Milaka pertsona manifestatu dira Donostian Metroaren obrak behin betiko geldiaraztea eskatzeko

Manifestazioaren burua Foru Aldundiaren parean.

Manifestazioaren burua Foru Aldundiaren parean.

Satorralaia bizilagun mugimenduak deituta, milaka pertsona manifestatu dira gaur eguerdian Donostian, Metroaren obretan jazo diren Zubieta kaleko ezbeharra bezalako gertakari larriak eta %80tik gorako gainkostuak direla eta, Metroaren aurka berriro protesta egiteko  eta jendartaren gehiengoak astakeria handi hau onartzen ez dugula aldarrikatzeko.

Argazkiek ez dira mobilizazioaren handia erakusten, baina honako bideo honek bai:

https://www.youtube.com/watch?v=bBmhGIHUjDM

Manifestazioa eguerdiko 12etan abiatu da Koldo Mitxelenatik  eta hiru lerrotan kokatutako manifestariek kasik bulebarrera bitarteko ibilbide osoa jendez bete dute (horrek esan nahi du 3.000 lagun inguru bildu garela). Ikus bideoa:

Mobilizazioaren buruan “ZER GEHIAGO GERTATU BEHAR DA? ORAIN DA UNEA: ARDURAK ARGITU, METROA BEHIN BETIKO GELDITU!” zioen pankartak.

Manifestariek ibilbide osoan aldarrikapen oihu ugari egin dute, hala nola “ORAIN DA UNEA: METRO GELDITU!”, “METROAREN DIRUA GASTU SOZIALETAN” edota “EZ,EZ, EZ METROARI EZ”, metroaren aurkako kartelak eta aterkiak eraman dituelatik jende askok.

Zumeta, Ameztoy eta Arrastaluren horma-irudi antinuklearra, Arte Ederren Museoan

Horma-irudia, BIlboko Arte Ederren Museoan. Argazkia: Marisol Ramirez/Foku, Naiz.

Horma-irudia, BIlboko Arte Ederren Museoan. Argazkia: Marisol Ramirez/Foku, Naiz.

A zer-nolako poza sentitu dugun Jose Luis Zumetak, Vicente Ameztoyk eta Carlos Zabala “Arrastalu”k 1980. urtean Lemoizko zentral nuklearraren aurkako Herrikoi Topaketetan margotu zuten horma-irudi hura Bilboko Arte Ederren Museoan ikusi dugunean. Eguzkin aitortza moduan ulertzen dugu, artista haiekiko aitortza, jakina, baina baita haiek artearen bidez ordezkatu zuten mugimendu antinuklear harekiko nolabaiteko aitortza ere.

https://www.berria.eus/paperekoa/1877/031/001/2020-11-10/museoan-gelditu-da-lemoiz.htm

https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20201110/lemoiz-gelditu-murala-bilboko-arte-ederren-museoan-ikusgai-dago

“Horrelako aitortza egiten dizutenean, desaktibatu zaituzten seinale”. Beharbada. Baina kasu honetan uste dugu batez ere berrogei urte alferrik pasatu ez diren seinale dela. Inorentzat ez, e? Urrutira joan gabe, horma-irudiaren aurkezpenean zeuden Lemoizko zentrala martxan ipini ezean azak jan beharko genituela aldarrikatzen zuen alderdi haren maila goreneko ordezkari instituzionalak. Bai, badakigu horiek, “oso memoria malgua” dutela, nolabait esateko, baina ezin izan diogu barreari eutsi, batez ere kontuan hartuta berrogei urte eta gero ere horma-irudiaren mezua lehen egunean bezain sendoa dela. Alde horretatik, normala ere bada batzuk ozpintzea, ozpindu diren bezala.

Zumeta, bizkarka, aldamioan igota, horma-irudia margotzen.

Zumeta, bizkarka, aldamioan igota, horma-irudia margotzen.

Beraz, pozik gaude. Hala ere, gauza bat da Mugimendu Antinuklearra museoan sartzea, sartu den bezala, eta beste bat, oso bestelakoa, Mugimendu Antinuklearra honezkero museoko pieza izatea. Horregatik gaizki egingo genuke aukera hau baliatuko ez bagenu gogoratzeko hemen Iberduero/Iberdrola izan dela sekula barre egiteari utzi ez diona. Lemoizko zentrala bertan behera uzteagatik argindarraren erreziboen bitartez 2.273 milioi euro kobratuta nahikoa ez, nonbait, eta lursailak erakunde publikoen esku utzi behar izan dituenean ere lehengoratze- edo zaharberritze-lanengatik zentimorik ordaindu gabe egiteko moldatu da.

Alde horretatik, Lemoizko lursailen inguruan bada behar bezala itxi gabeko zauri bat. Eguzkik jarraitzen du haientzat eskatzen historiarekin bat datorren erabilera. Horrek, zehatz-mehatz, zer esan nahi du? Ba, esan nahi du Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian lehengoratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat egokitu, beharbada memoria-leku gisa. Eguzkik ez du beste erabilerarik baztertzen, baina betiere lehengoratzearekin eta erabilera publikoarekin bateragarri den heinean (Jaurlaritzak berriro hauspotu duen akuikultura-makroproiektua helburu horiekin bateragarria ote da?). Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, Eguzkik aholkatzen du erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izatea, memoriak horretarako ere balio beharko luke eta. Laburbilduz, historiarekin bat datorren erabilera eskatzen dugunean, honako hauek eskatzen ditugu: lehengoratzea, erabilera publikoa eta adostasuna.

EGUZKI, 2020ko azaroa

Eguzki talde ekologistak Papresako UJPa onartzeko tramitea hasieratik hasteko eskatu dio Lezoko Udalari

PAU Papresa Lezo1
2020ko irailaren 23ko dekretuaren bidez, Lezoko Alkateak behin betiko onartu zuen H.A.E. 25 Papresa Sektorea Urbanizatzeko Jarduketa Programa (UJPa). Hala ere, 2011ko irailera atzera egin behar da dokumentu honen hasierako onarpena aurkitzeko. 9 urte luze hauetan, prozedura geldirik egon da, eta ez da inolako borondaterik egon prozedurarekin jarraitzeko. Esan bezala, 9 urte beranduago, dokumentua behin betiko onartu nahi da, gure iritziz, ez ikusiarena eginez indarreko araudian dokumentu horiek izapidetzeko ezarritako epeak ez betetzeari. Legeak ezartzen duen denbora-programazioa kasu honetan ez dator bat esku hartzen duten eragileek izapidetzean erakutsitako utzikeriarekin. Behin betiko onespenaren bidez UJParen izapideak amaitzeko eta betebeharrak betetzeko Legeak ezartzen dituen 4 hilabete ingurutik 9 URTERA igarotzen da espediente honetan.

Gure ustez, espedienteak ez duen beste alderdi garrantzitsu bat da dokumentu honi buruzko ingurumen-ebaluazioko azterlana. Jarduera honek ingurune naturalean eta bide publikoan izan ditzakeen eraginak oso kezkagarriak dira. Nahiz eta ez diguten baieztatu zein izango den bere jarduera espezifikoa, ezin dugu ahaztu ez enpresa horren ibilbidea, ezta bere jarduera potentzialki kutsagarria dela ere.

Izapidetzean izandako atzerapen neurrigabearen eta Legeak ezarritako epeak ez betetzearen ondorioz, ondorioztatu behar dugu lortu nahi den behin betiko onespenak ez duela beharrezko lege-euskarririk, eta, logikoa denez, espedientea berriro hasi behar dela hasieratik. Hori da Eguzki taldeak irailaren 23an Alkatetzaren dekretu bidez emandako behin betiko onarpenaren aurka aurkeztutako errekurtsoaren bidez eskatu duena.

“Orain da unea: ardurak argitu! Metroa behin betiko gelditu” lelopean, larunbatean manifestazioa Donostian

Manifa-kartela-2020-azaroak-14-ona“Orain da unea: ardurak argitu! Metroa behin betiko gelditu!” lelopean, datorren larunbatean, hilak 14, Donostiako Koldo Mitxelenatik 12etan abiatuta, manifestazioa antolatu du Satorralaia Bizilagunen Mugimenduak.

Gomendatzen dizuegu jendea parte hartzera animatzeko egin duten bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=BIRhdLhk2ms&feature=emb_logo

Jarraian, berriz, deialdia…

Donostiako Metroaren obretan arazo larriak eta %80tik gorako gainkostuak pilatzearen ondorioz, lurpeko eraikuntza lanak eten behar izatea gertaera eskandalagarria da. Esan gabe doa, Jaurlaritzak gastuen igoera izugarri hori “hondarra eta uren ustekabeko agertzeari” leporatzea barregarria dela. Bada, Metroaren obran azaleratu den lardaskeria itzel honen aurrean, manifestaziorako deia egiten dugu, hain zuzen ere ardurak argitu daitezela eskatzeko eta jendartean deskreditu osoa bereganatzen ari den makro-proiektu behargabeko hori behin-betiko geldiaraz dezatela aldarrikatzeko.

Donostiako hiri-erdialdean barrena Metro bat eraikitzea herritar gehienen iritziaren aurka inposatu da. Egitasmoak ez du inongo justifikaziorik hiriko garraio publikoa nahiz Gipuzkoan EuskoTrenen sarea hobetzeko egin diren bestelako proposamenen aldean. Hori gutxi balitz, eraikuntza lanetan arazo larriak sortu dira eta langileen eta herritarren segurtasuna jarri da arriskuan: Zubieta kaleko 8. eraikinean Kontxako hondartzaren azpiko tunelaren zulaketak eragindako ezbehar larriaz gain, informazio guztia argitara eman dezatela eskatzen dugu Urbieta kalearen azpian tunelaren zulaketa-lanak Amarako Eskolen eta Koldo Mitxelena Kulturgunearen artean geldiaraztea behartu duten arazoen inguruan. Guzti horrek proiektuaren ZENTZUGABEKERIA egiaztatu baino ez du egiten.

Egoera kaotiko honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak obran milioi askotako gainkostuak barne hartuko dituen esleipen berri bat egiteko agertu duen asmoa onartezina da. Are gehiago egungo krisi egoeran, proiektu honek gizarte arloko hainbat premia atzeraezin eta lehentasunezkoei erantzuteko behar-beharrezkoak diren baliabideen xahuketa ekonomiko justifikaezina dakarrenean. Zer gehiago gertatu behar da Metroaren obra erabat gelditzeko?

Hori denagatik, Satorralaia bizilagunen mugimenduak azaroaren 14ean mobilizatzeko deia egiten dugu, eguerdiko 12etan Koldo Mitxelenatik abiatuta, Metroaren aurka berriro protesta egiteko eta jendartearen gehiengoak astakeria handi hau onartzen ez dugula adierazteko.

Zuen parte hartzea espero dugu beraz, baita zuek informatuko dituzuen lagunena ere. Osasun gomendioak errespetatzeko behar diren neurriak hartuta, Donostiako kaleetan manifestatzeko animatzen diegu herritar guztiei.

ORAIN DA UNEA:

Ardurak argitu

METROA BEHIN BETIKO GELDITU!

Euskal balea uste baino arinago ari da desagertzen: 356 buru baizik ez dira geratzen itsasoan

Euskal baleak

Sardako balea bere umearekin Kanada pareko uretan. (Argazkia: Canadian Wildlife Federation)

ARGIA. Euskarazko Wikipediak euskal balea eta sardako balea deitzen dio. Frantsesezkoak baleine franche de l’Atlantique nordbaleine noire de l’Atlantique nord eta baleine de Biscaye. Gaztelaniazkoak ballena franca glacial eta ballena de los vascos. Ingelesezkoak ere euskaldunokin lotzen du Eubalaena glacialis Ipar Atlantikoko balea: “Euskaldunak izan ziren espezie hau salerosketarako ehizatzen lehenak. Bale harrapaketan Bizkaiko Golkoan hasiak ziren XI. menderako. Baleok hasieran funtsean koipetarako [hirietako kaleak koipez argiztatzeko] ehizatu zituzten, baina haragiaren kontsebatzeko teknologiak aurrera egin ahala elikagai bezala ere hartu zuten garrantzia”. Bizkaiko Golkoan estreina eta ondoren Europa inguruko itsasoetako baleak suntsitu ahala, euskaldunok jo behar izan genuen Islandia, Groenlandia eta gaur Kanada osatzen duten lurraldeetaraino balearen irrikitan.

Jakina zen sardako balea estintziora zihoala, baina orain North Atlantic Right Whale Consortium elkarteak ohartarazi duenez desagertze hori gerta liteke oso denbora laburrean, 10-12 urteko epean. 2018ko urtarrilean AEBetako Itsas Arrantza Zerbitzuak (NOAA Fisheries) kalkulatu zuen 412 zirela bizirik geratzen ziren sardako bale bakarrak, urte bete beranduago 366 buru kontabilizatu zituzten eta orain 356tara apaldu dute kopurua. Azken hiru urteotan 31 balea hil dira eta 11 gehiagok zauri hilgarriak jaso dituzte AEB eta Kanada inguruetan, kopuru ofizialetan. Baina gauza da, adituen ustez, hildako baleen gorpu gehienak ez direla sekula aurkitzen eta ziur daude heriotza kopurua askoz handiagoa dela.

Geratzen diren azken baleak ere, ofizialki inork ehizatzen ez dituen arren, jarraitzen dute hein handi batean arrantzaleen biktima izaten: hiltzen jarraitzen dute bapore  handiek arrantzarako darabiltzaten sare, soka, kable eta beste tresnetan trabatu eta zaurituta.

Bada are albiste txarragorik: jadanik ez da geratzen bizirik 70 balea eme umedun baino gehiago espezie honetan. Kopuruok ikusita, adituak beldur dira azken balea desagertuko dela 10 edo 20 urte baino lehenago. Menturaz orduan iritsiko zaie euskaldunei garaia beren historiari begiratu eta munduko itsasoetan egin dituzten (eta oraindik ere egiten dituzten) sarraski izugarrietaz publikoki hitz egiteko. Agian orduan festarekin eta kantekin baino autokritikarekin ospatuko dugu gure izena hartu zuten baleetatik gure kostara hurbildu zen azken hura akabatu genuen eguna.

Peio Zubiria

2021ean ere birziklatzaileak zigortuko ditu Lasarte-Oriako Udalak zabor-tasa finkoaren bidez

5Lasarte-Oriako Udalak ezohiko osoko bilkura egin zuen joan den astean, eta bertan onartu zituen 2021ean indarrean egongo diren ordenantza fiskalak; udal zergak eta tasak, alegia. Zabor-tasari dagokionez, bi albiste daude, bata ona eta bestea, berriz, txarra, txisteetan bezala.

Albiste ona da zabor-tasa, tasa gehienak bezala, izoztuta geratuko dela, COVID dela eta herritarrak izaten ari diren zailtasunak arintzeko edo. Albiste ona kontsideratu beharko dugu batez ere azken urteotako joera guztiz kontrakoa izan dela kontuan izanda. Gogoratu azken urteotan zabor-tasa KPIren oso-oso gainetik igo dela. Esaterako, iaz KPIren igoera %1ekoa izan zen eta zabor-tasarena, berriz, %5ekoa, hau da, bost aldiz handiagoa.

Albiste txarra da PSOEk, duen gehiengoaz baliatuta, ezerezean utzi zituela EH Bilduk eta EAJ-k, bakoitzak bere aldetik, birziklatzaileak zabor-tasa finkoaren bidez ez zigortzeko egindako bi proposamen. Zehatz-mehatz, EH Bilduk 5. edukiontzia erabiltzen dutenentzako deskontu bat propoatu zuen; EAJ-k, berriz, erabiltzen ez dutenentzako errekargu bat. Bi proposamenok ezerezean utzita, 2021ean ere (eta 5. edukontzia Lasarte-Orian ezarri zutenetik laugarren urtez jarraian) birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek berdin-berdin ordainduko dute. Hori antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tarifa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute. Eta hori Lasarte-Oriako Udalak espresuki hala erabaki duelako.

Udal gobernuak tasa finkoa ezartzeko erabiltzen dituen argudioek umekeriaren eta zinismoaren arteko nahasketa baten ondorio dirudite:

–         Birziklatzaileentzako deskontua –diote– dagoeneko aurreikusita dago… baldin eta herrian, orokorrean hartuta, gaikako zabor-bilketan portzentaje jakin bat lortzen bada. Alabaina –eta hori ere aitortzen dute–, ez dago portzentaje hori lortzerik Udalak berak ezarri duen sistemarekin, hau da, Lasarte-Oria Gipuzkoan birziklatze-kontuetan azken putz izatera eraman duen sistemarekin.

–         -5. edukiontziaren erabiltzaile txartela izateak berak deskontu-eskubidea ematea “arriskutsua” izan daitekeela ere badiote… eta hori beharbada oso arrazoizkoa izan zitekeen… baldin eta Udalak berak berariaz erabaki izan ez balu txartelak edukiontzia irekitzeko eta bakar-bakarrik edukiontzia irekitzeko balio izatea. Hau da, Udalak berak erabaki zuen txartela ez lotzea 5. edukiontziaren erabileraren jarraipena egitea ahalbidetu zezakeen inolako software-sistemarekin. Software hau ez da zientzia-fikzioa, e? Hau da birziklatzaileei deskontua egiteko Gipuzkoako herrietan normalean erabiltzen den sistema. Adibidez, birziklatze-kontuetan batere aurrerazalea ez den Donostian bertan.

Udal gobernuaren hitzak eta ekintzak ez datoz bat.

Udal gobernuaren hitzak eta ekintzak ez datoz bat.

Joan den asteko osoko bilkuran zabor-tasa finkoaren inguruan izandako eztabaidatik zerbait positiboa ateratze aldera, esango dugu ematen duela PSOEk, hitzez behintzat, onartu duela (bazen ordua!) Lasarte-Oriak birziklatze-kontuetan “arazo bat” baduela. Onartu bai, baina, aldi berean, jarraitzen du luzamenduetan, neurririk hartu gabe. Zabor-tasaren gaineko oinarrizko erabaki erraz hau ere “mahai tekniko” batzuetara bideratu du. Kontua da orain dela urtebete justu, alkateak “mahai tekniko” horiei berei buruz hitz egin zuela, baina, dirudienez, azken 365 egunotan ez omen du “mahai tekniko” horiek biltzeko deialdia egiteko astirik izan. “Oraingoan bai –diote–, mahai teknikoak hilabete honetan bertan biltzen hasiko dira”. Ea egia den. Hala ere, udal gobernuak, itxurakeriaz aparte –eta itxurakeria horren lekuko da egunotan egiten ari den propaganda-kanpaina (1)–, birziklapena sustatzeko erakutsi duen interes falta agerikoak, “mahai” horiek eman ditzaketen fruituei buruz eszeptikoak izateko eskubidea eman digu.

Momentuz, hauxe da egia bakarra: 2021ean Lasarte-Oriak gutxi birziklatzen jarraituko du, baina birziklatzen duen gutxi hori meritu handiarekin birziklatuko du, udal gobernuak ez duelako batere erraztasunik ematen.

Eguzki, 2020ko urria

(1)            Propaganda-kanpaina hori dela eta, dokumentu bat zabaldu zuen orain dela gutxi Aire Garbia plataformak. Espresuki animatzen zaitugu irakurtzera: http://eguzki.org/2020/10/20/lasarte-orian-beraiek-kontzientziatu-daitezela/