PANDEMIA, ARRANTZAREN NORABIDEA ALDATZEKO AUKERA

Ondarroa12Mila logoa

Garai bereziak eta arraroak bizi ditugu, hainbatek argi azaldu duen bezala, gure bizimoduaz hausnartzeko eta gure ekonomiaren oinarriak ulertzeko abagune ezin hobea daukagu. Errepikatzen ari zaizkigun bezala, ezer ez da berdina izango hemendik aurrera. Berdina ez, baina hobeto edo okerrago biziko gara?

Galdera horren erantzunak nahi beste erpin izan ditzake. Arrantzaren jardueran eta arrantza-sektorearen etorkizunean jarri nahi dugu guk arreta. Eusko Jaurlaritza aktibitate ekonomikoarekin zer egin erabakitzen ari den garai honetan, lehen sektorea estrategikoa dela azpimarratu da behin eta berriz, jakiak ezinbestekoak ditugu eta baserritarren eta arrantzaleen lana azaleratu da inoiz baino ozenago. Arrantzaleen jarduna, baina, asko mugatu du koronabirusaren krisiak.  Lehendik ere prekarietate larrian ari ziren arrantzaleei, orain sistemikoak eta gaindi ezinak diren baldintzak  suertatu zaizkie: itsasontzi askotan ezin dute gutxieneko distantziarik mantendu eta ezin dute segurtasunik bermatu elkar ez kutsatzeko borroka honetan. Bestalde, arrainaren merkatua guztiz desitxuratu da eta prezioen dantzak ez du errentagarria egiten jarduera.

Hedabideetan entzuten dugunaren arabera, eta lehendik sektore honek nola jokatu duen ikusita, gure susmoa da krisi honetatik ateratzeko apustua Europak (edo bertako administrazioak) banatuko dituen diru-laguntzen zain egotea izango dela. Hau bada aterabidea, ezinbestekoa da galdera: zertarako behar dugu arrantza, jarduera honek ez badu balio beharrik handiena dagoenean jakiak eskuratzeko? Zertarako mantendu sektore hau diru publikoarekin ez badu bere funtzio soziala beteko? Zergatik onartu halako eragina bioaniztasunean eta ondare naturalean, estrategikoa ez den jarduera bati? Gure ustez, arrantza, elikadura-subirautzarako ezinbestekoa da. Administrazioari dagokio jarduera ekonomiko hau, eta horri lotutako lanbideak, kudeatzea,  baina bide horretan ekarpenak egin ditzakegulakoan, hauek gure proposamenak.

Hasteko, flotak geratzeko itxura dauka eta hau bere horretan onuragarria izan daiteke arrantzaleentzat, gaixotzeko arriskua gutxituko dutelako, zein interes komertziala duten arrainentzat: bakean utziko ditugulako, eta hala,  beren ziklo naturala, eta hemen burutzen duten errunaldia, lasai burutuko dutelako. Baina, egoera hau onuragarria dela esan ahal izateko, bi baldintza bete behar dira: arrantzaleak, gainerako langileak bezala, konpentsatu behar dira,  eta arrantza-gabeko epe honek arrainen populazioetan izan duen inpaktua neurtu behar da. Biak dira bideragarriak, eta administrazioak baditu horretarako baliabideak.

Bigarren aukera arrainen kontsumoa ziurtatzea da. Horretarako arrantza-jarduerari eutsi beharko litzaioke, baina modu kontrolatu eta selektiboan. Egunero/astero eta txandatuz, portu bakoitzetik 2na itsasontzi ateratzea izan daiteke aukera (Gipuzkoatik 6 eta Bizkaitik beste 6); noski beti ere itsasoratuko liratekeen arrantzaleen osasun baldintzak behin bermatuta (testak egin eta elkar kutsatzeko aukerak baztertuta) hala, eguneko arraina kofradien esku utzi eta hauei zuzenean prezio finko batean saltzeko aukera eskaini dakieke. Prezio horrek merkatua erregulatuko luke, arrandegiek egoera honetan zilegi ez den abantailarik izan ez dezaten. Arrantza-jarduerak ere mugatua izan beharko luke; kuotak eta neurriak errespetatuz eta 12 miliatik kanpora arituz, arrain populazioetan normalean baino kalte handiagorik ez eragiteko. Arauak irizpide zientifiko eta teknikoekin doitu eta zorroztu daitezke, bioaniztasuna errespetatuz, eguneroko arrainaren kontsumoa bermatzeko. Administrazioak badu horretarako ahalmena.

Hauek egingarriak diren bi proposamen baino ez dira, biak ala biak, arrantza-jardueraren zentzua eta egoera hobetzera begira egindakoak. Izan ere, krisi honetan arrantzak ez badu bere funtzio soziala beteko, diru-publikoz zer ari garen sustatzen eta mantentzen galdetu beharko genioke gure buruari, arraina ondare naturala baita, eta horrek ustiaketa onura publikoak baino ezin lezake justifikatu.

                     Ondarroa12Milia

         

 

Koronabirusa klima larrialdiarekin dantzan

Unai Pascual, Ingurumen ekonomiako doktorea / Iturria: Berria

Bat-batean, klima larrialditik osasun larrialdi batera pasatu gara. Dirudi diot, irudipen bat besterik ez delako. Bata zein bestea gurean izan dira eta izango dira luzaroan. Koronabirusa mundu mailan sortzen ari den arazoa larria izanik, osasun krisialdi honetaz gain, hainbat osasun egoera larri pairatzen ditu munduak. Adibidez, urtero munduan lau eta bost milioi pertsona artean hiltzen dira airearen kutsadura dela medio (urtero munduan hildakoen %9 inguru), hainbeste aipatzen ari garen Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Horrek ere osasun larrialdi beharko luke, ez da hala? Agian, kutsaduraren eraginez jendea herri azpigaratuetan garatuetan baino 100 bider gehiago hiltzen delako ez da larrialdi hitza erabiliko; urrunean gertatzen diren milioika hildako horiek sistema ekonomikoaren galera kolateralak omen dira.

koronabirusa2
Bat-batean, Covid-19arengatik klimaren egoeraz ezer gutxi diote orain komunikabideek zein politikariek. Egun hauetan larrialdi bat izatearen efektua zein izan daitekeen ikusten ari gara. Denok ongi aski sumatu ditugu jadanik zer-nolako efektuak dakartzan koronabirusarengatik larrialdi egoera ezartzeak, ez bakarrik osasunean, baizik eta gizarteko esparru gehienetan. Bada koronabirusaren egoerak klimari onurak ekarriko dizkiola esaten duenik. Egia da aurten CO2 emisioek nahi eta nahi ez beherako jokaera izango dutela. Egungo sistema ekonomikoa kontsumoan eta mugikortasunean oinarritzen da, hein handi batean, eta ekonomiaren metabolismoa gidatzen duten bi aldagai horiek slowdown egoeran daude. Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen aurreikuspenen arabera, munduan batez besteko hazkuntza ekonomikoa %1,5 izango da (iaz %3 inguru izan zen). Barne produktu gordinaren hazkuntzaren jaitsiera horrek CO2 emisioetan %1,2ko jaitsiera ekar lezake, adituen arabera. Baina, Covid-19ak eragindako krisiaren ondoren, zer gertatuko da ekonomiarekin? Hazkuntza ekonomikoa errekuperatuko al da? Galdera horri erantzuna bilatzeko, 2008ko munduko finantza krisian (MFK) gertatu zenari erreparatu diezaiokegu.

kutsadura_maskara_mundua
2008ko krisiaren eraginez, 2009an munduko BPGaren batez besteko hazkuntza negatiboa izan zen (-%2). Horrek mundu mailan CO2 emisioak aurreko urteekin konparatuz ez haztea ekarri zuen (herrialde garatuetan emisioek nabarmen behera egin bazuten ere, Euskal Herrian kasurako, beste herrialde batzuetan, Txinan kasurako, oso nabarmenki berpiztu ziren). 2010ean jadanik emisio globalek %5 baino gehiago egin zuten gora, gobernuek hazkuntza ekonomikoa sustatzeko estimulu fiskal erraldoiak erabili baitzituzten. Beraz, errebote efektua izan zuten emisioek mundu mailan, 2008-2010 bitartean epe luzeko batez besteko igoera baino handiagoa izan zutelarik.

Behin koronabirusaren larrialdia kontrolpean izanda, antzeko errebote efektua errepikatu daitekeela uste dut, batez ere elite ekonomiko eta politikoak kontsumo eta ekoizpen gosez izango direlako eta erregai fosilak oraindik ugariak izanda. Ikusteko dago, era berean, Europan Green New Deal-ek zein efektu izango duen ataka honetan. Egoera berriak aurten indarrean sartzen den Parisko akordioa larriki zauritu lezake.

Badira positibotzat jo ditzakegun zenbait gauza ere. Adibidez, jende asko fisikoki lanera joan gabe etxetik telematikoki lan egin daitekeela jabetzen ari da dagoeneko, eta lan egiteko modu horiek hobetzeko presioa areagotuko dela uste dut. Horrek emisioetan eragin positiboa ere izan lezake epe luzera begira. Bestalde, ziur aski jende asko konturatuko da kontsumismoak dakarren bizimoduak ez duela zentzu handirik, eta gauza gutxiago kontsumituz, denbora hobeto erabiltzeko aukera baliatu dezakegula aisialdi eredu jasangarriagoak berreskuratuz eta berrasmatuz. Azkenik, hegazkinen negozioa agian ez da epe ertainean errekuperatuko, eta, gaur-gaurkoz, hegazkinen erabilerak munduko emisioen %2,5 sortzen dituela ikusirik, emisio horien gorakada kontrolatzeko aukera ireki daiteke epe laburrean (hogei urte barru 48.000 hegazkinek gure zerua zeharkatuko zutela aurreikusten zen Covid-19a gurean izan baino zertxobait lehenago).

koronabirusa5
Datu horietatik aparte, bada kontuan hartu beharreko beste gauza garrantzitsu bat. Egoerak lidergo politikoa gainditzen duenean, muturreko erabakiak justifikatu ahal izateko zientziaren aterkiaren azpian babesten dira. Aginte politikoak zientzia serioski aintzat hartu izana ospatu beharko genuke. Epidemiari aurre egiteko zientzialari askok oraingo neurri zorrotzak beharrezkoak direla diotenean, gizarteak ahots horiek ez ditu ezbaian jartzen, eta zientzialariak beraien artean honelako egoera larrietan mokoka ibiltzea ez dute gustuko. Baina badut susmo bat: epidemiologoek ez dituztela beraien ekipoetan gizarte zientzietatik erator daitezkeen hausnarketak kontuan hartzen, agian, urgentziak eraginda, hausnarketa gehigarri horiek bigarren mailakoak direla uste baitute. Orain arte ez dut komunikabideetan gizarte zientzietatik datorren hausnarketa nahikorik entzun epidemia kontrolatzeko neurriek gizartean zein efektu zabalago izan ditzaketen adieraziz, ez eta halako pandemiak gertatzeko globalizazio prozesuekin lotuta dauden baldintza politikoak zein ekonomikoak zeintzuk diren azalduz ere. Larrialdiaren izenean zientzia mota batek diskurtsoa hainbeste dominatzea arriskutsua dela deritzot, pentsamolde eta erabaki markoa gehiegi estutu daitezkeelako.

Klimaren eta koronabirusaren krisiek gizarte hiperglobalizatu batean sistema kapitalistaren ahuldadeak ikusarazteko balio dute. Biak dira arazo globalak, eta biek dute edozein pertsonarengan eragin zuzenekoak zein zeharkakoak sortzeko ahalmen handia. Biek adierazten dute gizartean batzuk beste batzuk baino hobeto prestatuta daudela arazoei aurre egiteko, esaterako, bai teknologia aldetik eta bai balio kolektiboen aldetik herrialdeek ezberdintasun nabarmenak dituztelako. Azkenik, biek ala biek erakusten dute sektore publiko indartsua behar dela krisi konplexuei aurre egiteko. Ekonomia pribatuaren eraginkortasunaren diskurtsoa kinka larrian jartzen da klima edo koronabirusaren ispiluan jartzen bagara. Erabili dezagun aukera hau klima krisiari hobeto aurre egiteko irakaspenak sortzeko.

Uraren erabilera arduratsuari buruzko jardunaldia eta faktura behar bezala irakurtzen ikasteko tailerra

Ura_kartela_atzeratutaBizkaiko Ur Publikoa Plataformak “Uraren faktura – Praktika onak, erabilera eraginkorra eta partaidetza publikoa” izenburuko jardunaldia egingo du larunbatean, hilak 14. Deustuko Udaltegian izango da, 10:00etatik 13:30era, eta irekita dago interesa duen orori. Are gehiago, norberaren uraren faktura eramatea aholkatzen da, kritikoki irakurtzen ikasteko.

Ur Publikoa plataformak ura oinarrizko eskubidea dela uste du eta uraren kudeaketa sozial, demokratiko eta jasangarriaren alde egiten du.

Belartzan legez kanpo egin zuten betelana zabortegi bihurtzeko arriskuaz ohartarazi du Eguzkik

belartza1Diruak dirua nola, honakinek hondakinak hala erakartzen omen dituzte. Hori ari da gertatzen Belartza Goikoan. Izan ere, bertan legez kanpoko betelana egin zuten, Mercadona eta McDonald’s eraiki zituztenean, eta orain betelan horretan bestelako zaborrak ere botatzen hasi dira.

Honako argazki hauetan ikusten diren hondakinak ez dira dauden bakarrak, baina bai deigarrienak. Bertan, besteak beste, obra-hondakinak, tabernaren edo jatetxeren bateko puskak eta autoen zatiak ere ikus daitezke.

Udaltzaingoak hondakinak arreta pixka batekin miatzen baditu, ez dugu uste nondik datozen asmatzea oso zaila izango zaionik. Bakar batzuk, behintzat.

Donostiako Udalari zera eskatzen diogu, hondakin horiek garbitzeko eta batez ere neurriak lehenbailehen hartzeko, Belartza Goikoa legez kanpoko zabortegi bihurtu baino lehen. Nahiz eta, jakina, hor arazo nagusia betelana bera den. Gogoan izan Enrique Ramosek zinegotziak bertan makina bat tona harri pilatzea baimendu zuela, legez kanpo baimendu ere. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak betelana hortik kentzeko agindu zuen. Alferrik, ordea, orain arte, behintzat.

Aprobetxatu nahi dugu gogoratzeko Eguzkik eta Haritzaldek joan den urrian erabaki zutela Ingurumenaren Udal Kontseiluan berriro ez parte hartzea, harik eta Ramosek aurreko legealdian Belartza Goikoan eta Lourdes Txikin egin zituen txikizioak konpodu arte. Ramos Hirigintza zinegotzia izan zen aurreko legealdian eta oraingo honetan, berriz, Ekologia zinegotzia.

Eguzki, 2020ko martxoan

belartza0belartza4 belartza3 belartza2IMG_20200307_132204331_HDR[1] IMG_20200307_131827203[1] belartza10 belartza7 belartza6 belartza5

Itsasoa Elgoibarren ere hasten delako

elgoibar1Duela hilabete batzuk, Eguzkiko kideok lehen aldiz gonbidatu gintuzten Elgoibarko ikastetxe batera, eta han erantzuten saiatu ginen erantzuten ikasle eta irakaleek ibaietara botatzen diren plastikoei buruz egin zizkiguten hainbat galderari.

Bigarren aldian joan garenean, berriz, harrituta geratu gara azken hilabeteotan ingurumenaren inguruan egin duten lanaz… Ahalik eta hondakin gutxien sortzen saiatzea, dagozkien ontzietan sartzea, herria garbi mantentzearen garrantzia, ibaiak zaindu beharra, plastikoen kutsadura gure itsaso eta kostaldean…

Lan horretan inspiratuta, Elgoibarren bertan, garbiketa egin dugu Deba ibaiaren ertzean, Azkena diskoteka zaharretik gertu dagoen aparkalekuan. Ikus bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=XOIMp-B3xMs&t=11s

Bildu ditugun hondakinetako batzuk ibai ertzera iritsiko ziren aparkalekutik, haizeak bultzatuta. Baina beste batzuk espresuki bota dituzte han, esaterako, aparatu elektronikoak.

Nolanahi ere, den-dena, berandu baino lehen, errekan bukatuko zen, eta ibaian barrena, itsasoan.

Gauzak horrela, dei egin nahi diegu, betiere ikuspegi eraikitzaile batetik, gizarteari, oro har, eta, bereziki, administrazioei eta komunikabideei. Administrazioei: ez da txantxa gure ibaiek jasatzen duten zabor kutsadura eta ibaiei duten garrantzia eman behar zaie; dirua inbertitzen bada eta ibaiak babesteko bitartekoak jartzen badira, gauzak erabat aldatu daitezke. Komunikabideei: Zumaiako flyscha, esaterako, zaborraz beteta agertzen denean albiste bada, ibaietara botatzen den zabor plastikoak ere albiste izan beharko luke; izan ere, kostara iristen den zaborraren % 80 ibaietatik iristen da.

Honen garrantziaz ohartzen bagara, soluzioaren parte izaten hasiko gara; ohartzen ez bagara, berriz, jarraituko dugu arazoaren parte izaten.

Eguzki, 2020ko martxoan

Osasun zentroetan erabilitako materiala botata aurkitu du Eguzkik Azpeitian, Urola ertzean

azpeitia1Otsailaren 10ean Eguzki ohartu zen tamaina handiko lau poltsa beltz zeudela Urola ibaian, Azpeitiko anbulatorioaren atzean dagoen zubiaren azpian. Ibaira jaitsi eta poltsetan erabilera sanitarioko materiala zegoela ikusi ahal izan genuen, besteak beste, (orratzik gabeko) plastikozko xiringak, espekuluak (ginekologian erabiltzen dira), eremu esterilak, hatsa probatzeko poltsak eta botiken pote txikiak. Ikus bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=aPkbsek3eW0

Egun berean egiaztatu ahal izan genuen anbulategitik kanpo dauden bi edukiontzietako batek tapa zatituta eta kisketa hautsita egoteko zantzuak zituela.

azpeitia2Udalak, berriz, esan digu hainbat salaketa jaso dituela urtarrilaren 8an, larunbatean, osasun-zentrotik oso gertu, kaleko altzarietan-eta triskantzak egin zirelako. Baina, egia esan, guk ez dakigu triskantza horiek lotura duten Urolan aurkitu ditugun poltsekin.

Anbulategitik material mota hori kanpoko edukiontzietara ateratzen da hondakin patogeniko, infekzioso edo biologikoki kutsatuak ez direlako. Baina ohartarazi nahi dugu inozoarena  egiten ibiltzea, zabor-poltsak manipulatzen, barruan zer duten jakin gabe, egunen batean garesti atera dakigukeela.

Nolanahi ere, ez dakigu nola moldatzen garen, baina azkenean den-dena ibaira botatzen dugu.

EGUZKI

Udal hauteskundeak direla eta, “Euskal Herriaren metamorfosi ekologikoaren aldeko manifestazioa” egingo da larunbatean Baionan, Bizi! mugimenduaren ekimenez

bizi-kartelaBizi! mugimenduak deituta, “Euskal Herriaren metamorfosi ekologikoaren aldeko manifestazioa” abiatuko da larunbatean Baionako herriko etxetik, 15:00etan. Manifestazioaren helburua da udal hauteskundeetan parte hartuko duten hautagaiek ingurumenaren aldeko konpromiso bat izenpetu dezatela. Informazio osoa: https://bizimugi.eu/eu/

Aroztegia eta gero… zer?

aroztegiako eta gero zerTOPATU.EUS. Aroztegiako pelotazo urbanistikoa egiteko, ez-urbanizagarri ziren 40 hektarea lur urbanizagarri bihurtu zituzten. Hori egin ondotik, Lekarozen, 340 inguru biztanleko herrian, luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitza eraiki nahi dituzte.

Proiektu hau UGPS (Udalez Gaindiko Plan Sektoriala) bitartez inposatu zen. Modu horretan herriko nekazariei beren lurrak kenduz, herri lurrak bereganatuz eta Lekarozeko herriarena izan den ermita, baimenik gabe proiektuan sartuz. Hori dena egiteko, Baztango instituzioen erabakitzeko ahalmenaren gainetik pasatu dira, nahiz eta Baztango Batzar Nagusiak, Baztango Udal Gobernuak, Lekarozeko herriak eta Baztan osoak herri galdeketaren bitarteaz argi eta garbi erran duen proiektu honen aurka dagoela, behin baino gehiagotan gainera.

Hainbat alditan erran dugun bezala, proiektu horrek Baztango egitura sozioekonomikoa hankaz goiti paratuko luke. Horrelako proiektu urbanistikoak euskararen arnasguneetan eragiten duen kaltea nabarmena izaten da.

Baztandarrek prozesu parte hartzaile baten bitartez onartutako Hirigintza Planarekin erabat hausten du. Lekarozen dagoen uraren arazoa larriagotuko luke. Zer erranik ez, proposatzen diren lanpostuen izaera prekario eta behin-behinekoa.

Palacio de Arozteguia, S.L-ren  gibelean, alde batetik, Inmobiliaria Caixa Galicia dago (partizipazioaren %51rekin), banku hau, herritarrenak ziren 9.000 milioi eurorekin erreskatatutako bankua izanik. Bertze aldetik, Salvador Urbistondo Arotzarena, Arotzarena Marin anaiak (SICAVen jabe eta iruzur fiskalagatik kondenatuak hauen artean) eta Eduardo Zubikoa Viela, bertzeak bertze. Hauek berak, La Olivan (Fuerteventura) eta Arrollalekun (Erratzu-Baztan), antzeko pelotazo urbanistikoak egin zituzten eta toki babestua zena porlanezko hilerri bihurtu dute gaur egun. Hori egin ondotik enpresak desegin eta ardura guztiak bertzeengan utziz “desagertu” dira.

Gaur egun, obrak hasi behar dituztela erranagatik, hainbat auzi daude konpontzeko. Berriki Baztango Udalak Lekarozko herriaren eskariz ermitaren jabetzaren inguruko auzia irabazi du. Epaitegiak argi eta garbi erran du enpresak ermita proiektuan berea balitz bezala paratu badu ere, ez duela frogatu berea denik. Obren esleipenean ere, LAB sindikatuak prozedura horren kontra paratutako helegitea irabazi du, esleipen horrek kontratuen legea betetzen ez duela erakutsiz. Azkenik, Hotelaren obren proiektuak Nafarroako Ondasun departamentuko Principe de Vianaren kontrako txostena du. Beraz, ez du araudia betetzen. Bide luze honetan behin eta berriz ikusten ari gara promotoreek lege eta araudiak bete gabe ere, inpunitate osoz egiten dutela aitzinerat.

Azkeneko jokaldia Hilton Hotel katearen babesa lortu dutela izan da. Gauza positibo bezala saldu nahi digute, bertze diru gose aseezina duen multinazional baten mesedetarat jarri nahi gaituzten bitartean. Hilton Hotel kate estatubatuarrak berriki hainbat salaketa jaso ditu AEBetako epaitegi ezberdinetan. Alde batetik, haurdun dauden langileen eskubideak ez errespetatzeagatik. Bertze aldetik, hamahiru emakumek sexu trafikoarekin etekinak ateratzeagatik akusatu dute hotel kate hau, horien artean batzuk adingabeak dira. Eta guk sinesten ditugu! Hau al da ¨bertako emakumeendako¨ eskaini nahi dizkiguten lanpostuak?

Hau dena guti balitz, 2018. urtera artio Hilton hotelen kateko akziodun garrantzitsuenetako bat, Blackstone Group multinazionala izan da. Donald Trumpen kanpainak babesteagatik eta Amazoniako deforestazioan izaten ari den arduragatik ezaguna. Nazio Batuetako Negozio eta Giza Eskubideen txostenak egiten dituztenak, multinazional hau alokairuak neurrigabean igotzeagatik eta etxe-gabetze bortitzak aitzinerat eramateagatik ere salatu dute.

Beraz, Baztan espekulazio iturri eta aberats guti batzuendako parke tematiko bihurtu nahi duten horien aitzinean, guk herritarren Baztan defenditzen segituko dugu. Gure herria, gure hizkuntza, gure lurra eta gure erabakitzeko eskubidea defendituko dugu. Testuinguru honetan kapitala edo bizitza aukeratzeko momentua da, guk bizitza aukeratzen dugu. Hortaz, herritar guztiak deitzen ditugu hurrengo hilabeteetan proiektu honen kontra burutuko diren ekintzetan parte hartzerat.

Baztan ez dago salgai!

Aroztegia…eta gero zer?

HOGEI BAT LAGUN BILDU DIRA SAN MARKOKO ZUHAITZ-LANDAKETAN

20200301-2

Igandean, hogei bat lagun bildu ginen San Markon, Oreretan, bertako arbolak landatzeko, eta auzolana eta ingurumenarekiko errespetua sustatzeko, Eguzkik eta Oarso Irriak antolatutako sentsibilizazio-ekimenaren barruan.

Hiru zuhaitz-mota aldatu genituen: haritza, lizarra eta gereziondoa, azken hau txorientzako janari-iturri delarik.

Haizea zakar ibili zen, baina ez zuen euririk egin, eta giro ederra egon zen.