All posts by Andoain

Bizkaia eta Gipuzkoan baso naturalak berreskuratzeko aukera historikoa irekitzen ari da pinudien gainberaren ondorioz

Eguzkik eztabaida publiko  eta anitza ere eskatzen du.

bosque1

Nekazaritza, eraikuntza eta egurgintza bezalako arloek elkarrekin eragindako gainbera ikusita, Euskal Herriko mugimendu ekologistak baso naturalen (publiko zein pribatuak) birgaipenerako lana egin du hamarkadatan zehar: hariztiak, pagadiak, artadiak, haltzadiak, etabar. Era berean, Bizkaia eta Gipuzkoako egur ekoizpenaren eredu intentsiboa salatu izan da irmoki: mendien industrializazioa, pistak, soilketak, baso suteak, izurrite eta gaixotasunak, fumigazioak, diru publikoaren xahuketa, etabar. Gure mendi eta ibarrak mende oso batez jasaten ari dira inpaktu hauek, bereziki intsignis edo radiata pinuaren landaketa basatia XIX. mendearen bukaeran hasi zenetik, Estatu Batuetatik ekarriz. Ez Araban, ez Iparraldean, ez eta Nafarroan, ez zuten barneratu lurraldea suntsitzeko eredu intentsibo hau.

EAEko azken Baso Inbentarioaren datuak erabiliz (2016), guzti honen ondorioa da 125.000 hektareatako intsignis pinuz landatutako orban erraldoi bat izatea (ez basoak). Gainera, badira beste 80.000 ha gainerako merkatal espezie exotikoz landatuta: bestelako pinuak, izeiak, alertzeak, eukaliptoak, haritz amerikarra, sasi arkazia, etabar. Guzti hauek gure paisaia naturalak infektatu dituzte eta EAEko baso ekosistemetan bioaniztasunaren galera-tasa larriak eragin dituzte. Aipatutako espezie exotiko hauetatik, 25.000 ha (%65 publikoak) Natura 2000 Sarearen barruan kokatua izatea deigarria da benetan, munduko naturgune babestuen sare ekologiko handiena delarik, Europako Batasunaren bioaniztasuna babestera zuzendua.

Gaur egun baso askorentzat kezka iturri den banda marroiak jotako landaketa.

Gaur egun baso askorentzat kezka iturri den banda marroiak jotako landaketa.

Gehitu behar da gaur egungo baso agertokia hurrengoen bultzadaren esku egon dela: Gobernu Espainiarreko ICONA izandakoa, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak; hori bai, egurjabeen elkarteek eta egurraren sektoreak ezinbestez lagunduta. Naturaren kontserbazioarekiko oldarkortasuna osagai amankomun eta iraunkorra izan da orain arte aipatutako erakunde eta egurraren inguruko eragile hauen artean. Mugarik ez da izan, axola hartu gabe maldak, ibaiak, ur hartuneak ala eremu babestuak dauden ala ez.  Horrela, Ingurumena eta lurralde antolaketari begira, baso ustiaketaren (nagusiki aisialdiko egurgintzan oinarrituta, ez profesionala) eredu honen inpaktuak izugarriak izaten ari dira: erosioa, bioaniztasunaren galera (habitatak, basa fauna eta flora, prozesu ekologikoak,…), ur kalitatearen jaitsiera, urtegiak lohiz betetzea, uholdeen eta ibaietako ur handitzeen laguntza, paisaia naturalen suntsipena, gure mendien artifizializazioa, diru publikoaren xahutzea, etabar.

Orain, espezie exotikoen erabilera masiboan oinarritutako eredu intentsibo honek sortutako izurriteen ondorioz, intsignis pinuaren gainbera itzulezina omen da, onddoetan eta bestelako gaitzen jatorria duten patologia luze bat bere egoera fitosanitarioan eragiten ari delarik: banda marroia, banda gorria, fusariuma, prozesionaria, etabar. Ekologismoak hamarkadetan lortu ez duena, onddo mikroskopikoak lortzen ari dira. Gertatutakoaren ardurak ere eskatu beharko dira, dagokien ikerketak abiatzeaz gain: enpresak, politikoak, funtzionariak,…

Landaketak

Landaketak eta landaketak. Gaikaldean Douglas izeia eta eukaliptoa bhekaldean.

Bestalde, aipatutako Baso Inbentarioaren arabera, baso naturalak (hariztiak, pagadiak, baso mistoak, artadiak,…) EAEk dituen 723.000 ha-etako lurraldeko %75etik desagertu dira dagoeneko, horietatik soilik %31,70a publikoak izanik.

Era berean, mugimendu ekologistak urteak daramatza gure mendien gaineko mehatxu berriaz ohartarazten, Australiako jatorria eta ekosistemen izaera inbaditzailea duten zenbait eukalipto espezieren ustiapenaren inguruan. Horregatik, intsignis pinuaren eta beste hainbat egur espezie exotikoen egoera fitosanitarioa ikusita, euskal baso-eredu gogorrena Gipuzkoan klonatzeko arrisku bizia dagoela salatzen du Eguzkik, Bizkaikoa hain zuzen. Herrialde honetan, eta PNV ereduari esker, eukaliptoaren erabilera intentsiboa 17.000 ha-tan zehar zabaldu da dagoeneko. Era berean, adi egon behar dugu intsignis pinuaren “ordezkoak” izan daitezkeen beste espezie exotikoen landaketa masiboaren aurrean: Douglas izeia, sekoiak edo kriptomeria.

Lortuko den baso agertoki berean ezinbestekoa izango da EAEko lurzoru publikoen zaintza bermatzea, egur-ustiapen komertzialaren biktima berriro izan ez daitezen. Adibide gisa, Gipuzkoan dauden 33.000 ha herri onurako mendietan, horietatik 26.000 ha 39 Udalen jabetzakoak, eta besteak Mankomunitate, Partzuergo eta Foru Aldundiarenak izanik.

Egur sektorearen (Baskegur) azken aitorpen publikoei lotuta, intsignis pinuaren kudeaketaren porrota arintzeko herritar guztien diru publiko gehiago xahutu nahian, Eguzkik gogoratzen dio, nagusiki basojabeen jarduerak sortutako arazoa izanik, haiek konpondu behar dutela, beren diru gastu eta sarrerak denon artean ordaintzea kafkianoa delarik. Presazko neurri bakarra gure mendi eta arro hidrografikoetako ekoizpen eredua eraldatzea da, eta ez nahi izatea fumigazio kimiko masiboak hedatzea, lurzoruak, soroak, ur hartuneak eta ekosistemak intoxikatuz.

Herri lurretan bide ekoizpenzalea baztertu eta baso natural bihurtzea da gure proposamenetako bat

Gure proposamenetako bat herri lurretako landaketak baso naturalarengatik ordezkatzean datza.

Horrela, Eguzkitik gutxieneko sei oinarri proposatzen ditugu EAEko baso politika berriari buruzko gizarte eztabaida sakon bat irekitzeko, erakunde publikoek gidatuta, eta egungo eredu intentsiboaren errore berberak errepikatzea saihestuz

1-Arlo interesatu guztien partehartze anitza eta errealaren bermea: Aldundiak, Udalak, basojabeen eta egurraren sektore profesionalen elkarteak, unibertsitateak eta zientzia erakundeak, erakunde ekologistak, elkarte naturalistak, etabar.

2- Zenbait gaietan indarrean dagoen legedia betetzearekiko erabateko bermea: ura, klima aldaketa, ingurumen arduraren Legea, bioaniztasuna, Natura 2000 Sarea, etabar. Lege araudi berri baten formulazioa, baso erabileren antolaketa espazialki mugatzeko, hau da, non babestu eta non ekoiztu egurra.

3- EAEn baso-habitatak bildu ditzaketen Natura 2000 Sareko eremu guztietan baso naturalak ezartzea, gaur egun egur-ustiapenak dauden 15.000 ha pribatuetan haiek berreskuratuz.

4- Ingurumenaren aurkako dirulaguntza publiko kaltegarrien ezabaketa, sektore primarioan benetazko landa-garapenaren sustapena baso-politika berriari lotuz.

5- Basojabe pribatuentzat bi kasuetan dirulaguntza publikoen emendatze handia: (1) baso naturalena; eta (2) Natura 2000 Sarean egur ustiapen exotikoena, baso naturalak ezarri eta bilakatzeko.

6- EAEn egur ustiapen exotikoz okupatutako baso-eremu publiko guztietan (Udalena, Kuadrillena, Mankomunitate eta Partzuergoena, eta Foru Aldundiena) baso naturalen berreskurapena, horrela herri izaera duten lurzoru guztietan egur ekoizpenari uko eginez bertako basoetara eraldatuz: 55.000 ha.

Argazkian bezalako basoa (mixtoa) ugaritzea litzateke ondorioetako bat.

Argazkian bezalako basoa (mixtoa) ugaritzea litzateke ondorioetako bat.

Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak Eusko Jaurlaritzari, Aldundiei eta egur sektoreari elkarrizketa zabaltzea eskeintzen die aipatutako sei oinarrien inguruan, gure mendien babeserako egiazko agertokia ezartzeko asmoarekin. Agertoki hau lortzeko baso politika iraunkor bat adostu behar da, horretarako orekaz hurrengo helburuak partekatuz: gure baso naturalen berreskurapena, egur ekoizpena eta bioaniztasunaren aldeko kontserbazio-egoera, bai Natura 2000 Sarean bai eta beste naturguneetan, bai lurzoru publiko zein pribatuetan.

Eguzki Talde ekologista eta antinuklearra, 2018ko iraila

Bi isurketa aste beteko tartean Oria arroan

Leitzarango isurketa

Leitzarango isurketa

Bi isurketa gertatu dira astebeteko epean Oria arroan. Lehena Leitzaran ibaian (Andoain) gertatu zen eta Orian bertan bestea, Olaberrian.

Bi kasuetan, isurketaren berri izan orduko 112arekin harremanetan jartzearen ondorioz, isurketen jatorria eta arduraduna topatzea posible izan da. Arrakasta txiki honek (beti ez baita jakitea lortzen isurketaren jatorria eta arduraduna) agerian uzten du zein garrantzitsua den isurketen berri ahalik eta azkarren ematea.

Lehena Andoainen.

Irailaren 15ean isurketa gertatu zen Leitzaranen, Andoainen, Leitzaran ibaia Oriaratzen den puntutik oso gertu, Renfeko zubiaren inguruan zuen jatorri eta denbora tarte batean ibaiko ura, batez ere ezkerreko aldeko ibai bazter alde zuri-zuria ikusten zen. Guk ez genuen hildako arrainik edo antzekorik topatu baina kontuan hartzekoa da antzeko isurketa bat gertatu zela uztailaren bukaeran isurketaren jatorriaren zantzurik topatu ez bazen ere.

Leitzarango isurketa Orian ere sumatu zen

Leitzarango isurketa Orian ere sumatu zen, isurketaren jatorria bertatik gertu zegoen eta.

Kasu honetan kostata bada ere, URAko ikuskaria eta Udaltzainen arteko lanak emaitza onak eman zituen: isurketak, konponketa lanak egiten ari zen etxe batean izan zuen jatorria eta pintura txuria bota zuten arraskatik behera. Kontuan izan behar da margoak, ura koloreztatzeaz gain, oso kutsakorrak izatera irits daitezke nagusiki metal pisutsuak (beruna, kadmioa, merkurioa) eta konposatu organiko hegazkorrak dituztelako. URAk Udalaren esku utzi du lege-haustearen kudeaketa.

Beste arazo bat agerian.

Isurketa honek ur-beltzekin edo hondakin-urekin zerikusia duen beste arazo bat utzi du agerian: Leitzaranen ezkerraldeko etxeko ur-beltzak ibaira isurtzen dira zuzenean.  Gai hau ezaguna da Eguzkikoontzat, izan ere, askotan salatu dugun gaia da eta. Uste dugu  badela garaia arazo honi irtenbidea emateko, tristea baita XXI. mendean, Biotopo izendatuta dagoen ibaia ur-beltzen isurketekin zikintzea (naiz et herrigunea babestutako gunetik kanpo dagoen), Adunako araztegira bidali beharrean. Horregatik, Andoaingo Udalari Leitzarango hondakin-urak araztegira orain bideratzeko eskatzen diogu.

Olaberrian bigarrena.

Olaberriako isurketa, edukiz ezberdina bada ere Andoa ngoaren itxura bera zuen.

Olaberriako isurketa, edukiz ezberdina bada ere Andoaingoaren itxura bera zuen.

Bestea ostegunean, irailaren 20 gertatu zen Olaberrian. Kasu honetan ere, kolore zuria hartu zuen Oria ibaiko urak, Estanda Oriaratzen den inguruan. Mantxa ibaian gora jarraitu eta Arcelor-Mittal-etik irteten zela ikusi genuen. Dirudienez depositu batean izan zuten matxuraren ondorio izan zen isurketa.

Kasu honetan ere ez genuen hildako arrainik topatu baina enpresaren jarduera mota kontuan izanik, Ura Agentziaren emaitzen zain geratzen gara, isurketak eragin duen kaltea zehaztu ahal izateko.

Garbi geratzeen dena, isurketak, lantegi batek edo gure etxetatik eginak izan, denak ibaiak kutsatzen dituztela, ingurumena kaltetzen dutela.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2018ko irailean.

Eguzkik kritikatzen du Aralarko Natur Parkean legez kanpoko pista berri bat eraikitzeari EH BILDUk emandako onarpena eta bultzada.

Eniriotik Doniturrietarako bidea, gaur egun arte

Eniriotik Doniturrietarako bidea, gaur egun arte

Intzensao eta Goroskintxu artean pista bat eraikitzea, Aralarko Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE, Natura 2000 Sarea) babestua, auzitegietan epaitzen ari da Landarlan eta Eguzki erakunde ekologistek Ingurumeneko Fiskaltzan salaketa jartzearen ondorioz. Bide penal honi jarraiki, Gipuzkoako Aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko (Arantxa Ariztimuño) eta Ingurumeneko (Felix Asensio) Zuzendari Nagusiak inputatuta daude, kargu publiko hauen jarduera ikertuz.

Enirio-Aralar Mankomunitatearen, non EHBilduk ordezkarien gehiengoa duen,  azken bileran, Mankomunitateko lehendakariak deituta uztailaren 30ean ospatu zena udako oporren garai bete-betean, EHBilduko hautetsi batzuen bozkak erabakigarriak izan ziren Enirio eta Igaratza artean ia 3 km-tako luzera eta 3 metro zabalerako pista bat eraikitzea onartzeko. Bertan ia 18.000 m2-ko azalerako lur mugimenduak eraginez Aralarko bihotzean. Eremua herri lurretan kokatzen da, 3076.1 Herri Onurako Mendian hain zuzen. Era berean, kapritxozko pista honen inguruko xahuketaren adierazle gisa, ingurumeneko zentzugabekeriaz gain, maiatza eta azaroaren bitartean astean 6 kotxe/egun erabiltzea aurrekusten du Mankomunitateak, urteko beste sasoietan astean soilik 1-2 kotxe/egun izanik. Luxu asiatiko bat gutxiengo pribilegiatu batentzat.

Orain arte EAJ izan da Aralar edo Aizkorri-Aratz bezalako eremu babestuen artifizializazioa bultzatu duena, dirulaguntza publiko iraunkorren onuradun diren zenbait abeltzainen alde eginez, eta natura babesteko araudiaren aurka sarritan. Orain aldiz EHBilduk jauzi handi bat eman du, lurraldea gehiago suntsitzeko norabidean EAJrekin batera kokatuz, are gehiago Intzensaon eraikitako pistarengatik Aldundiko bi goi karguen inputazioa jakitun izanik. EHBilduk hartutako eta mugimendu ekologistari jakinarazitako konpromiso bikoitza hautsi du: Parke Naturalean pista gehiago ez eraikitzeko moratoria ezartzea, eta derrigorrezko (1994. urtetik!) Azpiegitura Plana aldez aurretik onartzea, hau eta gero pistak eraikitzeko beharra irizpide anitzeko aldagaiak erabiliz aztertuko zelarik. Izan ere, Igaratzako zentzugabekeri hau Aralarren zehar 20 km-ko luzerako pista-sarea eraikitzeko proposamen baten ataria besterik ez da.

Goroskintxurako bidea egiten 2017an

Argazki hau 2017koa da, Goroskintxurako pista egin zutenejko. Badirudi halako irusdiak errepikatu direla epe laburrean.

Era osagarri batetan, 2018ko uztailaren 25eko Ebazpena, Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusiarena, Enirio-Aralar Mankomunitateak sustatu duen “Eniriotik Igaratzako txaboletara doan bidea motordun ibilgailuentzat egokitzeko proiektua” onartzen duena argitaratu zen. Gure erakundea Landarlan Elkartearekin batera aurkako errekurtsoa aurkeztu dugu. Egindako helegiteen oinarri teknikoa EHBilduk eta EAJk elkarrekin onartutako proiektu hau legearekiko iruzurragatik baliagabea izatea da hain zuzen, hurrengo araudien aurka doalarik: Habitat naturalen eta basafauna eta floraren kontserbazioari buruzko 92/43/CEE Arteztaraua, Aralarko Parke Naturalaren Natur baliabideen Antolaketa Plana, eta Aralarko KBEren Kudeaketa Plana (Natura 2000 Sarea). Era berean, ez dugu ahaztu behar proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailaren Ondare Naturala eta Klima Aldaketako Zuzendaritzaren aurkako txostena duela, eta Gipuzkoako Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren zalantza itzelak ere badaudela.

Horregatik, Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak exijitzen dio EHBilduri bere erabakiak zuzentzeko eta Aralarko Parke Naturalaren artifizializazioa areagotzeko proiektuei uko egitea. Eremu hau da Gipuzkoa mailan kontserbazio egoera onean aurkitzen diren eta motorrezko ibilgailuen trafikotik babestuta dauden lurralde eskas horietako bat. Are gehiago, Gipuzkoan dagoeneko eraikita dugun errepide eta bide sare itzela ikusita. Era berean, Gipuzkoa eta Euskal Herria mailako Aralarko arazoaren dimentsioa dela eta, Eguzkik eskatzen dio EHBilduri Aralarri buruzko eztabaida zabal eta anitza ireki dezala bere artizializazioari buruz erabaki baino lehen. Eta parte hartzen dituen erakundeetako foroetan lan egin dezala:

1. Gure mendien babesaren alde eta bioaniztasunaren galeraren aurka, eta

2. Gaur egun eragin sozio-ekonomiko handiak sortzen dituen ekoizpen intentsiboa baztertuko duen eredu agroekologiko baten alde.

Euskadi zorretan

Jatorria: Lemu proiektua.

Jatorria: Lemu proiektua.

Bizitzeko behar ditugun baliabide guztiak ematen dizkigu Naturak eta sortzen ditugun hondakinak xurgatzen, baina muga batzuk ezartzen dizkigu baliabideen erabilgarritasunari eta poluigarriak eta hondakinak xurgatzeari dagokionez.

Lurralde bateko populazioak kontsumitzen dituen baliabideak ekoizteko eta sortzen dituen hondakinak asimilatzeko behar den lehorreko eta itsasoko azalera bioproduktiboari aztarna ekologikoa deritzo. Euskadiko biztanle bakoitzaren aztarna ekologikoa 4,7 hektareakoa (ha) zen 2001n, hau da, bost futbol zelai adinakoa. Ez dago geroztiko daturik EAEn, baina seguruenik eskura izan diren azken datuetan, 2014koetan, Espainiak zuenaren (3,9 ha) eta Frantziak zuenaren (4,7 ha) bitartekoa izango zen. Mundu mailakoa aztarna ekologikoa berriz 2,7 ha zen 2015ean.

Imagen de: desde fuera de palacio

Irudiaren jatorria: desde fuera de palacio.

Iraunkortasun globalaren ikuspegitik lurralde bateko biztanleen aztarna ekologikoa planetako biztanle bakoitzari dagokion azalera eskuragarriaren azpitik behar luke, hau da, 1,7 ha azpitik. Orduan Euskadiko aztarna 4,7 ha bada, esan nahi du bere beharrak asetzeko dagozkion 1,7 hektareaz gain beste 3 ha behar dituela. Hori dela eta, Euskadik ezin iraunezko kontsumo eredua du, bere beharrei erantzuteko munduko beste eskualdeena edo ondorengo belaunaldiena hartzen ari baita. Horregatik planetako biztanle guztiek Euskadikoen kontsumo maila balute, planetaren azalera biologikoki produktiboa eskuragarri dagoena baino 2,7 aldiz handiagoa izan beharko luke. Hortaz, 2,7 planeta beharko lirateke.

portada

Mundu mailako datuei dagokienez, berriz, 2,7 hektareako batezbesteko aztarna globala baliabidez hornitzeko 1,5 planeta beharko lirateke. Baina, gizadiak nola erabil ditzake 1,5 planeta, bat bakarra badugu? Bankuko kontuan jarritako diruak emandako interesak baino gehiago ateratzea erraza den bezala, posible da baso batetik urtean ematen duen egurra baino gehiago ateratzea edo urtean birsortu daitezkeen baino arrain gehiago arrantzatzea. Baina hori denbora jakin batean egin ahal izango da, azkenean baliabidea agortu egingo baita.

Aurreko zenbaki horien arabera, kalkulu erraz baten emaitzak (365 x (1.7 / 4.7) = urteko 132. eguna) adierazten digu ezen, Euskadin, aurtengo maiatzaren 12rako gastatuak genituela 2018. urte osorako zegozkigun baliabide naturalak. Eta abuztuaren 2an munduko gizadiak jada erabilia izango du 2018 osorako zeukan baliabide-zakua. Berdintze-eguna urtetik urtera aurreratzen doa: 2000. urtean irailaren amaieran zen, aurten abuztuaren 2an. Gure planetak mugak ditu, baina gizakiaren ahalbideek ez. Naturaren mugen barruan bizitzea teknikoki posiblea da, finantzei dagokienez onuragarria, eta gure irtenbide bakarra da etorkizun arrakastatsua izango badugu. Horregatik, ahalegin guztiak egin behar ditugu egutegian Naturak ezarritako mugak gainditzen direneko eguna atzeratzeko. XXI. mendeko Euskadirako egitasmo handi bati ekin behar diogu, mundu mailan indarrean jartzen ari diren prozesu ekonomiko eta energetiko zein ingurumenari eta gizarteari dagozkienak lideratzeko egitasmo bat. Munduko erreferente izateko ahalmen ekonomikoa, baliabideak, giza kapitala eta batez ere herritar kontzientziatuak (IHOBEren azken inkestak bistaratu zuen bezala) baditugu. Ikuspegi eta borondate politikoa bakarrik falta da guztion helburu hori lortzeko ahaleginean jartzeko.

2018-07-24
NATURKON GIPUZKOA

Naturkon osatzen dugu:

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Eguzki Urumea ibaian bioaniztasuna eta energia burujabetza uztartzearen alde.

Fagollagako presaren zati bat.

Fagollagako presaren zati bat.

EGUZKIK ESKATZEN DU URUMEA IBAIAN ERE BIOANIZTASUNA ETA ENERGIA BURUJABETZA UZTARTU DAITEZEN.

Urumea ibaia Gipuzkoako ibai ekosistema gorena da, Natura 2000 Sarean babestutako tarte zabalak izanik. Bere ubidearen eta ibai basoaren (haltzadi kantauriarra) kontserbazio egoera ona da babes horren arrazoia.

Duela gutxi Eguzki jabetu da Nafarkoop kooperatibak (Goiener Taldea) Hernaniko Fagollaga zentral hidroelektrikoa erosi duela. Tokiko energia banatzaileak adierazi du bere helburua dela energia burujabetasunaren maila handitzeko energia berriztagarria ekoiztea.

Izan ere, pasa den ekainean gure erakundeak eta AEMS-Ríos con Vida elkarteak -Estatu mailan ibaien kontserbazio eta birgaipenean dabilen gobernuz kanpoko taldea- Kantauriko Kondefederazio Hidrografikoari beste zentral baten ustiapenaren kaduzitatea eta bere presaren eraispena eskatu diote, Ereñozukoa, Oreretako Udalaren jabetzakoa hain zuzen. Zentral horren ibaitik 4.000 l/s-ko ur emaria kentzeko baimena du, eta Ingurumenarentzat eta ibai ekosistemarentzat ondorio larriak ditu.

Goiener Elkarteak egindako erosketak ekologismoan harridura handia sortu du, Fagollagako zentrala eta bere presaren ingurumen inpaktu ezagunak direla medio. Zentral honek Urumea ibaiaren konektibitate ekologikoa eten egiten du, besteen artean izokin atlantiarra edo aingira bezalako espezieen migrazioa oztopatuz.

Eguzkik eskatzen dio Goiener Taldeari Natura 2000 Sarearen barruan dagoen Urumea ibaiaren konektibitate ekologikoa sustatu eta bermatu dezala. Aldi berean, ura eta bioaniztasun gaietaz eskumena duten Administrazio Publikoei ere luzatu diogu eskaera: gure ondare natural amankomuna babes dezaten. Eguzkik eta orokorrean mugimendu ekologistak Goienerrek dituen energia burujabetzaren helburuekin bat egiten dute, beti ere horretarako bidea eredu ekonomikoaren aldaketa baldin bada, energia ekoizpenean ematen diren ohiko ingurumen inpaktuak ezabatuz, ingurumen irizpiderik gabe garatzen diren energia berriztagarriak barne.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2018ko uztailean.

Zatoz Eguzkizaleak konpartsara!

eguzkizaleak 2014

Marijaiaren etorrera gero eta gertuago dago eta berarekin Bilboko Aste Nagusiari, jai mundialari, hasiera emateko gero eta gutxiago falta da.

Aurten ere festaren erdigunea txosna guneek osatuko dute eta bertan Eguzkizaleak Konpartsak izango du bere lekua. Konpartsa honek, Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak urtean zehar naturaren alde egiten duen lanaren erakuslehioa da eta era berean Eguzkirentzat ezinbestekoa. Horregatik, jaietan murgiltzeko, haien parte izateko, beste modu bat proposatzen dizugu, honetarako aukera ezberdinak daudelarik:

1- Txosnako txandetan parte hartzea. Horretarako gurekin harremanetan jarri 688 662532  telefonoan.
2- Txosnaren prestaketan parte hartuz.
Urtero-urtero bezala txosna ikaragarria eraikitzen dugu. Egitura honek hainbat bidegabekeri eta ingurumen sarraski salatzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu. Baina, Aste Nagusian ikusgai daukagun txosnak hainbat hilabeteko lana dauka atzetik. Horregatik, zuengana jotzen dugu muntaian parte hartzeko deia luzatuz. Aurten, lanak Santutxuko Karmelon (Menendez Pelayo, 12) burutuko ditugu, ordutegia hau izango delarik:
Goizetan: 9:30tatik 14:30tara
Arratsaldetan: 16:30etatik 21:30tara
Nahi baduzu aurretik, 688 662532ra dei egin dezakezu.

3- Eta noski, konpartsakide ere egin zaitezke. Honetarako ere deitu 688662532ra.

Anima zaitez eta parte hartu!! Lana bai, baina ondo pasatzeko tartea ere bada!!

ASTE NAGUSIAN ERE AMA LURRAREN ALDE!!!

EguzkizaleakKamikoLogoak

Eguzki Arartekoarekin eta estatuko Ingurumen fiskal koordinatzailearekin bileran.

Ararteko eta estatuko ingurumen fiskal koordinatzaileaUztailaren 12an, Arartekoaren ekimenez,  EAE-n ematen diren ingurumen eskubideaen urraketen berri izateko bilera batean parte hartu zuen Eguzkiko ordezkari batek. Bertan, Manuel Lezertua Arartekoa, bere laguntzaile bat eta Carlos Barcinaz gain (Aratekoaren ingurumen aholkularia), Antonio Vercher, Auzitegi Goreneko fiskala eta Ingurumen eta Hirigintza arloko koordinatzaileak parte hartu zuen, Ekologistak Martxaneko bi kide eta Eguzkikoarekin batera.

Bilerak ez du ondorio zuzenik ekarriko epe laburrean baina ingurumenaren aldeko eskubideen eta ondorioz ingurumenaren defentsarako legediaren erabilpen egokiago baten bidean pauso bat gehiago dela uste dugu.

Aldundia bere aurkako salaketa penala artxibatzeko saiakeran, Aralarko pista eraikitzeagatik.

Doniturrietatik Eniriorako bidea. Eraiki nahi duten hurrengo zatia, denon artean gelditzen ez badugu.

Doniturrietatik Eniriorako bidea. Eraiki nahi duten hurrengo zatia, denon artean gelditzen ez badugu.

Landarlan eta Eguzkik helegite-idatzia aurkeztu dugu, artxibatu ez dadin.

Natura eta ingurumena babesteko ardura duten Gipuzkoako Aldundiko bi hautetsi (Aristimuño eta Asensio) epaitzen eta ikertzen ari dira bide penalean, lurralde antolaketaren aurkako delitu batengatik. Ertzaintzak egindako txosten teknikoak argigarriak izan dira: Goroskintxu eremuan egindako legez kanpoko pistak eragin ditu ingurumen inpaktu handiak, hain zuzen, Aralarko Parke Natural eta Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE), Natura 2000 Sarean babestua.

Izan ere, oraingoan eta inongo lotsarik gabe EAJk eta PSOEk eusten duten duten foru gobernuak, ikertzen ari den espediente penala artxibatzeko eskatu dio epaitegiari. Aldundiaren helburua da epaitegiaren eta jendartearen aurrean inongo zarata egin gabe igarotzea. Horrela, saiatu nahi du legez kanpoko obra honetan duen ardura penalaren larritasuna izkutatzea, habitat naturalen eta mehatxatutako hainbat espezieen gainean ingurumen eragin larria sortu ondoren, bere jardueraren ondorio ezkorrak biderkatuz.

Landarlan eta Eguzkik eremu babestu honen kasuan ingurumen justizia indarrean egon dadin lanean jarraituko dugu, askoz ere indar gehiagoz jakinda prozesu penal honetan inputatu eta ikertzen ari direnak Gipuzkoako ingurumen agintari gorenak direla. Horregatik[, Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra eta Landarlan Elkartearen izenean, helegite-idatzi bat  aurkeztu dugu epaitegiaren aurrean, bertan Aldundiko bi hautetsi hauek bultzatutako prozesu judizialaren artxibaketa-eskaeraren aurka agertuz.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra eta Landarlan Elkartea Donostian, 2018ko uztailean.

Eusko Legebiltzarrak Ingurumen-delituen aurkako benetako unitate baterantz.

Aho batez hartutako erabaki garrantzitsua honek. 2019ko aurrekontuetan bere isla izatea espero dugu orain.

Arrainak hilda kutsaduraren ondorioz.

Arrainak hilda kutsaduraren ondorioz.

Pauso garrantzitsua eman zuen pasa den ekainaren 28an Eusko Legebiltzarrak, EH Bilduren proposamenez: ingurumen-delituak jazartzeko egitura oso bat sortzearena.

Kontuan izan behar dugu, erkidego mailan, paper hori Ertzantzari dagokiola ( basozainak, miñoiak, Urako ikuskariak… ahaztu gabe baina izaera sektoriala edo lurralde jakin bati lotua dute). Eskumen horren ondorioz, Ertzantzak badu ingurumen alorra lantzen duen azpisail bat baina hau  egun hutsaren hurrengo da, 8 kidez osatuta baitago unitatea. Bai ongi irakurri duzue, 8 lagun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako, ikerketak, azterketak, polizia judizial lanak e.a. egiteko.

Horregatik, beste hainbat pertsona, elkarte eta eragileren moduan, lan sendo eta jarraitu bat egiten aritu gara legegintzaldi honetan Eguzkikook, ia alderdi guztiekin izan ditugu  harremanak eta gai honek duen garrantzia eta premia ikustarazten saiatu gara. Publikoki ere maiz salatu izan dugu EAE-k eta Ertzantzak bereziki, alor honetan duen zuloa, Ertzantzaren izaera integrala ingurumenera ez dela iritsi aldarrikatuz.

Lindane baso bat (ai kimiko kutsakorra), aurreko mendetik gaur egun arte kondondu ez den arazo bat

Lindane baso bat (ai kimiko kutsakorra), aurreko mendetik gaur egun arte kondondu ez den arazo bat

Orain, gobernuari bereziki baina baita oposizioari ere, ingurumenarekin lotutako gaietan oso ohikoa ez den aho batekotasuna praktikara eramatea dagokie. Berehala lanean hastea espero dugu baina ikuspuntua bereziki 2019ko aurrekontuetan jarrita dugu gai honetan (mahai interinstituzionala eta bestelakoak gutxietsi gabe), hor ikusiko baitugu alderdi ezberdinek Legebiltzarraren agindu hau betetzeko duten benetako asmoa.

Hona hemen Gasteizko Legebiltzarrean onartutako mozioa eta batzarraren bideoa:

1. Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio indartu dezala Ikerketa Kriminalaren eta Polizia Judizialaren Buruzagitzaren menpeko ingurumen- delituen taldea eta bultzatu dezala bere ikerkuntza-ahalmena. Talde horrek, bere zereginak behar bezala betetzeko, ezein arau-hauste edo delitu zigorrik gabe geratzen ez dela bermatzeko behar diren giza baliabideak, baliabide materialak, teknikoak eta prestakuntzakoak edukiko ditu.

2. Legebiltzarrak Segurtasun Sailari eskatzen dio delitu horien prebentzio- lana sakondu dadila komisarietan. Helburu horrekin berarekin, prestakuntza espezifikoko ikastaroak egingo dira, batez ere Ertzaintzaren begi-ikuskapenetarako taldeentzat, aipatu delitu-tipologien laginak hartzeko teknikei buruzkoak. Halaber, protokolo espezifiko bat landuko da partikularrek komisarietan aurkeztutako ingurumen-alorreko salaketak jasotzeko, erraztasunak emateko salaketa horiek aurkezteko eta ahalik eta modurik osoenean jasotzeko, ondoren bide judizialetik izapidetzeko.

3. Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio instituzio arteko batzorde bat eratu dadila, non sartuko diren Segurtasun Sailaren eta Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ordezkariak, udaltzaingoko pertsonalak dituzten aldundi eta udalekin batera, ingurumen-arloko arau-hauste eta delituen aurrean jarduteko euskal plana garatzeko. Aipatu planak, urtebeteko gehienezko epean onetsi beharko denak, jasoko ditu, gutxienez, jarduera-protokolo eta -prozedurak, administrazio bakoitzaren eta kasu bakoitzeko agentearen erantzukizunak, kasuetan parte hartuko duten agentzien arteko koordinazioa eta taktika operatiboen egokitzapena ingurumen-arloko arau- hauste eta delituen ikerkuntzaren beharrizanen arabera.

4. Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio ezen, legealdi honetan zehar, foru-aldundiekin elkarlanean eta instituzio bakoitzaren eskuduntza- eremua errespetatuz, Estatuko oinarrizko legedia bultza dezala agente baso-ingurumeneko kidegoari buruzko lege edo foru arauen bidez, profesional horiek ingurumenaren zaintzarako funtzioak eta agintaritzaren agente gisa duten eskuduntza eraginkortasunez betetzeko.

5. Legebiltzarrak foru-aldundiei gomendatzen die, horretarako haien eskuduntza propioak erabilita, oihanzaingoko eta ingurumen-zaintzako pertsonala eta agintaritzaren agente gisa duten funtzioak indartzeko ahalegin irmoa egin dezatela, eta baita euren funtzioak bermeekin betetzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko zein materialak eta etengabeko prestakuntza eskaintzekoa ere.

6. Legebiltzarrak udaltzaingoko pertsonalak dituzten udalei eskatzen die pertsonal horiek irakatsi, prestatu eta baliabidez hornitu ditzatela, ingurumenaren arloan esleituta dituzten funtzioak egoki betetzeko.

Gasteizen, 2018ko ekainaren28an