Category Archives: albisteak

Errausketaren aurkako giza katea, igandean, Kontxan

Errausketaren aurkako giza kate berri bat egingo da igandean, hilak 8, Donostian. Hitzordua 11:00etan izango da, Alderdi Ederren. Hona hemen Errausketaren Aurkako Mugimenduak gaur arratsaldean bertan eskaini duen prentsaurrekoan azaldutako arrazoiak…

Errausketaren Aurkako Mugimendua aurten ere mobilizatuko da Donostiako estropaden egunean. Donostiako eta, oro har, Gipuzkoako jendearentzako egun handia den horretan giza kate batekin azalduko dugu gure protesta Zubietako erraustegiaren kontra eta salatzeko hondakinen kudeaketan bereziki Donostiako udala egiten ari den kudeaketa negargarria.

Donostia liderra omen da turismoan. Gipuzkoako jauntxoek eta Gipuzkoako Foru Aldundian bezala Donostiako Udalean agintzen dutenek ondo saltzen dute hiriburu honen edertasuna mundu guztitik turismoa erakartzeko. Baina zaharrek esaten zuten moduan… “kanpo eder, barren zikin” da Donostia. Hondakinen turismoan ere liderra baita Donostia: inguru guztitik dirua, ondasunak eta jendea erakarri… eta berak sortu eta gaizki kudeatutako zaborrak inguru guztira esportatu: horra Donostiaren zabor turismoa.

Zubietan eraiki duten erraustegi munstro horrek hasieratik eduki ditu hamaika matxura, oker, istripu, isurketa eta kutsatze. Batzuk herritarren begi eta belarrietaraino iritsi dira. Zubietako Arkaitzerreka erre zuten, geroztik han ez da ez arrai eta ez beste bizidunik. Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak Artaxoako hondakin planta bat itxi behar izan zuen… eta hala jakin genuen Gipuzkoako agintariek modu ilegalean 5.500 tona hondakin kutsatu bidali zutela hara.

Badira, ordea, kutsatze are handiagoak herritarrei ezkutatzen zaizkienak. Erraustegiak 100 tona hondakin erreta 3 tona errauts oso toxiko sortzen ditu… eta milaka tona horiek “zabor turismoa” egiten dute Gaztelako Santovenia de Pisuergaraino. Horiez gain, erraustegiak sortutako zepa edo eskoriek askoz tona gehiago osatzen dituzte eta horiek bazter guztietara bidaltzen dira Zubietatik, bertederoetara edo zementu-fabriketara, azpiegitura handietan ezkutatzeko. Eta milaka tona CO2 zabaltzen ditu atmosferan: erraustegia izango da Gipuzkoan klimaren aldaketa eragiten duen gai hori gehien aireratzen duena.

Asensio jauna, EAJko eta PSEko agintariok: horra zuek etengabe sortzen duzuen “zabor turismoa”! Pozoi hutsa!

Gaur arratsaldeko prentsaurrekoa, Kontxan bertan, euripean.

Alabaina, Gipuzkoako herritarrok ere geure soinean jasotzen dugu alferrikako erraustegi zikin eta garesti horren kutsadura. Guk eta gurekin bizi diren animaliek, landareek eta izaki bizidun guztiek biltzen dituzte Zubietako tximiniek zabaldutako dioxinak, furanoak, metal astunak eta PIFAS edo “kutsatzaile eternoak”.

Joan den maiatzean Herbeheretako ToxicoWatch fundazioko ikertzaileek azken bost urteotan erraustegiaren inguruetan jasotako laginen analisien emaitzak publikoki azaldu dituzte, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietan bertan ere. ToxicoWatchek bost urteotan egindako neurketetan emaitza oso kezkatzekoak azaldu dira, inguruko lur-zoruan, uretan, goroldiotan, landareetan eta oiloen arrautzetan nabari direlako dioxina, PCB, metal astun eta PIFAS kutsatzaileen igoerak. Gipuzkoako agintariok: erraustegi kutsatzaile hau itxi ezazue behingoz!

Gipuzkoan ondo dakigu hondakinak kudeatzeko badaudela errausketa baino sistema hobe, garbiago eta merkeagoak, Gipuzkoan bertan martxan dauzkagu hainbat herritan. Baina alferrikako erraustegi hau gelditu ahal izateko, beren politikak aldatu behar dituzte oraindik hondakinak modu basatian kudeatzen dituzten udal eta mankomunitateek. Eta bereziki Donostiak: ez da onargarria Donostiako agintariek gai honetan jokatzea hain zabar, hain zikin, hain axolakabe. Ez gaikako bilketa txukunik, ez organikoaren gaikako bilketa orokorturik, ez hondakinen murrizketa eraginkorrik… Donostia da zabor turismoaren hiriburua eta Gipuzkoa osoaren lotsaizuna.

Erraustegia ixteko eskatzeko eta hondakinen kudeaketa eraginkor bat exijitzeko, giza katea antolatu dugu Donostiako Kontxan, Alderdi Ederretik abiatuta, irailaren 8ean goizeko 11:00etan.

EZ, EZ, EZ: ERRAUSKETARIK EZ! – Ez Zubietan, ez Bergaran eta ez inon!

DONOSTIA BIZIRIK

LARRAMENDIKO ARNASA

ERRAUSKETAREN AURKAKO MUGIMENDUA

Ez dago su-etenik, ez oporretan, gure lurraren defentsan

EGUZKIn jarraitzen dugu ikusten gure lurraren, uraren eta airearen aurkako erasoak etengabeak direla, eta oporraldian ere ez direla errespetatzen.

Beste edozein abuztutan bezala, denetarik izan dugu: isuriak ibaietara, portuetara, hondartzetara, zaborrak eta hondakinak nonahi…

Gainera, eta ohi bezala, gaitasuna dugun tokietako jaietan presentzia izaten saiatu gara. Mobilizazioetan, salaketa- eta kontzientziazio-idazkietan eta abarretan parte hartu du.

Enpresa eta erakunde batzuek ere beren aletxoa aurkezten dute, beren proiektuei alegazioak aurkezteko epea abuztuan bertan irekitzeko ohiturarekin. Langileak oporretan lasai daudenez, oharkabean igarotzeko eta oposizioa txikiagoa izateko asmo gaiztoarekin.

Ez dira konturatzen guretzat, beste talde batzuentzat bezala, gure lurraren, uraren eta airearen defentsan ez dagoela oporrik. Denok gara borondatez ari garenak, eta denetara iristen ez bagara ere, gure poza da jakitea zuzen jokatzen ari garela.

Hemendik, gurekin kolaboratzen duten pertsona guztiak aintzakotzat hartu nahi ditugu, horiek gabe gure lana askoz zailagoa izango litzatekeelako.

GURE LURRA DEFENDA DEZAGUN !

Un buitre hallado por un colaborador de Eguzki al pie de un poste de una línea eléctrica.

Suhiltzaileak Indumetalen, sua itzali ostean.

Linea elektrikoek eta aerosorgailuek hegaztiengan duten eragina murrizteko neurriak eskatu ditu Eguzkik

Putre bat, Eguzkiko laguntzaile batek linea elektriko baten azpian aurkituakoa.

Goi-tentsioko lineek eta aerosorgailuek hegaztiengan duten eragina murrizteko dekretu-proiektu bat lantzen ari dela-eta, aurretiazko kontsulta publiko bat abiatu du Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, eta Eguzkik aukera aprobetxatu du alegazioak aurkezteko.

Eguzkik arazoari modu proaktiboan heltzeko eskatu du, besteak beste, honako neurri hauen bidez:

  • Plangintza hobetzea, eremu bereziki arriskutsuak saihestuz, adibidez, migrazio-bideak edo kumatze-lekuak.
  • Gaur egungo azpiegiturak egokitzea, seguruagoak izan daitezen. Izan ere, Eguzkik alegazioak aurzketu ditu dekretu berri baten aurretiazko kontsultaren baitan, baina, berez, bada konpainia elektrikoak lineak egokitzera derrigortzen dituen dekretu bat, zehatz-mehatz, 1432/2008 Errege Dekretua. Hura indarrean sartu zenetik 16 urte pasatu diren arren, oraindik zenbatezinak dira egokitu gabeko lineak. Alegia, dekretua ez da bete.
  • Arriskuak murrizteko neurriak hartzea eta, horrez gain, neurri berriak ikertzea.
  • Datuak modu sistematikoan biltzea eta aztertzea. Horrela, hilkortasun-patroiak aurkitu ahal izango dira, urtaroaren, meteorologiaren edota instalazioen arabera. Adibidez, aerosorgailu batzuk, beren tipologia edo kokapenarengatik, beste batzuk baino arriskutsuagoak izan daitezke, eta hori datu-bilketa eta azterketatik ondorioztatu daiteke.
  • Biodibertsitatea aintzat hartuko duten politika energetikoak sustatzea.
  • Komunikazio gardena.

ARAZOA

Hegaztientzat latza da linea elektrikoen arazoa; pozoien, tiroen edo auto-istripuena baino are latzagoa. Lineotan talka eginda edo elektrokutatuta hiltzen diren hegaztiei gehitu behar zaizkie zentral eolikoetan hiltzen direnak. SEOk 2023an egin zuen azterketaren arabera, basafauna berreskuratzeko zentroetara iristen diren animalien %40 linea elektrikoen kontra talka eginda iristen dira. Hori da lehen kausa. Bigarrena, berriz, legez kanpo harrapatutako aleak dira, %20. Zentroetara iristeko beste kausa adierazgarriak elektrokuzioa eta errepide-istripuak dira, %8na; pozoiketak eta aerosorgailuen kontrako talkak, %5na, eta legez kanpoko ehiza, %3. Alegia, linea elektrikoen kontrako talkak, elektrokuzioak eta aerosorgailuen kontrako talkak, batuta, ingreso guztien %50 baino gehiago dira. Estatu espainolean urtero kausa ez naguralengatik 25 eta 100 milioi hegazti bitartean hiltzen direla kontuan izanik…

Bai, %50 hori edonola estrapolatuta ere, zenbakiak zorabiatzeko modukoak dira. Baina ez gaitezen zenbakietan kateatu. Gera gaitezen honako ideia honekin: biodibertsitateari dagokionez, talka eta elektrokuzioak ez dira nolanahiko arazo, ez dira arazo txiki bat. Edo, Estatuko Fiskaltza Orokorrak 2019an esan zuen bezala, “[son] intolerables [las] cifras de mortandad de avifauna tanto por electrocución como por colisión”. Hitz hauek agertzen dira urte hartan agintari autonomikoei bidali zien ofizio batean. Ofizio hartan kargu hartu zien arazoari ez heltzeagatik. Zehatz-mehatz, leporatu zien egokitu gabeko lineen jabe diren konpainiei zigor-espedienterik ez irekitzea.

Aipatu beharra dago hegazti harrapariak, guztiak legez babestuta, arazo honen biktima nagusiak direla. 1432/2008 Errege Dekretuak berak hegazti harrapariak kontserbatzeko arazo nagusitzat jo zuen.

Joan den maiatzean Gorobel mendilerroan hilik aurkitu zuten arrano beltza, hau ere linea elektriko baten azpian. Iturria: sierrasalvada.blogspot.com

ETA EUSKAL HERRIAN?

Ez dago datu zehatzik, ezta gutxi gorabeherako kalkulurik ere. Horrek berak agerian uzten du administrazioek (bereziki alor honetan eskuduntza duten aldundiek) ez diotela arazoari behar besteko garrantzirik ematen. Baina Estatu espainolean arazo latza bada, ez dago arrazoirik pentsatzeko hemen huskeria denik.

2019an, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat egin ondoren, Iberdrola lineak egokitzen hasi zen, 2008ko dekretuak agindutakoaren arabera. Baina bere martxan ari da, presa handirik gabe. Arestian esan bezala, gaur egun egokitu gabe jarraitzen du linea ugarik.

2020an, berriz, hegaztientzat arriskutsuenak izan daitezkeen linea elektrikoen segimendu eta identifikazioan espezializatutako basozain talde bana sortzeko eta baliabidez ondo hornitzeko eskatu zien Eguzkik EAEko diputazioei. Eskaera ez zuten aintzat hartu.

2021ean, Arartekoak zera gomendatu zuen: “[eratzea] un protocolo de intervención administrativa para poder exigir al responsable de las líneas eléctricas una adecuada reparación del daño medioambiental provocado por las líneas no adaptadas”. Gomendio hau ere ez zuten aintzat hartu.

Talka eta elektrokuzioena biodibertsitatea babesteko agedan sartu beharreko arazoa da, baita Euskal Herrian ere. Are gehiago proiektu eolikoak nonahi ateratzen ari direla eta oraindik Energia Berriztagarrien Planik ez dagoela kontuan izanik.

EGUZKI, 2024ko abuztua

Iruñetik deituriko ”Euskal Y” Ezkiotik edo Gasteizetik lotura, ez galgorik ez podenkorik.

Aste batzuk daramatzagu AHTaren “udako sugearekin” eta Iruñetik deituriko ”Euskal Y” Ezkiotik edo Gasteizetik lotura.

Etsigarria da ikustea gure Herriak, proiektu hau defendatzen jarraitzen duten galgo eta podenkoengatik, erabaki interesatuen eta argumentatu gabeen mende jarraitzen duela. Erabaki hauek baliabide publikoak xahutzen dituzte, ekozidak dira eta lurraldeak suntsitzen dituzte. Gainera, Espainiako Erresumako beste lurralde batzuetan AHTa inposatu zenetik hiru hamarkada baino gehiago igaro ondoren, izaera publikoko eta sozialeko trenbide-zerbitzuak egoera penagarrian daude autonomia erkidego guztietan.

Nafarroak, bertako biztanleek eta enpresek, ez dute AHTrik behar pertsonak eta salgaiak trenbidez kalitate ezin hobearekin garraiatzeko. Sustrai Erakuntza Fundaziotik hauxe frogatu genuen argitaratutako txosten bietan orain dela urte batzuk.

AHTrako partidak dituzten aurrekontuak babesten dituzten alderdiak egoteak eta erakunde autonomikoek eta estatu zein erkidego mailako erakundeetatik proiektu honen kontrako jarrera ez erakusteak argi eta garbi uzten du AHTaren aurka dauden herri mugimenduaren eta udalen esku baino ez dagoela obrak gelditzeko, eta dagoeneko eginda daudenak iraultzeko, borroka zintzo eta eraginkorra.

Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten alderdi guztiek onartu dute ez dela Iruñea eta Ezkio arteko lotura eraikiko Aralar zeharkatuz. Ministerio arduradunak hauxe bera argi dauka Mariano Rajoyren azken gobernutik: “galgoek” galdu egin dute. Orain, “podenkoek” AHTa Iruñea eta Gasteiz artean ez dela eraiki behar onartzea behar dute.

Bi ibilbide hauek errepresentatzen duten trenbide-eredua berbera da. Kontua da AHTak eragiten duen xahutze ekonomikoa, ustelkeria, lurraldearen eta biodibertsitatearen txikizioa onartzea, eta onartzea ez bakarrik oker jokatu dutela horren alde apustu egin duten alderdiek, sindikatuek, propaganda-bideek eta abarrek, baizik eta, honela enpresa eraikitzaileen, ingeniarien, bankuen eta politikari ustelen onura pribatuei lagundu egin dietela.

Ez da geltoki berririk behar ez Tuteran, ez Iruñean. Orain arte eraikitakoa Nafarroan AHTaren obrak hasi aurretik zegoen egoerara itzuli behar da.

Sustraitik defendatzen dugun alternatiba Tren Publiko eta Soziala da, eta beste kolektibo batzuek ere horren alde egiten dute. Dauden trazadurak aprobetxatuz, geltokiak eta geralekuak berriro irekiz, tren egokiak martxan jarriz eta jabetza eta kudeaketa publikotik baliabideak, materiala eta langileak berreskuratzeko inbertituz.

Nafarroan, 2024ko abuztuaren 21a.

Sustrai Erakuntza Fundazioa

Sutea Indumetal Recycling-en: egiteko era desegokien adierazlea.

Berriro gertatu da. Sutea piztu da abuztuaren 15ean Bilboko metropoli-barrutian produktu kutsagarriak kudeatzen dituen enpresa batean, Erandioko Indumetal Recyclingen, hain zuzen ere. bI langile zauritu ziren eta egun bere onera etorrita egotea espero dugu.

Agintariek inguruko bizilagunei jakinarazi zieten, leihoak itxi eta kea arnastea eragozteko. Ordu batzuk geroago, alerta desaktibatu zuten.

Eguzkikoi ulergaitza egiten zaigu horrelako gertakariak hain sarri gertatzea, ustez beste munduko ondorik ez dutenak. Honakoa aurtengo hirugarren sute izan da, geuk gogoratzen dugula behintzat:

•26.04.2024: Profersa eta Sader (Bilbo), ongarriak eta birziklatze industria, hurrenez hurren.

•2024-05-12: Profersa eta Sader (Bilbo), berriro.

•2024-08-15: Indumetal Recycling (Erandio), birziklatze-industria.

Eta laugarren sute bat ere gehi dezakegu urtebetetik beherako epean:

•08.10.2023: Prezero (Bilboko Portua, Zierbena), birziklatze-industria.

BOmberos en Indumetal, tas apagar el incendio. Fuente: EITB

Kopuru garrantzitsua dela uste dugu, Euskal Herriko biztanle kontzentrazio handienari (860.000 biztanle inguru) eragiten diona edo/eta estualdian mantentzen dituen gertakariak direla kontuan hartzen badugu. Hala ere ia inoiz ez da ezer gertatzen, ez suteen iturburu diren enpresei behintzat. Noizbehinka, isunen bat eta neurri zuzentzaileak falta arinagatik. Indumetal Recycling da salbuespena, hain zuzen ere: duela hilabete batzuk ingurumen delituagatik zigortu zuten, frogatuta geratu zelako 2013tik 2016ra, gutxienez, bere jarduera garatu ahal izateko lege eskakizunak “sistematikoki” urratu zituela. Izan ere, zuzendaritzako lau kideri kartzela zigorrak ezarri dizkiete —gertaerak aitortu dituzte—, baina kondena neurri batean bertan behera utzi dituzte, besteak beste, auzitegiak aintzat hartu duelako prozesua luzatu izana —zortzi urtez luzatu da prozesua—. Edonola ere jada esaten dugu salbuespena dela, eta, azken finean, enpresek betiko jarduteko erarekin jarraitzen dute lanean eta kudeatzen.

Jakina, ez dugu alde batera utzi nahi auzo elkarteek Profesa eta Sader Bilbotik ateratzeko egiten duten lana (goraipagarria eta esker txarrekoa), baina ezer ez dela gertatzen esaten dugunean, administrazio publikoan jartzen ari gara fokua, oro har, eta Eusko Jaurlaritzan, eskumenaren kudeatzaile gisa, bereziki.

Indumetal Recycling 2021

Egoera larria dela uste dugu. Bilbon eta bere metropoli-eremuan kutsatzeko ahalmen handia duten enpresa ugari daude, eta horietako batzuk oso adierazgarriak dira beren sektorean:

-Zabalgarbi, etxeko hondakinak edo asimilagarriak kudeatzen dituen erraustegia.

-Befesa, altzairutegiko hautsak birziklatzen dituen industria hondakinen kudeatzailea.

-Energiaren sektorean Bahía de Bizkaia eta Santurtzi gas-zentralak ditugu, eta nola ez, Petronor findegia.

Aipatutakoekin batera, dozenaka dira une batean gure osasuna eta eguneroko zeregina arriskuan jar dezaketen enpresak, eta uste dugu administrazioak, nagusiki Eusko Jaurlaritzak, jarduera horiek kontrolatzeko duen ahalmenaren zati txiki bat baino ez duela erabiltzen. Enpresa horietako askok zehapen-espedienteak izan dituzte eta/edo irekita dituzte, eta normalean balio gutxiko isunekin konpontzen dira (jasotako fakturazioekin eta diru-laguntzekin alderatuz gero), bai eta neurri zuzentzaileekin ere, zeinak maiz ez diren garaiz eta behar bezala gauzatzen. Beraz, enpresa horietako asko ohiko arau-hausleak dira, baita ohiko delitugileak ere.

Egoera honen aurrean, instalazio horiekiko kontrol handiagoa, zorotzagoa behar da, neurri zuzentzaileak azkar irits daitezen, eta, azken batean, administrazioaren, eskuak dardar egin dezan jarduera gelditzeko garaian, beharrezkoa izanez gero. Herritarrok ikuskatzaileak eta teknikariak behar ditugu, beren lan-egoeraren mende ez daudenak eta une bakoitzeko egoeraren arabera jarduteko ahalmena dutenak. Informazioa publikoa izatea eta kontsultatu nahi duenarentzat eskuragarri egotea behar dugu. Bai, badakigu enpresa horiek diru-sarrerak eta lanpostuak sortzen dituztela. Baina gure lurraldean funtzionatzen badute, ondo egin behar dute, eredugarriak izan behar dute. Eta Eusko Jaurlaritzak izan behar du eredugarritasun horren bermatzailea.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2024ko abuztuan.

Informazio gehigarria:

Bilboko Portuan 2022/08/22an su hartutako biodiesel biltegia.

Hain zuzen ere, egun hauetan beteko da Bilboko Portuko instalazioetan izandako biodiesel-biltegi baten sutearen bigarren urteurrena. Sute hark ke beltzezko zutabe handi bat eragin zuen, 300 metrotik gora igo zen, eta inguruko etxebizitzetako leihoak itxi, Arena eta Muskizko hondartzak hustu eta trafikoa eten behar izan zuten A-8 autobidean, N-644 eta N-639 errepideetan eta porturako sarbide guztietan. Nahiz eta, gure ustez, gertakariaren larritasuna nabarmena izan, apenas izan zuen oihartzunik.        https://eguzki.org/es/2022/09/02/sekulako-sutea-piztu-da-bilboko-portuan-baina-ez-omen-da-ezer-gertatu-guzti-guztia-normala-da-eta/

Zezenketen aurkako manifestazioa, Donostiako Aste Nagusiaren atarian

Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak deituta, atzo arratsaldean ere manifestazioa egin genuen Donostiako Aste Nagusiaren atarian. Honako esteka hauetan, pare bat bideo labur:

Eguzki en X: “Donostiako manifestazio antitaurinoa 2024. #ZezenketarikEz ! https://t.co/q3xg8lhMsr” / X (twitter.com)

Bideoa: Ehunka pertsona bildu dira Donostian zezenketen aurka (eitb.eus)

Bukaerako interbentzioen edukia, berriz, gutxi gorabehera honako hau izan zen…

UDAL GOBERNUAK AGINDUTAKO HERRI-GALDEKETA EZ, BAINA ZEZENKETAK BULTZATZEN JARRAITZEN DU

Udal-gobernuak, herritar gehienon nahiari bizkar emanda, zezenketak lotsarik gabe babesten ditu.

Donostia Antitaurina Orainek 2017an bildu zuen Herritarrek Parte Hartzeko Udal Araudiak aurreikusitako sinadura-kopurua, eta, horrela, Illunbeko erabilera taurinoaren inguruko herri-galdeketa egiteko eskubidea irabazi zuen. Eskubide hori ukatu egin zuten Madrilen, baina Eneko Goia alkateak donostiarron iritzia ezagutzeko bideak aurkituko zituela agindu zuen. 2024an gaude, ordea, eta agindu hura betetzeko zantzu txikienik ere ez dago. Horra alkateak eta bere gobernu-bazkideak hiriko edozein kolektiboren aurrean erakutsi ohi duten gorreriaren beste adibide bat.

INORK SUFRITU BEHAR BADU, EZ DA FESTA

Tauromakia XII. mende inguruan ezarri zen. Esan beharrik ez dago garai hartako jendarteak oso bestelako balore moralak zituela eta analfabetoa zela. Herrialde askotan aspaldi ezabatu zuten tauromakia, herrialde horietan balore moralak eboluzionatu zirelako eta, ondorioz, herritarrek tauromakia arbuiatu zutelako. Hemen, berriz, mantentzen da, hori bai, gero eta zale gutxiagorekin eta diru publikoaren etengabeko injekzioei esker.

Tauromakia da animaliak –kasu honetan zezenak eta zaldiak– gure dibertimenturako erabiltzea zilegi dela pentsatzearen ondorio. Uste horrek elikatzen eta iraunarazten du animalien kontrako gure biolentzia. Uste hori ezabatuta soilik iritsiko gara arazoaren muinera.

Jendarteak alor askotan eboluzionatu du. Oso aurreiritzi sakonak agerian uzteko gauza izan gara. Horra hor arrazakeria edota sexismoa. Injustizia horiek agerian ipintzeko gauza izan bagara, animalien kontrako biolentzia ere agerian ipintzeko gauza izango gara.

ILLUNBEKO ERALDAKETA INTEGRALA

Gaur egun Donostian Illunbeko “eraldaketa integrala” planteatzen ari da, Anoetakoarekin batera. Batzuek, tartean alkateak berak, zenzen-plaza eraldaketa horretatik salbu utzi nahi dute. Bada, guk exijitzen dugu eraldaketa horretan erabilera taurinoa beste erabilera batzuek ordezkatzea. Izugarria litzateke oraingoan ere, berriro ere, diru publikoa zezenketak egiten jarraitzeko erabiltzea.

SINADURA BILKETA

[Manifestazio-bukaeran sinadurak bilduko zirela iragarriz.]

Sinadura horiek ILP bat bultzatzeko dira, hau da, Iniciativa Legislativa Popular bat edo Legegintzako Herri Ekimen bat. Gaur egun, tauromakia, legez, kultur ondare gisa kontsidaratuta dago. Ondare den aitzakian, era guztietako laguntza publikoak justifikatzen dira, batetik, eta, bestetik, tauromakia debekatu edo murriztu nahi luketen herri eta autonomia-erkidegoen lana blokeatzen da. Hain justu, ILP honen bitartez tauromakiak kultur ondare izateari utz diezaiola nahi dugu.

Zezenak jendaurrean hil arte torturatzea ez da kultura!, ez da, behintzat, gure kultura!

Besterik gabe, ondo pasa Aste Nagusian, inor sufriarazi gabe

EZ, EZ, EZ, ZEZENKETARIK EZ!!!

Araztegiko lohien Tuterako kudeaketa zentralizatuari ez

Tuterako araztegian Nafarroan sortutako araztegiko lohien % 40 kudeatzeko proiektua artifizialki zatitu da, eta horrek zaildu egiten du haren ingurumen-inpaktuaren azterketa.

Proiektuak ez du adierazten zer egingo den azken hondakinarekin, baina badirudi Erriberako laborantza soroetan isuriko dela, gaur egun nitratoengatiko kutsadura-tasa handiak dituztenak.

Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri du Tuterako araztegiko lohien instalazio zentralizatuaren proiektua. Proposatutako instalazioak hiriko hondakin-urak araztu ondoren sortzen diren lohiak biometanizazio-prozesu baten bidez tratatuko lituzke. Honela, lohiak oxigenorik gabeko eremu batean sartzen dira, eta bertan bakterio metanogenikoak ugaltzen dira, biogasa sortzen dutenak. Gas hori gas naturalaren antzekoa izateko hobetu daiteke, eta, beraz, energia-iturri gisa balioko luke.

Biometanizazio-prozesua amaitu ondoren, prozesutik ateratzen den hondakin-kopurua sartzen den kantitate bera da gutxi gorabehera, biometanizazioan apenas degradatzen baitira hondakinen osagaiak. Beraz, prozesuaren emaitza lohi digerituen ia kopuru bera da, gerora ere nolabait kudeatu behar direnak. Oro har, laborantza-eremuetara isurtzen dira, ongarri gisa, nitrogeno asko dutelako, baita beste ongarri batzuk ere. Eta kasu honetan, badirudi hori izango dela bere azken helmuga ere, araztegi honetarako proiektu globalaren azken faseari buruz eman diren informazioetan adierazitakoaren arabera.

Praktika honek badu arriskurik, hiri-araztegietako lohien osaera ez baita egonkorra, eta elementu ongarrien kantitate aldakorrak ditu, bai eta ongarriak ez diren beste elementu batzuenak ere, kutsagarriak ere izan daitezkeenak. Metal astunen kasuan, kontzentrazio aldakorretan ager daitezke, eta, beraz, produktu horiek jasotzen dituzten nekazaritza-lurzoruak nabarmen kutsa daitezke.

Gauza bera gerta daiteke nitrogeno-kontzentrazioarekin, biometanizazio-prozesuan sartzen diren jatorrizko hondakinetan ere aldakorra baita, eta biometanizazioarekin elementu honen kontzentrazioa ia ez baita gutxitzen. Kontuan izan behar da nitrogenoa, ongarria izateaz gain, lurzoruen kutsatzailea ere badela; izan ere, gomendatutakoak baino dosi handiagoak isurtzean, landareen hazkundea zailtzen hasten da, eta beste ondorio kaltegarri batzuk ere eragiten ditu. Eragin hauek jada oso larriak dira Nafarroako nekazaritza-lurzoru gehienetan, eta are handiagoa Nafarroako Erriberan, nitratoek eragindako kutsadurarekiko kalteberak baitira eremu gehienak.

Bada, Nafarroako Gobernuak orain aurkeztu duen proiektuak Nafarroako % 40 inguruko hiri-araztegietako lohien kudeaketa zentralizatu nahi du Tuterako egungo araztegiaren ondoan eraikiko den plantan. Proiektuaren arabera, planta honetan urtean gehienez 169.934 tona lohi tratatu litezke. Konparatze aldera, Tuterako araztegiak 34.000 Tn/urte inguru ekoizten ditu gaur egun; beraz, instalazio berrien tratamendu-ahalmenak gaur egun Tuteran kudeatzen diren araztegiko lohien kopurua 5ez biderkatzea ekarriko du.

Horretarako, aurkeztutako proiektutik jaso daitekeen informazio zatikatuaren arabera, Nafarroako hegoaldeko araztegietako lohiak partzialki deshidratatuko lirateke (zentrifugazioaren bidez, adibidez), kamioietan Tuterara eraman ahal izateko, eta han berriz hidratatuko lirateke biometanizazioan sartzeko. Eta azken prozesu hori amaitu ondoren, beste instalazio batzuetara pasatuko lirateke, proiektuaren hirugarren fase batean zehazteke daudenak, eta bertan prozesatuko lirateke “nekazaritzako ongarri” gisa amaitu aurretik. Antzeko beste prozesu bat Arazurin egingo litzateke, Nafarroako iparraldeko araztegietako lohiekin, Nafarroan ekoitzitakoen % 60 gutxi gorabehera, Tuterako egungo proiektuaren arabera.

Orain aurkeztutako proiektua Nafarroa osoko araztegiko lohiak kudeatzeko proiektu global baten zati bat baino ez da. Herritarrek ez dituzte ezagutzen prozesu global horren ezaugarriak; izan ere, proiektu globala hiru fasetan banatu da, eta orain arte bigarren fase hau bakarrik jarri da jendaurrean, lohien biometanizazioarena, alegia. Lehen fasean, Tuterako araztegiaren egungo instalazioak hobetuko dira, eta hau dagoeneko onartu da, jendaurrean jarri gabe, eta, beraz, definizio orokorra baino ez da ezagutzen.

Baina, batez ere, ez dakigu zein prozedura jarraituko den urtean gutxi gorabehera 170.000 tona lohi horiek kudeatzeko. Lohi horiek nekazaritzako lurzoruetara isuri nahi dira, ziurrenik Erriberara. Horrela, ezinezkoa da proiektu globalak ingurumenean izango dituen eraginak zenbaterainokoak izango diren zehaztea, eta, beraz, proiektuak sortuko dituen eraginak gutxiesten ari direla uste dugu. Proiektu orokorra hiru fasetan eta hiru proiektutan modu artifizialean banatzeak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea urratzen du. Lege horren arabera, proiektuak bere osotasunean aztertu behar dira, hauek eragin ditzaketen inpaktu guztiak behar bezala ezagutzeko.

Hala ere, eta informazio partziala dugun arren, araztegiko lohien kudeaketa Nafarroako bi puntutan zentralizatzeko proiektuaren inpaktu negatiboetako batzuk aurreratu ditzakegu. Izan ere, argi dago Nafarroako laborantza alorretan azken produktua banatu aurretik egiten diren deshidratazio partzialerako, garraiorako, ber-hidrataziorako eta ondorengo prozesuetarako energia asko erabili behar dela. Eta energia hori, askotan, erregai fosilek sortuko dute, eta, beraz, kudeaketa zentralizatu horrek berotegi-efektuko gasen emisioa handitzea ekarriko du.

Gainera, kontuan izan behar da hiri-araztegietako hondakinak Nafarroa osoan zehar bidaiatzen ari direla gaur egun, eta proiektu honekin hala egiten jarraituko dutela, garraiatzen dituzten kamioiek duten gasolio-kontsumoarekin. Hala ere, hondakin horiek sortzen diren lekutik gertu kudeatzeko planta txikiak eraikitzea plantea liteke, Estatuan eta Europan hondakinak kudeatzeko indarrean dagoen legediak zehazten dituen hurbiltasun- eta autosufizientzia-printzipioek ezartzen duten bezala.

Eta, azkenik, ez da ahaztu behar hasieran esandakoa: Tuterako proiektu honekin, Erriberako soroetara hondakin gehiago eramango dira, eta balizko ongarri gisa erabiliko dira. Horrek are gehiago handituko du eremu horietara isuriko den nitrogeno kantitatea, eta larriagotu egingo du lurpeko urek jasaten dituzten konposatu mota hauek eragindako kutsadura larria.

Horregatik guztiagatik, uste dugu beharrezkoa dela Nafarroako Gobernua behartzea Nafarroan hondakinen kudeaketa zentralizatzeko duen asmoa zuzentzera. Ezinbestekoa da hiri-hondakinak kudeatzeko planta txikiak sortzea, bai etxeko zaborren kasuan, bai hiriko hondakin-uren araztegietako lohien kasuan. Hondakin organiko horiek konpost bihur daitezen saiatzea litzateke aukera bat, ahal denean eta egokia denean, produktu horrek materia organikoko lurzoruak hobetzen lagun dezan eta nitratoek eta beste konposatu batzuek eragindako kutsadura murrizten lagun dezan. Eta, horretarako, nahitaezkoa da gizartea inplikatzea hondakinen kudeaketa hurbila eta atsegina aldarrikatzeko.

Nafarroan, 2024ko abuztuaren 9a.

Sustrai Erakuntza Fundazioa

Angulak Mehatxatutako Espezieen Katalogoan sartzeko eskatu du Eguzkik

Aingira europarra –eta, ondorioz, angulak– Babes Bereziko Basa-faunaren Zerrendan eta Mehatxatutako Espezieen Katalogoan sartzeko eskatu dio Eguzkik Trantsizio Ekologikorako Ministerioari. Eskaera egin du aipatutako bi dokumentuak eguneratzeko Ministerioak abiatu duen kontsulta-prozesuaren barruan.

Zientzialarien artean ez dago aingiraren egoeraren larriari buruzko eztabaidarik. Hona hemen datu adierazgarri bat: orain dela 50 urte Sargazoen itsasotik gure itsasadarretara iristen ziren 100 angulako, gaur egun 8,8 baino ez dira iristen. Eta Ipar itsasoan egoera are larriagoa da: 0,4 baino ez.

Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak (IUCN) 2008an sartu zuen aingira mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian, “galzori larria” kategorian, gainera.

ICES Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseilua, berriz, Europar Batasuna arrantza-kontuetan aholkatzen duen zientzia-erakundea da. Bada, ICESek urteak daramatza esaten aingira “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo dagoela, arrisku larrian”, eta faktore antropikoek –arrantzak barne– eragindako hilkortasunak “0 edo 0tik ahal den hurbilen” egon beharko lukeela. Gauzak horrela, Europar Batasunak neurri batzuk hartu ditu azken urteotan. Hala ere, egoera gero eta okerragoa da. Horregatik, 2022an eta 2023an, CIESek zuzen-zuzenean aingiraren arrantza debekatzeko eskatu du.

Europar Batasunak ez du debeku osoa ezarri, baina hainbat neurri hartu ditu. Horrela, 2023ko urtarrilean onartu zuen Araudiaren bidez, angularen aisialdiko arrantza debekatu egin zuen, eta, hain justu, aisialdikoa izan da aspaldi honetan Gipuzkoan eta Bizkaian egin den arrantza mota bakarra. Aukera bikaina zen Eusko Jaurlaritzak aingira Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan sartzeko. Alabaina, hori egin ordez, eta Batasunaren Araudiari iskin eginez, Gipuzkoan eta Bizkaian angularen arrantza profesionalizatzeko dekretu bat onartu zuen Urkulluren Gobernuak legegintzaldiaren azken bileran. Pradalesen Gobernu berriak aukera bikaina du erakusteko biodibertsitatea benetan aintzat hartzen duen ala diskurtsoak hanpatzeko erabiltzen diren bost duroko hitz potolo horietako bat baino ez den.

EGUZKI, 2024ko abuztua

Zezenketen aurkako manifestazioa egingo da aurten ere Aste Nagusian

Gipuzkoako Plataforma Antitaurinak deituta, aurten ere Illunbeko zezenketen aurkako manifestazioa egingo da Donostiako Aste Nagusiaren atarian. Hitzordua larunbatean izango da, abuztuak 10, 18:00etan, Bulebarrean.

Udal-gobernuak, herritar gehienon nahiari bizkar emanda, zezenketak lotsarik gabe babesten dituela salatuko dugu.

Honi dagokionez, zera gogorazi nahi dugu, Donostia Antitaurina Orainek 2017an bildu zuela Herritarrek Parte Hartzeko Udal Araudiak aurreikusitako sinadura-kopurua, eta, horrela, Illunbeko erabilera taurinoaren inguruko herri-galdeketa egiteko eskubidea irabazi zuela. Eskubide hori ukatu egin zuten Madrilen, baina Udalak donostiarron iritzia ezagutzeko bideak aurkituko zituela agindu zuen. 2024an gaude, ordea, eta agindu hura betetzeko zantzu txikienik ere ez dago. Horra alkateak eta bere gobernu-bazkideak hiriko edozein kolektiboren aurrean erakutsi ohi duten gorreriaren beste adibide bat.

Une honetan, Illunbeko “eraldaketa integrala” planteatzen ari da, Anoetakoarekin batera. Batzuek, tartean alkateak berak, zenzen-plaza eraldaketa horretatik salbu utzi nahi dute. Bada, guk exijitzen dugu eraldaketa horretan erabilera taurinoa beste erabilera batzuek ordezkatzea. Izugarria litzateke oraingoan ere, berriro ere, diru publikoa zezenketak egiten jarraitzeko erabiltzea.

GIPUZKOAKO PLATAFORMA ANTITAURINA

Eguzkik espresuki animatu nahi zaitu larunbateko manifestazioa parte hartzera.

Donostiako udal-gobernuak zabor-tasa %26,54 igo nahi du, Hondakin Legearen aitzakian, baina ez du Lege horrexek ezarritako birziklatze-helburua betetzeko inolako asmorik

Zenbat eta nahastutako hondakin gehiago, gero eta diru gehiago zaborretara.

Zabor-tasa %26,54 igoko duela iragarri du Donostiako udal-gobernuak. Astindu galanta herritarron poltsikoari, alegia. Igoera Hondakin Legeak behartuta dagoela argudiatu du alkateak, eta, beraz, Donostiak ez ezik gainerako herriek ere onartu beharko dutela. Izan ere, Europako erabakien ondorio den Lege horrek agintzen du hemendik aurrera hiri-hondakinen kudeaketa oso-osorik tasen bidez finantzatu behar dela, eta ezingo duela defizitarioa izan, orain arte bezala. Alkateak esan dituenak egia dira, baina egiaren erdia bakarrik. Egiaren beste erdia, berriz, esan ez dituenetan datza. Eta, dakigun bezala, erdizka esandako egiak… ez dira guztiz egiak.

Zer da, bada, alkateak esan ez duena? Bada, alkateak ez du esan zabor-tasa igotzea agintzen duen Hondakin Lege horrexek berak, 2025erako, gutxienez hiri-hondakinen %55 gaika biltzea ere agintzen duela (1). Eta gaur egun zenbat biltzen du Donostiak gaika? %41,33 baino ez; izan ere, Donostia da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herria, alde handiarekin, gainera (2). Egia baita gainerako herriek ere zabor-tasa garestitu beharko dutela, baina herri horiek, gehien-gehienek behintzat, %55eko helburua betetzen dute, erraz asko bete ere. Are gehiago, Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten %55eko helburua, hau da, Legeak ezarritako epean baino bost urte lehenago. Gipuzkoako gaur egungo batez bestekoa %57,16 da, eta handiagoa izango litzateke baldin eta Donostiako eta –maila apalagoan– beste zenbait herritako emaitza kaskarrek jaitsiaraziko ez balute.

Baina zergatik da hain eskasa Donostian gaikako bilketa? Erantzuna erraz bezain gordina da: udal-gobernuak urte hauetan guztietan alor honetan ezertxo ere egiteari espresuki uko egin diolako. Zergatik? Erraustegiari jaten eman behar zaiolako, hondakinen kontu hau glamour gutxikoa delako… edo alor honetan utzikeria nagusitu zaiolako, besterik gabe. Beharbada, denetatik pixka bat, auskalo. Baina, esan bezala, kontua da urte hauetan guztietan ezertxo ere egiteari espresuki uko egin diola (3).

Errefuxako ontzia izan beharko lukeena, praktikan, hondakin guztiak nahastuta botatzeko erabiltzen da. Hori aldatzeko neurriak hartu behar ditu Udalak.

Puntu honetara iritsita, litekeena da irakurleren batek bere buruari zera galdetzea: “Kontxo, Legea betetzeko tasak igotzen badituzte, %55eko helburua betetzeko plan bat ere izango dute; beharbada ez 2025ean, dagoeneko astirik ez dago-eta, baina bai 2026an… edo, behintzat, arrozoizko epe batean, ezta?”. Bada, ez. Hiri Mantzentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garcíak orain dela aste batzuk esan duenaren arabera, Udalak “auzoren batean”, “proba gisa”, zaborra nahastuta hartzen dituzten edukiontzietan itxiera- eta irekiera-txipak jartzeko asmoa du. Hori da guztia. Ez dago besterik aurreikusita. Eta, gainera, zinegotziak aitortu du horretarako ere ez dagoela eperik (4).

Hondakin Legean, hitzaurretik beretik, argi eta garbi geratzen da helburua dela hondakinak murriztea eta dituzten ondorio kaltegarriak ahal den modurik onenean kudeatzea, bereziki giza osasuna eta ingurumena babesteko, baita ekonomia zirkular eta karbono gutxiko bidean aurrera egiteko ere. Beraz, hori da helburua, eta helburu orokor hori, 2025rako, %55eko gaikako bilketan zehaztuta dago. Tasa-politika helburua lortzeko tresna bat baino ez da, Legeak aurreikusten dituen beste tresna batzuk bezala. Donostiako udal-gobernuak, ordea, tresna baliatu nahi du, helburua ahaztuta.

Gauzak horrela, tasak %26,54 igotzea, Legea betetzeko aitzakian, baina aldi berean Lege horrexek berak ezartzen duen %55eko helburua urratzea –are gehiago urratze hori arrozoizko epe batean zuzentzeko inolako bide-orririk ez dagoenean– sekulako iruzurra iruditzen zaigu. Iruzurra Legeari, herritarroi eta, jakina, ingurumenari. Udal-gobernuak ezin du Legea bete komeni zaion neurrian soilik.

Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, hondakinen gaikako bilketan, legez, gutxienezko batzuk bete egin behar dira, eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik. Itxurakeria baino ez dira.

Hemen organikoa biltzeko ontzia falta da. Ez urruti egongo, baina ez da gainerakoekin batera. Dena nahastuta botatzea bereiztea baino errazagoa den neurrian, jai dugu.

Udal-gobernuak aurreikusitako zabor-tasaren igoerari buruz dugun iritzia inork jakin nahi badu, orain arte idatzitako lerroetan aurkituko du. Hala ere…

ERTZAK

Udal-gobernuak aurrikusi duen zabor-tasaren igoeratik harago, hiri-hondakinei buruzko tarifa-politikak baditu goiz edo berandu mahai gainean ipini beharko diren hainbat ertz. Hona hemen horietako batzuk…

– Hondakin Legeak behartzen du kudeaketa oso-osorik fiantzatzeko tasa bat ezartzera, bai, baina, halaber, Legeak dio “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezartzeko ere balio behar duela tasa horrek. Hau da, zenbat eta hondakin gehiago sortu, gero eta gehiago ordaindu, “kutsatzen duenak ordaintzen du” filosofiari jarraituz (5). Udal-gobernuak iragarri duen tasa-igoerak ez du pausorik ematen filosofía horren bidean. Alde horretatik, orain arteko tasaren jarraipena da, hau da, oinarri-oinarrian tarifa finko bat da (aurrerago egingo dugu “oinarri-oinarrian” horri buruzko ñabardura bat), organikoaren edukiontzien erabiltzaileei ematen zaizkien hobariek minimoki zuzenduta. Tarifa finkoa antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada, arduraz jokatzen duten herritar birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute, aurreko puntuan esan bezala, hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestitzen baita. Beraz, “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezartzea guztiz beharrezkoa da. Egia da, ordea, udal-gobernua orain arte hondakinak gaika biltzeko gutxienezko sistema ezartzeko gauza izan ez dela kontuan izanik, “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezartzeaz hitz egiteak zientzia fikzioa dirudiela. Eta, hala ere, horretaz ere hitz egiten hasi beharko da berandu baino lehen.

– Berriro esango dugu: Hondakin Legeak behartzen du kudeaketaten kostu guztiak finantzatzeko tasa bat ezartzera, ados. Baina segun kudeaketa nola egiten den, kostuak handiagoak edo txikiagoak izan daitezke. Aurreko puntuan esan bezala, hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestituko da. Erraza da: zenbat eta hondakin gehiago nahastuta, gero eta tratamendu-kostu handiagoa. Kontu hau gaur egun ere islatzen da mankomunitateek udalei kobratzen dizkieten tarifetan (6). Zehatz-mehatz, San Markok 204,26 euro kobratzen dizkie Donostiari eta mankomunitateko gainerako herriei tonelada bokoitzeko, hondakinak nahastuta baldin badaude. Bereizita bildutako tonelada organikoa, berriz, 163,41 euroan dago. 204,26 edo 163,41. Alde ederra, ezta? Bestela esanda: zenbat eta gaika gutxiago bildu, gero eta diru-sarrera gutxiago berreskuratutako materialen truke, batetik, eta, bestetik, gero eta tratamendu-kostu handiagoa. Horrek kudeaketan sortutako defizita beste baliabide publikoetatik ateratako diruarekin kubritu da orain arte; hemendik aurrera, berriz, tasa igoz kubritu beharko da. Modu batean zein bestean, udal-gobernuak urte hauetan guztietan gaikako bilketa egiteko sistema minimoa ezarri nahi izan ez duelako, zenbat diru galarazi die donostiarrei orain arte? Eta zenbat galaraziko die hemendik aurrera?

– Ogasun zinegotzi Kerman Orbegozok esan duenez, zabor-tasaren %26,54ko igoerak suposatu dezake urtean 210 euro ordaintzetik 266 euro ordaintzera pasatzea. “Kalkulua lau laguneko familia estandar batentzat egina dago”, argitu du. Egia esan, lau laguneko familiek aspaldi utzi zioten estandar izateari; gaur egun, Donotian batez beste 2,3 pertsona bizi dira etxe bakoitzean. Baina hori alde batera utzita, eta kontuan izanik sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemarik ez dagoela eta indarrean dagoena tarifa “oinarri-oinarrian” finkoa dela, zergatik ibili behar dugu kalkuluak egiten jakiteko zehatz-mehatz zenbat ordaindu behar dugun? Hemen dator aurreko puntu batean indarrean dagoena, “oinarri-oinarrian”, tarifa finkoa dela esan dugunean, sartu nahi izan dugun ñabardura. Kontua da zabor-tasa gaur egun ur- eta saneamendu-tasei lotuta kalkulatzen dela, zati batean, behintzat. Bistan da ur- eta saneamendu-tasek elkarren arteko lotura estua dutela. Baina zabor-tasarekin zer-nolako lotura dute? Ez dute inolako loturarik, ez zuzenik ez zeharkakorik. Kasuistika mugagabea izan daiteke, baina uste dugu honako adibide honekin garbi geratuko dela zer esan nahi dugun: lau laguneko familia batek –tira dezagun Ogasun zinegotziaren hari beretik– seguruena bat, bi edo hiru laguneko beste batek baino ur gehiago kontsumituko du, baina familia horrek etxeko hondakinak behar bezala kudeatzen baditu, bat, bi edo hiru laguneko beste horrek baino errefus gutxiago sor dezake; eta, hala ere, ur gehiago kontsumitzea bere zabor-tasan ere islatuko da, txarrerako islatu ere. Hau uztargarria da sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemekin?

Alegia, udal-gobernuak aurreikusi duen tarifazotik harago, ertz dezente ditu hondakinei buruzko politika fiskalak, eta mahai gainean ipini beharko dira, momentu batean edo bestean.

EGUZKI, 2024ko abuztua

(1) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:

Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización.

(…)

c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…

d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…

e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…

(2) Joan den maiatzean argitaratu ziren azken datuak, 2023koak, eta horietan oinarrituta honako irakurketa hau egin genuen: Donostiak azken putz izaten jarraitzen du Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketan, gero eta gehiago, gainera | Eguzki Talde Ekologista

(3) Gai hauek sakonago jorratu genituen iazko urrian, Ingurumen zinegotzi Marisol Garmendiak Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiaren urteroko txostenaren aurkezpenean agin zituen adierazpen batzuen haritik: Gutxienez Legeak agindu bezainbeste birziklatzeko neurriak eskatzen dizkio Eguzkik Donostiako Udalari | Eguzki Talde Ekologista. Garmendia gaur egun Espainako Gobernuaren ordezkaria da EAEn. Garbi dago kargu-igoera horrek ez duela zerikusirik Ekologia zinegotzi gisa hondakin alorean izan zituen lorpenekin. Izan ere, zinegotzi-kargua utzi zuen hondakinen kontu hau minimoki bideratu gabe. Horren lekuko dira bere ordezko Carlos Garcíaren adierazpenak, testu honetan bertan jaso ditugunak.

(4) El chip del contenedor de orgánico se probará en la fracción resto en Donostia | El Diario Vasco

(5) Legeak, zehatz-mehatz, honako hau dio: “[…] las entidades locales establecerán, en el plazo de tres años a contar desde la entrada en vigor de esta ley [lo hizo en abril de 2022, luego el plazo vence en abril de 2025] una tasa o, en su caso, una prestación patrimonial de carácter público no tributaria, específica, diferenciada y no deficitaria, que permita implantar sistemas de pago por generación y que refleje el coste real, directo o indirecto, de las operaciones de recogida, transporte y tratamiento de los residuos, incluidos la vigilancia de estas operaciones y el mantenimiento y vigilancia posterior al cierre de los vertederos, las campañas de concienciación y comunicación, así como los ingresos derivados de la aplicación de la responsabilidad ampliada del productor, de la venta de materiales y de energía”.

(6) GAO – Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala – Egoitza elektronikoa – Gipuzkoako Foru Aldundia