Category Archives: albisteak

Donostiako udal-gobernuak zabor-tasa %26,54 igo nahi du, Hondakin Legearen aitzakian, baina ez du Lege horrexek ezarritako birziklatze-helburua betetzeko inolako asmorik

Zenbat eta nahastutako hondakin gehiago, gero eta diru gehiago zaborretara.

Zabor-tasa %26,54 igoko duela iragarri du Donostiako udal-gobernuak. Astindu galanta herritarron poltsikoari, alegia. Igoera Hondakin Legeak behartuta dagoela argudiatu du alkateak, eta, beraz, Donostiak ez ezik gainerako herriek ere onartu beharko dutela. Izan ere, Europako erabakien ondorio den Lege horrek agintzen du hemendik aurrera hiri-hondakinen kudeaketa oso-osorik tasen bidez finantzatu behar dela, eta ezingo duela defizitarioa izan, orain arte bezala. Alkateak esan dituenak egia dira, baina egiaren erdia bakarrik. Egiaren beste erdia, berriz, esan ez dituenetan datza. Eta, dakigun bezala, erdizka esandako egiak… ez dira guztiz egiak.

Zer da, bada, alkateak esan ez duena? Bada, alkateak ez du esan zabor-tasa igotzea agintzen duen Hondakin Lege horrexek berak, 2025erako, gutxienez hiri-hondakinen %55 gaika biltzea ere agintzen duela (1). Eta gaur egun zenbat biltzen du Donostiak gaika? %41,33 baino ez; izan ere, Donostia da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herria, alde handiarekin, gainera (2). Egia baita gainerako herriek ere zabor-tasa garestitu beharko dutela, baina herri horiek, gehien-gehienek behintzat, %55eko helburua betetzen dute, erraz asko bete ere. Are gehiago, Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten %55eko helburua, hau da, Legeak ezarritako epean baino bost urte lehenago. Gipuzkoako gaur egungo batez bestekoa %57,16 da, eta handiagoa izango litzateke baldin eta Donostiako eta –maila apalagoan– beste zenbait herritako emaitza kaskarrek jaitsiaraziko ez balute.

Baina zergatik da hain eskasa Donostian gaikako bilketa? Erantzuna erraz bezain gordina da: udal-gobernuak urte hauetan guztietan alor honetan ezertxo ere egiteari espresuki uko egin diolako. Zergatik? Erraustegiari jaten eman behar zaiolako, hondakinen kontu hau glamour gutxikoa delako… edo alor honetan utzikeria nagusitu zaiolako, besterik gabe. Beharbada, denetatik pixka bat, auskalo. Baina, esan bezala, kontua da urte hauetan guztietan ezertxo ere egiteari espresuki uko egin diola (3).

Errefuxako ontzia izan beharko lukeena, praktikan, hondakin guztiak nahastuta botatzeko erabiltzen da. Hori aldatzeko neurriak hartu behar ditu Udalak.

Puntu honetara iritsita, litekeena da irakurleren batek bere buruari zera galdetzea: “Kontxo, Legea betetzeko tasak igotzen badituzte, %55eko helburua betetzeko plan bat ere izango dute; beharbada ez 2025ean, dagoeneko astirik ez dago-eta, baina bai 2026an… edo, behintzat, arrozoizko epe batean, ezta?”. Bada, ez. Hiri Mantzentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garcíak orain dela aste batzuk esan duenaren arabera, Udalak “auzoren batean”, “proba gisa”, zaborra nahastuta hartzen dituzten edukiontzietan itxiera- eta irekiera-txipak jartzeko asmoa du. Hori da guztia. Ez dago besterik aurreikusita. Eta, gainera, zinegotziak aitortu du horretarako ere ez dagoela eperik (4).

Hondakin Legean, hitzaurretik beretik, argi eta garbi geratzen da helburua dela hondakinak murriztea eta dituzten ondorio kaltegarriak ahal den modurik onenean kudeatzea, bereziki giza osasuna eta ingurumena babesteko, baita ekonomia zirkular eta karbono gutxiko bidean aurrera egiteko ere. Beraz, hori da helburua, eta helburu orokor hori, 2025rako, %55eko gaikako bilketan zehaztuta dago. Tasa-politika helburua lortzeko tresna bat baino ez da, Legeak aurreikusten dituen beste tresna batzuk bezala. Donostiako udal-gobernuak, ordea, tresna baliatu nahi du, helburua ahaztuta.

Gauzak horrela, tasak %26,54 igotzea, Legea betetzeko aitzakian, baina aldi berean Lege horrexek berak ezartzen duen %55eko helburua urratzea –are gehiago urratze hori arrozoizko epe batean zuzentzeko inolako bide-orririk ez dagoenean– sekulako iruzurra iruditzen zaigu. Iruzurra Legeari, herritarroi eta, jakina, ingurumenari. Udal-gobernuak ezin du Legea bete komeni zaion neurrian soilik.

Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, hondakinen gaikako bilketan, legez, gutxienezko batzuk bete egin behar dira, eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik. Itxurakeria baino ez dira.

Hemen organikoa biltzeko ontzia falta da. Ez urruti egongo, baina ez da gainerakoekin batera. Dena nahastuta botatzea bereiztea baino errazagoa den neurrian, jai dugu.

Udal-gobernuak aurreikusitako zabor-tasaren igoerari buruz dugun iritzia inork jakin nahi badu, orain arte idatzitako lerroetan aurkituko du. Hala ere…

ERTZAK

Udal-gobernuak aurrikusi duen zabor-tasaren igoeratik harago, hiri-hondakinei buruzko tarifa-politikak baditu goiz edo berandu mahai gainean ipini beharko diren hainbat ertz. Hona hemen horietako batzuk…

– Hondakin Legeak behartzen du kudeaketa oso-osorik fiantzatzeko tasa bat ezartzera, bai, baina, halaber, Legeak dio “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezartzeko ere balio behar duela tasa horrek. Hau da, zenbat eta hondakin gehiago sortu, gero eta gehiago ordaindu, “kutsatzen duenak ordaintzen du” filosofiari jarraituz (5). Udal-gobernuak iragarri duen tasa-igoerak ez du pausorik ematen filosofía horren bidean. Alde horretatik, orain arteko tasaren jarraipena da, hau da, oinarri-oinarrian tarifa finko bat da (aurrerago egingo dugu “oinarri-oinarrian” horri buruzko ñabardura bat), organikoaren edukiontzien erabiltzaileei ematen zaizkien hobariek minimoki zuzenduta. Tarifa finkoa antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten herritar birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute, aurreko puntuan esan bezala, hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestitzen baita. Beraz, “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezartzea guztiz beharrezkoa da. Egia da, ordea, udal-gobernua orain arte hondakinak gaika biltzeko gutxienezko sistema ezartzeko gauza izan ez dela kontuan izanik, “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezartzeaz hitz egiteak zientzia fikzioa dirudiela. Eta, hala ere, horretaz ere hitz egiten hasi beharko da berandu baino lehen.

– Berriro esango dugu: Hondakin Legeak behartzen du kudeaketaten kostu guztiak finantzatzeko tasa bat ezartzera, ados. Baina segun kudeaketa nola egiten den, kostuak handiagoak edo txikiagoak izan daitezke. Aurreko puntuan esan bezala, hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestituko da. Erraza da: zenbat eta hondakin gehiago nahastuta, gero eta tratamendu-kostu handiagoa. Kontu hau gaur egun ere islatzen da mankomunitateek udalei kobratzen dizkieten tarifetan (6). Zehatz-mehatz, San Markok 204,26 euro kobratzen dizkie Donostiari eta mankomunitateko gainerako herriei tonelada bokoitzeko, hondakinak nahastuta baldin badaude. Bereizita bildutako tonelada organikoa, berriz, 163,41 euroan dago. 204,26 edo 163,41. Alde ederra, ezta? Bestela esanda: zenbat eta gaika gutxiago bildu, gero eta diru-sarrera gutxiago berreskuratutako materialen truke, batetik, eta, bestetik, gero eta tratamendu-kostu handiagoa. Horrek kudeaketan sortutako defizita beste baliabide publikoetatik ateratako diruarekin kubritu da orain arte; hemendik aurrera, berriz, tasa igoz kubritu beharko da. Modu batean zein bestean, udal-gobernuak urte hauetan guztietan gaikako bilketa egiteko sistema minimoa ezarri nahi izan ez duelako, zenbat diru galarazi die donostiarrei orain arte? Eta zenbat galaraziko die hemendik aurrera?

– Ogasun zinegotzi Kerman Orbegozok esan duenez, zabor-tasaren %26,54ko igoerak suposatu dezake urtean 210 euro ordaintzetik 266 euro ordaintzera pasatzea. “Kalkulua lau laguneko familia estandar batentzat egina dago”, argitu du. Egia esan, lau laguneko familiek aspaldi utzi zioten estandar izateari; gaur egun, Donotian batez beste 2,3 pertsona bizi dira etxe bakoitzean. Baina hori alde batera utzita, eta kontuan izanik sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemarik ez dagoela eta indarrean dagoena tarifa “oinarri-oinarrian” finkoa dela, zergatik ibili behar dugu kalkuluak egiten jakiteko zehatz-mehatz zenbat ordaindu behar dugun? Hemen dator aurreko puntu batean indarrean dagoena, “oinarri-oinarrian”, tarifa finkoa dela esan dugunean, sartu nahi izan dugun ñabardura. Kontua da zabor-tasa gaur egun ur- eta saneamendu-tasei lotuta kalkulatzen dela, zati batean, behintzat. Bistan da ur- eta saneamendu-tasek elkarren arteko lotura estua dutela. Baina zabor-tasarekin zer-nolako lotura dute? Ez dute inolako loturarik, ez zuzenik ez zeharkakorik. Kasuistika mugagabea izan daiteke, baina uste dugu honako adibide honekin garbi geratuko dela zer esan nahi dugun: lau laguneko familia batek –tira dezagun Ogasun zinegotziaren hari beretik– seguruena bat, bi edo hiru laguneko beste batek baino ur gehiago kontsumituko du, baina familia horrek etxeko hondakinak behar bezala kudeatzen baditu, bat, bi edo hiru laguneko beste horrek baino errefus gutxiago sor dezake; eta, hala ere, ur gehiago kontsumitzea bere zabor-tasan ere islatuko da, txarrerako islatu ere. Hau uztargarria da sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemekin?

Alegia, udal-gobernuak aurreikusi duen tarifazotik harago, ertz dezente ditu hondakinei buruzko politika fiskalak, eta mahai gainean ipini beharko dira, momentu batean edo bestean.

EGUZKI, 2024ko abuztua

(1) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:

Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización.

(…)

c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…

d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…

e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…

(2) Joan den maiatzean argitaratu ziren azken datuak, 2023koak, eta horietan oinarrituta honako irakurketa hau egin genuen: Donostiak azken putz izaten jarraitzen du Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketan, gero eta gehiago, gainera | Eguzki Talde Ekologista

(3) Gai hauek sakonago jorratu genituen iazko urrian, Ingurumen zinegotzi Marisol Garmendiak Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiaren urteroko txostenaren aurkezpenean agin zituen adierazpen batzuen haritik: Gutxienez Legeak agindu bezainbeste birziklatzeko neurriak eskatzen dizkio Eguzkik Donostiako Udalari | Eguzki Talde Ekologista. Garmendia gaur egun Espainako Gobernuaren ordezkaria da EAEn. Garbi dago kargu-igoera horrek ez duela zerikusirik Ekologia zinegotzi gisa hondakin alorean izan zituen lorpenekin. Izan ere, zinegotzi-kargua utzi zuen hondakinen kontu hau minimoki bideratu gabe. Horren lekuko dira bere ordezko Carlos Garcíaren adierazpenak, testu honetan bertan jaso ditugunak.

(4) El chip del contenedor de orgánico se probará en la fracción resto en Donostia | El Diario Vasco

(5) Legeak, zehatz-mehatz, honako hau dio: “[…] las entidades locales establecerán, en el plazo de tres años a contar desde la entrada en vigor de esta ley [lo hizo en abril de 2022, luego el plazo vence en abril de 2025] una tasa o, en su caso, una prestación patrimonial de carácter público no tributaria, específica, diferenciada y no deficitaria, que permita implantar sistemas de pago por generación y que refleje el coste real, directo o indirecto, de las operaciones de recogida, transporte y tratamiento de los residuos, incluidos la vigilancia de estas operaciones y el mantenimiento y vigilancia posterior al cierre de los vertederos, las campañas de concienciación y comunicación, así como los ingresos derivados de la aplicación de la responsabilidad ampliada del productor, de la venta de materiales y de energía”.

(6) GAO – Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala – Egoitza elektronikoa – Gipuzkoako Foru Aldundia

Busturialderako plan sozioekonomiko bat egiteko prozesua: itxurakeria baino ez 2024ko urtarrilaren

22an, Urkulluk iragarri zuen Administrazio Publikoek bi urteko epea hartuko zutela Guggenheim Urdaibai proiektuaren bideragarritasunari buruz hausnartzeko. Adierazpen horrek hautsak harrotu zituen inguruetan, eta batzuen eta besteen adierazpenak eragin. Horren aurrean, eta ezinbestean, EAJk eta PSEk Busturialdea biziberritzeko plan ekonomikoa aurkeztu zuten Legebiltzarrean urtarrilaren 26an, eta aho betez adierazi zuten eskualdeko gizarte-eragileak eta eragile ekonomikoak planaren parte izango zirela. Hurrengo hilabeteetan, hauteskundeak tarteko, ez da horren inguruko albisterik izan, harik eta maiatzaren 9an planari buruzkoak xehatu zituen arte Aitziber Atxustegi kazetariak Deia egunkarian. Besteak beste, esaten zuen lehentasunezko ekintza-eremu izendatutako eremuetan jarraitu den metodologia bera jarraituko dela; hau da, «prozesu partizipatibo zabal bat» egingo dela, «eskualdeko eragile garrantzitsuak kontuan hartuko dituena».

Horrekin batera, baieztapen hauek jaso zituen: plana zazpi hilabete eta erdiko epean egingo da; horretarako, prozesu partizipatibo bat abiatuko da; prozesu horretan, Busturialdeko eragile esanguratsuek parte hartu ahal izango dute (erakunde publikoekin, enpresekin, gizartearekin eta ezagutzarekin lotutakoak); prozesuak zenbait fase izango ditu; Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikita dagoen BEAZ sozietate publikoak hartuko du plana egiteko ardura.

Ekainaren 26an, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Urdaibaiko plan estrategikoan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen. BEAZ sozietateak Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren esku utzi ditu lehen fasearen lanak, eta azken horiek dira gurekin harremanetan jarri direnak (Oskestra Deustuko Unibertsitatearen ekimena da, eta Deustu Fundazioaren bidez gauzatzen da). Elkarrizketa bat egitea proposatzen ziguten, sei galderako gidoi itxi bat, “eragile eta alkate ezberdinek eskualdea nola ikusten duzuen” jakiteko.

Galderak oso orokorrak dira, eta berdin-berdin balio dezakete suspertze-beharrean dagoen Euskal Herriko edozein eskualdetarako; hain dira orokorrak, Guggenheim Urdaibai egitasmoa ez dela aipatu ere egiten. Bestalde, Orkestrakoek bidalitako lehen mezu hartan ez zen ematen urratsei, parte-hartzaileei eta helburuei buruzko informaziorik, eta alderdi horiek argitzeko eskatu genien. Erantzuna jaso bitartean, barne-gogoeta bat abiatu genuen Plataformaren Talde Eragilean, aztertzeko, besteak beste, zer legitimitate dugun horrelako prozesu batean parte hartzeko eta zer modutan jokatu behar genuen Orkestratik jaso genitzakeen erantzun desberdinen aurrean.

Uztailaren 5an, Orkestraren erantzuna jaso dugu, azalpen argiekin. Urratsei dagokienez, fase bakarreko prozesua izango da; hau da, Orkestra behin bakarrik bilduko da prozesuan parte hartzeko gonbidapenari baietz esaten dion eragile bakoitzarekin; beraz, besteak beste, ez da egongo eragileen artean hausnartu eta eztabaidatzeko fororik.

Parte-hartzaileei dagokienez, Busturialdeko alkate guztiek jaso dute prozesuan parte hartzeko gonbidapena, baita erakunde eta elkarte batzuek ere (ADR Urremendi, Bermeoko Behargintza, AZTI, hainbat ikastetxe —Gernika, Barrutialde, Bermeo—, Bermeoko Arrantzale Kofradia, Bermeoko Tuna Worl Capital, UBAI Faktoria eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatua), guztiak ere Aldundiak hautatuak.

Elkarrizketen helburuak direla-eta, erantzunak txosten batean jasoko dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiari bidali. Txostenean, elkarrizketatutako pertsona eta eragileen izenak jarriko dira, eta, beraz, jasota geratuko da eskualdearen inguruko iritzia galdetu zaiela. Bestalde, galderei emandako erantzunen «sintesia» jasoko da, «zita literalik gabe». Txostena entregatzeko epeari dagokionez, hasiera batean esan ziguten uztailaren amaierarako prestatu behar zutela; ostera, azken mezuan esandakoaren arabera, uztailaren 15eko asterako amaitu behar dute. Txosten hori plan estrategikoa egiteko erabiliko du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak ardura eta erantzukizun handiz aztertu du egoera. Arduraz, behin eta berriro aldarrikatu dugulako Busturialdearen etorkizunaz berba egiteko prozesu bat abiatzeko beharra. Erantzukizunez, badakigulako eskualdeko eta eskualdez kanpoko eragile eta banako askok gure esku utzi dutela Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko zeregina, Plataformaren ekimenak bai kalean bai ekonomikoki babestuta.

Azterketa hori egiteko, kontuan hartu ditugu, besteak beste, azken hilabeteetan Busturialdeko Udaletan aurkeztu dugun mozioan adierazitako bi puntuak, gure adierazpen publikoaren 5. puntuan ere jasota daudenak:

1. [Udalari eskatzen diogu] Guggenheim Urdaibai proiektua behin betiko alboratu dezatela eskatzeko Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Guggenheim Fundazioari.

2. Eskualdea suspertzeko plan sozioekonomiko serio bat egiteko konpromisoa hartzeko, diagnostiko erreal batekin eta Biosfera Erreserbaren markoan, herritarrak eta ingurumena lehenetsiz. Gainera, eredu inposatzaileetatik urruntzea beste gobernantza-eredu bati heltzeko, udalak protagonista direla, eskualdeko eragileekin batera eta partaidetza publikoa bultzatuz.

Hori guztia aintzat hartuta, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak erabaki du ez parte hartzea Bizkaiko Foru Aldundiak Orkestraren bidez abiatutako prozesuan. Gogoetan erabilitako argudioen artean, honako hauek daude:

● Hau ez da eskualdea eskatzen ari den prozesu partizipatiboa. Gonbidatuen artean alderdi politikoak (alkateak) eta erakunde publikoak daude; ez, ordea, gure eskualdearen egoera ekonomikoa inork baino hobeto ezagutzen duten eragileak (sindikatuak) eta orain hartzen diren erabakiek etorkizunean inori baino gehiagori eragingo dieten pertsonen kolektiboak (gazte-mugimenduak), ezta eskualdearen dinamizazioaz epe luzez arduratu diren hainbat elkarte . Bestalde, prozesu honek ez du kontuan hartzen herritar banakoen parte-hartzea (berriki Ramón Zallok adierazi bezala, «Kontsulta-eskubidea, erabakitzeko eskubidea izatera iritsi ez arren, kaltetuenari dagokio», Viento Sur, 24-07-03). Gainera, txostenean ezin izango dira irakurri parte-hartzaileen erantzun zehatzak, eta, beraz, ez da egongo eragile bakoitzaren erantzuna identifikatzeko modurik. Azkenik, ez dago hausnarketa kolektibo bat egiteko fororik.

● Gidoiko galderak oso orokorrak dira, eta ez dago museoari buruzko galdera zehatzik. Plataformaren helburua argia eta ezaguna da: Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen dugu, eta horretarako ari gara lanean. Galderetan proiektu hori aipatu ere egiten ez bada, zein da gure papera prozesu honetan?

● Behin eta berriro salatu dugu BFA eta EJ egitasmo honen inguruan erabiltzen ari diren gobernantza-eredua ilun eta autoritarioa. Bada, prozesu partizipatibo honen metodologiari begiratuta, argi dago eredu berarekin jarraitzen dutela: parte-hartzaileak Aldundiak hautatu ditu, ez haien benetako egokitasunari begiratuta, baizik eta isildu beharreko ahoak kontuan hartuta. Gu ingurumena eta eskualdea suntsituko lituzkeen proiektu baten aurka borrokatzeko gaude hemen, ez inori bere helburuak betetzen laguntzeko.

● Galderei begiratuta, erraza da txostenean jasoko diren ondorio nagusiak aurresatea: eskualdeak eraldaketa ekonomikoa eragingo duen proiektu bat behar du, ingurumena eta herritarrak «ahalik eta gehien» (ez erabat) errespetatuko dituena; hau da, biosfera erreserbaren jasangarritasuna zaindu bai, baina horren aurretik etekin ekonomikoa jarrita). Jakina, ondorio horiek ez dute inondik inora ere justifikatzen Urdaibai biosfera erreserban Guggenheim Urdaibai proiektua ezartzea.

Gure ustez, prozesu honen asmo bakarra da BFAren eta EJren jarrera berrestea eta egitasmoarekin «bai ala bai» aurrera egiteko behar duten onarpen soziala lortzea; alegia, hauteskundeetan herritarrek esandakoari iskin egitea eta Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurrera jarraitzeko onarpena beste bide batetik eskuratzea. Guggenheim Urdaibai Stop plataforma ez da sartuko joko horretan. Esan bezala, eskualdeko eragile sozioekonomiko guztiek izan behar dute prozesuan parte hartzeko aukera, eztabaida irekia eta eraikitzailea izan behar da, eta, beste ezertan hasi aurretik, mahai gainetik kendu behar da, esplizituki, Guggenheim Urdaibai proiektua.

Aldunditik bultzatutako elkarrizketen errondan parte hartuz gero, txarto eta interesatuki planteatutako prozesu bat eta hartatik ateratako ondorioak legitimatuko genituzke, eta ez gaude horretarako prest. Ostera, benetako prozesu partizipatibo bat egiten bada, eta gure ekarpena baliagarria izan daitekeela ikusten bada, hementxe izango gaituzue, lanerako, hausnarketarako eta eztabaidarako prest, eskualdeko erakundeekin, eragile sozioekonomikoekin eta herrikideekin batera Busturialdearentzat etorkizun duin eta jasangarri bat eraikitzen hasteko gertu. Bitartean, ez diegu utziko agintari politikoei eta Administrazio Publikoei Guggenheim Urdaibai Stop plataforma haien interesen alde erabiltzen.

Guggenheim Urdaibai Stop plataforma

Gerrak sortzen dituen euskal industria militar berria: Satlantis-en adibidea

Gasteizkoak_Duela ia urte eta erdi, Ahoztar Zelaieta kazetariak Satlantis enpresaren aurpegi ezezagunena ekarri zuen argitara. Azkenaldian berrikuntza teknologikoaren alorrean sortzen ari diren euskal enpresen izar gisa aurkezten zaigu Satlantis; baina El Salto-k argitaratutako La empresa vasca para la vigilancia de fronteras que desarrolla la infraestructura militar europea (Europako azpiegitura militarra garatzen duen mugak zaintzeko euskal enpresa) artikuluak bere jarduera militarrean jarri zuen fokua: kontrol sozialaren eta armagintzaren sektoreetan dituen inplikazio sakonak, AEBetako Defentsa Departamentuarekin duen harremana, edo euskal administrazioetatik jasotako laguntzak kasu. Oinarri horretatik abiatuta, erreportaje honetan Satlantisekin lotutako beste alderdi batzuetan sakonduko dugu, gure ustez adibide egokia baita euskal industria militarraren zati batek gaur egun jarduteko duen modua ezagutzeko.

Euskal industria militarrak gero eta gehiago laguntzen du munduan piztuta dauden gerrak hemen has daitezen, horiek posible egiten dituzten gailuak hemen fabrikatzen baitira. Duela gutxi hasi gara armagintzaren sektorean parte hartzen duten euskal enpresen zerrenda berritzen, eta datuak asaldagarriak dira: oraingoz badakigu bikoiztu baino gehiago egin direla, 200etik gora dira, eta susmoa dugu errepasoa amaitzen dugunean hirukoiztu egin direla esan beharko dugula.

Satlantisi buruz erantzun nahi dugun galdera nagusia honako hau da: nola liteke 2014ko abenduan eratutako enpresa bat zazpi urte geroago dozenaka milioi euro inbertitu dituzten akziodun berriak lortu izana, administrazio publiko guztien dirulaguntzak eskuratu izana, Europar Batasunaren defentsa-programak koordinatzen edo enpresak erosten eta munduko hainbat eremutan filialak irekitzen aritzea?

Publikotik pribatura

Satlantis sortu zuten hiru bazkideak ezagutu ditzagun, lehenik eta behin. Rafael Guzmán da bat, Floridako Unibertsitatean bizi den Andaluziako astrofisikako irakaslea eta Satlantis ospetsu egingo duen teknologiaren asmatzailea: iSIM, “doitasun handiko” irudiak hartzen dituen kamera, “argazki submetrikoekin (metro bat baino gutxiagoko pixela) 500 kilometrora orbitatzen duten sateliteentzat”. Baina proiektu handiak dituzten ikertzaileak asko dira, eta ohikoena da bidean geratzea. Non dago gakoa Guzmán irakaslearenak aurrera egin zezan? Merkataritzako Erregistroak jasotzen dituen beste bi bazkide fundatzaileetan. Alde batetik, Cristina Garmendia donostiarra, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza ministro ohia José Luis Rodríguez Zapateroren bigarren agintaldian (2008-2011) eta Mediaset España (Telecinco, Cuatro) erraldoi mediatikoaren presidente izendatu berria, beste kargu askoren artean. Bestetik, Juan Tomás Hernani Burzaco bilbotarra, Berrikuntzako Estatu idazkaria hain zuzen ere Cristina Garmendiaren agindupean, eta Satlantiseko zuzendari exekutiboa enpresa sortu zenetik.

Guztiaren jatorria 2011n kokatu behar da, Hernanik berak elkarrizketa batean azaldu zuenez. Orduan Zapateroren ministro zen Garmendiak Guzmán irakaslea eta bere proiektua ezagutu zituen bidaia ofizial batean. Ondoren, Garmendiak Hernanirekin eta SILO Science & Innovation Linkekin jarri zuen harremanetan Guzmán. SILO 2012an sortutako aholkularitza enpresa da, bere webgunean irakur daitekeenez “lankidetza publiko pribatuen bidez berrikuntza bultzatzeko asmoz” sortu zena. Satlantis bultzatu zuen “inkubagailu” lana eginez, bazkide sortzaile bihurtu zen eta bere administrazio kontseiluan ordezkaritza lortu zuen.

Bi xehetasun garrantzitsu. Lehenengoa: nor izan zen SILO sortu zutenetako bat? Cristina Garmendia. Garmendiak SILOko administrazio kontseilua utzi zuen zazpi urteren ondoren, 2019an, bere alaba Teresa Itziar Celaya Garmendia sartu zen egun berean, eta 2014an sartu zen Rubén Celaya Martínez senarrak kontseiluan jarraitu zuen. Bigarrenik: SILOren bazkide sortzaileen artean daude Antonio López eta Diego Moñux ere, ministro izan zen garaian Garmendiaren kabineteko aholkulariak. López geroago sartu zen Satlantiseko Administrazio Kontseiluan, 2015ean. Eta Moñuxek, gainera, Hernanirekin eserlekua partekatu zuen enpresen ikerketa eta garapena sustatzen duen Espainiako Gobernuaren erakunde publikoaren administrazio-kontseiluan, CDTIn (Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroa). Hain zuzen ere, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mende dagoen erakundea da.

Laburrean.

Garmendia eta Hernani Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko ministro eta goi-kargudun dira 2008-2011 urteetan, hurrenez hurren. 2014an, Satlantis enpresa sortu zuten (Guzman irakaslearekin batera), Satlantisen Administrazio Kontseiluan sartzen den SILO aholkularitza enpresaren bultzadari esker. SILO 2012an sortu zuten, besteak beste, ministroak berak eta ministerio bereko aholkulari ziren Antonio López eta Diego Moñuxek.

Ez dakigu elkarte publikoen, ministerioen, enpresa pribatuen eta goi karguen arteko hartu-eman horiei guztiei ate birakari deitzerik dagoen. Edo, agian, beste termino bat bilatu beharko litzateke ministro batek eta bere kabineteko zati handi batek enpresa bat sortu eta berehala erakundeen laguntza ekonomikoa eta politikoa jasotzen hasten direnerako.

Dirulaguntza publikoak eta babes politikoa

Satlantis 2014ko abenduan jaio zen, eta bi urte baino lehen bere proiekturako 2,3 milioi euro biltzea lortu zuen. Alde batetik, Elecnor, Idom, Telefónica edo Everis-NTT bezalako inbertitzaile pribatu distiratsuei esker. Bestetik, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia bezalako erakunde eta organismo publiko estatal eta autonomikoen inbertsioen eskutik. Baita Orzaren parte hartzeari esker ere, Elkarkidetza eta Geroa pentsio-funtsen inbertsio-erakundea dena. Hau da: zuzenean edo zeharka (zergen edo pentsioen bidez), euskal biztanleriaren zati handi bat euskal industria militarraren izar berri hori babesten ari da ia hasieratik.

Garmendiak, Hernanik eta Satlantiseko arduradunek badakite esparru publikoan mugitzen, ez bakarrik diru bila. 2017ko martxorako, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantxa Tapia sailburuak bisita publikoa egin zuten enpresaren Getxoko bulegoetara. Hilabete batzuk geroago, Satlantisek akordio bat iragarri zuen Euskadiko Parke Teknologikoen sarearekin, Leioan, EHUko Parke Zientifikoan, 640 metro koadroko lantegi bat jartzeko. Lantegia 2019ko urtarrilean inauguratu zuten ofizialki, eta berriro ere Urkullu eta Tapia izan ziren bertan. Baina Satlantisek eta bere ekoizpen militarrak EHUrekin duten harremana are haratago doa, aparteko koadroan irakur daitekeenez.

2021ean, Satlantisek inbertitzaile berriak bilatu zituen berriro, eta urte amaierarako helburu gisa jarritako 16,5 milioi euroak lortu zituen, berriro ere lankidetza publiko-pribatuari esker. CTDIk 2,5 milioi euro erosi zituen akzioetan –gogoratu, Satlantisen bultzatzaileetako batzuk Espainiako Estatuko erakunde publiko horren zuzendaritzan aritu ziren–. Gainerako milioiak sozietate publikoek jarri zituzten (Espainiako Gobernuaren Axis-ICO eta SEPI), lehen aipatutako Orza inbertsio-erakundeak, eta Enagas enpresa pribatuak.

2022ko apirilean, Satlantisek 24 milioi euroko inbertsio berriak lortu zituen. 2021eko inbertitzaileak errepikatu ziren, eta horiei Bizkaiko Foru Aldundia gehitu zitzaion. Baina orduko hartan inbertitzaile nagusia Encino Environmental Holdings enpresa estatubatuarra izan zen. Izan ere, inbertsioa AEBetako Satlantisen filiala (Satlantis LLC) bultzatzera bideratuko zen nagusiki.

Everis

Itzul gaitezen une batez Satlantisen hasierako inbertitzaileetara. Enpresa pribatu baten presentziak arreta deitu zigun: Everis (gaur egun NTT Data), enpresa talde bat da, eta 2010etik arlo militarrean dihardu Everis Aeroespacial y Defensa (Everis ADS) izeneko sozietatearen bidez. Bada, Cristina Garmendia haren administrazio kontseiluko kide izan da 2012ko urritik 2019ko abuztura arte.

Everis ADSk ibilbide luzea du material militarraren salmentan, eta horietako batzuk bereziki deigarriak dira. Ikus ditzagun bi adibide. Periodico de España egunkariak argitaratu zuenez, 2017an Alakran morteroak eta munizioak saldu zizkien Arabiar Emirerri Batuei eta Saudi Arabiari 117 milioiren truke, nahiz eta 2016tik NBEren eta Europako Parlamentuaren hainbat ebazpenek Saudi Arabiari armamenturik ez saltzea eskatu zuten, Yemengo gerran biztanleria zibila sarraskitzeagatik. Bestalde, 2024ko martxoan, enpresako langile batzuek salatu zutenez, “urteetan Israelgo Estatuari armamentua saldu dioten enpresen artean, milaka haur palestinar hiltzeko erabiltzen den horixe, NTT Data (lehen Everis) dago”.

2023ko urtarrilean, Satlantisek Lurraren Defentsa eta Behaketa espazio arloko negozioak erosi zizkion Everisi, Espainiako Defentsa Ministerioaren, Europako Espazio Agentziaren (ESA) eta Europako Batzordearen oniritzia jaso ondoren. Satlantiseko arduradun Juan Tomás Hernanik adierazi zuen erosketak Satlantisen posizionamendua “bultzatzea” zekarrela “European Defense Fund-aren eta ESAren” aurrean.

Merkatu militarra Satlantisen motor gisa

Izan ere, Satlantisen garapenek arlo militarrean sortzen zituzten espektatibak, Defentsarako Europako Funtsetarako iragarritako 7.900 milioiak eta munduaren zati handi batean dauden gerra hotsak ikusita, enpresako arduradunek sektore horretan sakontzea erabaki zuten.

EBk finantzatutako Europako defentsa programetan izena ematen hasi zen, Nemos programa koordinatuta, “funtzio anitzeko gaitasunekin, espazioan oinarritutako zaintza eta jarraipena barne”. Programa horretarako elkartu ziren bost herrialdetako bederatzi enpresaren partzuergoak zehaztu zuenez, “parte hartzen duten erakunde eta herrialdeen arteko lankidetza ezarri nahi du, Europak defentsaren eta segurtasunaren arloan dituen gaitasunak indartzeko helburuarekin”. Optisse programa ere koordinatu du Satlantisek, eta Europako Spider Defentsa Funtsen programan parte hartu du. Programa horren helburua da inteligentzia, zaintza eta ikuskapenera bideratutako sateliteen sarea hobetzea.

2021ean, Atlantis TEDAEn sartu zen (Defentsa, Segurtasun, Aeronautika eta Espazioko Teknologien Espainiako Elkartea, Espainiako sektore militarraren benetako patronala). Bere negozio-eremua, besteak beste, “azpiegitura kritikoen eta/edo mugen” monitorizazioan oinarritzen da. Urte horretan bertan FEINDEFen parte hartu zuen, Madrilen egiten den armamentu azokan. Bertan, Defentsa eta Teknologia Espaziala mahai-inguruan parte hartu zuen, Espainiako goi agintari militarrekin eta sektoreko enpresa handietako ordezkariekin batera, hala nola Indrarekin eta Euskal Herriko Sener-ekin.

Ikusi dugunez, 2023. urtearen hasieran Satlantisek Lurraren Defentsa eta Behaketa eremua erosi zion Everisi. Hilabete batzuk geroago Dubaiko SpaceOps azokara joan zen, Satlantis Defence & Security lelodun standarekin. Halaber, aste horietan “Britainia Handiko defentsan” sartu zela jakinarazi zuen enpresak, nahiz ez zuen zehaztu zein proiektu edo programatan. Urte bereko amaieran, Airbusekin aliantza egin zuen, Espainiako Defentsa Ministerioaren behaketa sateliteak garatzeko. Satelite horiek, azaldu zutenez, “araketa eta zaintza militarreko gaietan lan egiteko aukera ematen digute, eta, beraz, oso gaitasun aurreratuak izan ditzakegu helburuak identifikatzeko, mugimendu militarrak monitorizatzeko eta defentsa operazioei buruzko informazio estrategikoa biltzeko”.

Gerra Hotza eta Mendebaldearen defentsa

2022ko apirilean Juan Tomás Hernani Atlantiseko zuzendari nagusiak El Correon adierazi zuen “Defentsan Gerra Hotz berri batean” gaudela eta bere enpresak “Mendebaldeko bandoa” zerbitzatzea erabaki duela. Ildo horretan, eta “espaziotik zaintza eta ikuskapena” errazteko Pentagonoarekin izandako esperientziaren ondoren, hilabete geroago Deian adierazi zuenez, “NASAren eta Defentsa Departamentuaren inbertsio amerikarra albiste bikaina da, gure plana babesten ari baitira”. Apustu horren ondorioz, besteak beste, Satlantis LLCk filial estatubatuarraren presidente Sean O’Keefe izendatu zuen. AEBetako Itsas Armadako idazkaria izan zen O’Keefe, eta George H. W. Bushen garaian Defentsa Departamentuko finantza zuzendaria.

Azken batean, argi dago Satlantiseko arduradunek zein lehentasunekin zuzentzen duten beren negozioa. Horrela laburbildu zituen Hernanik El Correo egunkarian, urte bereko apirilean (ikus daitekeenez, zenbait komunikabideren tratu ohikoa eta adeitsua industria militarraren normalizazioaren beste estrategia giltzarrietako bat da): “Defentsan bultzada oso argia dago. (…) Garapena gobernuek markatzen dituzten eraztunen araberakoa izango da. Lehenbizi defentsa, segurtasuna, mugen kontrola”.

Eraldatu ala gerrak bultzatzen jarraitu

Komeni zaigu hausnartzea nortzuek, nola eta zertarako sortzen duten gaur egun bizi dugun espiral belizista. 2010eko hamarkadaren erdialdean, Europar Batasunak bere funtsak “defentsa” programak finantzatzeko irekiko zituela iragarri zuen. Euskal kasuari erreparatuta hor hasi zen egungo armagintza lasterketa, ordutik produkzio militarrari lotutako enpresen kopurua biderkatu egin baita. Eta Euskal Herria ez da salbuespena.

Heriotzaren merkatariak gailu eta armamentu sistema berri eta sofistikatuetan inbertitzen hasi ziren, eta horretarako finantzaketa publikoa izan zuten: gastu militarra areagotu zen, politika eta hezkuntza estamentuen bultzada izan zuten, eta sektoreko langileen eta herritarren isiltasun konplize edo ezjakina nagusitu zen. Zirkulu zoroa itxi eta merkatari horien etekinak bermatzeko, gerrak, segurtasunik eza eta beldurrak elikatzea besterik ez zen falta. Eta horretan gaude.

Satlantis gerrara kondenatzen gaituen ekoizpen militarraren eskalada berri horren adibide bat da. Karrera horretan, bere kasuan ikusi dugun bezala, administrazioen, ikerketa zentroen eta botere guneen zirrikituak kontrolatzen dituztenek, eta, izaera zientifikoa edo akademikoa izan arren, inolako eskrupulurik ez dutenek, abantaila argiarekin jokatzen dute.

Gerra hemen hasten da, ekoizpen horretan parte hartzen duen euskal enpresa bakoitzean, eta hurrengo gerrak lehertu aurretik gelditu nahi baditugu, berriro ere ezintasunean erori baino lehen, bidea argia dirudi: gerra horiek eraikitzen dituen industriari eta etekina ateratzen dieten merkatariei aldez aurretik amaiera ematea. Industria militarraren eta gerren aurrean alternatibak egon badaude. Hasiera ona litzateke ekoizpen militarra eraldatzea gizarte premiei erantzungo dien ekoizpen zibilean. Premiazkoa da alternatiba horiek garatzea… hil ala biziko kontua baita.

Cristina Garmendia eta Berlusconi

Nahiko da Ondarroako portuko isurketekin

Asteazkenean, hilaren 17an, berriz ere isurketa larria egin da Ondarroako portuan.
Isurketa hori karroaren inguruan gertatu da. Arrantza-ontzien konponketak, egokitzapenak eta pintaketak egiten diren tokia.
Egiten ari diren ikerketen emaitzen zain, esan dezakegu isurketa hori une horretan karroan igota zegoen arrantza-ontzi baten kroskoaren pintura desugertzearen emaitza dela. Isuria ur-azalera handi bat estaltzen zuen kolore gorrixkako orban bat izan zen. Eta une hartan karrora igota zegoen ontzi bakarra pintatze prozesuan zegoen eta kaskoa kolore gorrixka berekoa zuen.
Publikoki salatu nahi dugu gure portuan inpunitatea ia erabatekoa dela egiaztatzeko prest gaudela. Pilota etengabe pasatzen Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Gasolio-isurketa ugariekin lotutako ia inolako arau-hausterik ez da gertatu.
Era berean, ez da normala karron aurreko mendean bezala lan egin ahal izatea, inolako isurketarik gerta ez dadin beharrezko prebentzio- eta segurtasun-neurririk hartu gabe. Noiz arte?


Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ingurumen-arloko eginkizunetan herrietako udalek gure portuen etorkizunean paper aktibo eta erabakitzailea izan dezaten ahalbidetu beharko lukete.

Uztailaren 9an Otxantegikide bat epaitu zuten

Atentatua, desordena publikoak eta erresistentzia larria leporatuta epaitu zuten uztailaren 9an Otxantegiko laguna. 1.600 euroko isuna eta 9 hilabeteko aurrekari penalak ezarri dizkiote.
Akusazio eta zigor hau muntai polizialaren emaitza besterik ez dela salatu gura dugu Otxantegi Herri Lurretik. Ondo dakigu euren helburua beldurtu eta itotze ekonomikoaren bitartez borroka gelditzea dela, baina ozen esan dezakegu EZ DUTELA LORTUKO.
Albiste honek ez du ezer berririk esango, borroka guztietan sistematikoki gertatzen den zerbait baita. Jakin badakigu gorputz polizialen eta epaitegien helburu bakarra jauntxo, enpresa, Udal eta sistema hau elikatzen duten organismo denak babestea zein defendatzea dela. Gertatzen dena gertatzen dela, guk lurraren defentsan tinko segituko dugula jakinarazi gura dizuegu.
Halako erasoek gure borrokarako grina areagotu besterik ez dute egiten. Ez dugu onartuko eskualdean gelditzen zaizkigun lur emakorrak porlanez betetzen jarraitzea gutxi batzuen diru gosea asetzeko.
Hori gutxi ez balitz, desalojo egunean Moza LEGEAREN bidez jarritako 41 isunen zain gaude, baina elkartasunari esker errepresioa gainditzea lortuko
dugu.
Lurra lantzen duenarentzat!

Gasteizko Udalak Hondakin Legea urratuko du eta, gainera, datozen urteetan ere urratzen jarraitzeko asmoa duela iragarri du

Gasteizko Udalak Hondakin Legea urratuko du birziklatzeari dagokionez, eta, gainera, datozen urteetan ere urratzen jarraitzeko asmoa duela iragarri du Pascual Borja Garbiketa Zerbitzuko zinegotziak.

Izan ere, Hondakin Legeak, Europar Batasunaren helburuak bere eginez, zera dio, 2025erako, hiri-hondakinen %55, “gutxienez”, gaika bildu behar dela. Gasteizek %39 baino ez du gaika biltzen. Beraz, Green Capital-eko Udalak neurriak aspaldi hartu behar zituen. Ez du hartu, ordea. Orain, berriz, zinegotziak esan du hartuko dituela, zehatz-mehatz, hondakin guztiak nahastuta biltzen dituen edukiontzi grisa irekitzeko aukerak murriztuko dituela, baina “ez 2026ko urria baino lehen”.

Alegia, Udalak Legea 2025ean ez ezik 2026an ere urratuko du, behintzat. Eta “behintzat” diogu, zeren eta edukiontzi grisa irekitzeko aukerak murrizteak ez baitu %55eko helburua automatikoki bermatzen. Beraz, 2027an, Udala oraindik ibiliko da aztertzen %55 nola lortu. Eta ez hori bakarrik, oraindik %55 lortu gabe, hasi beharko du pentsatzen %60 lortzeko neurri osagarrietan. Izan ere, Legeak 2025erako %55 aurreikusten du, baina 2030erako %60. Helburuak pilatuko zaizkio Gasteizko Udalari.

Lege-urratze nabarmen eta larri honi garrantzia kendu nahian-edo, zinegotziak esan du, “datu positibo gisa”, Gasteizek Europaren helburuak betetzen dituela hiri-hondakinen zatiki gehienetan (ontzi arinak, papera…), organikoan izan ezik. Organikoan “soilik” suspenditzen omen du Gasteizek. Tira, zatiki organikoa hiri-hondakin guztien %45 inguru dela kontuan izanik, ia hondakin guztien erdiaren gaineko suspentsoa “datu positibo gisa” saldu nahi izateak gehiegitxo dirudi.

Hondakin Legearen arabera, hiri-hondakinen gaikako bilketan gutxienezko batzuk bete egin behar dira, eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen jasangarri eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute sinesgarritasunik, ezta Green Capital-en ere, edo beharbada Green Capital-en beste inon baino are gutxiago.

EGUZKI, 2024ko uztaila

«Etorkizun bizigarriak irudikatzen» literatura lehiaketa

Oso erraz irudikatzen dugu gaur egun distopia; utopia, aldiz, nekez. Lehorteak, uholdeak, tenperatura-igoera, gaixotasun berriak… erraz integra daitezke irudikatzen ditugun etorkizun ilunetan. Zaila zaigu, berriz, krisi guztiek irekitzen dituzten ateak imajinatzea: harremanak izateko modu ekofeministak, baliabideen kolektibizazioa, trantsizio energetiko justua…

Imajinatzera ausartzen bazara, Sukar Horiak antolatu duen lehiaketa honetan duzu aukera.

Lehiaketak hiru modalitate ditu: sorkuntza lanak, gazteen lanak eta itzulpenak. Halaber, sorkuntza lanak zein gazteen lanak narratiba, antzerkia, poesia zein bertsoak izan daitezke.

Hona hemen informazio guztia:

Errekalde-Galarreta bidegorri-proiektu berriak jarraitzen du behar baino estuagoa izaten, zati estuenak zabaldu baditu ere

Proiektuaren arabera, bidegorria errepide honen ezkerreko ertzari atxikita joango da.

Iaz aurkeztutako Errekalde-Galarreta bidegorri-proiektua aldatu eta berriz ere jendaurrean ipini du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lehengo eta oraingo proiektuak erkatu ditugu eta bi albiste eman behar dizkizuegu, bata ona eta bestea txarra, txisteetan bezala.

Lehendabizi, albiste txarra, garrantzitsuena iruditzen baitzaigu: proiektuak jarraitzen du behar baino estuagoa izaten; izan ere, 3 metro zabal baino ez ditu. Baina Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren zein Gipuzkoako Bizikleta Bideen Eskuliburuaren arabera, txirrindulariek eta oinezkoek partekatutako bi norabideko bidegorriek –Errekalde-Galarreta bezalakoek, alegia– 4 metro zabal behar dituzte. Zenbat eta zabalera gutxiago, gero eta txirrindulari eta oinezkoen arteko arazo gehiago izateko aukera, jakina.

Albiste ona, berriz, zera da, lehengo proiektuak batez beste 3 metro zabal zituen, bai, baina zabalera hori zenbait puntutan nabarmen estutzen zen, baita 1,80 metrora estutu ere; proiektu berrian, aldiz, zati estu horiek desagertzen dira. Eta hori posible izan da lehengo proiektua egiteko oinarrizko irizpideetako bat militarrek Lore Tokin dituzten lursailak ez ukitzea izan zelako, salatu genuen bezala, eta oraingoan, berriz, irizpide hori malgutu dutelako. Alde horretatik, adierazgarria da lehengo eta oraingo proiektuen memoriek zer dioten erkatzea:

Hau da, lehengo proiektua idatzi zutenek bidegorria nahitaez eta ahal bezala “enkajatu” behar zuten GI-2132 errepidearen eta militarren finkaren artean, bata zein bestea ukiezinak zirelarik. Horra proiektatutako bidegorriaren zabalera zeharo desegokiaren arrazoia. Proiektu berrian, berriz, baldintzak malgutu dira. Memoriatik, behintzat, 1,80 metroko zenbait zati esturen aipamena desagertu egin da.

Gainerakoan, lehengo eta oraingo proiektuen artean ez dugu desberdintasun handirik sumatu:

Seguruena desberdintasun handiena da proiektu berria ez dela Galarretako biribilguneraino iristen, Galarretako Eremuko mugaraino baizik. Hernaniko Udalak badu eremu horretan proiektu bat, bidegorri bat ere aurreikusten duena, eta hori omen da aldaketaren arrazoia.

Bidegorriaren zabalerari buruzkoa ez ezik naturarekin estu lotuta dauden beste alegazio batzuk ere aurkeztu genituen iaz. Izan ere, bidegorri berriak eragina izango du harizti batean. Alde horretatik, ahal den esku hartze zorrotz eta zehatzena nahi genuke, albo-kalterik gabekoa, nolabait esateko.

ATZERAPEN HANDIA

Errekalde eta Galarreta bitartekoa da Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren arabera dagoeneko eginda beharko luketen baina oraindik egin gabe jarraitzen duten bidegorri horietako bat. Zehatz-mehatz, 2021. urtetik zerbitzuan egon behar zuen.

Bazirudien Mugikortasun Departamentuak berak zeharo ahazturik zuela, planifikatutako beste hainbat bidegorri bezala, harik eta orain dela hiru urte lehen lerrora pasatu zen arte, Chillida Lekuko zuzendari Mireia Massaguék espresuki errebindikatuta. Horrela, 2021eko urtarrilean Departamentutik iragarri zuten 2022ko udan bidegorria museoraino, behintzat, eginda egongo zela. Iragarpena ez zen orduan bete eta 2024an bete gabe jarraitzen du, seguru baten batek Chillidaren mendeurrena betetzeko aukera ona izan zitekeela pentsatuko zuen arren.

Proiektuak bidegorrien lanak bitan zatitzea ahalbidetzen du. Lehenengo zatiak bidegorria Chillida Lekuraino eramango luke.

Nolanahi ere, esan bezala, Gizpuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sarea atzerapen asko metatzen ari da eta Errekalde-Galarreta atzeratutako bidegorrietako bat baino ez da. Kontuan izan sare horrek amaituta edo ia amaituta egon beharko lukeela, baina behin eta berriro salatu dugunez, barraskilo-abiaduran doa eta aspalditik dago zentzuzko edozein epetatik kanpo. Datu bat, datu ofiziala, gainera: Bidegorrien Oinarrizko Foru Sarea osatzen duten 289,96 kilometroetako 137,82 baino ez daude gaur egun erabilgarri, hau da, % 47,53. Erdia ere ez.

Hain zuzen, oraindik egin gabe dauden bidegorrien “birprogramazioa” iragarri du orain dela pare bat aste Jasangarritasun diputatuak. Horri buruzko ohar bana plazaratu dugu Eguzkik eta Kalapiek. Hemen irakur ditzakezu: Kalapieren ustez, Gipuzkoako Bidegorrien Oinarrizko Sarea ez da 2050a baino lehen osatuko | Eguzki Talde Ekologista

EGUZKI, 2024ko uztaila

Kalapieren ustez, Gipuzkoako Bidegorrien Oinarrizko Sarea ez da 2050a baino lehen osatuko

Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok Evaluación del Plan Territorial Sectorial de Vías Ciclistas de Gipuzkoa y reprogramación de sus actuaciones izenburuko dokumentua aurkeztu zuen joan den astean Bizikletaren Kontseiluan. Dokumentu horren xedea da eguneratzea Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana, berez 2013. eta 2021. urte bitartean gauzatu behar zena. Eta eguneratze hori beharrezkoa da Aldundiak Plana zeharo urratu duelako. Atera kontuak: Planaren arabera, 289,96 kilometrok osatzen dute Bidegorrien Oinarrizko Foru Sarea; bada, horietako 137,82 baino ez daude gaur egun erabilgarri, hau da, % 47,53, erdia ere ez.

Gaur, Kalapie elkarteak, Bizikletaren Kontseiluko kide denak, egoeraren balorazio bat egin du idatzi informazio aldetik mamitsu eta argi baten bidez, eta idatziaren izenburuak ezin du adierazgarriagoa izan: horrela jarraituz gero, “Bidegorrien Oinarrizko Sarea ez da 2050a baino lehen osatuko”. Irakurtzera animatzen zaituztegu: Kalapieren ustez, Gipuzkoako bidegorrien oinarrizko sarea ez da 2050a baino lehen osatuko – Kalapie

Bizikletaren Kontseilua bildu zen egunean bertan, arestian aipatutako ebaluazio- eta birprogramazio txostenean oinarritutako prentsa-ohar bat zabaldu zuen Asensioren Departamentuak. Ohar hura zela eta, idatzi bat argitaratu zuen Eguzkik, eta idatzi horrek, gure ustez, egoera zein den ulertzen laguntzen du. Hona hemen: Diputazioak berriak balira bezala saldu nahi ditu dagoeneko eraikita egon beharko luketen bidegorriak | Eguzki Talde Ekologista

Santander eta BBVA Israeli armak ematen dizkioten Europako 10 finantzatzaile nagusien artean daude

valorsocial.info. Europako finantza-erakundeek 60.000 milioi euro baino gehiago utzi edo inbertitu dituzte Israeli armak saltzen dizkioten enpresetan. Hori ondorioztatzen da gizarte zibileko 19 erakundek argitaratutako nazioarteko txosten berri batetik. Banco Santander eta BBVA konpainia horiei emandako Europako hamar kreditu-hornitzaile nagusien artean daude, eta bien artean 3.300 milioi eurotik gorakoak dira.

Ikerketak munduko armak ekoizten dituzten sei konpainia handienen (Boeing, General Dynamics, Leonardo, Lockheed Martin, RTX eta Rolls-Royce) eta Europako finantza-erakundeen arteko finantza-harremanak aztertzen ditu. Txostenaren arabera, erakunde finantzatzaile horiek 36.100 milioi euro eman dizkiete mailegu eta harpidetzetan aipatutako enpresei, eta 26.000 milioi euro dituzte Israelgo armada hornitzen duten armamentu-enpresen akzio eta bonoetan.

(Albiste originala erderaz dago)