, neurri apalagoan izan arren, Lasarte-Oriaren zamagatik ere. San Markoko bataz bestekoa 49,80koa da; Gilpuzkoakoak, berriz, 57koa. Atera kontuak.

2018ko eta 2019ko emaitzak xehe-xehe alderatuz gero, honako hau ere ikusten dugu: Lasarte-Oriak behera egin du (1,5 puntu inguru); Donostiak, aldiz, gora (lehen aldiz 40ko muga gainditu du). Gauzak horrela, bigarren ondorioa izan liteke Lasarte-Oriak atzera egin duela edo, bestela esanda, gero eta gehiago dela azken putz. Baina, egia esan, ez zaigu iruditzen (aurtengoz, behintzat) xehetasun horietan sartzea merezi duenik. Zergatik? Donostiak, Lasarte-Oriak bezala, 2019an ez zuela funtsean egin 2018an egin ez zuenik. Beraz, zerbait koiunturala izan daiteke. Ikusi egin beharko.

Hirugarren ondorioa da ez dela boluntarismo-kontua, ez dela, nolabait esateko, beste “kontzientziazio-kanpaina” bat finantzatzeko kontua, ea herritarrak pixka bat hobeto egitera animatzen diren. Borondate ona beharrezkoa da, noski, baita (tokatzen direnean) kontzientziazio-kanpainak ere. Baina ez dago inolako arrazoirik pentsatzeko Lasarte-Oriako herritarrok Urnietakoek edo Andoaingoek baino kontzientzia ekologiko handiagoa edo txikiagoa dugunik. Aipatutako herri horietan, berriz, gaikako bilketa-tasa % 70 eta % 63ren gainetik dago, hurrenez hurren. Beraz, ez da boluntarismo- edo kontzientzia-kontua, sistema-kontua baizik. Sistema eraginkorrak ezarri dituzten udalerriek, ALKATETZAN EDOZEIN ALDERDI IZANDA ERE, emaitza onak lortzen dituzte. Sistema eraginkorrik ezarri ez dutenek, berriz, txarrak. Alde horretatik, Lasarte-Oria da sistema eraginkorrik ezarri ez dutenen paradigma garbia edo, hobeto esan, zikina. Gogora dezagun izan zela Gipuzkoako azken udalerria, edo azkenetakoa, herritarrei hiri-hondakinen zatiki guztiak gaika biltzeko aukera eskaintzen. Eta eskaini zienean ere, berariaz hautatu zuen sistemarik kaxkarrena, gutxien birziklatzen zuena, alegia.

Hori bai, udal gobernuak jarraitzen du esaten birziklatzearen alde dagoela (eta krisi klimatikoarekin kezkatuta dagoela ere bai, noski), eta jarraitzen du sustatzen herritarrak “kontzientziatzeko” ekimenak. Baina hiri-hondakinen arazo honek agerian uzten duena zera da, haiek direla, eta ez beste inor, “kontzientziatu” behar diren lehenak, neurri eraginkorrak behingoz hartzeko ordua badute eta. Baina neurri eraginkorrak hartu ordez, lurpeko edukiontzien inguruko erreferendum bat bultzatzen tematzen dira.

Lurpeko eta lur gaineko edukiontzien arteko eztabaida hain da faltsu eta zentzubagea, edonondik begiratuta ere, ezen ez dakigun zer pentsatu. Bururatzen zaigun bakarra da despiste-maliobra bat dela Lasarte-Orian hondakinen inguruan dagoen benetako arazoari behingoz eta behar bezala ez heltzeko. Hau da, ematen du egin nahi dutela egingo balute bezala, baina benetan egin gabe, alegia, biriklatzearen bidean urrats eraginkorrik eman gabe.

Eguzki, 2020ko maiatza

lurpeko edukiontziak_lasarteLurpeko edukiontzien egoera gero eta jasanezinagoa da. Irailean egin genuen miaketan, Buruntza kalekoak ziren oraindik zerbitzuan zirenetako batzuk. Baina hauek ere, azkenean, lurgaineko edukiontziekin ordezkatu behar izan dituzte, argazkiak erakusten duen bezala. Lurpeko edukiontziek porrot egin dute eta, nolanahi ere, ez da hori Lasarte-Oriak zaborrekin duen arazo nagusia. Udal gobernuak horien inguruko erreferendumarekin tematuta jarraitzen du, ordea.

Covid19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde

EHposrcoviAkademiako 350 profesional inguruk, Unibertsitateko irakasle eta ikerlariek, “Covid19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde” izenburuko manifestua sinatu dute. Bertan, gizarte iraunkorragoa eta bidezkoagoa ekar ditzaketen hainbat jarraibide planteatzen dituzte. Jarraibide horiek balio positiboetan eta naturaren zein pertsona guztien errespetuan oinarrituta daude.
Espresuki animatzen zaitugu manifestua irakurtzera. Honako esteka honetan aurkituko dituzu manifestua bera eta sinatzaileen zerrenda:

Covid19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde