All posts by Donostia

“Txillardegi, ekologista eta animaliazalea”, hitzaldia

IMG-20170131-WA0006 copiaTxillardegi hil zeneko 5. urteurrenaren testuinguruan, Txillardegi Liburutegia herri ekimenak eta Eguzkik “Txillardegi ekologista eta animaliazalea” izenburuko hitzaldia antolatu dute.

Otsailaren 10ean izango da, 18:30ean, Donostiako Liburutegiko ekitaldi-aretoan (sarrera San Jeronimo kaletik), eta bertan Txillardegi eta ziminoa liburuaren egile Markos Zapiainek eta Eguzkiko kide Martin Ansok hitz egingo dute.

Markos Zapianek azalduko du nolako ideia filosofikoetan nahiz pasarte biografikoetan sustraituta dagoen Txillardegik liburu askotan erakutsi zuen animaliekiko begirune edo elkartasuna. Idazle gisa, Zapiain saiakera alorrean nabarmendu da. Hitzaldiaren gaiari dagokionez, Txillardegi eta ziminoa argitaratu zuen 2007an.

Eguzki taldeko kide Martin Ansok, berriz, aurkezlearenak egingo ditu. Txillardegik Donostiako ekologistekin eta animaliazaleekin izan zuen harremanari buruzko zertzelada batzuk emango ditu.

Txillardegi pertsona polifazetikoa zen, baina hau ez da, ezta hurrik eman ere, haren fazetarik ezagunena. Hortaz, bakarren batentzat aurkikuntza interesgarria izango da, seguru.

Donostian bada herri-ekimen bat Udalak eman diezaion Txillardegiri zor zaion aitortza publikoa. Herri-ekimen honen helburua, Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena ematea da. Eskaera berria ez bada ere, Txillardegiren 5. urteurrena gogoratzen ari garen honetan, azkartu egin da, eta horren bueltan hainbat ekitaldi antolatu dira. Testuinguru horretan kokatzen da “Txillardegi, ekologista eta animaliazalea” hitzaldia.

Txillardegi zezenketen kontrako manifestazio batean.

Txillardegi zezenketen kontrako manifestazio batean.

Orangutanen uhartea ipuina irakur dezakezu hemen sakatuta.

Foruzaingoak harategi bat eta bi jatetxe salatu ditu oilagorrak saltzeagatik

Captura de pantalla 2017-02-01 a las 16.56.07Foruzaingoaren Ingurumen Brigadak harategi bat eta bi jatetxe salatu ditu berezorei oilagorrak eskaintzen zizkietelako. Kontuan izan behar da hegazti hauen salerosketa espresuki debekatuta dagoela. Aldez aurretik, Eguzkik Foruzaingoari ohartarazi zion harategi eta jatetxe hauek oilagor-eskaintza Interneten bidez eta guzti egiten zutela. Esan gabe doa Eguzkik oso egoki ikusten duela Foruzaingoak kasu honetan egin duen esku-hartzea, oilagorren salerosketak, berez debekatuta egoteaz gainera, lotura estua izan ohi duelako espezie honi kalte handia egiten dion legez kanpoko ehizarekin.

Foruzaingoak salaketa hauek aprobetxatu ditu gogorazteko oilagorrak saltzea guztiz debekatuta dagoela. Nafarroako 2016-2017ko Ehiza Aginduak zehatz-mehaz honako hau dio: “Oilagorren salerosketa debekatuta dago”.

Baina debekua ez da berria, ezta hurrik eman ere, orain dela hogei urte baino gehiago ezarri baitzen. Izan ere, nahiz eta oilagorrak eskaintzen dituzten negozioak oraindik asko diren arren, ezkutuan egin ohi dute, kartatik kanpo, edo “neguko hegaztia” eta antzeko izenez mozorrotuta. Foruzaingoak orain salatutakoek, berriz, ageri-agerian egiten zuten, Interneten bidez eta guzti. Debekua aspaldikoa dela kontuan izanik, nekez argudiatuko dute horren berri ez zutela; beraz, pentsatzekoa da seguru sentitzen zirela eta ez zutela zigorrik espero.

Orain, Igurumen Departamentuak erabaki beharko du isuna ipintzen dien eta zenbateko.

Eguzki, 2017ko otsailean

P.S. Hona hemen Foruzaingoak kasu honi buruz argitaratutako oharra:

http://www.navarra.es/home_es/Actualidad/Sala+de+prensa/Noticias+de+seguridad+publica/2017/01/25/caza+de+becada.htm

Otsailak 4 eta 19, erraustegiaren kontrako hitzordu berriak

IMG-20170204-WA0029EAEko Epaitegi Gorenak atzera bota du GuraSOSek eginiko eskaera Zubietako erraustegiaren esleipen-prozesua behin-behinean eteteko, Legeak aurreikusitako partehartze-prozesua egin arte. Olanok eta Asensiok, Asensiok eta Olanok, berehala esan dute erabaki honek atzeraezin bihurtzen duela erraustegia (oraingoan bai, diote; izan ere, hauxe bera lehen ere hamaika aldiz esan dute). Ideia hau indartzeko, Asensio erretratatu da kontratua izenpetzen ari zela. Ehiztari zuriak pizti afrikarraren gainean hanka nola, hala jarri du Asensiok atzaparra paperaren gainean. Eszenifikazio hauen bitartez, erraustegiaren kontrako oposizioak amore eman dezan nahi dute. Jai dute, ordea, oposizioak BADAKIELAKO hemen oraindik partida badagoela.                                                                                            “Ez sinistu bide judiziala amaitu denik!”, ohartarazi du GuraSOSek. Izan ere, Epaitegiak ez du onartu prozesua behin-behinean eteteko eskaera, baina ez du gaiaren mamiaz erabaki. Beste gauza askoren artean, oraindik erabaki behar du inpaktu-deklarazioa indarrean dagoen ala ez.                                                                                                                Nolanahi ere, eta hori ere badaki oposizioak, auzi hau ez da epaitegietan erabakiko, ez epaitegietan soilik, behintzat. Horregatik mobilizazioak erabakigarriak dira. Hona hemen hurrengoak:

– Larunbat honetan, otsailak 4, Erraustegiaren kontrako Mugimenduak manifestazio bat antolatu du Hondarribian (Markel Olano bertan bizi da). 12:30ean abiatuko da Butroi pasealeku amaieratik.

– Otsailaren 19an, berriz, GuraSOSek manifestazio bat antolatu du Donostian. Artzai Onaren katedraletik abiatuko da 12:00etan.

5. EDUKIONTZIA: 4 EGIA + 1

Asteazkeneko agerraldian ateratako argazki bat.

Asteazkeneko agerraldian ateratako argazki bat.

EGIA DA 5. edukiontzia berandu datorrela, oso berandu. Izan ere, Lasarte-Oriakoa izango da seguru asko herritar guztiei etxeko zaborren zatiki organikoa biltzeko aukera emango dien Gipuzkoako azken udala.

EGIA DA udal gobernuak 5. edukiontzia ezartzeko aukeratu duen sistema eraginkortasun eskasenekoa dela, modu nabarmenean, gainera. Izan ere, badira 5. edukiontzia ezartzeko askoz sistema eraginkorragoak, esaterako, Zegaman eta Olaberrian. Paradoxikoki, Lasarte-Oriako udal gobernuak bi herri horiek inoiz eredu gisa aipatu ditu. Askoz sistema eskasagoa ezarri du, ordea.

EGIA DA Lasarte-Oriak, gauzak horrela, nekez iritsiko dela %60ko birziklatze-tasa lortzera, alegia, leku guztietan erreferentzia moduan erabiltzen ari den gutxieneko tasa. Gainera, ez du aurreikusi emaitzak errebisatzeko eta, beharrezkoa balitz, neurri zuzentzaileak hartzeko inolako eperik.

EGIA DA udal gobernuak jarraitzen duela zabor-tasetan tarifa finkoa inposatzen. Horrela, birziklatzen ez dutenak pribilegiatzen ditu, birziklatzaileen kaltetan. Izan ere, birziklatu ala ez tasa bera ordaintzen denez, birziklatzaileak beraien esfortzu eta diruarekin finantzatzen ari dira besteen axolagabekeria. Politika honek talka egiten du 5. edukiontzia ezarrita daukaten beste herrietakoarekin, hala nola Donostia, Errenteria edo Irungoarekin. Herri horietan birziklatzaileei deskontuak egiten zaizkie zabor-tasetan, hain justu, tasa finkoa bidegabea dela begi-bistakoa delako.

BAINA HAU GUZTIA EGIA DEN ARREN…

EGIA DA, baita ere, hemendik aurrera bost ekudiontziak arduraz erabiltzen duenak etxeko zaborraren %90 gaika bildu ahal izango duela. Eta herritar arduratsuak (ia) DENAK beharko luketela izan, are gehiago Lasarte-Orian, kontuan izanda seguruena gurea izango dela erraustegiaren kalteak gehien sufrituko lituzkeen herria.

Gauzak horrela, Aire Garbiak dei egiten die herritarrei 5. edukiontzia erabiltzera. Kritikoki, hau da, fundamentuzko birziklatze-politika aurrera eramateko oso-oso motz geratzen dela jakinda, baina, halaber, gogotik, erreparorik gabe. Kontuan izan birziklatutako plastikozko ontzi bakoitzeko edo konpost bihurtutako gramo organiko bakoitzeko, erraustegia egiteko arrazoirik ez dagoela berresten ari garela.

BIRZIKLATZEARI BAI, ERRAUSTEGIRIK EZ

Edukiontzi berriak, errezeta zaharkituak.

Edukiontzi berriak, errezeta zaharkituak.

Lertxun hauskara berri bat hilik, oraingoan Meñakan

GetFileAttachmentEguzkik Fiskaltzan salatu du lertxun hauskara bat (Ardea cinerea) hilik agertu dela Meñakan, antza denez, tiroz jota.

Tiroz bota dutela konfirmatuko balitz, ez litzateke, ezta hurrik eman ere, joan den irailean ehiza-aldia hasi zenetik, legez babestuta egon arren, bota duten hegazti bakarra. Izan ere, Eguzkik dagoeneko bederatzi kasu salatu ditu, eta kasu hauek izozmendiaren tontorra baino ez dira, kontuan izan behar baita guk kasu hauen berri izan dugunerako, beste hamaika isilean geratu direla.

Zehatz-mehatz, hiru lertxun hauskara, bi belatz handi eta mirotz zuri, zapelatza, belatz gorri eta gabirai bana bota izana salatu dugu.

Larunbatean, hilak 21, CETAren eta TTIPren aurkako mobilizazioak

 

Kartel honek Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko hitzorduen berri ematen du.

Kartel honek Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko hitzorduen berri ematen du.

Europar Batasuna eta Kanadaren arteko merkataritza eta ekonomia ituna (CETA) baieztapenerako azken fasean dago. Europar Kontseiluan blokeatuta gelditzekotan egon zen, Valoniako Parlamentuak ez baitzuen bere oniritzia eman nahi, baina, azkenean, nazioarteko presioek, belgikarrak baiezkorantz eraman zituen.

Europar Parlamentuko lan komisioak ezetz esan zion itunari abenduaren 8an eta beste hainbat komisiok berdina egitea espero dugu.

Prozeduraren hurrengo pausoan, Europar Parlamentuak akordioa bere osotasunean bozkatuko du osoko bilkuran otsaileko lehenengo egunetan. Bozketaren emaitza baiezkoa balitz, itunaren atal asko behin behinean aplikatzen hasiko lirateke, eskualdetako eta nazio-parlamentuetan bozkatzen den bitartean (38 guztira. Baten batek onartuko ez balu, akordioa bertan behera geratuko litzateke).

 

Hendaia eta Irun bitartean giza kate bat egingo da. Hitzordua, Santiagoko zubian.

Hendaia eta Irun bitartean giza kate bat egingo da. Hitzordua, Santiagoko zubian.

 

Europar Batasuneko nahiz Kanadako gizarte zibileko hainbat aldetako kideak CETAren aurkako iritzia azaldu dute, ingurugiroaren eta pertsonen oinarrizko eskubideen babesaren aldeko bermerik eskaintzen ez duelakoan. 3,5 milioi pertsonek CETA eta TTIParen (itun bikia) aurkako eskaera sinatu dute jada Europar Batasunean.

CETAri hainbat eranskin eta “adierazpen interpretatibo” gehitu dizkiote, gerora, itunaren aldeko babesa gehitzeko asmotan, baina, testu hauek guztiek, ez dute akordioa gehiegi aldatzen, epaitegi paraleloak, lanpostuen galera, ingurugiroaren babes eza, etab. bezalako hainbat arazo aurkezten dituelarik oraindik, besteak beste.

Honegatik guztiagatik, TTIP, CETA eta TiSAren aurkako kanpaina osatzen dugun erakundeok mobilizazio eguna antolatu dugu datorren urtarrilaren 21erako. Itunarekiko gure gaitzespena agerian utzi nahi dugu baita erabakitzeko gaitasuna eta bozka daukaten europar, kanadiar nahiz nazio, probintzia eta eskualdeetako parlamentuei ordezkatzen dituzten herritarren eskubide eta interesen alde jokatzeko eskaera luzatu ere, itun honek suposatzen duen mehatxua kontutan hartu eta CETAren baieztapenaren aurka bozkatzeko eskatuz. TTIP eta CETAren aurkako jarrera hartzeko eskatu nahi diogu Gasteizko Parlamentuari, lehenago Nafarroako Parlamentuak egin zuen moduan. Merkataritza interesek ezin dute demokraziaren eta pertsona eta planetaren interesen gainetik egon. Horregatik guztiagatik, TTIP eta CETAri ezezkoa ematen diegu, herriek erabaki behar dutelako!