All posts by Donostia

Donostian, Mutiloako zaborteagiaren kontra

prentsaurreko+masiboaGoierri Birzirik! plataformak deituta, 200 lagun bildu gara Diputazioaren aurrean, euripean (*), Mutiloako zabortegiaren aurka eta birziklatzearen alde egiteko.   

Prentsaurreko masibo honetan salatu nahi izan dugu Diputazioa (Olano & Asensio) eramaten ari den inposaketa-politika eta errauskailuaren alde egiten ari den apustu itsua. Itsua eta bidegabea. Izan ere, Mutiloako zabortegiaren kasuak argiro erakusten duen bezala, ondo egiten dutenak zigortzen ari da. 

(*) Diputazioaren aurrean, eta ez arkupetan, euria gogotik ari zuen arren, Diputazioak arkupetan egitea espresuki debekatzen duelako. Gauza hauek beharbada txikikeriak dira, baina esan egin behar dira, “gobernantza berria” eta diru publikoarekin izugarri publizitatzen diren horrelako kontzeptu potoloen atzean zer dagoen ere agerian utzi egin behar baita.

prentsaurreko+detalle

“Legezko lapurreta” salatu dute Urdaibain

EBAKITAEAEko Auzitegi Nagusiak onartu egin du Eusko Jaurlaritzak Urdaibaiko Erreserba kudeatzeko onetsi zuen dekretuaren aurka jarritako helegitea. Urdaibaietz plataforma ekologistaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak ausarkeriaz jokatu du, hainbat puntutan legezkotasuna urratuta.

Joan den urtarrilaren 30ean, Urdaibaietz plataforma ekologistaren legezko ordezkariek helegitea jarri zuten Eusko Jaurlaritzak 2016ko iraileko hauteskundeak eta bi egun geroago onartu zuen dekretuaren kontra, jarduneko zegoenean onartu ere, hau da, Eusko Legebiltzar berria oraindik eratu gabe. Urdaibaietzek eskaera egin dio Auzitegiari zuhurtasunezko zigorra ezar diezaion dekretuari, kontuan hartuta Urdaibairi dakarzkion ondorio txarrak -batzuk konponezinak- eta herritarren interes orokorrak ere kaltetzen dituela. Gogora dezagun biosfera erreserba hau Autonomia Erkidegoko interes handieneko natur gunea dela. UNESCOk 1984an Gizateriaren Ondare izendatzeaz gain, nazioartean oso garrantzitsuak diren hezeguneak ditu, Ramsar Hitzarmenean jasoak, bai eta Kontserbazio Bereziko lau Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (BBE) bat ere Europako Batasuneko Natura 2000 sarean.

Urdaibaietz plataformaren ustetan, Eusko Jaurlaritzak modu subertsiboan eta ausarkeriaz jokatu du hainbat puntutan legezkotasuna urratuta. Hain zuzen, Auzitegiak helegitean jasotako argudioen sendotasun juridikoa hartu du aintzat:

  • EJk ez du egin aldez aurreko eta nahitaezko Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluazioa.
  • Ez du egin nahitaezko Ingurumen Baliabideen Antolamendurako Plana.
  • Urdaibai Babesteko Legeak ezarritako Babes Eremuak babesik gabe utzi ditu. Orain, eremu horietan baimentzen diren erabilerek haien kontserbazioa edo birsortzea eragozten dute.
  • KBE eta BBE eremuei buruzko araudia indargabetu eta babes-maila txikiagoko beste batekin ordezkatu du.

Araudi horrek, indarrean zegoena ordezkatu eta eguneratu behar zuenak, Urdaibai Babesteko Legea garatzeko (gogora dezagun lege hori aho batez onartu zutela alderdi guztiek 1989an), helburu hau izan behar du: “Ekosistema guztien osotasuna babestea eta haien leheneratzea sustatzea, izadiaren, zientziaren, hezkuntzaren, kulturaren, aisialdiaren eta gizarte-ekonomiaren aldetik duten garrantziagatik” (Urdaibai Babesteko Legearen 1. art.). Horrez gain, oinarria izan behar du eskualdeari begira garapen iraunkorreko eredua bultzatzeko, zeinak kontserbazioa eta baliabideen erabilera bateragarri egingo dituen.

Alabaina, Eusko Jaurlaritzak onarturiko dekretuak “nahierara egindako” esparru juridikoa eskaintzen du, Urdaibai Babesteko Legearen jatorrizko espiritua eduki barik lagata. Araudi horrek ez du modu integralean bermatzen natur, paisaia, gizarte eta kultur balioen kontserbazioa, eta ez du sustatzen garapen iraunkorreko eredua Urdaibairako. Alderantziz, agiri iluna da, sarri ulergaitza, hirigintza-plan bat balitz bezala sortua, eta gehiago dirudi egina norbanakoen interes jakinak asetzeko herritarren interes orokorrei erantzuteko baino.

Horrenbestez, gure aburuz, dekretua baliogabetu egin behar da, eta beste testu bat sortu, logikoa denez eguneratzea ekarriko duena (indarrekoa 1983koa zen), baina ingurumen eta jendarte aldetik eredu iraunkor eta justua bultzatuko duena, baliabideen ustiapena eta kontserbazioa bateragarri eginda, lehentasunez autoardaztua eskualdeko baliabideen aprobetxamenduan, bertako herritarren beharren asebetetzean eta ekosistemen eta beren berezko balioen kontserbazioan. Prozesu horretan, euskal administrazioen babesa eta jarrera proaktiboa funtsezkoak dira, herritarren parte-hartzea bezala. Hain zuzen, hortxe gaude prest elkarlanean aritzeko.

Urdaibaietz herritar plataforma. 2017ko martxoak 1

Bardea Libreak fronte bateratuak tiro-poligonoari buruzko herri-galdeketa eskatzen du 2018an

bardenaslibresBardea Libreak fronte bateratua aurkeztu zen larunbatean Castejongo Pablo Sarasate Kultura Zentroan. Ekimen honek Nafarroako eta Aragoiko hainbat herri-kandidatura, alderdi, sindikatu eta talde sozial biltzen ditu, eta 2018ko abenduaren 31a baino lehen tiro-poligonoari buruzko galdeketa egitea du helburu.

Hona hemen ekitaldiaren bideoa. Ordu erdi dirau, gutxi gorabehera. Lehen 10 minutuek bikain laburbiltzen dute irudietan poligonoaren historia, Gladysen hilketa barne, jakina. Ondoren, beste interbentzio batzuen artean, Fermin Valencia eta Roberto Urraren kantak entzun daitezke.

https://www.youtube.com/watch?v=S9PMfYIkUqU

Bardeako Juntak eta Defentsa Ministerio espainolak izenpetutako azken kontratuaren iraupena 10 urtekoa da, eta epe hori datorren urtean bukatuko da. Kontratuaren arabera, bada epea beste 10 urtez luzatzeko aukera. Kasu horretan, Estatuak, orain arte urtero ordaindu dituen 7 milioi euroren ordez, urtero 20 milioi ordaindu beharko lituzke.

Baina Bardea Libreak ekimenekoek ez dute ez luzamendurik ez dirurik nahi, «diru hori odolez zikinduta dagoelako eta poligonoak gerrak eta bortizkeria estrukturala sustatzen dituelako, industria militarrari mesede egiten diolako eta inguruko herrietan militarismoarekiko mendekotasuna sortzen duelako». Halaber, ekimenak ukatzen du Bardeako Juntak kontratua luzatzeko zilegitasuna duela. «Herritarrek soilik dute Bardea nola kudeatu behar den erabakitzeko zilegitasuna; beraz, Juntak ezin du bere kabuz kontratua luzatzeko erabakirik hartu». Horregatik, Bardea berreskuratzeko galdeketa eta herri-mobilizazioa aldarrikatzen dituzte.

Bardea Libreak ekimena sustatzen dutenen artean, honako hauek daude: Corella, Fustiñana, Cortes, Tutera, Castejón, Caparroso, Fitero eta Cintruénigoko herri-kandidaturak; EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu, Ernai, CHA eta Puyalón; LAB, ELA, CGT, EHNE, CNT eta STEE-EILAS; Bardenas Ya, Sustrai, Salhaketa, Lurra eta beste hainbat talde sozial. Guztira, 70 atxikimendu.

PPren Gobernuak zezenketei buruzko galdeketa debekatu eta ezpata barru-barruraino sartu dio donostiarron erabakitze-eskubideari

CapturaZezenketen inguruko herri-galdeketa eragozteko, PPren Gobernuak, lehendabizi, errekurritu egin zuen Donostiako Udalak aho batez onartutako partehartze-araudia. Gero, Udalak baimena eskatu zuenean, Ministro Kontseilua luzamendutan ibili zen, galdeketa egiteko ezarritako data alferrikaldu zuen arte. Azkenik, faena biribildu eta zuzen-zuzenean debekatu egin du galdeketa. Beraz, ezpata barru-barruraino sartu dio donostiarron erabakitze-eskubideari.

Bagenekien PP eta bere Estatu-aparatuak ez direla herri-galdeketen zaleak. Are gutxiago, jakina, baldin eta jendearen iritzia haien interesen kontrakoa bada, kasu honetan aurreikus zitekeen bezala. “Hemen nik agintzen dut” hori oso sartuta dago PPren genoma politikoan. Baina oso sartuta dago ere zezenak plaza batean hil arte torturatzea. Hain sartuta, ezen haren kultura ereduaren paradigma gorena bihurtu duen. Gauzak horrela, ez da harritzekoa paradigma hori zalantzan jar dezakeen herri-galdeketarik nahi ez izatea, ez Donostian, ez Ciempozuelosen.

Alkateak, baita Foru Aldundiak ere, berehala salatu dute Ministro Kontseiluak udal autonomia (eta, oro har, autonomia) urratu duela. Erabakia autoritariotzat jo eta aurreratu dute aukerak aztertuko dituztela herritarrek gai honi buruz beren iritzia nola edo hala eman dezaten. PSE, berriz, desmarkatu egin da. Desmarkeak agerian uzten du alderdi horren izaera zentralista, baita Donostian duen eledunaren, Ernesto Gascoren, zezenketazaletasun sutsua ere.

Eguzkikoon iritziz, alkateak arrazoi du PPren erabakia salatu eta autoritariotzat jo duenean. Eta ondo iruditzen zaigu aukerak bilatzen jarraitzea. Baina aurkitzen dituen bitartean, Udalak zerbait egin behar duela uste dugu. Bestela, PPren inposizioa de facto onartuko du, hau da, Donostian oso ordezkapen txikia duen alderdi baten inposizioa. Izan ere, azken hauteskundeetan PPk hirian lortu zuen bozka kopurua Donostia Antitaurina Orain plataformak galdeketa sustatzeko bildu zituen 10.000 sinaduren azpitik egon zen.

Gauzak horrela, zera proposatzen dugu, donostiarrok gai honetaz bozkatzeko aukera izan arte, Udalak Illunbe zezenketak egiteko ez uztea.

Orain arte, honako hau protaurino eta antitaurinoen arteko kontua izan da. Hemendik aurrera, berriz, dagozkigun arazoei buruz herritarrok iritzia emateko dugun (edo ez dugun) eskubide-kontua ere bada.

Galdeketa eskatzeko, Donostia Antitaurina Orain plataformak 10.000 sinadura dildu zituen, PPkk azken hauteskundeetan hirian lortutako bozkak baino gehiago.

Galdeketa eskatzeko, Donostia Antitaurina Orain plataformak 10.000 sinadura dildu zituen, PPkk azken hauteskundeetan hirian lortutako bozkak baino gehiago.

 

Zuhaitzak landatu, lurra berreskuratu! AHTrik ez!

C5v8LqgWMAIBwF7Martxoak 19, igandearekin, Bergarako Angiozarren AHTren aurkako zuhaitz landaketa egiteko hitzordu bat dago. Dakizuenez, bertan euskal Y-aren korapiloa egin asmo dute baina zailtasun tekniko eta ekonomikoak tarteko, lanak atzeratzen ari dira.

AHT Gelditu! Elkarlanak Lurraren zein beste eredu sozialaren alde borrokatzen ari diren talde nahiz gizabanako guztiei parte hartzera gonbidapena luzatu die.

Hitzorduak:

-10:00. Labegaraieta polikiroldegia (Bergara).

-10:30. Angiozarko pilotalekua.

Aitzurrak eta katiuskak edo botak ekarri!

Bitartean, umore pixka bat:

https://youtu.be/RA3k8_Q9M54

NATURA GURE ARDURA/ AHTrik EZ

Txillardegiri buruzko hitzaldia, bideoan

Harrera ona izan zuen “Txillardegi, ekologista eta animaliazalea” hitzaldiak, Txillardegi hil zeneko 5. urteurrenaren testuinguruan Eguzkik Txillardegi Liburutegia herri ekimenarekin batera otsailaren 10ean antolatutakoak.

Ezker-eskuin, Markos Zapiain eta Martin Anso.

Ezker-eskuin, Markos Zapiain eta Martin Anso.

Eguzki taldeko kide Martin Ansok Txillardegik Donostiako ekologistekin eta animaliazaleekin izan zuen harremanari buruzko zertzelada batzuk eman zituen (ikus bideoa: https://youtu.be/1M8Jf2BqYfY

Markos Zapian idazleak, berriz, azaldu zuen nolako ideia filosofikoetan nahiz pasarte biografikoetan sustraituta dagoen Txillardegik liburu askotan erakutsi zuen animaliekiko begirune edo elkartasuna: https://youtu.be/ayi_uAoxYas 

Orangutanen uhartea

Markos Zapianek nabarmendu zuenez, Txillardegik bere lehen ipuinean bertan, Orangutanen uhartea izenburukoan, azaldu zuen lehen aldiz (1957an!) ondoren haren idatzietan behin baino gehiagotan islatu zuen kezka bat: gizakia zein puntutaraino bereizten den ziminoengandik eta, oro har, gainerako animaliengandik. Kezka haren ondorioz, bere liburuetan beti erakutsi zuen sufritzen ari ziren animaliekiko erruki nabarmena.

Hain justu, Txillardegi Liburutegia herri ekimenak eta Eguzkik Orangutanen uhartearen berrargitalpen bat egin dute, ipuin hura lehen aldiz publikatu zela 60 urte betetzen diren honetan. Pdf-a lotura honetatik deskargatu daiteke:

http://eguzki.org/2017/02/04/orangutanen-uhartea/

orangutanen

 

.

Metroaren kontrako manifestazio berria apirilaren 1ean, Satorralaiak antolatuta

Captura de pantalla 2017-02-22 a las 16.05.08Satorralaia bizilagunen mugimenduak dei egin die Donostiako talde sozial eta pertsona guztiei martxoan egingo dituen informazio eta salaketa ekintzen dinamikan parte har dezaten. Dinamika hau apirilaren 1ean burutuko da “METROAREN PASANTEARI EZ!” lemapean egingo den manifestazioarekin. Egitarauan, martxoaren 16an Lakuan Eusko Jaurlaritzaren aurrean egingo den kontzentrazioa. Gasteizera autobusez joan nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete.

Martxoak 1: Mobilizaziorako deia egiteko PRENTSAURREKOA Donostiako Udaletxearen aurrean, goizeko 11etan. Metro-pasantearen aferaren egungo egoerari buruzko irakurketa egingo da.

Martxoak 4etik 15era: DBUS-EN EKINTZA INFORMATIBOAK. Garraio publikoaren erabiltzaileei metroaren pasantearen proiektuak autobus zerbitzuetan aurrikusten dituen murrizketei buruz informatzea da helburua. Lehenengo ekintza informatiboa martxoak 4 larunbatean egingo da, Boulebarreko markesinetan 11’30etatik eguerdiko ordu 2etara. Ondorengo egunetan ekintza informatiboak egingo dira hiriko autobus geltoki desberdinetan. Ekimen honi amaiera emateko, martxoaren 15ean Dbus-eko langileen “KURPIL” elkartearen hitzaldi informatiboa egingo da, Lugaritzeko kultur etxean, 7etan.

Satorralaiakoek santomasetan egin zuten parodia baten irudia.

Satorralaiakoek santomasetan egin zuten parodia baten irudia.

Martxoak 16 ostegunean: LAKUARA AUTOBUSA. Gasteizen Jaurlaritzaren egoitzan metroaren pasantea gelditzea eskatzeko aldarrikapen kontzentrazioa egingo da. Bidaia dohainik izango da partaide guztientzat (Dbus-eko Kurpil langile elkartearen laguntzari esker). Autobusa goizeko 9etanabiatuko da Pio XII plazatik (ohiko autobus geltokitik), Lakuan elkarretaraztea 11etan egiteko. Itzulera: autobusa 12’30etan abiatuko da Gasteiztik, Donostiara eguerdiko 13’45ak aldera iristeko. Autobuserako izena emateko animatu nahi zaituztegu, gure helbidera Email bat bidaliz edota telefonoz deituz.

Martxoaren 21etik 25era AUZOETAN INFORMAZIO BANAKETA ASTEA. Laguntza eskatzen dugu informazio orriak auzo guztietan zabaltzeko. Martxorako erakusketa informativobat prest edukitzea espero dugu (10 panel), auzoz-auzo mugitzeko zuen esku egongo dena.

Martxoak 30 ostegunean: PRENTSAURREKOA Koldo Mitxelenan, 11etan. Manifestaziorako azken deialdia.

Apirilak 1 larunbata: MANIFESTAZIOA, eguerdiko 12etan Easo Plazatik abiatuta “METROAREN PASANTEARI EZ!” lemapean.

Harremanetarako telefonoak: 620714054 (gazteleraz)/695715510 (euskaraz).

Emaila: satorralaia@gmail.com

Satorralaiak antolatutako manifestazio jendetsuetako bat.

Satorralaiak antolatutako manifestazio jendetsuetako bat.

Lapurdin, urre-meategien kontra

CADE

CADE

“Ama Lurra gure altxorra da” lemapean, mila lagun inguru manifestatu ziren larunbatean Ezpeletan, urre-meategiak ustiatzearen kontra. Izan ere, Sudmine enpresak baimena eskatu dio Frantziako Ekonomia Ministerioari zundaketak egiteko urre bila, Lapurdiko 126 kilometro koadroko eremu zabal batean. Eremu horretan, Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Senpere, Zuraide eta Uztaritze udalerrietako lur-sailak daude.

Proiektua alegazio-epean dago eta alarma piztu du laborarien, ekologisten, herrietako hautetsien eta, oro har, herritarren artean, garbi ikusten dutelako urre-meategiak ustiatuz gero eragina ingurunean zein bertako ekonomian berebizikoa izango dela. Atera kontuak: horrelako meategietan, hiruzpalau gramo urre lortzeko tona bat lur mugitu behar izaten da.

Informazio gehiago: http://www.cade-environnement.org/2017/02/12/mines-dor-tres-beau-succes-du-rassemblement/

CADE

CADE

Erraustegiaren kontrako manifestazio jendetsua, oraingoan Hondarribian

IMG-20170204-WA0029“Erraustegirik ez Txingudin ez Zubietan” lemapean, manifestazio jendetsua egin zen atzo Hondarribian. Txindudi erraustegi-proiektu baten mehatxupean egon zen, harik eta proiektu hura bertan behera geratu zen arte, besteak beste herri-mugimendu indartsua egon zelako. Atzoko manifestazioaren bidez, bertakoek adierazi nahi izan zuten eskualderako nahi ez zutena beste eskualdeetarako ere ez durela nahi. Bide batez, mezua Markel Olano ahaldun nagusiari “gerturatu” zioten. Izan ere, Olano Hondarribian bizi da. Manifestazioaren beste helburuetako bat Irungo eta Hondarribiko birziklatze-tasak oso apalak direla salatzea zen. Kontuan izan behar da %40ren bueltan daude, Goierrin, Tolosaldean edo Debagoienan ehuneko hori ia bikoizten den bitartean. Hona hemen manifestazioan ateratako hainbat irudi. Erraustegiaren kontrako hurrengo zita, otsailaren 19an, Donostian, 12:00etan, Artzai Onean.

IMG-20170204-WA0016 IMG-20170204-WA0014 IMG-20170204-WA0013

Nork erre du Oiduiko borda?

Oidui erretaLarunbat goizean Oiduiko borda bat guztiz kiskalita agertu da Aralearren. Borda hori Zaldibiako mendi elkarteak kudeatzen zuen eta irekita egoten zen jendeak erabiltzeko.

Inguruko artzainen txabolek, berriz, ez dute su hartu. Aralarko pisten afera dela eta, eta zaldibiarren iritzia zein den ikusita, sute honek susmo txarra sorrarazi du.

Eguzkitik zera eskatzen dugu: lehenbailehen argitu dadila zerk/nork sortu duen sute hau eta Diputazioak lagundu dezala GUZTIONTZAT  irekita zegoen borda hau berreraikitzen.