Category Archives: albisteak

Eragotzi, inposatzeko

Errauste plantaren kontrako mugimendua askotarikoa eta siglen gainekoa izan da. Sekulako indarra eman dio horrek. Indar hori mobilizazioen bidez berriz aktibatu behar da.inzineradora ez, Donosti

Ez eragotzi, ez inposatu», idatzi zuen Josu Jon Imazek, baina Gipuzkoako herritarron eta zabor errauste planta bat kosta ahala kosta ezarri nahi diguten alderdien arteko gatazka luzean ere ez dirudi EAJko mitxelin dimitituaren leloak arrakasta handirik lortu duenik. Izan ere, alderdi horiek kudeatzen dituzten mankomunitateen leloa guztiz kontrakoa da: Eragotzi, inposatzeko. San Markoseko mankomunitate intsumituak bere zaborra beste edonon botatzea eragozten ari dira, errauste planta inposatu nahi diotelako. Gogora dezagun, bide batez, inposatu nahi dioten errauste planta haiek kontrolatzen dituzten udalerrietan nahi ez duten berbera dela.

Lehendabizi, EAJk eta PSOEk San Markoseko zabortegia ixtea inposatu dute. Eguna iritsi denean, berriz, haiek berek eragotzi dute itxiera, bertako mankomunitateari ez diotelako zaborra beste edonora eramaten utzi. Zergatik? Errauste planta onartzen ez duelako. Horrela, harri batekin bi txori (edo bi kaio): lehenengo arazoari, San Markoseko kiratsari, beste bat gehitu diote, zaborra nora eraman ez izatea.

Horiek horrela, EAJ eta PSOE Beraun eta inguruko herritarrak munizio gisa erabiltzen ari dira errauste planta ametitzen ez dutenen kontra. Herritar horiek, urteetan basamortuan deiadarka aritu direnak, bat-batean lehen mailako manifestari bihurtu dira. «Kasu egin behar zaie», dioskute serio-serio urteetan inolako kasurik egin ez dieten berberek.

San Markoseko mankomunitateko gaur egungo kudeatzaileei xantaia egiten diete EAJk eta PSOEk. «Inposatu nahi dizuegun errauste planta onartu ezean, zuen zaborra beste mankomunitateetan bota dezazuen ez dago elkartasunik», esaten diete. Xelebrea da, benetan, alderdi horiek elkartasun hitzari ematen dioten esanahia: «Ondoko hiru urteetan, gure mankomunitateetan zuen zaborra onartuko dugu, baina ondoren, trukean, Lasartek, Zubietak eta Usurbilek errauste planta eta gure zaborra betiko onartu beharko dituzte». Horrek ez du zerikusirik elkartasunarekin, hori xantaia da. 25 urtez, Txingudiko zaborra onartu du San Markosek, baina hori «txikikeria» bat omen da, orain behintzat inork gogoratu nahi ez duena. Gainera, arrakero kaxkarrenak ere bere egingo ez lituzkeen amarruak darabiltzate: «Dagoeneko Donostialdeko zaborren %50 beste mankomunitateetan botatzen ari dira», diote; praktikan, baina, %20ra ere ez da iritsi.

Panorama biribiltzeko, hor dugu Donostiako alkatea. «Errauste planta ametitu ezin den inposizioa da», esan zuen. Orain, berriz, errausketazale bihurtu da. Paulo Damaskoko bidean nola, hala erori omen da zalditik Elorza auzi honetan. Itsutu duen argia, berriz, Diputaziotik eta Eusko Jaurlaritzatik iritsi da: alkateak eskuartean duen zenbait proiektu izar ez dutela oztopatuko agindu omen diote. Ondorioz, Elorzak errauste plantaren alde bozkatu du; hots, donostiarron %65en kontra. Izan ere, berak enkargatutako inkesta baten arabera, donostiarron %65 errauste plantaren kontra gaude.

Eta hau guztia gertatzen ari den bitartean, gipuzkoarrok jokoz kanpo gaude. Alderdien arteko ika-mikak komunikabideen bidez jarraitu baino ez dugu egiten. Horren erantzuleak, neurri batean behintzat, herri mugimenduak gara, errauste plantaren kontrako estrategia gehienbat politikarien eskuetan utzi dugulako, politikari horiek nahi bezain alternatiboak badira ere.

Errauste plantaren kontrako mugimendua askotarikoa eta siglen gainekoa izan da. Sekulako indarra eman dio horrek. Gure ustez, egoera zein den ikusita, indar hori mobilizazioen bidez berriz aktibatu egin behar da. Demokraziarik eza begi bistakoa den honetan (horra Donostian, Tolosan, Astigarragan, Batzar Nagusietan eta abarretan legez kanpo utzitako zerrendak), auzi hau konpontzeko ezin gara egon hauteskunde-portzentajeei begira. Herritarren protagonismoa eta mobilizazioa berreskuratu egin behar dira, politikarien xantaia eta inposizioaren kontrako txerto eragingarri bakarra delako.

«Kutsatzen duenak ordaintzen du», esan ohi digute. «Orduan —-erantzun behar diegu—-, ordaintzen duenak erabaki dezala». Herritarrok ordaintzen dugu; beraz, zaborrak nola tratatu behar diren erabakitzea herritarroi dagokigu. Eta herritarrok «errausketarik ez» behin baino gehiagotan esan dugu, argi bezain ozen.

Arabako 70 langile batzordek Garoña ixteko eskatu dute

Zentral nuklearraren kontrako manifestazioa egingo dute larunbat honetan Gasteizen. Herrialdeko ehun mila langileren babesa dutela dio Garoñarik gabeko Araba ekimenak. En castellano en Gara.

gara 16-10-2007Arabako ikastetxeetako, erakunde publikoetako eta lantokietako 70 bat langile batzordek Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra ixteko eskatu diote gaur Espainiako Gobernuari, eta larunbat honetan manifestazioa egingo dute Gasteizen, “une erabakigarria delako”. Arabako Foru Aldundiari itxieraren aldeko konpromisoak hartzeko galdegin diote, era berean.

Herrialdeko ehun mila langileren babesa dutela adierazi du Garoñarik gabeko Araba ekimenak, eta babes gehiago jasoko dituela espero du. Haiekin bat egin dute ELA, LAB, ESK, CCOO, UGT, Stee-Eilas, CGT, USO, Hiru eta UAGA sindikatuek.

“PSOEk [2004ko] Espainiako hauteskundeetan Garoña ixteko konpromisoa hartu zuen”, adierazi du Alberto Frias Eguzki elkarteko bozeramaile eta aipatutako Arabako ekimeneko kideak gaur, Gasteizen emandako prentsaurreoan. Zentrala bere garaian 25 urterako zabaldu zutela gogoratu du Friasek, eta epea bukatuta dagoela. “Zentrala ixteko azken bultzada eman behar dio gizarteak”.

Garoña itxi dezaten eskatzeko ekimenak indartuko dituzte

Manifestazioa egingo du zentral nuklearraren aurkako plataformak urriaren 20an, Gasteizen.

«Une erabakigarria bizi du Garoñako zentral nuklearrak, eta itxiera agintzeko Gobernuak behar duen bultzada ematen saiatuko gara». Hitz horiekin arrazoitu ditu Araba Garoñarik Gabe plataformako bozeramailea Alberto Friasek datozen hiru astetan egingo dituzten ekimenak. Enpresa Batzordeen bidez Arabako langileen atxikimendua lortzen saiatuko da plataforma. «Garoñaren kontrako adierazpenen artean adar hori falta zitzaigun». Sindikatu guztiak arduratuko dira atxikimenduak biltzeaz, plataformaren baitan baitaude.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Paulino Luesmarekin biltzeko asmoa dute plataformako ordezkariek datorren astean. Garoñako zentral nuklearraren itxieraren aldeko posta txartelak eramango dizkiote, Arabako gizartearen iritzia izan dezan. Urriaren 20an manifestazioa egingo du Araba Garoñarik Gabe plataformak ekimenei bukaera emateko. Foru Plazan hasiko da, arratsaldeko zazpietan.

Garoñak bizi duen unearen garrantzia azpimarratu zuen Friasek ekimenen berri emateko prentsaurrekoan. «Datorren urteko martxoan Espainiako hauteskunde orokorrak izango dira, hau da, hilabete gutxi gelditzen zaizkie legegintzaldi hasieran agindutakoa betetzeko», gogoratu zuen Friasek. Itxiera azkar egiteko eskatu zuen gainera, zentral nuklear baten itxiera ez baita «egun batetik bestera» egiten. 1.999an hamar urte gehiagorako luzatu zuen Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak Garoñako zentralaren ustiapena. Zentrala 2009a baino lehen itxi egin daitekeela argitu zuen Friasek, ordea.

ITXIERAREN EGUTEGIA. Ezker Batuak Garoñaren itxierarako egutegi bat zehazteko eskatu zuen atzo Arabako Biltzar Nagusietan, Araba Garoñarik Gabe plataformak ekimenen berri eman zuen egunean. Espainiako Gobernuak iragarritako itxiera atzeratu dezakeela deritzo Jose Miguel Fernandez EBko bozeramaileak. Hori gerta ez dadin Arabako Foru Aldundiak zer egingo duen galdetuko dio Jose Miguel Fernandezek Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Departamenduari.

Euskal Herri ekologistarekiko konpromisoa berritu du Eguzkik

1987ko ekainean sortu zen Eguzki talde ekologista, eta atzo urteurrena ospatu zuten, Altsasun
urteurrena

Duela hogei urte sortu zen Eguzki talde ekologista. 1987an, «hamaika arazo» zuen Euskal Herriak ingurumenari dagokionez. 2007an ere, arazoak hamaika dira, Eguzkiren ustez. Hori dela eta, «Euskal Herri libre, burujabe eta ekologistaren alde» duela 20 urte hartu zuten konpromisoa «inoiz baino beharrezkoagoa» ikusten dute. «Eguzkik Euskal Herriarekin duen konpromisoa berritzen du, gure lurraren alde lan egiteko, eta gure herriko pertsona kontziente orori Euskal Herria ekologiatik eraikitzeko gonbita egiten dio».

Eguzki Iruñean sortu zen, duela hogei urte. Eta, Nafarroatik atera gabe, Altsasun irudikatu zuten atzo konpromiso horren berritzea. Eguzki erakundearen egungo eta aspaldiko dozenaka kide bildu ziren Altsasura, urteurrena ospatzera. Eguerdian ekitaldi publikoa egin zuten, eta ondoren herri bazkaria egin zuten, frontoian, non 20 urte horietako borrokak jasotzen duen bideoa ikusi baitzuten.

GARAIPEN HANDIAK ETA TXIKIAK. Eguzkik dio 20 urteren buruan ez datorrela esku-hutsik. «Garaipen handiak lortu izan dira, Lemoizkoa adibidez, bai eta garaipen xumeagoak ere, hala nola gure herri askotako proiektuak gelditzea. Hala ere, gure lurraren kontrako erasoa etengabea da, sistematikoa, geldiezina, eta lanean jarraitzen ez badugu, orain arte egindakoak ez du ezertarako balio izango».

«Euskal Hiria» izena du, Eguzkiren ustez, Euskal Herrian pentsamolde bakarra ezartzeko asmoa. «Euskal Hiria kontzeptu horren azpian, edozein planteamendu ekologista nahiz izaera propioko Euskal Herri baten defentsaren aurkako proiektua ezkutatzen da. Interkonektaturiko hiri erraldoi horrek bere zerbitzura jartzen du lurraldea, eta sakrifikatzen du, eta berarekin dakar hirigintza basatiari lotutako era guztietako azpiegituren ugaltzea. Gainera, hori guztia marketin berde batez hornitzen dute, jasanezina dena iraunkor gisa saldu nahi diguna».

Hogei urtean eginiko lana trinkoa izan dela uste du Eguzkik. «Ekologiaren arazoa gizarteratzea eta euskal gizartean ingurumenaren aldeko jarrera gero eta handiagoa sortzea lortu da. Arazoei aurre egiteko hainbat koordinakunderen jaiotza ikusi izan dugu (Sakana eta Leitzarango autobideen kontrakoak, Garoñakoa, Superportukoa eta Itoizkoa, besteak beste), eta horietako askotan Eguzkik lan ukaezina egin zuen, sorreran lagunduz, gure egoitzak lagaz edo gure lan ahalmena haien alde jarriz».

Euskal Herri libre, burujabe eta ekologikoa lortzeko bidea luzea izanen dela uste du Eguzkik. «Merkatarien Europak, ekonomiaren mundializazioak eta bertako zein kanpoko burgesiak errukirik gabeko atzealdea duen kapitalismo baten alde eginiko apustuak proiektu eutsiezinak ekartzen jarraitzen baitute».

Eguzki, Ekologistak Martxan, Talaia eta Txipio Bai talde ekologistek Lemoizen (Bizkaia) ziklo konbinatuko zentral termikoa egiteko asmoa bazter dezala eskatu diote Iberdrolari…

Alde batetik, gasaren bitartez funtzionatzen duen ziklo konbinatuko zentral termikoak klima aldaketaren alde egingo lukeelako, gasak isuriz. Bestetik, Lemoizkoa ez delako «beste energia proiektu bat»: «Osagai historikoak eta soziologikoak ditu. Zauri hori ezin da berriro ireki». Talde ekologistek zentrala dagoen lekuan egin beharrekoari buruzko eztabaida publikoa eskatu dute. Haien iritziz, «herritarrek gozatu eta erabili beharko lukete».

Zentrala
Lemoiz zentrala

Iberdrolak ziklo konbinatuko zentral termiko bat egin nahi du Lemoizko zentral nuklearraren hondakinak dauden tokian. Hala baieztatu zuen Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak aurtengo martxoaren 28an, Bilbon. Esan zuen Lemoiz leku egokia zela ziklo konbinatuko zentral termiko bat egiteko, eta Iberdrolak baliatu egingo duela zentrala lehenespenez eskuratzeko eskubidea.

IBERDROLAK EROSTEKO LEHENTASUNA. Zentral nuklearra Iberdrolarena zen, baina gaur egun Luzapen Nuklearrerako Funtsarena da. Espainiako Industria Ministerioak zentrala saltzeko asmoa du. Iberdrolaren esanetan, berak zentrala erosteko lehentasuna izango luke: Espainiako Industria Ministerioak jasotako eskaintzarik onena berdinduz gero, zentrala berea izango litzateke. Espainiako Gobernuak oraindik ez ditu zehaztu lehiaketaren oinarriak.

Iberdrolak Lemoizen ziklo konbinatuko zentral bat egiteko asmoa ez da berria. Sabin Arana Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Prestakuntza diputatuak 2004ko uztailaren 26an eman zuen proiektuaren berri, kargua utzi zuen egunean. «Zentrala 800 megawattekoa izango da, baina 1.600 megawattera arte handitu ahal izango da».

Iberdrolak 1.300 milioi jaso ditu 1994tik 2005era, Espainian luzamendu nuklearra indarrean jarri aurretik egindako inbertsioak berreskuratzeko.

Talde ekologistez gain, Batasunak ere aurre egin dio Iberdrolaren asmoari. Aurtengo apirilean Espainiako Gobernuari eta PSOEri eskatu zion bertan behera utz dezatela Iberdrolaren erosteko lehentasuna. Batasunak esan zuen «ahal duen guztia» egingo duela «inposatu» nahi duten edozein proiektu salatzeko eta hari «aurre egiteko».