Eguzkik salatu du Aldundiaren baso-zerbitzuak habitat naturalak eta ondare arkeologikoa suntsitu dituela Jaizkibel KBEan

ZEC Jaizkibel KBEEguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak Gipuzkoako Foru Aldundiak, hau da, Jaizkibel KBEaren Organo Kudeatzaileak berak, sastrakak kentzeko egin berri dituen lanak salatu ditu, kalteak eragin baitituzte bertan dauden habitatetan eta ondare arkeologikoan. Naturagune garrantzitsu hori Hondarribiko, Pasaiako eta Lezoko udaletako onura publikoko hainbat mendik osatzen dute, eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa babestuta dago.

Eguzkiko boluntarioek egiaztatu ahal izan dutenez, Aldundia makina autopropultsatuak erabiltzen aritu da Europako intereseko habitat horiek (Europako txilardi lehorrak) ia desagerrarazteko. Habitat horiek Habitatei buruzko Zuzentarauak eta Eusko Jaurlaritzak berak katalogatu eta babestu zituen. Aldi berean, Hondarribiko hainbat eremutan belar-sastrakak kendu ditu, haien jabea Udala izanik. Lan horiek kalte larriak eragin dituzte kontserbazio-egoera on eta helduetara aldatzen ari ziren eta jada fauna-espezieak babesteko, elikatzeko eta ugaltzeko lekuak ziren habitatetan, eta, gainera, higadura-prozesuak eta lurzoru-galerak eragin dituzte.

Era berean, Aldundiak kalte handiak eragin ditu Euskal Kultura Ondarearen Legeak babestutako Jaizkibelgo estazio megalitikoko historiaurreko zenbait monumentutan.

Aldundia berrerorlea da, 2015eko udazkenean Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzak ikertu zituen antzeko kalteak eragin baitzituen. Aldundiak legez kanpo egin duen eraso horri Jaizkibelen izandako beste hainbat inpakturi gehitzen zaio: 2010eko martxoan Pasaian eta Hondarribian abeltzainen interes pribatuek eragindako 500 hektareako baso-sute handia, Espainiako armadak tiro militarreko eremuan sortutako beste sute batzuk, Justizko golf-zelaia, edo mendi horretako akuiferoetako uren erauzketa.

Aldundiak eskatuta sortutako suntsiketak eragina izan dezake Eboluzio Naturaleko Eremuetan, Babes Zorrotzeko Eremuetan eta Leheneratze Ekologikoko Eremuetan, Uliako eta Jaizkibelgo KBEak Kudeatzeko 2013tik indarrean dagoen Planaren kontserbazio-neurriek agindutakoarekin bat etorriz. Eremu horietan zehatz-mehatz zerrendatzen dira baimendutako jarduerak, eta haien habitaten eta espezieen kontserbazio-egoera hobetzera bideratuta daude.

Horregatik guztiagatik, Eguzki erakunde ekologistak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendien eta Natura Ingurunearen zuzendari Arantxa Ariztimuñori eta Hondarribiko Udalari eskatzen die, Jaizkibelen Natura 2000 Sarean egindako neurrigabekeria horiek geldiarazteko, eragindako kalteak konpontzeko, eta Ingurumeneko Fiskaltzari erantzukizun penalak ikertzeko.

Donibanen ospatzeko arrazoiak ukatzen dizkigute

Saneamiento P.Donibane

Duela gutxi 27 urte bete dira 11/1995 Errege Lege Dekretua onartu zenetik, hondakin-uren tratamenduari buruzko 91/271/EEE Zuzentaraua Estatuko ordenamendu juridikora ekarri zuena. Uren kutsaduraren aurkako borrokan mugarri izan da, baina, zoritxarrez, Donibaneri ospakizun horretan parte hartzeko arrazoiak ukatzen zaizkio.

Aipatutako araudiak, 4. artikuluan, 2001-1-1eko epea ezartzen zuen kolektore-sistema instalatzeko, baina 21 urte geroago hondakin-urak zuzenean isurtzen dira Pasaiako badiara, eta Eguzki talde ekologistak behin eta berriz salatu du hori. Tratamendurik gabeko isurketa indarrean dagoen legediaren aurkakoa bada, aipatutako badian egitea kezkagarriagoa da, eremu sentikor izendatu baitute 2004. urtetik.

 

Hori gutxi balitz, saneamenduari buruz dugun kezkak eraman gaitu ohartzera Donibaneko isuriez gain, Lezoko Altamira auzoa hasieratik eraikitzen dela kolektorearekin inolako loturarik gabe, eta gaur egun ere inolako tratamendurik gabe isurtzen dituela bere hondakin-urak badiako zona sentikorrera.

 

Donibaneri dagokionez, asko izan dira talde honek eta, oro har, inguruko talde eta herritarrek hainbeste denboraz gauzatzeke dagoen azpiegitura hori eskatzeko egindako ekimenak, baina administrazio eskudunek EZ dute arazo hori konpondu nahi izan. Beren kezka izan da ahanzturaren tiraderan amaitzen duten proiektuetan diru publikoa xahutuz zerbait egiten dutela irudikatzea, eta, hala ere, 21 urte geroago, ez dago kolektorerik.

 

Eta bai, hau da errealitate gordina, 21 urte hondakin-uren litroak eta litroak etengabe isurtzen sentikortzat jotako eremu batera, 21 urte kontzienteki indarreko araudia betetzen ez dela, 21 urte kaltetutako eremuko talde eta bizilagunen aldarrikapenei muzin egiten zaiela, 21 urte bizilagunei ukatu egiten zaiela osasunerako onuragarria izango litzatekeen eta ingurumenaren aurkako eraso larriarekin amaituko lukeen hondakin-uren saneamendua; 21 urteko administrazioen ezintasuna arazo larri hau konpontzeko, 21 urte ……. denboran gehiago luzatu ezin direnak eta luzatu behar ez direnak.

 

Indarrean dagoen araudia etengabe urratzen ari da, eta kolektorea egikaritzeko eskumena duen administrazioak ez du ezer egiten. Hori dela eta, Eguzkik ez du zalantzarik izango, Justiziak, legea betetzen dela bermatzeko lanean, azkar, irmo eta eredugarri jokatu dezala eskatzeko. Europako nahiz Estatuko zuzentaraua ez betetzeagatik zehapen-epaiak eman diren bezala, gure ustez, kasu honetan ezin da beste alde batera begiratu, eta horren arabera jokatu behar da

Oria ibai-ertzean saretak jartzeko eskatu dio Eguzkik Tolosako Udalari

Oria ibai-ertzean dauden barandak aprobetxatzeko eta beheko partean saretak jartzeko eskatu dio Eguzkik Tolosako Udalari. Sareta hauek (txapa garbanizatu zulatua) hainbat hondakin uretara erortzea eragotziko lukete, besteak beste, tabako-paketeak, tabakoa biltzen duten plastikoak, zigarrokinak, musukoak, paperezko ahozapiak, plastikozko poltsak, plastikozko eta beirazko botilak, azukre eta snack bilgarriak, etab.  Sam, Euskaldun berria, Berazubi eta Napar zubiak barne.

Plastikozko botila baranda azpian, Araba etorbidean.

Plastikozko botila baranda azpian, Araba etorbidean.

Bolsa de plástico debajo de la barandilla en la Avenida Araba.

Plastikozko poltsa baranda azpian, Araba etorbidean.

Batzuetan nahi gabe edo istripuz erortzen zaizkigulako baina gehienetan hondakinak lurrera inolako lotsarik gabe botatzeko ohitura gure artean oraindik oso sustraituta dagoelako, hondakin asko dira, haizeak bultzatuta edo, ibaiko uretan bukatzen dutenak.

Colillas de tabaco debajo de la barandilla en el puente Berazubi.

Zigarrokinak baranda azpian, Berezubi zubian.

Baita Zumalakarregi pasealekuan eta Elkano kalean atseden-banku gisa erabiltzen diren petriletan ere (azken horretan, 80 metro Berazubiko zubitik). Gune horietan, jai eta ekitaldi egunetan utzi egiten dira eta beirazko botila eta plastikozko edalontzi ugari pilatzen dira.

Prebentzio-neurri horiek hiriguneetan, industrialdeetan eta bidegorrietan jarri dira jada, batez ere Urola bailaran, eta, horrela murriztu egin da haizeak ibai-sistemara eramaten duen hondakin kantitate handi baten iritsiera. Gaur egun, ia 6.000 metro dira Zestoan, Azpeitian, Azkoitian, Zumarragan, Urretxun eta Legazpin daudenak. Horietatik, 1.100 metro falta dira Azkoitiko herrian, eta partida bat horretarako bideratu da jada, eta Udalak jarriko du datozen hilabeteetan. Kanpaina xume hau Urolan hasi genuen eta zorionez gainerako arroetara zabaltzen ari da. Lelo honi erantzuten dio: sortu gabeko hondakina da hondakinik onena, garapen jasangarria bultzatuz eta ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eraginez. Gure ibaietan eta, ondorioz, itsasoan sortzen duten arazo handiari dagokionez, zalantzarik gabe, hondakinik onena uretako ekosistemetara iristen ez dena da.

Kanpaina hau zabaltzeko konpromisoari berriro helduz, lanean ari gara Oarsoaldean, Deban eta Orian instalatuak izan daitezen. Izan ere, herri batzuetan gaur egun jarrita ikus ditzakegu.  Erraz jartzen dira, eraginkorrak dira eta ez dira Udalentzat batere garestiak

Azpimarratu nahi dugu horrelako neurriak hartzea oso garrantzitsua iruditzen zaigula, ibaiaren eta gure kostaldearen kalitate ekologikoa hobetzeko helburua baitute. Azken hori, berez, oso zigortuta dago zabor kopuru handiarekin.

Era berean, Oria ibaiaren inguruko baranden aurrean dauden birziklatzeko zakarrontziak lekuz aldatzeko eskatu dugu, helburu berarekin: hondakinak ibaira ez iristea.

Gainezka dauden birziklatzeko zakarrontziak Iurre auzoan, Euskaldun berria zubiaren aurrean.

Papeleras de reciclaje a rebosar en el barrio Iurre, delante del puente Euskaldun berria.

Gainezka dauden birziklatzeko zakarrontziak Iurre auzoan, Euskaldun berria zubiaren aurrean.

Eguzki, 2022ko urtarrilean

Eguzkitik salatu nahi dugu Artibaiko itsasadarrean dragatutako lohiak portuan isuri direla

draga-ondarroako-portuan-1200x626

Eguzki talde ekologista garen aldetik, Ondarroako portuan hondarra eta lohiak ateratzen ari diren dragak egiten ari diren isurketak salatu nahi ditugu.
Egun argiz gertatu denez, pertsona asko izan dira lekuko. Beraz, hainbat kexa izan ditugu gai honen inguruan.
Ez dakigu dragak zenbat aldiz isuri dituen lohi horiek portuan, baina gutxienez bi aldiz ikusi dira larunbat eguerdian bertan.
Isurketa horiek hain arduragabe ez egitea eskatzen dugu. Kostaldetik urrunago egitea eskatzen dugu, bai eta lohiak aztertzea ere, eta, horren arabera, lohiak nora eramango diren erabakitzea. Kutsatuta ez badaude, bota ditzatela badiatik urrun. Eta kutsatuta badaude, hondakin arriskutsu gisa tratatuko dira, modu egokian kudeatzeko.

 

Legez kanpoko obra-hondakinen isuria Jaitzubian

Abendua 26-2021 jaizubia_page-0001
Irungo udalerrian, zehazki Jaitzubian, Eguzkik salatu du legez kanpoko hondakindegi bat dagoela.

Zoritxarrez, arau-hauste horiek maizegi gertatzen dira, eta ez da lehen aldia praktika txar horiek salatzen direna zonalde honetako beste toki batzuetan. Espezie autoktonoak (haritzak, haltzak, sahatsak) eta erriberako landaredia duen padura (lezkak, ihitokiak, ezpata-belarrak, kanaberadiak) biltzen dituen gune aberatsa da Jaitzubia.

Horren berri eman zaio Irungo Udalari, eta jakinarazi digute berehala kenduko dituztela obra-hondakinak. Aldundiak, halaber, dagozkion eskumenetan, iragarri du dagokion prozedura gauzatuko duela.

Funtsezkoa da edozein naturgune legez kanpo eta kontrolik gabe isurketa- eta metaketa-eremu gisa erabil ez dadin horrelakoak salatzea, bai eta jatorrizko egoerara itzultzea eta, ahal den neurrian, gertakari horien egiletza ikertzea eta dagokion jarduketa egitea ere.

Liburua Euskal Herria ekologiatik eraikiz

Izan ditugun hainbat eskaeraren aurrean, eta oraindik sortzen duen interesa ikusita, 1994an argitaratu genuen txosten hau argitaratu dugu gure webgunean.
Euskal Herria ekologiatik eraikitzeko proposamen bat besterik ez da.
Lortzen dugun arte, testu honek gaurkotasuneko gaia izaten jarraituko du.
Gure lurraren defentsan interesatuta bazaude, irakurtzea gomendatzen dizugu.

LIBURUA DESKARGATU
EGA eusk

Urolara uralita bota izana salatu du Eguzkik Fiskaltzan, ingurumenaren aurkako delituagatik

Abenduan 22an, Zetoan, Urola ibaiaren babes-eremuan botatako hainbat uralita-hondakinen berri izan zuen Eguzkik. Uralitaren salerosketa 2002tik debekatuta dago, amiantoa duelako. Amiantoa arriskutsua da, bai pertosnen bai ingurmenaren osasunerako.

URA agentzia zein Udala jakinaren gainean ipini genituen, BAINA URALITAK HOR JARRAITZEN DU, BATETIK; ETA, BESTETIK, AIPATUTAKO BI ERAKUNDEEN ALDETIK EZ DUGU INOLAKO JAKINARAZPENIK JASO.

Amiantoa bezalako hondakin arriskutsu bat kontrolik gabe botatzea, arau-urratze administratibotik harago, ingurumen delitua da, are gehiago ibaian edo ibai-ertzean egiten bada, urak uralitaren osagai toxikoak zabaltzea denbora kontua baino ez baita.

Gauzak horrela, egoera Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan salatu dugu. URAri zein Udalari gure salaketa dela eta ireki dituzten txostenak eskatzeko esan diogu. Halaber, Ertzaintzaren Ingurumen Taldeari botatako uralitaren jatorria ikertzeko eta bota duena identifikatzeko ere eskatu diogu.

Ibaiaren babes-eremuan botatako ehunka uralita-zati.

Ibaiaren babes-eremuan botatako ehunka uralita-zati.

Uralita ez da Urola ertzeko paraje honetan botatako hondakin bakarra. Handik metro gutxira, gainera, segurtasun-hesi mugikor bat, palet bat, plastikozko loreontziak, hormigoizko blokeak, zulatzeko palak eta itxitura eta ezkutaketarako olanak ditugu.

Uralita ez da Urola ertzeko paraje honetan botatako hondakin bakarra. Handik metro gutxira, gainera, segurtasun-hesi mugikor bat, palet bat, plastikozko loreontziak, hormigoizko blokeak, zulatzeko palak eta itxitura eta ezkutaketarako olanak ditugu.

Arestian esan bezala, URAri zein Udalari eman genien hondakin hauen berri, baina ez dituzte jaso. Urtarrilaren 10ean eta 11n, euriteen ondorioz, Urola oso handituta jaitsi zen eta urak hondakinak ibaian behera arrastatzeko arriskua egon zen.

Egia esan, gustatuko litzaiguke esatea Zestoan gertatzen dena salbuespena dela. Ez da horrela, ordea. Izan ere, hondakinak ibaira botatzea arrunta da bailara osoan. Esaterako, abendu bukaeran Azkoitian salatu genuen ibaira botatako hainbat plastiko, nekazaritzan erabiltzen direnetakoak.

Azkoitian Urola ibaira isuritako nekazaritzako hondakin plástikoak.

Azkoitian Urola ibaira isuritako nekazaritzako hondakin plástikoak.

Gure salaketan garbi utzi genuen: “Une honetan, Urolatik eta bere adarretatik plastiko pilo bat atera genezake, plastikoa ibaira botatzea oso arrunta baita, herri guztietan, gainera. Eta egiten badute, egin dezaketela ikasi dutelako da”.

Legazpin gauza bera. Iazko ekainaren hasieran Ibarrola errekaren egoera salatu genuen. Bada, urte bukaeran hondakin gehienek errekan bertan jarraitzen zuten.

Ibarrola erreka. 2021eko ekainean ateratako argazkia.

Ibarrola erreka. 2021eko ekainean ateratako argazkia.

Badira, ibai eta errekak hondakinetatik babesteko lege, arau eta ordenantzak. Halaber, administrazio bakoitzaren konpetentziak garbi azalduta daude. Bada, nahita eta batere kontrolik gabe egindako isurien aurrean, Zestoako kasuan bezala, nork hartu behar ditu neurriak ingurua lehengoratzeko? Garbi dago: URAk, Urola Erdiko Mankomunitateak eta Udalak. Eguzki apalditik ari da salatzen hondakinak ibaira botatzea eguneroko ogi dela. Maiatzean, txabola baten eraikuntza-hondakinak salatu genituen; uztailean, isuri bat Sastarrain errekan; irailean obra-hondakinak eta industria-hondakinak babes-eremuan; azaroan, gehiago. Hona hemen azken salaketaren zati bat: “Herri-erakundeek gure abisuari muzin egin diote. Guk atera izan ez bagenitu, urak hondakin hauek arrastatu eta horietako batzuk dagoeneko kostan egongo lirateke”. Nekez ahaztuko dugu azaroaren 29an hondakinak ibaitik euripean ateratzen bili gineko hura. Esan beharra dago aipatu ditugun hondakin ahuek guztiak ehunka metro batzuren eremuan daudela.

Beraz, ibaia zabortegi moduan erabiltzen ari delako, Eguzkik, beste hainbat herritan egin duen bezala, ibaiaren gaineko segimendu-plan bat martxan jartzeko eskatu du, ibaiaren eta erreken ingurumen kalitatea bermatzea helburu.

Gure ustez, hemen bi arazo daude. Batetik, ingurumen-kulturarik gabeko herriaren sektore bat, hondakinak botatzen dituena, eta, bestetik, eskumenak dituzten administrazioen utzikeria. Horregatik administrazioak ere salatzen ditugu, beraien eginkizunei uko egiteagatik.

Eguzki, 2022ko urtarrilean

Uholdea: arazoa ez da ibaian hasten

images

Uholdeez serio hitz egiteko urek bare behar dute ibaian izan, bazterrak urpean direnean bestelako premiak direlako, babes zibilekoak. Hala ere, urak lasaitzen direnean, arriskua joana delakoan, zertarako kezkatu? Hurrengoa izan arte. Oroimen mugatukoak gara, zoritxarrez. Edozelan ere, gure inguruko lurraldeetan uholdea da natura-gertaerarik ohikoena. Eta mende hau ezaugarritzen duten ziurgabetasuna, erresilientzia eta iraunkortasuna gogoan gizarte gisa ikasi beharko genuke arriskuarekin bizitzen, denboran hurbil ez denean ere. Ikasi, bai, kultura kontzeptua arriskuetara zabalduz. Are gehiago klima-aldaketara egokitu behar dugun honetan, aldaketa horrek ohikoago egingo baititu uholdeak eta gaurko lurralde-antolamenduak ohikoago kalteak.

Kontua, baina, zera da: uholdeak berriro gertatzean berriro entzuten ditugula kexa berak. Nago ni kaltetu izan direnek eskubidea ez ezik betebeharra ere badutela protesta egin eta kalte-ordainak arintasunez konpentsatzea eskatzeko, bai horixe, baina argi utzita ere kaltetua izateak ez diola, berez, inoren ikuspuntuari arrazoi gehiago ematen, ez horixe. Hortaz, arriskua kudeatzen eta kalteak arintzen frogatzen da zenbateraino den gizartea erresilientea.

Uholdeak gertaera konplexuak dira, kausetan eta ondorioetan ere. Jakina, euri-jasa handiak eta etengabeak izan gabe ez ziren uholdeak gertatuko, baina izanda ere ondorioak oso bestelakoak izango ziren kasu batean eta bestean. Parean jarri baino ez dago orain hamarkada batzuetako ibaiertzeko argazkiak eta azken urtetakoak, hartzen dugun ibai-arroa hartzen dugula ere.

Arduragabe okupatu ditugu ibaien ondoko lurrak, horien lauak eskaintzen duen erraztasuna oso modu okerrean ulertuta. Ez ote genuen eskolan ikasi uholde-lautada ibaiak errekarriz eta sedimentuz sortutako esparrua dela, nonoiz urak handi datozenean pausaleku hartu eta uholdeen aringarri izateko? Gauza asko egin ditugu txarto lurralde-antolamenduan eta, zehatzago, ibai inguruko hirigintzan, azpiegiturak barne, eta arrisku-gune berriak ere sortu ditugu, baina dagoena dago. Funtsezkoa gaurko erabakietan dago: uholdeei aurre egiteko modua birpentsatzeko garaia da.

Egia esan, gurean badugu Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana, Europako 2007ko Uholde-Zuzentarauak agindutakoari jarraituz. Planean argi adierazten da berez ibaiarenak diren lurrak okupatu izanak biderkatu egin dituela ohiko uholdeen kalteak, eta arriskupean diren lurrak antolatzeko irizpideak zehazten dira, itzulera-denboraldi desberdinetan. Plana hor da, udal-planeamendurako oinarri, baina erronka haratago doa, herritarrak planak ezagutu, prozesuan parte hartu, arriskuarekin bizitzen ikasi eta uholdea heltzear dela zer egin jakin. Eta horretan asko dugu egiteko.

Dena dela, bada arriskua kudeatzeko planetan falta den funtsezko irizpidea, plangintza hidrologiko osoan falta den funtsezko bera: lurraldea bere osoan aintzat hartzea. Izan ere, uholdeei aurre egiteko neurrietan ikuspegi hidraulikoa nagusitu da, hau da, ibaiko urak menderatzen saiatzea, neurri gogorrekin ibilguak artifizializatuz, ahalik eta leku gutxien gera daitezen urpean.

Baina arazoa ez da ibai-ibilguan hasten, uholdea horrekin lotzen bada ere. Atzera egin dezagun: euri-jasa handiak direnean, zergatik doaz urak hain arin ibilgura? Zergatik bildu horra ur handiak denbora motzean? Zergatik urek hainbeste sedimentu eraman, indar suntsitzailea handituz? Zergatik hori gertatu orain hamarkada batzuk baino arinago eta bortitzago? Arduragabeak izan gara uholde-lautadak urbanizatzen, bai, baina arduragabeak ere mendi-hegalak kudeatzen, azpiegiturak eta baso-jarduerak gehienetan lurraldeko ur-dinamika aintzat hartu gabe egiten. Ez dezagun ahaztu uholdeekin batera asko izaten direla azpiegitura linealen bazterretan gertatzen diren luiziak, ibaitik urrun egonda ere kalte-sortzaile.

Hortaz, ikuspegia aldatu beharra dugu behingoz. Uholdeak beti izan dira, eta izango ere, saiakera guztien gainetik, baina guri dagokiguna, are gehiago klima-aldaketarako egokitze bidean, arriskua moteltzea da, kalte-eremuak gutxitzea eta arriskuarekin bizitzen ikastea. Plangintzaren fokua lurraldean jarri behar da lehenago ibilguan baino, euri-urek hartzen duten ibilbideari jarraituz: menditik ibaira. Bestela esanda, lurraldea ikuspegi hidrologikotik antolatzeko garaia da, hamarkadatan txarrerako eraldatu ditugun eremuetan hasita; urari lotutako gertaerak ulertzeko ibai-ibilguaren ikuspegi hidraulikoaren aurretik ibai-arroaren ikuspegi hidrologikoa jarrita. Horretan datza ur- eta lurralde-plangintzek mende honetan duten erronka, beren uztardura, ura ez baitago ulertzerik lurraldearen dinamikatik kanpo, uholde izan edo lehorte.

Uholde Arriskua Kudeatzeko Planek abiapuntu hartzen dute UNESCOk 2013an ateratako ‘Flood Risk Management: A Strategic Approach’ txostenean jasotako oinarri batzuk. Besteak beste: 1) Erabateko babesa ezinezkoa dela onartzea. 2) Etorkizuna ez dela iragana modukoa izango kontuan hartzea. 3) Uholdeei aurre egiteko neurriak asko eta askotarikoak izan behar direla. 4) Arriskua eta ziurgabetasuna modu eraginkorrean gizarteratzea. 5) Leku batzuetan uholdeak apropos sustatzea. Bai, uholdeei aurre egiteko modu bat da bazter batzuetan uholdeak eragitea, ibaian beherako uren lasaigarri: ibai-basoak edo kultibo-guneak, kasurako, azken finean hobe kultiboak urpean uztea beherako hiriak baino. Eta segituan, kalteen konpentsazioa.

Izan ere, hamarkadetan egin dugunaren kontrara, zabaldu behar ditugu ibaien eremuak, ibaiei beren askatasun-eremuak bueltatuz, hainbat lekutan gaur egunean ezinezkoa bada ere. Baina horixe da birpentsatzearen abiapuntua, are gehiago iraunkortasunaren izenean Naturan Oinarritutako Irtenbideak hizpide ditugun honetan. Joana beharko zen gurean arriskuei azpiegitura gogorrekin aurre egiteko garaia, salbuespenak salbuespen, eta gaurko koherentziaren izenean ibai-arroaren antolamendu integratutik erantzuteko garaia etorria beharko, honetarako pentsamoldea aldatuta.

Eta bai, uholdeei aurre egiteko neurriak asko eta askotarikoak behar dira izan: Lurralde- eta hiri-antolamenduan, klima-aldaketara egokitzeko erakunde publikoetan, erresilientzia biderako gizartean… arrisku-kultura zabaldu eta uholde aurretikoa, momentukoa eta ondorengoa ondo planifikatuz. Eta horretaz hitz egin behar da ibaietan urak bare direnean.

Iñaki Antiguedad eta Ane Zabaleta. UPV/EHU

‘Hidro-Ingurumeneko Prozesuak’ talde kontsolidatuko ikertzaileak

 

 

 

 

 

Oreretako Ingurumen Sailaren aurrekontuen dinamika aldatzea premiazkoa da

IMG_20201210_171432_resized_20201213_093430991 (1)

Orereta-Errenteriako Udaleko Ingurumeneko Aholku Batzordearen azken bileran, Sailak urte honetarako duen aurrekontuari buruzko informazioa aurkeztu zen. Adierazi zuten sailaren 2022rako aurrekontua % 5,14 handitu dela 2021arekin alderatuta, eta, aldi berean, udal aurrekontu orokorra ere, ehuneko berean igo dela. Ez dugu aurrekontu orokorra aztertuko, baina bai Ingurumenekoa, arlo horretan lan egiten baitugu guk.

 

Sailaren aurrekontuan pixka bat gehiago sakonduz, ikusten dugu, tamalez, igoerak ez diela berdin eragiten kapitulu guztiei, Inbertsioen atala (garrantzitsuena guretzat) ez baita hazi, Sailaren atal orokorra bezala, % 5,14. Oso gutxigatik bada ere, ez da mantendu iazko kopurua, hau da, ez da handitu (-%0.08).

 

Ingurumen Sailaren aurrekontuek ezin dute aurreko urteetako dinamika jarraitu, eta ezinbestekoa da bultzada berezia ematea. Ezin gara errealitatetik aldendu, larrialdi klimatikoko egoera batean gaude eta egoera horri erantzun proportzionala eman behar diogu. Zientzialariek aho batez adierazi dute diru-kopuru handiak bideratu behar direla klima-aldaketari aurre egiteko, eta hori erakunde guztien aurrekontuetan islatu behar da, goi-mailakoetan eta lokaletan.

 

Zoritxarrez, 2022rako aurkezten den aurrekontu-proposamenak ez dio arazoaren tamainari erantzuten, baizik eta inbertsio atala ez da handitu aurreko urtearekin alderatuta, aurrekontu orokorra % 5,14 igo den arren.

 

Eguzkik dei egiten die Udalean dauden ordezkari guztiei beren praktika politikoan barnera dezaten ingurumena lehentasunezko esku-hartze eremua dela, eta, ondorioz, sail horri behar duen aurrekontua eman behar zaiola bizi dugun larrialdi klimatikoko egoerari erantzuteko. Aukerak ez dira alferrik galdu behar, zoritxarrez arazo honen konponbidean atzerapen handiarekin goaz.

Eguzkik Zumaia-Getaria oinezkoen pasealekuaren proiektuaren idazketan saretak kontuan hartzeko eskatu du

Pasealekua itsas ondoko eremu honetan eraikiko da.

Pasealekua itsas ondoko eremu honetan eraikiko da.

Iazko azaroaren amaieran prentsaren bidez jakin genuen 2022rako Estatuko Aurrekontuei egindako zuzenketen bidez 150.000 euroko partida esleitu zela Zumaia-Getaria lotzeko oinezkoentzako pasealekuaren proiektua idazteko (bi udalerriek luzaroan eskatutako proiektua).

Proiektua idazteko, indarrean dagoen administrazio-prozedura bete beharko da, eta esleipenerako baldintza-agiria ere jaso beharko da. Urola bailarako herrietan, ibaiaren aldameneko barandetan eta errekastoetan metalezko saretak jarri dira haien behealdean, eta, horrela, murriztu egin da haizeak ibai-sistemara eramaten duen hondakin kantitate handi baten iritsiera, aldez aurretik, modu batera edo bestera, beren kaleetan uzten baitira. Gaur egun, ia 6.000 metro dira haran horretan daudenak. Horietatik, 1.100 metro falta dira Azkoitiko herrian, eta partida bat horretarako bideratu da jada, eta Udalak jarriko du datozen hilabeteetan.

Eguzki3

En los municipios del valle del Urola ya se han colocado 6.000 metros de este tipo de rejillas.

Urola bailarako udalerrietan dagoeneko 6.000 metro sareta jarri dira.

Kanpaina xume hau Urolan hasi genuen eta zorionez gainerako arroetara zabaltzen ari da. Lelo honi erantzuten dio: sortu gabeko hondakina da hondakinik onena, garapen jasangarria bultzatuz eta ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eraginez. Kanpaina hau zabaltzeko konpromisoari berriro helduz, lanean ari gara Oarsoaldean, Deban eta Orian instalatuak izan daitezen. Izan ere, herri batzuetan gaur egun jarrita ikus ditzakegu.

Getaria eta Zumaia bitartean, dagoeneko jende asko ibiltzen da. Proiektu berria gauzatuz gero, pertsonen joanetorria areagotu egingo litzateke logikoki, eta, ondorioz, latak, toallatxoak, zapiak, plastikoen bilgarriak eta abar espaloietan bukatzeko arriskua, itsas ekosistemara zuzenean iristeko arriskuarekin. Horregatik, zuzenketa horri esker egingo den proiektuaren idazketan oinezkoen pasealekuko barandaren behealdean aipatutako saretak sartzea eta Baldintzen Pleguan jasotzea eskatu dugu.

Era berean, nahiz eta jakin proiektua gauzatzea Espainiako Gobernuko Kostaldeetako Zuzendaritza Nagusiari dagokiola, eta erakunde hori arduratuko dela kostaldeko bi udalerrien arteko zazpi kilometroak osatzeko idazketa egingo duen enpresa esleitzeaz, idazki bat bidali diegu Zumaiako eta Getariako alkateei, udalek eskaera erakunde horri bidal diezaioten, eta, aldi berean, gure eskaerari.

EGUZKI, 2022ko urtarrilean

Urumeako urpeko zabortegia ez da konpetentzia-kontua, inkonpetentzia-kontua baizik

IMG-20220101-WA0015Eguzkik Urumean salatu duen urpeko zabortegiak (Urpeko zabortegi bat Urumean, Donostiako bihotzean – Eguzki Talde Ekologista) agerian utzi du instituzioen arduragabekeria errioarekiko. Irudiak hain dira argiak (eta Donostiako erdialdean bertan) ezen instituzioak erreakzionatu beharrean aurkitu diren, eta erreakzionatu dute baloiak kanpora botatzen edo, hobeto esan, patata beroa elkarri pasatzen. Donostiako Udalak esan du ardura URArena dela; URAk, berriz, Udalari dagokiola, eta Kosta Zerbitzuak, azkenik, momentuz ez du ezer esan, “Madrilek zer aginduko” zain.

Eguzki ez da eskumen-eztabaida horretan sartuko. Izan ere, Urumeako urpeko zabortegia ez da konpetentzia-kontua, inkonpententzia-kontua baizik.

Urumean utzikeria handia dago, baina inork ez du utzikeriaren erantzukizuna bere gain hartu nahi.

Udalak, baloiak kanpora bota nahian zebilela, hara non espresuki aitortu duen urteak daramatzala Urumea garbitu gabe. Are gehiago, garbiketa bideratzeko hitzarmenik ere ez duela bilatu. Baina Urumea ez al da Donostia?

Onartezina da eskumen-kontuen atzean ezkutatzea. Udalak eta haren teknikoek aspalditik zuten arazoaren berri. Izan ere, hondakin gehienak hor zeuden azken uholdeak izan baino lehenagotik. Ez dute ezer egin, ordea.

Garbi dugu arazoaren iturburua direla erosotasunaren izenean gaizki jokatzen duten herritarrak. Baina horrek ez du esan nahi herri-erakundeek arazoa konpontzen ardura ez dutenik, noski.

Urumea Donostiakoa, Donostiarena ere bada. Beraz, bertan pilatutako hondakinak lehenbailehen atera egin behar dira, batetik, eta, bestetik, zaintza eta bestelako neurriak zorroztu egin behar dira hainbat herritarren praktika txarrak eragozteko. Eta bide horretan herri-erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da. Ez du balio ardurak saihesten ibiltzeak.

Donostiak ezin du Urumeari bizkar emanda bizi.

Urpeko zabortegiaz aparte, Urumeak 2001ean hainbat isuri kutsakor jasan ditu Donostiako udalerrian. Guk geuk, Eguzkikook, horietako zortzi salatu ditugu. Garbi dago Urumea defentsa beharrean dagoela.

EGUZKI, 2022ko urtarrilaren  5ean