Aldiriko zerbitzuen transferentzia eta Trenaren aldeko eta AHTren aurkako Jardunaldiak

Espainako Gobertuak eta Eusko Jaurlaritzak aldiriko tren-zerbitzuen transferentzia adostu dutela jakin dugu asteburu honetan. Aldiberean, Agurainen, Altsasun eta Irurtzunen trenbidearen defentsan eta AHTren txikizioa geltzeko jardunaldiak egin dira.

Transferentziari dagokionez, behin-behineko balorazioa ona da, ezinbestez. Bazen ordua! Gaur egun Bizkaian eta Gipuzkoan funtzionatzen duten lineak transferituko dira, baina, horrez, gain, Jaurlaritzak Araban existitzen ez den aldiriko zerbitzu bat eratzeko aukera izango du.

Gainerakoan, nekez egin daiteke balorazio sakonagorik, informazioa oso-oso urria delako: operadoreak RENFE izaten jarraituko du, 2027ra arte, behintzat; zerbitzuaren balorazio ekonomikoa urtean 94,7 milioi eurokoa izango da, eta akordioak 400 milioiko inbertsioak, ehun ekintza inguru, aurreikusten ditu. Ez dakigu zein diren ehun ekintza horiek, ezta zer epetan egingo diren ere. Beraz, akordioaren letra txikia ezagutu arte nekez egin hal izango dugu balorazio zehatzagorik. Nolanahi ere, Eguzkin garbi dugu transferentziak, oroz gain, gaur egun oso-oso eskastuta dagoen zerbitzu bat biziberritzeko balio behar duela, orain dela aste batzuk honako artikulu honetan esan genuen bezala:

Ogi bat galtzarbean dakarrela etorri behar du aldiriko tren-lineen transferentziak | Eguzki Talde Ekologista

Agurain, Altsasun eta Irurtzunen egin diren jardunaldiak, berriz, Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik EZ palataformak elkarrekin egiten ari diren kanpainaren parte izan dira. AHT-k Lautadan, Sakanan eta Goierrin egingo lituzkeen kalteak agerian uzteko eta, halaber, ingeniari talde batek prestatu duen alternatiba ezagurazteko balio izan dute. Proiektu alternatiboari buruzko xehetasun gehiago honako esteka honetan aurkituko duzue:

Inicio (google.com)

Nahiko jardunaldi jendetsuak izan dira, atzo Altsasuko Burunda pilotalekuan ateratako argazki hauek erakusten duten bezala.

Jardunaldiotan Italiatik etorritako ekintzaile talde batek ere parte hartu du. Val de Susan AHTren aurka egindako borrokaren berri eman dute. Argazkian, haiekiko aitortza-keinu bat.

Olaberriako industrialdean izandako ebasketa eta Legazpiko Urola kaleko industrialdeko sareten aurkako bandalismo ekintzak salatzen ditu Eguzkik

Olaberria industrialdeko baranda-zati honetan lapurtu dituzte saretak.

Haizeak hondakinak ibaira eraman ez ditzan, 2021ean hasi zen Legazpiko Udala prebentzio-neurriak (saretak) ezartzen Urola eta haren ibaiadarren aldameneko baranden behealdean.

Eguzkik egiaztatu ahal izan duenez, 170 zcm-ko luzera eta 50 cm-ko altuera duten sareta horietako 15 zati ebatsi dituzte Olaberriako industrialdean. Ez zen lan zaila izango, bihurkin soil bat edukitzea nahikoa izan baita desmuntatu eta eramateko.

Era berean, Urola kaleko industrialdean, 200 cm-ko luzera eta 40 cm-ko altuera duten 7 zati falta direla egiaztatu dugu. Bi zatik beren lekuan jarraitzen dute, mutur batean soldadura-puntuei lotuta, eta beste muturra ibaira begira dago zintzilik. Zalantzarik gabe, kasu honetan kolpeka eusteko puntuetatik kendu dituzte. Horregatik, bandalismo-ekintza baten aurrean gaudela uste dugu. Litekeena da gainerako saretak Urola ibaira bota izana.

Urola kaleko bandalismoaren lekuko.

Tamalgarria da horrelako ekintzak egiteko gai diren pertsona arduragabe eta heldugabeak egotea, guztion ongia kaltetzea beste helbururik ez dutenak eta kasu honetan erakusten dutenez, gizarteari modu positiboan laguntzeko zailtasun handiak dituztenak.

Gertakari horiek ingurumenaren aurkako erasoa izateaz gain, Udal Gobernuak eta oposizioko taldeek ibaiaren kalitate ekologikoa hobetzeko egindako lana mespretxatzen dute.

Eguzkik gertaera horiek salatzen ditu, eta Legazpiko Udalari eskatu dio Urola kaleko industrialdean ken ditzala prebentzio-neurririk eduki ezagatik ibaian metatu duten zaborrak eta jar ditzala berriro saretak. Olaberriako industrialdean saretak jartzea ere, eta proposatzen du, torlojuetako zuloak silikona-puntu batzuekin zigilatzea, bihurkin soil batekin berriro desmuntatzea eragozteko.

EGUZKI, 2024ko otsaila

Aizarnazabalgo Udalak saretak jarri izana txalotzen du Eguzkik

Aurrealdean, Joseba Alzuri, Ingurunen zinegotzia, Atzealdean, berriz, Gorka Alberdi, Eguzkiko kidea, eta Mari Karmen Arregi, alkatea.

Urtarrilaren erdialdean, Aizarnazabalgo Udalak amaitutzat eman zituen GI-3031 errepidearen herriko sarreraren bi aldeetako espaloiak eta barandak berritzeko lanak.

Baranda berriei, beheko aldean, sareta batzuk gehitu zaizkie (xafla galbanizatu zulatuak), egunero ikusten ditugun hondakinak, gehienetan inolako lotsarik gabe lurrera botatakoak, haizeak ibaiaren ibilgura eraman ez ditzan eta, ondorioz, itsasora irits ez daitezen, hala nola, tabako paketeen plastikozko bilgarriak, zigarrokinak, snack-bilgarriak, freskagarri-poteak, paperezko zapiak, etab.

Ibaien eta erreken aldameneko barandak ibai-sistemetarako ateak direla esango genuke, eta bertatik hondakinak iristen dira, ibaiertzetan metatuz, fauna eta flora kutsatuz.

Udalak saretak bezalako gauza erraz bat jarriz lortu duena da, pertsonak babesteko barandak jartzen diren bezala, baranda ere ibai-babesle bihurtzea.

Oso garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako jarduerak; izan ere, lehen aipatu bezela, zaborrak isurtzea saihesten du, eta, horrela, ibaiaren eta itsasoaren egoera hobetzen laguntzen du. Izan ere, askotan esan dugun bezala, itsasoa gure etxeetan hasten da, nahiz eta hondartzaren lehen lerroan ez bizi.

Horregatik, Aizarnazabalgo Udalak prebentzio-neurri hauek jarri izana txalotzen du Eguzkik.

EGUZKI, 2024ko otsaila

“Baso biziak eta monolaborantza” hitzaldia Andoainen

Basoen eta bertako zuhaitzen garrantziaz jardungo gara. Zuhaitz landaketa herrikoia ere egitekoak gara martxoaren 2an.

 

Eguzki Talde Ekologistak hitzaldi bat antolatu du otsailaren 21ean, asteazkena, 19:30tan Basteron. Hitzaldia Baso Biziak plataformako kide den Edu Zabalak emango du.

Andoaingo Eguzkin aspaldian kezka genuen gure inguruan ikusten dugun mendien egoeraz. Landaketak dira nagusia eta ia denak ustiaketara bideratuak. Ondorioa da aukera gutxi ematen diogula naturari garatzeko, bioaniztasunak bere adierazpenik zabalenean (habitata ezberdinen  mantentzea, espezie babestua eta ez direnen bizilekuak…) aurrera egin dezan.

Naturak eta honen parte den basoak, funtzio asko betetzen ditu, funtzio ekosistemikoak esaten zaie eta nagusienak: CO2 oxigeno eta biomasa bilakatzea, klimaren gorabeheren ondorioak apaltzen laguntzen du, ura araztu eta erregulatzen laguntzen du, uholde naiz luizi arriskuak arindu, gordailu genetikoa da, egurra ekoizten du, aisigune bihurtzen da…

Egun, nabarmen, pinuz egindako landaketak dira nagusi Andoaingo Mendiak herri onura mendietan.

Baina zuhaitz masa bati begiratzen diogunean ez gara gauza horien gehienen jabe. Horregatik, hitzaldi hau antolatu dugu:

  • Basoak betetzen dituen funtzio horiek azaltzeko.
  • Basoaren eta landaketen arteko aldea ezagutzeko.
  • Basoa kudeatzeko era ezberdinek dituzten ondorioak.
  • Jabetza mota ezberdinak eta huen aukeraz aritzeko: Tantai baso jabeen kooperatiba, Lugaia fundazioa…

Funtzio guzti horiek hobekien bertako basoak aurrera eramaten dituzte baina Andoainen kanpoko espezieekin egindako landaketak (insignis pinua bereziki) dira nagusi.

Hitzaldi hau erabat lotuta dago martxoaren 2 egin behar dugun beste ekintza batekin, zuhaitz landaketa. Zuhaitz landaketa herrikoia antolatu dugu data horretarako, irteera puntua Otitako aparkalekuan izango delarik. Honi buruz ere azalpenak emango ditugu hitzaldian.

Oharra: zuhaitz landaketari buruzko informazio gehiago ondorengo egunetan emango dugu.

Trenaren aldeko eta AHTren aurkako Jardunaldiak, Agurainen, Altsasun eta Irurtzunen

Trenaren aldeko eta AHTren aurkako Jardunaldiak egingo dira Agurainen, Altsasun eta Irurtzunen datorren astean, zehatz-mehatz, otsailaren 22tik 25era. Hona hemen egitaraua xehe-xehe:

Jardunaldi hauek Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformak Lautadan, Sakanan eta Goierrin egiten ari diren kanpainaren bigarren pausoa da. Lehenengoa joan den urtarrilean eman zuten, aipatutako eskualdeetako hainbat herritan elkarretaratzeak eginez. Honako collage honetan islatzen dira elkarretaratze horiek:

Hirugarren urratsa izango da apirilaren 20an Altsasun egingo duten manifestazioa izango da.

Eusko Jaurlaritzak Papresari emandako ingurumen-baimen integratuaren aurka helegitea aurkeztu du Eguzkik

Iturria: El Correo

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak 2023ko abenduaren 20ean Papresa enpresari Ingurumen-baimen integratua ematea erabaki zuen, aurretik auzo elkarteak, herritarrak eta Eguzkik  aurkeztutako alegazioei muzin eginez. Prozeduran, alegazio aurkezteko epe eskasa salatu genuela gogora ekarri nahi dugu. Ingurumen-baimenak zenbait baldintza jartzen ditu enpresaren jarduerarako, baina aipatutako talde eta herritarren iritzian, ez dira nahikoak naturaren kontserbaziorako eta pertsonen osasunerako eta segurtasunerako eta horretan oinarritu gara helegite hau aurkezteko.

Papresa, enpresa potentzialki kutsakor bezala sailkatua dago ingurumenean eta osasunean duen eraginagatik, eta horregatik, ingurumen-baimen integratuaren bidez, mugak ezartzen dizkiote hainbat ingurumen-parametrotan. Gainera, baimen horrekin, lehenago atmosferara botatzen ez zuen kutsatzaile berri bat (SO2) isurtzea onartuko diote.

Gure ustetan, baimenean jarritako mugak ez dira nahikoak naturaren kontserbazio-egoera ona lortzeko eta pertsonen osasuna bermatzeko, eta horrela azaldu dugu helegitean. Administrazio Publikoak ez du behar bezala babestu ez ingurumena ez pertsonen osasuna, eta ondorioz, ez da ondo betetzen ari legeak ezartzen dituen helburuak eta betebeharrak.

Ezin da ukatu gauden egoera klimatiko larri honetan kontaminazioa murriztu behar dela. Mundu mailan gai honetaz ulertzen duen talde zientifikoak dei egin du helburu hori ahalik eta lasterren lortzeko, bestela berandu izango da. Zentzu horretan, kontaminazioa dezente murrizteko akordioak hartu dira, 2030. eta 2040. urteetarako. Hemen, berriz, ez dira murrizten, eta aipatu dugun bezala, kutsatzaile berriak  isurtzea onartzen da, eta horrek urrundu egiten gaitu beharrezkoak diren helburuetatik.

Eguzkik, bere helegitean, eskatzen du, alde batetik eta zaratari dagokionez, indarrean dagoen 213/2012 Dekretua bete dadila, eta bestetik, atmosferara eta uretara botatzen diren kutsatzaileen eta sortutako usaien inguruan neurri zorrotzagoak daitezela. Eskaera hau bi irizpidetan oinarritzen da, lehena, enpresa hau 40.000 biztanle duen herri bateko erdigunean dagoela ez industrialde batean, eta bigarrena, Eusko Jaurlaritzak ahalmena duela legeek ezartzen dituzten neurriak baino neurri murriztaileagoak jartzeko.

Hori dela eta, neurri handi batean uste dugu borondate politikoko kontua dela, eta ez dugu zalantzarik, Administrazio publikoak naturaren eta pertsonen osasuna hobeto zaintzeko eta bermatzeko neurriak hartu behar dituela.

Agitiko arrain-haztegi zaharra desmuntatzeko eta kala lehengoratzeko eskatu du Eguzkik

Agitiko arrain-haztegia desmuntatzeko eta parajea lehengoratzeko bidea has dezala eskatu dio Eguzkik Kosta Zerbitzuari. Horretarako, batetik, bertan behera utzi egin behar du arrain-haztegia itsas-lehorreko jabari publikoan eraikitzea ahalbidetu zuen emakida, eta, bestetik, enpresari, Culmanor SAri, instalazioak desmuntatzeko eta parajea lehengoratzeko proiektu bat aurkez dezala eskatu behar dio, Kosta Legeak aurreikusi bezala.

Culmanor SAk erreboiloa gizentzeko eta txirla hazteko instalazioak 1989an eraiki zituen Agitin, Igeldoko kostan, Donostiako udalerrian, zehatz-mehatz, itsas-lehorreko jabari publikoko babes-eremuko 21.424 metro koadroko lursail batean. Horretarako baliatu zen 1991ko apirilaren 8ko ministro agindu baten bidez eskuratutako emakida batez.

Arrain-haztegiak 2006an utzi zion funtzionatzeari. Emakida, berriz, 2011n iraungi zen.

Geroztik, enpresa instalazioak berriz ere martxan jartzen saiatu da, erreboiloak ez baizik eta itsas amuarrainak hazteko. Ez du lortu, ordea. Izan ere, instalazioak zeharo abandonatuta eta txiki-txiki eginda daude.

Instalazioak gaue egun txiki-txiki eginda daude eta zeharo abandonatuta.

Nolanahi ere, 18 urte pasatu dira haztegiak funtzionatzeari utzi zionetik eta 13 urte emakida iraungi zenetik. Gauzak horrela, logikoa dirudi jabari publikoaren emakida bertan behera uzteko eta parajea lehengoratzeko bideari ekiteak. Kontuan izan behar da “arrain-haztegia inguruko paisaia-kalitatearen degradazio-elementu bat” dela, enpresaren beraren dokumentazioan aitortzen den bezala.

EGUZKI, 2024ko otsaila

Ogi bat galtzarbean dakarrela etorri behar du aldiriko tren-lineen transferentziak

Iturria: Arizmendi / DV

Badirudi aldiriko tren-zerbitzuen transferentzia, urte askotako blokeoa gainditu ondoren, iristear dela. “Oraingoan bai”, dioskute. Hemendik aurrera transferentzia “edozein momentutan” gauzatu daitekeela adierazi du Iñaki Arriola Garraio sailburuak. Beranduenez, martxoan. Izan ere, PSOEk eta EAJk inbestidura-akordioan urteko lehen hiru hilabeteetarako adostu zituzten transferentzietako bat da.

Ez dugu negoziazioei buruzko xehetasunik ezagutzen, jakina, baina pentsatzen dugu Irun-Brinkola, Abando-Santurtzi, Abando-Muskiz eta Abando-Urduña lineak transferituko direla, baita Bilbao-Balmaseda linea ere. Miranda eta Altsasu bitarteko zati arabarrean aldiriak transferituko balira edo gutxienez aurrerapenen bat egongo balitz, oso albiste ona izango litzateke. Izan ere, zati horren gainean dagoen herri-aldarrikapena ezin zuzenagoa iruditzen zaigu.

Negoziazioei buruzko xehetasunik ezagutzen ez dugunez, transferentzia zer puntutaraino izango den “osoa” edo “integrala” ere ez dakigu, baina badirudi ez dela inolaz ere izango Kataluniako rodalien mailakoa. Ematen du Jaurlaritzak bere gain har ditzakeela plangintza, koordinazioa, ikuskaritza, tarifak… Laburbilduz: kudeaketa. Langileek, materialek eta azpiegiturek, berriz, Estatuaren ardurapean izaten jarraituko lukete. Are gehiago, litekeena da zerbitzua bera RENFEk kudeatzen jarraitzea, eta horren kostua Kupoaren kontura finantzatzea. Hori adierazi du, behintzat, Irungo alkate ohi Jose Antonio Santanok, Garraioetako Estatu-idazkari izendatu berriak.

Xehetasun hauek guztiak garrantzitsuak dira eta aurrerantzean horietaz hitz egiteko aukera ez ezik beharra ere egongo da. Baina Eguzkikoontzat une honetan garrantzitsuena da nabarmentzea transferentziak, oroz gain, aldiriko tren-zerbitzua hobetzeko bitartekoa izan behar duela. Izan ere, zerbitzu hori oso kalitate eskasekoa da, erabiltzaileek ondo baino hobeto dakiten bezala. Irisgarritasun-arazo larri eta oztopo arkitektoniko handiak dituzten geltokiak daude; erabiltzaileek hainbatetan trenbide gainetik pasatu behar dute, lurpeko pasabiderik ezean; pasonibel arriskutsuak ere badira; tren-zerbitzu ugari bertan behera gelditzen dira behar beste langile ez dagoelako, sarri aurrez abisatu gabe, gainera; atzerapenak kronikoak dira; informazioa eskasa da; makina eta bagoiak zaharrak dira… Faktore horiek eta beste batzuek zerbitzuaren kalitatea minimo historikoetara eraman dute zenbait lineatan, behin baino gehiagotan salatu dugun bezala. Hori ote da “herentzian” jaso behar dugun zerbitzua?

Gure ustez, transferentziak etorri behar du ogi bat galtzarbean dakarrela, haur jaioberriak etortzen omen ziren bezala. Eta metafora egokia iruditzen zaigu transferentziak aldiriko tren-lineen birjaiotze edo berpizkunde bat izan behar duelako. Kontua baldin bada gutxi gorabehera orain arte bezala jarraitzea, zertarako hainbeste urteko erreibindikazioa?

Beste era batera esanda: transferentziaren balorazio ekonomikoak kontuan izan behar du zerbitzua egoera txarrean dagoela, batez ere denbora luzean behar baino askoz gutxiago inbertitu delako, eta, ondorioz, datozen urteetan inbertsio handiak egin beharko direla. Betiere zerbitzua garaiak eskatzen duen mailan jarri nahi bada, jakina. Hau da, kalitatezko zerbitzu publikoa, eraginkorra eta efizientea, beste garraiobide batzuekin lehiakorra eta alternatiboa, eta sozialki errentagarria eskaini nahi bada.

Arriolak ondo asko daki erabiltzaileek transferentziatik batez ere zerbitzua hobetzea espero dutela. Horregatik, dagoeneko “pazientzia” eskatu du, badaezpada. Eta ondo da, argi baitago egoerak ez duela hobera egingo gauetik goizera paper bat sinatze hutsagatik, paper hori sinatzea urte asko kostatu bada ere. Baina ondo da baldin eta pazientziarako dei hori zerbitzua nabarmen hobetzeko borondate irmoarekin lotuta badago. Eta borondatea aurrekontuetan islatzen da. Garraio publiko eta jasangarria sustatu egin behar dela esatea oso ondo dago, baina soil-soilik esanak eta eginak bat badatoz.

Dagoeneko entzuten ari gara: “Tira, hobekuntzak egin egingo dira, noski, baina poliki-poliki, gauza guzti-guztietarako ere ez dago eta dirurik”. Alabaina, nahi dutenerako, dirua egon badago, eta, ikusten denez, nahi bezainbeste. Horra hor AHTa, eta aitor dugu adibide hori espresuki ipintzen dugula besteak beste badakigulako Arriolak ez duela batere maite.

Kritika honek balio du Estatuko gobernuarentzat, berak izan baitu orain arte aldirien titulartasuna eta, beraz, inbertsio-erantzukizuna. Baina Jaurlaritzarentzat ere balio du. Izan ere, urte hauetan guztietan transferentzia aldarrikatu bai, baina aldirietako zenbat hobekuntza-lan eskatu, bere gain hartu eta finantzatu ditu Kupoaren kontura, AHTarekin egin duen bezala?

AHTa “estrategikoa” omen da. Aldirietako trena, aldiz, ez horrenbeste, antza. Hala ere, “jendeak” egunero erabiltzen duen trena da. Horregatik Eguzkitik zera azpimarratu nahi dugu: transferentziak, oroz gain, esanahi politikotik harago eta horren inguruan nahitaez eratuko den marketinetik harago, zerbitzua nabarmen hobetzeko tresna izan behar du, ogi bat galtzarbean dakarren haur jaioberria izan behar du. Nabaritu egin behar da!

EGUZKI, 2024ko otsaila

Ekologistok eskatu dugu Oria ibaian dagoen Orbeldiko presaren eraispena bizkortzea, aingiraren migrazioan duen eraginagatik

Orbeldiko zentral hidroelektrikoaren eraikin zaharra eta presa. Presa da itsasotik errioan gora doazen arrainek aurkitzen duten lehen oztopoa. Beraz, ikuspegi ikologikotik, premiazkoa da botatzea, eta halaxe aurreikusi du Aldundiak berak. Orbeldin bada, ordea, ur bizien kanal bat eraikitzeko proiektu bat, presa ezinbestekoa duena. Eta Aldundiak kanal horri baiezkoa eman dio. Presa eta Aldundiaren Aingira Berreskuratzeko Plan Integrala ez dira bateragarriak.

Ibaietan gora doan espezie migratzailea da Europako aingira, eta angula da bere arrainkumea. Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (NKNB) zerrenda gorrian sailkatuta jarraitzen du, “galtzeko arrisku larrian” kategorian, euskal balea, errinozeronte beltza, gorila edo orangutana bezala. Desagertze-testuinguru honetan, Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko diputatuak, Batzar Nagusiek eskatuta, Gipuzkoan aingira europarra berreskuratzeko Plan Integrala (2024-2034) aurkeztu berri du.

Bestalde, Aldundiak 2020an idatzi zuen Gipuzkoako Oztopoak Iragazkortzeko Plan Zuzentzailea (2020-2035). Plan horrek 228 presatan esku hartzea aurreikusten du herrialde osoan, eta horietatik 114 Oria ibaiaren arroan daude (Usurbilgo Orbeldikoa barne). “Oztopo horietako gehienek –dio Planak– aingiraren goranzko migrazioari eragingo liokete, hau da, aingirak arroen erdiko eta goiko aldeak kolonizatu ahal izatea eragozten edo zailtzen dute”.

Era berean, Planaren arabera, presa horiek eragiten dituzten ondorioek –horietako batzuetan esku hartzen ari da dagoeneko– “aingirari ez ezik, funtzionamenduari eta erregimen hidrologiko naturalari, ibai-ekosistema osoari eta osagai biologikoari ere eragiten diete. Irtenbiderik onena oztopoak eta presak erabat eraistea da. Ingurumen-irtenbiderik positiboena edo eraginkorrena da epe ertain eta luzera, eta ibai-konexioaren erabateko leheneratzea bermatzen du, bai eta ura pilatuta dagoen oztopoaren tartean ibai-habitata berreskuratzea ere”.

Ulertezina bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023an ezetsi egin zituen Eguzkik, Anerreka Ingurumen Elkarteak eta Naturkonek (Gipuzkoako talde ekologista eta naturalisten koordinatzailea) aurkeztutako alegazioak, eta erabaki zuen “interes publikokotzat” jotzea Plan Berezia, zeinak Oria ibaiaren ibilguan, zehazki, Usurbilgo Orbeldiko zentral hidroelektriko zaharrean, ur amilen kanal bat eraikitzea ahalbidetuko zuen. Baina horrek presa zaharkituak arrain-fauna migratzailearentzat dakarren oztopoa mantentzera behartuko luke. Are gehiago, lehen aipatutako Gipuzkoako Oztopoak Iragazkortzeko Plan Zuzentzailearen arabera, Orbeldiko presa eraistea Oria biziberritzeko funtsezko helburuetako bat da, bokaletik ubidean gora doan arrain-faunak aurkitzen duen lehen oztopo handia delako. Izan ere, beren-beregi irakur daiteke bertan: “Orbeldiko presa txikia eraistea nabarmendu behar da [aurreikusitako jarduketen artean], bokaletik lehen oztopoa baita”.

Ez da ahaztu behar, ezta ere, Usurbilgo udalerriko Oria Ibaiaren Paisaiaren Ekintza Planak (2016) “Orbeldi inguruko ingurumena eta paisaia lehengoratzea proposatzen duela, abandonatutako eraikuntza kenduz eta presa botaz; izan ere, gaur egun, hori oztopo da iktiofaunarentzat, bai eta Oriako uraren fluxu naturalarentzat ere”.

Orbeldiko presa ur amilen kanal bat egiteko mantentzea ez da inola ere koherentea aurkeztu berri den Aingira Berreskuratzeko Plan Integralak dioenarekin.

EGUZKI TALDE EKOLOGISTA

ANERREKA INGURUMEN ELKARTEA

NATURKON, GIPUZKOAKO TALDE EKOLOGISTA ETA NATURALISTEN KOORDINATZAILEA

Eragozpen Fiskala ekimeneko ekintzaileei gure elkartasuna adierazi nahi diegu

EGUZKIk elkartasuna adierazi nahi die Eragozpen Fiskala erakundeko ekintzaileei, gastu militarraren aurkako ekintza batengatik epaituko baitituzte otsailaren 17an.

Ekintzaile batek 700 euroko isuna ordaindu beharko du; beste hirurek, 2.800 euro. Ekintzak 2023an gastu militarra 48.800 milioi eurora igo zela salatu zuen. Epaiketa 12:00etatik 13:00etara izango da, eta gure babesa ematen dugu gastu militarraren aurkako indarkeriarik gabeko ekintza zuzen hau babesteko.

Eragozpen Fiskaletik 2 gauza eskatzen dizkigu:

Orain bi gauza eskatu nahi dizkizuegu:

  • Lagun iezaguzue epaiketaren egunean; oso kaleko ekintza dibertigarria prest daukagu, eta horretarako behar zaituztegu.
  • #EragozpenFiskala hashtag  erabiliz sare sozialetan argitaratuko ditugun argitalpenen berri eman dezazuela.

Otsailaren 7an, 12:00etan, Bilboko Barroeta Aldamar kaleko 10ean dauden epaitegietara joateko deia egiten dizuegu.

 

Hondakinak negozio gisa… baita Nafarroan ere

Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko salaketa trukearekin sortutako eskandaluak erakunde horien arteko hautsak harrotu ditu, Ecofert Sansoain Artaxoako plantara baimenik gabeko hondakin likidoak bidaltzeagatik. Baina polemika orain piztu bada ere, hondakinek Nafarroan sortzen dituzten arazoak urrunetik datoz.

Duela gutxi jakin genuen Guardia Zibilaren Sepronak hainbat enpresa ikertu zituela legez kanpoko nazioarteko hondakinen trafikoagatik, “hondakin horien mugaz gaindiko trafikoaren negozio gozoari muga jartzeko”. Eta horretan ari gara, hainbeste diru mugitzen denean erne egon behar baita…

Azken 10 urteetan, Nafarroako lurretan, batez ere Erdialdean eta Erriberan, Estatu osotik datozen industria-hondakin organikoak jasotzen dituzten hainbat enpresa instalatu dira. Dirudienez, jarduera hau negozio handia da, eta Nafarroako Gobernuaren permisibitatea dela eta, hedapen kezkagarria gertatzen ari da, gure Erkidegoa zabortegi bihurtuz.

Ez zen kasualitatea izan Mendigorrian duela hiru aste Bizkaitik zetorren industria-hondakin organikoz betetako kamioi batek izandako istripua. Izan ere, milaka kamioi ibiltzen dira urtean zehar Nafarroako errepideetan, industria-hondakinak plantetara eramateko. Nafarroara doazen Zubietako erraustegiko hondakinekin soilik 200 kamioi inguru izan daitezke urtean. Argi dago ez dela Europak ezarritako hurbiltasun eta autosufizientziaren printzipioa betetzen ari. Printzipio hau ez betetzea klima aldaketaren aurkako borrokaren kontra doa.

Orain arte hondakin organikoz biogasa ekoizten duten biometanizatzeko plantak erabiltzen ziren hondakinak jasotzeko aitzakia gisa, baina orain ikusi dugu Artaxoako Ecofert Sansoainekin biohondakinak konpostatzeko plantekin ere egin daitekeela. Nafarroako ingurumenerako ondorioa: lurzoruen eta lurpeko uren kutsadura.

Zubietako erraustegiko hondakinekin aurkitutako irregulartasunek erakusten dute Gipuzkoako eta Nafarroako administrazioek ezarritako kontrola ez dela nahikoa, ez jatorrian, ez helmugan. Nafarroak, dirudienez, Zubietatik hondakin kopuru handiak jaso ditu 2022 eta 2023 urteetan, legez kanpo. Aldi berean, Artaxoako instalazioak legez kanpoko hondakin kutsatzaile ugari jaso ditu Tuteratik, eta, dirudienez, hurbilen dagoen ubidean isurketak eginez.

Kutsatzea oso merke ateratzen da. Oro har, merkeagoa da isunak ordaintzea, ez kutsatzeko neurri egokiak hartzea baino. “Kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipiotik “ordaindu dezakeenak kutsa dezake” printzipiora pasa gara.

Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako hondakinen karakterizazioarekin berriki izan ditugun arazoak akats hutsak baino larriagoak izan daitezkeela susmatzen dugu. Agian ez dugu inoiz jakingo, baina ezin dugu baztertu gertatutakoa izebergaren punta besterik ez izatea eta aurrerantzean antzeko kasu berriak agertzea.

Ingurumenaren jasangarritasunak erakundeen borondatea eskatzen du, eta horrek, gainera, aurrekontu ekonomiko egokia izatera behartuko luke Ingurumen Saila. Horrek langile gehiago izatea ahalbidetuko luke, Nafarroako hondakin-planten gaineko kontrolak areagotzeko, bai eta estatu osotik inportatzen diren hondakinen gainekoak ere.

Gainera, kontuan izan behar dugu biometanizazio planta hauen Ingurumen Baimen Integratuak bi urtean behin bakarrik behartzen dituela hondakinak isurtzen dituzten lurzoruak aztertzera. Eta ez dute analisietan erabiltzen dituzten lurzoru-laginen egiazkotasuna kontrolatzen. Beraz, oso kontrol lausoak dira, kutsadura kontrolatzeko balio ez dutenak.

Azkenik, azpimarratu behar da Ingurumen Sailak ez duela betetzen Gardentasunari eta Informazio Publikoa Eskuratzeko Eskubideari buruzko Legea, eta eragotzi egiten duela herritarrak eta bere erakunde ekologistek gero eta kutsagarriagoa den industriaren jarduera ezagutzea.

Artikulu hau sinatzen dute:

Juan del Barrio, Lurra-ren izenean.

Jesus Arbizu, Compañía de las 3R-en izenean.

Nerea Martiarena, Sustrai Erakuntzaren izenean.