Usapal-ehiza bertan behera uzteko eskatu dio Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari

usapala2[1]Usapal-ehizaren gaineko luzamendu edo moratoria europarra behingoz onartzeko eta, ondorioz, usapal-ehiza bertan behera uzteko eskatu dio Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari. Arabako Aldundiak dagoeneko bertan behera utzi du eta, logikari jarraituz, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak bide beretsutik jo beharko lukete. Alabaina, Gipuzkoako Aldundiak erakusketa publikoan ipini duen ehiza-agindu zirriborroaren arabera, 2019-2020 denboraldian ere usapalak bota ahal izango dira Gipuzkoan. Ikus:

usapala_eusGipuzkoako Foru Aldundiak zirriborroa zuzentzen ez badu, “Usapala suspertzeko plan europarrak” aurreikusten duen moratoriari bigarren urtez iskin egingo dio, iaz ere moratoria ezartzeari uko egin ziolako. Kontuan izan Europar Batzordeak urratze-espediente berri bat ireki diola Estatu espainolari, hain justu, moratoria ezarri ez duelako eta usapalen populazioak suspertzeko beste hainbat neurri hartu ez dituelako.

Baina gauza gehiago ere badira. Aldundiak erakuketa publikoan ipini duen zirriborroan bertan esan duenez, ehiza-aldi berriaren arauak finkatzeko Aranzadi elkarteari espresuki eskatutako txosten batez baliatu da. Bada, Aranzadiren txosten horretan, hitzez hitz, honako hau irakur daiteke: “El estado de conservación [usapalaz ari da] es desfavorable y no se recomienda su caza”. Ez da usapal-ehiza gomendatzen, alegia.

Usapalen populazioak izugarri urritu dira azken hamarkadotan. Hori dela eta, Eguzki, beste hainbat elkarte ekologista eta naturazale bezala, aspaldi hasi zen eskatzen usapala babesteko edo, behintzat, ez botatzeko. Foru Aldundiak orain arte entzungorrarena egin du, baina dagoeneko aitzakia guztiak bukatu zaizkio. Horregatik aurten usapal-ehiza, azkenean, bertan behera utziko duelakoan gaude.

Eguzkiren ustez, usapalaren egoera nolakoa den ikusita, ehizatzeko luzamendu edo moratoria berandu baino lehen orokortuko da. Zoritxarrez, zenbat eta beranduago orokortu, gero eta zailagoa izango da espeziea suspertzea. Administrazio publikoei gogorazi behar zaie kudeaketa zinegetikoaren ardatza bioaniztasunaren zaintzan jarri behar dutela, ez lobbien interesetan.

EGUZKI, julio de 2019

Arabako Aldundiak usapalaren ehiza bertan behera utzi duelako poztu egin da Eguzki, eta Bizkaiak eta Gipuzkoak bide beretik jarraituko dutela espero du

usapala[1]Eguzki poztu egin da Arabako Foru Aldundiak, azkenik, usapalaren (eta istingor txikiaren) ehiza bertan behera utzi duelako. Horrela azaltzen da 2019-2020ko ehizaldia arautzen duen foru aginduan, joan den ostiralean Arabako Boletin Ofizialean argitaratutakoan.

Albiste ona da, ezbairik gabe, Eguzkirentzat eta Eguzkik bezala azken urteotan usapala babestearen alde edo, behintzat, botatzearen kontra egin duten elkarte ekologista eta naturazale guztientzat.

Espero daiteke, gainera, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek bide beretik jarraituko dutela. Dena dela, Gipuzkoakoak ezagutzera eman duen foru aginduaren zirriborroaren arabera, litekeena da 2019-2020ko denboraldian ere usapal-ehiza baimentzea, Nafarroako Gobernuak, zoritxarrez, dagoeneko baimendu duen bezala.

Arabako Aldundiak hartu duen erabakiari dagokionez, berriz, bi pena ditugu:

  1. Lehenago ez hartzea.
  2. Beste zenbait espezieri ere ez aplikatzea. Horra, esaterako, galeperra, usapalaren antzeko egoeran dagoena.

Eguzkiren ustez, usapalaren egoera nolakoa den ikusita, ehizatzeko luzamendu edo moratoria berandu baino lehen orokortuko da. Zoritxarrez, zenbat eta beranduago orokortu, gero eta zailagoa izango da espeziea suspertzea. Administrazio publikoei gogorazi behar zaie kudeaketa zinegetikoaren ardatza bioaniztasunaren zaintzan jarri behar dutela, ez lobbien interesetan.

Usapal europarra egoera larrian

Azken urteotan egin diren ikerketa guztiek agerian utzi dute europar usapala (Streptopelia turtur) gero eta egoera larriagoan dagoela. Usapal-populazioak 70. hamarkadaz geroztik hasi ziren urritzen, baina azken 20 urteotako beherakada izugarria izan da. European Bird Census Councilek egin duen segimendu-lanaren arabera, europar usapalaren populazioak % 78 murriztu dira, 1980 eta 2013 bitartean, eta % 29,  2004 eta 2013 bitartean. Penintsula iberiarrean, berriz, segimendua SEO-BirdLife elkarteak egiten du, Councilekin adostuta, SACRE programaren bidez. Bada, penintsulan, 1998tik (urte hartan hasi baitzen segimendua) usapalen populazioak % 30 murriztu dira. Eta 2007. urteaz geroztik beherakada are nabarmenagoa izan da.

Gauzak horrela, ahots asko altxa dira azken urteotan usapala babesteko (Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak, UICNk, 2015ean sartu zuen espezie mehatxatuen zerrenda gorrian, “zaurgarri” gisa sailkatuta) edo, behintzat, espezie ehizagarrien zerrendatik kentzeko.

Hainbat herrialdek usapal-ehiza dagoeneko debekatu egin dute, baita Estatu espainoleko hainbat komunitatek ere (Kanariek, Kantabriak, Asturiasek eta, aurten, momentuz, Valentziako Erkidegoak). Baina Euskal Herrian, orain arte, behintzat, eutsi egin diote.

Alabaina, iazko maiatzean, Europar Batasuneko Hegaztien eta Habitaten Zuzentarauaren gaineko aditu taldeak (NADEGek) “Europar usapala (Streptopelia turtur) babesteko ekintza-plana”. Europako Batzordearen iritziz, plan horrek aurreikusten dituen neurriak “premiazkoak eta ezinbestekoak dira espeziea babesteko”. Planak aurreikusitako neurrietako bat behin-behineko ehiza-debekua da.

Iaz, euskal foru aldundiek eta Nafarroako Gobernuak debekuari iskin egin zioten, modu lotsagarrian iskin egin ere. Aurten, Nafarroako Gobernuak berdin jarraitzen du. Arabako Foru Aldundiak, berriz, debekualdia aplikatu du. Ea zer gertatzen den Bizkaian eta Gipuzkoan.

EGUZKI, 2019ko uztaila

Donostian bizikleta-aparkaleku gutxi dagoela eta, hainbat proposamen egin ditu Eguzkik

Donostian, barandillei-eta lotutako bizikletak udaltzainek hartu eta udal biltegira eramaten dituzte, sarri eraman ere, batez ere udan. Gero, biltegira bizikleta bila joan beharra eta isuna datos, noski. Eguzkiren iritziz, bizikletak behar ez diren lekuetan aparkatzen dira batez ere oso bizikleta-aparkaleku gutxi dagoelako. Hori dela eta, hainbat proposamen egin ditu.

Testu hau gaztelaniaz bakarrik irakur daiteke osorik.

Santa Klara uharteko farolan jarri nahi duten eskultura-instalazioak kezka sortzen du

Santa Klara uharteko farolan Cristina Iglesias eskultorearen instalazio bat jartzeko proiektuak mesfidantza sortu du donostiar askoren artean, Eguzkikook ere kezkatuta gaude, uhartea leku txiki eta zaurgarria izanda, instalazioak bisitari-masifikazio kaltegarria ekar dezakeela uste baitugu. Hona hemen joan den martxoan alkatearen eta eskultorearen ordezkariekin egin genuen bileraren berri.

Testu hau gaztelaniaz bakarrik irakur daiteke osorik.

Getxoko paella eguna; ingurumenaren suntsiketa berria abian “Bronx”en

Este es el estado en el que queda la zona en cuestión

Honela geratzen da Bronx inguru hori, gerra gune bat dirudi.

Beste behin ere, Getxoko paella lehiaketaren harira salaketa publikoa egin beharrean gaude, urtean joan eta urteak etorri gauzak ez baitira ezer aldatzen “Bronx”eko ingurunean, hau da, izugarrizko triskantza egiten dute egun horretan  Udalaren zeharkako babesarekin heri lurrak ez direnaren aitzakitan. Paradoxikoa bada ere, Udalak berak ingurune hori babesteko konpromezua hartua du bere antolaketa planetan.

Hona oharra:

GETXOKO PAELLAK ETA INGURUMEN SUNTSIKETA BERRIA BRONXEN

Getxoko Auzokideok, Eguzki eta Ekologistak Martxan taldeok, paelle egunean, Bronx bezala ezaguna den gune ez ofizialean urtez urte errepikatu ohi diren ingurumen kalteen salaketa berretsi nahi dugu.

Izan ere urtero gauza bera gertatzen da: lubaki txikiak irekitzen dira, zuloak egin, porlana erabili ( balizko lehengoratzea zailduz), dauden zuhaitz urriak (nagusiki pinuak) kaltetu eta eremu guztia zabor eta zikinkeriaz beteta geratzen da, ingurune naturalarekiko errespetu eta zaintza zantzu txikienarik ere agertu gabe.

Ez gara arazoa handitzen ari, baina badaezpada ikusi bideo hau:

Jaiak bai aixerrota ere bai 4

Han gertatzen denaren eta gerta daitekenaren arduradun egiten dugu Getxoko Udala, instituzio eskumendun eta arduraduna izanik,  ezin baitu bere betebeharra saihestu.

Era berean, txoko natural honek merezi duen zaintza eta errespetuarekiko kontzientzia hartzera dei egiten diogu bertan parte hartzen dutenei. Jai herrikoi hauetan porlanaren erabilera ekiditeko, baita lurrean naiz zuhaitzetako kalteak ere, hala nola “baso” gunea festa eremutik kanpo uzteko exigitzen diogu Getxoko Udalari.

Nabarmenak dira erabilera jarraituak zuhaitz naiz zuhaixketan baita lurzoruaren ere urtez urte eragiten ari diren kalteak, zeinak kezka eta haserrea eragiten digun.

...y se acaban pudriendo.

Aurreko urtetako erasoen ondorioz, enborra usteltzen.

Ingurune naturalak urriak diren gurea bezalako udalerri batean halako gune batek are garrantzi gehiago hartzen du. Bertan pinu talde txikiak, kostaldeko bizilekuetako zuhaixka naiz landare belarkarekin batera zenbait hegazti eta ugaztun espezie interesgarri topa ditzakegu, non kaltea eragiten zaien urtxintxa, usapala eta pagausoa bezalako espezieen kumatze garaiari.

Ez gara aspertuko jai herrikoi hauen iraupena, berau ospatzen den txoko natural horrekiko errespetuan oinarritu behar dela.

GETXOKO AUZOKIDEOK

EGUZKI

EKOLOGISTAK MARTXAN

MADALENETAN ANIMALIEI TIROKETARIK EZ

Tiro pichon
AURREKARIAK:
Duela 3 urte baino gehiago (2016ko apirilean) lau elkartek (Eguzki, Itsas Enara, Ugatza eta Ekologistak Martxan) eskatu genion Oreretako Udalari herriko jaietan antolatzen ziren uso, galeper eta bestelako animaliei tiro saioak debekatzea eta jaietako programazioan ez jasotzea.
Esan ziguten horrelako erabakia ezin zutela hartu araudi batean oinarritu gabe eta animalien erabileraren inguruko ordenantza orokor batean lanean hasita zeudela. Urte batzuk pasa dira eta ez dugu horren berririk.
2019ko jaietako programazioan jarduera hori beste behin ere egingo dela jakin izan dugu, animaliei tratu txarra jasotzeko bidea emanez, alegia.
Ez dugu ulertzen horrekin bukatzeko beste leku batzuetan hartzen diren erabakiak zergatik ez diren gure udalean hartzen, noiz arte itxaron behar dugu? Egoera hau eta onartezina iruditzen zaigu, bai guri bai gizartearen gehiengoari.
Gure aldetik udalak duen jarrera salatu nahi dugu, baita araudia onartzeko hartu zuen konpromisoa ez betetzea ere. Ez dugu bukatu nahi aipatu gabe animaliei sufrimendua sortarazteak ez duela zerikusirik kultura eta nortasunarekin.
ESKAERA:
1. Behean sinatzen dugun taldeek herrian antolatzen diren uso, galeper eta bestelako animalien tiroketak debekatu daitezela.
2. Ordenantzarik ez egoteak programan ez sartzeko eta diru-laguntzarik ez emateko aitzakia izan ez dadila.
3. Lehenbailehen horrelako jarduerak debekatzeko araudi bat onartzea, eta araudi hori lantzeko partaidetza prozesu bat abian jartzea, eta horren zabalkuntza egitea.
Orereta-Errenteria, 2019-07-16

Alabortzako kantina: jarrera lotsagarria ingurumen aldetik

plasticoga12-770x433

Azkeneko aste honetan jakin berri izan dugu Pasai Donibaneko puntetako pasealekuan kantina ustiatzen duten arduradunek erabiltzen duten tresneria behin erabili eta botatzekoa dela eta, gainera, ez dituztela sortutako hondakinak behar bezala bereizten gero birziklatu ahal izateko. Hauen artean: paperezko platerrak, plastikozko edalontziak eta bestelako mahai-tresnak.

Ingurumenaren zaintzaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, non erakunde publikoek behin eta berriro zabaltzen duzue plastikoa ahalik eta gutxien erabili beharraren mezua, harrigarria iruditzen zaigu XXI. mendean egonda, udalak behar bezalako ingurumen irizpideak horrelako zerbitzuen esleipenetako baldintzetan ez jarri izana.

La cantina de Alabortza es muy atractivo y concurrido en época estival.

Alabortzako kantina leku erakargarria bihurtzen da udako sasoian.

Pasai Donibaneko puntetako pasealekuan kantina ustiatzeko 2018an Pasaiako Udalak argitaratu zuen kontratazio pleguaren egikaritzeko baldintza berezien artean, ingurumenarekiko irizpide bakarra hauxe zen: “Garaiko edo nekazaritza ekologiko edo integratuaren irizpideak betetzen duten elikadura produktuak erabiltzea”. Hemen erreferentzia: https://apps.euskadi.eus/w32 1084/eu/contenidos/anuncio_contratacion/expjaso9245/eu_doc/eu_arch_expjaso9245.html?ruta=http://www.contratacion.euskadi.eus/w32-home/es

Duela urte bat esleituta izanda, nola da posible baldintzetan bizi-zikloaren ikuspegia eta horrekin erlazionatutako ingurumen irizpideak kontutan hartu ez izana?

Eusko Jaurlaritzak 2016an argitaratutako 2020rako Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Programak, erkidegoko administrazio guztiek egindako kontratazio-prozesuetan bizi-zikloaren ikuspegia txertatzea eskatzen du.
http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/compraverde/eu_def/adjuntos/Programa_Compra_verdeEUSK2016.pdf

Gauzak horrela, Pasaiako Udalari eskatzen diogu:
• Lehenbailehen Alabortzako kantinako arduradunekin hitz egin dezala, bere jarduera Udal ordenantzetan eta ingurumen legedian azaltzen diren irizpideak kontutan hartuz garatzeko.
• Hurrengo urtean kontratuaren 2 urteko epealdia amaitzen denez, hitzarmen berria egin eta Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Programak aintzat hartuz, baldintzetan halakorik ez gertatzeko ingurumen irizpideak ezartzea.
• Aurrerantzean kontratazio guztien baldintza pleguetan hain beharrezkoak diren ingurumen irizpideak sar ditzala, eta horiek betetzen direla bermatu dezala.

Zerekin ari dira fumigatzen pinudiak?

Pinudiak fumigatzen 2019EFE agentziak uztailaren 5ean prentsari zabaldutako berri baten arabera, Baskegurreko (Euskadiko egurraren elkartea) zuzendariak adierazi berri du banda marroiaren eta gorriaren kontra oxido kuprosoa baliatuz egiten ari diren tratamenduak arrakastatsua izateko itxura daukala.


Berri honek hasiera batean pozgarria dirudi, baina argi gorri guztiak piztu  dizkigu. Izan ere, berrian hau jasotzen da, hitzez hitz: “Azkaratek azaldu du oxido kuprosoarekin tratamendu gutxi egiten ari direla, baimendutako hektarea-kopuruak eta tratamendua aplikatzeko baldintzak muga direlako —lurretik eta herrigune zein ur ibilguetatik 100 metrora—, eta eguraldia kontuan hartu behar delako, “euririk ari ez duenean eta haize gutxi dabilenean egin behar delako tratamendua, oxidoa ez dezan urak eraman”. Horraino ezaguna da istorioa, baina berrian hainbat esaldi aurrerago hau aipatzen da: “kuprosoaz gain, basozaleak onddoaren kontrako beste hainbat produkturekin ari dira probak egiten, hala nola olio esentzialekin, landare-estraktuekin eta ongarriekin zuhaitzak indartzeko”. Hau berria da, gaurdaino ez sektoreak ez administrazioak ez dutelako aipatu ere egin oxido kuprosoaz gain beste inolako produkturik erabiliko zenik diru publikoarekin ordaintzekoa den estrategia horretan.


Esperimentaziorako erabiliko dituzten lursailak Neiker-en begiradapean daude eta espero dugu haiengandik zer eta nola egin duten jakitea; interesgarria izango da horrelako nahasturak erabilita oxido kuprosoaren benetako eragina zein izan den jakitea. Baina, eta jabego pribatuko lursailetan? Nor ari da hori guztia kontrolatzen? 

Izan ere, gure inguruan horrelako tratamendu bakanak egiteko behar diren baliabide tekniko eta materialak dituzten enpresak gutxi dira, eta jakin dugu enpresa horiek onddoen izurriteei aurre egiteko fungizida generiko eta sistemikoak (esaterako, metil-tiofanatoa) erabiltzen ari direla; hain zuzen ere, oxido kuprosoa baino askoz kaltegarriagoak ingurumenerako, eta beraz, gure osasunerako.

Hortik gure kezka: enpresa horiek jakinarazi al diete jabeei zerekin ari diren fumigatzen hairen pinudiak? Fumigazio-baimen horietan jasota al daude baliatzen ari diren produktuen eta horien dosien kantitateak? Nor ari da kontrolatzen enpresa horien lana? Ez ote gaude beste iruzur baten aurrean?

Gure administrazio publikoek eta sektorea ordezkatzen duen Baskegur elkarteak berak  behin eta berriro erakusten duten inprobisazioaren eta ezezagutzaren neurria ematen du “Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia” deitutako pelikularen azken kapitulu honek. Bada, erantzunak entzuteko irrikitan gaude, gure eskubidea da.
 
NATURKON, 2019ko uztailaren 10ean

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Honako hauek osatzen dugu Naturkon.

Eguzki, arrantza-ontzi baten jabea eta patroia legez babestutako marrazoak harrapatzeagatik zigortu dituen epaiaren aurrean

Tonino Segundo tretzaontzia, ezpata-arraina eta marrazoetan espezializatua.

Tonino Segundo tretzaontzia, ezpata-arraina eta marrazoetan espezializatua.

Gernikako epaile batek Toñino Segundo arrantzontziaren jabea eta patroia zigortu ditu ingurumenaren kontrako delitua egiteagatik, legez babestutako espezie bat “zuhurtziagabetasun larriz” arrantzatu zutelako eta saltzen saiatu zirelako. Zehatz-mehatz, 20 ale marrazo muturmotz (Lamna nasus) zeramatzatela harrapatu zituzten Toñino Segundokoak. Kondedatu bakoitzari epaileak honako zigorra ezarri dio: 3 hilabete eta 10 eguneko isuna (6 euro egun bakoitzeko) eta 3 hilabete eta 10 eguneko gaitasungabetze edo inhabilitazio berezia arrantzatzeko.

Epaiketa sustatu duen Eguzkiren iritziz, sententzia garrantzitsua da, nahiz eta, egia esan, ingurumenaren kontrako delituak merke ateratzen direla iruditzen zaigun. Zaila da delitu horiek frogatzea, eta, frogatzen direnean ere, zigorrak ez dira oso larriak izaten. Kasu honetan, isunari dagokionez, behintzat, oso zigor arina da: guztira, 1.200 euro, edo, beste modu batean esanda, 60 euro legez kanpo harrapatutako marrazo bakoitzeko. Ez dirudi horrelako zigor merkeak disuasorioak direnik. Hala ere, epai garrantzitsua da, ezbairik gabe, arestian esan bezala.

Zer gertatu zen

2018ko apirilaren 23an, Estatuko Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuak Toñino Segundokoei 20 marrazo muturmotz bahitu zizkieten. Hauek, Toñinokoek,  legez kontra arrantzatutako marrazoak Ondarroako portuan deskargatzeko eta saltzeko asmoa zuten, kaelekin nahastuta. Kaela, tintoleta edo marrazo urdina (Prionace glauca) arrantzatu daiteke, marrazo muturmotza ez bezala. Arrantza Ikuskaritzak, legez kanpo arrantzatutako marrazoak bahitzeaz gain, Toñino Segundo tretzaontziari zigor-espedientea ere ireki zion, 4.872 kilo kaela deklaratu zituelako, 6.320 kilo eraman arren.

Ikuskaritzak apirileko operazioan atzemandako 20 aleetatik 3.

Ikuskaritzak apirileko operazioan atzemandako 20 aleetatik 3.

Gertaera honek agerian utzi zuen Ondarroan legez kanpoko marrazo-arrantza ohikoa zela, Eguzkik eta beste batzuek salatu eta herrian aspaldi bolo-bolo zebilen bezala. Izan ere, bahitutako marrazo kopuruak (ez ziren bat edo beste, 20 baizik) eta kaelen gehiegizko pisuak (iruzurra % 29,7koa zen) aditzera ematen zuten ez zela kasualitatea, ez zela “despiste” puntuala, zigorgabetasunean oinarritutako praktika arrunta baizik.

Estatuko Arrantza Ikuskaritzak bahiketa egin baino hilabete batzuk lehenago, 2017ko irailean, Ondarroako portuan ateratako hainbat argazki zirkulatu ziren. Argazki haietan marrazo asko hilik eta pilatuta ikus zitezkeen. Irudi haiek hautsak harrotu zituzten eta haien inguruan oso informazio larriak zabaldu ziren. Adibidez, egun hartan arrantzatutakoen artean marrazo muturmotzak ere bazirela; hainbat alek hegalak legez kanpo moztuak zituztela (aparte saltzaeko, jakina), edota baita abandonatuta zeudela ere. Izan ere, portuko langileek ez omen zuten jaberik aurkitu, bila aritu ziren arren.

2017ko irailean zirkulatu ziren argazkietako bat.

2017ko irailean zirkulatu ziren argazkietako bat.

Gauzak horrela, Eguzkik Eusko Jaurlaritzari zehatz informatzeko eskatu zion. Jaurlaritzak ez zuen erantzun, ordea.

Azaroan, berriz, Ertzaintzak jakinarazi zuen, Eguzkiren salaketa abiapuntutzat hartuta, hainbat pertsona ikertzen ari zela ustez ingurumenaren kontrako delitua egiteagatik.

Honen guztiaren ondorio da orain ezagutu dugun epaia.

Eguzki, 2018ko uztailean

SUTEA LEKUONAN

Sutea 2Deigarria da ingurumen aldetik hain garrantzitsua den gertaerak inolako islarik ez izatea udalaren web orriko ingurumen atalean. Ekainaren 14ko suteaz ari gara, laster udal liburutegia izango den erakinean gertatu zena, lehen Lekuona zena.

Nola da posible ez aipatzea ezer sute honetaz eta atmosferara isuritako substantzia kutsatzaileetaz (batzuk ziurrenik minbizia sortzen duten horietakoak)? Hauei buruz ez digute inolako informaziorik eman erakunde publikoek, eta susmoa dugu osasunerako ezer onik ekarri ez zutela.

Ez da gure asmoa gutxiestea udalaren ingurumen politika, eta ez dakigu udalak protokoloren bat ezarrita daukan horrelako egoeren aurrean aplikatzeko (hurbil bizi diren herritarrei nola jokatu behar duten informatu, segurtasun kontrola jarri etab.), baina ez dugu ulertzen zergatik ez den ezer argitaratu honen inguruan web orriko Ingurumen atalean.

Ikusirik web orriko ingurumen atalean argitaratzen diren jarduerak (hemen klikatu:   https://herribizia.errenteria.eus/es/category/caminoaherri

bizia/medioambiente/), ez dugu zalantzarik sutearen eta bere ondorio kaltegarrien berri eman behar zenik.

Datu batzuk ematearren, airearen kalitate txarragatik urtean 400.000 persona hiltzen dira Europar Batasunean, eta 40.000 espainiar estatuan. Hortaz, sutearen aurrean Udalak hartutako neurriak aparte batera utzita, harrigarria eta arduragabea iruditzen zaigu gertaera honen ondorioen berri ez ematea web orriaren ingurumen atalean.

“G7 Ez!” manifestazioa, larunbatean Biarritzen

D8Y3_lQXsAQ4bbiDatorren larunbatean, hilak 13, manifestazioa egingo da Biarritzen, bertan abuztuan egingo den G7ren goi-bilera salatzeko. Izan ere, abuztuaren 24 eta 26 bitartean Biarritzen bilduko dira munduko zazpi herrialde aberatsenen estatu-buruak, Frantziakoaren presidentziapean. Zazpi herrialdeok dira egun pairatzen dugun larrialdi-egoera ekologiko eta sozialaren erantzule nagusiak. Hain justu, bilduko dira statu quoari eusteko, ez egoera nola onbideratu adosteko.

G7 Ez! plataformaren webgunean askoz informazio aberatsagoa aurkituko duzu:

https://g7ez.eus/