CETAren aurkako mobilizazioak

CETArenKontrakoAurrekoprensa30052017Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako TTIP eta CETAren aurkako kanpainek CETA hitzarmenaren aurkako mobilizazioak iragarri dituzte Gasteizen egindako agerraldi publikoan. Mobilizazioak Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza libreko itunaren (CETA) aurka Atlantikoaren bi aldeetan sortu den mugimenduaren testuinguruan kokatzen dira.

Hauek dira aurkeztu diren ekintzak:

1) CETA CHECK: CETAren aurkako kanpainak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta CETA itunaren aurka borrokatzen aritu izan gara, eta CETA CHECK on-line tresna jarri dugu gizartearentzat eskuragarri (http://www.ttipez.eus/ceta/), cetariez.eus web-orriaren bidez. Tresna horrekin, nahi duen edonork bere desadostasunaren berri eman diezaieke itun horien alde dauden alderdietako Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako parlamentariei. Hilabete eskas batean, milaka e-mail bidali dira web-orri horretatik parlamentari horien postontzietara. Jarraitu horrela!

2) Ekainaren 3rako mobilizazioak deitzen ditugu Euskal Herrian, estatuko mobilizazio-deialdiarekin bat eginez:
• Mobilizazioen esparruan, zenbait deialdi gauzatuko dira Donostian:
-Elkarretaratzea eta horma-irudi kolektiboa 11:30ean Alderdi Ederren.
-Elkarretaratzea 13:00ean Gipuzkoa plazan.
• Bilbon: 12:30ean kalejira irtengo da Jesusen Bihotzetik.
• Iruñean: 12:30ean elkarretaratzea Karlos III.a etorbidean, Merindadeen plazarekin gurutzatzen den puntuan (gobernu zibilaren
parean).

3) Ekainaren 5ean, Europako Gaietako eta Kanpo Ekintzako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren egoitzan bilduko da 11:30ean (1. aretoa). Valoniako parlamentuko ahaldun den Hélène Ryckmans andreak agerraldia egingo du bertan batzordeak hala eskatuta, EH Bildu legebiltzar-taldeko Mikel Otero Gabirondo jaunak eta Elkarrekin Podemos legebiltzar-taldeko Iñigo Martínez Zatón jaunak egindako eskaerarekin bat, merkataritza-itunen gaineko parlamentu-kontrolari buruzko azalpenak eman ditzan. Agerraldi horren xedea da Valoniako parlamentariak azaltzea zergatik agertu zen Valoniako Parlamentua CETA izenpetzearen aurka hasiera batean, eta zer baldintza adostu zituzten Belgikako gobernuarekin azkenean akordioa izenpetzeko, oraindik berresteko badago ere.

Aldi berean, elkarretaratzea deitzen dugu 11:00etan Gasteizko Legebiltzarrean.

Eta egun berean, ekainaren 5ean, 19:30ean, hitzaldia antolatu dugu Aldabeko zentro zibikoan, Hélène Ryckmans (Valoniako parlamentaria), Gorka Martija (Euskal Herriak TTIP-CETAri ez) eta Nora Onaindia (Eskubide Sozialen Karta) parte hartuko dutelarik bertan.

Gladys del Estal hil zuteneko 38. urtemuga dela eta, oroitze-ekitaldia antolatu du Eguzkik igandean

123-G - copiaEguzkik Gladys del Estal oroitzeko ekitaldi berri bat antolatu du. Dagoeneko 38 urte pasatu dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys hil zuenetik, buruan tiro bat jota. Tuteran gertatu zen, ekologista donostiarra han baitzegoen Energia Nuklearraren kontrako Nazioarteko Eguneko ekitaldietan parte hartzeko.

Eguzkik antolatu duen oroitze-ekitaldi berria igandean izango da, ekainaren 4an, 12etan hasita. Parte-hartzaileok Gladys Eneko atean bilduko gara eta erromerian joango gara parkeko goiko ordekaraino, Gladysen oroitarria dagoen lekuraino, alegia. Han egingo da ekitaldia, lore eta kanta tartean.

Bertan, aktualitatearen irakurketa bat ere egingo da, ohi bezala. Izan ere, Eguzkitik behin baino gehiagotan nabarmendu dugunez, guk Gladys oroitzen dugu gure laguna zelako eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahazterik ez dugulako, baina baita ere Gladys zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak bizirik daudelako gaur egungo borroka ekologistetan.

Gladys eta “Estatuaren gehiegikerien” Biktimak Aitortzeko Legea

Eta zertaz hitz egingo dugu? Bada, Konstituzio Auzitegiak aste honetan bertan suspenditu egin duela kontuan izanda, seguruena Estatuaren “gehiegikeriak” 1978 eta 1999 bitartean eragindako Biktimak Aitortzeko Legeaz hitz egiten hasiko gara. Gogoan izan Eusko Jaurlaritzak lege hori iaz abiatu zuela, hain justu, fetxa hauetan. Bakegintzako eta Bizikidetzako idazkari nagusi Jonan Fernandezek berak esan zuenearen arabera, lege horren bidez Gladys izan zitekeen orain arte ukatutako aitortza jaso zezaketen biktimetako bat. Horrela bada, primeran, esan genuen orduan, baina eszeptikoak izatea beste erremediorik ez genuela ere gehitu genuen, uste baikenuen aitortzak, kasurik onenean, luze joko zuela. Gobernu espainolak orain dela pare bat aste lege horren kontra jarri duen helegitea, guztiz arbuiatzen duguna, eta horren ondorioz Kontituzio Auzitegiak aste honetan bertan hartu duen erabakia gure eszeptizismoa ondo justifikatuta zegoela berrestera datoz. Garbi dago gai hau ez dela sartu PPren eta EAJren arteko tratuan. 

gladys+07

Lemoizen etorkizuna

Bada, berriz, PPren eta EAJren arteko tratuan sartu den eta igandean Gladysen omenaldian hizpide izango dugun kontu bat. Izan ere, tratu horren arabera Lemoizko zentralak okupatzen dituen lursailak “berehala euskal erakundeen esku” geratuko dira. Hainbeste urte pasa eta gero EAJk gai hau horrelako akordio batean sartu izanak Eusko Jaurlarritzak buruan proiektu zehatzen bat baduela aditzera ematen du. Are gehiago, zenbait komunikabidek dagoeneko aipatu dute Basordan akuikultura-proiektu bat eta Bimep kokatzeko aukera (energia elektrikoa sortzeko olatuen indarraz baliatzen den plataforma da Bimep). Gauzak horrela, Eguzkik honako hau esan behar du: Lemoizko zentral nuklearrak okupatzen dituen lursailei “historiarekin bat datorren erabilera” eman behar zaie. Eta horrek, zehatz-mehatz, zer esan nahi du? Bada, gure iritziz, Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian lehengoratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat eratu, beharbada memoria-leku gisa. Eguzkik ez du beste erabilerarik baztertzen, baina betiere lehengoratzearekin eta erabilera publikoarekin bateragarri den heinean. Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, taldeak aholkatzen du erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izatea, memoriak horretarako ere balio beharko luke eta. Inork gure arrazonamenduaren berri nahi badu, jo beza honako lotura honetara:   http://eguzki.org/2017/05/19/eguzkik-lemoizen-eskatzen-du-historiarekin-bat-datorren-erabilera/

Adi Garoñari!

Eta igandean Garoñari buruz ere hitz egingo dugu, jakina. Ibredrolak berak esan du ez duela zentrala berriz martxan jartzeko asmorik. Baina adi! Ez da begi-bistatik galdu behar Gobernu espainolak gaiarekin bueltaka jarraitzen duela eta Iberdrolaren adierazpen hori Garoñako zentrala truke-txanpona den negoziazio-testuinguru batean ulertu behar dela. Horrelako zerbait: “Zentrala berriz ere martxan jar dezadan nahi baduzu, zergak murriztu behar dizkidazu, edo bestela segurtasuna bermatzeko eskatzen dizkidazun inbertsioak apaldu; edo zentrala behin betiko ixten badut, beste zentral batzuen esplotazio-epea luzatzen utzi behar didazu”. Gainera, bada adi jarraitzeko beste arrazoi bat, izan ere, zentrala itxi ondoren, eraitsi ordez, hondakin erradioaktiboen biltegi bihurtzeko aukera aipatzen hasi dira. Beraz, adi egon ezean, Garoñako atea itxi bai baina arrisku nuklearra leihotik sartzen jarraitzeko aukera dugu. Adi Garoñari! garoc3b1a

Ikusten duzuenez, igandean, Gladysen oroitarriaren aurrean edo ezkiaren gerizpean, izango dugu zertaz hitz egin.

Barakaldoko Eguzkik Udaltzainari legez kanpoko isurketak herriko leku desberdinetan jakinarazten dizkio

vertido ilegal StaAgedaPasa den igandearen arratsaldean, Barakaldoko Eguzkik  Udaltzainari herri leku desberdinetan agertu diren legez kanpoko isurketak jakinarazi zizkion nor den arduraduna ikertzeko. Hori sare sozialetan auzotarrek egin zituzten salaketak ezagutu ondoren izan zen. Konkretuki, azken isurketa Santa Agedan, orain dela gutxi Gurutzetako Txakolin kalean bezala, agertu da.

Talde ekologistak deritzo, egin honen aurrean urratsak azkar ematen ez badira, Barakaldon zergak ordaindu nahi ez dituen eta ardura hartu ez nahi duen edonork edozein lekutan bota dezakeela adieraztea dela auzotarren eta ingurumenaren kontrako jarrera izanez.

Eguzkideak Udaltzainaren Komisaldegian Gertakari hauen aurrean, udal ekintzaren askatasunak edo askatasunik ezak argi adierazten du Udala kudeatzeko arduradunek herriaren eskubideen defentsari  zenbat garrantzi ematen dioten.

Aldi berean, Udaletxeari herriko legez kanpoko isurketa guztiak ezagutzeko mapa zehatza egiteko lan-plangintza martxan jartzea eskatzen dio Eguzkik  zaborra edo material hori kentzeko, guneak berreskuratzeko eta arduradunen kontran joateko.

Sare sozialetan agertu zen salaketaren lotura:

https://twitter.com/Kushifw/status/868746734444457984

Eguzki Barakaldo

2017ko maiatzaren 28an

Martxa Jaizkibelen eta erakusketa Zurriolan

IMG_20170528_112750504Jaizkibelek bi ekimen protagonizatu ditu igandean. Bata, Jaizkibel desmilizatzearen aldeko martxa, hainbat taldek antolatuta, tartean Eguzkik. Bestea, berriz, Eguzkik berak Zurriolan paratutako erakusketa, Ulia-Jaizkibel itsas babesgunea errebindikatzeko Nazio Batuek datorren astean ozeanoei buruz egin behar duten goi-bileraren bezperan. 

Berrogeita hamar bat legunek hartu zuten parte hainbat taldek antolatutako “Jaizkibel berreskuratu – Militarrak kanpora” lemapeko martxan. Lezoko plazatik abiatuta, tiro-eremura iritsi ziren, eta bertan, trikitixa eta sagardoa lagun, ekitalditxo bat eta hamaiketakoa ere egin zuten.

Ibilaldia Iparragirreko basoan barrena egin zuten. Bertan geldialdi bat egin zen (kus argazkia), hainbat barrakoi handiren hondarren aurrean. Barrakoi hauek erabili zituzten gerrostean Jaizkibelgo errepidea eraiki zuten langile derrigortuek. Oso ezaguna ez den istorio honek agerian uzten du militarren presentzia mendian aurrekari latzak dituela.

IMG_20170528_103233850

Zurriolan, berriz, harrera ona izan zuen Eguzkik Ulia-Jaizkibel itsas babesgunearen alde paratu zuen erakusketa. Jende askok proposamenaren zantzu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen. Ekimen hau espresuki egin da Nazio Batuek datorren astean New Yorken ozeanoei buruz egingo duen goi-bileraren bezperan. Ikus:

http://eguzki.org/2017/05/24/eguzkik-ulia-jaizkibel-itsas-babesgunea-errebindikatuko-du-nazio-batuek-ozeanoei-buruz-egin-behar-duten-goi-bileraren-bezperan/

IMG-20170528-WA0012 IMG-20170528-WA0009

Altuna y Uriaren egoitzan dantzaldia egin dute, errausketaren aurka protestatzera dei eginez.

Dantzaldia Altuna Urian 2

Gaur Urola Kostako zenbait gazte Altuna y Uriaren egoitzan sartu eta dantzan hasi dira. Helburua “Errausketaren Aurkako Eguna”ra dei egitea gazteei. Osasunerako kaltegarritzat eta “betikoen poltsikoak aberasteko inposaturiko proiektua dela” ikusten dute.

Ikusi bideoa: https://youtu.be/B6kQ7gDRWRU

Albiste ARGIAn argitaratu da:   http://www.argia.eus/albistea/zubietako-erraustegia-egitekoa-den-altuna-y-uria-enpresaren-egoitzan-dantzaldia-egin-dute

 

 

 

AHT-A ETA AURREKONTUAK: NEGOZIAZIOEN NEGOZIOA

AHT_AREN_LANAK_HERNIALDEN_content

 

 

 

 

 

 

AHTren tunel honen zuloa ez dago konparatzerik AHT bera Eusko Jaurlaritzako aurrekontuetan eragiten ari denarekin.

Lehenago EAEko aurrekontuak eta berriki Espainiakoak onartu dira. EAJ eta PPren arteko kromo- trukaketa ikusgarria izan da: PP abstenitu da EAEko  aurrekontuen bozketan  eta EAJk alde bozkatu du Espainiakoetan. Horren ondorioz, bi aurrekontuek aurrera egin dute eta AHTa garaile atera da, beti bezala, EAJ eta PPren inguruko eraikuntza enpresen mesedetan eta politika sozialen kaltetan.

Espainiako aurrekontuei dagokienez, EAJk PPrekin izandako negoziazioetan datozen urteetan “euskal Y”aren finantziaziorako 3.380 milioi € lortzeaz gain,  hiru hiriburuen sarbideen egitasmoa, Lezoko plataforma logistikoa (100 milioi €) eta  Jundizko geltoki intermodala (120 milioi €) adostu ditu,  azpiegitura osoa 2023rako martxan hasteko asmoz. Honetaz gain, EAEk kupoen bitartez azken 5 urteetan ordaindutako 1.400 milioi € Estatuak Eusko Jaurlaritzari itzuliko dizkio, hauetako asko AHTren obretan aurreratutako dirua izanik. Bestaldetik,  EAEko aurrekontueei dagokienez,  Eusko Jaurlaritzak aurten AHTko lanetan 350 milioi € aurreratuko ditu.

Hau guztia gutxi balitz, Nafarroan ere bi urte eta erdiz geldirik izan ondoren, baliteke berriro AHTren lanak datorren urtean hastea, Manu Aierdi EAJko nafar gobernuko presidenteordea  eta Iñigo de la Serna PPko Sustapen ministroaren arteko negoziazioei esker, UPNk akuilututa.

AHT Aurrek 2016

Aurreko legegintzaldian ateratako kartela AHTak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuan duen eragina adierazten duena.

Hego Euskal Herriko eta estatuko alderdi nagusiak (EAJ, UPN, PP, PSOE) beren jostailu kuttuna den AHTa behin eta berriro inposatzen digute.

Espainiako AHTk 25  urte bete ondoren  argi ta garbi gelditzen ari  da azpiegitura suntsitzaile izateaz gain, klasista, xahutzaile, antisoziala eta ohiko trenaren kontrakoa dela.

Zergatik tematzen dira  horrenbeste odoluste ekonomiko zein ekologiko honetan?

AHTren eraikuntzaz politikarien poltsikoak, beren inguruko enpresen poltsak  zein bezero-sareak, egungo hiri eta garapen eredu eta  interes kapitalista oro onuradun bihurtzen direlako.

Hori dela eta, negoziazioen negozioaz, AHT bultzatzen ari diren alderdi politiko oro salatu nahi ditugu. Lurraren txikizioa eta jende xehearen pobretzearen arduradunek izen eta abizenak dituzte. Bada garaia euren erantzukizuna eskatzen hasteko, amildegiaren ertzera iritsi baino lehenago.

AHT Gelditu! Elkarlana

Barakaldoko EAJ Hegoaldeko trenbidearen Saihesbidearen aurrean: ezjankintasuna edo alderdiko diziplina?

@Saihesbiderik EZAste honetan Eusko Jaurlaritzako kontseiluak Hegoaldeko Trenbidearen Saihesbidearen esku uztearen sinadura adostu zuen Sustapen Ministerioarekin, honela, administrazio honek proiektu honen gestioa, esleipena, exekuzioa eta finantzaketa (kupo bidezkoa) bere gain hartzen ditu, tramitazio guztiari onespena emateko arduraduna den sustapen ministerioaren tutoretzapean.

Eguzkitik, jakina den gure gaitzezpen osoa adierazteaz gain, pasa den ostiralean hilaren 19an Barakaldo Naturala plataformako kideek EAJko ordezakari eta Barakaldoko gobernukide diren Gorka Zubiaurrerekin (Alkatetza, parte hartzea eta ingurugiroa) eta Jon Andoni Uriarekin (hirigintza) egineko bileran adierazitakoa egia bada, prozesu honetan eginiko guztia Barakaldoko EAJren eta lekuko autoritateen ezjakintasun osoz egin da, izan ere, bilera honetan behin eta berriz ziurtatu zuten 2015eko azaroan BOEn argitaratutakoaz haratago beste inongo berritasunen berririk ez zutela eta aipatutako argitalpenari alegazioa jarri zietela.

Besteak beste, Bilbo edo Santurtziko alkateek eginiko adierazpenen inguruan galdetu zitzaien, lanen hasieraren data konkretuetaz, bideak libratuko diren guneetaz edota ibilbideen aldaketetaz hitz egiten zutenak. Haien erantzuna momentuoro berdina izan da “ez dago aldaketarik, ez da ezer aldatu”. Aurreko adierazpenak zertan oinarritzen diren zalantzan jartzean eta egia ez gabe ere gezurtatuak izan ez direla aipatzean erantzuna honakoa da “ez dakigu haiek zer nolako akordiotara iritsi ahal izan diren”.

Lerro berdin hauetatik jarraituaz pasa den martxoaen 18 El Correo aldizkarian argitaratutako planoak aipatu zitzaizkien, plano hauek sustapen ministeroak 2015ean argitaratutakoen ezberdinak bait dira, eta bertan Basaurirrekin konexioa agertzen bait da proiektuaren bigarren fasean. Ez dakite, ez dute erantzuten. Aipatutako plano hauek Eusko Jaurlaritzaren Irekia web orrian publikatu zirela ere esan zitzaien. Azken aipamen honen inguruan Zubiaurrek Eusko Jaurlaritzari galdetu eta bertatik plano hau akats baten eraginez argitaratua izan zela eta “plano zahar bat izango dela” esan ziotela esan zuen… Baina inork ez zion akats hau zuzentzea eskatu argitaratu zuen komunikabideari.

Eguzkik, bai Gorka Zubiaurre eta baita Amaia del Campo deitzen ditu behingoz hainbestetan iragarritako proiektu hau geldiarazi dezaten (EITB, idatzitako prentsa, etab…). Lehenari, Barakaldoko azken gune naturalen ingurumena babestu dezan; eta eskualdearen garapenaz hainbeste arduratzen den gure alkatesari, bere herriko bizilagunei egingo dien kaltearen aurrean, trenaren eraikuntzaren justifikazio sozio-ekonomikoa publikoki exijitu dezan.

“Lanak egiteko aurreikusitako aurrekontua osoa 548,7 milioikoa da, horietatik 464 hitzarmenean adostutako 2 faseak egiteko erabiliko dira, Serantes-Olabeagako tunelaren erredakzioa eta lanak eta Barakaldo-Basauri arteko bidea barne hartzen dutenak”, adierazten du atzotik www.irekia.eus (Eusko jaurlaritzaren web gune ofizialak). Kasualitatea izango da, baina martxoan akats bidez argitaratutako planoak orain iragarritakoarekin antzekotasin handiak ditu, zenbakietan izan ezik, orain Basauri arteko 2. fasea eta lan proiektuaren erredakzioa (1. fasea) eta informazio ikerketa (2. fasea) barne hartzen bait ditu.

Honengatik guztiagatik, Eguzkin gure buruari galdetzen diogu ea EAJak eta Eusko Jaurlaritzak nahita erabaki duten Barakaldoko ordezkariak ezjakintasunean mantentzea inguruko hirietako alkateen eskakizunak betetzen zituen bitartean, edota, guzti hau jakinda ere, hobea ote den ez dakigu, ezin dugu erantzun esatea zure herria eta batez ere bere azken gune naturalek eragin okerrena izango dutenean Bilboko portuaren hobekuntzaren truke, bere herriko bizilagunentzako bizi kalitatearen hobekuntza saltzea ezinezko izanik, beste hiri horietako alkateek egin duten bezala.

Amaia del Campo alkatesaren jarrerak aldaketarik izan ez duela diote, 2015ean “hiri honetako ingurugiroarentzako astakeria bat da” esatetik 2017an “eskualdearen garapen jasangarriarentzako oso baliagarria den proiektua da” esatera ikuspegi aldaketarik ez dagoela esaten dute. Diotenez alkateak eta bere taldeak Castaños eta Kadagua ibaien pasabideak lurrapiratzeko ideiaren aldeko jarreran mantentzen dira, haien alegazioetan jasotzen den bezala.

Denak pentsarazten duen moduan, badirudi barakaldotarroi janaraziko dizkigula aurrez aipaturiko  pasabideak; Desertutik merkantzien ibiliaren murrizketarik eza edota ACBren porturako zuzeneko pasabidea moztearen eraginez gehiagotzea; lurren etengabeko mugitzea eta kamioen ibilia inguruko flora eta fauna suntsitu eta hautsa eta zarata sortuz; lehenago askatasunez ibiltzen ginen guneetatik ibiltzeko mugak jartzea; eta, bereziki, “celda de lindane” delako bonba arriskutsuarekin nola “jolasten” duten ikustea, hartuko duen kokapeneko terrenoaren indusketa eta ahultzearekin eta geroko merkantzia arriskutsuen ibiliarekin… guzti hau garai batean SuperSur errepidea (1000 milioi euro eta urtero ia 9 milioi gehiagoko mantentze gastua) saltzeko erabili zuten helburu berdinarekin. Aurreko esperientziako ondorioa garbia izanik, errepide huts bat gaur egun inor gutxik erabiltzen duen, hildako bidea.

Seguraski, Amaia del Campo alkatesak Hegoaldeko Trenbidearen Saihesbidearen lan mahaia deitu dezan itxaron beharko dugu azkenik biharko plenoan Barakaldo Naturalak aurkeztutako mozioa azkenik onartua baldin bada, eta hilabeteko epean egiten baldin badu. Ikusteko dago gaur egungo alkatesak plenoko akordioak betezen dituen edo bere aurrekoek egin bezala akordio hauei entzungor egiten dien. Ikusteko dago baita ere aurrez aipaturiko lahan mahaia eta informazio ofizialaren eskakizuna onesteaz gain bere alderdiak honen alde bozkatzen ote duen.

Bere alderdikideei adierazi zitzaien bezala, ziurgabetasunak nahasmena sortzen du eta nahasmenak susmoa pizten du.

Alderdia edo bizilagunak?. That’s is the question.  Quo vadis, Amaia?

Eguzki Barakaldo

25 de mayo de 2017

Eguzkik Ulia-Jaizkibel itsas babesgunea errebindikatuko du, Nazio Batuek ozeanoei buruz egin behar duten goi-bileraren bezperan

Ulia-jaizkibelEguzkik Ulia-Jaizkibel itsas babesgunea errebindikatuko du datorren igandean, hilaren 28an, Zurriolako pasealekuan paratuko duen erakusketa baten bidez. Errebindikazioa Nazio Batuen Erakundeak aurki egin behar duen goi-bileraren lorratzean dator; izan ere, Nazio Batuen Erakundeak ozeanoei buruzko goi-bilera egingo du ekainaren 5 eta 9 bitartean, New Yorken.

            2015ean Parisen egin zen klima-aldaketari buruzko goi-bileraren kasuan bezala, egun horietan, Eguzkikook, mundu zabaleko gainerako ekologistekin batera, New Yorken har daitezkeen konpromisoei adi egongo gara. Baina, “global pentsatu, lokal jokatu” filosofia beti gogoan, ez diogu horregatik gure gertuko inguruari begirik kenduko, eta, horren ondorioz, hemen ere konpromiso zehatzak hartu egin behar direla errebindikatuko dugu. Eta hartu beharreko konpromiso zehatz horietako bat da Ulia-Jaizkibel itsas babesgunea deklaratzea, argi eta garbi. 

Proposamen zientifikoa           

                Ozeana Fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak 2010ean aurkeztu zuten Donostia eta Biarritz bitartean korridore ekologiko bat eratzeko proposamen zientifikoa, Natura 2000 Sarearen barruan. Proposamenak aurreikusten du 13.000 hektarea inguruko itsas babesgune bat deklaratzea Jaizkibelgo eta Uliako kostan. Inguru hori oso aberatsa da. Oceanak eta EBEOk mila espezie baino gehiago atzeman dituzte bertan. Horietatik 50 inguru babestuta daude, identifikatu dituzten habitetatik 12 babestuta dauden bezala. Horrez gain, Kantauri itsasoan parekorik ez duten forma geologikoak ere aurkitu dituzte. Gobernu frantsesak Lapurdiko kostaldean dagoeneko hainbat itsas babesgune deklaratu dituela kontuan izanda, 27.000 hektarea inguruko babesgune-sarea osatuko litzateke Donostia eta Biarritz bitartean. “Atlantiko europarreko itsas korridorerik garrantzitsuenetakoa izango litzateke, baita aniztasun handienetakoa ere”.

            Proposamena ongi hartu dute Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako, Oreretako, Pasaiako eta Lezoko udalek, Euskal Eurohiria Garatzeko Mugaz Gaindiko Agentziak… eta elkarte ekologista eta naturzale guztiek, jakina. Beraz, itxuraz behintzat, adostasun zabala dago. Alabaina, dagoeneko 2017an gaude, eta ez dirudi propoamenak aurrera egiten duenik.

Egin gure partea

            Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiko presidente Peter Thompsonek zera esan du: “New Yorkeko goi-bileran, gizateria ozeanoen egoerari buelta ematen hasiko den unearen lekuko izango gara”. Horretarako, baina, konpromiso zehatzak hartu beharko dira, maila guztietan. Bada, Ulia-Jaizkibel itsas babesgunea deklaratzea egoerari buelta emateko ahalegin horretan gure partea egiteko prest gaudela adierazteko modu bikaina litzateke.

Eguzki, 2017ko maiatza

Kartela maiatzak 28 erakusketa

“Jaizkibel berreskuratu – Militarrak kanpora” lemapean, mendi-martxa igandean

IMG-20170522-WA0007“Jaizkibel berreskuratu – Militarrak kanpora” lemapean, mendi-martxa egingo da igandean, hilak 28.

Hitzordua goizeko 10etan izango da, Lezoko plazan. Partehartzaileak 11ak aldera iritsiko dira tiro-eremura, eta bertan ekitaldi bat eta hamaiketakoa egingo dira, trikitixa lagun.

Martxa honen helburua militarrek Jaizkibelen okupatzen dituzten 365 hektareak berreskuratzea da. Arrazoi askorengatik. Izan ere, martxa babesten duten taldeak alor askotakoak dira, mendizaleak, ekologistak, memoria historikoa lantzen dutenak eta abar. Hona hemen orain arte atxikimendua adierazi dutenen zerrenda:

·         Itsas Mendi

·         Trintxer Mendi Taldea

·         Trintxerpeko Klub Atletikoa

·         Eguzki

·         Ekologistak Martxan

·         Txerrimuño kolektiboa

·         Etxetxo memoria historikoaren taldea

·         Girizia mendi taldea

·         Oarso taldea

·         Bixi-Bixi kultur elkartea

Honako lotura honetan, besteak beste, ekimen honen aurkezpen-prentsaurrekoaren bideo bat aurkituko duzu:

https://www.facebook.com/JaizkibelBerreskuratu/?hc_ref=PAGES_TIMELINE

agerraldiia.lezo_

Zaratamon okil beltz bat akabatu izana salatu dute Lanius eta Eguzkik

Gertakariaren unean, ornitologiara zaletua den pertsona  bat okilari begira zegoen.

Okila beltza 2 - Pito negro S O Lanius

 Tiroz jotako okilaren irudia, hegaztizaleek jarraipena egiten zioten eta. Argazkia: Lanius

Lanius Ornitogia Elkarteak eta Eguzkik, Euskal Herriko Talde Ekologista eta Antinuklearrak, Zaratamoko Miordiu auzoan gertatu den okil beltz (Dryocopus martius) baten tiroketa eta heriotza salatu dute, ingurumeneko ertzaintzaren aurrean lehenik eta Bizkaiko fiskaltzaren aurrean ondoren.

Tiroketa maiatzaren 13ko eguerdian gertatu zen, kumeei jaten ematen ari zen okil beltz baten kabi ingurura ibilgailu bat iritsi zenean. Beratatik zenbait pertsona irten ziren eta airezko eskupetaz hegaztiari tiroka hasi ziren akabatu arte, naiz eta gorpuzkina etzen aurkitu, kabiko kumeak ere galdutzat ematen direlarik.

Gertakarien hain ezagutza zehatza edukitzearen arrazoia, gertatutakoa okila jarraitzen ari zen ornitologo batek ikusi zuelako da, zeinak eraso egileei beraien jarrera aurpegiratu zien baita base gorrira deitu ere,  basozainek egileak, inguruan dagoen UPO aisialdi gunean  topatu eta identifikatu zituztelarik.

Datu hauek kontuan hartuta, gertakaria benetan larria dela uste  dugu, egileak hegaztia botatzeko gogo betez joan zirela adierazten baitu, ehizalditik kanpo,  nahasmenerako edo ezuste bat izateko aukerarik gabe, aldi berean  basa fauna babestuarekiko gorroto edo/eta gaitzespen larria adierazten dutelarik.

Izan ere basa fauna babestuaz ari garenean, okil beltza  Babes Bereziko Egoeran Dauden Basa Espezieen Zerrenda, hala nola, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan agertzen dela adierazi nahi dugu. Beraz, tiro jotzaileak landare, fauna eta etxeko animalien babesaren aurkako  lege hauste bat egin dutela ondorioztatzen dugu, basa faunako espezieak babesten dituzten izaera orokorreko lege eta xedapenak urratu dutelakoan, zeinak espezie babestuak ehizatzen eta ugalketa oztopatzen duten jarduerak aurrera eramaten dituztenak zigortzen baititu.

Bukatzeko, espezie babestuetako hegaztiak tirokatzea, nahiko ohikoa da zoritxarrez. Iaz, Eusko Jaurlaritzak tiroz botatako 36 hegazti zenbatu zituen, gabirai, lertxun, mirotz, belatz, zapelatz eta abarren artean.

Informazio gehiago: http://eguzki.org/es/2017/05/01/legez-babestutako-36-hegazti-tiroz-bota-zituzten-iaz-eaen/

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2017ko maiatzaren 20an.

Eguzkik Lemoizen eskatzen du “historiarekin bat datorren erabilera”

Captura de pantalla 2017-05-18 a las 11.26.37Lemoizko zentral nuklearrak okupatzen dituen lursailei “historiarekin bat datorren erabilera” emateko eskatzen du Eguzkik. Eta, talde ekologistaren iritziz, horretarako Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian lehengoratu beharko litzateke eta bertan parke publiko bat eratu, beharbada memoria-leku gisa. Eguzkik ez du beste erabilerarik baztertzen, baina betiere lehengoratzearekin eta erabilera publikoarekin bateragarri den heinean. Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, taldeak aholkatzen du erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izatea, memoriak horretarako ere balio beharko luke eta.

Kala lehengoratzea eta erabilera publikoa ematea ez dira inola ere helburu arbitrarioak. Alde batetik, zentrala itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan eraiki zen, egun ere balio natural handia duen paraje batean. Jabariaren lagapena proiektu jakin bat eraikitzeko egin zen. Proiektu hark ez zuen aurrera egin, beraz, lagapena bertan behera geratu zen, eta, ondorioz, kala lehengoratu egin behar da. Legeak ere hori babesten du. Beste aldetik, erabilera publikoa bidezkoena da, ez baita begi-bistatik galdu behar herritarrek berek beren poltsikotik ordaindu dituztela zentralaren instalazioak, urre-prezioan ordaindu ere. Gogora dezagun…

Lemoizko zentrala bertan behera geratu zen 1984ko moratoria edo luzamendu nuklerraren ondorioz, Valdecaballeros eta Trillo II zentralekin batera. Orduan, Estatuak hiru konpainia elektrikori, tartean Iberduerori, zentral horietan 2.300 milioi euroko inbertsioa egin izana aitortu zien, eta, inbertsio horren kalte-ordain gisa, argindarraren ordain-agirietan hainbesteko bat gehiago kobratzeko baimena eman zien. Segun eta zein den iturria, kopuruak aldatzen dira, baina lasai asko esan dezakegu urte hauetan guztietan, 2.300 milioi euro haien truke, herritarrok 6.000 eta 9.000 milioi euro bitartean ordaindu ditugula argindarraren erreziboen bitartez. Beraz, Lemoizko instalazioak geure patrikatik ordaindu ditugu, ederki ordaindu, gainera. Jaurlaritzak orain instalazio horiek guztiak bere egiten baditu, gaizki egingo luke, gure ustez, aurrekariak zein diren kontuan izan gabe jokatuko balu, eta erabilera emango balie bide arruntago baten bidez eskuratutako beste edozein ondasun balira bezala.

Captura de pantalla 2017-05-18 a las 11.23.05Eguzkiren iritzi hauek guztiak ez dira berriak. Eguzkik berak eta, oro har, Euskal Herriko Mugimendu Ekologista eta Antinuklearrak gai honi buruz historikoki izan duten jarreraren segida baino ez dira. Baina berriro plazaratzeko une egokia dela uste dugu. Izan ere, EAJk eta PPk Estatuaren 2017ko aurrekontuak aurrera ateratzeko izenpetu duten akordioa dela eta, badirudi Lemoizko zentrala “berehala euskal erakundeen esku” geratuko dela, eta horrek hainbat espektatiba piztu ditu.

Hainbeste urte pasa eta gero EAJk gai hau horrelako akordio batean sartu izanak Eusko Jaurlarritzak buruan proiektu zehatzen bat baduela aditzera ematen du. Aste honetan bertan zenbait komunikabidek Basordan akuikultura-proiektu bat eta Bimep kokatzeko aukera aipatu dute (energia elektrikoa sortzeko olatuen indarraz baliatzen den plataforma da Bimep).

Eguzki ez da orain hasiko proiektu zehatz horiek baloratzen, baina berretsi nahi du: gure ustez, Lemoizko zentralean edozer egiten dela ere, bateragarri beharko luke izan kala lehengoratzeko eta erabilera publikoa emateko helburu nagusiarekin; eta erabakia, edozein dela ere, ez dadila izan aldebakarra, ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio baizik.