All posts by Andoain

Obra hondakinak Urola ertzean Azkoitian.

Altzibar azkoitia 3

Azkoitiko Altzibar kaleko fatxada bat berritzen aritu dira. Horretarako obrako edukiontzi bat erabili dute
eta kale berean dago obrako hondakinak botatzeko. Kalea garbi mantendu dute, atzekaldeko ibai ondoa
berriz zabortegi bihurtu dute. Eta hauxe da gaurkoan salatu nahi duguna.

Badirudi ezkutuan gelditzen dena ez dagoela zaindu beharrik. Begi itsuak, negarrik ez.

Narraskeria hori egin duenak (berritze lanak egin dituen enpresa eta etxejabeak) adina erru, hala jokatzen utzi dionak (Azkoitiko Udala) duela uste dugu.

Bideoa ikusteko klikatu irudian eskuineko botoiarekin:

Altzibar azkoitia 2 hondakinak

Donostian birziklatze-tasa eskasa bada, Udalak hala nahi duelako da

kdkdkdkdkd

Hiru aldiz edukiontzi gehiago dago zaborra nahastuta jasotzeko zatiki organikoa jasotzeko baino.

Joan den astean Ekologia zinegotzi Enrique Ramos “kezkatuta” agertu zen gaikako hondakin-bilketaren tasa (% 38) oso-oso eskasa delako. Are gehiago, 2018an aurreko urtea baino % 1 eskasagoa izan zen.

Eguzkitik salatu nahi dugu Ramosen “kezka” ez dela inola ere sinesgarria. Izan ere, tasa eskasa da Udalak hala erabaki duelako; edo, beste modu batean esanda, Udalaren eraginkortasun falta interesatuaren ondorioz da eskasa.

“Beharbada herritarrak erlaxatu egin dira”, “beharbada datu eskasagoak dira ekonomia suspertu egin delako” eta antzekoak aitzakiak baino ez dira. Egoeraren erantzuleak dira azken 12 urteotan Donostiako Udaletxean hondakinen gaineko ardura izan duten zinegotziak.

Urte hauetan guztietan, Eguzkik behin eta berriz esan die Díez, Jaka, Gurpegi, Oiarbide eta orain Ramos zinegotziei gaikako bilketaren arrakasta ezin dela soil-soilik herritarron borondate onean oinarritu. Aldiz, boluntarismotik harago doan sistema eraginkor batean oinarritu egin behar.

kdkdkdkdkd

Donostiarren % 14k soilik erabiltzen du bosgarren edukiontzia.

Astigarragan, Usurbilen eta Urnietan hondakinen % 70 eta % 80 bitartean biltzen dute gaika. Herri horietako bizilagunek donostiarrek baino kontzientzia maila handiagoa ote dute? Ezta pentsatu ere! Bilketa-sisteman dago diferentzia, ez kontzientzia mailan.

Horra hor Zumarraga eta Lasarte-Oria. Soziologikoki tipologia bereko herriak izan daitezke eta alderdi bereko alkatea dute. Bada, Zumarragan % 74 inguru biltzen dute gaika; Lasarte-Orian, berriz, ozta-ozta iristen dira % 40ra. Non dago diferentzia? Sisteman, jakina.

Eguzkikook (eta beste batzuek) hamar urte daramatzagu “sistema donostiarraren” gabeziak salatzen, baina Udaletxean ez dute jaramonik egin.

“Sistema donostiarra” boluntarismoan oinarritzen da: herritarrak askoz errazagoa du hondakinak gaika ez biltzea gaika biltzea baino.

Zabor hahastua biltzeko edukiontzi gehiago dago gaika biltzeko baino, eta, horren ondorioz, herritarrok edukiontzi egokiaren bila gehiago ibili behar dugu.

Ostalaritza indartsua da Donostian, eta sektore batek –hain justu, hondakin gehien sortzen duen sektoreak– ez du behar bezala egiten. Beira beharbada bai, baina Parte Zaharreko eta Groseko taberna askok eta askok gainerako ontziak organikoarekin eta errefuxarekin nahastuta botatzen dituzte.

Etxebizitza turistikoetara, hoteletara, pentsioetara datozen pertsonek (12.000 ohe, ez da broma) ez dakite honakinekin zer egin, seinaletika egokirik ez dagoelako.

2014an, “Let’s Go%” kanpaina egin zen. Helburua 2016an gaikako bilketa-tasa % 60ra iristea zen. 2016 atzean geratu da, 2019an gaude eta tasa % 40 ziztrin batera ere ez da iritsi. Zatiki organikoa familia donostiarren % 14k bakarrik biltzen du.

kdkdkdkdk

Erraustegiaren kontrako giza katea. Izan ere, gaur egun Donostian birziklatzen ez diren hondakin guztiek erraustegian bukatuko dute.

Eguzkitik argi eta garbi ohartarazi genuen kanpaina hark ez zuela inolako oinarririk, denborak erakutsi duen bezala.

“Sistema donostiarra”ren beste ezaugarrietako bat Estatu osoko tarifarik garestienetako bat izatea da. Azken hamar urteotan bost aldiz biderkatu da. Gainera, inork gutxik daki erreziboa behar bezala interpretatzen, ur-kontsumoarekin lotu dutelako. Organikoa gaika biltzen dutenei, berriz, 11 euro ziztrin merkeago egiten diete. Beraz, Donostian ez birziklatzea erosoagoa da eta ia-ia prezio berean ateratzen da.

Sistema honen emaiatza eskasak agerian geratzen diren bakoitzean, soluziobide moduan “esperientzia pilotuak” iragartzen dituzte, gero hiri osoan ezartzen ez direnak. Horra hor, hondakin handiak biltzeko Intxaurronkoko “esperientzia pilotua” edo orain Añorgan iragartzen dutena.

Laburbilduz: Donostia da, alde handiarekin gainera, Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herria, gainerakoen ahalegina, neurri batean behintzat, alferrikako bihurtzen.

Donostian ez da “herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina berririk” behar, hori ere dirua zaborretara botatzea da eta. Behar dena da, behingoz, sistema eraginkor bat ezartzea.

basuradibujo

Zer sistema? Ez dugu sistema jakin bat seinalatuko. Izan ere, Gipuzkoan sistema desberdinak dira, eta denak dira “donostiarra” baino eraginkorragoak; den-denak. Baina, edozein sistema aukeratuta ere, indar politiko guztien oniritzia behar du; hor dago koska.

Alderdi batzuek herritarron alferkeria hauteskunde-helburuekin sustatzen jarraitzen duten bitartean, ez da hau konponduko duen marketin-kanpainarik izango.

Donostia Kultura Hiriburua? Bai, erabili eta botatzeko kulturarena.

Donostiako EGUZKI, 2019ko urrian

Elgorriagako errota zaharreko presa botatzea oso albiste ona da

Presaren itxura  birrintzea hasi aurretik

Presaren itxura birrintzea hasi aurretik

Nafarroako Gobernua Elgorriagako errota zaharreko presa botatzen hasi da eta hori, Eguzkiren eta Rios con Vidaren iritziz, oso albiste ona da.

Presa aspaldi-aspalditik zegoen abandonatuta. Orain dela hamar bat urte eraiki zuten arrain-eskalak, berriz, ez du inoiz behar bezala funtzionatu. Gauzak horrela, presa oztopo gaindiezina izan da izokina eta beste arrain espezie batzuk Ezkurra errekan gora eta behera ibiltzeko.

Presa deuseztatzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Presa deuseztatzen ari direneko une bat                       Argazkia: Nafarroako Gobernua

Kontuan izan behar da Ezkurra Bidasoaren adarretako bat dela, eta, hain justu, izokina dela arrazoi nagusietako bat Bidasoa Natura 2000 Sarearen parte izateko, beste hainbat natura balioekin batera, jakina.

Ura hartzeko eskubideak bertan behera uztea eta ibai barruko oztopoak kentzea (are gehiago aspalditik funtziorik ez dutenean, kasu honetan bezala) ibaiak hobetze-bidean helburu nagusietakoak dira.

Presa eraitsi ostea, urak aske dira, baita bertako bizidunak ere.

Presa eraitsi ostea, urak aske dira, baita bertako bizidunak ere.

Elgorriagako errota zaharreko presa bota ondoren, aisialdirako gune bat egokituko dute ibai ertzean. Gune horretan presa txikiago bat jarriko dute, desmuntagarria. Presa horrek ekain eta irail bitartean bainuetarako baltsa edo putzu bat sortzea ahalbidetuko du. Egia esan, presa berri horrek, desmuntagarria izango den arren, errezeloak sortzen dizkigu eta adi egotera behartuko gaitu. Nolanahi ere, berriro diogu: presa zaharra botatzea oso albiste ona da.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2019ko urrian

Donostiako metroko lanak fiskaltzara segurtasun gabeziengatik

– Aditu baten txostena aurkeztu du non  tuneleko segurtasun eta larrialdiko ebakuaziorako baldintzetan araudi urraketak egiaztatzen diren.
– Hainbat erakunde sozialek eta sindikalek, Eguzki besteen artean,  ekimenarekin bat egin eta obrak gelditzeko eskatu dute.

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Gipuzkoako Fiskaltzan salaketa aurkeztu du gaur, Donostiako Metroaren egitasmoan trenbide-tunelen segurtasunaren eta larrialdi-irteeren arloan nahiz bidaiarien eta pertsona gutxituen ebakuaziorako baldintzen inguruan antzeman dituen araudi-urraketa larriak direla eta.

Salaketa ren aurkezpenean zenbait herriaterren eta eragileren babesa izan zuen Satorralaiak

Salaketa ren aurkezpenean zenbait herriaterren eta eragileren babesa izan zuen Satorralaiak

Ekimen honekin bat eginik obrak gelditzeko eskatu dute ELA, LAB, STEILAS eta Dbus-eko KURPIL sindikatuek, Donostia Defendatuz koordinakundeak, Donostiako Ernai gazte mugimenduak, Bizilagunekin plataformak eta Eguzki talde ekologistak.

Aipagarria da Alemanian sute-arriskuen prebentzioan aditua den Hans Heydemann injeniariak ere epaitegiaren aurrean egindako prentsaurrekoan partehartu duela, Donostiako Metroaren egitasmoa aztertzean aurkitu dituen irregulartasun ugarien inguruan landu duen txostenaren berri emateko. Aditu alemaniarrak hitzaldi bat emango du bestalde bihar asteazkenean, hilak 23, arratsaldeko 7etan Groseko Okendo Kultur Etxean, “METROAREN PASANTEA: TRANPA HILGARRIA?” izenburupean, txostena jendaurrean aurkezteko.

Satorralaiak fiskaltzan aurkeztu duen salaketa eta H. Heydemann injeniariaren txostena atxikita bidaltzen ditugu:

– Salaketan, Metroaren egitasmoan Pio Barojan aurrikusitako larrialdi-irteerak trenbide-tunelen segurtasunaren arloan ezarritako hainbat araudi urratzen dituela zehazten da. Izan ere, eraikuntza lanetarako egindako eraso-arrapaladaz baliatuta paratu nahi duten larrialdi-irteera horrek 500 metroko luzera eta 400 eskailera-maila ditu 68 metroko desnibela igotzeko –hots, dorre baten 24. solairura oinez igotzea bezainbeste. Itxuragabekeria horren inguruan Satorralaiak Eusko Jaurlaritzari aurretik zuzendutako salaketaren eta jasotako erantzunen berri ere ematen da.

– Hans Heydemann injeniariak salaketaren egiazkotasuna eta zuzentasuna berresten du bere txostenean eta ebakuazio bide hori ezbairik gabe erabat baliogabea dela ohartarazten du. Halaber, afera honetan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendariak eta Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburuak emandako erantzunak gezurtatzen ditu aditu alemaniarrak. Ildo berean, Metroaren Donostiako pasantearen Eraikuntza-Proiektuan tunelaren segurtasunaren eta sute-kasuan larrialdiko ebakuaziorako oinarrizko baldintzen atal askotan aurkitu dituen irregulartasunak eta gabezia ugariak zehatza-mehatz jorratzen ditu.

-Ondorioz, Fiskaltzari eskatzen diogu auzi hau segurtasun kolektiboaren kontrako delitua izan daitekeena ikertu dezala, kontuan hartuta Metroaren tunelean ondorio katastrofikoak gertatzea eta pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jartzea ekar ditzakeela segurtasunaren eta larrialdiko ebakuaziorako baldintzen inguruan ezarritako arauak ez betetzeak .

Donostiako Metroaren gaia dela eta, gero eta erakunde sozial gehiagok desadostasuna adierazten dute, obra erraldoi hori egitea hiriko mugikortasunaren “hobekuntzari” begira zeharo behargabekoa eta xahuketa ekonomiko itzela dela iritzita. Esleitutako obren gastua gutxi bailitzan, Mirakontxa-Easo tarteko  Lanen Zuzendaritza eta enpresa eraikitzaileak proiektu konstruktiboan aldaketak eta “modifikatuak” prestatzen ari diren zantzu nabarmenak daude gainera, ustekabekoen gain-kostuak gehitzeko asmoz alegia. Honi dagokionean, erabateko gardentasun falta dagoela salatzen dugu, batipat metroak hiri-erdialdeko Cortazar Zabalgunean eta Amara auzoan oso lurpe problematikoak zeharkatu behar dituen tartearen eraikuntzan hilabete askotako atzerapena ekarri duten arazoen inguruan. Arazo horien seinale dira, obrak hasi ondoren eta joan den otsailaz geroztik, hirigunean egiten ari diren etengabeko zundaketa geoteknikoak.

Bestalde, Antiguako zenbait etxebizitzetan obrak eragindako kalteek erakusten dutenez –azkenaldian pitzadurak agertu dira Aizkorri kaleko 34 eta 36 eta Zarautz etorbideko 31 zenbakietan–, Lugaritz-Mirakontxa tartean egitasmoan aurrikusitakoak baino prozesu erasokorragoak erabili dituzte tunelaren zulaketa lanak bizkortzearren.

Hori denagatik, bere hastapenetik propaganda askorekin baina inongo partehartze sozialik gabe sustatu den makro-proiektu hori geldi dezatela eskatzen dugu. Hausnarketa falta nabarmen batek ezaugarritzen  du zentzugabeko egitasmo hau, eta egun kosta ahala kosta eraikitzen ari dira, abusuzko eta legezkontrako lanaldiak barne, hirian garraio publikoa eta eskualdean EuskoTrenen sarea hobetzeko dauden beste alternatiba arrazoizkoak alboratuta.

Satorralaia bizilagunen mugimendua. 2019ko urriaren 22an.

Urola Kostako Bidegorria egitearen aldeko taldeak aldarrikapen martxarako deia egin du.

Bidegorriaren Aldeko Taldeak deituta, Iraetatik Narrondora doan bidegorri zatia amaitzea eskatzeko martxa egingo dute igandean. Herritarrei parte hartzeko deia egiteko, bideoa kaleratu dute taldeko kideek:

Herriak lotu bidegorria maitu 2

Herriak lotu bidegorria amaitu

Informazio gehiago nahi izan ezkeroz, hona Urola KOstako Hitzak artikulua   https://urolakosta.hitza.eus/2019/10/15/arroako-bidegorriaren-aldeko-taldeak-igandeko-martxan-parte-hartzera-animatu-ditu-herritarrak/?fbclid=IwAR3bcgr5B1-FAtJdQS8xOw26U0QEVY_oVIWxhpVi08kCcPQIgminV7FmRRk

Bizikleta eta bidegorriak Oreretan: bideo emanaldia, solasaldia eta bizikleta martxa

Bidegorriak _orereta _kartela 2

BIZIKLETA BADUZU, HAU INTERESATZEN ZAIZU

Eguzki talde ekologistak hilabete honetan, urriaren 16an, Errenteria-Oreretako bidegorri sareari buruzko bideo-emanaldia eta ondoren horren inguruko solasaldia antolatu du Errenteria-Oreretako Xenpelar etxean, Madalen kaleko 34. zenbakian, arratsaldeko zazpitan. Bertan, bizikleten udal sarearen azterketa eta proposamen bilketaegin da, baita herriko bidegorrian zehar urriaren 20an, Gamon Zumarditik goizeko 10etan egingo den irteeraren zehaztasunak azalduko ere.

Solasaldian Gurpil Artea elkarteak parte hartuko du.

Orereta bidegorria bideoa irudia 3

Orereta-Errenteria 2019-10-09

Iruñerriko hondakinak Tuterara?

Gongorako zabortegia betetzear dagoela, Iruñerriko Mankomunitateko hondakinegin zer egin behar den mahai gainean dago. Tuterara eraman litezke, El Culebretera. Edo Zubietako erraustegira. Imarkoainen ere bada planta berri bat irekitzeko proiektu bat. Honako artikulu honetan 3 Erreen Konpainiak egoera aztertzen du.

TESTU HAU OSORIK GAZTELANIAZ BAKARRIK IRAKUR DAITEKE

Ehizaren kudeaketa (eza) Gipuzkoan

cazadorLur

Martxotik hasi eta iraila bitartean Gipuzkoako Ehiztarien Federazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko tira-bira lotsagarria irakurri eta entzun dugu prentsan. Ohituta gaude baserritar eta abeltzainen interesak aitzakia hartuta lehen sektoreko enpresa eta bestelako lobbyak Aldundia nola estutzen duten ikustera; eta beste behin, joko zikina nola baliatzen duten agerian gelditu da.

Kasu honetan ehiztarien federazioak dira demagogia hutsean oinarrituta aritu direnak euren jarduera mugatzen duten baldintzak saihesteko. Martxoan hasi zuten Aldundiarekiko gatazka, estrategia modura ehiza larria egiteari utzita. Jakin badakite orkatzek, eta bereziki basurdeek, kalteak eragiten dituztela soro-zelaietan, eta hori xantaia modura baliatuz, Aldundiak urtero argitaratzen duen ehiza-agindua baldintzatu dute euren kalterako ziren neurriak ez hartzera behartuz. Deigarria izan da, bestalde, akordioa itxi eta berehala Gipuzkoako ehiza federazioek ateratako oharra Imanol Lasa Zeberio Aldundiko Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Diputatua zorionduz euren eskaerei entzuten jakin duelako. Argi utzi dute Aldundiak arlo honetan duen jokabidea.

jabali-300x198Benetan basurdea izurriten bihrtu da? Nork neurtu du hori? Zenbat daude ? Zenbat "sobratzen" dira?

Baina, akordio horrek ehiztariak baino ez ditu poztu, hain izan da lotsagarria akordioa eta ehiztarien aldebakarreko greba osoa.  EHNE eta ENBA sindikatuek argi erakutsi dute euren ezinegona ez Aldundiak ez dituelako auzi honetan kontuan hartu. Modu lotsagarriak erabiliak izan dira, eta salatu dutenez, akordioan euren interesekoak ez diren edota euren interesen kontrakoak diren baldintzak adostu dituzte ehiztariek eta Aldundiak.

Naturkonek hau guztia urrutitik jarraitu du, Aldundiak ez gaituelako kontuan hartu ere egin auzi honetan. Hainbatetan salatu dugun bezala, gure iritziz, lotsagarria da ehizaren kudeaketa Gipuzkoan. Ikerketa zientifikoan eta bioaniztasunaren azterketan oinarritutako ezagutzak albo batera utzita, Aldundiak ehiza-araudia ehiztarien interesen salerosketa gauzatzen den merkatua bailitzan kudeatzen du. Haien nahiak lehenesten ditu gizartearen eta ehiza larriak kaltetutako lurjabeen gainetik.

Lotsagarria eta salagarria da egoera. Gure gizarteak ehizaren jarduera inoiz baino ozenago salatzen duen garaian, bioaniztasunaren galera, eta oro har, krisi ekologiko globala kalean manifestazioetan salatzen den garaian, Aldundiak ehiza-araudia federazioekin negoziatzen du haien interesak gizarte osoarenak direlakoan.

Ehizaren kudeaketa ezin da ehiztarien interesen menpekoa izan; besteak beste, Gipuzkoako ehiztarien federazioek zientzialari eta ikerlarien lana ez ezik, gizartearen eskakizunak erabat arbuiatzen dituztelako (Uliako kasuak erakusten duen bezala). Ondorioz, eta nekazal sindikatuek egin bezala, Aldundiari eskatzen diogu ehiza larriaren zein xehearen kudeaketan kontuan har ditzala ehizaren kontseiluan parte hartzen duten eragile guztiak.

Izan ere, txosten teknikoak eta ikerketa zientifikoak ardatz hartuta, ehiza-kontseiluko adituen artean eztabaidatu beharko litzateke ehiza-agindua, ez parte interesatuen eta politikarien arteko ezkutuko bileretan.

Naturkon, 2019 urriaren 1ean.

Naturkon-parataideen-anagramak-txikian