Garoñako Zentral Nuklearraren berrirekitzearen inguruko hitzaldi informatiboa

Urtarrilaren 26an, Garoñaren Aurkako Foroak, zentralaren behin-betiko itxieraren alde borrokatzen duenak, hitzaldi informatibo bat burutuko du zentral zahar, arriskutsu eta alferrikako honen berrirekitzeak ekar ditzaken arrisku larriak salatzeko. Berrirekitzeak, 60 urtera arteko ustiapena suposatuko luke. Hau, Estatuan lehen aldiz emango litzateken egoera da, eta lehengo ondorioa, 17 urte gehiagoz hondakin nuklearrak sortuko liratekeela da.
Hitzaldi honetan, Garoñaren gaur egungo egoeraz, suposatuko lituzkeen arriskuez, kostu sozialaz eta  ingurumen kalteez hitz egiteaz gain, kontsumo mota honi alternatibak emango zaizkio. Edozein pertsonak edo enpresek beste kontsumo eredu bat izan dezake, ekonomikoki kostu beretsua izan arren, ingurugiroarekiko errespetuan oinarrituta  egongo litzakeena eta gainera, milioka pertsonen biziak arriskuan jarriko ez lituzkena.
Guzti honetarako, eta gaur egungo argi-indar kontsumo ereduaren inguruko edozein zalantza argitzeko, Garoñaren Aurkako Foroak, Eguzki-rekin batera, San Bizenteko jaietan  antolatu ohi dituen ingurugiro jardunaldien barruan, hitzaldi honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztete.
Ekarri zure argi-indarraren faktura eta Garoñako zentrala nola geldiarazi azalduko dizuegu, zure ordainagirian lapur diezazuten saihestuz.
Eguna: Urtarrilak 26, osteguna
Ordua: arratsaleko 19:00ak
Lekua: San Bizente Kultur Etxea

Larunbatean, hilak 21, CETAren eta TTIPren aurkako mobilizazioak

 

Kartel honek Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko hitzorduen berri ematen du.

Kartel honek Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko hitzorduen berri ematen du.

Europar Batasuna eta Kanadaren arteko merkataritza eta ekonomia ituna (CETA) baieztapenerako azken fasean dago. Europar Kontseiluan blokeatuta gelditzekotan egon zen, Valoniako Parlamentuak ez baitzuen bere oniritzia eman nahi, baina, azkenean, nazioarteko presioek, belgikarrak baiezkorantz eraman zituen.

Europar Parlamentuko lan komisioak ezetz esan zion itunari abenduaren 8an eta beste hainbat komisiok berdina egitea espero dugu.

Prozeduraren hurrengo pausoan, Europar Parlamentuak akordioa bere osotasunean bozkatuko du osoko bilkuran otsaileko lehenengo egunetan. Bozketaren emaitza baiezkoa balitz, itunaren atal asko behin behinean aplikatzen hasiko lirateke, eskualdetako eta nazio-parlamentuetan bozkatzen den bitartean (38 guztira. Baten batek onartuko ez balu, akordioa bertan behera geratuko litzateke).

 

Hendaia eta Irun bitartean giza kate bat egingo da. Hitzordua, Santiagoko zubian.

Hendaia eta Irun bitartean giza kate bat egingo da. Hitzordua, Santiagoko zubian.

 

Europar Batasuneko nahiz Kanadako gizarte zibileko hainbat aldetako kideak CETAren aurkako iritzia azaldu dute, ingurugiroaren eta pertsonen oinarrizko eskubideen babesaren aldeko bermerik eskaintzen ez duelakoan. 3,5 milioi pertsonek CETA eta TTIParen (itun bikia) aurkako eskaera sinatu dute jada Europar Batasunean.

CETAri hainbat eranskin eta “adierazpen interpretatibo” gehitu dizkiote, gerora, itunaren aldeko babesa gehitzeko asmotan, baina, testu hauek guztiek, ez dute akordioa gehiegi aldatzen, epaitegi paraleloak, lanpostuen galera, ingurugiroaren babes eza, etab. bezalako hainbat arazo aurkezten dituelarik oraindik, besteak beste.

Honegatik guztiagatik, TTIP, CETA eta TiSAren aurkako kanpaina osatzen dugun erakundeok mobilizazio eguna antolatu dugu datorren urtarrilaren 21erako. Itunarekiko gure gaitzespena agerian utzi nahi dugu baita erabakitzeko gaitasuna eta bozka daukaten europar, kanadiar nahiz nazio, probintzia eta eskualdeetako parlamentuei ordezkatzen dituzten herritarren eskubide eta interesen alde jokatzeko eskaera luzatu ere, itun honek suposatzen duen mehatxua kontutan hartu eta CETAren baieztapenaren aurka bozkatzeko eskatuz. TTIP eta CETAren aurkako jarrera hartzeko eskatu nahi diogu Gasteizko Parlamentuari, lehenago Nafarroako Parlamentuak egin zuen moduan. Merkataritza interesek ezin dute demokraziaren eta pertsona eta planetaren interesen gainetik egon. Horregatik guztiagatik, TTIP eta CETAri ezezkoa ematen diegu, herriek erabaki behar dutelako!

Mijoako saneamendua 2017ko aurrekontuan kontuan izateko eskatu dio Eguzkik Eusko Jaurlaritzari.

El de la regata Mijoa, en Mutriku, es uno de los proyectos de saneamiento pendientes. En la imagen, uno de los vertidos que denunciamos este verano, que tiñeron el agua de blanco.Eguzkik salatu du aspalditik pendiente diren hainbat saneamendu-lan gero eta gehiago atzeratzen ari direla, funtsean Eusko Jaurlaritzak ez dituelako betetzen horiek finantzatzeko hartu zituen konpromisoak . Lan horietako bat Mijoa errekakoa da. Horregatik talde ekologistak Urkulluren gobernu berriari eskatzen dio arazoari merezi duen bezala heltzeko eta une honetan prestatzen ari den 2017ko aurrekontuan islatzeko. Errebindikazio hauxe bera bere egin zuen urrian Mutrikuko Udalak, mozio bat onartuta .               Mijoa, gaur egun, bioaniztasuna itortzen duen estolda hutsa da, Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dagoen arren. Mijoako isuriak Saturrarango eta Ondarroako hondartzetan nabaritzen dira, eta kiratsak, berriz, San Jeronimoko eta Pikupeko bizilagunek aditu behar izaten dituzte.                        2007an, instituzioek 2011 bitartean Gipuzkoako hainbat lan hidrauliko aurrera eramateko hitzarmen bat sinatu zuten, eta Mijoako saneamendua lan horietako bat zen. Baina finantziazio gehiena (% 75) Jaurlaritzak ipini behar zuen eta, ipini ez duenez, proiektua ez da burutu. Plan Hidrologiko berriak, pasa berri den urten onartutakoak, berriro aurreikusten du proiektua gauzatzea, oraingoan 2016 eta 2021 urte bitarteko apean, eta 3,6 milioi euroko aurrekontuarekin. Bada gai honi behingoz behar bezala heltzeko garaia.                                                                                                                                  EAJren eta PSEren artean izenpetutako gobernu-akordioak beste gauza asko ez ezik honako hau ere badio: “Uraren hornikuntza, saneamendu eta arazketa azpiegitura hidraolikoak garatu eta eraikiko dira, dagoen plangintzaren arabera”. Baina plangintzak epeak ere zehazten ditu, eta, ikusi dugun bezala, proiektu askotan epe horiek ez dira bete; beraz, plangintza urratu egin da. Jaurlaritzak saneamenduan orain arte baino diru gehiago inbertitu ezean, plangintza urratzen jarraituko du eta gobernu-akordioaren zati hau ezerezean geratuko da.                                                                                              Behin baino gehiagotan entzun izan dugu egiteko dauden saneamendu-proiektuak egiten joango direla “dirua dagoen neurrian”. Baina dirua egon badago. Arazo honetan, beste hainbatetan bezala, lehentasunak ezartzean dago gakoa. Hori bai, Jaurlaritzak, 2016an egin duen bezala, Departamentuaren aurrekontuaren % 72 Abiadura Handiko Trenera bideratzea erabakitzen badu, geratuko zaizkion sos apurrekin nekez beteko ditu beste alor batzuetan dituen konpromisoak, adibidez, saneamenduarenak. Gainera, ez da begi-bistatik galdu behar AHT finantzatzea berez ez dagokiola Jaurlaritzari, Estatuko gobernuari baizik, eta saneamendua, berriz, bai.                                      AHT “estrategikoa” omen da. Alabaina, saneamendua baino “estrategikoagoa” ote? Gure ustez, saneamendua estrategikoa baino gehiago da, oinarri-oinarrizkoa baita. Ulertzen dugu politikoentzat ia edozer saneamendua baino glamorurosoagoa izatea. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusia dutenak.

                  Eguzki, 2017ko urtarrila

Urtarrilak 21: Bigarren Eskuko eta Truke azoka

Datorren larunbatean, hilak 21, Sanbizenteko jaien baitan, Eguzki Barakaldok bigarren Eskuko eta Truke azoka antolatzen dugu, helburua materialen berrerabilera sustatzea delarik. Azoka honetan, edozein material (objektu) saldu, trukatu edota oparitzeko aukera izando dugu. Bertan topatu ahal izando ditugun salgaiak, besteak beste: liburuak, arropa, diskak, jostailuak, kirol materiala, altzariak, soinu-tresnak…

Truke azoka San Bizente.psd 2017-1-21.jpg INPRIMITZEKO

Kontsumo arduratsua oinarri moduan duen eredua lortzeko beharra gero eta handiagoa da. Aldaketarako bide honetan guztiok eman dezakegun lehenengo pausoa, gure eguneroko kontsumoan 3R (murriztu, berrerabili eta birziklatu) erregela jarraitzea da.
Murriztu hitzak beharrezkoak ez diren erosketak saihesteari so egiten dio. Berrerabili eta birziklatu hitzek objetuen erabilera beste pertsona batzuekin partekatzea eta jadanik erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizitza bat ematea esan nahi dute. Eta azkenik, erostea benetan beharrezkoa denean, bidezko merkataritzaren mekanismoak, ekonomia alternbatiboa eta solidarioa eta kontsumo kolaboratiboaren erabiltzea.
Bigarren eskuko merkatuak, bai salmentakoak eta baita trukekoak ere, 3R erregelaren adibide ezin hobeak dira eta horretaz gain gauza deberdinak aurkitzeko aukera ematen digute, merkeak eta ekologikoa, izan ere berrerabiltzen den produktua baino ekologikoagorik ez dago.

Hotza eta elurra direla eta, Euskal Herrian ehiza debekatzeko eskatu du Eguzkik

elurraMeteorologoek iragarri dutenez, datozen egunetan ezohiko hotzaldia zabalduko da Europako mendebaldean. Elurra ere izango da, baita kostatik gertu ere.   Egoera honek biziraupen-mugan jarriko ditu faunaren hainbat espezie, bereziki hegaztiak, anatidoak eta limoetakoak (hegaberak, oilagorrak, birigarroak, txontak eta abar), baita zenbait ugaztun ere (orkatzak, basurdeak). Izan ere, egoera honetan animaliek ez dute jatekorik aurkitzen eta ahuleziak jota daude. Horrela, hainbat hegazti harrapari batzuen harrapakin erraz bihurtzen dira, esaterako, katuenak. Eta eskrupulurik gabeko ehiztariek ere sekulako sarraskiak egiteko aukera ere izaten dute, jakina.                                                                                                                               Gauzak horrela, Eguzkik egoera hauetarako dagoen protokoloa martxan jartzeko eta, ondorioz, ehiza debekatzeko eskatzen du. Eta lehenbailehen, gainera, Ehiza Federazioari “baimena” eskatzen ibili gabe.                                                                                                                                    Halaber, basozainen, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen bidez zaintza areagotzeko ere eskatzen dugu. Izan ere, horrelakoetan, zoritxarrez, ez dira gutxi izaten debekua errespetatzen ez dutenak). Herritarrei ere adi egoteko eta tiroketak salatzeko eskatzen diegu.                               Inor ez da hegazti migratzaileen jabe; ehiztariak ere ez, jakina. Hegaztiak bioaniztasunaren funtsezko osagai dira. Beti defendatu behar dira, baina bereziki honelako egoera kritikoetan. Horregatik ehiza lehenbailehen debekatu egin behar da.

Aranzadik Aralarko pisten eraikuntza alde batera uztea eskatu du

Hasierako proiektua gutxi balitz, askoz pista gehiago zabaltzeko asmoa azaldu du Mankomunitateak.

Hasierako proiektua gutxi balitz, askoz pista gehiago zabaltzeko asmoa azaldu du Mankomunitateak.

Gipuzkoako Batzar Nagusien eskariz eginiko agerraldian, “Aralarren pistak eraikitzeak dakarren kalteaz ohartarazi du Aranzadik berriz ere”

Ondoan, Aranzadi Zientzia Elkarteak bere webgunean argitaratu duen oharra.

http://www.aranzadi.eus/actualidad/aranzadi-advierte-otra-vez-del-impacto-ambiental-irreversible-que-tendria-construir-pistas-en-aralar?lang=eu

Aralarren pistak eraikitzeak dakarren kalteaz ohartarazi du Aranzadik berriz ere

2017/01/13

Aranzadi Zientzia Elkartea Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Batzordean agerraldia egin du gaur, Aralarreko Parkean aurreikusten diren pistek ekarri dezaketen ingurugiroarekiko galeraz ohartarazteko. Elkarteak 2002an aurkeztu zuen txostena berretsi du, non Gipuzkoako Foru Aldundiak eta mankomunitateko udaletxeek azpiegitura hauek bertan behera uztea erabaki zuten.

Parkearen baitan egin nahi diren bide berri hauek natura eta gizakiaren arteko oreka suntsituko lukete, XXI. mendean ondare naturala babesteko gomendatzen diren ildoen aurka baitoa. Izan ere, Aralarreko Natur Parkea Kontserbazio Gune Berezia izendatu zuten 2016ean. Aranzadiren eskaria pisten eraikuntza alde batera utzi eta hausnarketa sakona bideratzea da, betiere erakunde publiko guztien  parte hartzearekin eta gizarte eragileekin elkarlanean: artzainak, abeltzainak, mendizaleak, biologoak, naturazaleak, turismo bulegoak etab.

2017an Aranzadik 70 urte bete ditu; hain zuzen ere Aralarren sortu zen Elkartea eta bertan burutu ziren diziplina anitzetako lehen ikerketa zientifikoak 1947an. Hamarkada hauetan zehar Aranzadik Euskal Herriko nortasunean barneratuta dagoen artzain kultura sustatu du, ogibide honentzat etengabeko hobekuntzak defendatuz.  Elkarteak iturriko ura txaboletan ezarri eta dirulaguntza nominatiboak bultzatu ditu, besteak beste.

Ondare naturala babesten duten estrategiak errespetatzea gure esku dago.

Agerraldi osoa ondorengo bideoan ikus dezakezu, 1:53:28 minututik aurrera:

https://youtu.be/Gx67GJeUQZw

Gipuzkoako ibaien saneamendua eta Jaurlaritzaren “zorrak”

Eguzkik salatu du aspalditik pendiente diren hainbat saneamendu-lan gero eta gehiago atzeratzen ari direla, funtsean Eusko Jaurlaritzak ez dituelako betetzen horiek finantzatzeko hartu zituen konpromisoak (hemen). Gauzak horrela, Eguzkik Urkulluren gobernu berriari eskatzen dio arazoari merezi duen bezala heltzeko eta hori 2017ko aurrekontuetan islatzen hasteko.

Atzerapenak EAEko hiru herrialdeei dagozkie, baina Gipuzkoan zentratuko gara, herrialde horretan instituzioek 2007. eta 2011. urte bitartean hainbat saneamendu-lan giteko “Hitzarmen Marko” bat izenpetu zutelako. Hitzarmen hori Jaurlaritzaren inkunplimenduen lekuko ukaezin bezain adierazgarria da.

ZELAI IBAIAREN ETENGAILUA

Pendiente diren proiektuetako bat Tolosa parean isurtzen duen Zelai edo Berastegi ibaikoa da. Atzerapen handia pilatzen du. Kontuan izan 2007. eta 2011. urte bitartean egiteko hitzartu ziren proiektuetako bat zela. 2009an bukatu zen Ibarrako saneamendua, baina Berrobikoak, Elduaingoak eta Berastegikoak egin gabe jarraitzen dute.

 

Tolosako Zubi Berria edo Dama Berdeko zubia. Ezkerrekoa ez da beste begi bat, Zelai ibaiak Oriarekin bat egiten duen puntua baizik.

Tolosako Zubi Berria edo Dama Berdeko zubia. Ezkerrekoa ez da beste begi bat, Zelai ibaiak Oriarekin bat egiten duen puntua baizik.

Azken hamarkadetan saneamendu-kontutan aurrera egin dela begi-bistakoa da (egia esan, besterik ez genuen behar), baina hori bezain begi-bistakoa da oraindik asko direla ibaietara araztu gabe isurtzen diren ur zikinak. Tolosa bataren zein bestearen lekuko bikaina da. Herrian badira hainbat herritar Orian sastraka eta zikinkeria baino ikusten ez dutenak, eta ibaia lehenbailehen ‘garbitzeko’ eskatzen dutenak. Bada, Eguzkiren iritziz, Oriak duen benetako garbiketa-arazoa saneamendu-sarea osatu gabe egotea da, ez bestea.

ZIAKO ERREKA, ANDOAIN

Tolosatik behera Orian barrena Andoain topatzen dugu, eta han Ziako Erreka edo Errekabeltz. Erreka honen saneamendua ere 2007-2011n hitzartuetakoa da. Bukatu berri den urtean onartutako plangintza berriaren arabera, ordea, Ziako Erreka saneatzeko lan gehienak ez dira egingo… 2022-2027ra arte! Beraz, gauzak orain arte nola joan diren ikusita eta Jaurlaritzak gaiari behar bezala heldu ezean, Ziako Errekak jarraituko du ur zikinak Oriara sine die isurtzen. Eta ez dira, ez, mendian sakabanatutako lauzpabost baserrietako ur zikinak, Ziako Errekak Geltoki, Buruntza, Bazkardo, Kale Txiki, Gudarien Etorbidea eta Ama Kandida inguruko auzo zein industrialdeetako isuriak biltzen baititu. Izan ere, Adunako araztegia 2013an martxan hasi zenez geroztik, Errekabeltzekoa ez da Andoainen konpondu gabe geratu den saneamendu-arazo bakarra, baina bai larriena.

Oria Andoain parean auzolanean garbitzen. Garbi dago ibaiak beste garbiketa-klase ere behar duela.

Oria Andoain parean auzolanean garbitzen. Garbi dago ibaiak beste garbiketa-klase ere behar duela.

AGINAGA

Oriatik atera gabe, Usurbilgo udalerrian, Txokoalde eta Aginagako saneamendua ere pendiente dago. 2007-2011ko Hitzarmenean sartu zutenean, aurrekontua hiru milioi ingurukoa zen. Jaurlaritzak % 75 hartu zuen bere gain, Añarbeko Urak, berriz, gainerako % 25. Urteak joan dira, ordea, eta Aginagak saneamendurik gabe jarraitzen du. Eta ez hori bakarrik, baizik eta, iaz onartutako Plan Hidrologikoak lan hauek edozein programaziotatik kanpo utzi ditu. Memorian aipatzen ditu, bai, oraindik egin gabe dauden beste hainbat saneamendu-proiekturekin batera, baina “erakunde arduradunen aurrekontu mugatuek” lanok 2027 baino lehen programatzea “zailtzen dutela” ohartarazita. Alegia, Eusko Jaurlaritzak ez duela lan hauetarako sosik ipintzeko asmorik denbora puska ederrean, behintzat.

Egia da Aginaga ez dela nukleo handia, baina, alde batetik, 500 lagunen (gehi zenbait enpresaren) karga kutsatzailea gutxi ere ez da, eta, bestetik, kontuan izan behar da ur zikin horiek zuzen-zuzenean Oriara doazela Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu batean. Hain zuzen, KBE honen helburu nagusietako bat uraren kalitateari eustea da eta 5. helburu operatiboan espresuki aipatzen da Aginagako saneamenduaren beharra.

MIJOA, MUTRIKU

Deba arroari atxiki ohi zaion arren, Mijoa errekak zuzen-zuzenean itsasora isurtzen du, Saturraran parean. Gaur egun, bioaniztasuna itotzen duen estolda hutsa da, Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta badago ere. Mijoako isuriak Saturrarango eta Ondarroako hondartzetan nabaritzen dira, eta kiratsak, berriz, San Jeronimoko eta Pikupeko bizilagunek aditu behar izaten dituzte.

2007-2011rako hitzartutako lanetako bat zen. Baina finantziazio gehiena (% 75) Jaurlaritzak ipini behar zuen eta, ipini ez duenez, proiektua ez da burutu. Plan Hidrologiko berriakberriro aurreikusten du proiektua gauzatzea, oraingoan 2016 eta 2021 urte bitarteko apean, eta 3,6 milioi euroko aurrekontuarekin.

Eguzkik proposatuta, Mutrikuko Udalak joan den urrian mozio bat onartu zuen (hemen) eta, horren arabera, Jaurlaritzari esaktu dio arazoari merezi duen bezala heltzeko eta une honetan prestatzen ari den 2017ko aurrekontuan islatzeko. Bada gai honi behingoz behar bezala heltzeko garaia.

Arrainak hilik Mijoa errekan, iazko udan izandako isurietako baten ondorioz.

Arrainak hilik Mijoa errekan, iazko udan izandako isurietako baten ondorioz.

MALLABIA-ERMUA, MENDARO, ANTZUOLA ETA ELGETA

Deba bailaran badira atzerapen handia pilatzen duten hainbat saneamendu-proiektu, zehatz-mehatz, Mallabia-Ermukoa, Mendarokoa, Antzuolakoa eta Elgetakoa. Europar Zuzentarauaren arabera, proiektu hauek 2006rako bukatuta egon behar zuten. Izan ere, Mendarokoa, Antzuolakoa eta Elgetakoa aipatzen ziren instituzioek 2003. eta 2006. urte bitartean Gipuzkoan saneamendu-lanak egiteko izenpetu zuten Hitzarmen Markoan. Hitzarmen hura 2007-2011 epera luzatu zutenean berriro ere aipatu zituzten. Ez dira egin, ordea. Iaz, berriz, Plan Hidrologiko berria onartu zuten eta, horrekin batera, Neurrien Programa delako dokumentu bat. Dokumentu hori da instituzioen bide-orri berria. Bada, bide-orri berri horren arabera, pendiente dauden saneamendu-lanak are gehiago atzeratuko dira (ikus taula), potoloenak… 2022-2027ra arte! Beraz, gauzak orain arte alor honetan nola joan diren ikusita eta Jaurlaritzak gaiari behar bezala heldu ezean, proiektu hauetakoren bat ia sine die atzeratzeko arrisku handia dago.

PASAI DONIBANE ETA IZTIETA

Oiartzungo arroan badira Jaurlaritzaren “zorraren” ondorioz pendiente dauden bi saneamendu-proiektu: Pasai Donibanekoa eta Oreretako Iztieta auzokoa. Biak ala biak 2007-2011rako hitzartu ziren. Jaurlaritzak inbertsioaren % 75 hartu zuen bere gain eta Añarbeko Urek gainerako % 25.

Donibaneko kasuan esan zuten lanak 2008an egingo zituztela, gero 2009an… eta gaur arte. Une honetan, Plan Hidrologiko berriaren bidez, erakundeek beraien buruari orduan hartu zuten konpromiso hura betetzeko luzapen bat eman diote… 2021era arte! Bitartean, Pasai Donibaneko ur zikinak zuzen-zuzenean badiara isurtzen jarraituko dute.

Iztietako kolektorea, berriz,  Plan Hidrologiko berrian berriro programatu dute… 2022. eta 2027. urte bitartean!

Pasaiako Badia nekez biziberrituko da saneamendu-sarea osatu gabe, saneamendua oinarri-oinarrizko azpiegitura delako.

OIKIA

Urolara egingo dugu salto, Oikiara. Horko sanemendu-proiektua ere 2007-2011rako hitzartuetako bat da. Plan Hidrologiko berriaren arabera, berriz, pendiente dauden lan horiek, 3,4 milioi euroko aurrekontua dutenak, ez dira egingo… 2022-2027ra arte! Beraz, gauzak orain arte nola joan diren ikusita eta Jaurlaritzak gaiari behar bezala heldu ezean, Oikiak ere ia sine die jarrai dezake ur zikinak behar bezala araztu gabe isurtzen.

Taula honek laburbiltzen du Jaurlaritzaren inbertso faltagatik Gipuzkoan pendiente dauden saneamendu-proiektuak eta Plan Hidrologiko berriaren Neurrien Programak datozen urteetarako aurreikusten dituen inbertsioak.

saneamendutaula_eus

EAJren eta PSEren artean izenpetutako gobernu-akordioak beste gauza asko ez ezik honako hau ere badio: “Uraren hornikuntza, saneamendu eta arazketa azpiegitura hidraolikoak garatu eta eraikiko dira, dagoen plangintzaren arabera”. Baina plangintzak epeak ere zehazten ditu, eta, ikusi dugun bezala, proiektu hauetan guztietan, epe horiek ez dira bete; beraz, plangintza urratu egin da. Jaurlaritzak saneamenduan orain arte baino diru gehiago inbertitu ezean, plangintza urratzen jarraituko du eta gobernu-akordioaren zati hau ezerezean geratuko da. Gauzak horrela, Eguzkik Urkulluren gobernu berriari eskatzen dio arazoari merezi duen bezala heltzeko eta hori 2017ko aurrekontuetan islatzen hasteko.

Eguzkik salatu du tiroz jotako lertxun hauskara bat agertu dela Hernanin

Mendizale batek aurkitu zuenean oraindik bizirik zegoen arren, laster hil zen.

Mendizale batek aurkitu zuenean oraindik bizirik zegoen arren, laster hil zen.

Eguzkik Gipuzkoako Fiskaltzan salatu du tiroz jotako lertxun hauskara bat (Ardea cinerea) agertu dela asteburuan Epelen, Hernanin. Mendizale batek aurkitu zuen. Hegaztiak hego bat tiro batek ia erauzia zuen eta handik pixka batera hil zen.

Ez da, ezta hurrik eman ere, joan den irailean ehiza-aldia hasi zenetik, legez babestuta egon arren, bota duten hegazti bakarra. Izan ere, Eguzkik dagoeneko beste zazpi kasu salatu ditu (ikus taula), eta kasu hauek izozmendiaren tontorra baino ez dira, kontuan izan behar baita guk kasu hauen berri izan dugunerako, beste hamaika isilean geratu direla.

taula_eusGauzak horrela, Eguzkik salaketa jarri du Fiskaltzan. Egia esan, horrelakoetan tiro egin dutenak oso gutxitan identifikatzen dituzte. Ezta “ehiztari onez” inguratuta daudenean ere. Horra hor zer gertatu zen 2011n, Alemaniatik eraztun jarri berria zekarren arrano arrantzale hura Pagotxetako ehiza-lerroan bota zutenean. Baina Eguzkik ez du horregatik salatzeari uko egingo. Alde batetik, salaketen bidez nabarmendu nahi dugulako hemen delituak egiten ari direla. Izan ere, espezie babestu bat botatzea delitua izan daiteke, jende askok ez badaki ere; are gehiago, kartzelarekin ere zigortzeko moduko delitua izan daiteke. Bestetik, salaketak ikusita, ea Foru Aldundian baten bat, pixka bat behintzat, lotsatzen den. Izan ere, Foru Aldundiaren ehiza-politikak legez babestutako hegaztiak botatzeko aukera handiak ematen ditu. Ehiztarien artean klientelismoa sustatzeak bioaniztasuna babesteak baino gehiago axola dionez, Foru Aldundiak ez du neurririk hartzen. Oinarrizko neurriez ari gara; esaterako, ez die ehiza-lerroak kudeatzen dituzten elkarteei ardurarik eskatzen, ezta ehiza egiteko ordua atzeratzen ere (zenbat eta argi gehiago, gero eta aukera gutxiago legez ehizatu daitekeen espezie bat babestutako beste espezie batekin nahasteko).

Dena dela, Epeleko lertxuna bota duen “ehiztariak” nekez argudiatu ahal izango du argi-faltagatik edo bota duenik. Zer esango du, ba, uso batekin nahastu duela?

Tiroaren ondorioz, lertxunak hego bat ia erauzia zuen.

Tiroaren ondorioz, lertxunak hego bat ia erauzia zuen.

Manifestazio-deialdia Gueñesen Glefaran enpresaren kutsadura salatzeko

GUEÑES BIZIA PLATAFORMA eta ARANGUREN AURRERA ELKARTEA bi auzo-elkarte gara. Alde batera jarrera politikoak utzita, zer dela eta elkartu garen eta zergatik uste dugun ondorengo gaia zurengan eragina daukan azaldu nahi dizugu.

GLEFARAN enpresak baso-biomasaren errekuntzaren bidez energia elektrikoa sortzeko jardueran isurtzen dituen zaratak eta partikula toxikoek bizilagun guztiongana, Gueñeskoengana batez ere, sortzen duen kaltea dela eta- GUEÑES BIZIA PLATAFORMA eratu da. Aldi berean, duela bost urte baino gehiago, beste helburu batzuekin, eratutako ARANGUREN AURRERA ELKARTEAk GUEÑES BIZIA PLATAFORMAren helburuekin bat egiten du. Beraz, arazo horri aurre egiteko, Zallako Udalerrian burutuko diren ekintzen antolaketan parte hartuko du.

Agerikoa denez, zaratak eta zinkinkeriak kezka piztu digute. Hala ere, gure kezka nagusia GLEFARANEK isurtzen dituen partikula ikustezinak dira: “tamaina txikienetakoak (2,5 mg-ko baino txikiagokoak eta oso meheak), atxikigaitzak eta askoz ere arriskutsuagoak direnak birika-albeoloaren hesia saihestuta odolean sartzen direlak

o. Horrek organo eta ehunengan eragina izan lezake eta adituen iritziz epe ertain eta luzean osasunarentzat kaltegarria izan liteke. Gaur egun, gure erankundeei txostenak eskatu badizkiegu ere, ingurumenaren kutsadura horren ondorioak neurtzen dituen daturik ez daukagu, eta argitzen ez diren zalantzen aurrean nondik-nora jo ez dakigu: ¿Zer kutsadura maila jasaten ari gara bai langileak bai bizilagunok? ¿Arnasten dugun aireak daukan errauts kopurua kontuan edukita, nola da posible aldeko txosten teknikoak izatea? ¿Jarduera hori burutzeko ba al dira seguruak eta teknologikoki egokiak PASTGUREN enpresaren instalazio zaharrak?

Gaur arte EUSKO JAURLARITZAK Enkarterriko gizarteak espero duen bezain iritzi argirik ez du plazaratu. Enkarterritarren kexa eta salaketei esker aire-kalitatea neurtzeko unitate eramangarri bat kokaraztea lortu da. Baina, zoritxarrez emaitzak hilabete batzuk barru ezagutaraziko dituzte. Bitartean ez gara besoak uztarturik geldituko.

Hori guztia dela eta, ingurumenaren kutsadura arazo hau behin betiko konpon dezaten erakundeak mugiaraztea gizarte-mobilizazioaren bidez bakarrik lortuko ditugula uste dugu. Mobilizazioekin aurrerapausuak ematen ari gara!!!

Bukatzeko, zeure osasuna baita zeureena ere ZEU beharrezkoa zarela esan nahi dizugu. Horexegatik, hurrengo urtarrilaren 21ean gurekin batera manifestatzeko gonbidapena luzatzen dizugu. Manifestazioa Gueñesko enparantzatik 17:00etan abiatuko da. 17:30ean Arangurengo plazan Zallako herritarrek mobilizazioarekin bat egingo dute eta GLEFARANen instalizioen aurrean elkarretaraturik amaituko da ekintza hori.

Antolakuntzatik ingurumen, herritar eta beren langileenganako errepestua duten enpresekin eskualdeko berrindustrializazioaren aldeko apustua egiten dugu.

FACEBOOK bidez, GUEÑES BIZIAn eta ARANGUREN AURRERAn, jarraitzea daukazu. Hor ikus-entzunezko material anitzaren bidez arazoaren tamaina adierazten dugu.