All posts by Andoain

Aralar: epailea hasi da Doniturrietara doan pistaren eraikuntzarengatik ikertuei deklarazioa hartzen

Aralrako piste kalteak 3Honelako "mendi bide bat egokitzeak" egin zituzten Goroskintxurako pista eraikitzerakoan eta bukaeran topatuko duzuen irudian, Doniturrietarako pistan egin dutenarena ikusiko duzue.

Aralar

Azken lau urteetan, Aralarko Natur Parkean eraikitako bi pistek zeresan handia eman dute. Enirio Aralar Mankomunitateak bultzatuta eta Gipuzkoako Aldundiaren baimenarekin, 2016an Natura Parkearen erdiguneraino iritsi daitekeen pistaren erdia eraiki zuten Mendi Babesle izendaturiko eremuan. Eguzkik eta Landarlanek asmo hauek ikusita, baita azpiegitura hura ingurumen legediaren aurka zihoala ere jakinda, Ingurumen Fiskaltzara jo genuen, eta honek delitu zantzuak ikusi zituenez, kasua Tolosako epaitegiaren esku utzi zuen, bertan Aldundiko zenbait ordezkari ikertuak izaten ari direlarik.

Lehen azpiegitura hura epaitegian egonik, geure harridurarako, 2017an Mankomunitateak bigarren pista bat eraikitzeko (bultzatzaileek “egokitzeko” diote) tramiteak abian jarri zituen zazpi herritako ordezkarien aldeko botoekin: Abaltzisketa, Altzaga, Amezketa, Arama, Beasain, Lazkao eta Ordiziako udal ordezkarienak. Aldundiko Ingurumen sailak argi berdea eman zion azpiegitura berri honi 2018ko udaran ere, nahiz eta pista berri hura berriro Mendi Babeslean izan. Kasu honetan gainera legez babesturiko zuhaitzak bota ziren, eta jada iristeko pista zuten txabolei, bigarren pista bat eraiki zitzaien. Gertatutakoaren aurrean, Eguzki eta Landarlaneko kideok bigarren azpiegitura honen berri  eman genion Ingurumen Fiskaltzari, bultzatzaileak salatuz  eta honek epaileari.

3 metroko

Irudi hau egun ez da posible ikustea

Aste honetan eta hurrengoan zehar, epaitegian deklaratu beharko dute, mankomunitate eta aldundiko ordezkari politikoek zein mankomunitate eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko Haziko teknikoek ere. Mankomunitateko ordezkari politiko auziperatuak ez dira ikertuak izaten ari, beraiek dioten bezala “mendi bide bat egokitzeagatik”, oinezkoentzako bidexka batean (babesturiko eremuan) ibilgailuentzako ia 4 metro zabalerako pista bat egiteagatik baizik. Udaletako zein Aldundiko ordezkariek ongi ezagutu beharko lukete Aralarko legedia, eta ulerkaitza eta seriotasun gutxikoa dela iruditzen zaigu jada auzi bat abian izanik bigarren pista bat eraikitzea.

Guretzat nabari den lege-hauste hauen salaketaren azken helburua, suntsitutako lurzorua ahalik eta gehiena lehengoratzea da.

Eguzki eta Landarlan bezalako ingurumen elkarteen eginkizuna ingurumenaren defentsarako ahotsa izatea da, eta hura kaltetzen duten ekintzen aurrean modu aktibo batean parte hartzea. Gureak bezalako taldeak beharrezkoak direla uste dugu egungo gizartean, are gehiago bizi ditugun garai hauetan (Klima larrialdia, kutsadura, biodibertsitatearen eta lurzoruen galera, eta abar).

Heemen lehengo eta oraingo ortofotoak.

Doniturrietako ortofotoa lehen orain

(Ezkerrean egungo Googlen ortofotoa, eskubian pista eraiki aurrekoa)

Aurreko bidearen “egokitzapena” dela diote bultzatzaileek, garbi dago oinezkoen (edo BTTentzako) bide bat pista bilakatu dutela babesturiko eremuan  (non lurzorua ere babestuta dagoen) . 

Hainbat lekutan metro betera iristen ez zen bidexka, 3-4 metroko bidea, pista bihurtu dute.

DONOSTIA. 2020ko urtarrilaren 24an

EGUZKI  eta  LANDARLAN

Angularen isilpeko arrantza Orian

Honako iritzi artikulua, Naturkonekon kideak idatzi dute Berrian 2020ko urrtarrilaren 17an, argitaratu zuten erreportai baten harira. Hona hemen esteka  bat, bestea iritzi artikuluan bertan azaltzen baita:

https://www.berria.eus/paperekoa/1905/012/001/2020-01-17/guk-ere-eskubidea-dugu.htm

Ibai ertzetik egindako arrantza izan da tradizioz angularena. Espeziearen biziraupena bermatzeko berau  debekatzea beharrezkoa da, baldintzak hobetzen ez diren bitartean.

Ibai ertzetik egindako arrantza izan da tradizioz angularena. Espeziearen biziraupena bermatzeko berau debekatzea beharrezkoa da, baldintzak hobetzen ez diren bitartean.

 Angularen isilpeko arrantza Orian

Aurreko astean, egunkari honetan bertan plazaratutako erreportaje baten bidez [Isil-gordeka egin beharreko arrantza], zehatz-mehatz irakurri genuen nola dabiltzan Oria ibaian angularen isilpeko, legez kanpoko arrantzan (furtibismoa deitzen zaio honi). Erabateko normaltasunez jakinarazten zaigu nola saihesten dituzten arrantzaleek polizien zaintzak, nola ibiltzen diren kopetako argiak itzalita haien ihesi. Legez kanpo egiten duten jardueraz administrazioa jakitun delarik, mina agertzen dute ez zaielako erraztasunik ematen. Lizentzia gehiago nahi dituzte, orain isilpean egiten dutena erosoago egiteko.

Baina, arrantzaleen jarduna harrigarria bada, benetan larria Usurbilgo alkatearena da. Isilpeko arrantzaleen kexa arrazoizkoa iruditzen zaio, eta, erreportajean aipatzen denez, «nabarmendu du, gainera, angulak harrapatzeko ohitura handia dagoela Usurbilen, eta talde horretako kideen egoeran herritar ‘dexente’ daudela». Isilpeko arrantzaleen jarduna salatu ez, baizik eta normalizatu nahiko luke arrantza saileko arduradunekin hitz eginez.

Usurbilen, Aginagan eta Orion inon baino hobeto ikusi dute, nola egin duen gainbehera angulak azken urteetan Oria ibaian. Afanean arrantzatutako angula pilak erabat saldu ezin, eta baratzeetarako simaur gisa erabiltzetik, gauean lehorretik ale gutxi batzuk biltzera pasatu dira urte gutxitan. Horrek, ordea, ez die zer pentsatua ematen arrantzaleei, eta dirudienez, ezta alkateari berari ere. Lehorretik diogu, errekan txalupaz askoz gehiago biltzen baitute, aisialdiko arrantza sekulako negozioa bihurtuz, hau ere isilpekoa eta legez kanpokoa, inolako kontrolik gabea (saltoki eta jatetxeetan, bederen).

Txalupaz egindako arratzak bereziki kalte eiten dio gainbehera nabarmenean  dagoen angula/aingirari.

Txalupaz egindako arratzak  kalte egiten dio kalte, bereziki, gainbehera nabarmenean dagoen angula/aingirari. Iturria: Karkara.

Eskandalua da. Aingira arriskuan dagoen espeziea da. Europan zorrotz arautu dute bere arrantza, eta bide horretan AZTIk egindako ikerketen ondorioz, ikerlariek angula/aingiraren arrantza ia zerora mugatzea eskatzen dute. Nola da posible, orduan, aingiraren arrainkumeak, angulak, arrantzatzeko halako lizentziak hartu nahi izatea? Zein eskubide dute usurbildarrek, gainerakook ez duguna, arriskuan dagoen espezie baten kaltetan aritzeko?

Iazko urrian bildu ziren Orion angula txalupaz eta lehorretik harrapatzen aritzen diren hauek arrantza sailburuarekin, AZTIko ikertzaileekin eta Ondarroa 12 milia zein Naturkon taldeen ordezkari gisa joandako natur kontserbazionistekin. Bilera hartan arrantzaleek plazaratu zituzten euren nahi eta kezkak. AZTIko ikertzaileak azaldu zuen espezie honen egoeraren larritasuna eta naturazaleek ere babestu zuten arrantzaren kudeaketan, ezinbestez, zientzialarien gomendioetara mugatu beharra. Baina, depredaziorako sena itsuak ez du zientziaz ezer jakin nahi, usadioaren izenean edozer justifikatzeko prest daude batzuk, bioaniztasunaren galera barne.

Datu zientifikoak oso argiak dira, Europako erreketan galzorian dago aingira, eta eskaera zuzena da angularen arrantza debekatzea. Eusko Jaurlaritzaren arrantza-zuzendaria da, Leandro Azkue, angularen arrantzaren arduradun politikoa (eztabaidagarria da zeharo angula-arrantza itsasoko arrantzatzat hartzea, baina tira…). Berak dio ez duela asmorik angularen arrantza debekatzeko, hala, iaz ia 800 lizentzia banatu ziren EAEn angularen arrantzarako. Nola uztartzen da hau arrantza ia zerora mugatzeko eskakizunarekin? Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arrantza-arauek ez dute baimentzen aingira harrapatzerik, baina ez ikusiarena egiten du. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak dio Europako Batasunaren Ekintza Plana buletinean argitaratu arte ez dela debekatuko. Bitartean, txalupaz arrantzaleek angulen populazioan egiten duten barrabaskeria kontrolatu gabe jarraitzen dugu, eta bistakoa denez, lehorretik ari direnen lantuei hitza ematen. Hori bai, Australiako koalen, Amazoniako tximinoen, Asturiasko hartzen eta Yellowstoneko otsoen alde egiteari utzi gabe…

Administrazioei eskatzen diegu, euren mandatua den bezala, legea betearaz dezatela, isilpeko arrantza bukatu eta araututakoa behar bezala kontrolatuz. Bide horretan, aingira/angularen errekuperazio-plana lehenbailehen EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratzea eskatzen dugu. Horrekin batera, ezinbestekoa da motordun txalupetatik egindako arrantza guztiz debekatzea, eta plan horrek emaitzak eman bitartean, zuhurtziaz jokatzea litzateke lehorretik egindako arrantzari urte batzuetako moratoria ezartzea. Planak funtzionatzen badu, egongo da denbora, espeziea errekuperatzen hasten denean, lehorretik arrantzatzeko lizentziak zozketaz banatzeko. Angulak lehorretik harrapatzeko ezagutza balio handiko patrimonioa da euskal kostaldean, baina, hurrengo belaunaldiek jasoko badute, gaur hartu behar dira neurriak.

Azkenik, gai honekin ezin bukatu angularen legez kanpoko, isilpeko, salmenta salatu gabe. Jatetxeetako angula-salmenta bukatu behar da behingoz, eta horretarako bitartekoak jarri behar ditu administrazioak. Baina, angulak saltzen badira, nonork jaten dituelako da, eta hor herritarrok dugu ardura. Angulak jateari uztea da legez kanpoko mafia hauek bukatzeko biderik zuzenena.

Aitor Leitza Alberdi, Rafa Perez Beristain eta Aitziber Sarobe Egiguren. Naturkon.

Ereñotzuko presa: ingurumenaren alde jardutea eskatu dio Eguzkik Udalari

ereñozu1Ereñozuko presaren ikuspegi bat.

Iazko abenduaren 18an, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak Errenteriako Udalaren jabetzakoa den ekoizpen elektrikorako Ereñozuko Urumea ibaiko uren 4.000 l/s-ko aprobetxamendu eskubidea iraungitzea erabaki zuen, indarrean dagoen araudia aplikatuz. Ebazpen berean Udalari eskatzen zaio 10 hilabeteko epean aurkez dezala presa eta arrainen eskala eraisteko proiektu bat.

Espediente honen hasieratik interesdun izan garen AEMS Rios con vida eta Eguzki kolektibook oso positibotzat jotzen dugu ebazpen hau, behar bezala justifikatuta geratzen baita administrazio eskudunen zerbitzu teknikoek xede horretarako egin dituzten txostenen bidez.

La escala nunca ha llegado a cumplir su función de facilitar el movimiento de las especies piscícolas.

La escala nunca ha llegado a cumplir su función de facilitar el movimiento de las especies piscícolas.

Lehen aipatutako kolektibook Udalari zuzendu gatzaizkio, emakidaren jabea baita, ingurumenaren aldeko jarrera aktiboa har dezan, bai eta Natura 2000 Sarearen parte den ibai-enklabe honetarako ezarritako ingurumen-helburuen aldekoa ere. Era berean, aipatutako ebazpena betez, eskatutako proiektua ahalik eta lasterren aurkezteko eskatu diogu, ibai-konektibitatea eta ibai horretan izokina berreskuratzea zailtzen duen oztopo horrekin amaitzeko.

Gipuzkoako baso naturalak berreskuratzeko jardunaldia IDEO-ORONAN

Naturkonek baso-politika berri baterako oinarriak jarri eta LURGAIArekin bat egin du erakundeek baso naturalak berreskuratzeko utzikeriari erantzuteko

Joan den larunbatean, Mondragon Unibertsitatearen Orona-Ideo campusean, jardunaldi tekniko bat antolatu zuen Naturkon plataformak Gipuzkoan eta Euskal Herrian basoak berreskuratzeari eta klima aldaketaren aurkako borrokari buruz. Hainbat adituk erakutsi zituzten beren esperientziak ikerketa eta kudeaketa alorretan. Antolatzaileek aldarrikatzen dute ezinbestekoa dela baso naturalak birsortzea atmosferako CO2 ezabatzeko, klima-aldaketari aurre egiteko eta biodibertsitatearen galera geldiarazteko.

 

Jardunaldiaren une bat

Jardunaldi interesgarri eta biziaren une bat

Horrela, Landarlan Ingurumen Elkarteko Garazi Auzmendik (bideoa, hemen), komunitate zientifikoak klima aldaketaren arrazoiei aurre egiteko duen garrantziari dagokionez, baso naturalek duten garrantzia nabarmendu zen, karbono atmosferikoa enborretan, adarretan eta zoruetan finkatzen baitute zuhaitzek. Hala ere, esan zuen berehala murriztu behar dugula gure kontsumo maila edo karbono aztarna, oro har. Hizlariak horren inguruan dagoen hobekuntza-marjina handia nabarmendu zuen, zuhaitz biziei dagokienez ez ezik, hildako egur kopuruari dagokionez ere bai. Karbono-metaketa hori guztia horrela mantendu beharko litzatekeela ere nabarmendu zuen, egur moduan, inola ez errekuntzara bideratuta, horrek atmosferara atzera itzuliko bailuke finkatutako karbonoa. (Galde-erantzunen bideoa, hemen).
Bestalde, Santiago de Compostelako Unibertsitateko Agustin Merinok (bideoa, hemen), gure mendietako lurzoruak babesteko baso-kudeaketaren garrantzia azpimarratu zuen, izan ere, gurea bezain giro euritsuan (Galizian, Asturiasen, Kantabrian eta Euskal Herrian) eta erliebe maldatsuan higadurari aurre egiteko, baso-kudeaketak garrantzia handia baitu. Bere lursailak ingurumen-irizpideekin kudeatzen dituzten baso-jabeei lagun dakiela eskatu zuen. (Galde-erantzunen bideoa, hemen).

 

Mario Díaz, Ikerkuntza Zientifikoen Goi Zentroko eta Natur Zientzien Museo Nazionaleko inbasio biologikoetan aditua, eukalipto espezieak exotikoak eta inbaditzaileak direla azpimarratu zituen (bideoa, hemen), eta, horrez gain, Australiatik eta Ginea Berritik iritsitako espezie horiek Kantauriko mendietan edo eremu konfinatuetatik kanpo erabiltzeak dakarren mehatxuez gaztigatu zuen. (Galde-erantzunen bideoa, hemen).

 

Iñaki Azkarate Errenteriako Udaleko Ingurumeneko Goi Teknikariak, Errenteriako eta Donostiako Udalek elkar hartuta Añarbeko Baso Erreserba izendatzeko egindakoak laburtu zizkigun (bideoa, hemen): 1.000 hektarea harizti zabaletan Aiako Harriko Kontserbazio Bereziko Eremu Bereziaren eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Eremu Berezian. Gipuzkoako eta Bizkaiko hariztirik handiena da. Bertan animalia-espezie basati ugari eta Añarbeko edateko ur erreserba daudela nabarmendu zuen, Gipuzkoako populazioaren erdia hemendik edaten baitu. Era berean, udalerrien eta gainerako administrazio publikoen zeregin eta ardura handiak nabarmendu zituen, gure basoak berreskuratzeko eta klima babesteko, eta, horretarako, baso publikoetan egurraren ekoizpenari uko egin eta baso-ondarea handitu dadila eskatu zuen, baso-lurrak erosita. (Galde-erantzunen bideoa, hemen).

Lurgaia Fundazioaren esku-hartze desiratua iristean, haren zuzendaritzako kide Amador Prietok ondare naturala eta biodibertsitatea kontserbatzeko eta birsortzeko helburuekin erakundeak egindako kudeaketa laburtu zuen (bideoa hemen). Horretarako, baso-jabeekin harremanetan jartzen dira, zur labore exotikoen (pinudiak, eukaliptu-sailak eta abar) lurjabeekin harremanetan jarri, egitekoak adostu eta lurrak erosten dituzte, eta, azkenik, ingurumena lehengoratzen dute etorkizunean baso helduak izateko: hariztiak, pagadiak, ameztiak, artadiak, haltzadiak eta abar, eta, azkenik. Bestela, aldez aurretik jabeekin adostuta, erosi gabeko lursailetan lurraldearen zaintza egiten dute. (Galde-erantzunen bideoa, hemen).

 

Naturkon eta Lurgaia Fundazioak klima-borroka eta karbono-aztarna murriztean parte hartzera animatzen dituzte baso-jabeak, beren lurretan baso naturalak zaharberritzearen bidez, dagoeneko desagertuak baitira Gipuzkoako lurraldearen % 75etik. Era berean, proiektuan parte hartu nahi duten guztiei gogorarazten die ekarpen ekonomikoen bidez nahiz landaketako jardunaldietan, mendian egindako borondatezko lanaren bidez, lagundu dezaketela.

 

Harremana egiteko, jo helbide elektroniko hauetara:
naturkon.taldea@gmail.com / gipuzkoa@lurgaia.org
 
Donostia, 2019ko abenduaren 16a

Eguzkik klima aldaketaren aurrean konpromisoak eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzari eta tokiko erakundeei.

COP25- Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioaren alderdien konferentzia, gaur Madrilen hasiko dena, funtsezko nazioarteko bilera bat da, urtero munduko liderrak biltzen dituena, 2020tik aurrera emisioak murrizteko konpromisoak betetzeko beharrezko erabakiak hartzeko helburuarekin. Zero isuriko planeta baten helmuga bultzatu nahi du 2050ean

2019-09-27, Bilbo. Klima aldaketaren kontra greba Euskal Herrian. 27-09-2019, Bilbao. Huelga contra el cambio climático en Euskal Herria.

2019-09-27, Bilbo.  Euskal Herriko greba aldaketa klimatikoaren aurka.

2020. urtean sartuko da indarrean Parisko Akordioa. Akordio hori Klima Aldaketari buruzko XXI. Konferentzian (COP 21) negoziatu zuten 195 estatu kideek, 2015eko abenduaren 12an, eta 2016ko apirilaren 22an sinatu zen, Lurraren Eguna ospatzeko. Berotegi-efektuko gasen (BEG) isurpenak murrizteko neurriak ezartzen ditu, berokuntza globalaren ondorioetarako ekosistemak arinduz eta egokituz.

COP21etik, herrialde industrializatuetako bakar batek ere ez zituen ezarri espero ziren politikak, eta, jakina, ez dute bete aldez aurretik adostutako isurketen murrizketekin; aitzitik, berotegi-efektuko gasek gora egin dute Parisko goi-bileratik (CO2 % 4a, adibidez), baina egin izan balute ere, kide sinatzaileen emisio guztien batura ez litzateke nahikoa izango tenperaturaren igoera 2 ° C-tik behera mantentzeko.

Energia-sektoreak, energia zikinak — petrolioa, ikatza eta gasa — erabiltzen dituenez, berotze globalari ekarpen handiena egiten dion sektoreetako bat da. 90 enpresa inguru dira munduko emisioen ia bi herenen erantzuleak.

Lehen ere behin baino gehaigotan bat egin dugu mobilizaziioekin.

Funtsezkoa da eredu jasanezin hori aldatzea eta energia-sistema eraginkor, adimendun,% 100 berriztagarri eta demokratiko baterako trantsizioa azkartzea, berotze globala murrizteko helburuarekin. Erregai kutsatzaileak eta energia nuklearra alde batera utzi eta herritarren parte-hartzea handitu behar dugu, trantsizio berriztagarriari etekina atera diezaiogun.

Eguzkik honako hauen aldeko deia egin du:

  • Bestelako eredu energetikoa eta hondakinen kudeaketaren alde, energia nuklearrik, zentral termikorik eta erraustegirik gabe, planetako larrialdi klimatikoa larriagotzen duten instalazioak direlako.
  • EAEko erakunde guztiek – Eusko Jaurlaritzatik hasi eta tokiko erakundeetara – Energia berriztagarrien aldeko bultzada argia eta sendoa egin behar dute, baina ez energia-holding handiei mesede eginez (berdin dio hemengoak edo hangoak izan), baizik eta baliabideen kontrol publikoa bermatuko duen energia energia sorkuntza, gizartearekiko arduratsua dena eta ingurumena errespetatuko duena hala nola  tokian-tokiko energia sorkuntzari lehentasuna emango diona,  autoekoizpena eta autokontsumoarekin batera.
  • Beste mugikortasun (edo garraio-sarea) mota baten aldeko benetako apustua.

 klima aldaketa2

– Herriek edo/eta eskualdeek beren beharrak betetzeko aukera izan dezaten, ahalik eta mugikortasun txikienarekin.

-‘Trafikoa murrizteko” plan erreal eta eraginkorra.

– Non planak (Renove esaterako), baldin badaude, energia fosileko ibilgailuen flota energia berriztagarriko ibilgailuengatik (elektrikoak nagusiki) aldatzeko balio dezaten.

Baina kontrako zentzuan doaz Armentia 2 putzuari buruzko azken informazioak. Ez da posible klima-aldaketaren aurrean alarma adierazten duen Euskal Administrazioak berak Subijanakoa bezalako ikerketa-zundaketa bat baimendu eta bermatzea; izan ere, tokiko erakundeek nahiz autonomia-erkidegoek onartu duten egungo klima-larrialdiko egoera iraultzeko beharrezkoak diren inbertsio publikoen, posible bezain beharrezkoa den eredu energetikoaren eta  ingurune naturalaren aurkako atentatua da.

Horregatik, Eguzki talde ekologista eta antinuklearretik Subillan hidrokarburoak ikertzeko baimenak ematearen aurka  gaude, baita energia nuklearra, errausketa edo kontsumismoa hazkunde ekonomikoaren oinarri gisa bultzatu edo babesten duenaren diskurtso berdearen aurka ere.

Beste batzuek bere poltikak edo/eta jarduerak pasatzen duten denbora eta xahutzen dute denon dirua.

“Nuestros” políticos también han organizado jornadas y campañas que no sirven más que para eso… Para salir en la foto.

Gainera, konpromiso eta erantzukizun pertsonalaren printzipioari jarraituz, gogorarazi behar dugu aldaketa ugari egin ditzakegula gure kontsumo-ohituretan eta gure beharren berreziketan, planetarekin harmonian bizitzeko benetan zer behar den hausnartuz. Adibidez…
• Hurbileko elikagaiak edo “0 kilometroko” produktuak kontsumitzea.
• Birziklatzea eta gure inpaktua murrizten saiatzea, zabor gutxiago sortuz.
• Ibilgailu pribatua gutxiago erabiltzea, beste bitarteko batzuen mesedetan, hala nola oinez ibiltzea, bizikleta edo garraio publikoa erabiltzea.
• Energia-kontsumoan aurreztea.

Tokiko ekoizpen eta kontsumo eredua hobetzeko, hondakinak birziklatu eta murrizteko, energiaren kontsumoa aurrezteko garai da, hala nola energia nuklearra, zentral termikoak eta petrolioaren edo gasaren eratorrien erauzketa, Armentia 2 putzuan egin nahi den bezala,  baztertzekoa. Baztertzekoa era berean,  gure lurraldeko zabortegi edo erraustegien mantentzeko nahia ere.

Euskal Herrian, 2019ko abenduaren 2an.

Basoen berreskurapena gipuzkoan jardunaldia

Krisi ekologiko globala bizi dugu eta “klima larrialdia” izendatuz gizarteratu du Eusko Jaurlaritzak berak egoera. Krisi ekologiko horren jatorria natur ingurunearen eta natur baliabideen muturreko ustiapenari lotuta dago. Gurean paisajeak berak erakusten digu larritasunaren maila, pinudien krisiak inoiz baino argiago bistaratu digulako egoera.

Aurreko urtean, Naturkon elkartean biltzen garen Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistok monolaborantzan oinarritutako basogintza intentsiboaren eraginak gizarteratzeko ahalegina egin genuen. Aurten horretan sakondu nahi dugu propio antolatutako jardunaldi baten bidez. Baina, diagnostikoa egiteaz gain, aterabideak bilatzen ere ari gara. Gipuzkoako basoak berreskuratzeko hainbat udal egiten ari diren ekimenak erakusteaz gain, Lurgaia fundazioak baso-lurrak zaintzen eta erosten egiten ari den lanaren berri emango dugu.

Gipuzkoan eta, oro har, Euskal Herrian, basoak berreskuratzea ezinbestekoa da karbono isuriak gutxituz klima aldaketari aurre egin eta biodibertsitatea berreskuratzeko. Lurgaia Fundazioaren eskutik egin nahi dugu bide hori.

Jardunaldiaren egitaraua kartelean bertan dator.

Zatozte abenduaren 14an IDEO-ORONAko ZERO aretoan antolatu ditugun jardunaldira.

 

 

Ekitaldia elebitan izango da
El acto será bilingüe

Basoen berreskurapenerako 2

 

 

 

Araban putzurik ez!

fracking SubillaSubillako putzua, fracking-a “debekatu” aurretik frogak egiteko prestatzen ari zirenean.

OHARRA; Honako hau Alea aldizkarian pretsa oharrari buruz argitaratutakoada, beraz ez da Itzulpen literala, jatorrizko prentsa oharra zoilik gazteleraz topatuko duzu.

Araban putzurik ez!

Arabako mugimendu ekologistaren irakurketa Armentia-2 putzuan zundaketa egiteko baimenaren inguruan.

Beti salatu izan dugu ezin dela gas ez-konbentzionalik ustiatu teknika konbentzionalen bidez, ingurugiroan kalte handiak eragin gabe.

Putzuek lur emankorreko hainbat eta hainbat hektarea kutsatuko lituzkete eta, Foru Aldundiko Teknikariek berretsi zuten legez, balio handiko akuiferoak kutsatuko lituzke ere. Eragin ekologiko guzti hauek, gainera, Gasteizko Mendietako Parke Natural proiektuaren lur eremutan emango lirateke.

Frackinaren garaiko mobilizazioetara itzuli behar ote dugu?

Adi egon, frackinaren garaiko mobilizazioetara itzuli beharko bagenu ere.

Gogora ekarri nahi dugu, gainera, Gasteizko Udalaren osoko bilkurak Armentia-2ko gas putzuekiko aurkakotasuna adierazi zuela, baita beste edozelako erregai fosilen ustiaketariko ere.

“Gasteizko Udalaren osoko bilkurak Armentia-2ko gas putzuekiko aurkakotasuna adierazi zuen”

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren proiektu gasistiko hau Ministerioaren baimenen zain dago, horretarako epeak gainditu egin diren arren, epaitegietan salatu dugun bezala.

Bestalde, putzua kokatuko litzatekeen partzelaren kalifikazio urbanistikoak ustiapen minero edo extraktibistak debekatzen ditu. Beraz, lur eremu horren birkalifikazio bat gertatu ezean, gaur egungo kalifikazioak ez du putzuaren eraikuntza martxan jartzea ahalbidetzen.

Orain aurkeztu berri den txostenak ez die aurkeztutako helegiteei ganoraz erantzuten. Bere garaian salatu genuen legez, badirudi erabakian helegiteek ez dutela eraginik izan.

Balio kualitatibo handia ematen diegu proiektu hauen aurkako oposizio eta mobilizazio sozialari. Adibidez, herri-helegiteak 2.000 sinadura lortu zituen bi astetan eta frackingaren aurka aurkeztu zen Herri Ekimen Legegileak 103.589, horietako 40.000 inguru Gasteizen.

Egindako azterketek garbi utzi dute Subillako egitasmoa aurrera eramateak, konpondu ezinezko kalteak eragingo dizkiola ingurumenari eta gure eguneroko bizitzari, egun inguruan edateko erabiltzen ari diren ura kutsatuz, esaterako.

Egindako azterketek garbi utzi dute Subillako egitasmoa aurrera eramateak, konpondu ezinezko kalteak eragingo dizkiola ingurumenari eta gure eguneroko bizitzari, egun inguruan edateko erabiltzen ari diren ura kutsatuz, esaterako.

“Ez litzateke onargarria izango gure ordezkari politikoek mobilizazio sozialei kasurik egin ez eta proiektuarekin aurrera jarraitzea”

Ez litzateke onargarria izango gure ordezkari politikoek mobilizazio sozialei kasurik egin ez eta proiektuarekin aurrera jarraitzea. Are gehiago, azken boladan ahoa bete izan dute Green Capital, Trantsizio Energetikoa eta larrialdi klimatikoaren inguruan berba egiten, eta hau guztiz bateraezina da erregai fosilen ustiapenarekin jarraitzearekin.

Izan ere, aditu guztiek diote lehenbailehen utzi behar zaiola erregai fosilen ustiapenari, hauek baitira aldaketa klimatikoaren eragile nagusiak.

Horregatik, behean sinatzen dugun Arabako kolektibo ekologistok gure gatz putzuekiko aurkakotasuna eta beste eredu energetiko batekiko aldekotasuna adierazi nahi dugu. Eta Eusko Jaurlaritza eta Gasteizko Udalari behin-betiko gas ustiapen planak bertan behera utz ditzatela.

Era berean, herritarrak egoera hau salatzeko deituko diren mobilizazioetara batzeko deia egiten dugu.

Sinatzaileak;

Berriztu, Fracking Ez Araba, Ekologistak Martxan, Fridays For Future, Eguzki, SETEM, AHTrik Ez Araba, Ekozaleak eta Extinction Rebellion Araba.

Lizarrustin (Aralar), abentura parkea legez kanpo!

Kontserbazionistok eta ekologistok natura eta biodibertsitatea babesteaz gain, bertan gozatzea asko estimatzen dugu eta ekintza ezberdinen bitartez hori bultzatzen dugu: oinez ingurua ezagutu, argazkiak egin, fruituak edo perretxikoak bildu, animaliak, landareak, zerua, geologia… ezagutu eta behatu, bereizi, paisaiari so egin… Baina beti ere, ingurunearen arauak errespetatuz. Azkenaldian gure inguruan gero eta abentura parke gehiago bultzatzen ari dira, tirolinen bitartez, zuhaitzen artean zintzilik ibiltzeko: Igeldo, Leitzaran, Lizarrustin… Baina hasieran genioen moduan, inguruko arauak errespetatuz egin behar da, are gehiago, erakundeek bultzatzen baitituzte proiektu horiek.

Aralarko tirolina martxan dagokion ingurumen azterketarik gabe.

Aralarko tirolina martxan dagokion ingurumen azterketarik gabe.

Baina, alajaina, Aralarko Lizarrustin dagoeneko eginda dago horrelako abentura parkea, ingurumen ebaluazioaren ebazpenik gabe gainera. Oso larria iruditzen zaigu, parke hori Gipuzkoako Parketxe Sareak sustatu duelako, eta Foru Aldundiak bultzatutako fundazio horrek kudeatzen dituelako parke naturalen interpretazio-zentroak eta parketxeak. Halaber, Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Turismo departamendua da parke naturalen arduraduna eta Lizarrustiko abentura parkea bere oniritziarekin egin da nonbait. Irailean, hainbat natur eta ekologista elkartek ekarpenak bidali genizkion Aldundiari, proiektu horren ingurumen-ebaluazioaren txostena ez onartzeko eskatuz, arrazoi hauengatik:

  • Dagoeneko parkea eraikita dago, ingurumen legeak bete gabe eta gainera EITBko abentur@roa programan zabaldu dute (klikatu irudian):

Abenturaroa 3

  • Ingurumen-legeak bete ez dituen parkearen  irudiak  telebista publiko batek zabaltzea  tamalgarria da.
  • Aralarko Parke Naturalaren arauen arabera, ezin da horrelakorik egin.
  • Parke Natural batean abentura-parkea egitea haren babesaren eta kontserbazioaren aurka doa, bertako habitat eta espezie babestuengan ez duelako inolako onurarik sortuko. Kontrakoa pasako da, hain zuzen: jendearen joan-etorriak ugaritzeak bertako lasaitasunean eragina izango du, eta orain arte gizakirik ibili ez den harkaiztietan jendea gora eta behera ibiltzean ingurunea desitxuratuko da, bertako izaki bizidunengan zuzeneko eragina izan lezakeelarik.
  • Eremu babestu batean izan lezakeen ingurumen-eragina ez da zehaztu.
  • Proiektatzen den tirolinak ez du lotura zuzenik Aralar Kontserbazio Eremu Bereziaren Eremuaren (KEB) kudeaketarekin, eta ez da beharrezkoa horren kudeaketarako.
  • Horrezaz gain, irailean jasotako dokumentazioa espainiera hutsez zegoela jakinarazi behar dugu, Parketxe Sareak hala aurkeztu zuelako eta nahiz eta aurretik euskaratzeko eskatu genuen ez zen egin, euskararen legedia eta gure hizkuntza eskubideak urratuz.
Txorien pare ibili bai eta hegaztiak, kaltetuak ote? Kaltetuak ez dakigu baina Natur Parkearen arauek ez dute jarduera baimentzeko biderik ematen.

Txorien pare ibili bai eta hegaztiak, kaltetuak ote? Kaltetuak ez dakigu baina Natur Parkearen arauek ez dute jarduera baimentzeko biderik ematen.

Ia bi hilabete pasa dira harrezkero eta oraindik ez dugu erantzunik jaso, nahiz eta kalteak eginda dauden. Honen bitartez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eskatzen diogu neurriak har ditzala Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka, ingurumen legedia bete gabe Aralar Natura Parkean abentura-parkea eraikitzen uzteagatik, eta Aldundiaren Ingurumen Departamenduari, berriz, ez dezala proiektu horren ingurumen-ebaluazioa onartu.

NATURKON Donostian, 2019ko azaroaren 14an.

Naturkon osatzen dugu:

Naturkon-parataideen-anagramak-txikian

Angula, Azti, informazioa eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen saila

Aingira "galzori kritikoan" izendatua dago Europa osoan, EAE berriz ez.

Aingira “galzori kritikoan” izendatua dago Europa osoan, EAE berriz, ez da katalogoan agertu ere egiten.

Egun hauetan egin ditu EJren Ingurumen Sailak BID-REX proiektuaren baitan jardunaldi batzuk. BID-REX proiektua Interreg proiektu bat da, EBren babespekoa, eta helburu nagusia du ingurumen eta kontserbazio alorreko informazio teknikorik onena biltzeko eta politikarien (erabaki-hartzaileen) esku jartzeko estrategiak, protokoloak eta jardunbideak ikertzea. Helburu laudagarria, inondik ere.
Bada proiektu horren barruan, EAEk bere estrategia diseinatu du, eta dagoeneko hasia da hura gauzatzen. Testuinguru horretan ari dira hain zuzen egun hauetan egiten ‘Biodibertsitatearen Foro Soziala’ delakoaren bilerak (Iturria, hemen).
Esango genuke ez dela politikarien informazio-falta, prezisamente, kontserbazioak duen arazo nagusia.
Adibide bat, egun hauetako jardunetik aterea: angularen arrantza. Aingira Europan galzorian dagoen arren (IUCNk 2008an sailkatu zuen Liburu Gorriko ‘galzori kritikoan’ kategorian, eta 2014an sailkapen hori berretsi zuen), eta EBren azken txostenak diagnostiko horretatik bertatik abiatzen badira ere, EAEn aingira ez dago babestutako espezien zerrendan. Bestalde, aingirak izateko angulak zaindu behar dira, eta zertan da gurean angularen arrantza?
Angula, aisialdi-arrantzarako araututa dagoen toki bakarra da Europan

Euskal Autonomi Erkidegoa, angula aisialdi-arrantzarako araututa dagoen toki bakarra da Europan.

Horratx! EAE da angula aisialdi-arrantzarako araututa dagoen leku bakarra Europan. Gurean motordun txalupa bidez angulak harrapatzea legez arautzen da, jakinda horrela harrapatutako angulak salmentara bideratuta daudela, debekatuta egon arren. Hau guztia, noski, ikusten duguna da, administrazioak ez baitu kontrolatzen —inspekziorik ez dagoelako— jatetxe eta bestelako jantokietan kontsumitzen den angula-kopurua. Aurten iazko arrantza-epeak onartu dira berriz, eta arrantzarako lizentzien titularrek ez ezik, “laguntzaileek” ere arrantzatu ahalko dute (lizentzien merkatu beltzari bide emanez, bide batez). Alegia, angulak motordun txalupekin arrantzatzeko aukerak murriztu ordez, zabaldu egin dira. Honi guztiari, gainera, azken urteotan Guardia Zibilaren atxiloketen bidez ikusten ari garen mafiak gehitu behar zaizkio, guztiz ulertu gaberik ere, arazoaren dimentsioaren berri ematen baitigute. Eskandalua da gure ordezkari politikoek basabizitzaren kontserbazioarekiko duten axolagabekeria. Ala interes aitortu ezinen defentsan dago gakoa?
Angularen kontserbazio-egoera tamalgarria ikusirik, Europako Batasunak berariazko Erregelamendu bat egin zuen 2007an (erran nahi baita, aspaldi). EAEk berak ere bere plana egina du (2008). Espainiak ere bere Kudeaketa Plana egina du (2010). 2014an, 2007ko erregelamenduaren aplikazioaren ebaluazio txostena egin zuen Europako Batasunak (Iturria, hemen), eta ondorio nagusia hau izan zen:
A pesar de la aplicación de los Planes de Gestión, el estado de la población de anguila europea sigue siendo crítico y es preciso adoptar un enfoque cautelar hasta que exista cierta evidencia de un incremento continuado del reclutamiento y de la población adulta. Los científicos advierten constantemente de que toda la mortalidad inducida por factores humanos (mortalidad por pesca y mortalidad antropogénica no pesquera) debería reducirse a un nivel tan próximo a cero como sea posible y que es necesario actuar con urgencia. En consonancia con esta advertencia, es posible que resulte necesario considerar la adopción de medidas adicionales para reducir los niveles actuales de la mortalidad inducida por tales factores.
Aingiraren kudeaketa plana 2008tik egina dago baina Agintaritza Aldizkarian argitaratu ez dutenez, ez da indarrean sartu.

Aingiraren kudeaketa plana 2008tik egina dago baina Agintaritza Aldizkarian argitaratu ez dutenez, ez da indarrean sartu. Gure lurraldeko kudeatzaileen trikimailuak bioaniztasunaren kontura merkatu beltza bultzatzeko.

Alegia, aingiraren arrantza eta, oro har, giza jatorriko mortalitatea zerora jaistea proposatu zen duela 5 urte. Jaurlaritza horren jakitun da aspaldi.
Eusko Jaurlaritzaren informazio-iturri propio nagusia AZTI da. AZTIko teknikariak ere bat datoz estrategiarekin. Jaurlaritza horren jakitun da.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren iritzia da ez duela iritzirik.
Datu zientifikoak oso argiak dira, Europako erreketan galzorian dago aingira, eta eskaera zuzena da angularen arrantza debekatzeko. Eusko Jaurlaritzaren arrantza-zuzendaria, Leandro Azkue, da angularen arrantzaren arduradun politikoa (eztabaidagarria da zeharo angula-arrantza itsasoko arrantzatzat hartzea, baina tira…). Berak dio ez duela asmorik angularen arrantza debekatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arrantza-arauek ere ez dute baimentzen aingira harrapatzerik, baina ez-ikusiarena egiten du Aldundiak. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak dio Europako Batasunaren Ekintza Plana boletinean argitaratzen ez den bitartean ez dela debekatuko.
Bien bitartean, itxurakeriatan jarraitzen dugu gure EAE maite honetan, eta AZTIrentzat negozio bihurtu dugu kontua.
Non dago funtsean okerra? Zer faktorek eragozten du gauzak ondo egitea, politikarien informazio-faltak ala politikariek informazio zientifikoari eta arauei muzin egin eta beren klienteak goxatu nahi izateak?
Naturkon, 2019 azaroan.
Natukon osatzen dugu:
Naturkon-parataideen-anagramak-txikian