All posts by Andoain

Getxoko Kantarepen isurketekin amaitzea eskatzen dugu bizilagun elkarteak eta ekologistok

Cala de Kantarepe entre las playas de Arrigunaga y Ereaga.

Kantarepeko kala Arrigunaga eta Ereaga hondartzen artean.

Argazkia ikusita, lekuak zoragarria badirudi ere, Kantarepeko kalan ur beltzen isurketak noiznahi, ia etengabe gertatzen dira gutxienez, duela urtebete ezkeroztik. Honen salaketa publikoa egin dugu Getxoko Auzokideak, Ekologistak Martxan eta Eguzkikook. Hona hemen:

Prentsa oharra – 2019ko ekainaren 11

GETXOKO (BIZKAIA) BIZILAGUN ELKARTE ETA TALDE EKOLOGISTAK UR BELTZAK ITSASORA ISURTZEAREKIN AMAITEZA ESKATZEN DUGU KANTAREPEN, ARRIGUNAGA HONDARTZA INGURUAN.

Getxoko Auzokideak , Ekologistak Martxan eta Eguzki Talde Ekologistak Getxon, Kantarepe – Arrigunaga inguruan, ur beltzen edo saneamendu uren  isurketa salatzen dugu.

Isurketa hauek ez dute etenik izan gutxienez orain urtebete ezkeroztik, inguruko hondartza guztietan bainua debekatzea eragin zuen kutsadura gertakari larri bat gertatu zenetik, zeina 2018an GUK Getxo taldeak salatu zuen.  Orduan, ur beltzez gainezka egiten zuen  Ur Partzuergoaren gainezkabide bat topatu zen Usategi inguruan, zeinak egun kutsatzen jarraitzen duen.

Isurketen ondorioak kantarepenUr zikina eta kiratsaz gain, konpresak, komuneko papera eta halakoak topa ditzakegu Kantarepeko harkaitz artean barreiatuta.

Azken egunetan biral bihurtu den bideo batek egoera argi azaltzen du:

https://www.facebook.com/EkologistakMartxan/videos/2055214698120989/

Guzti honen salaketa eta konponbide eskaera helarazi diogu naiz Ur Partzuergoaren hala Udaletxeko arduradunei.

Salatzaileok, utzikeriaren ondorioz galdutako urte hau instituzioei egozteko modukoa izan arren, Ur Partzuergoarekin eta Getxoko Udalarekin izandako harremanetan jasotako erantzunak azkenean ekintza zehatz bihurtzearen itxaropena dugu.

Instituzio hauek lehen bait lehen  koordinatu, arazo zehatza topatu eta konpontzea espero dugu, izan ere arazo hau, Getxoko azken kala hiritar “birjinean” gertatzen ari da, non inguruko ubarroi kolonia bakarra kokatzen den eta inguruan dauden Arrigunaga eta Ereaga hondartzetako  bainurako uren kalitatean eragin zuzena duen eta ondorioz  baita bertaratzen diren milaka bainulariengan ere.

EAJ, Mari Jose, Andoaindarroi gezurrik ez!

Aiurri aldizkariak antolatutako Andoaingo udal hauteskundetako zerrendaburuen eztabaidan, akusazio gogor bat egin zion Mari Jose Izagirre EAJko zerrendaburuak, era berean EH Bilduko zerrendaburu den Andoni Alvarezi honako baieztapen gogorrarekin (ikusi bideoa):

EAJ Mari Jose  Izagirre gezurrik ez 3

Gaia jorratzen, atzerapenak eta kutsadura salatzen, aldarrikapen ekintzak egiten… urteak daramatzagunez, zera erantzun nahi diogu:

Andoaingo ur beltzak, Europako Batasuneko araudiaren arabera, 2005etik aurrera ez ziren ibaira isuri behar baina orduan oraindik Adunako araztegia eta bertara doan kolektore edo hoditeria, naiz Txistokiko ponpa eraiki gabe zeuden. Ordu ezkeroztik egindakoa egida ere, epez kanpo ari gara.

Egun ur beltzen % 60 inguru bidaltzen dira araztegira. Hala ere, Andoaingo Udalak baditu berak bideratu beharreko zenbait puntu beltz saneamenduari dagozkionean:

–          Sorabilla. Etxeko urak eta industrialak Oriara isurtzen dira. Gipuzkoako Aldundiak bere gain hartu zuen lan hau eta udal baimenak ematear daude egun. Aurten burutuko da.

–          Juanita Alkain. Futbol zelaira doan zubipeko isurketa hau konpontzeke dago oraindik. Eperik gabe.

–          Leitzaran. Bereziki mingarri guretzat kasu hau, babestutako ibaia eta instituzio ezberdinek irudi gisa erabiltzen dutena izateagatik. Egun arazoaren %90 konpontzeko egitasmoa onartua eta 350.000 euro ere lotuta. Isurkinen%10 inguru pendiente geratuko lirateke.

Leitzarango isurketa Orian ere sumatu zen

Irudikoak bezalako isurketak behin baina gehiagotan gertatu dira Leitzaranen, zeinak konpondu gabe geratuko den zonadean iozan duten jatorria.

Baina Andoaingo arazorik potoloena gai honetan Ziako errekan dugu. Bertan egun 8100 biztanleren (etxekoak+industrietakoak) ur beltzak elkartzen dira eta 2007a ezkeroztik Eusko Jaurlaritzak mahai gainean duen arren, arazoari ez dio konponbiderik ematen. 2016ko Plan Hidrologikoaren arabera, 2021erako 1miloi euro inbertitu behar da arazoa konpontzen hasteko baina Eusko Jaurlaritza eta Aldundiak hauteskunde aurretik aurkeztu duten akordio-zirriborro berrian, milioi hori ere ez da agertzen. Egun 5 miloi eurotan baloratuak daude lanak.

Ikusten denez, arazoak aspalditik datoz eta konponbidean aktore ezberdinak parte hartzen dute, ez udalak bakarrik.

Beraz, Mari Jose, EAJ, andoaindarroi gezurrik ez. Hauteskudeetan ere denak ez du balio!!

Eguzki Andoainen, 2019ko maiatzaren 21ean.

Urak berretsi du Papelera del Oriak legez kanpo isuri duela, Eguzkik salatu bezala

papelera1 

Urak berretsi du Papelera del Oriak legez kanpo isuri duela, Eguzkik martxoaren 29an salatu bezala. Hona hemen bideoa:

https://youtu.be/iUYUmIHi2g0

Zizurkilgo empresa araztegia handitzeko lanak egiten ari da eta Urak lan horiekin lotu du isurketa. Baimendutako isurketa-maila enpresak noiz gainditzen duen zorrotzago kontrolatu ahal izateko neurriren bat ere eskatu du agentziak.

Eguzkikook nabarmendu nahi dugu ez zela isurketa puntuala izan. Izan ere, guk martxoaren 29an salatu genuen arren, hainbat lekukok esan digute enpresa hainbat egun lehenagotik isurtzen ari zela, eta, guk geuk ikusi ahal izan genuenez, ondorengo egunetan ere isurtzen jarraitu zuela. Horren lekuko dira martxoaren 30ean eta 31n, hurrenez hurren, ateratako honako bideo hauek:

https://www.youtube.com/watch?v=-T3mG0BgdpQ

https://www.youtube.com/watch?v=RSNuA-IXChE

Oria paper fabrika isurketa 3 2019-03-29

Kutsadurari dagokionez, garbi dago gure ibaien egoera, zorionez, ez dela orain dela 40-50 urtekoa, eta hori begi-bistan dago. Orian, non paper-fabriken garai bateko apar ikusgarri haiek gaur egun beteranoenen gogoan baino ez dauden. Baina hobekuntzak ezin du ezeren aitzakia izan. Izan ere, besterik ez genuen behar! Orain dela 40-50 urte bezala egotea! Hemen kontua da kutsadurak gure ibai eta erreketan arazo kronikoa izaten jarraitzen duela. Alde batetik, eta plastikoen kontua alde batera utzita ere, oinarrizko saneamendu-sareak oraindik guztiz osatu gabe daude (Oriari dagokionez, behar bestetan salatuko ditugu Aginaga, Andoaingo Ziako erreka eta Tolosan isurtzen duen Zelai ibaiaren kasu lotsagarriak). Bestetik, asko eta asko dira etxeak eta enpresak oraindik sarera konektatu gabe daudenak, edo baimendutako isurketa baino larriagoa egiten dutenak. Horri dagokionez, Eguzkik azken hilabeteotan isurketak salatu ditu Donostian, Mundakan, Zizurkilen, Lasarte-Orian, Mutrikun, Ondarroan… Ez dira egoera puntualak, kronikoak baizik, edo, hobeto esan, kronifikatuak. Ohitu gara, hainbeste ohitu ezen askotan errekara begiratu eta normalak iruditzen baitzaizkigu. Ez ba, ez dira normalak, legez kanpoko isurketen ondoriozko egoerak dira. Gauzak horrela, berriz ohitu behar gara edo ikasi behar dugu errekara begiratzen ikusteko begiekin. Izan ere, garbi eduki behar dugu ibaira egiten den isurketa oro kutsakorra dela eta ondorioz habitata kaltetzen duela. Beraz, ikusten dugun isurketa oro salatu egin behar: 112ra edo Eguzkiri (688662532) deitzea ez da lan handia, eta hortik aurrera zenbat eta mezua gehiago zabaldu, hainbat hobe. Modurik onena da arazo honi egin diezaioten merezi duen kasua.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra 2019ko apirilean.

Leitzaran ibaiaren jeitsiera aldarrikatzaile berri bat

AURTEN ERE UR-BELTZAK ETA LEITZARANEN BABESA ALDARRIKAPENAREN ARDATZ

Jaietan eginik, dudarik gabe, festa kutsu nabariko jaitsiera izango da baina baita aldarrikatzailea ere.

Leitzaran erreka jeitsiera kartela  2019 -2

Aldarrikapenak bi ardatz nagusi ditu: Leitzaranera isurtzen jarraitzen dugun ur-beltzen bideratzea eta Leitzaran ibai eta arroaren babes osoa aldarrikatzea.

–          Ur- beltzei dagokionean, arazoaren %90arekin amaitzeko Olagain auzoko egitasmoa mahai gainean du Udalak. Orain berau aurrera eramateko diru partida zehaztea falta eta hori ere laster egiteko itxaropena dugu. Hori gauzatuz gero aspaldiko urtetako aldarrikapen garrantzitsu bat beteta ikusiko genuke, ibai ekosistemarentzat onura izugarria ekarriko lukeena. Ez dugu ahaztu nahi arazoaren %10 ezkerraldetik datorrela eta horri oraindik ez diola esku sartu udalak. Eskumalde horretatik etorri dira azkenaldian, isurketa arazo ez oso larri baina bai ikusgarriak.

Leitzaranen irailean gertatuko isurketa bezalakoa ekiditea da gure helburuetako bat

Leitzaranen irailean gertatuko isurketa  bezalakoa (argazkikoa)  ekiditea da gure helburuetako bat.

–          Dakizuenez, egun Leitzaran ibaia Biotopo babestu izendatuta dago baina zoritxarrez hori ez da nahikoa ez ibaiaren beraren etorkizun egokia bermatzeko ezta Leitzarango arroarena ere. Horregatik, Aldundiari behingoz neurri eraginkorrak hartzea eskatzen diogu eta horien artean Leitzaran natur parke izendatu dezala. 

Horretarako 16:00 Bekoplazan geratu gara baltsak jasotzeko; edo Olarzar Parkean 16:15etan, bertatik abiatuko gara eta 16:45tan. Santakrutz zubi ingurura 17:30 aldera iritsiko gara.

2018ko jaitsierako une bat.

2018ko jaitsierako une bat.

Eguzkitik, nola ez parte hartzera animatu nahi zaitugu eta zalantzak argitzeko apirilaren 24an Urigainen 18:30tan ospatuko den bilerara etor zaitezke.

INGURUMENAREN ETA LEITZARANEN ALDE!  LEITZARAN NATUR PARKEA!!

EGUZKI

Andoaingo Ziako errekako saneamendua berriro atzeratuko dela salatu du Eguzkik

ZIako erreka Martin Ugalde inguruan 6

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok hainbat lan hidrauliko egiteko instituzioen arteko akordio berriaren zirriborroa aurkeztu dute, eta, horren arabera, Andoaingo Ziako errekako edo Errekabeltzeko saneamendua berriro atzeratuko da.

Kontuan izan, 2007an, Jaurlaritzak eta Aldundiak horrelako akordio bat sinatu zutela 2011. urte bitartean hainbat saneamendu-proiektu aurrera eramateko. Proiektu haietako bat Andoaingo Ziako errekakoa zen. Garai hartan, aurrekontua 3,8 milioi eurokoa zen eta Jaurlaritzak osorik finantzatzeko konpromisoa hartu zuen. Ez zuen agindutakoa bete, ordea, eta, gauzak horrela, 2016an, Plan Hidrologiko berriak Ziako errekako saneamenduak egin gabe jarraitzen zuela gogoratu eta aurrekontua eguneratu zuen. Guztira, 5 milioi. Plan berriaren arabera, 5 milioi haietatik 1, behintzat, 2021 baino lehen inbertutu behar zen, eta gainerakoak 2022 eta 2027 bitarteko epean. Arriolak eta Asensiok aurkeztu duten akordio-zirriborro berrian, berriz, 2021 baino lehen inbertitu beharreko milioi hori ere ez da agertzen, eta inbertsio osoa 2027. urte bitartera atzeratzen da. Saneamendu-proiektuetan atzerapenak kronikoak direla kontuan izanda, lasai asko esan daiteke Ziako errekako saneamendua ia-ia sine die atzeratzen dela.

Aurrean ikusten den lekuan lurperatzen da erreka eta lurpean batzen dira hondakin gehienak.

Argazkian ikus daiteke erreka lurperatzen den lekua . Lurpean doala batzen dira ur beltz gehienak.

Argazkian ikus daiteke lerreka  lurperatzen den lekua eta lurpean doala batzen dira hondakin gehienak.

Beraz, Eusko Jaurlaritzari 2007an hartutako konpromisoa lehenago betetzera ezerk bultza egiten ez badio, Ziako errekak ur zikinak Oriara zuzen-zuzenean isurtzen jarraituko du beste hamar urtez, behintzat.

Eta ez dira, ez, mendian sakabanatutako lauzpabost baserrietako ur zikinak, Ziako errekak Aranaztegi, Geltoki, Buruntza, Bazkardo, Kale Txiki, Extremadura, Gabriel Aresti, Gudarien Etorbidea eta Ama Kandida inguruko auzo zein industrialdeetako isuriak biltzen baititu. Are gehiago, 2012an URAk egindako aurreproiektu baten arabera une hartan 8100 biztanle baliokideren (3500 biztanle + 4600 industrigunetakoak) ur zikinak isurtzen ziren Ziako errekara. Aurreikuspenen arabera, hurrengo urteetan biztanle kopurua mantenduko zela  baina industriguneen garapenarekin hauen isurketa 6800 biztanle baliokidera igoko zela. Bada egoera horretan gaudela esan dezakegu, beraz, Ziako erreka 10.300 (3500 biztanleriarenak + 6800 industriguneetakoak) biztanle baliokideren ur zikinak jasaten ari da une honetan. Eta industriguneak handitzeko asmoa aztertzen ari da Udala. Izan ere, Adunako araztegia 2013an martxan hasi zenez geroztik, Errekabeltzekoa ez da Andoainen konpondu gabe geratu den saneamendu-arazo bakarra, baina bai larriena, zalantzarik gabe.

 

Lurpean sartzen denetik Oriaratzen den arte hondakin 10.000 biztanle baliokideren hondakinak  biltzen ditu.

Lurpean sartzen denetik Oriaratzen den arte (argazkian aertzen den bezala)  10.000 biztanle baliokideren hondakinak biltzen ditu.

Kontuan izan behar dugu, 2007-2011 akordioaren helburua 2000 eta 15000 biztanle bitarteko herrien saneamendu arazoak konpontzea zela eta konpromezu hori ez betetzeaz gain, denbora pasa ahala, arazoa gero eta handiagoa eta garestiagoa bihurtzen ari da. Bide batez, dirua ez dela arazoa uste dugu, izan ere, egun alferrikako zenbait egitasmotan dirua xahutzen ari da Jaurlaritza, AHT-a buru dela, ezinbestekoak diren beste egitasmo hauek  bazterrean utziz, ia ahazteraino.

Jaizkibelen sutea sortu zuten guardia zibilen kontrako epaiketarik ez

sutea_jaizkibelen[1]Azkenean ez da epaiketarik egingo Jaizkibelen sute bat sortu zuten hiru guardia zibilen kontra, 2014ko martxoaren 10ean, Tiro Eremu Militarrean itsas bengala zahar batzuk suntsitzen ari ziren bitartean. Beraz errugabetuta geratuko dira, hasieran bakoitzarentzat urte bateko kartzela-zigorra eta isuna eskatzen bazen ere. Eta ez da epaiketarik egingo lehendabizi Fiskaltzak, gero Eguzkik eta azkenean Foru Aldundiak amore eman dutelako (1).

Amore emateko gure arrazoiak azaldu nahi ditugu. Honako hauek dira:

– Bost urteotan egin diren diligentzien bitartez, guztiz frogatutzat jo daiteke sutea salatu bezalaxe sortu zela.

– Eta horrela da Fiskaltzak lehen unetik beretik akusatzeari uko egin zion arren.

– Orain arte bildutako frogekin, sutea zuhurtziagabetasun baten ondorio izan zela nahiko garbi dago, baina ez dago garbi zuhurtziagabetasun horren larritasunak erantzuleentzako ondorio penalik izan dezakeenik (2).

– Gure bitartekoak mugatuak dira, eta horrek ere eragina izan du gure erabakian, gauzak diren bezala.

– Tiro Eremuko arduradunek (bai Armadakoek bai Guardia Zibilekoek) azaldu digute sute hura gertatu zenetik segurtasun-protokoloak zeharo aldatu dituztela.

Faktore hauek guztiak kontuan izanda, akusazioarekin ez jarraitzea erabaki dugu.

Hala ere, jarraitzen dugu pentsatzen zentzugabea dela horrelako instalazio bat egotea Natura 2000ko Babes Bereziko Eremu batean. Hori bai, Tiro Eremua erabiltzen jarraitu behar badute, egin dezatela, behintzat, gutxienezko segurtasun-neurriak hartuta. Izan ere, hori izan da gure errebindikazio tradizionaletako bat. Baina jarraituko dugu instalazio horren eraispena eskatzen, jakina (3).

EGUZKI, 2019ko martxoan

1. https://www.diariovasco.com/gipuzkoa/diputacion-retira-cargos-20190321001803-ntvo.html
2. Ondorioztatzen dugu Foru Aldundiak ere arrazoi berberagatik eman duela amore. Izan ere, sutea salatu bezalaxe gertatu zela frogatutzat jotzen du eta bide administratibotik zigortzeko aukerari eusten dio, bide penaletik zigortzea zaila izango zela iritzita.
3. Orain dela gutxi, Tiro Eremuko pistan legez kanpoko lanak egin dituztela salatu dugu eta Aldundiak zigor-espedientea ireki zain gaude: http://eguzki.org/es/2019/02/10/militarrek-jaizkibelgo-tiro-eremuan-egindako-lanak-legez-kanpokoak-direla-berretsi-du-pasaiako-udalak/

Eguzki Ortuzarri (EAJ) erantzunez Garoña istearen meritua bereganatzeagatik

 Garoñaren itxiera beretzat hartuz Ortuzar jaunak (EAJ) esandakoen aurrean, Eguzkiren erantzuna

 

Central Nuclear de Santa Maria de Garoña

Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra,

Ortuzar jaunak, bere alderdiak Espainiako Kongresu eta Senaturako hautagaien aurkezpenean, Madrilen bere alderdiaren lorpenetako bat  “Garoñaren itxiera” izan dela. Ez da lehenengo aldia. Urrutira joan gabe duela bi urte honakoa zioen “EAJ-ak Garoñari buruz: EAJren lanak Madrlen bere fruitua eman du”.

EAJ-ren benetako izaera antinuklearra naiz Garoñaren aurkakoa ezagutzeko, EAJ-k eta CIU-k “Ley de Economia Sostenible” delakoari aurkeztutako emendakin bati esker, Espainiar Estatuan zetral nuklearren bizi iraupenari ezarritako 40 urteak gainditzea posible egin zuela gogoraraztea baino ez dago.

Nuklearren luzapena bermatzen zuen lege aldaketaren 2 alderdien bozemaileak. Luzamendu proposamenaz ariko ote dira?

Nuklearren luzapena bermatzen zuen lege aldaketa proposatu zuten 2 alderdien bozemaileak. Luzamendu proposamenaz ariko ote ziren?                            Iturria: Ara

OHARRA: ALBISTE HAU BERE OSOTASUNEAN IRAKURTZEKO, GAZTELANIAZKO BERTSIORA JO BEHARKO DUZU.

EAJ-ren oharra 2019-03-24: https://www.eaj-pnv.eus/prentsa-oharrak/ortuzarrek-nabarmendu-eajpnv-aeuskal-gizartearen_48659.html

NUKLEARRIK EZ!!

2019ko hauteskudeetarako, ingurumen-klausulak zeharkako politika gisa txertatzea eskatu du Naturkonek

Hona hemen Naturkonen oharra, zeinaren partaide den Eguzki:

Hauteskundeak 2019: ingurumen-klausulak zeharkako politika gisa

Hautes-programetan hitz egin bai baina gero beste irizpide batzuren menpe geratzen dira ingurumen politikak.

Hautes-programetan hitz egin bai baina gero beste irizpide batzuren menpe geratzen dira ingurumen politikak, ondorioz eragindako sentimentua irudikoarekin pareka daiteke.

Aurtengo udaberrian bi hauteskunde izango ditugula eta, boto-emaileei eta oro har herritarrei informazio egokia aurkeztearren, otsailaren 26an dokumentu bat, hainbat deialdi publikotan ingurumen-arloko klausula orokorrak gehitzea proposatzen genuenekoa, helarazi zien Naturkonek Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean odezkatuta dauden indar politiko guztiei, hura aztertu eta gaiari buruz zer iritzi eta proposamen duten azal dezatela eskatuz.
 
Ehizaren eta arrantzaren kudeaketari buruzko beste dokumentu bat helaraziko die aurki, eskaera berberarekin.
 
Hemendik denbora batera haiek emandako erantzunak bildu eta aurkeztuko ditugu.
————————————————————————————————
Klikatu hemen :
Naturkon osatzen dugu:
Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Euskal erakunde publikoen diru-laguntzak arautzen dituzten oinarrietan ingurumenaren eta kontserbazioaren aldeko baldintzak gehitzeko eskaera

 

(2017ko uztailean Naturkon Gipuzkoak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari aurkeztua 
eta Eusko Legebiltzarreko, Batzar Nagusietako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Udal eta Mankomunitate guztietako ordezkari eta talde politiko guztiei jakinarazia) 
 
Administrazio-kudeaketaren fragmentazioak, oro har, sektorekako espezializazio handiagoa dakar eta, beraz, aldian aldiko sektorean zerbitzu hobea ere bai. Haatik, fragmentazio horrek berak disfuntzioak ere ekartzen ditu maiz, ekintzak abiarazten dituen sektorean ez beste guztietan kalteak eragiten baitira beste departamenduek kudeatzen dituzten politika publikoen helburuen kontrako ondorioak ekarrita. Hala, alde batetik sektore batean lortzen den onura beste sektoreetan eragindako kalteekin batera iristen da, eta zalantzan jar liteke neurriak gizarteari eta interes orokorrari egiten dion ustezko onura.
———————
Halako disfuntzioen kalteak ahal beste leuntzearren, aspaldi xedatu ziren hainbat aurreikuspen, sail guztiek errespetatu beharreko zeharkako araubide moduan. Esaterako, gure eremuan baditugu zenbait araubide erosketa eta kontratazio publikoko prozeduretan hondakinen bolumena eta energia gastua ahal bezain urriak izan daitezen; gardentasuna, parte hartze librea eta merkatu-askatasuna ez ezik, esleipendunaren langileen lan-eskubideak, genero-berdintasuna eta abar luze bat ere errespeta dezaten.
Hizkuntza-normalizazioarekin zerikusia duten zeharkako politikak ere badute beren zuzeneko eta berariazko isla kontratazio- eta hautaketa-prozesuetan eta laguntza-deialdietan, dela bete beharreko baldintza gisa, dela lehian baloratu beharreko irizpide gisa.
Haurren babesean ere aplikatu izan dira zeharkako klausulak  laguntza eta diru-laguntza deialdietan. Katalunian, esaterako, bortxatzaileen erregistroko ziurtagiria eskatzen hasiak dira adingabeei zuzendutako nahiz batez ere adingabeekiko tratua duten jarduera kulturaletarako diru-laguntzak jaso eman ahal izateko.
Beste hainbeste esan liteke gutxieneko araubide eta jokabide etiko batzuei jarraitzeko exijentzia dela eta: administrazioari ez ezik, hark diruz lagundu beharreko pertsona, enpresa zein erakundeei ere exijitzen zaie horiek betetzea.
Eusko Jaurlaritzan bertan, oraintsu idatzi berriak dira sari, beka, laguntza eta diru-laguntza deialdietako oinarrietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko irizpideak aplikatzen lagunduko duten klausulak behar bezala gehitzeko gomendio eta argibideak. Hainbat eragilek hartu dute parte horiek biltzen dituen dokumentua prestatzen, horien buru Emakunde izanik, noski,  eskumen nagusiaren titularra denez.
———————
Naturaren eta haren kontserbazioaren aldeko elkarteek osatutako erakundea garenez, Naturkonen ederki asko dakigu joera handia, bereziki handia, dutela horiek, naturak eta kontserbazioak alegia, administrazio sektorialek diruz lagundutako jardueren eragin kaltegarriak pairatzeko. Ezin konta ahala jarduera laguntzen dituzte administrazio publikoek, kirol arlokoak, kulturalak, aisialdikoak, turistikoak eta, naturarekiko gutxieneko begirunerik eta kalterik ez eragiteko gutxieneko neurririk erakusten ez dutenak. Ondorioak negargarriak izan ohi dira, inguru naturalaren kaltean, jakina.
Are mingarriagoa da, gainera, espezie babestuei eragiten dietenean halako jarduerek kaltea, hainbat espezieren ugalketa, migrazioa, oinarrizko portaera edo atsedena oztopatzen dutenean, besterik gabe suntsitzen direnean eta, bereziki, botere publikoek diruz lagundutako jarduera horiek naturagune babestuetan antolatzen direnean edo haiei zuzenean eragiten dietenean.
Gero eta sarriago gertatzen dira halakoak, eta gero eta dimentsio handiagokoak izan ohi dira, ‘abenturako’ jarduerek, turismoak eta, gero eta jarraitzaile gehiago baitituzte eta halako ekimenen antolatzaileek haientzako kondizio ezin hobeak aurkitu baitituzte landa-eremuan eta naturaguneetan. Kontzertuak, mendi-lasterketak, nekazaritzako elikagaien feriak, festak, erromeriak, motordun ibilgailuen zeharkaldiak… inoiz baino maizago antolatzen dira naturagune babestuetan, gero eta irisgarriagoak baitira eta, beraz, kalte hartzeko aukera gehiago baitute. Hori gutxi ez, eta parte-hartzaile arruntak naturan egoki portatzeko eta behar bezala errespetatzeko prestakuntzarik ez du izaten gehienetan.
———————
Horregatik guztiagatik uste dugu interesgarria ez ezik, behar-beharrezkoa ere badela ahalik eta lasterren dokumentu orokor bat egitea, gizon-emakumeen berdintasunaren aldeko irizpideen kasuan egindakoaren antzera, natura eta ingurumena errespetatzeko eta babesteko irizpideak ere aintzat har daitezen euskal administrazio publikoek jarduerak diruz nahiz bestela laguntzeko nahiz saritzeko argitaratzen dituzten oinarrietako baldintzetan, horiei gehitu beharreko klausulak gehituz, hala lehia bidezko deialdietan, nola, are motibo handiagorekin, erantzukizun handiagoa baitute, berariaz ematen dituzten zuzeneko laguntzetan eta diru-laguntza izendunetan ere.
Eta, koherentzia hutsez, ez baita inola ere etikoa nork bere burua salbuestea besteei exijitzen dizkien kondizioak betetzeko obligaziotik, euskal administrazio publikoek berek, zeinek bere eskumeneko arloan eta nork bere politika publikoen baitan, zuzenean antolatutako nahiz sustatutako jardueretan ere jaso behar lirateke irizpide horiek.
———————
Hori guztia dela eta, Naturkon – Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan kolektiboak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari eskatzen dio albait lehen abiaraz dezala, eta gida dezala, gizon-emakumeen berdintasuna sustatzeko kasuan egindakoaren antzeko prozesu bat eta euskal administrazio publikoentzako gida moduko dokumentu bat sor dezala haren bitartez, nork bere sari, beka, laguntza eta diru-laguntza deialdi publiko guztietan gehi ditzaten berek lagundutako nahiz saritutako jarduerek naturari, ingurumenari eta horien kontserbazioari kalterik ez eragiteko behar diren klausulak.
Naturkon, Naturaren  Kontserbazioa  Gipuzkoan
Zarautzen, 2017ko uztailaren 13an