Igaran salatutako isuri kutsakorrak Metrotik datoz

larunbataIgara errekan, Tolosa hiribidean, egunotan atzemandako isuriak Metroko obretatik datoz. Zarautz hiribidean zulatzen ari dira, eta langintza horretan sortutako hainbat hondakin zuzenean bota omen dituzte, behar bezala tratatu gabe. Itsasgorak hondakinok errekan gora eraman ditu, ordea, eta horregatik geratu dira bistan. Izan ere, Nanogune eta unibertsitateen parean, urek kolore zurixka opako bat hartu dute, Eguzkik astelehenean salatu zuen bezala:

http://eguzki.org/2020/01/27/isuri-kutsakorrak-ibaeta-bailaran-istorio-bukaezina/

Legez kanpoko isurketak salagarriak dira beti, baina Metroa obra publiko adierazgarria dela kontuan izanda, are gehiago. ETSri, proiektuaren sustatzaile gisa, gertatutakoaren azalpen publiko zehatza eskatzen diogu. Proiektu honek ondo koipeztatutako informazio- eta propaganda-aparatua du; beraz, ez luke hori egiteko aparteko arazorik izan behar. Are gehiago, dagoeneko azalpena emanda egon beharko litzateke, ETSren asmoa isurketa horiek ahal dela oharkabean pasatzea ez bazen, behintzat.

Halaber, bai Udalari bai Urari zigorrak ezartzeko eskatzen diegu, batez ere kontuan izanda ez omen dela izan obra honek legez kanpoko isuriak egin dituen lehen aldia. Zigor horiek ere publikoak izan behar dutela uste dugu, azken finean, herritarron diruarekin egiten diren obrak dira.

Azkenik, herritarrei, isurketen berri baldin badute, salatzera animatzen diegu. Egia da ohituta gaudela ibaiak kolore guztietakoak ikusten, eta, ondorioz, askotan isuri kutsakorrak oharkabean eta guzti pasatzen zaizkigu. Baina ezin dugu etsi, ezin dugu normaltzat jo normala ez dena. Isurketa bat salatzeko, 112 telefonora deitzea da errazena eta eraginkorrena. Gero, salatzaileak, nahi izanez gero, Eguzkirekin edo gai hauen jarraipena egin ohi duen beste talderen batekin jar daiteke harremanetan. Baina, berriro diogu, eraginkorrena 112ra deitzea da.

Eguzki, 2020ko urtarrilaren 31n

Aralar: epailea hasi da Doniturrietara doan pistaren eraikuntzarengatik ikertuei deklarazioa hartzen

Aralrako piste kalteak 3Honelako "mendi bide bat egokitzeak" egin zituzten Goroskintxurako pista eraikitzerakoan eta bukaeran topatuko duzuen irudian, Doniturrietarako pistan egin dutenarena ikusiko duzue.

Aralar

Azken lau urteetan, Aralarko Natur Parkean eraikitako bi pistek zeresan handia eman dute. Enirio Aralar Mankomunitateak bultzatuta eta Gipuzkoako Aldundiaren baimenarekin, 2016an Natura Parkearen erdiguneraino iritsi daitekeen pistaren erdia eraiki zuten Mendi Babesle izendaturiko eremuan. Eguzkik eta Landarlanek asmo hauek ikusita, baita azpiegitura hura ingurumen legediaren aurka zihoala ere jakinda, Ingurumen Fiskaltzara jo genuen, eta honek delitu zantzuak ikusi zituenez, kasua Tolosako epaitegiaren esku utzi zuen, bertan Aldundiko zenbait ordezkari ikertuak izaten ari direlarik.

Lehen azpiegitura hura epaitegian egonik, geure harridurarako, 2017an Mankomunitateak bigarren pista bat eraikitzeko (bultzatzaileek “egokitzeko” diote) tramiteak abian jarri zituen zazpi herritako ordezkarien aldeko botoekin: Abaltzisketa, Altzaga, Amezketa, Arama, Beasain, Lazkao eta Ordiziako udal ordezkarienak. Aldundiko Ingurumen sailak argi berdea eman zion azpiegitura berri honi 2018ko udaran ere, nahiz eta pista berri hura berriro Mendi Babeslean izan. Kasu honetan gainera legez babesturiko zuhaitzak bota ziren, eta jada iristeko pista zuten txabolei, bigarren pista bat eraiki zitzaien. Gertatutakoaren aurrean, Eguzki eta Landarlaneko kideok bigarren azpiegitura honen berri  eman genion Ingurumen Fiskaltzari, bultzatzaileak salatuz  eta honek epaileari.

3 metroko

Irudi hau egun ez da posible ikustea

Aste honetan eta hurrengoan zehar, epaitegian deklaratu beharko dute, mankomunitate eta aldundiko ordezkari politikoek zein mankomunitate eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko Haziko teknikoek ere. Mankomunitateko ordezkari politiko auziperatuak ez dira ikertuak izaten ari, beraiek dioten bezala “mendi bide bat egokitzeagatik”, oinezkoentzako bidexka batean (babesturiko eremuan) ibilgailuentzako ia 4 metro zabalerako pista bat egiteagatik baizik. Udaletako zein Aldundiko ordezkariek ongi ezagutu beharko lukete Aralarko legedia, eta ulerkaitza eta seriotasun gutxikoa dela iruditzen zaigu jada auzi bat abian izanik bigarren pista bat eraikitzea.

Guretzat nabari den lege-hauste hauen salaketaren azken helburua, suntsitutako lurzorua ahalik eta gehiena lehengoratzea da.

Eguzki eta Landarlan bezalako ingurumen elkarteen eginkizuna ingurumenaren defentsarako ahotsa izatea da, eta hura kaltetzen duten ekintzen aurrean modu aktibo batean parte hartzea. Gureak bezalako taldeak beharrezkoak direla uste dugu egungo gizartean, are gehiago bizi ditugun garai hauetan (Klima larrialdia, kutsadura, biodibertsitatearen eta lurzoruen galera, eta abar).

Heemen lehengo eta oraingo ortofotoak.

Doniturrietako ortofotoa lehen orain

(Ezkerrean egungo Googlen ortofotoa, eskubian pista eraiki aurrekoa)

Aurreko bidearen “egokitzapena” dela diote bultzatzaileek, garbi dago oinezkoen (edo BTTentzako) bide bat pista bilakatu dutela babesturiko eremuan  (non lurzorua ere babestuta dagoen) . 

Hainbat lekutan metro betera iristen ez zen bidexka, 3-4 metroko bidea, pista bihurtu dute.

DONOSTIA. 2020ko urtarrilaren 24an

EGUZKI  eta  LANDARLAN

GAUR, GREBA OROKORRA

kartelaEz dizugu gogorazi behar gaur, urtarrilak 30, lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba orokorra deituta dagoenik, ezta greba egiteko hamaika arrazoi daudenik ere. Baina gu bezain despistatua bazara, behintzat, beharbada gogorazi behar dizugu non eta zer odutan diren mobilizazioak. Hona hemen:

mobilizazioak01mobilizazioak02

Eguzkik jarraitzen du Urola bailaran botatako zaborrak salatzen

Eguzkik berriro salatu ditu Urola bailaran botatako zaborrak, oraingoan Zestoan, zehatz-mehatz, Errota industrialdean eta Martinenea etxearen inguruan (Lorentxa).

Honako argazki eta bideo hauetan ikus daitezke Errotan, ibaian bertan, aurkitutako hainbat hondakin:

https://www.youtube.com/watch?v=2mpE3gvyUiE

zestoa_errota2Nabarmendu behar da, batetik, ez dela industriaolde honetan zaborrak salatzen diren lehen aldia, eta, bestetik, zaborrak ez direla ibaira deskuidoan edo haizeak bultzatuta, baizik eta espresuki botata.

Ingurumen Udal Batzordeak gaia tratatu eta neurriak hartuko dituela erabaki duela. Eta honakoa gogorazi du: “Hondakinak ibaira botatzea edota bide bazterretan uztea ingurumenaren aurkako delitua da”.

Bada, urtarrilaren 15ean, Iraeta eta Arroa Goia auzoak lotzen dituen errepidean, Martinenea inguruan (Lorentxa), bide bazterrean, Eguzkik honakoak aurkitu zituen:

https://www.youtube.com/watch?v=0lUu96c-0sk

Zestoa_MartineneaBide bazterretik atera eta begi-bistan utzi genituen hainbat egunez, Udalari jasotzeko abisua eman baino lehen. Badirudi, gainera, Urola Erdiko Mankomunitateak identifikatu egin duela zaborrok bota zituen pertsona.

Gogoan izan: Udalak horrelako jarrerak zigortzeko konpromisoa hartu du.

EGUZKI, 2020ko urtarrilean

Isuri kutsakorrak Ibaeta bailaran, istorio bukaezina

Bukatu berri den astean, Igara errekako urek behin eta berriz hartu dute kolore zurixka eta opako bat Tolosa Hiribidean, Nanogune eta unibertsitateen parean.

Asteazkenean, hilak 22, honako itxura hau zuten:

asteazkena1Ostiralean, hilak 25, hau:

ostirala2Larunbatean, hilak 26, hau:

larunbataEta atzo igandean, hilak 27, hau:

igandeaEgia esan, bai Igarako errekan, bai Añorgakoan (biek bat egiten dute gutxi gorabehera Tolosa Hiribideko puntu honetan, itsasora Tximistarritik atera baino lehen), isuri kutsakorrak ez dira puntualak, kronikoak baizik. Istorio bukaezina da. Hori bai, batzuetan, kasu honetan bezala, askoz ikusgarriagoak dira beste batzuetan baino.

Bailarako saneamenduan utzikeria handia egon da urtetan. Egia da, ordea, azkenaldion, bai Urak bai Donostiako Udalak eskua sartu dutela (beharbada batez ere bailarako isurketak Ondarretako hondartzan tarteka gertatu diren ur fekalengatiko kutsadura-kasuen iturburu izan zitezkeela Udalak susmatu zuenetik). Gauzak horrela, kolektorera lotuta ez zeuden edo gaizki lotuta zeuden enpresa batzuen arazoak konpondu egin dira. Kolektore nagusiaren zati bat ere berritu dute. Baina bistan da egiteko asko geratzen dela, isurketek jarraitzen baitute.

Dena dela, irudipena dugu egunotan ikusi duguna ez dela “betiko” isurketa baten ondorio. Gure iritziz, Urak, Udalak edo biek gertatu denaz edo gertatzen ari denaz azalpen publikoren bat eman beharko lukete.

Ea aste honetan zer gertatzen den.

Eguzki, 2020ko urtarrilean

Angularen isilpeko arrantza Orian

Honako iritzi artikulua, Naturkonekon kideak idatzi dute Berrian 2020ko urrtarrilaren 17an, argitaratu zuten erreportai baten harira. Hona hemen esteka  bat, bestea iritzi artikuluan bertan azaltzen baita:

https://www.berria.eus/paperekoa/1905/012/001/2020-01-17/guk-ere-eskubidea-dugu.htm

Ibai ertzetik egindako arrantza izan da tradizioz angularena. Espeziearen biziraupena bermatzeko berau  debekatzea beharrezkoa da, baldintzak hobetzen ez diren bitartean.

Ibai ertzetik egindako arrantza izan da tradizioz angularena. Espeziearen biziraupena bermatzeko berau debekatzea beharrezkoa da, baldintzak hobetzen ez diren bitartean.

 Angularen isilpeko arrantza Orian

Aurreko astean, egunkari honetan bertan plazaratutako erreportaje baten bidez [Isil-gordeka egin beharreko arrantza], zehatz-mehatz irakurri genuen nola dabiltzan Oria ibaian angularen isilpeko, legez kanpoko arrantzan (furtibismoa deitzen zaio honi). Erabateko normaltasunez jakinarazten zaigu nola saihesten dituzten arrantzaleek polizien zaintzak, nola ibiltzen diren kopetako argiak itzalita haien ihesi. Legez kanpo egiten duten jardueraz administrazioa jakitun delarik, mina agertzen dute ez zaielako erraztasunik ematen. Lizentzia gehiago nahi dituzte, orain isilpean egiten dutena erosoago egiteko.

Baina, arrantzaleen jarduna harrigarria bada, benetan larria Usurbilgo alkatearena da. Isilpeko arrantzaleen kexa arrazoizkoa iruditzen zaio, eta, erreportajean aipatzen denez, «nabarmendu du, gainera, angulak harrapatzeko ohitura handia dagoela Usurbilen, eta talde horretako kideen egoeran herritar ‘dexente’ daudela». Isilpeko arrantzaleen jarduna salatu ez, baizik eta normalizatu nahiko luke arrantza saileko arduradunekin hitz eginez.

Usurbilen, Aginagan eta Orion inon baino hobeto ikusi dute, nola egin duen gainbehera angulak azken urteetan Oria ibaian. Afanean arrantzatutako angula pilak erabat saldu ezin, eta baratzeetarako simaur gisa erabiltzetik, gauean lehorretik ale gutxi batzuk biltzera pasatu dira urte gutxitan. Horrek, ordea, ez die zer pentsatua ematen arrantzaleei, eta dirudienez, ezta alkateari berari ere. Lehorretik diogu, errekan txalupaz askoz gehiago biltzen baitute, aisialdiko arrantza sekulako negozioa bihurtuz, hau ere isilpekoa eta legez kanpokoa, inolako kontrolik gabea (saltoki eta jatetxeetan, bederen).

Txalupaz egindako arratzak bereziki kalte eiten dio gainbehera nabarmenean  dagoen angula/aingirari.

Txalupaz egindako arratzak  kalte egiten dio kalte, bereziki, gainbehera nabarmenean dagoen angula/aingirari. Iturria: Karkara.

Eskandalua da. Aingira arriskuan dagoen espeziea da. Europan zorrotz arautu dute bere arrantza, eta bide horretan AZTIk egindako ikerketen ondorioz, ikerlariek angula/aingiraren arrantza ia zerora mugatzea eskatzen dute. Nola da posible, orduan, aingiraren arrainkumeak, angulak, arrantzatzeko halako lizentziak hartu nahi izatea? Zein eskubide dute usurbildarrek, gainerakook ez duguna, arriskuan dagoen espezie baten kaltetan aritzeko?

Iazko urrian bildu ziren Orion angula txalupaz eta lehorretik harrapatzen aritzen diren hauek arrantza sailburuarekin, AZTIko ikertzaileekin eta Ondarroa 12 milia zein Naturkon taldeen ordezkari gisa joandako natur kontserbazionistekin. Bilera hartan arrantzaleek plazaratu zituzten euren nahi eta kezkak. AZTIko ikertzaileak azaldu zuen espezie honen egoeraren larritasuna eta naturazaleek ere babestu zuten arrantzaren kudeaketan, ezinbestez, zientzialarien gomendioetara mugatu beharra. Baina, depredaziorako sena itsuak ez du zientziaz ezer jakin nahi, usadioaren izenean edozer justifikatzeko prest daude batzuk, bioaniztasunaren galera barne.

Datu zientifikoak oso argiak dira, Europako erreketan galzorian dago aingira, eta eskaera zuzena da angularen arrantza debekatzea. Eusko Jaurlaritzaren arrantza-zuzendaria da, Leandro Azkue, angularen arrantzaren arduradun politikoa (eztabaidagarria da zeharo angula-arrantza itsasoko arrantzatzat hartzea, baina tira…). Berak dio ez duela asmorik angularen arrantza debekatzeko, hala, iaz ia 800 lizentzia banatu ziren EAEn angularen arrantzarako. Nola uztartzen da hau arrantza ia zerora mugatzeko eskakizunarekin? Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arrantza-arauek ez dute baimentzen aingira harrapatzerik, baina ez ikusiarena egiten du. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak dio Europako Batasunaren Ekintza Plana buletinean argitaratu arte ez dela debekatuko. Bitartean, txalupaz arrantzaleek angulen populazioan egiten duten barrabaskeria kontrolatu gabe jarraitzen dugu, eta bistakoa denez, lehorretik ari direnen lantuei hitza ematen. Hori bai, Australiako koalen, Amazoniako tximinoen, Asturiasko hartzen eta Yellowstoneko otsoen alde egiteari utzi gabe…

Administrazioei eskatzen diegu, euren mandatua den bezala, legea betearaz dezatela, isilpeko arrantza bukatu eta araututakoa behar bezala kontrolatuz. Bide horretan, aingira/angularen errekuperazio-plana lehenbailehen EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratzea eskatzen dugu. Horrekin batera, ezinbestekoa da motordun txalupetatik egindako arrantza guztiz debekatzea, eta plan horrek emaitzak eman bitartean, zuhurtziaz jokatzea litzateke lehorretik egindako arrantzari urte batzuetako moratoria ezartzea. Planak funtzionatzen badu, egongo da denbora, espeziea errekuperatzen hasten denean, lehorretik arrantzatzeko lizentziak zozketaz banatzeko. Angulak lehorretik harrapatzeko ezagutza balio handiko patrimonioa da euskal kostaldean, baina, hurrengo belaunaldiek jasoko badute, gaur hartu behar dira neurriak.

Azkenik, gai honekin ezin bukatu angularen legez kanpoko, isilpeko, salmenta salatu gabe. Jatetxeetako angula-salmenta bukatu behar da behingoz, eta horretarako bitartekoak jarri behar ditu administrazioak. Baina, angulak saltzen badira, nonork jaten dituelako da, eta hor herritarrok dugu ardura. Angulak jateari uztea da legez kanpoko mafia hauek bukatzeko biderik zuzenena.

Aitor Leitza Alberdi, Rafa Perez Beristain eta Aitziber Sarobe Egiguren. Naturkon.

Bi belatz handi eta zapelatz bat tiroz bota dituzte aste honetan

Muskizen hilik aurkitutako belatza. Olaia zuen izena. Argazkia Bizkaiko Basozainen Facebooken aurkitu dugu.

Muskizen hilik aurkitutako belatza. Olaia zuen izena. Argazkia Bizkaiko Basozainen Facebooken aurkitu dugu.

Erraz esaten da, baina ez bat eta ez bi, hiru izan dira aste honetan Gipuzkoan eta Bizkaian tiroz bota dituzten legez babestutako hegazti harrapariak. Zehazki, astelehenean, Igeldoko Arrano Etxera iritsi ziren belatz handi bat eta zapelatz bat, Aretxabaletatik eta Azpeititik, hurrenez hurren (ADI! LEHEN MOMENTU BATEAN AZPEITIAN BOTATAKOA ZAPELATZA EZ BAIZIK ETA AZTORE-ARRANO BAT ZELA ZABALDU DUGU). Asteazkenean, berriz, beste belatz handi bat Muskizen hilda aurkitu zutela jakin genuen (ikus “Olaiaren kasua” epigrafea).

Urtero, legez babestutako hamaika hegazti tiroz botatzen dituzte. Alde horretatik, aste honetako belatzak eta zapelatza kate luze baten hiru begi berri baino ez dira. Denboraldi honetan bertan, ehiza-aldi orokorra ireki bezain pronto, Jaizkibelen belatz txiki bat (Falco columbarius) bota zutela salatu behar izan genuen. Ondoren ezagutu dugu koartza bat bota dutela Aian, zapelatz bat Elorrion eta belatz gorri bat ere Gorlizko zentroan artatu behar izan dutela. Kontuan izan behar da gu, nahiz errekuperazio-zentroak berak, botatako hegazti guztietatik kasu bakan batzuk baino ez garela ezagutzera iristen. Denboraldia oraindik ez dela amaitu ere kontuan izan behar da. Bizkaian, urtarrilaren 31n amaituko da, baina Gipuzkoan Aldundiak pagausoaren ehiza otsailaren 16ra arte luzatu du. Gure iritziz, garbi dago Aldundiak neurri horren bitartez ehiztariak goxatu nahi izan dituela, usapalaren gaineko europar moratoria edo behin-behineko debekua onartu ondoren.

Argitu behar da legez babestutako espezieei tiro egiten dietenak ez direla –ez soilik, behintzat– ehiztari “desaprensiboak”, esan ohi den bezala, ehiztari delitugileak baizik. Izan ere, belatz handi bat botatzea delitua da, eta kartzelarekin ere zigortu daiteke. Egia da, ordea, delitu hauek gehien-gehienetan zigorgabe geratzen direla, delitugileak ia inoiz ez direlako identifikatzen, ezta “ehiztari onek” inguratuta daudenean ere.

Hala ere, ez dirudi arazo honek administrazioak bereziki kezkatzen dituenik, aparteko neurririk hartu gabe jarraitzen baitute. Are gehiago, badirudi nahiago dutela gehiegi ez haizatzea. Beharbada horregatik ez dute publizitatzen errekuperazio zentroetara tirokatutako animaliak iristen direnean. Aldiz, animalia horietako batzuk suspertzen direnean eta berriz ere mendian askatzen dituztenean, orduan bai, orduan ederki publizitatzen dute.

Ehiztari kolektiboak harro aldarrikatzen du gizarteari egiten omen dion zerbitzua eta kexatzen da aitorpen-, ulermen- eta, are, errespetu-faltaz. Testuingu horretan, legez babestutako espezieak botatzea nola ulertu behar dugu?, albo-kalte saihestezin gisa? Gu, behintzat, ez gaude albo-kalte saihestezin gisa onartzeko prest. Horregatik, tiroz botatako hegaztien berri dugun heinean, salatzen ditugu publikoki, baita Fiskaltzan ere, horretarako aukera dugunean, behintzat. Eta horrelako kasuak ezagutzen dituztenak gauza bera egitera animatzen ditugu

Olaiaren kasua

Bizkaiko Basozainek asteazkenean Facebooken bidez jakinarazi zuten Gorlizera, Basafauna Berreskuratzeko Zentrora, Udaltzaingoak Muskizen hilik aurkitutako belatz handi bat eraman zutela.

Handik gutxira, Iñigo Zuberogoitia espezialistak jakinarazi zuen ez zela “edonolako belatza”, Olaia baizik:

Captura(Zoberogoitiak Facebooken Olaia eta bere bikotekide Jose Luisen argazkiak eta informazio gehiago argitaratu ditu).

Esan bezala, Olaia ez da Bizkaian denboraldi honetan tiroz hil duten harrapari bakarra. Urriaren 28an jakin genuen, berriro ere Bizkaiko Basozainen bidez, Gorlizko zentrora honako belatz gorri hau eraman zutela:

74620981_1215692985285120_1693121995513790464_o[1]Eta azaroaren 14an izan genuen, berriro ere Zuberogoitiari esker, oso zapelatz beterano baten berri:

IMG-20191114-WA0013[2]Espezie babestuak tiroz hiltzea zer puntutaraino da ohikoa edo kronikoa? Ikus dezagun…

Gorlizko Basafauna Berreskuratzeko Zentroak 2019an 20 urte egin ditu. Bi hamarkadotan, guztira, 17.021 ale artatu ditu, era guztietako espezietakoak, baina gehienak, 11.744, hegaztiak. Ale hauetako guztietako 502 tiro-zauriekin iritsi dira. Gure ustez, nahiko kopuru argigarria da.

Tiroz zaurituak iristen diren gehienak hegaztiak dira, noski, baina ugaztunak ere ez dira libratzen. Esaterako, Miguel Escribano zentroko arduradunak, uzatailean egindako elkarrizketa batean, kaskezurrean bi perdigoi zituen azkonar baten kasua aipatu zuen.

Lagun batek eman digu azken bost urteetan Gorlizko zentrora tiroz zaurituak iritsi diren “animalia ez-zinegetikoen” zerrenda. Lagunak, halaber, Aldundiko Nekazaritza Sailetik jaso du (informazio-eskaera formala egin ondoren). Hona hemen:

14-1516-18 Zerrendatik honako ondorioak atera daitezke:

– Gehienak hegaztiak dira.

– Gehienak harrapariak dira, guztiak legez babestuak.

– Baina gehienak harrapariak direla egia izanda ere, egia da ere ehiztari delitugileek edozeri egiten diotela tiro, berdin zaie zikoina handia edo negu-txirta txikia.

– Hegazti horiei “nahi gabe” tiro egin izanaren aukera hutsaren hurrengoa da. Zer espezie znegetiko edo “ehizagarriarekin” nahastu dute kurrilo bat edo hontza handi bat?, pagauso batekin, akaso?

Hasierara itzuliko gara: sarraski horrekin amaitu behar da. Bide horretan, arazoa ikustaraztea eta salatzea ezinbesteko urratsak dira.

Eguzki, 2020ko urtarrila

Leringo pinudiak arriskuan

Ingurugiroa maite duten Leringo eta bertako pertsonek gonbidatuta, Leringo pinudiak bisitatu ditut duela gutxi.

Leringo Pinudien ikuspegi bat.

Irudiaren eskubialdean, atzean, Leringo Pinudien ikuspegi bat.

Lerinek 700 ha pinudi ditu (Aleppo-pinua) igeltsu eta materia buztintsu askoko lurzoru txiroetan. Baso-espezie hori oso gogorra da idortasunarekiko, eta, horregatik, egokia da lurzoruen higadurari aurre egiteko, lurra materia organikoz ere ongarritzen duelarik. Oso ondo jasaten ditu tenperatura altuak eta lehorte luzeak, eta beraz, klima mediterraneoko gune beroetan bizi daiteke, prezipitazio gutxi baina irregularrak baita tarteka euri-jasak erasanda ere. Beraz,   Leringo Pinudien inguruan gaur egun dauden Aleppo-pinuaren landaketek guztiz justifikatzen dute haien ingurumen-funtzioa.

Orain, Leringo Udalak 10.000 ale – heldu zein gazte- baino gehiagoko entresaka garrantzitsua egitea erabaki du, 18 eta 30 zm arteko diametrokoak. Mozketak justifikatzearen arrazoia landaketa birsortzea da. Baina batzuetan, azalpen teknikoek eta ingurumen-azalpenek deklaratu gabeko beste interes ekonomiko batzuk ezkutatzen dituzte, eta baliteke kasu honetan gauzak hortik joatea. Bestalde, horrelako erabaki batek, derrigorrez, orain arte egindakoa baino informazio zehatzagoa eskaini beharko lieke herritarrei, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik, beste ikuspuntu batzuekin parte hartu ahal izatea ahalbidetuko lukeena.
Lehen entresakak 70 urte inguruko pinu helduetan egingo lirateke (250 urtera arte bizi daitezke), lehenago ere antzeko mozketak egin izan diren lekuetan.  Gainera, landaketa barnean argia sartzen denez, lurzoruak aniztasun biologiko handia du. Kontraesana da hurbileko beste landaketa gazteago batzuetan, non bakantzea nabarmen eskatzen ari diren garapen egokia izateko, ez dela esku harzterik programatu, are gutxiago helduen kasuan egin den presarekin. Leringo pinudiena eremu garrantzitsu bat da,  Natura 2000 Sareak babesten du eta multzoa monumentu naturalarekin pareka daitekeen naturgune babestu bat da.

Gauza kezkagarria da mozketak makineria industrialarekin egingo liratekeela, zoru hauskorrak errespetatzen ez dituztenak. 15 metrotik behin irekiko lirateke kaleak, makinak sartzeko, mozteko eta pinuak herrestan eramateko. Horrek larriki eragingo lieke hain hauskorrak diren eta hainbeste urtez berreskuratzea kostatu den lurzoru horiei. Lan horiek Soriako pinudietan mandoekin egiten ikusi ditut, zorua ez kaltetua izateko kontu handiz, edo beste ale batzuen mozketak erortzean beste zuhaitz batzuk kaltetzea ekiditea ere. Gerta liteke haize bortitzek zuhaitz helduak botatzea soilguneetan, aleak isolatuta geratzean ezin  baita  adaburu bat bestean babestu.

Era berean, pinu heldu eta tamaina onekoak, 10 metrotik gorakoak, lurra babesteaz gain, atmosfera hozten dute, beste landare- eta animalia-espezie batzuk babesten dituzte, jolas-, gizarte-, kirol- eta turismo-funtzioak betetzen dituzte, ur-kaptadoreak eta -metagailuak dira, eta berotze globala eragiten duten gasen hustubidearen funtzioa betetzen dute. Aleppo-pinua da funtzio hori hobekien egiten duen zuhaitza. Sevillako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, Aleppo-pinu heldu batek 50 tona CO2 inguru xurga ditzake urtebetean. Horrek esan nahi du ale bakar batek neurri ertaineko 30 autok 12 hilabetean 10.000 kilometro egiten dituenean sortutako emisioen baliokidea xurgatzen duela.

cof

Zuhaitz-masa guztiak behar bezala kudeatu behar dira, baina inoiz ez litzateke baso-aprobetxamendua lehenetsi behar, hau da, irabazia, ingurumen-iraunkortasunaren gainetik jarri. Koniferoek ez lukete izan behar pinuak letxuak balira bezala ekoizten diren baratze bat bakarrik. Udal defizitario batzuk bitarteko horren bidez finantzatzen dira.

Nafarroako Gobernuak ingurumenean eraginak aurreikusteko eta gutxitzeko, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen Foru Lege proiektua onartu zuen duela bi hilabete. Lege-proiektuaren xedea, atmosferan, uretan, lurzoruan, paisaian eta ingurune naturalean eragin leiken  ingurumen-inpaktuari aurre hartzea eta murriztea da… Zalantzarik gabe, Leringo pinudietako mozketak babes horren barruan sartzen dira, eta, beraz, eska dakieke, bai Landa Garapen eta Ingurumen Sailari, bai Leringo Udalari, beren asmoetan atzera egitea.

Leringo pinudiak 1

Baina, duela gutxi Madrilen egin den COP25 Klima Aldaketari buruzko Konferentziaren ondoren, ingurumen-funtzio baliotsu bat betetzen duen zuhaitz-kopuru garrantzitsu bat kolpe batean kentzeko aukera izan al dezakegu? Argi dago ez dela…

Lur-planetarentzat – eta bertan bizi garen espezie guztientzat –beroketa globala dela eta funtsezkoa den une honetan, Ingurumen sailak, bai lur pribatua naiz publikoa garatzen duen mendien baso-aprobetxamenduen politika  berrikusi egin beharko litzateke . Etekin ekonomikoa bigarren maila batera pasatu beharko litzateke eta ingurumenari eman beharko litzaioke lehentasuna. Gaur egun, ale helduak moztu eta entresakak egin daitezke, modu naturalean berrituko diren esperantzan. Leringo Mendien kasuan, 70 urteko pinu bat moztea, berez heldua izatea beste 70 urte kostako zaion beste ale batekin ordezkatzeko zain, ez da jasangarria. Horrek zentzua zuen duela 50 urte, Larrialdi Klimatikoa errealitate kezkagarria ez zenean, baina ez orain, guztion artean irtenbideak ekartzeko denbora amaitzen ari delako. Zuhaitz horien premia dugu, berotegi-efektuko gasen hustubide izaten jarrai dezaten eta ekosistemak manten ditzaten. Hori ere onartzear dagoen Klima Aldaketari Buruzko Foru Legeak jasotzen du.

Duela gutxi, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak esan zuen “klima-aldaketa gizadiak aurre egin beharrean dagoen ingurumen-erronka handietako bat da”, beraz, guztion premiazko zeregina dela, baita Nafarroako Gobernuarena eta Leringo Udalarena ere. Era berean, nabarmendu zuen “tokiko erakundeak eragile garrantzitsuak direla klima-aldaketaren aurkako borrokan”, eta Klima eta Energiaren Aldeko Alkatetzen Itunera 73 udalerri batu direla azaldu zuen. Itun horrek berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak murriztea du helburu besteen artean. Leringo Udalari dei egiten diot udal-mugimendu horrekin bat egin dezan eta Leringo pinudietan programatutako mozketa batzuk egiteari uko egin diezaion.

Juan del Barrio (Nafarroako Ingurumen Kontseiluko kidea)

Ereñotzuko presa: ingurumenaren alde jardutea eskatu dio Eguzkik Udalari

ereñozu1Ereñozuko presaren ikuspegi bat.

Iazko abenduaren 18an, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak Errenteriako Udalaren jabetzakoa den ekoizpen elektrikorako Ereñozuko Urumea ibaiko uren 4.000 l/s-ko aprobetxamendu eskubidea iraungitzea erabaki zuen, indarrean dagoen araudia aplikatuz. Ebazpen berean Udalari eskatzen zaio 10 hilabeteko epean aurkez dezala presa eta arrainen eskala eraisteko proiektu bat.

Espediente honen hasieratik interesdun izan garen AEMS Rios con vida eta Eguzki kolektibook oso positibotzat jotzen dugu ebazpen hau, behar bezala justifikatuta geratzen baita administrazio eskudunen zerbitzu teknikoek xede horretarako egin dituzten txostenen bidez.

La escala nunca ha llegado a cumplir su función de facilitar el movimiento de las especies piscícolas.

La escala nunca ha llegado a cumplir su función de facilitar el movimiento de las especies piscícolas.

Lehen aipatutako kolektibook Udalari zuzendu gatzaizkio, emakidaren jabea baita, ingurumenaren aldeko jarrera aktiboa har dezan, bai eta Natura 2000 Sarearen parte den ibai-enklabe honetarako ezarritako ingurumen-helburuen aldekoa ere. Era berean, aipatutako ebazpena betez, eskatutako proiektua ahalik eta lasterren aurkezteko eskatu diogu, ibai-konektibitatea eta ibai horretan izokina berreskuratzea zailtzen duen oztopo horrekin amaitzeko.

BABESTUTAKO LANDARE BATEN HERIOTZA

IMG-20200115-WA0000

Eguzki ekologista taldetik salatu nahi dugu Lekittoko Udalaren nagikeria eta arduragabekeria gertakari latzgarri batzuen aurrean. Horien ondorioz,  Euskal herrian meatxaturiko landare baten populazio bat, ia erabateko desagerpena  baiezta dezakegu ezinbestean.

Landarearen izena, “Lavatera arborea” da, malvaren familikoa izaki. Maiatzetik aurrera agerian usten du loraldi ikusgarri bat . Garaieran, bi metroak erraz gaindi ditzake eta itsasoko eraginpean eta oso nitrogenatuak diren lurretan bizitzea du gustoko . Euskadin oso urria da, izan ere, ezagutzen zen populazio bakarra, Izaro irlarena zen. Horregatik, espezie hau meatxatutako Euskal landareen katalagoan barne dago kaltebera babes-kategoriarekin.

“Kaltebera” babes-kategoria izatean, espezie berari  edo berau bizi den habitat-ari edonolako jazarpen egiten zaielarik, delitutzat eta ez infrakzio soiltzat hartzen da. Hortaz gainera, kaltetutako habitat-a lehengoaraztea behartzen da nahitaez. Beraz, esan beharrik ez dago tamaina handiko arazo baten aurrean aurki gaitezkela espezie honi kalteak sorraraztean.

Lekitton badira urte batzuk Santa Katalina, 8-ko txaleta eta ondoko  kontenedoreen artean, “Lavatera arborea” populazio txiki baina osasuntxu bat sortu zela kala-txoriak tarteko. Azken txori hauek, Lavateren hazien garraiolariak baitira. Populazio berri honek 60 landare alek inguru osatzen zuten 50 metrotan zehar barreiatuta.

2016.ean Santa katalinarako pasealeku berriaren lanak hasi zituzten eta itxura batean ingurugiro azterketa gutxieneko bat egin gabe. Izan ere, Santa katalina, 8-ko txaletaren inguruko zatia egiterakoan, Lavatera arborea  20 bat ale erauzi zituzten, multzorik sendoena desagerraraziz. Hala ere, egindako bide-harresia eta amildegiaren artean,1-3 metroko zabalera zuen tarte bat libratu zen, bertan 40 ale irauten zutelarik egoera oso onean, gaitz erdi. Hilabete batzuk beranduago egundoko ametsgaizto batek asaldatu gintuen. Pasealekuko langile talde batek Lavatera guztiak erauzi zituen eta kalea erdian zeuzkaten pilatuta guztion erakusgarri. Ezin sinetsi begien aurrean geneukan ikuspegia. Langileek harresiaz bestaldeko tarte hori “ajardinatzen” ari ziren landare aromatikoak landatuz eta horretarako, lehenengo, “belar-txar” guztiak kendu behar. Langileei egindako astakeriaz ohartarazi genien eta Lavaterak berriro lehen bait lehen  landatu zitzaten eskatu genien; kasu egin ezean Ertzaintzari deituko genuela meatxatu eta gero. Jarraian Udaletxera jo genuen gertatutakoaren berri ematera, ezinezkoa zirudiena alegia. Udaletxeko teknikariak ez zuen Lavatera landarearen ezagupenik ezta Lekittoko populazioaz. Azalpen mordoa eman genion eta langileekin eginikoa, ere bai. Halaber, ohartarazi genuen lorazainak ere jakinaren gainean egon behar zutela landare-altxor hau zaindu zezaten.

Milagroo!! Landareak berriro landatu zituzten langileek. Hala ere, aleen erdia oso kaltetuta geratu zen trasplantearekin.

2017.ean udaletxeko lorazainek desbrozatu zuten Lavateren bizitokia. 2 metrotako landare bat zerraz ipurditik moztu ere. 2018.ean eta 2019.ean udaletxeko langileek jarraitu zuten leku berean desbrozatzen eta honezkero belarrak besterik ez dago eta bakarrik Lavatera bi   eusten dute horman desbrozadoratik libre.

Eguzkitik eskatzen dugu Lekittoko Udaletxearen  “Lavatera arborea” meatxatutako landarearekiko erakutsitako utzikeria eta jarrera suntsitzailea erabat aldatu dezala behingoagatik eta lehengoratzea bere habitat-a ahal bezain laster guztiona den bioaniztasunari zor diogun errespetuagatik.

 

 

 

Gongora-Imarkoain: hondakin plantekin bueltaka eta edukiontzi berdearekin amaitu gabe

SUSTRAI

Sustrai Erakuntza.-Duela egun batzuk Nafarroako Parlamentuan alderdi politikoek eztabaidatu dute hondakinak kudeatzeko proposamen ezberdinak Iruñerrian. Alde batetik, Mankomunitateak Imarkoaingo Garraioaren Hirian hondakinak kudeatzeko planta handi bat jartzeko egindako proposamena dugu. Eta bestetik, Gongorako zabortegia irekita mantentzeko eta bertan hondakinak kudeatzeko planta bat ezartzeko proposamena.

Bi proposamenek beren gabeziak eta zehaztugabetasunak dituzte. Lehenengoak ez du zehazten zer eginen duten Imarkoaingo plantan birziklatu ezin diren hondakinekin eta non isuriko dituzten. Eta bigarrenak ez du zehazten Gongoran zein planta mota jarriko luketen hondakinak kudeatzeko. Baina biek ala biek muinean arazo bera dute: ez dute edukiontzi berdearekin amaitzea bilatzen.

Funtsean, non jarri hondakin planta, Imarkoainen edo Gongoran, alferrikako eztabaida da. Jarrera biek saihesten dute hondakinen kudeaketa-ereduari buruzko eztabaida. Arazoa ez da non ezarriko diren hondakinak kudeatuko dituzten azpiegiturak. Ezta eraiki nahi den plantaren tamaina edo mota ere. Arazoa, egiazko arazoa, edukiontzi berdearekin amaitzea da, bertan botatzen baitira hondakin gehienak.

Kontuan izan behar da edukiontzi berdean denetarik botatzeko erabiltzen dela, inolako bereizketarik egin gabe. Bertan dena nahastuta geratzen da eta zabortegira doa.

Horrela, Iruñerriko hondakin gehienak edukiontzi berdean bukatzea hondakinak birziklatzeko sistemaren porrotik handiena da. Porrot horri politika berriekin egin behar zaio aurre. Eta Iruñerriko Mankomunitateak aurreikusi duen Imarkoaingo plantak ez dio arazo horri behar bezala heltzen. Egin nahi duten plantarekin, edukiontzi berdea jarraituko du nagusi izaten edukiontzi guztien artean.

Baina, era berean, ez dirudi kontrakoa egingo duenik Gongorako zabortegia mantentzeko proposamenak. Alde batetik, zabortegi handien kontzeptu zaharrari eusten diolako; bestetik, eta, zehaztu ez bada ere, gaur egun dagoen ontziak bereizteko planta erabiltzea proposatzen duelako, edukiontzi berdetik dena nahasita iristen dena bereizten saiatzeko. Azken finean, Imarkoainerako Iruñerriko Mankomunitateak proposatu duen sistema bera.

Horrela, ustezko bi irtenbideen aurrean gaude, baina biak berdinak, bietan makina “modernoz” betetako planta handiak zerbait ezinezko egiten saiatuko direnak: herritarrok nahasten ditugun hondakinak bereiztea. Izan ere, bereizketa eraginkorra bakarrik egin daiteke etxean egiten bada, hondakinak ekoizteko katearen hasieran. Hondakinak behar bezala kudeatzeko irtenbide eraginkor bakarrak jatorrian ezarri behar dira, gerora hondakin izango diren produktuak eskuratzeko unean, eta horiek sortzeko unean.

Beharrezkoa da hondakin gisa amaitzen duten produktuen kontsumoa murrizteahondakin gutxien sortzen dituzten produktuak aukeratzea, eta, azkenik, hondakinak behar bezala bereiztea frakzio desberdinetan. Hori da irtenbide bakarra, eta “plantek” ez diote horri aurre egiten.

Horrela, hondakinen kudeatzaileek, esate baterako Iruñerriko Mankomunitatea, bilketa-sistema aproposak ezarri behar dituzte, herritarrek hondakinak behar bezala bereizteko betebeharra izan dezaten. Eta hori ez da entelekia bat. Sistema horiek existitzen dira. Adibidez, atez ateko bilketa, hain emaitza onak ematen ari dena Sakana, Gipuzkoa edo Kataluniako hainbat herri eta hirietan. Baina ez da sistema bakarra. Helburu bera duten hainbat irtenbide probatzen ari dira udalerri askotan.

Gainera, hondakin plantetarako aukeratzen den formatuak eta kudeaketa sistemak ere eragin handia dute emaitzetan. Horrela, hondakinen kudeaketaren fokua hondakinen zati organikoan jartzeak badu eragin handia emaitzetan. Adibidez, Sustrai Erakuntza fundazioak Iruñerrian hainbat planta txiki jartzeko proposamena egin zuen, edukiontzi marroian bereizitako hondakinen frakzio organikoaren konpostaje aerobioa egiten dutenetatik hasita.

Horrela, hondakinen planta non eraiki behar den eztabaidatzeari uztea proposatzen dugu. Eztabaida dezagun kudeaketa-ereduari buruz eta erabaki dezagun nola eta zer egin behingoz edukiontzi berdearekin amaitzeko. Hor dagoelako benetako arazoa.