“Langileok ere erraustegia gelditu!” gogoeta- eta mobilizazio-eguna, martxoaren 20an

“Langileok ere erraustegia gelditu! Badago alternatiba!” lemapean, egun osoko gogoeta- eta mobilizazio-eguna antolatu du Erraustegiaren aurkako Mugimenduak sindikatu gehienekin eta beste hainbat eragilerekin batera. Izan ere, ekimenarekin bat egin dute ELAk, LABek, CCOOk, ESK-k, Steilasek, EHNEk, Hiruk, COBASek, Biolurrek, Baserri XXIek, OlatuKoopek eta Donostia Bizirik-ek. Gainera, martxoaren 20koaren aitzakian, Gipuzkoako ehun enpresa-komite baino gehiagok erraustegiaren kontra daudela adierazi dute.

Hona hemen martxoaren 20ko egitaraua, bene-benetan mamitsua:

180220erraustegiasindikatuakHemendik aurrera, berriz, ekimen honen antolatzaileek aurkezpen-prentsaurrekoan adierazitakoa…

Urteak daramatzagu salatzen gutxi batzuen negozioa gipuzkoarron osasuna zein ingurumenaren gainetik jartzen ari direla eta herritarron beharrei erantzuteko beharrezko baliabideak erraustegira (des)bideratzen ari direla. Errauskailuak Gipuzkoako biztanleria osoaren osasuna eta bizitza baldintzatuko lituzke. Jardunaldi hauen bidez, modu berezian, langileon bizi eta lan baldintzak erdigunean kokatuko ditugu, langileok ere dinamika honetan eragile zein subjektu aktibo izan behar dugulako, hitza eta erabakia gureak ere badirelako.

Jardunaldiaren antolatzaileek ozenki eta garbi adierazi nahi dute badirela hondakinen kudeaketaren inguruan errausketa baino irtenbide osasuntsuago, merkeago eta ekologikoagoak, lanpostu gehiago sortzen dutenak, azken batean ekonomia zirkularren pausuak jarraituz guztiok jasoko genituzkeela onurak.

Birziklatuz, berrerabiliz eta murriztuz, hondakinen kudeaketa iraunkorra da alternatiba. Ingurumena eta pertsonak erdigunean jarriko dituen jendarte eredu berria eraikitzeko, aldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ditugu. Beraz, martxoaren 20ean langileok hitza hartu eta erabakia aldarrikatuko dugu.

Martxoaren 20ko egitaraua aurkezteko, Donostiako Udaletxean eskainitako prentsaurrekoa.

Martxoaren 20ko egitaraua aurkezteko, Donostiako Udaletxean eskainitako prentsaurrekoa.

Ehun enpresa-batzorde baino gehiagok adierazitakoari buruzko informazio gehiago jakin nahi izanez gero, sakatu honako esteka honetan:

http://www.lab.eus/eu/arloak/ingurumena/383-errauskailua/7288-ehun-bat-langile-batzordek-bat-egin-dute-errauste-plantaren-kontra

Lizentziarik gabeko zuhaitz-mozketa Oreretako Ertzain-etxe ondoan

Zuhaitzak-OreretaIkusi dugu Ertzain-etxea eta Fanderiako bidegorria banatzen dituen zerrendan zehar, tamaina handiko sei makal beltz (Populus nigra) moztu direla. Ingurumenean eragiten duten jarduerek kezkatzen gaituztelako, Udaletxean galdetu dugu, eta baieztatu digute zuhaitz horiek mozteko udal lizentzia behar dela eta ez dela horrelakorik tramitatu. Geure buruari galdetzen diogu ea hori ote den herritarrari transmititzen dioten eredua administrazio publikoarekiko dituen betebeharrei dagokienez.

Geure kezka are handiagoa da ez dakigulako zeintzuk izan diren ale horiek mozteko arrazoiak eta ez dakigulako ale berri batzuk landatzeko edo bestelako neurri konpentsatzaileak hartzeko asmoa ote duten.

Egoera honen aurrean, EGUZKIk honako hau eskatzen du:

–          Udalari eskatzen dio kasu honetan jokatu dezala lizentziarik gabeko jarduerak egiten diren beste kasu batzuetan bezala.

–          Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio jakitera eman ditzala ale horiek mozteko arrazoiak eta ale berri batzuk landatzeari edo bestelako neurri konpentsatzaileak hartzeari buruz dituen asmoak.

EGUZKI

Arartekoak belarratik tira egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eguzkiri ingurumen-informazioa eman ez diolako

Eguzkik eskatutako informazioa Ulia-Jaizkibeli buruzkoa zen, baina, egia esan, gaia edozein dela ere, Foru Aldundiak oso gutxitan erantzuten du.

Eguzkik eskatutako informazioa Ulia-Jaizkibeli buruzkoa zen, baina, egia esan, gaia edozein dela ere, Foru Aldundiak oso gutxitan erantzuten du.

Arartekoak onartu egin du Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Departamentuaren kontra jarritako kexa, talde ekologistak Uliako eta Jaizkibelgo Kontserbazio Bereziko Eremuei buruzko informazioa eskatu eta Departamentuak eman ez diolako.

Arartekoak Departamenduari gogorazi dio administrazio publikoak derrigortuta daudela egiten zaizkien eskaera guztiei espresuki erantzutera, modu azkar eta eraginkorrean, gainera. Derrigorrezko betekizun hori herritarrok administrazio ona izateko dugun eskubidearen ondorio da.

Arartekoak gogorazi dio ere azkar erantzun behar izatea ez dela kapritxoa, baizik eta parte-hartzearekin eta ingurumen-justiziarekin zerikusia duten gainerako eskubideak bermatzeko ezinbesteko baldintza. Horregatik, bai ingurumen-informazioa eskuratzeko legeak bai gardentasun-legeak diote administrazioek hilabeteko epea dutela erantzuteko. Epea bi hilabetera ere luzatu daiteke, baina betiere informazio-eskatzaileari abisua emanda.

ZER GERTATU ZEN

2016ko irailaren 28an, Eguzkik Uliako eta Jaizkibelgo Kontserbazio Bereziko Eremuen kudeaketari buruzko informazioa eskatu zuen, zehatz-mehatz, habitat eta espezieak kontserbatzeko aurreikusitako neurrien betetze-mailari buruzko informazioa.

Markel Olanoren Foru Aldundiak erantzun ez zuenez, Eguzkik eskaera 2017ko urtarrilaren 24an berretsi zuen.

Aldundiak isilik jarraitzen zuela ikusita, talde ekologistak kexa jarri zuen Arartekoarenean.

Arartekoak uztailaren 21ean jo zuen Foru Aldundira kasu honi buruzko argibide eske. Gestio honen ondorioz, Aldundiak azaroaren 28an bidali zion Arartekoari Eguzkik eskatutako informazioa.

Gauzak horrela, Arartekoak ondorioztatu du begi-bistan dagoena, alegia, Foru Aldundiak ez duela informazioa eman legeek agindutako hilabeteko epearen barruan, 14 hilabete geroago baizik. Eta Arartekoak berak eskatu izan ez balu, seguru asko Aldundiak ez zukeen emango. Gainera, Arartekoak berak ohartarazi du berari bai, baina duda egiten du Adundiak informazioa Eguzkiri berari bidali ote dion. Eta Arartekoak arrazoi du. Izan ere, Eguzkik informazio hori Arartekoaren bitartez eskuratu du, ez Foru Aldundiak bidalita.

EGUZKIREN BALORAZIOA: EZ ERANTZUTEA DA FORU ALDUNDIAREN OHIKO JOKABIDEA

Arartekoari aurkeztu genion kexa Ulia-Jaizkibeli buruzko eskaera jakin batekin zegoen lotuta. Baina ez erantzutea Markel Olanoren Foru Aldundiaren ohiko jokabidea da. Legealdia hasi zenetik, hogei eskaera, salaketa eta proposamen baino gehiago aurkeztu ditugu foru erregistroan. Gai askotakoak… Aldundiak berak Jaizkibelgo habitat babestuetan zein monumento megalitikoetan egindako kalteak, izokinaren arrantza furtiboa Oiartzun ibaian, espezie zinegetikoen legez kanpoko merkaturatzea, Turismo Mahaian ingurumen-ikuspegia kontuan izateko beharra, hegazti fringilidoen ehiza eta salmenta… Bada, Aldundiak hiruzpalau alditan baino ez du erantzun (erantzunen “kalitateaz” ere hitz egitea mereziko luke, baina ez da gaurko gaia).

Foru Aldundiak parte-hartzea sustatzeko kanpaina garestiak egiten ditu, baina parte-hartzearen oinarrizko araua ez du betetzen.

Foru Aldundiak parte-hartzea sustatzeko kanpaina garestiak egiten ditu, baina parte-hartzearen oinarrizko araua ez du betetzen.

Gure ustez, herritarron parte-hartzeak oinarrizko arau bat du: administrazio publiko baten erregistroan eskaera, salaketa, proposamen edo dena delakoa idatziz aurkezten denean, administrazio publikoak espresuki erantzun egin behar du, bai ala ez, eta, egokia bada, zergatik, eta epe logiko batean. Gainera, Arartekoak gogorazi duenez, oinarrizko arau hori legez babestuta dago. Bada, administrazio batek, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, oinarrizko arau horri sistematitkoki muzin egiten dion bitartean, zilegi izango da pentsatzea egiten dituen gobernantza berriaren aldarri etengabeak eta parte-hartzea sustatzeko kanpaina garestiak propaganda hutsa direla.

EGUZKI, 2018ko otsaila

P.S. Hona hemen Arartekoaren ebazpena: Arartekoaren ebazpena Jaizkibel-Ulia.pdf

Eguzkiren iritziz, Donostiako Udalak ezin du Mentxu Gal lorategia kafetegi baten beharretara sakrifikatu, ezta haren hobekuntza kafetegi horren arabera baldintzatu ere

Eskuinean, lehen planoan, gereziondo japoniarra. Orain biluzik dago, baina hemendik egun gutxi barru, loratuta, espektakulu hutsa izango da.

Eskuinean, lehen planoan, gereziondo japoniarra. Orain biluzik dago, baina hemendik egun gutxi barru, loratuta, espektakulu hutsa izango da.

Donostiako Udalak gaur egun Mentxu Gal lorategian indarrean dagoen arau urbanistikoak aldatzeko Plan Berezi bat sustatuko balu, orain arte bertan kabitu ez den kafetegia kabitzeko, Amarako berdegune hori jarduera hostelero pribatu baten beharretara sakrifikatzen ariko litzateke. Alferrik saiatuko litzateke, gero, jokabide hori interes publikoen ikuspegitik defendatzen.

Halaber, Udalak uste badu Mentxu Gal lorategian hobekuntzak egin behar direla, egin ditzala. Hobekuntzak egitea orain arte bere esku egon da eta hemendik aurrera ere bere esku egongo da. Esaterako, Udalak uste badu lorategia gauez hobeto argiztatu behar dela, zergatik ez du argiztatzen? Era berean, uste badu bertan hazten den gereziondo historikoa “balioan” jarri behar dela, kutsu japoniarreko proiektu baten bidez, Ernesto Gasco zinegotziak 2016an iragarri zuen bezala, zerk egiten dio traba? Izan ere, horrelako gauzak guztiz Udalaren eskumenekoak dira, eta ez dute zertan kafetegi-proiektu jakin bati lotuta egon.

KAFETEGI PROIEKTUA

Mentxu Gal lorategia Easo eta Antso Jakituna kaleen artean dago. Ezaguna da bertan hazten diren zuhaitzengatik, batez ere gereziondo japoniar eder batengatik. 1935ean, Hirohito enperadoreak edo Tokio hiriak, iturrien arabera, hainbat gereziondo oparitu zizkion Donostiari. Bada, haietako bat omen da Mentxu Gal lorategiko hori. Lorategian bada eraikin txiki bat ere, garai batean komun publikoak hartu zituena.

2016ko abenduan, Udalak hosteleriako empresario batzuei eraikin txiki hori zaharberritzeko eta kafetegi bihurtzeko baimena eman zien, baita lorategian bertan terraza jartzeko ere. Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Ernesto Gascok esan zuenez, kafetegiak gaur egun “degradatuta” omen dagoen lorategia “biziberritu” behar zuen, betiere gune horrek dituen berezko balioak errespetatuz eta, are gehiago, aberastuz.

Baina enpresarioek aurkeztu zuten kafetegi-proiektu zehatzak eraikinaren egitura aldatu eta handitzen zuen. Lorategia ere terrazaren beharren arabera moldatzen zuen. Gauzak horrela, urtebete geroago, udal zerbitzu teknikoek ebatzi dute proiektua ez datorrela bat indarrean dauden arau urbanistikoekin, ezta emandako baimenaren baldintzekin ere. Ondorioz, Udalak baimena bertan behera utzi du.

mentxu3

Udalak atzera bota duen proiektuaren zirriborroetako bat.

Udalak atzera bota duen proiektuaren zirriborroetako bat.

Alabaina, badirudi udal gobernua arauak “malgutzeko” prest egon daitekeela, kafetegia nola edo hala “kabitzeko”. Horretarako Plan Berezi bat tramitatzeko aukera aztertzen ari omen da.

Eguzkiren iritziz, enpresarioak “malgutze” horretan interesatuta egotea logikoa da, baina Udalak interes horiei men egitea ez litzateke inola ere logikoa izango.

Kafetegia bitarteko bat zela esan ziguten, degradatuta omen dagoen lorategi bat biziberritzeko bitarteko bat, betiere lorategiak dituen berezko balioak errespetatuz eta, are gehiago, aberastuz. Eguzkikook, gauza hauen aurrean beti eszeptiko samarrak izaki, ez genuen garbi ikusten (eta are gutxiago prentsan kafetegiaren zirriborroetako bat argitaratu zenean), baina tira. Alabaina, Udalak arauak aldatuko balitu kafetegia kosta ala kosta kabitzeko, ageri-agerian geratuko litzateke kafetegia ez dela inola ere lorategia biziberritzeko bitarteko bat, operazioaren helburua baizik. Eta Udala helburu hori lortzeko lorategia sakrifikatzeko prest egongo litzatekeela, interes pribatu hutsen mesedean.

MENTXU GAL LORATEGIARI EZ ZAIO EZER GERTATZEN

Mentxu Gal lorategia, arestian esan bezala, ezaguna da bertan hazten diren zuhaitzengatik eta batez ere gereziondoarengatik. Baina, gainerakoan, lorategi txiki eta ospela da, trenbide ondoan kokatutakoa. Beraz, logikoa da pasatzeko leku gehiago izatea egoteko leku baino. Gainera, egoteko leku gisa, lorategiak nekez konpetituko du justu kaleaz beste aldean dagoen Amarako parkearekin, parke hori askoz zabalagoa delako, eguzkitsuagoa delako eta haur-jolasak, komun publikoak zein beste aukerak eskaintzen dituelako. Horixe bera esan daiteke lorategitik berrogeita hamar metrora dagoen Easo plazaz.

Baina, aizue, Donostiako berdeguneen sarean lorategi eta parke guztiek ez dituzte ezaugarri berberak, ezta eginkizun edo prestazio berberak ere. Alde horretatik, Mentxu Gal lorategiari ez zaio ezer ere gertatzen, hau da, ez du inolako gaixotasun edo patologia derrigorrez kafetegia izeneko botika batekin sendatu behar denik. Ondo-ondoan dagoen Mendeurrenaren plaza ere gehiago da pasatzeko egoteko baino, eta inori ez zaio burutik pasatzen hura ere biziberritzeko derrigorrez kafetegi bat ezarri behar denik.

mentxu4Bestalde, Udalak uste badu Mentxu Gal lorategian esku sartu behar duela, sar dezala. Ezerk ez dio eragozten, orain arte ezerk eragotzi ez dion bezala. Adibidez, lorategia gauez hobeto argiztatzea komeni dela uste badu, argiztatu dezala. Halaber, Ernesto Gascok 2016an iragarri bezala, gereziondoa “balioan jartzeko” kutsu japoniarreko proiektu bat egin behar dela uste badu, egin dezala. Are gehiago, eraikina txukundu nahi badu, txukundu dezala, Izan ere, Udala bera da jabea. Komun publikoak irekitzea ere erabaki lezake, orain dela urte batzuk ixtea erabaki zuen bezala. Baina gauza hauek guztiak Udalaren beraren eskumenekoak dira, guztiz. Eta Udalak ez du zertan kafetegi-proiektu jakin baten zain egon. Gereziondoa “balioan” jartzea merezi badu, mereziko du kafetegiarekin edo kafetegirik gabe. Edo soil-soilik merezi du baldin eta kafetegiari distira emateko balio badu?

EGUZKI, 2018ko martxoa

Oreretako Lousada kalean moztutako bidegorrirako alternatiba lehenbailehen behar dugu

bidegorri-oreretaLousada kalean etxebizitzen eraikin bat egiteko hasi diren lanek etenda utzi dute zati batean kale horretatik doan bidegorria, argazkian ikus daitekeen bezala. Lizentziaren xehetasunak ezagutu gabe, uste dugu Oinezkoen eta Txirrindularien Mugikortasun Planaren arabera Sare Nagusia den bidegorriaren zati honen okupazioak luze joko duela eta ez genuke ulertuko zati horretan azpiegitura honen erabilera bermatzeko neurririk ez hartzea. Norbaitek imajinatzen al du errepide nagusi batean trafikoa hainbeste denbora etenda egotea inolako alternatibarik eman gabe?

Eguzkitik Udalari eskatzen diogu lehenbailehen proposa dezala alternatiba bat eta martxan jar ditzala ibilbidearen jarraipena eta erabiltzaileen segurtasuna bermatuko dituzten neurriak, eta oraindik horrelakorik aurreikusi ez badu, horiek zehaztu eta ahalik eta lasterren abian jar ditzala.

EGUZKI

Gipuzkoako Aldundia Aralarko pisten inguruko herri-akusazioa ezabatu nahian

Goroskintxurak pistaren lanak hasi berritan

Salatutako Goroskintxurako pistaren lanak hasi berritan, egun amaitua

GIPUZKOAKO ALDUNDIA LANEAN ARI DA HERRI-AKUSAZIOA EZABATZEKO, ARALARKO PISTA ERAIKITZEAGATIK EGINDAKO USTEZKO LURRALDE ANTOLAKETAREN LEGE-HAUSTEARI LOTUTAKO EGINBIDE JUDIZIALETAN.

Eguzki Talde ekologista eta antinuklearra eta Landarlan ingurumen elkartea, Aralarko gizarte-interesen ordezkari gisa, herri-akusazioa bilakatu dira, epaitegietan Arantxa Ariztimuño eta Felix Asensio-ren aurka aurrera jarraitzen duten aurre-eginbide judizialetan. Bi politiko inputatu hauek PNV-PSE Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Ingurune Naturaleko Zuzendari Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendari Nagusi ohia dira hurrenez hurren. Ingurumenaren eta natur eremu babestuen zaintza egin behar zutenak izanik, interes orokorra bermatu beharko lukete, baina ez omen da horrela izan eta lurralde-antolaketaren aurkako ustezko delitu batengatik inputatuak daude, Enirio-Aralarko barruti babestuan 4 km pasako pista bat baimendu eta sustatzeagatik.

En febrero ya realizamos una concentración ante Diputación

2017an Gipuzkoako Aldundi aurrean egindako konzentrazioa.

Baina Gipuzkoako Aldundiak balizko okerra onartu ordez, nahiago izan du berean tematu eta talde hauek natura defendatzeko eta ingurumen-justizia eskatzeko dituzten eskubideak oztopatzen eta eragozten saiatu. Eta adituei hoberik bururatu ez zaienez, epaitegian uko eginarazteko  20.000 euroko fidantza bat jartzeko eskatu zuten eta, dudak uxatzeko fidantza jarri arte guri parte hartzen ez uzteko eskatu epaileari. Epaile instruktoreak astakeritzat hartu eta balizko gastuei aurre egiteko moduko 4.000 €-ko fidantza ezarri zigun. Baina kopuru honi aurre egiteko gai izango ote ginen kezkarekin eta, dirudienez, Foru Aldundiak defentsa gastu altuak dituenez, hain gutxikin ez konformatzeko erantzun dio epaileari eta fidantza 10.000 €-ra igotzeko behintzat, ea honela gizarte-akusazioa uxatzea lortzen duten.

Foru gobernu honek berak gardentasuna, gizarte-partehartzea eta lankidetza publiko-pribatua bezalako ideiekin etengabeko zalaparta itzela sortzen digu bitartean. Baina hau bezalako salaketek argitzen dituzte Aldundiaren benetako asmoak, haien bozka-mintegiari lotutako presio-taldeentzat lan egitea bere helburua izanik, haien erabakietan klientelismoa hutsa erabiltzea, nahiz eta horretarako naturaren kontserbaziorako legedia alboratu beharrean gertatu.

Aralrako piste kalteak 3

Eta Aldundiak Aralarren sortu duen gatazka honetan, ezin ba falta korura igoko diren talde laguntzaileak: ENBA, EHNE-Gipuzkoa, GEBE edo Baskegur bezalako erakunde pribatuak (iturri publikoetatik elikatzen diren arren) eta Abaltzisketako Udala bezalako publikoen bat ere, gustukoak ez dituzten legeei intsumisoak direla aldarrikatuz eta, egun ia ezerezean eta etorkizun gutxiago duen landa-eredu nostalgiko baten irudia saldu nahian kaleratu direnak. Lehen sektoreko talde tradizionalista hauei ametitu nahi ez dutena berriro ere gogoratu arazi beharko zaie: Enirio-Aralar herri-mendi bat dela, babestua gainera, eta bertan ez dagoela nolanahi jarduterik eta indarrean dagoen ingurumen arautegiak interes publikoa  babesten duela eta edozein interes pribatuaren aurretik dagoela.

Donostian, 2018ko otsailaren 21ean.