Donostiako ostalaritza iraunkorraren adibide berri bat

Zaborra-parte zaharra1Hona hemen Donostiako Parte Zaharra birrintzen ari den ostalaritza ez iraunkorraren adibide berri bat. Bidrio gehiena, nahita, plastikoen edukiontzian. Hau bezalako adibideek argiro erakusten dute zergatik birziklatzeak ez duen Donostian aurrera egiten eta zergatik Donostiak jarraitzen duen alor honetan azken putz izaten Gipuzkoako udalerrien artean. Lotsagarria.

Ikus bideoa:

https://twitter.com/P_ZaharreanBizi/status/1023694484817760256

Bitartean, alkateak eta bere kuadrillak gogotik egiten dute barre gure kontura:

love1-380x257[1]

Eguzkik Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Txostena eskatu dio Oreretako Udalari Arramendin

ArramendiEguzkik apirilaren 9an Oreretako Udalari eskatu zion argitu dezala beharrezkoa ote den ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-txosten bat egitea Arramendi 36. Sektorearen Plan Bereziaren lehen aldaketaren inguruan. Aldaketa horrek aurreikusitako eraikinaren erabilera aldatu zuen. Erabilera berriak eta honi lotutako jarduerak aurreko baldintzak aldatzen dituzte, eta, gure ustez, ebaluatu beharko liratekeen eragin negatiboak sor ditzakete ingurumenean. Ezin dugu ahaztu parke honek, Ondare Naturala eta Biodibertsitatea Hobetzeko eta Zaintzeko Udal Estrategiarekin bat etorriz, bere biodibertsitatea hobetzeko eta handitzeko jarduerak proposatzen dituela, eta erabilera berri horrek izan dezakeen eragin-maila ezagutzeak finkatutako ingurumen-helburuak lortzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzen lagunduko duela.

Bi hilabetetik gora igaro direnez, eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko araudi desberdinek finkatzen dituzten epeak gainditu direnez, beste idatzi bat aurkeztu behar izan genuen Udalean ekainaren 20an, indarreko legedia urratzen dela adierazteko eta duela 3 hilabete egindako eskaera gogorarazteko.

Eguzkin badakigu oraindik ibilbide luzea geratzen dela erakunde publikoek  sentsibilitate gehiagorekin jardun dezaten ingurumenaren arloan, baina  guk lanean jarraituko dugu gure ingurunearen babesaren alde.

Eguzki Urumea ibaian bioaniztasuna eta energia burujabetza uztartzearen alde.

Fagollagako presaren zati bat.

Fagollagako presaren zati bat.

EGUZKIK ESKATZEN DU URUMEA IBAIAN ERE BIOANIZTASUNA ETA ENERGIA BURUJABETZA UZTARTU DAITEZEN.

Urumea ibaia Gipuzkoako ibai ekosistema gorena da, Natura 2000 Sarean babestutako tarte zabalak izanik. Bere ubidearen eta ibai basoaren (haltzadi kantauriarra) kontserbazio egoera ona da babes horren arrazoia.

Duela gutxi Eguzki jabetu da Nafarkoop kooperatibak (Goiener Taldea) Hernaniko Fagollaga zentral hidroelektrikoa erosi duela. Tokiko energia banatzaileak adierazi du bere helburua dela energia burujabetasunaren maila handitzeko energia berriztagarria ekoiztea.

Izan ere, pasa den ekainean gure erakundeak eta AEMS-Ríos con Vida elkarteak -Estatu mailan ibaien kontserbazio eta birgaipenean dabilen gobernuz kanpoko taldea- Kantauriko Kondefederazio Hidrografikoari beste zentral baten ustiapenaren kaduzitatea eta bere presaren eraispena eskatu diote, Ereñozukoa, Oreretako Udalaren jabetzakoa hain zuzen. Zentral horren ibaitik 4.000 l/s-ko ur emaria kentzeko baimena du, eta Ingurumenarentzat eta ibai ekosistemarentzat ondorio larriak ditu.

Goiener Elkarteak egindako erosketak ekologismoan harridura handia sortu du, Fagollagako zentrala eta bere presaren ingurumen inpaktu ezagunak direla medio. Zentral honek Urumea ibaiaren konektibitate ekologikoa eten egiten du, besteen artean izokin atlantiarra edo aingira bezalako espezieen migrazioa oztopatuz.

Eguzkik eskatzen dio Goiener Taldeari Natura 2000 Sarearen barruan dagoen Urumea ibaiaren konektibitate ekologikoa sustatu eta bermatu dezala. Aldi berean, ura eta bioaniztasun gaietaz eskumena duten Administrazio Publikoei ere luzatu diogu eskaera: gure ondare natural amankomuna babes dezaten. Eguzkik eta orokorrean mugimendu ekologistak Goienerrek dituen energia burujabetzaren helburuekin bat egiten dute, beti ere horretarako bidea eredu ekonomikoaren aldaketa baldin bada, energia ekoizpenean ematen diren ohiko ingurumen inpaktuak ezabatuz, ingurumen irizpiderik gabe garatzen diren energia berriztagarriak barne.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2018ko uztailean.

Zatoz Eguzkizaleak konpartsara!

eguzkizaleak 2014

Marijaiaren etorrera gero eta gertuago dago eta berarekin Bilboko Aste Nagusiari, jai mundialari, hasiera emateko gero eta gutxiago falta da.

Aurten ere festaren erdigunea txosna guneek osatuko dute eta bertan Eguzkizaleak Konpartsak izango du bere lekua. Konpartsa honek, Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearrak urtean zehar naturaren alde egiten duen lanaren erakuslehioa da eta era berean Eguzkirentzat ezinbestekoa. Horregatik, jaietan murgiltzeko, haien parte izateko, beste modu bat proposatzen dizugu, honetarako aukera ezberdinak daudelarik:

1- Txosnako txandetan parte hartzea. Horretarako gurekin harremanetan jarri 688 662532  telefonoan.
2- Txosnaren prestaketan parte hartuz.
Urtero-urtero bezala txosna ikaragarria eraikitzen dugu. Egitura honek hainbat bidegabekeri eta ingurumen sarraski salatzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu. Baina, Aste Nagusian ikusgai daukagun txosnak hainbat hilabeteko lana dauka atzetik. Horregatik, zuengana jotzen dugu muntaian parte hartzeko deia luzatuz. Aurten, lanak Santutxuko Karmelon (Menendez Pelayo, 12) burutuko ditugu, ordutegia hau izango delarik:
Goizetan: 9:30tatik 14:30tara
Arratsaldetan: 16:30etatik 21:30tara
Nahi baduzu aurretik, 688 662532ra dei egin dezakezu.

3- Eta noski, konpartsakide ere egin zaitezke. Honetarako ere deitu 688662532ra.

Anima zaitez eta parte hartu!! Lana bai, baina ondo pasatzeko tartea ere bada!!

ASTE NAGUSIAN ERE AMA LURRAREN ALDE!!!

EguzkizaleakKamikoLogoak

Nafarroako Gobernuak usapalaren ehiza baimendu du, Europako behin-behineko debeku-eskaerari bizkar emanda

usapalaGobernuak usapalak botatzea berriz ere baimendu du. Horrela jasotzen da datorren ehiza-aldia arautuko duen eta Nafarroako Boletin Ofizialak atzo argitaratu zuen Foru Aginduan. Erabaki hori hartuta, Gobernuak bizkar eman dio Europak espezie horren gainean eskatu duen behin-behineko debekualdiari. Beraz, Gobernuak nekez argudiatu ahal izango du ehiza-politika bioaniztasunaren defentsan eta iraunkortasunean oinarritzen duela.

Azken urteotan, usapalen populazioak krisi gorrian daudela ikusita, guk, beste elkarte ekologista eta naturzale askok bezala, debekua eskatu dugu. Nafarroako Gobernuak ez du eskaera aintzat hartu, usapalaren ehiza arautzen aitzindaria izan dela eta foru komunitatean espezie horren ehiza modu iraunkorrean egiten dela argudiatuta.

Alabaina, joan den maiatzaren 24an, Europar Batasuneko Hegaztien eta Habitaten Zuzentarauaren gaineko aditu taldeak (NADEGek) “Europar usapala (Streptopelia turtur) babesteko ekintza-plana” onartu zuen. Plan horrek espeziearen estatusari buruzko ezagutza zientifiko osoena eta eguneratuena du oinarri. Europako Batzordearen iritziz, planak aurreikusten dituen neurriak “premiazkoak eta ezinbestekoak dira espeziea babesteko, arreta-printzipioa eta usapalen populazioaren beherakada izugarria izaten ari dela kontuan izanda”.

Planak aurreikusitako neurrietako bat behin-behineko ehiza-debekua da Europa osoan, ehiza-eredu iraunkor bat finkatzeko aukera izan bitartean. Bestela esanda: gaur egungo ehiza-eredua (adituen arabera, bi milioi ale inguru botatzen dira urtean) ez da iraunkorra. Horra hor behin-behineko debekuaren zergatia.

Planaren arabera, debekua noiz sartu behar da indarrean? Bada, 2018an bertan, eta presa guztiz logikoa da, izan ere, neurri hau “ezinbestekotzat” jotzen du, “essential”tzat jatorrizko hizkuntzan. Kontuan izan planak, neurriek duten lehentasunaren arabera, sei maila aurreikusten dituela. Bada, “essential” da lehentasun gorena duten neurriei dagoekien adjektiboa.

Honako laburpen-taula hau, guztiz adierazgarria, planaren 23. orrialdetik ateratakoa da, baina behin-behineko debekuari buruzko aipuak testu osoan zehar aurkitu daitezke:

usapala_argazkia2Beraz, plana aurre-aurrean duela, Gobernuak nekez argudiatu ahal izango du berriro, ezta aitzakia gisa ere, Nafarroan usapalak “neurriz” edo “modu iraunkorrean” botatzen direla. Erabaki honek ez du zereikusirik bioaniztasunaren defentsarekin edo iraunkortasunarekin, ehizaren lobbya ez mintzeko borondatearekin baizik.

logoak

Eguzki Arartekoarekin eta estatuko Ingurumen fiskal koordinatzailearekin bileran.

Ararteko eta estatuko ingurumen fiskal koordinatzaileaUztailaren 12an, Arartekoaren ekimenez,  EAE-n ematen diren ingurumen eskubideaen urraketen berri izateko bilera batean parte hartu zuen Eguzkiko ordezkari batek. Bertan, Manuel Lezertua Arartekoa, bere laguntzaile bat eta Carlos Barcinaz gain (Aratekoaren ingurumen aholkularia), Antonio Vercher, Auzitegi Goreneko fiskala eta Ingurumen eta Hirigintza arloko koordinatzaileak parte hartu zuen, Ekologistak Martxaneko bi kide eta Eguzkikoarekin batera.

Bilerak ez du ondorio zuzenik ekarriko epe laburrean baina ingurumenaren aldeko eskubideen eta ondorioz ingurumenaren defentsarako legediaren erabilpen egokiago baten bidean pauso bat gehiago dela uste dugu.

Isurketa gehiago Artibain

Atzoko isurketa.

Atzoko isurketa.

Isurketa berri bat egon zen atzo Artibai ibaian. Joan den astelehenean eta asteartean, berriz, gasoil orban zabalak ikusi ziren Ondarroako portuko uretan eta inguruetan. Uztailaren 3an beste isurketa bat egon zen Artibain. Gainera, aste honetan, kutsadura fekala dela eta, bandera gorria egon da Saturraranen eta Mutrikuko hondartzetan. Saneamendu faltagatik? Baita zera ere, euriteak, badakizue. Gai hau aspalditik dator, Eguzkik hamaika aldiz salatu duen bezala. Eta, antza denez, beste hamaika ere salatu beharko dugu.

Honako esteka honetan Hitzak astelehen eta astearteko gasoil orbanei buruzko informazioa aurkitu daiteke, baita bideo bat ere:

http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2018/07/18/ondarroako-portuko-uretan-eta-inguruetan-gasoil-isuria-egon-dela-salatu-du-eguzkik/

Usapalaren ehiza debekatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari Eguzkik eta Itsas Enarak

usapala[2]Eguzkik eta Itsas Enarak Nafarroako Gobernuari eskatu diote Europak usapalaren ehizaren gainean ezarri duen behin-behineko debekualdiarekin bat egiteko. Horretarako alegazio bat aurkeztu diote datorren ehiza-aldia arautuko duen Foru Agindu-zirriborroari.

Azken urteotan, eskaera bera egin dute eta Gobernuak ez du aintzat hartu, Nafarroa usapalaren ehiza arautzen aitzindaria izan dela eta gaur egun Nafarroan espezie horren ehiza modu iraunkorrean egiten dela argudiatuta.

Alabaina, joan den maiatzaren 24an, Usapala Babesteko Ekintza Plana europarra onartu zen. Plan horrek espeziearen estatusari buruzko ezagutza zientifiko osoena eta eguneratuena du oinarri. Ondorioa oso argia da: usapalaren atzerakada izugarria izaten ari da Europa osoan. Atzerakada horri aurre egin ahal izateko, Planak hainbat ekimen proposatu ditu, eta horietako bat da berehalako debekualdia, behin-behinekoa, Europa oso-osoan. Beraz, Plana aurre-aurrean duela, Gobernuak nekez argudiatu ahal izango du berriro, ezta aitzakia gisa ere, Nafarroan usapalak “neurriz” edo “modu iraunkorrean” botatzen direla.

Gobernuak bi aukera ditu: bata, behin-behineko debekualdia ezartzea; bestea, berriz, Europak datorren urtean behartu arte itxarotea. Bigarren aukeraren alde egiten badu, beharbada gainetik kenduko du neurri batean ehizaren lobbyaren presioa, baina ez du interes orokorraren alde egingo; izan ere, kasu honetan, interes orokorraren alde egitea bioaniztasunaren defentsan aritzea da. Eta, usapalari dagokionez, bioaniztasunaren defentsan aritzea debekualdia lehenbailehen ezartzea da.

logoak

Aldundia bere aurkako salaketa penala artxibatzeko saiakeran, Aralarko pista eraikitzeagatik.

Doniturrietatik Eniriorako bidea. Eraiki nahi duten hurrengo zatia, denon artean gelditzen ez badugu.

Doniturrietatik Eniriorako bidea. Eraiki nahi duten hurrengo zatia, denon artean gelditzen ez badugu.

Landarlan eta Eguzkik helegite-idatzia aurkeztu dugu, artxibatu ez dadin.

Natura eta ingurumena babesteko ardura duten Gipuzkoako Aldundiko bi hautetsi (Aristimuño eta Asensio) epaitzen eta ikertzen ari dira bide penalean, lurralde antolaketaren aurkako delitu batengatik. Ertzaintzak egindako txosten teknikoak argigarriak izan dira: Goroskintxu eremuan egindako legez kanpoko pistak eragin ditu ingurumen inpaktu handiak, hain zuzen, Aralarko Parke Natural eta Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE), Natura 2000 Sarean babestua.

Izan ere, oraingoan eta inongo lotsarik gabe EAJk eta PSOEk eusten duten duten foru gobernuak, ikertzen ari den espediente penala artxibatzeko eskatu dio epaitegiari. Aldundiaren helburua da epaitegiaren eta jendartearen aurrean inongo zarata egin gabe igarotzea. Horrela, saiatu nahi du legez kanpoko obra honetan duen ardura penalaren larritasuna izkutatzea, habitat naturalen eta mehatxatutako hainbat espezieen gainean ingurumen eragin larria sortu ondoren, bere jardueraren ondorio ezkorrak biderkatuz.

Landarlan eta Eguzkik eremu babestu honen kasuan ingurumen justizia indarrean egon dadin lanean jarraituko dugu, askoz ere indar gehiagoz jakinda prozesu penal honetan inputatu eta ikertzen ari direnak Gipuzkoako ingurumen agintari gorenak direla. Horregatik[, Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra eta Landarlan Elkartearen izenean, helegite-idatzi bat  aurkeztu dugu epaitegiaren aurrean, bertan Aldundiko bi hautetsi hauek bultzatutako prozesu judizialaren artxibaketa-eskaeraren aurka agertuz.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra eta Landarlan Elkartea Donostian, 2018ko uztailean.

Eguzkik Aizkorri-Aratz Parke Naturalean lau pista eraikitzeko proiektuen inguruan kezka agertu du

aizkorriAizkorri-Aratz Parke Natural eta Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE), Zerain eta Oñati udalerrietan, Gipuzkoako Aldundia lau baso pista eraikitzeko proiektua tramitatzen ari da, bertako herri onurako mendi batean eta lursail pribatu batzuetan, hurrenez hurren. Natura 2000 Sarea eta EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen baitan babestutako lurralde batean gertatzen ari da.

7,5 km baino gehiagoko pista berri hauen proposamena azken hamarkadetan Aldundiak ezarritako baso politikan kokatu behar da, non besteen artean mendi publikoak egurrari lotutako industria pribatu ezberdinentzako lehengaia lortzeko erabili diren.

Baso politika honen ondorio zuzena izan da Gipuzkoako baso eremu ugari benetazko basamortu biologiko bilakatzea, bertako habitat naturalak eta flora eta basa faunako espezieen populazioak desagertu direlarik.

Natura 2000 Sarearen barnean eraiki nahi diren 7,5 km-tako baso pisten helburua, konifero masa ezberdinetako egurra mozteko baso kamioi eta traktoreei bidea irekitzea: larizio pinua, Douglas izeia eta alertzea. Izan ere, Aldundian borontatea izanez gero, badago aukera aire bidezko kablea bezalako beste teknika bigunak erabiltzeko, adibidez.

Gipuzkoak biltzen dituen 200.000 hektareakiko, egur ustiapen intentsiboek okupatutako azalera 75.000 ha-takoa da gaur egun, honek Aldundiaren baso politikak sorturiko erabat artifizializatutako mendiz eta paisaiaz jositako lurraldea bilakatzen gaituelarik. Ondorioz, orain lur hauek espezie exotikoetaz jantzita daude, eta hurrengo osagaiez beteta: baso pistak, erosio prozesuak, paisai natural suntsituak, izurrite eta gaitzak, etabar.

Eguzkik Gipuzkoako Aldundiari eta Zeraingo Udalari eskatzen die Aizkorri-Aratz Parke Naturalean baso pistak eraikitzeko asmoa bertan behera uzteko, eta Oñatiko Udalari proiektatutako obraren udal baimena eman ez dezan.

Era berean, Aldundiak bere baso politikaren norabidea aldatu behar du, egurraren lobiarekin dituen loturak hautsiz eta egurraren ekoizpen intentsiboari uko eginez. Azken honek Gipuzkoako mendietan sortzen dituen ingurumen eragin ezkorrak nabariak dira, bertako malda eta erosionabilitate handiak ikusita.

Eguzki