Berriz ere amianto abandonatua Barkaiztegiko bidean

uralita-barkaiztegi2Barkaiztegiko bidean, Martuteneko Lanbide Institutu zaharrean abandonatutako hondakinak Donostiako Udalak bildu zituenetik hilabete eta erdi baino ez da pasatu (1), eta dagoeneko baten batek hantxe utzi ditu bizpahiru zaku uralita. Uralita hondakin arriskutsu gisa sailkatuta dago, amiantoz osatuta dagoelako eta, beraz, kaltegarria izan daitekeelako, bai pertsonen osasunerako bai ingurumenerako.

Gauzak horrela, zer esan? Batetik, espero dugula erantzuleak noizbait egiten ari diren kalteaz kontziente bihurtuko direla, edo, bestela, haientzako zigorgabetasuna behingoz bukatu dadila. Izan ere, Hondakin Legeak oso zigor gogorrak aurreikusten ditu. Bestetik, espero dugula oraingoan Udalak ez duela utziko legez kanpoko hondakin-deposito hori hazten; ez duela utziko hilabeteak eta hilabeteak pasatzen neurriak hartu aurretik.

EGUZKI, 2020ko azaroa

 

Barkaiztegiko bidean legez kanpo utzitako hondakinak bildu ditu Donostiako Udalak, bazen ordua! – Eguzki Talde Ekologista

Eusko Jaurlaritzari gas-proiektu guztiak bertan behera uzteko eta Shesa desegiteko eskatu dio Eguzkik

Gasteizko Subillan SESHAk hasitako   ikerketa, egun baztertua

Gasteizko Subillan SESHAk hasitako ikerketa lanak, egun baztertua.

Eusko Jaurlaritzak Subijanako gas-putzua ikertzeko duen asmoaren inguruan Arantxa Tapiak egindako adierazpenen aurrean, “aukera hori ez da ixten Klima Aldaketaren Legeak eragotzi arte”, Eguzkik salatu egin nahi du Eusko Jaurlaritzako ordezkarien eta, bereziki, Arantxa Tapiaren gizarte eta ingurumen kontzientzia falta, bai eta klima aldaketaren aurka agertu izana ere.

Alde batetik, euskal gizarteak argi eta garbi esan du ez duela fracking-ik nahi, ez eta gas-erauzketarik ere, ez ingurumen-afekzioengatik ezta errentagarritasun ezagatik ere,  hau ez baita posible baliabide eta laguntza publikoak energia-korporazio handien zerbitzura jartzen ez badira.

Ez dugu esplorazio-prozesu kamuflaturik nahi, hala nola ikerketa innokuorik edo ondorio gaiztorik gabeko ikerketarik, ezta milaka putzu ustiatzeko helbururik ere, eremu jakinetara mugatutako baimenen eta negozioen karrera ero horretan azaldu dutenez.

2019-09-27, Bilbo. Klima aldaketaren kontra greba Euskal Herrian. 27-09-2019, Bilbao. Huelga contra el cambio climático en Euskal Herria.

2019-09-27, Bilbo. Klima aldaketaren kontra greba Euskal Herrian.

AEBtan garatutako esperientziatik abiatuta egiaztatutako ebidentzien arabera, arbel-gasa ateratzeak lurpeko eta azaleko urak kutsatzeko arrisku handia dakarrela iradokitzen dute, eta EAJren eta PSEren betebeharra da, unerik galdu gabe, baimen horri uko egiteaz eta geldiarazteaz gain, guztiak baztertzea, SHESAren xedea aldatzea eta EVEren eta euskal administrazio guztien lehentasunak eta inbertsioak alderantzikatzea.

Eusko Jaurlaritzak, erauzketa-teknika oso arriskutsu bat inposatuz, bizkarra ematen dio administrazioek ingurumena zaintzeko duten betebeharrari. Eta oraindik ez dago jasota ikerketa eta putzu horiei berariaz uko egiten zaienik, ezta SHESA eta EVE osasunaren eta ingurumenaren aurka egiteko erabiltzeari ere.

Eguzki talde ekologistaren ustez, gas putzuak babesteko politika hau, ikertzeko naiz ustiatzeko asmoz, ez da soilik  baimenaren ondorioz kaltetutako eremuen aurkako erasoa, lurralde osoari zuzendutako esplorazioaren eta esplotazioaren aldeko apustuaren bidean, zalantza iturri eta abisua ere bada. Zehazki, gas putzuen defendatzaileek burugogorkeria eta inposaketa erakusten dute baita herritar guztiekiko konpromiso falta handia ere.

Eguzkiren ustez, herritarrentzako ageriko kalte, ondorio eta arrisku guztiak ezkutatzen dituen energia-negozio horren aurrean, beharrezkoa da gogoeta egitea daukagun gizarte kontsumo- eta energia-ereduari buruz, eta jokabide eta politika guztiak kontsumoa eta eraginkortasuna murriztean oinarritutako energia-eredu jasangarri baterantz bideratzea.

Arantza Tapia

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Kontseilaria.            Argazkia: Baleike.

Aldaketa klimatikoa ukatzearen eta gasaren erauzketa laguntzearen aurrean, ikerketak esplotaziora bideratutako korporazioen azterketa errazteko beste helbururik ez duenez, gauzak egiteko beste eredu posible eta beharrezko bat nahi dugu eta gasaren esplorazioaren eta erauzketaren ondorio negatiboen aurkako energiak batzeari bai esaten diogu.

Eguzki Gasteizen, 2020ko azaroaren 28an.

Adi! Urtarrilaren 30ean klima- eta ingurumen-krisiaren aurrean denok batera aritzeko deialdia!

Larreko Mahaiaren aurkezpen-egunean ateratako irudia.

Larreko Mahaiaren aurkezpen-egunean ateratako irudia.

Adi! Markatu ondo egutegian urtarrilaren 30a! Izan ere, egun horretan edo egun horren inguruan, ekologiaren alorrean lan egiten duten eragile guztiak batera, herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentroetan, klima- eta ingurumen-larrialdia salatzeko ekintzak antolatzeko deialdia egin du Larreko Mahaiak. Betiere tokian tokiko arazo lokaletatik krisialdi globala bistaratzea helburu.

Gainera, otsailaren 6an Zaldibarko hondamendiaren lehen urteurrena izango da. Zaldibar da Euskal Herrian ingurumen alorrean gauzak ongi egin ez diren eta ongi egiten ari ez diren adierazle garbia. Bada, urtarrilaren 30eko ekimenaren bitartez Zaldibarko salaketa ere indartu egin nahi da.

Parte hartu nahi baduzue edo informazio gehiago nahi baduzue:

larrekomahaia@gmail.com

Honako hauek osatzen dute Larreko Mahaia: ELA, LAB, CCOO, Steilas, ESK, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Ernai, Fridays For Future eta Extinction Rebellion. Berez, Gipuzkoa mailako plataforma da, baina urtarrilaren 30eko ekimenak Gipuzkoatik kanpo ere oso harrera ona izan du. Beraz, oso litekeena da azkenean Euskal Herri mailako ekimena izatea.

Hona hemen, oso-osorik, Larreko Mahaiaren deialdia…

“ZALDIBAR GOGORATUZ, ONDO BIZI ETA BIZITZEN UZTEKO, ALDA SISTEMA!” kanpaina herritarra

Larreko Mahaiak Urtarrilaren 30a bizi dugun klima eta ingurumen-krisia salatzeko ekintza egunarekin bat egiteko deia luzatu nahi die Gipuzkoako herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentro guztiei.

Larreko Mahaia larrialdi ekologikoarekin kezkatuta gauden Gipuzkoako eragile sozial eta sindikalen elkargunea gara eta 2021eko urtarrilaren 30ean Gipuzkoako ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentro gehienetan klima eta ingurumen-krisia salatzeko abiatuko dugun ekimenaren berri eman nahi dugu.

Agintari politikoek, orain krisi sanitarioaren aitzakia pean, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta krisia areagotzen jarraitzen dute, gainera, Europar funtsen inguruan gobernu zein enpresek baliatu duten politika kapitalisten zuriketa estrategia salatu nahi dugu. Beharrezkoa da norabide aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea. Argi dugu bizitzaren aldeko norabide aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu.

Hori dela eta, urtarrilaren 30ean, edota aurreko zein ondorengo egunetan, larrialdi ekologikoari lotutako salaketa eta aldarrikapen ekintzak egingo ditugu: hitzaldiak, elkarretaratzeak, bizikleta-martxak, kostaldean edo ibaietan plastiko-bilketak, zuhaitzak landatzea, ibilaldiak, proiektu erraldoiek mehatxatutako natur guneetan ekimenak, kontsumo basati eta merkatal gune handien aurkako kanpainak, turistifikazioaren salaketa…

Gainera, Otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia bertan behera erori zeneko urteurrena izango dugu. Zaldibarreko lekukoarekin argi geratu zen Euskal Herrian ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari. Beraz, larrialdi klimatikoaren aurrean herri aktibazioa sustatzea helburu duen ekimen honen bidez, Zaldibarreko zabortegiaren gertakizun larria oroitu eta berriro errepika ez dadin kalera ateratzeko arrazoietan sakondu eta sentsibilizazioa baliatu nahi dugu.

“Globalean pentsatu, eta lokalean ekin” leloak adierazi bezala,ezinbestekoa iruditzen zaigu krisi globala hemen bistaratzea, planetari gertatzen ari zaiona gurean hasten dela argi adieraztea; gure garraio, hondakin, bioaniztasun, lurralde antolaketa, ekoizpen sistema, lanaren banaketa edota ibaien saneamendu-politiketan.

Covid-19aren aurrean, bestelako jendarte eredu baten beharrizana ez ezik, posible dela ere mahai gainean jarri duten hamarnaka ekimen balioan jarri nahiko genituzke. Eta aurrerantzean ere bide horretan jarraitzea ezinbestekoa dela azpimarratu nahi dugu: salaketa ez ezik, larrialdi ekologikoa eteteko alternatiba txiki zein handiak, herritik eta herriarentzat erein, josi eta elikatzeko erronka hartuko al du euskal gizarteak?

Beraz, elkarlanean, modu deszentralizatuan eta logika globala lokalean bistaratuz, ingurumen-krisi honi eraginkortasun handiagoz aurre egiteko abiapuntua ezarri nahi dugu: agitnari politikoen borondate eza eta elite ekonomikoen interesak kontrajarriko dituen herritar kezkatu eta ekintzaileon aktibazioa eta batera jotzeko abiapuntua. Bat egin dezagun, sistema aldatu eta eta bizitza erdigunean jarriko ditugun plazan!

LARREKO MAHAIA (ELA, LAB, CCOO, Steilas, ESK, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, Gurasos, Ernai, Fridays For Future, Extinction Rebellion).

Eguberritako argiak direla eta, Eguzkiren iritzi kritikoa

Debido a la pandemia, el acto inaugural ha sido mucho más modesto que en años precedentes.

Pandemia dela eta, aurtengo inaugurazio-ekitaldia dezente apalagoa izan da aurreko urteetakoa baino.

Gaur arratsaldean eguberritako argiak inauguratu dira Donostian. Osasun-egoera dela eta, aurreko urteetan baino ekitaldi apalagoa izan da, espero zitekeen bezala, su artifizial garesti eta kutsakorrik gabekoa.

Nolanahi ere, Eguzkik eguberritako argiekiko iritzi kritikoa publikoki adierazi nahi du.

Osasun-krisian ez ezik ingurumen-krisian ere aspaldi gaude bete-betean sartuta. Zehatz-mehatz, eguberritako argiak energia-xahuketa bat dira, udalek klima-krisiaren inguruan egiten dituzten aldarrikapenekin inolaz ere bat ez datorrena.

Azken urteotan, udalen artean (Vigo, Madril, Bilbo…) txapelketa moduko bat eratu da, ea zeinek gastatzen duen gehien eguberritako argietan. Donostia ere nola edo hala bide beretsutik doa, argi horiek dituzten ondorio ekonomiko zein anbientaletan erreparatu gabe.

Donostiak urteak daramatza eguberritako argien piztea aurreratzen. Abendua ez omen da nahikoa eta azaroa ere behar da. 45 egun eguberritako argiak piztuta.

Zertarako Klima DSS2020 Ekintza Plana, baldin eta gero eguberritako argien bidez energia xahutzen bada, xahutzen den moduan?

Zertarako itzali Udaletxeko argiak ordubetez Planetaren Egunean (apirilaren 22an), ez dakigu zer-nolako konpromisoaren sinbolo gisa, baldin eta eguberritako argiak piztuta dauden egunak gero eta gehiago badira?

Zertarako atzeratzen dugu erlojua ordubetez urrian?, abenduan gehiago gastatzeko?

luces3Gauzak horrela, Eguzkitik Udalari bi gauza baino ez dizkiogu eskatuko: eguberritako argiak gehienez ere 9ak arte piztea –gaur gaurkoz denda guztiek 9tarako itxita egon behar dute eta– eta erabilitako energia, behintzat, iturri berriztagarrietatik datorrela bermatzea.

Dena dela, Donostiako Udalak iraunkortasun energetikotik eguzki-urteetara jarraituko du.

Aurten ez dugu noria argitsurik izango, behintzat.

Donostiako EGUZKI, 2020ko azaroan

“Natura aberastasuna ezagutuz, kontserbazio handiagoa lortuko dugu”

“Natura aberastasuna ezagutuz, kontserbazio handiagoa lortuko dugu” lelopean, Eguzkik, Barakaldo Naturalarekin batera, 5 ibilbide gidatu antolatu ditugu Barakaldon zehar. Ibilibide horietan, Equinoccio Naturak gure udalerriak oraindik mantentzen duen natur ondarea erakutsiko digu, hau kontserbatzeak duen garrantzia azpimarratuz.

1 Ibilbidea

Ekintza honi esker, Barakaldoko naturguneen  bioaniztunaren zati bat ezagutzeko aukera izango dugu, besteak beste, arrain hiruarantza (espezie kaltebera), artadi kantauriarra eta  txilardi atlantikoa. Horretaz gain, gure herrian bizi diren animalia basatek utzitako oinatzak eta bestelako arrastoak bilatzen eta aztertzen ikasiko dugu.

Egungo osasun egoera dela eta, ekintza antolatzeko modua honako hau izango da:

•        Izen-ematea derrigorrezkoa da.

•        Bi txanda antolatuko ditugu:

–        1.txanda: goizeko 10:00etan irtengo da.

–        2. txanda: goizeko 12:00etan irtengo da.

IMG-20201123-WA0017

Ibilbidearen iraupena ordu bat eta erdikoa (gutxi gorabehera) izango da.

•        Osatuko diren  taldeek gehienez 5 kide izango dituzte.

•        Ekintza iraun bitartean, segurtasun eta higiene-neurriak errespetatuko dira: musukoaren derrigorrezko erabilera, segurtasun distantzia, etab.

* Lehenengo irteeraren data: AZAROAK 29, IGANDEA

Laguntzaileak, Barakaldo Naturala eta Barakaldoko Udala

Hondakinak eta Donostiako Udalaren utzikeria salatu ditu Eguzkik Oriako Itxian

Oriako Itxiko zaborrakOriako Itxian, Lasarte-Oriako Oria auzotik gertu, baina Donostiako udalerrian, legez kanpo utzitako hainbat hondakin daude. Ikus bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=SqW2OQB6o7k

Horren berri eman zion Eguzkik Donostiako Udalari joan den abuztuan.

Irailean, berriz, Udalak erantzun zuen hondakinak lursail pribatu batean daudela, eta, ondorioz, lurjabeak direla (antza denez, Allerruko gasolindegia) hondakinen ardura dutenak.

Oso logikoa, baina, lursail pribatu batean egon arren, hondakin horiek legez kanpo daude han. Gauzak horrela, irailean bertan galdetu genion Udalari ea lurjabeei hondakinak bertatik kentzeko errekerimendua egin dien.

Erantzuna iristen ez zenez, insistitu behar izan dugu, baina, azkenean, hemen dugu: “Zonaldea ez da udaleko jabetza, horregatik, ez da udal honetako kale garbiketa eta hondakien kontratuetan agertzen”.

Guk zuzenean egindako galderari erantzun ez dionez, ondorioztatzen dugu Udalak lurjabeei ez diela errekerimendurik egin eta ez duela egiteko inolako asmorik. Ardura-utzikeria nabarmena iruditzen zaigu, argi eta garbi.

Hondakinen Legeak espresuki debekatzen du “edozein motatako hondakinak kontrolik gabe abandonatzea, isurtzea edo ezabatzea”, eta nahiko argi uzten du eskumena, Oriako Itxiko bezalako kasuetan, toki-erakundeena dela, udal eta mankomunitateena, alegia. Donostiako Hiri Hondakinak Biltzeko Udal Ordenantzak ere ez du onartzen hondakinak edonon eta edonola uztea, jakina.

Ados, Oriako Itxiko hondakinak ez daude Donostiako erdigunean, udalerriko mugetan baizik, jende gutxik ikusten dituen paraje batean. Baina Udalak ez luke horregatik beste aldera begiratu beharko; izan ere, hondakin horiek Alderdi Ederren bertan baleude bezain legez kanpokoak dira.

Eguzki, 2020ko azaroa

Eguzkiren hitzaldiak Azpeitiko ikastetxeetan, 10 eta 12 urteko neska-mutilak plastikoaren inguruan kontzientziatzeko

Karmelo Etxegarai Ikastolako neska-mutilak, atzean Gorka Alberdi dagoela, lehenengo hitzaldian. Argazkia: Karmelo Etxegarai/DV.

Karmelo Etxegarai Ikastolako neska-mutilak, atzean Gorka Alberdi dagoela, lehenengo hitzaldian. Argazkia: Karmelo Etxegarai/DV.

Ekoetxeak antolatuta eta 2030 Eskola Agendaren barruan, Azpeitiko hiru ikastetxeetan hitzaldiak egingo ditu Gorka Alberdi Eguzkiko kideak. Helburua 10 eta 12 urte bitarteko neska-mutilak plastikoaren arriskuen inguruan kontzientziatzea.

Ekimen honen berri ematen digu Eli Azipuruk DVn:

Eguzki concienciará a los alumnos sobre el peligro del plástico | El Diario Vasco

Azkoitiko auto-garbitokitik Urolara zaborrak botatzen direla salatu eta neurrik hartzeko eskatu du Eguzkik

Argazkian hainbat hondakin ikusten dira, baina badira beste hondakin asko ibai ertz zati horretan sakabanatuta, tarteka, landaretzan ezkutatuta.

Argazkian auto-garbitokitik botatako hainbat hondakin ikusten dira, baina badira beste hondakin asko ibai ertz zati horretan sakabanatuta, tarteka, landaretzan ezkutatuta.

Azkoititik atera eta Garbigunearen aurrean Zumarragako bidean dagoen auto-garbitokiaz ari gara, Egia da horren parean Urolan aurkitu daitezkeen zabor batzuk, esaterako, plastiko arinak, beharbada haizeak bultatuta iritsi direla haraino, baina beste batzuk garbitokitik bertatik bota dituzte, inolako dudarik gabe. Adibidez, gailu elektronikoak, zapatak, arropa, motxila bat, eltze baten estalkia, toldo bat eta era guztietako poteak. Ikus ezazu bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=lGd8bnTAM2s&feature=youtu.be

Handik 150 bat metrora Egino erreka dago (Plater-tiroketako errepidea). Orain dela hilabete bat Eguzkik erreka hori zabortegi bihurtuta dagoela salatu eta Udala jakinaren gainean jarri zuen. Kontuan izan behar da hor botatakoen artean uralita dagoela (amiantoa) eta hondakin arriskutsu gisa salkatuta dagoela. Halaber, horrelako praktikak, legez kanpokoak diren arren, gure inguruan nahiko arruntak direla ohartarazi genuen. Azkoitia ez da salbuespen bat, alegia. Hona hemen adibide batzuk.

Gogoratu 2019ko ekainean Eguzkiko eta Urola Bizirikeko hainbat kideren artean ehunka kilo zabor atera genituela Juin Txiki poligonotik, eta eliz ondoan ikusgai egon zirela.

Azkoitiko eliz ondoan ikusgai jarritako hondakinak, kontzientziazioa helburu.

Azkoitiko eliz ondoan ikusgai jarritako hondakinak, kontzientziazioa helburu.

2019ko urrian, berriz, Urola ertzean zaborraz betetako hiru puntu salatu ziren: lehenengoa Ugarte kalean, bigarrena GI-2634 errepidearen zubipean eta hirugarrena berriz ere Juin Txikin (garbigailu bat eta guzti zegoen). Gaur egun bakar batzuek zaborrak botatzen jarraitzen dute.

Honako bideo hau, berriz, Eguzkiko eta Urola Bizirikeko kideok San Martin kalean hartu genuen, lokutorioaren atzean, otsailean, konfinamendua hasi baino pixka bat lehenago:

https://www.youtube.com/watch?v=fx5b6_Aj0dA&feature=youtu.be

Ibai Ondo eta Trino de Uria kaleak lotzen dituen zubiaren inguruan zabor-poltsak eta tetrabrikak (ardo, ozpin, esne…) ateratzen jarraitzen dugu. Dudarik gabe, baten batek etxeko leihotik bota ditu.

Trino de Uria kaletik atera gabe, etxe tartean, alde batean harategi bat eta bestean bizikleta-denda bat dauden puntuan, arropa, erratz bat eta arrautza-ontzi bat daude (testu hau argitara eman baino lehen euria egiten ez badu eta urak ibaitik behera eraman ez baditu, behintzat). Hondakin horiek ez dira hara iritsi haizeak bultzatuta. Bertan bota egin dituzte. Urola zati honetan isurketak sarri ikus daitezke.

Urola, Trino de Uria kale parean. Eguzkik orain dela hilabete batzuk ateratako argazkia.

Urola, Trino de Uria kale parean. Eguzkik orain dela hilabete batzuk ateratako argazkia.

Ordenantzak honela dio:

41. Artikulua: “Hondakinak zuzen-zuzenean ibaira botatzea guztiz debekatuta dago, ingurumenaren, osasun-baldintzen eta herriaren irudiaren kaltetan delako” eta “Ibaiara zaborra botatzea arau-urratze larria kontsideratuko da”.

Eguzkik, zaborrak garbitegitik eta Trino de Uriatik kentzeko eskatzeaz gain. urtero ibaira eta erreketara zabor kantitate handiak isurtzen direla ikusita, Azkoitiko Udalari eta Urola Erdiko Mankomunitateari eskatzen die neurriak har ditzatela, besteak beste, zaintza-protokolo bat abian jar dezatela isurketak lehenbailehen identifikatu eta atera daitezen, eta erakunde publikoak izan daitezela horrelako ekintzak publikoki salatzen dituztenak, erabat gaitzesgarriak direlako.

Eguzki, 2020ko azaroan

Naturkonen kide batek erasoa jasan duela salatu dute eskutitz bidez

Zumaiko herritar bati (Naturkonen elkartekidea) gertatutakoa salatzeko idazten dugu oraingoan. Iraila bukaeran konturatu zen Urolako babestutako eremuan zati bat erre zela eta pentsatu zuen Baleike aldizkarian salatu behar zuela baina ez epaitegian. Herritarrei jakinaraztea zen helburua eta ardura duten guztiak (Kostas, Foru Aldundia, URA agentzia eta Udala) jakinaren gainean uztea.

Joan zen bertara argazki batzuk ateratzera, kontua dokumentatuta gera zedin, eta aprobetxatu zuen Urola guztian gertatzen diren erabilera desegokiak mahai gainean jartzeko. Erre zuten eremuan hormigoia botea zuten eta berriro jakinarazi zien eremuaren ardura duten organo guztiei. Ez dugu ahaztu behar toki hura Natura 2000 Sareko eremu babestua dela. Espediente bakoitzak bere bidea hartu zuen (askotan ez dugu jakiten nola bukatzen diren espediente horiek) eta noizpait izapidetuko da erantzuna, erantzunik bada.

Igande arratsaldean ilundu arte egon zen araztegitik aurrera eta kotxera bueltatutakoan sorpresa hartu zuen, kotxea kalte ugari propio eginda aurkitu baitzuen. Hori dena gertatu da agintariek eta eskumenen ardura duten organoek ez dutelako betetzen beren funtzioa; areago, ez dutelako bete nahi izaten, eta horregatik herritar partikularren bizkarrera erortzen dira behin eta berriz ardura horiek. Naturaren alde lan egiten duen herritar honek ordaindu behar izan du batzuen arduragabekeria eta beste norbaiten basatikeria.

Gure lagunak jaso duen erasoa salatu nahi dugu, eta gure elkartasuna adierazi hari. Eta Zumaiko Udalari, URA agentziari eta Aldundiari eskatu nahi diegu legea bete eta betearaz dezatela.

Naturkon.

Naturkon 2020 txikia 3

Arrano txiki bat tirokatuta Gatikan. Inpunitatea?

Arrano Txikia.Koldo Lizundia

Argazkia:Koldo Lizundia

Abuztuaren 23an, Gatikan baserritar batek bere oiloak erasotzen zituen Arrano txiki bati (Hieraaetus pennatus) tirokatu zion bere baserrian.

Nekazariak onartu zuen tiro egin zuela baina “para asustar”. Eskerrak arranoak bizirik diraula eta Gorlizko Faunaren Birgaitze Zentroaren zaintzapean dago. Errekuperatzen ari da, eta lar berandu denez Afrikarako migrazio bidaia hartzeko zentroan egongo da udaberrira arte.

Sarritan lortzen dute eskopeteroek delitoak egitea zigortuta izan gabe. Guk hitz egin genuen auzokoekin, eta eurek baieztatzen dute inguru nekazariek sarritan tiro egiten dutela. Eta esan beharra dago, inguru horretan hainbat etxe direla, eta gainera bide gorri bat handik pasatzen dela.

Ikusten denez gertakizun hau abuztuan gertatu zen, baina bi hilabete itxaron behar izan dugu gure salaketa Gernikako epaitegira heltzeko. Egia da perdigoi aztarnak ez dituztela arranoan aurkitu , baina nahikoa dauka perdigoiaren bat lumak ikutzeko arranoa erorarazteko.

Kasu honetan ondoko etxe bateko baratzean erori zen arranoa, eta ornitologo den lekuko batek Ertzaintzari deitu zion. Ez da lehen aldiz Butroi Bizirik Trantsizioan elkarteak honelako salaketa bat egiten duena, eta Eguzki Talde Ekologista bezalako taldearen laguntza epaitegietara salaketa eramatea, eskertzekoa da.

2.arrano txikia

Egungo osasun-egoerak txirrindularien eta oinezkoen mugikortasunari ematen dion potentzial guztia garatu ahal izateko oztoporik handiena, Gipuzkoan, Aldundiak Bizikleta Bideen Plana ez betetzea da

4Eguzkik gogorazi nahi du egungo osasun-egoerak oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari ematen dion potentzial guztia garatu ahal izateko oztoporik handiena Gipuzkoan azpiegitura-falta dela, funtsean, Foru Aldundiak Bizikleta Bideen Plana nabarmen urratu duelako. Eta bakar batzuek Pernandoren egiatzat joko duten hori espresuki gogorazi nahi dugu Mugikortasun diputatu Rafaela Romerok lehengoan Batzar Nagusietan gai honen inguruan agerraldi bat egin zuelako. Agerraldi horretan, egoeraren diagnostiko bat aurkeztu zuen Romerok, eta, esan zuenez, diagnostiko hori izango da urtea bukatu baino lehen aurkezteko asmoa duen Txirrindularien eta Oinezkoen Mugikortasuna Sustatzeko Premiazko Jarduketen Plan Integralaren oinarria.

Diagnostikoak berak agerian uzten du guk salatutako azpiegitura-falta. Izan ere, diagnostikoa elkarrizketetan oinarritzen da, hau da, udal teknikariekin, eskualdeko garapen-agentziekin eta, oro har, bizikletarekin zerikusia duten enpresekin eta elkarteekin eginiko elkarrizketetan. Bada, elkarrizketa guztietan aipatzen da “bizikleta-bideen eta herrien arteko zerbitzuen azpiegituren sareak osatzeko eta hobetzeko beharra”.

Rafaela Romerok honako hau esan zuen: “COVID-19aren ondorioz, lehentasunak aldatu egin dira: lehen, herritarrak bizikletaren arloan beste erabiltzaileekin bizikidetzan sentsibilizatzeko beharra zegoen; gaur egun, berriz, pertsonak euren lantokietara edo ikastetxeetara garraiatzeko premia nagusitu da eta lehen lekuan ipini”.

Herritarrak sentsibilizatzeko kanpainek funtzio bat dute, noski, ez dugu ukatuko, baina ezin dute ordezkatu administrazioek, kasu honetan Aldundiak, beren konpromisoak ez betetzea. Beraz, “herritarrok sentsibilizatzen” hasi aurretik, eurak sentsibilizatu daitezela, Foru Aldundian, alegia. Bestela, “herritarrak sentsibilizatzeko” kanpaina horiek Aldundiaren aurpegi-garbitze hutsa baino ez dira izango. Egingo balute bezala, baina benetan egin gabe. Itxurakeria hutsa.

Lezo eta Donibane bitarteko bidegorria da bukatu gabe jarraitzen dutenetako bat.

Lezo eta Donibane bitarteko bidegorria da bukatu gabe jarraitzen dutenetako bat.

Beraz, Aldundiak urtea amaitu baino lehen aurkeztuko omen duen “Plan Integral” horrek herritarrok zentzu batean edo bestean “sentsibilizatzea” helburu baino ez badu, alferrik ari da. Plan horretan Aldundiak berak erakutsi behar du benetan sentsibilizatuta dagoela eta horretarako bide bakarra du: okerrak zuzendu eta esan dezala azken urteotan egin gabe utzitako bidegorri horietatik guztietatik zenbat sartu behar duen 2021eko aurrekontuan.

Informazio osagarria

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana 2013ko ekainean onartu zuten Batzar Nagusiek, aho batez onartu ere.

Planak zortzi urte aurreikusten ditu (edo zituen), bi laurtekotan banatuta, 2013-2017 eta 2017-2021, Planifikatutako Oinarrizko Foru Sarean egiteke dauden bidegorri-zatiak egiteko, hau da, Sarea behingoz osatzeko. Baina Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, egiteke daudenak, Planaren exekuzio-epea amaitzeko urtebete baino gutxiago falta denean. Adibidez, honako hauek:

-Lasarte_Oria-Usurbil (Txikierdi).

-Usurbil (Txikierdi-Santuene).

-Usurbil-Orio.

-Errekalde-Galarreta.

-Lasarte_Oria-Urnieta.

-Urnieta zeharbidea.

-Urnieta-Andoain (sin terminar).

-Andoain-Villabona (sin terminar).

-Errenteria-Gaintxurizketa.

-Gaintxurizketa-Irun (sin terminar).

-Lezo-Pasaia (Donibane) (sin terminar).

-Mutriku-Mutriku (Saturraran).

Eta hau ez da zerrenda osoa, jakina, ezta hurrik eman ere.

Aldundiari behin eta berriz Planaren gauzatze-mailari buruzko informazio eguneratua eskatu diogun arren, ez digu eman, baina joan den uztailean lehen laurtekoaren ebaluazio-txosten TEKNIKOAren kopia bat helarazi zigun. Txosten horretatik honako paragrafo hau ateratzen dugu, gure ustez oso argigarria delako:

Captura2Laburdilduz: Aldundiak ez zuen lehen laurtekoan aurreikusitako dirua inbertitu, zehatz-mehatz, behar baino 5,7 aldiz gutxiago inbertitu zuen. Bigarren laurtekoan inbertsioa bizkortu ezean, Plana gauzatzeko 17 urte gehiago beharko zirela aurreikusi zuen txosten teknikoak. Bada, txostena egin zenetik Aldundiak inbertsioa bizkortu ez duenez, lehen laurtekoaren atzerapenei bigarrenarenak gehitu zaizkie. Hitz gutxitan: Plana gauzatzeko epea amaitzear da eta gauzatze-maila izugarri apala da.

Rafaela Romerok, Batzar Nagusien aurrean, honako hau esan zuen: “Gipuzkoak egungo testuingurura egokitutako plan bat izateko ahal dugun guztia egin behar dugu txirrindularien eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko, izugarrizko zailtasunak eta ziurgabetasunak dauden unean. Herritarrek modu seguruan mugitzeko beharra izaten jarraitzen dutelako. Eta gure betebeharra da, eskubide hori bermatzeaz gain, ingurumen garbiagoa ahalbidetzeko beharrezkoak diren neurri politiko eta ekonomiko guztiak hartzea aldi berean. Horrek, gainera, lurraldearen dinamismo ekonomikoaren elementu traktorea izan behar du, eta gizarte- eta lurralde-kohesiorako lagundu behar du”. Baita hau ere: “Orain, eskuduntzak dituzten botere publikoei dagokie –maila anitzeko eskuduntzatik eta gobernantza partekatu eta lankidetza hobea praktikatuz– mugikortasun hori ahalbidetzeko eta bermatzeko neurriak ezartzea. Hori baita gure herritarren nahia, pandemiaren testuinguruan argi ikusi den bezala”.

Oso ondo, baina erretolika hori guztia askoz sinesgarriagoa izango litzateke baldin eta Bizikleta Bideen Plana, OINARRIZKO proiektu bat (gogoratu bidegorri sare horrek OINARRIZKO Foru Sarea duela izena), ia zeharo alboratuta ez balego.

EGUZKI, 2020ko azaroa