Plataforma berri batek merkataritza-gune handi gehiago ez irekitzeko eskatu du Donostian

Gaur goizean Donostiako Udaletxean bertan eginiko prentsaurrekoa.

Gaur goizean Donostiako Udaletxean bertan eginiko prentsaurrekoa.

Azalera Handiko Merkatalgune Berrien Irekieraren Aurkako Plataformak prentsaurrekoa eman du gaur Donostiako Udaletxean.

Plataforma osatzen duten taldeak honako hauek dira: EKA-OCUV Kontsumitzaile Elkartea, Euskaldenda,  Dendartean, UGT, CCOO, ELA, LAB,  Belartza 2 Gelditu plataforma, Añorgako bizilagunak, Naturkon Gipuzkoako talde ekologisten koordinadora, Bidasoaldeko Lagunak, Haritzalde eta Eguzki.

Talde hauek Eusko Legebiltzarrean ekainaren 14ean adostutakoarekin bat egiteko eskatu diote Donostiako Udalari.

Euskal Autonomi Erkidegoko Legebiltzarrak aurreko ekainaren 14ean honako hau eskatu zien udalei:

1- Ez dezatela Hiria Antolatzeko Plangintza Orokorretan aldaketarik onartu

2- Ez dezatela zoru errekalifikaziorik eman

3- Ez dezatela inongo neurririk hartu azalera handiko merkatalgune berriak irekitzeko edo handitzeko.

Hori, Merkataritza-guneen Lurralde Plan berria eta Merkataritza Lege berria izan ezean.

Legebiltzarrak esandakoarekin bat eginez, Plataformak Donostiako Udalari eskatu dio: ez dezala Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketarik tramitatu, ezta merkataritza-gune berriak irekitzeko edo zaharrak handitzeko lizentziarik eman ere.

Halaber, Plan Orokorrean edozein aldaketa egin ahal izateko, ingurumenaren gaineko eraginen ebaluaketa ez ezik, inpaktu sozioekonomikoa neurtzeko azterketa berrituak ere eskatu ditu Plataformak.

Merkataritza-gune handiak gizartearen interes orokorraren aurka doaz, eta ez da beharrezkoa gehiago egitea, berauek, ingurugiroan eragin negatibo zuzena dutelako, errepide berrien eraikuntza dakartelako, kotxearen erabilera handiago batekin batera, eta baita bizi garen herriak itzaltzen dituztelako, gure gizartearen kohesioa eta aniztasunarekin bukatuz.

Planifikatuta dauden merkataritza-gune berriek (Zaldunborda-Hondarribia, Garbera, Belartza 2, Illunbe, Teresategi-Errekalde, Urbil, Biurrarena eta abar), egun dagoena bikoiztuz (206.000 m2 eraikita eta 204.000 m2ko aurreikuspena) merkatari txikien eta handien arteko oreka apurtzen dute, lana prekarizatu eta suntsitzen dute, gure herrietako ekonomia suntsitzen dute eta eskaintzan aniztasuna sortzen duten denda txikien itxiera dakarte.

Gaur, Donostiako Udalean ordezkaritza duten taldeei dei egin diegu Plataformatik, Garbera, Illunbe, Teresategi-Errekalde eta Belartza-2ren handitzearekin zentzudun joka dezaten, plangintza hauek geldituz.

Gipuzkoako merkatariek, euren erabakia hausnartu dezaten eskatzen diegu, gaiak gizartean eta sektorean dituen eraginak aintzat hartuta. Honen harira, kontutan izateko inkestek eman zituzten emaitzak, non donostiarrek 10etik 2,14ko balorazio batekin baloratu zuten Garbera handitzeko proiektua.

Udal gobernuari eskatzen diogu herritarren hitza entzun dezala eta Parlamentuak, gizarteak eta eragileek eskatzen dutena, eta ondorioz Garbera eta Belartza 2ko anpliazioaren inguruan arduraz joka dezala, moratoria bat ezarriz, nora joan nahi dugun hausnartzeko.

Merkataritza-gune handi gehiagorik ez!!!

Eguzkik salatu du Ulia dagoeneko ez dela segurtasun-eremu eta, itxura guztien arabera, Foru Aldundiak ehiza berriz ere baimenduko duela

uliaGipuzkoako Foru Aldunduak 2014an Ulia segurtasun-eremu izendatu zuen eta, horren ondorioz, geroztik parke horretan ehiza debekatuta egon da. Alabaina, Aldundiak plazaratu berri duen Foru Agindu berri batek izendapen hori bertan behera utzi du.

Egia da Aldundiak Agindu berria epai bat betetzeko plazaratu duela eta, teorian, behintzat, oraindik ehiza debekatu dezakeela datorren ehiza-aldia arautuko duen Foru Aginduaren bidez. Izan ere, Ehiza Kontseiluaren azken bileran hori edo iradoki zuen Mendietako foru zuzendariak. Baina hori bezain egia da Ulia dagoeneko ez dela segurtasun-eremu; beraz, ehiza, praktika gogaikarri eta arriskutsu hori edozein parke publikotan, dagoeneko ez dago debekatuta.

Kontuan izan Ulia Donostialdeko eta Oarsoaldeko biriketako bat dela. Milaka eta milaka herritarrek gozatzen dute Ulian, eta tiro egin gabe. Hamaika bidek zeharkatzen dute parke hau, horietako batzuk oso-oso garrantzitsuak, hala hola, GR 121, Donejakue Bidea edota Talaia. Talaian barrena soilik iaz 110.418 pertsona ibili ziren.

27 herri-elkartek, tartean Eguzki, “Ulia parke seguru eta denontzat” izenburuko agiria sinatu dugu (*). Halaber, Donostiako eta Pasaiako udalek ideia honen aldeko mozioak onartu dituzte.

Beraz, Aldundiak datorren ehiza-aldia arautuko duen Foru Aginduan Ulian ehiza baimentzen badu, berriz ere amore emango du ehizaren inguruko lobbyaren aurrean  eta bizkar emango die parke honen erabiltzaile gehien-gehienei. Erabiltzaile gehienak daudelako parkean ehiza debekatzearen alde, praktika horrek segurtasunik eza, arriskua, zarata eta estresa sortzen dituztelako. Alegia, ehiza parkeaz behar bezala gozatzeko oztopo delako.

Eguzkik Aldundiari arduraz joka dezala eskatzen dio eta Donostiako eta Pasaiako udalei beraien esku dagoen guztia egin dezatela Ulian erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Herri-elkarteok, berriz, jarraituko dugu lan egiten Ulian ehiza egin ez dadin.

Eguzki, 2018ko uztaila

(*) Agiria honako talde hauek sinatu dute: Herri Ametsa Ikastola, San Luis de La Salle Ikastetxea, Itsas Mendi Elkartea, Fortuna Mendi Elkartea, Montañeros del Antiguo, Trintxer Mendi Taldea, Asociación Nordic Walking Donostia, Mendizaleak Herrera, Itsastarrak Mendi Taldea, Club Vasco Camping, Club Atletico Trintxerpe, Pasaia Kayak, Donosti Kayak, Asociación de Vecinos de Ulia, Jaizkibel Amaharri, SEO Donostia, Eguzki Talde Ekologista, Ugatza Ortitologia Taldea, Itsas Enara Ornitologia Taldea, Haritzalde Natura Elkartea-Ekologistak Martxan, Asociación de los Caminos de Santiago de Gipuzkoa, Uliako Lore Baratzak, Amigos de Ulia, Katubihotz, Asociación Boj, Kalapie Txirrindulari Elkartea.

Eguzkik Oreretako madelenetan programatutako animalien hilketak salatu ditu

tiro pichonDuela bi urte baino gehiago (2016ko apirilean), Eguzkik, Itsas Enarak, Ugatzak eta Ekologistak Martxanek  eskatu genion Oreretako Udalari herriko jaietan antolatzen ziren uso, galeper eta bestelako animaliei tiro saioak debekatzeko eta jaietako programazioan ez jasotzeko. Esan ziguten horrelako erabakia ezin zutela hartu araudi batean oinarritu gabe eta animalien erabileraren inguruko ordenantza orokor batean lanean hasita zeudela.  2018ko jaietako programazioan jarduera horrek jarraituko duela jakin izan dugu, 2017an jarraitu zen bezalaxe, alegia. Ez dugu ulertzen horrekin bukatzeko beste leku batzuetan hartzen diren erabakiak zergatik ez diren gure udalean hartzen. Noiz arte itxaron behar dugu? Egoera hau onartezina iruditzen zaigu. Gure aldetik Udalak duen jarrera salatu nahi dugu, baita araudia onartzeko hartu zuen konpromisoa ez betetzea ere.  Ez dugu bukatu nahi aipatu gabe  animaliei sufrimendua sortarazteak ez duela zerikusirik  kultura eta nortasunarekin.

Eguzki, 2018ko uztailean

Isurketa Artibai errekan

isurketaArtibaiUrtero lez, uda sasoi aila da eta Artibai errekan isurketak agertzen hasi diz. Uztailaren 3an be koipi agertu zan errekan, fabrikan batetik botata?

Jenti errekan eta hondartzan bainaten dabilela kontutan hartute, halako isurketak osasun publikun kontrako ekintzak dizela pentsaten dou, eta baitxe ingurumenan kontrakuk.

Herritxar batzuk udaltzainetan salatu ben pasa zana, eta hamendik aurrea be herritxarrak animaten douz halako egoerak salatzea.

Kutsadura Kontxatik desagertu da, baina alor honetan Udalak dituen informazio-gabeziek hor jarraitzen dute

Loretopea. Argazkiaren iturria: diariovasco.com

Loretopea. Argazkiaren iturria: diariovasco.com

Analisi berriek erakutsi dute Loretopean egunotan atzemandako kutsadura desagertu egin dela. Horren ondorioz, bandera gorria bertan behera geratu da. Ane Oyarbide zinegotziak ohar bat plazaratu du (gaur bai, gaur ohar bat plazaratu du) eta esan digu uraren kalitatea berriro ere “bikaina” dela eta bainatzea “guztiz segurua”. Beraz, lasai egon gaitezke.

Pozten gara, jakina, baina jarraitzen dugu pentsatzen Udalak arazoak dituela herritarroi hondartzetako kutsadura-kasuen berri azkar eta taxuz emateko. Gaur “bainatzea guztiz segurua” dela esanez ohar bat plazaratu duen bezala, astelehenean ere plazaratu zezakeen, “bainatzea guztiz segurua” ez dela ohartaraziz. Ez zuen egin, ordea, eta soil-soilik atzo arratsaldean gai honen inguruan komunikabideetan zalaparta pixka bat sortu ondoren (*), aurkitu da gaur azalpenak eman beharrean.

Hona hemen Udala alor honetan behar bezala informatzen ari ez den adibide garbia: Udalaren beraren webgunean oraindik ez dira enteratu Loretopean kutsadura-kasu bat egon denik; izan ere, jarraitzen dute eskaintzen joan den asteko analisien emaitzak (**).

Ados, kutsadura-kasu puntual hauen garrantzia ez da hanpatu behar (nahiz eta, kontuz, bandera gorria ipini beharra, bi egunetan jarraian kutsadura atzeman delako, ez zaigun txantxetako kontua iruditzen), baina gutxiestea ere ez dugu ametituko. Eta, gure ustez, zinegotzia gutxiesten saiatu da. Zera esan du: “Bainatzeko uraren kalitate-muga pixka bat gainditu zen”. Ez, zinegotzi andrea, “pixka bat ez”. Pixka bat izan balitz, uraren kalitatea “bikaina” izan ordez, “ona” litzateke. Pixka bat gehiago izan balitz, berriz, “ona” izatetik “nahikoa” izatera pasatuko litzateke; kasu horretan, beharbada, bandera horia ipini beharko litzateke eta bainatzea “libre” izan ordez, “kontuz bainatzea” aholkatuko litzateke (badakizue, gehienez hamar-hamabost minutuko bainua eta gero dutxa ur gezarekin). Hain justu, kutsadura “pixka bat” ez zelako, bandera gorria altxa eta “ez bainatzeko” aholkua eman zen. Beraz, “pixka bat” ez.

Horrela jarraituz gero, zinegotzia ezingo da gero kexatu baldin eta baten batek susmo txarra hartzen badio Udalak alor honetan duen informazio-politikari. Zertaz ari garen? Ea hondartzekin lotutako adibide batekin ondo azaltzen dugun… Udalak ez du batere arazorik etengabe oharrak eta adierazpenak egiteko Ondarretako harriei buruz, eta gai horrek ez du zerikusirik osasun publikoarekin. Kutsadurak, berriz, bai, badu, baina gai honi buruzko ohar ziztrin bat plazaratzea kostatzen zaio Udalari, egunotan ikusi dugun bezala. Ematen du Udalak nahiago lukeela oharkabean pasatuko balitz.

Ez ba. Udalak naturaltasunez eta fundamentuz informatu behar ditu herritarrak, derrigortuta dago, arazoa beraien osasunari bete-betean baitagokie.

Eguzki, 2018ko uztailaren 12an

(*) Eguzkik plazaratutako oharrak ere izango zuen zerikusirik, noski, zalaparta pixka horrekin:

http://eguzki.org/2018/07/11/donostiako-udalak-arazoak-izaten-jarraitzen-du-herritarroi-hondartzetako-kutsaduraren-berri-emateko/

(**) Arratsaldeko 6ak jota argitaratu dugu albiste hau. Bada, ondoren, alegia, arratsaldeko azken-azken orduan, joan den asteko emaitzak kendu eta Loretopeko azken analisia baino ez dute jarri: “bikain”. Ez dago beste hondartzei buruzko informaziorik. Imajinatzen dugu bihar osatuko dutela. A ze fundamentua!

Donostiako Udalak arazoak izaten jarraitzen du herritarroi hondartzetako kutsaduraren berri emateko

Hau da ipini duten bandera gorria. Ez dago beste azalpenik.

Hau da ipini duten bandera gorria. Ez dago beste azalpenik.

Sorosleek bandera gorria ipini dute gaur goizean Loretopean. Alabaina, seguru asko inor gutxi enteratu da bandera gorria ipini dutela azken analisietan kutsadura fekal handia aurkitu dutelako. Hain handia, ezen Ingurumen Osasunaren Udal Atalak eguerdian banatu duen boletinean “ez bainatzea” aholkatu duen. Loretopean, ordea, bainuzale asko zebilen plisti-plasta, beharbada bandera gorria ikusita, itsas zakarrarekin lotu dutelako, baina, itsaso zakarra ikusi ez dutenez, uretan jarraitu dute. Nolanahi ere, inork ez die esan bandera gorriaren arrazoia kutsadura zenik.

Tenis aldean ere kutsadura fekala aurkitu dute ur-laginetan, baina ez hainbeste. Hori bai, joan den asteko kalifikazioa “bikaina” bazen, aste honetakoa “nahikoa” baino ez da, bainuak “libre” izaten jarraitzen duen arren.

Hau honako bi puntu hauek berrestera dator:

  1. Kontxan oraindik bada kontrolatu gabeko kutsadura-iturririk.
  2. Udalak arazoak izaten jarraitzen du herritarroi hondartzetako kutsadura-kasuen berri azkar eta taxuz emateko, baita Loretopeko hau bezain larriak direnean ere. Bai, larria diogu, guretzat, behintzat, kutsaduragatik bandera gorria altxatu beharra ez baita inola ere zerbait anekdotikoa.

Has gaitezen bigarren puntutik. Ur-laginak astelehenean hartu eta, analizatu ondoren, positibo eman zuten. Atzo lagin berriak hartu eta berriz ere positibo eman zutenez gero, gaur, asteazkenean, lehen aldiz altxatu dute bandera gorria. Eta bandera gorria altxatu baino ez dute egin, informazio gehigarririk gabe. Izan ere, lerrook argitaratzen ari garenean (arratsaldeko 5ak dagoeneko jota), Udalaren webgunean oraindik jarrita daude joan den asteko analisien emaitzak. Hau da, Udalaren webgunearen arabera, kalifikazioak Loretopean eta Tenisen “bikainak” dira eta, beraz, bainua zeharo “librea”. Gauzak horrela, bistan da: Udalak arazoak izaten jarraitzen du herritarroi hondartzetako kutsaduraren berri azkar eta taxuz emateko. Kontua ez da kasu hauek duten garrantzia hanpatzea (nahiz eta, berriro diogu, bandera gorria ipini beharra kutsaduragatik ez zaigun txantxa iruditzen) ez gutxitzea, herritarrei naturaltasunez eta fundamentuz informatzea baizik. Besteak beste, herritarrek informazio hori jasotzeko eskubide osoa dutelako, beraien osasuna jokoan egon daiteke eta.

Kontxan egon daitezkeen kontrol gabeko kutsadura-iturriei dagokienez, berriz, Udalak aurrerapauso bat eman du. Izan ere, orain dela gutxi arte ez bezala, onartu egin du iturri horiek egon, egon daitezkeela. Alde horretatik, ez zaigu batere kostatzen aitortzea azkenaldion iturri horiek detektatzeko lan serioa egiten aritu dela, baina tamalez oraindik ez dute kutsaduraren iturburua detektatu.

Eguzki, 2018ko uztailaren 11n

Albiste honen epilogoa ezagutu nahi baduzu, ikus:

http://eguzki.org/2018/07/12/kutsadura-kontxatik-desagertu-da-baina-alor-honetan-udalak-dituen-informazio-gabeziek-hor-jarraitzen-dute/

 

Ura agentziak berretsi du Mijoa errekaren egoera “txarra” dela, kutsaduraren ondorioz, eta egoera horrek “larriki” urratzen duela ezarritako kalitate-helburua

mijoa_pegatinakSaturraran edo Mijoa errekako egoera ekologikoa “txarra” da, eta, aztertutako adierazle biologiko guztien arabera, “larriki” urratzen du ezarritako kalitate-helburua; izan ere, helburu hori Mijoa egoera ekologiko “onean” egotea da. Horrelaxe adierazi du Ura agentziak berak, EAEko ibaien egoera ekologikoari buruz urtero egin ohi duen txosten plazaratu berrian (*).

Zein da, ordea, egoera txarraren arrazoia? Hori ere argi eta gabi esaten du txostenak: kutsadura. Zehatz-mehatz, kutsadura organikoa. Bestela esanda: oinarrizko sanemendu-lanak falta dira.

Isuri puntualak ere sarri gertatzen dira Mijoan, adibidez, honako hau.

Isuri kutsakorrak etengabeak dira Mijoan.

Gauzak horrela, Eguzkik behar bezainbestetan gogoratuko du instituzioek Gipuzkoan 2007. eta 2011 bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko hitzarmen bat sinatu zutela, eta Mijoako saneamendua lan horietako bat zela. Baina finantziazio gehiena Jaurlaritzak ipini behar zuen eta, urte hauetan guztietan ipini ez duenez, proiektua ez da burutu. Plan Hidrologiko berriak (2016) berriro aurreikusten du proiektua gauzatzea, oraingoan 2016 eta 2021 urte bitarteko epean. Baina garbi dago Gobernuak ez duela presa handirik. Izan ere, lanok 3,6 milioi euro inguruko aurrekontua dute eta Jaurlaritzak momentuz 100.000 euro baino ez ditu ipini.

Mijoa, Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dagoen arren, bioaniztasuna itortzen duen estolda hutsa da, gaur egun. Uraren txostenean bertan irakur daiteke “kalitate ezin txarragoa” duela eta “ingurumena muturreraino degradatuta” dagoela. Mijoako isuriak Saturrarango eta Ondarroako hondartzetan nabaritzen dira, eta kiratsak, berriz, San Jeronimoko eta Pikupeko bizilagunek aditu behar izaten dituzte.

Eguzki, 2017ko uztaila

(*) http://www.uragentzia.euskadi.eus/contenidos/informacion/red_rios_2017/es_def/adjuntos/informe_MEMORIA_2017_RSEBR.pdf

Jaizubian legez kanpo eginiko zuhaitz-mozketen aurrean, behar bezala jokatzeko eskatu diote Hondarribiko Udalari

hondarribia2Bai Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuak 2018ko apirilean egin zuen txostenak, bai Ura Agentziak egindako ikuskaritzak, biak ala biak berretsi dute Jauzubiako (Txingudi, Natura 2000 Sarea) Jaizkibel Urbanizazioak egin duen zuhaitz-mozketa legez kontrakoa dela, eta gainera, babes-maila juridikoren bat duten espezie-ale batzuei eragin diela. Era berean, beren ezaugarriak direla-eta Hondarribiko Plan Orokorraren bidez babes zorrotza zuten lizar-aleak ere moztu direlaa, eta Ruscus aculeatus aleak kaltetu direlaa. Azken espezie hau Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan dago Interes bereziko espezie gisa.

Ez dakigu gaia zehatz-mehatz nola kudeatzen ari den, baina interesgarria iruditzen zaigu azpimarratzea bi erakunde horiek zehapen-espediente bat hasteko asmoa iragarri zutela. Ez genuen gutxiago espero.

Alabaina, hau ez da hemen bukatzen; ondoren, ekainean, berriro ekin baitzioten zuhaitzak mozteari. Udal teknikariak uztailaren 15ean egin zuen txostenaren arabera, mozketa hau ere legez kanpokoa izan da, ez zuelako nahitaezko udal lizentziarik. Ez dugu ikusi, aurrekoan bezala, mozketak espezie babestuetan izan duen eragina zehazten duen txostena, baina mozketa berri honen legaltasun eza agerikoa da udal teknikariaren txostenaren arabera. Ez dakigu, halaber, administrazio desberdinek idatzitako txostenek kontuan hartu ote duten bi baso-mozketek sasoi honetan habiak egiten/ugaltzen ari den basa-faunan izan dituzten balizko eraginak.

Ingurumen-delitu honen errepikapenaren aurrean eta alkatearen erantzun epela ikusita, geure buruari galdetzen diogu: zenbat legez kanpoko jarduera egin behar dira Hondarribiko Udalak, Aldundiaren eta URA Agentziaren asmoari jarraituz, beharrezkoa den zehapen-espedientea has dezan? Ez al da nahikoa behin eta berriro eta denbora-tarte motz batean Plan Orokorrak ezartzen duenaren kontra eta Euskal Herriko Natura Babesteko Legeak xedatzen duenaren aurka jardutea?

Oraindik garaiz gaude toki administrazioaren zoritxarreko jarduera hau konpontzeko, baldin eta Udalak mezu argia eta garbia bidaltzen badie herritar guztiei esanez Ingurumenarekin duen konpromisoa propaganda hutsa ez dela. Zorrotza izango dela ingurumen eta hirigintza legedia aplikatzeko garaian, eta ondorioz, egokia den zehapen-espedientea martxan jartzea aginduko duela.

Eguzki eta Bidasoaldeko Lagunak

Uztailaren 8an, igandea, Supersur autopistaren handitzearen kontrako mendi martxa / erromeria egingo dugu. Topalekua Bilboko Zabalburu Plazan izango da 10:00etan.

Supersurra Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta dago eta ondorioen artean aipagarriak dira hauek:

  • 47 milioi euro kilometro bakoitzeko, 2 minutu baino ez aurrezteko.
  • Pagasarriko Bolintxu babes bereziko zonaldea kaltetuko du.
  • Aurreikusitako trafikoaren % 50era ere heldu ez den autopista da.

Antolatzailea: Ampliación Super Sur Ez! Plataforma.

Anima zaitezte etortzera eta zabaldu! SUPERSURRAREN LUZAPENARI EZ!

Marcha-Supersur8julio

Eusko Legebiltzarrak Ingurumen-delituen aurkako benetako unitate baterantz.

Aho batez hartutako erabaki garrantzitsua honek. 2019ko aurrekontuetan bere isla izatea espero dugu orain.

Arrainak hilda kutsaduraren ondorioz.

Arrainak hilda kutsaduraren ondorioz.

Pauso garrantzitsua eman zuen pasa den ekainaren 28an Eusko Legebiltzarrak, EH Bilduren proposamenez: ingurumen-delituak jazartzeko egitura oso bat sortzearena.

Kontuan izan behar dugu, erkidego mailan, paper hori Ertzantzari dagokiola ( basozainak, miñoiak, Urako ikuskariak… ahaztu gabe baina izaera sektoriala edo lurralde jakin bati lotua dute). Eskumen horren ondorioz, Ertzantzak badu ingurumen alorra lantzen duen azpisail bat baina hau  egun hutsaren hurrengo da, 8 kidez osatuta baitago unitatea. Bai ongi irakurri duzue, 8 lagun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako, ikerketak, azterketak, polizia judizial lanak e.a. egiteko.

Horregatik, beste hainbat pertsona, elkarte eta eragileren moduan, lan sendo eta jarraitu bat egiten aritu gara legegintzaldi honetan Eguzkikook, ia alderdi guztiekin izan ditugu  harremanak eta gai honek duen garrantzia eta premia ikustarazten saiatu gara. Publikoki ere maiz salatu izan dugu EAE-k eta Ertzantzak bereziki, alor honetan duen zuloa, Ertzantzaren izaera integrala ingurumenera ez dela iritsi aldarrikatuz.

Lindane baso bat (ai kimiko kutsakorra), aurreko mendetik gaur egun arte kondondu ez den arazo bat

Lindane baso bat (ai kimiko kutsakorra), aurreko mendetik gaur egun arte kondondu ez den arazo bat

Orain, gobernuari bereziki baina baita oposizioari ere, ingurumenarekin lotutako gaietan oso ohikoa ez den aho batekotasuna praktikara eramatea dagokie. Berehala lanean hastea espero dugu baina ikuspuntua bereziki 2019ko aurrekontuetan jarrita dugu gai honetan (mahai interinstituzionala eta bestelakoak gutxietsi gabe), hor ikusiko baitugu alderdi ezberdinek Legebiltzarraren agindu hau betetzeko duten benetako asmoa.

Hona hemen Gasteizko Legebiltzarrean onartutako mozioa eta batzarraren bideoa:

1. Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio indartu dezala Ikerketa Kriminalaren eta Polizia Judizialaren Buruzagitzaren menpeko ingurumen- delituen taldea eta bultzatu dezala bere ikerkuntza-ahalmena. Talde horrek, bere zereginak behar bezala betetzeko, ezein arau-hauste edo delitu zigorrik gabe geratzen ez dela bermatzeko behar diren giza baliabideak, baliabide materialak, teknikoak eta prestakuntzakoak edukiko ditu.

2. Legebiltzarrak Segurtasun Sailari eskatzen dio delitu horien prebentzio- lana sakondu dadila komisarietan. Helburu horrekin berarekin, prestakuntza espezifikoko ikastaroak egingo dira, batez ere Ertzaintzaren begi-ikuskapenetarako taldeentzat, aipatu delitu-tipologien laginak hartzeko teknikei buruzkoak. Halaber, protokolo espezifiko bat landuko da partikularrek komisarietan aurkeztutako ingurumen-alorreko salaketak jasotzeko, erraztasunak emateko salaketa horiek aurkezteko eta ahalik eta modurik osoenean jasotzeko, ondoren bide judizialetik izapidetzeko.

3. Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio instituzio arteko batzorde bat eratu dadila, non sartuko diren Segurtasun Sailaren eta Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ordezkariak, udaltzaingoko pertsonalak dituzten aldundi eta udalekin batera, ingurumen-arloko arau-hauste eta delituen aurrean jarduteko euskal plana garatzeko. Aipatu planak, urtebeteko gehienezko epean onetsi beharko denak, jasoko ditu, gutxienez, jarduera-protokolo eta -prozedurak, administrazio bakoitzaren eta kasu bakoitzeko agentearen erantzukizunak, kasuetan parte hartuko duten agentzien arteko koordinazioa eta taktika operatiboen egokitzapena ingurumen-arloko arau- hauste eta delituen ikerkuntzaren beharrizanen arabera.

4. Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio ezen, legealdi honetan zehar, foru-aldundiekin elkarlanean eta instituzio bakoitzaren eskuduntza- eremua errespetatuz, Estatuko oinarrizko legedia bultza dezala agente baso-ingurumeneko kidegoari buruzko lege edo foru arauen bidez, profesional horiek ingurumenaren zaintzarako funtzioak eta agintaritzaren agente gisa duten eskuduntza eraginkortasunez betetzeko.

5. Legebiltzarrak foru-aldundiei gomendatzen die, horretarako haien eskuduntza propioak erabilita, oihanzaingoko eta ingurumen-zaintzako pertsonala eta agintaritzaren agente gisa duten funtzioak indartzeko ahalegin irmoa egin dezatela, eta baita euren funtzioak bermeekin betetzeko beharrezkoak diren baliabide tekniko zein materialak eta etengabeko prestakuntza eskaintzekoa ere.

6. Legebiltzarrak udaltzaingoko pertsonalak dituzten udalei eskatzen die pertsonal horiek irakatsi, prestatu eta baliabidez hornitu ditzatela, ingurumenaren arloan esleituta dituzten funtzioak egoki betetzeko.

Gasteizen, 2018ko ekainaren28an

Eguzkik eta Ríos con Vidak Ereñotzuko presa botatzea eskatu dute

Gaur egun ez du funtziorik; izokinari eta beste arrain-espezieei, berriz, traba handia egiten die, non eta Urumeako Kontserbazio Bereziko Eremuan.

Gaur egun ez du funtziorik; izokinari eta beste arrain-espezieei, berriz, traba handia egiten die, non eta Urumeako Kontserbazio Bereziko Eremuan.

Eguzkik eta Ríos con Vidak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari eskatu diote bertan behera uzteko Ereñozuko zentral hidroelektrikoari Urumeatik ura hartzeko eman zion eskubidea, eta, ondorioz, presa eraisteko. Kontuan izan behar da presa hori Urumeako Kontserbazio Bereziko Eremuan bertan dagoela, Natura 2000 eremuan, alegia, eta izokinari eta beste arrain espezieei traba handia egiten diela.

Elkarteok eskaera egin dute eskubidea eskuratu zuen enpresa, Central Hidroeléctrica de Rentería izenekoa, Energiaren Euskal Erakundeak eta  Oreretako Udalak osatua, ofizialki desagertu delako. Halaber, azken hiru urteotan, behintzat, zentralak ez du funtzionatu.

Gainera, Konfederazioak enpresari Urumeatik 4.000 l/s hartzeko eskubidea eman zion, baina bi baldintza jarrita: bata, gutxienez 1.600 litro segundoko emari ekologikoa errespetatzea eta, bestea, izokin-eskala egokia eraikitzea. Alabaina, denboraren poderioz agerian geratu da zentralak sarri ez duela errespetatu gutxienezko emari ekologikoa eta izokin-eskalak baldintza minimoak ere ez dituela betetzen. Foru Aldundiak Urumeako arrain-eskalen gainean eginiko txosten batek argi eta garbi esaten du Ereñozukoak ez diela izokinei behar bezala pasatzen uzten. Gainera, eskala non dagoen kontuan izanda, oso mantenu zailekoa da. Beraz, egitura-akatsak, batetik, eta mantenu-zailtasunak, bestetik, eskalak ez du baldintza betetzen eta, horrez gain, Kontserbazio Bereziko Eremuaren helburuak ere urratzen ditu.

Eskalak ez du minimorik betetzen.

Eskalak ez du minimorik betetzen.

Aipatutako arrazoietako edozein (enpresa desagertzea, hiru urtez ez funtzionatzea, baldintzak ez betetzea edota KBEren helburuak urratzea), berez, nahikoa da Konfederazioak enpresari eman zion eskubidea bertan behera uzteko eta, ondorioz, presa botatzeko. Urumean bioaniztasuna sustatzeko aukera paregabea da, ezbairik gabe.

Ura hartzeko eskubideak bertan behera uztea eta ibai barruko oztopoak kentzea (are gehiago aspalditik funtziorik ez dutenean eta oso oztopo garrantzitsuak direnean, kasu honetan bezala) ibaiak hobetze-bidean helburu nagusietakoak dira.

Eguzki, 2018ko uztailean