Otsailak 4 eta 19, erraustegiaren kontrako hitzordu berriak

IMG-20170204-WA0029EAEko Epaitegi Gorenak atzera bota du GuraSOSek eginiko eskaera Zubietako erraustegiaren esleipen-prozesua behin-behinean eteteko, Legeak aurreikusitako partehartze-prozesua egin arte. Olanok eta Asensiok, Asensiok eta Olanok, berehala esan dute erabaki honek atzeraezin bihurtzen duela erraustegia (oraingoan bai, diote; izan ere, hauxe bera lehen ere hamaika aldiz esan dute). Ideia hau indartzeko, Asensio erretratatu da kontratua izenpetzen ari zela. Ehiztari zuriak pizti afrikarraren gainean hanka nola, hala jarri du Asensiok atzaparra paperaren gainean. Eszenifikazio hauen bitartez, erraustegiaren kontrako oposizioak amore eman dezan nahi dute. Jai dute, ordea, oposizioak BADAKIELAKO hemen oraindik partida badagoela.                                                                                            “Ez sinistu bide judiziala amaitu denik!”, ohartarazi du GuraSOSek. Izan ere, Epaitegiak ez du onartu prozesua behin-behinean eteteko eskaera, baina ez du gaiaren mamiaz erabaki. Beste gauza askoren artean, oraindik erabaki behar du inpaktu-deklarazioa indarrean dagoen ala ez.                                                                                                                Nolanahi ere, eta hori ere badaki oposizioak, auzi hau ez da epaitegietan erabakiko, ez epaitegietan soilik, behintzat. Horregatik mobilizazioak erabakigarriak dira. Hona hemen hurrengoak:

– Larunbat honetan, otsailak 4, Erraustegiaren kontrako Mugimenduak manifestazio bat antolatu du Hondarribian (Markel Olano bertan bizi da). 12:30ean abiatuko da Butroi pasealeku amaieratik.

– Otsailaren 19an, berriz, GuraSOSek manifestazio bat antolatu du Donostian. Artzai Onaren katedraletik abiatuko da 12:00etan.

Gipuzkoako talde ekologisten eta natur taldeen erantzuna EHNE eta ENBA sindikatuei

Hasierako proiektua gutxi balitz, askoz pista gehiago zabaltzeko asmoa azaldu du Mankomunitateak.

Hasierako proiektua gutxi balitz, askoz pista gehiago zabaltzeko asmoa azaldu du Mankomunitateak.

Bi sindikatu horiek eman berri duten prentsaurrekoan Aranzadi Zientzia Elkarteak urtarrilaren 13an Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean Aralarko pisten inguruan egindako agerraldia gaitzetsi dute. Harrituta omen daude Aralarren inguruan erakunde horrek azaldutako “oinarri zientifiko ezagatik”. Ez omen dute ulertzen “Aranzadi bezalako prestigiodun elkarte batek zein motibazio izan dezakeen erabat orkestratutako eszenografia honetan parte hartzeko”. Salaketa larri hauek egiteko, gainera, zuzenak ez diren hainbat argudio eman dituzte:

  1. “Aranzadik, zoritxarrez, argi utzi zuen, bere ustean, abeltzaintza estentsiboak ez duela etorkizunik (2002an Eusko Legebiltzarrean aurreikuspen berdina egin zuen, eta zorionez, ez zuen asmatu)”. Aranzadiko ordezkariek esandakotik ondorio hori ateratzea jokabide benetan interesatua da. Argi utzi zutena da Aralarren gaur egun bultzatzen den abeltzaintza-eredua ez dela bateragarria natur balioen kontserbazioarekin. Gehiegizko abelburu kopurua dagoela esan zuten, eta eredu horrek huts egiten duela etengabeko diru laguntzen emendioak ez duelako artzain kopuruaren gutxitzea gelditu. Aranzadiko ordezkariek abeltzaintza estentsiboaren aldeko aldarria egin zuten, baina   azterketa zientifikoetan oinarrituta kudeaketaren bermearekin. Hauxe da gaur eguneko ereduak errespetatzen ez duena eta horren etorkizun eza da Aranzadiko ordezkariek salatu zutena.
  2. “Aralarren artzaintza desagertuko balitz ez litzateke deus ere gertatuko” esan omen zuten Aralarko ordezkariek. Hori ere ez da zuzena. Esan zutena da Aralarrek bere oreka ekologikoa bilatuko zukeela, azken 150 urte hauetako lurzoruaren galera gelditu eta pixkanaka berreskuratuz.
  3. “Aralarko kudeaketa gaur egungo egoera kudeatzera mugatu beharko litzateke”, ranzadiren ahotan jarritako beste baieztapena. Hori ere ez da zuzena. Artzaintza- eredu berri bat eskatu zuten, horretarako ikuspegi orokorrarekin egindako proposamena eskainiz. Aranzadik aspalditik dauka gai hau aztertuta, eta sindikatu horiek inoiz kontuan hartu izan ezak ez du justifikatzen euren ahalegina modu itsusi horretan arbuiatzea.
  4. “Aranzadiren posizionamenduak ez du kontuan hartu, Aralar mendia Mankomunitatea osatzen duten hamabost udalena dela”. Natur balioen defentsak unibertsala eta derrigorrezkoa beharko luke izan giza eskubidea den heinean, eta sindikatu horien ordezkariek ulertzen ez badute ere, baserritarrak zein abeltzainak balio horien galeraren kaltetu zuzenak dira naturak euren lanbidea baldintzatzen duelako. Parke naturala udalerri horien lurretan dagoela uka ezina da, baina eremu horrekiko abeltzaintzatik haratagoko interesak daude, eta horiek ez daude ordezkatuta parke horren kudeaketarako erabaki organoetan.

Poztekoa da, behingoz, sindikatu hauek zientziaren aldeko aldarria egitea. Aranzadi Zientzia Elkarteak Aralarri buruz duen ezagutza zientifikoa zalantzan jartzea zilegi da noski, baldin eta horretarako argudio zientifikoak erabiltzen badira. Eta hor dago koska, ez dagoelako (publiko eginda behintzat), horretarako daturik.

Gipuzkoako natur taldeak eta talde ekologistak urteak daramatzagu babestutako eremuetan ezagutza zientifikoan oinarritutako kudeaketa gauzatzeko eskaerak eta proposamenak egiten Foru Aldundiari. Aurreko legealdian Aranzadik proposatutako Batzorde plurala diseinatzea lortu genuen: Bioaniztasunaren Mahaia. Bere osaera eta funtzioak legez zehaztuak ditu, eta   Aldundiari dagokio martxan jartzea natur balioen ustiapenaren eta kontserbazioaren auzia behar den arduraz lantzeko. Zain gaude, guztion onerako izango baita.

GIPUZKOAKO NATUR TALDE ETA TALDE EKOLOGISTAK

5. EDUKIONTZIA: 4 EGIA + 1

Asteazkeneko agerraldian ateratako argazki bat.

Asteazkeneko agerraldian ateratako argazki bat.

EGIA DA 5. edukiontzia berandu datorrela, oso berandu. Izan ere, Lasarte-Oriakoa izango da seguru asko herritar guztiei etxeko zaborren zatiki organikoa biltzeko aukera emango dien Gipuzkoako azken udala.

EGIA DA udal gobernuak 5. edukiontzia ezartzeko aukeratu duen sistema eraginkortasun eskasenekoa dela, modu nabarmenean, gainera. Izan ere, badira 5. edukiontzia ezartzeko askoz sistema eraginkorragoak, esaterako, Zegaman eta Olaberrian. Paradoxikoki, Lasarte-Oriako udal gobernuak bi herri horiek inoiz eredu gisa aipatu ditu. Askoz sistema eskasagoa ezarri du, ordea.

EGIA DA Lasarte-Oriak, gauzak horrela, nekez iritsiko dela %60ko birziklatze-tasa lortzera, alegia, leku guztietan erreferentzia moduan erabiltzen ari den gutxieneko tasa. Gainera, ez du aurreikusi emaitzak errebisatzeko eta, beharrezkoa balitz, neurri zuzentzaileak hartzeko inolako eperik.

EGIA DA udal gobernuak jarraitzen duela zabor-tasetan tarifa finkoa inposatzen. Horrela, birziklatzen ez dutenak pribilegiatzen ditu, birziklatzaileen kaltetan. Izan ere, birziklatu ala ez tasa bera ordaintzen denez, birziklatzaileak beraien esfortzu eta diruarekin finantzatzen ari dira besteen axolagabekeria. Politika honek talka egiten du 5. edukiontzia ezarrita daukaten beste herrietakoarekin, hala nola Donostia, Errenteria edo Irungoarekin. Herri horietan birziklatzaileei deskontuak egiten zaizkie zabor-tasetan, hain justu, tasa finkoa bidegabea dela begi-bistakoa delako.

BAINA HAU GUZTIA EGIA DEN ARREN…

EGIA DA, baita ere, hemendik aurrera bost ekudiontziak arduraz erabiltzen duenak etxeko zaborraren %90 gaika bildu ahal izango duela. Eta herritar arduratsuak (ia) DENAK beharko luketela izan, are gehiago Lasarte-Orian, kontuan izanda seguruena gurea izango dela erraustegiaren kalteak gehien sufrituko lituzkeen herria.

Gauzak horrela, Aire Garbiak dei egiten die herritarrei 5. edukiontzia erabiltzera. Kritikoki, hau da, fundamentuzko birziklatze-politika aurrera eramateko oso-oso motz geratzen dela jakinda, baina, halaber, gogotik, erreparorik gabe. Kontuan izan birziklatutako plastikozko ontzi bakoitzeko edo konpost bihurtutako gramo organiko bakoitzeko, erraustegia egiteko arrazoirik ez dagoela berresten ari garela.

BIRZIKLATZEARI BAI, ERRAUSTEGIRIK EZ

Edukiontzi berriak, errezeta zaharkituak.

Edukiontzi berriak, errezeta zaharkituak.

“ Gasteizko Garoñaren Kontrako Foroak” berriro irekitzeko ahaleginak salatzen ditu eta erakunde politikoei benetako konpromisoak eskatzen dizkie.

Garoñaren Kontrako Foroak Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzeko ahaleginak eta hondakin erradioaktiboak gordetzeko biltegi bat eraiki nahi izatea salatzeko elkarretaratzea burutu du gaur, Eusko Legebiltzarraren aurrean.

Garoñaren kontrako Foroa Gasteiz, 2017-1-26

CSN Espainako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko osoko bilkurak aztertuko du zentralaren jabearen eskariari buruzko txosten teknikoa. Garoña 60 urtera arteko ustiapen baimena eskatzen dute jabeek. Printzipioz, CSNko batzorde teknikoak Garoña berriro irekitzearen aldeko jarrera erakutsi du. Honen aurrean hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua dela uste dugu. Honen harira, gure instituzio eta talde politikoei benetako konpromisoak har ditzaten eskatzen diegu.

PPko gobernuak Garoñako zentral nuklearra beste 17 urte ustiatzeko baimena luzatu nahi dio Endesa eta Iberdrola osatzen duten Nuclenorri, 60 urte betetzen duen arte. Chernobil edo Fukushima gogoratzea ez omen da nahikoa batzuek energia nuklearra betiko baztertzeko. CSNko txostenak erreaktoreko ontzian ustezko hobekuntzak gehitzea babesten du. Horrek balio izango luke zentrala berriro irekitzeko eta bere balio-bizitza luzatzeko. CSN PPren menpe dagoela azpimarratu nahi dugu, zuzendaritza-batzordeko 5 pertsonetik 3 izendatu bait ditu. Gure iritziz, ez da organismo tekniko bat, sinestarazi nahi diguten bezala. CSNk ez du inolako zilegitasunik eta guztiz partziala da.

Garoñaren kontrako Foroa Gasteiz, 2017-1-26.jpg 2

Garoñaren Kontrako Foroak Arabako eta Euskal Herriko jendartearekiko errespetua eskatzen du. Gehiengoa Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzearen aurka agertu da askotan, zentrala eta hondakin erradiaktiboak osasuna eta bizitzarako mehatxu oso larriak direlako.

Zentral nukearraren itxiera eta eraispena gauzatzeko, instituzio eta alderdi politikoei puntu hauek betetzeko dei egiten diegu:

• Garoña berriro irekitzeko edozein ahaleginaren aurrean, duintasun politikoa lehenetsiz, blokeatzeko konpromisoa har dezatela. Gogora ekarri nahi dugu PPk gutxiengoan gobernatzen duela. Alderdi Popularrarekin sinatzen diren itun guztiek Garoña itxi eta eraisteko baldintza bete behar dute.

• Iberdrola eta Endesa dira Garoñaren jabeak. Enpresa horiek dira zentrala berriro irekitzeko eskaera behin eta berriz egiten ari direnak. Instituzio eta alderdi politikoei, beraien eskumenean duten mekanismo guztiak erabiliz, bi empresa hauek presionatzeko dei egiten diegu. Ez da onargarria instituzio eta alderdi politiko batzuk bi empresa hauekin duten konplizitatea.

• Eredu energetiko berri baten aldeko apustua egiteko, Iberdrola eta Endesa bezalako enpresekin moztu eta energia berriztagarrien alde eginez. Elektrizitate %100 berriztagarria kontratatzeko dei egiten diegu instituzio guztiei. Horrez gain, denda, saltoki, enpresa eta persona guztei eskatzen diegu konpromiso berdina hartzeko.

Bukatzeko, Garoñaren Kontrako Foroa osatzen dugun norbanako, sindikatu, mugimendu sozial, ingurugioaren aldekoak eta alderdi orok, pertsona guztiei, mobilizatzen eta pausuak ematen jarraitzeko gonbidapena luzatu nahi diegu.

Ezin gara geldirik egon mila pitzadurako zentrala irekitzen duten bitartean.

Garoñaren Kontrako Foroa

Kontaktua: 619 48 90 95 (Oskar Gonzalez)

 

Garoña betiko itxi

Gaur hona bildu gara Garoñako zentral nuklearra ixtea eskatzeko eta haren berehalako eraispena lehentasunezkoa, ezinbestekoa eta betebeharrekoa izan dadila estatuko gobernuarekiko ezelako negoziazioetan.

FOTO3

Zentral nuklearra zaharkitua, arriskugarria eta alperrikakoa da. 2012tik geldirik dago, eta Bilbotik 60 kilometrora baino ez eta Ordunteko urtegitik 37 kilometrotara, non bizkaitar guztiek edaten dugun.

Aurrekaririk gabeko egoeran gaude. Lehendabiziko aldia da zentral nuklear batek baimena eskatzen duela 17 urte gehiagoz lan egiteko; hortaz 60 urteko lanaldira iritsiko litzateke. Jakin beharrekoa da 40 urtez lan egiteko diseinatu zutela. Araudiak onartzen ari dira eztabaida teknikorik gabe eta, jakina, eztabaida sozialik gabe, 40 urtetik gorako nuklearren lanaldiaz.

Atzo CSN-Segurtasun Nuklearreko kontseiluko kideek, konpainia elektrikoen presiopean publikatu zuten informean irekitzeko baimena ematen zaio Garoñari. Orain erabakimena politikoen esku dago. Kontseiluan dauden ordezkarietako hiru PPkoak dira. Euren iritzia aldekoa bada estatuko gobernuaren esku egongo da erabakia, eta aurreikus daitekeen bezala erabaki hori ere aldekoa izango da. Enpresa elektrikoen menpean gaude.

Enpresa hauek beren epe laburreko etekin ekonomikoa baizik ez dute ikusten, baztertuz ingurugiroan beren jarduerak duen eragina. Gainera, bistan da, politikoak ez dira bat ere bustitzen gu babesteko. Gaur legebiltzarrean Garoña berrirekitzearen kontrako ondoriorik gabeko arauz kanpoko proposamen bat eztabaidatzekotan zeuden. Talde sozialistak berak sustatutako proposamen hau gai-zerrendatik kendu du azken orduan. Auzo elkarteek, erakunde ekologistek eta sozialek, politikoek eta sindikalek Garoñaren kontrako Bizkaiko foroarekin bat eginik gure desengainua adierazi nahi dugu aurkeztu behar zen proposamenari dagokionez. Aipatutako proposamena edukirik gabea zen, ez zuen inongo jardunbiderik proposatzen Garoña behin betiko ixteko.

Estatuko parlamentuan hitzartzen eta eztabaidatzen diren hainbat gairen gaineko negoziazio-garaia da. Gizarteak indar osoz eskatzen die ordezkariei, bereziki, PNVEAJri eta PSEri, Garoña behin betiko ixteko eta berehalako eraispena beren negoziazio agendetan sar dezatela lehentasunezko, ezinbesteko eta betebeharreko aldarrikapen gisa. Hori hala izan dadin jardunbideak ere berehalakoak izan behar dira; ez gara babestuta sentitzen, gure instituzio hurbilenek ez gaituzte babesten.

Gainera, Garoñaren baimenak bidea ireki dezake estatuko gainerako zentral nuklearren bizitza ere luza dadin. Gogoratu behar dugu zentral hauek indar handiagokoak direla eta, hortaz kutsadura handiagoa sortzen dutela. Gure ustez zentral nuklearren itxiera progresiboa eskatu behar da, gainerako zentral nuklearrentzako lan-baimenak ukatu behar dira, Segurtasun Nuklearreko Kontseilu beregain baten aldarrikapena egin behar da eta nuklearrik gabeko eredu energetiko berri bat jorratzen hasi behar da.

Bide batez, beste mobilizazio bat iragarri nahi dugu Garoñaren kontra, otsailaren 4an goizean, 12etan Iberdrolaren aurrean.

Gizartearen kontrako jarrera nabarmendu nahi dugu, eta luza gabe, eskatzen dugu berehala has dadila beste eredu energetiko berri baten aldeko lana, subiranotasun energetikoan eta ingurugiroarekiko begirunea erakusten duen eredu energetiko berri baten aldeko lana, hain zuzen ere.

FOTO1

Eta portabilitatea egiten badugu, Iberdrola utziz eta energia berriztagarria saltzen duen batera pasatuz, askoz hobe!

AAVV de Bilbao, CCOO, Eguzki, EH Bildu, Ekologistak Martxan, Energia Gara, ESK, Equo, Ezker Anitza, Foro Contra Garoña de Bizkaia, Goiener, Greenpace, LAB, 15M Bizkaia, PAH, PCPE, Podemos, STEILAS, Sagarrak, Udalberri.

ELKARRETARATZE DEIALDIA -Garoñaren behin betiko itxiera, urtarrilaren 26, 10:30, Gran Via 85


ELKARRETARATZE Deialdia

Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren behin betiko itxiera eta eraistea, Estatuko Gobernuarekin egiten diren negoziaketetan LEHENTASUNEZKO eta ATZERATU EZINEZKO puntua izan dadila eskatuzea.

garoña elkarretaratzea 2017-1-26.jpg web

 

Eguna: urtarrilak 26
Ordua: 10:30
Lekua: Gran Vía 85, Bilbo

Datorren urtarrilaren 26an, Garoñako zentral nuklearra berriz ere martxan ez jartzeko Arauz Besteko Proposamena eztabaidatuko da Eusko Legebiltzarrean, talde sozialistak sustatua. Hainbat erakunde ekologista, gizarte mugimendu, sindikatu, alderdi politiko, bizilagun elkarte eta Bizkaiko Garoñaren Kontrako Foroaz osatutako talde zabal batek, Proposamen honen aurrean dugun dezepzioa agertu nahi dugu; izan ere, edukinik gabekoa dela iruditzen zaigu eta zentral nuklearra betirako ixteko premiazkoak diren ekintza zuzenak eta beharrezkoak esijitzen ez direla uste baitugu.

Estatuko Legebiltzarrean lantzen diren gaien inguruko negoziaketak pil-pilean dauden honetan, Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren behin betiko itxiera eta eraistea, negoziaketetan LEHENTASUNEZKO eta ATZERATU EZINEZKO puntua izan dadila eskatzen du gizarteak, ekintza erreal eta berehalakoak martxan jarriz. Hare gehiago, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Batzordearen zuzendaritza teknikoaren bilera bihar bada ere, El País egunkariak gaur aurreratu duenez, erakunde honek prestatu duen txostena zentral nuklearra berriz zabaltzearen aldekoa dela jakin dugunean.

Gainera, zentral nuklear guztien itxiera progresiboa ere gehitu beharko litzatekeela uste dugu, gainontzeko zentral nuklearrak berriz ere martxan jartzeko baimenak ukatzea, Segurtasun Nuklearreko Kontsailuaren independentzia bermatzea eta zentral nuklearrak barne hartzen ez dituen eredu energetiko berri bat lortzeko lanari ekitea.

Horregatik deitzen dugu elkarretaratzea egitera, datorren urtarrilaren 26an, osteguna, Eusko Jaurlaritzak bilbon duen ordezkaritzan, 10:30etan.

Deitzen dute:

AAVV de Bilbao CCOO, Eguzki, EH Bildu, Ekologistak Martxan, Energia Gara, ESK, Equo, Ezker Anitza, Foro Contra Garoña de Bizkaia, Goiener, Greenpace, LAB, 15M Bizkaia, PAH, PCPE, Podemos., STEILAS, Sagarrak, Udalberri,


Elkarrizketetarako harremanak:

Euskeraz: Patxi Alaña ( 663901248 ) eta Andoni de la Concha Ruiz (653701864)
Gazteleraz: Marisa Castro (649049865)

Lertxun hauskara berri bat hilik, oraingoan Meñakan

GetFileAttachmentEguzkik Fiskaltzan salatu du lertxun hauskara bat (Ardea cinerea) hilik agertu dela Meñakan, antza denez, tiroz jota.

Tiroz bota dutela konfirmatuko balitz, ez litzateke, ezta hurrik eman ere, joan den irailean ehiza-aldia hasi zenetik, legez babestuta egon arren, bota duten hegazti bakarra. Izan ere, Eguzkik dagoeneko bederatzi kasu salatu ditu, eta kasu hauek izozmendiaren tontorra baino ez dira, kontuan izan behar baita guk kasu hauen berri izan dugunerako, beste hamaika isilean geratu direla.

Zehatz-mehatz, hiru lertxun hauskara, bi belatz handi eta mirotz zuri, zapelatza, belatz gorri eta gabirai bana bota izana salatu dugu.

Ondarruko San Inazioko mendia: desastre ekologiko eta soziala

San Ignazio mendiaHasteko eta behin, gure elkartasuna erakutsi nahi diegu oraindik etxetik kanpo dauden San Inazioko bizilagunei. Espero dugu ahalik eta arinen bueltatzea etxera, eta mendiko harriek eragindako apurketak konpontzeko laguntzak jasotzea. Halako egoeretan herritar guztion elkartasuna beharrezkoa da.                                                                             Orain arte ezer esan ez badugu, etxetik kanpora zeuden herritarrei errespeturik ez  faltatzeko izan da. Baina urtebete pasatu da, eta San Inazioko mendiarekin gertatu denari buruz iritzia eman nahi dugu.     Prentsaren bidez jakin dugu udalak ikerketa bat agindu duela San Inazion zer gertatu den jakiteko. Ikerketa horren arabera, mendiak jausteko arriskua zuela esaten zuen txosten bat baino gehiago egon zen 2002. urtetik aurrera. Etxeak egin aurretik eta egiten ari zirela, hain zuzen.                                                                                                                       Hori jakinda, hauxe eskatzen dugu: txosten horiei kasu egin ez zioten politikari eta teknikarien ardurak argitzeko.                       Ondarroan aurretik ere gertatu izan dira horrelakoak. Gogoratu Alleriko etxebizitzen proiektu ilegala, moilako etxeetako arrakalak, portuko harriak… milioika euro publiko alperrik galdu dira proiektu horietan, eta inoiz ez da arduradun politiko edo teknikorik epaitu. Edozer eta edozelan egitea ezin da libre egon.                            Momentuz, txarto egindako obra honen ondorioak ordaintzen ari diren bakarrak errurik gabeko San Inazioko bizilagunak dira. Kulparik eduki barik, amets-gaizto hau bizitzea tokatu zaie.              San Inazioko mendia jausten hasi eta gero egin den obra Ondarroak azkenengo hamarkadetan eduki duen desastre ekologiko eta sozialik handiena izan da.                                                                                                     Desastre ekologikoa, milaka eta milaka tona harri kendu direlako, eta horretarako makinak goiz eta gaba egon direlako lanean, energia kopuru izugarriak gastatzen.                                                                          Desastre soziala, dirutza publikoa gastatu behar izan dugulako mendia jateko. Eta oraindik ez dakigu herria zenbat urterako geratuko den hipotekatuta.                                                                                 Gertatu den guztia ikusita guk aspalditik esaten genuena errepikatzen dugu: Ondarroa ezin da gehiago hazi. Lur gehienak urbanizatuta dauzkagu eta, etxeak egitekotan, gero eta lur arriskutsuagoetan egin behar ditugu. Eta ikusi dugu hori egiteak zelako ondorioak dituen. Ondarroan merke, azkar eta ondo eraikitzea amaitu da. Agian gure pentsatzeko modua aldatu behar dugu: gure herria beste modu batera garatzen ikasi behar dugu, herri barruko espazioa hobeto aprobetxatuta, jausten dauden eraikinak konpondu eta berrerabilita, hutsik dauden etxeak egokitu eta jendearen eskura ipinita.                                                                             Espero dugu mendiko obrak ahalik eta arinen amaitzea, etorkizunean beheko etxeentzako arriskurik ez egoteko. Espero dugu etxetik kanpora dauden herritarrak euren etxeetara buelta egitea, eta euren bizitza normalarekin jarraitu ahal izatea. Espero dugu baita ere desastre honen arduradun politiko eta teknikoak aurkitzea. Eta espero dugu herritarrok gertatu denari buruz gogoeta sakon bat egitea, etorkizunean halakorik ez pasatzeko.